|     80 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        IMANOL ELIAS ODRIOZOLA «GAIZTOA»

        Imanol Elías Odriozola, 1936 gn. urteko urtarrilaren lehen egunez jaio zen Azpeitian eta bertan bizi da gaur egun. Literatur sailean, benetan ezaguna dugu, batez ere historialari bezala, Gipuzkoa eta oraindik sakonago Urola harana gai harturik, beraren lanak argitara emanak direlako euskara eta gaztelaniaz egunkari eta aldizkarietan.

        Denbora batetan, «Zeruko Argia» aldizkariko laguntzailea izan zen, toki berezia izanik berak sortutako «Mundu biribila txokoak eta gehienean «Gaiztoa» izenpean gorderik beraren izena. Era berean eta baita ere euskaraz lan asko argitaratu zituen herriko «Olatz» aldizkarian.

        Bestaldez, Loiola Herri Irratia sortzean ere, «Andre-gizonak» saioak sortu zituen irratirako antzerki erako gaiak erabiliaz.

        Historialari bezala, berak idatzitako bi lan Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak saritu zituen «Pueblos guipuzcoanos» deritzan sailean eta baita ere horiekin batera beste bat argitaratu. Lan hoietan, Azpeitia, Beizama, Goiaz, Bidania, Errezil eta Albiztur herrien kondaira jasotzen da. Baita ere, Azpeitiako Enparan dorretxeari buruz argitaratutako liburuan eginkide bezala aurkitu dezakegu.

        Iruinen ospatu ziren I. Udaberriko Euskal Lora-Jokoetan, Real Sociedad de los Amigos del País delakoak antolatuta, beraren «Egilearen egarri» olerkia saritua izan zen.

        Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaratzen zuen «Guipuzcoa» aldizkarian ere, argitaratuak izan dira beraren lanak, ondoren «Opera Omnia» Juan Antxieta-ren musikari buruz aita Samuel Rubiok idatzitako liburuan partaide izanik. Lan berari jarraituko zion «Juan Anchieta. Apuntes históricos» idatzi zuen liburuan eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaratutakoan, eta erakunde berak argitaratuko zuen baita ere «Gipuzkoako baserria kondairan zear».

        Bitartean, Azkoitiako Bizenta Mogel I. Ipuin Lehiaketan, bigarren eta hirugarren sariak jasoko zituen. Baina, alde batera utzi dugu Imanol Elias-ek duen antzerki-zaletasuna eta berari buruz zerbait esan beharra dugu.

        Antzerki bideari oso gazterik heldu zion Deusto-ra Salesianoekin ikasketak egitera joan zenean. Gaztelaniaz, baina bertan egin zituen bost urteren buruan, era guztietako pertsonaiak bizi izan zituen eta zail egiten zaizkio guztiak gogoratzea. Urte horiek izan ziren ordea berarentzat antzerki giroa ezaguntzeko eta lehen pausoak emateko.

        Ikasketak bukatzean eta berriro Azpeitiara bihurtzean, berehala helduko zion euskal antzerkiari, benetan beharrezkoa egiten zela iruditzean. Partaide izan zen lehen antzerkia «Damua garaiz», ondoren bizitza emanik era guztietako pertsonaieri «Garo usaia», «Ramuntxo», «Gogo-oñazeak», «Ustegabeko poza», «Jaunaren bideetan» eta abar, oso ezberdintasun haundiko antzerkietan.

        Geroago, zuzendaritza lanean sartuko zen eta horrela jarraituko zuen denbora batetan, zerbait antzerti giroa txepeldu zen bitartean Azpeitian. Baina, ezin ziteken herriak aurreko urteetan izan zuen antzerki giroa bapatean galdu eta sortu zen ANTXIETA ANTZERKI TALDEA 1981 gn. urtearen bukaeran. Talde honek bilduko zituen herriko antzezlaririk zaharrenak, beren ingurun kimu berriak txertatuz.

