HIRUGARREN EKITALDIA Antzeztokia lehengo bi ekitaldietakoa bera. Aurrenengo agerraldia KATTALIN eta KOSME KATTALIN: (Eseririk). Gaurkoa ezin dezaket igaro, ezer esan gabe nagusiari. Zerbait gertatu bazaio Gastoni, nora jan den jakinean izanda, ezer esan gabe ez naiz ongi. Hirugarren eguna da kezkaz beterik naizela... KOSME: (Kanpoko atetik agertuko da). Ez dut inun aurkitzen nagusia eta azkenean galdezka hasi beharko dut... KATTALIN: (Zutituko da). Izan ere, geldi egon ezinean da... KOSME: Ez da harritzekoa ere nagusia kezkaz beterik izatea, hirugarren egunez azaldu gabe izan da berak hainbeste maite duen biloba. Neroni ere, lehengo egunetan lasaiago nintzela orain baino aitortu egin behar. KATTALIN: Baita ni ere! Ez dakizu asko nolako estuasuna dudan barnean.... Nolakoa dugun etxeko guztiak! KOSME: Gaztea beti izan ohi da sasoiko. Beti zerbait berria ezagutzeko prest. Kezka badut ere, iruditzen zait une batetik bestera etxeratu behar duela. KATTALIN: Ez dakit zer emango nuken orain bertan etxean izatea gatik! Baina, ametsetan jardun gabe, nagusiari deituko diot nunbaiten aurkitzen badut bahintzat. KOSME: Bai, deitu zaiozu mesedez. Lehengo egunetan baino, gaur larriagoan izango da eta berarekin egon gabe ez nuke nahi etxeratu gaurkoan. KATTALIN: (Alde eginaz etxe barnera). Berehala... KOSME: (Bakarrik gelditzean eseriko da). Hau da etxeko burubidea! Behin baina gehiagotan esana diot nagusiari, ez ote den izan mimo gehiegirekin bere bilobarekin. Izan ere, gaztearen begietatik bakarrik ikusten duela da. Sekula ezer palta gabe hazten direnak ondorio ederrak eman ohi dituzte askotan! Oraindik ezin dut bururatu, zerk bultzatuta utzi duen etxea! Gutxiago berriz, hiru egunean etxeratu gabe izatea. Zerbait gaizkirik gertatu ez bazaio hala ere... Bigarren agerraldia KOSME eta A. MADALEN A. MADALEN: (Kanpoko atetik izuti agertuz). Zu ere, hemen? Ez ote dakizu zuk zerbait eta isilean gorde? KOSME: (Zutiturik). Kaixo, etxekoandrea! Nunbaiten izan al zara? A. MADALEN: (Haserre eta erotua bezala). Beharko! Zuek izkutatua duzuen horren bila naiz... Zuek gorderik dituzuten hoien bila, hobetoago esan da... KOSME: Zer esaten duzu emakumea? Baina, uste al duzu hori dela nere zeregina? A. MADALEN: (Algaraz). Ja, ja, ja! (Haserre) Baina, egon... Egon lasai oraindik... Ez badakizu ere, esango dizut, bart gauean hemen izan dela nere alaba Ana... Eta oraintxe bertan neronek lagundu diot etxetik gehiegi urrutiratu gabe ezkutatzen. KOSME: Baina, etxekoandrea... A. MADALEN: Iso! Zuk eta beste guztiak nahi ez baduzute ere, Ana ezezik Gaston ere bart gauean hemen izan da. Gaur, berriro etorriko dira gainera biak... Gauzak garbitu behar ditugu gaurkoan... KOSME: (MADALEN-i hurbilduz). Baina, une txiki bat emango al didazu zerbait esateko? A. MADALEN: (KOSME-ren ondotik alde aginez). Hitzegin? Ez, ez... Geroago izango duzu aukera, biak etxeratzean... (Algaraz) Ja, ja, ja! Geroago azaldu beharko duzue guztiok egia... Nortzuk zarete bada zuek, neri ezer esan gabe gauzak egiteko? KOSME: Baina, entzun zaidazu... A. MADALEN: Zigorra hurreratzean, beldurra... Hirugarren agerraldia KOSME, A. MADALEN, M. PIERRES eta KATTALIN M. PIERRES: (Etxe barnetik atereaz, KATTALIN ondoren duela). Beldurra, kezka, egon ezina... Barruak kiskaltzen ditut oraintxe! A. MADALEN: Gaizkile guztiei gertatzen zaien bezala... M. PIERRES: (KATTALIN-i). Tira, lagundu zaiozu bere gelara, zerbait egin ez dezan... KATTALIN: (Besotik helduko dio A. MADALEN-i eta etxe barnera abiatu). Goazen, etxekoandrea... A. MADALEN: (KATTALIN-ekin joanez). Gaur jakingo ditugu bai gauzak garbi. Berak etortzean. M. PIERRES: (Ezin geldirik egonez). Gaston palta izatea bakarrik behar zuen oraintxe nere emazteak! Lehen ere burua nahiko arin bazuen, azken egunetako gertakizunak ez diote mesede handirik egin. KOSME: Gauzak horrela direla, zuk ere lasaiago hartzea hobe izango duzu. Egia da, Gastonek gaizki egin duela, ezer esan gabe etxetik alde egitea inguruko guztiak zalantzan diren garaian. Baina, hori ordea, erru txiki bat besterik ez da. Gaztetxo baten errua... Une honetan bertan, ziur asko, janari gozoak jaten ariko da nunbaiten, konturatu ere egin gabe zer kezka sortu duen etxekoen artean. M. PIERRES: Besterik ezean, janaria badu hala ere... KOSME: Bai horixe! Orain gogoratzen dut lehengo baten entzun niola berari Ezpeletako gaztelura joateko asmoa zuela, lehengusuei ikustaidi bat eginaz... M. PIERRES: Egia den edo ez bertan dela, laster jakingu dugu. Ustarroz, Ezpeletara bidalia dut eta berehala hemen izan behar du. KOSME: (Eseriko da). Berak ekarriko dizun albisteak orduan, behin betirako zure kezkak zapuztuko ditu. Nora joango zen bada bestela? M. PIERRES: Ojerren laguntza behar ote zuen bada Ezpeletara joateko? Lehen ere bi bider bertara iritsia da eta bidea ongi ikasia du. KOSME: Inguruna, basapizti hori dela eta ez dela sortu den beldurrarekin, ez du gaizki egin lagun bat bada ere berarekin eramatea. M. PIERRES: Egun baten, edo gehienez bi egunen joan etorria egin ezinik ez zuen. KOSME: Baina, zuk ondo dakizu, gaztea izan zarelako, berarek dituen urteekin zer gertatu diteken. Gainera, Ezpeletan aurkituko zituen beste bi gazte beraren antzekoak... Ondoren. Elkarren arteko jolasak... Zerorrek ez al zenuen jolasten? M. PIERRES: Burugabekeria handia egin du oraingoan. Jakin da amona nolatan den... lzugarrizko kezka sortuko zitzaidala neri ere... Ditudan urteak gehiegiak dira eta dudan kemena berriz benetan ahula, honelako uneak izateko... Laugarren agerraldia KOSME, M. PIERRES eta USTARROZ USTARROZ: (Kanpoko atetik presaka agertuko da, bapatean gelditurik). Jauna... M. PIERRES: (Kezkati). Ez da Ezpeleta-ra azaldu... USTARROZ: (Behera begira). Ez. Ez da bertara joan. M. PIERRES: Eskerrik asko. Zerbaitek esaten zidan, nere bilobak ez zuela Ezpeleta-rako biderik hartu. (Etxe barnera abiatuz, KOSME ondoren duela). Barnean ahots bat deika dut eta sinistu nahi ez badiot ere... USTARROZ: (Bakarrik gelditzean, eseriko da). Ez dakit zer emango nuen, ekarri dudan albistea azaldu gabe gelditzea gatik! Behin baina gehiagotan pentsatua dut bidean naizela, honuntza etorri gabe beste nunbaiterako bidea hartzea Gastonen bila joateko. Baina, nun demontre sartu ote da? Bidean aurkitu ditudan guziei galdetu diet eta inork ez dit eman beraren berririk... (Zutiturik). Lurrak ez zuen behintzat irentsiko! Nunbaiten aurkitu behar dut edo bestela nagusia deseginduko da egun gutxiren barruan. Zaldi bat berria hartu eta irtengo dut berriro... Oraingoan, ez naiz etxeratuko, Gaston aurkitu gabe! Bosgarren agerraldia USTARROZ, OJER, M. PIERRES eta KOSME OJER: (Kanpoko atetik sartuko da, lohiaz zikindua eta jazkiak urratuak dituela. Behera begira geldituko da hitzik gabe). USTARROZ: Zer? Nundik azaltzen haiz horrela? (OJER-ek ez dio erantzungo). Baina, ez al duk entzun? Ez al duk ezer esan behar? (Etxe barnera deika). Nagusia! Nagusia! (Berriro OJER-ek ez dio erantzungo). Erantzun zaidak azkar, mesedez! OJER: (Beldurrez). Barkatu, jauna... Barkatu zaidazu... Beldurra nuen... Beldurra... Bazapiztia azaldu