        Taldea sortzean, garbi gelditu ziren berak izango zituen helburu nagusiak eta hauek ziren: Euskararen alde lana egitea antzerki bidez, ahal izan ezkeroz antzerki berriak ezagutzera emanaz herriari. Eta horrela ekin zion bere langintzari, ordu ezkeroz oso osorik bete dituela jarritako helburuak, ezaugarri bezala lau antzerki berri ezagutzera emanaz bere bizitzako lau lehen urteetan.

        Lehen lanerako, «SENDAGAI TRAKETSA», hiru ekitaldiko irri-antzerkia aukeratu zuen, 1982 gn. urteko uztailaren 29an aurkezturik; 1983 gan. urteko uztailaren 23an «JOKOA NAGUSI», bi ekitaidiko irri-antzerkia aurkezteko; 1984 gn. urteko uztailaren 28an «LAPURRETA URTSUA», bi ekitaldiko irri-antzerkia aurkezturik eta 1985 gn. urteko uztailaren 27an «BI AHOKO EZPATA», hiru ekitaldiko drama, benetan oso ezberdina aurreko irri-antzerkiekin parekatzean.

        ANTXIETA ANTZERKI TALDEAK jarritako helburuak oso osorik betetzen dituela beraren langintzak garbi da, gogoan izanik aurkeztu dituen antzerki guztiak, taldeko zuzendari den Imanol Elias-ek sortuak direla eta lehenbiziko bider herriari ezagutzera eman zaizkionak azaldu ditugun data horietan.

        Baina, ez da hemen bukatzen azpeitiar taldearen lana eta ez eta ere bere zuzendariarena. Beren etengabeko lanak, Azpeitiako Euskal Antzerki Topaketa sortzean ere zerikusi haundia izan du, lehen ideia beraren barnean sortu zelako. Antzezlari berriak noiznahi agertzen ditu eta eskuartean du lan berri bat datorren urtean herriari azaltzeko, bestaldez antolatua duelarik baita ere antzerkiari buruzko ikastaro luze bat taldea osatzen joan dadin.

 

* * *

 

        Esan dugu, «BI AHOKO EZPATA» antzerkia benetan apartekoa izan dela orainokoan ANTXIETA ANTZERKI TALDEAK aurkeztu dituenetan, aldakuntza izugarria izanik irri-antzerkietatik drama gogor bat egitera, eta beraren gelari buruz zerbait esan nahi genuke.

        Arturo Campion idazle trebeak narrazio eran jasotako legenda batetan oinarritua da eta gertaera 1.392 gn. urtean Nafarroan.

        Neguko gau batez, Belzunze jauregian alaitasuna da gainezka haur baten jaiotza ospatzen direla, baina bertara iristen den erromes zahar batek ordea nolabaiteko kezka sortuko du, gurasoak galdu dituen umetxoaren berri esaten den unean, bapatean isilik gelditzean.

        Hamasei urte geroago, Nafarroa larritasun bizian da, bertako biztanleak ihesi direla zerbait harrigarriak izuturik. Belzunzetarrak ordea, betidanik saiatu dira Nafarroaren etsaiak menperatzen eta oraingoan ere zerbait egin beharra dute. Etxeko jaun Mosen Pierres zaharrak, ez du ordea garai batetako kemenik eta beraren emazte Andre Madalen berriz geroago eta urduriago da bilobari ezbeharren bat gertatuko zaiolakoan. Baina, orain hamasei urte dituen mutikoak ezin al dezake zerbait egin? Aitonaren erakutsiak ez al ditu jaso? Azalduko du, bai, bere lurrari dion maitasuna eta bakea iritsi, baina hori lortzeko Belzunzetarrak zerbait haundia galduko dute.

        Idazleak, antzerki dramatiko hau sortzean, Euskal Herriaren legenda bat ezagutzera eman nahi izan du antzerki bidez, gogoan izanik, gehiegi ez dela irakurtzen zoritxarrez oraindik gure artean. Bide batez, ANTXIETA ANTZERKI TALDEAK ikusleari agertu nahi izan dio, taldea osatzen dutenak era guztietako pertsonaiei bizitza emateko maila iritsia dutela.

 

aurrekoa | hurrengoa