zen... biok bakarrik aurkitzen ginen beraren aurrean... Ezin nintzen bertan gelditu... Bihotzak ihes egin behar zidan... M. PIERRES: Barkatu, jauna... lkusten duzu nolakoa natorren... Basapiztiak, oraindik gizonak entzun gabeko orroe handi bat egin zuen... M. PIERRES: Nere onetik atera behar nauk! Jaungoikoaren sua! Nun duk nere biloba? Nun duk bera? OJER: Barkatu, jauna... Mendian gelditu da. Mendian, basapizti handiarekin barrukan... Eta ni... M. PIERRES: (Gogor). Hi, ihesi! Hire larrua salbatzearren ihesi, bera bakarrik mendian utzirik! Ume bat mendian utzirik, ihesi! Zitala! Gainera, nere begien aurrera azaltzen ausartu? Nere barkamena iristea nahi duk... Indarra izango banu, nere hatzaparretan zatituko hinduket! OJER: (Belaunikaturik eta burura makurturik). Hil nazazu, jauna! Ez dut bizitzerik merezi! M. PIERRES: (Ezpata atereaz USTARROZen gerritik). Gizon zitala! KOSME: (M. PIERRES-i besotik eutsirik). Noiztik baina jauna, Belzunzetarren lurretan hiltzen dira, aurrez aitortza egiteko denbora eman gabe? M. PIERRES: (Une laburraren ondoren ezpata lurrara botako du eta OJER altxatzera joango da). Hitzegin zak! Hitzegin zak agudo! Guztia jakin nahi diat! OJER: (Beldurrez eta dardaraz). Esan dizudana, jauna... Larramendira iristean, agertu zitzaigun bazapiztia aurrez aurre... Izugarria... Ez duk nik sekula entzun horrelako orroerik! Beraren ondoan gu, indar gabe... Beldurrez... Konturatu ere egin gabe, ihesi nintzan... Ihesi, mendian behera... Gaston bakarrik utzirik... M. PIERRES: Ustarroz, kendu zaidazu gizon zital hau nere aurretik eta eraman nere morroien gana. Egurrez zigortu dezatela hil arteraino! OJER: (KOSMEri). Gizon zital horren arimari lagundu zaiozu... KOSME: Baina... M. PIERRES: (Haserre). Bete zazu zure egin beharra! (Bakarrik gelditzean, eseriko da). Behin baina gehiagotan izan dut gogoan, gau batez etxeratu zitzaigun erromes zaharra... Gastonen berri zerbait esaten ari zela, isilik bapatean gelditzean, ezbeharren bat gertatuko zitzaiola pentsatzen nuen... Mutiko gizarajoa! Oraintxe azertarako ez naiz gauza... Indar gabe naiz nere bilobaren bideari heltzeko. Basapizti madarikatuak lapurtu izango dit... Erakutsi ederra emana digu mutiko gazteak... Seigarren agerraldia M. PIERRES eta USTARROZ USTARROZ: (Etxe barnetik agertuz). Agindu bezala, zure morroien eskuetan utzi dut. M. PIERRES: Ustarroz... (Zutituko da). Pentsatzen ari nintzen, erakutsi ederra eman digula guztioi nere bilobak... Joan zaitez beraren bidean eta etxeratu zazu. USTARROZ: (Lurretik ezpata jasoko du). Oraintxe bertan irtengo naiz, jauna. Ez diot oraingoan, atzekaldea erakutsiko Nafarroa zapuztu nahi duen basapiztiari! M. PIERRES: Zoaz agudo, behar dituzun lagunak zurekin dituzula. Gastonek hasera eman dion burrukari jarraitu zaiozu. USTARROZ: Gero arte, jauna... (Alde egiten du kanpoko atetik). M. PIERRES: Egileak lagundu diezagula... (Eseriko da). Baina, zer egin ote dut honelako zigorra izateko? Zazpigarren agerraldia M. PIERRES, MARIA eta KATTALIN MARIA: (Etxe barnetik agertuko da). Guztia entzun dut, aitona. M. PIERRES: Malko hauek ikusten dituzu? Bada nere bizitzako aurrenengoak dira... Orain artean nere begiak ez dute jakin negar egitea zer den... Gaston maitea! MARIA: (Belaunikatuko da M. PIERRES-en magalean burua ezarriz). M. PIERRES: Nere Jaungoikoa! Oinaze hauek ez dira egiten ni bezalako agure zahar batentzat. Uste ote duzu gero, zahartzaroa nahikoa ez dela gizonaren bizitzarekin bukatzeko? Zer kalte egin ote dut, benetan maite nuen bat bapatean kentzeko nere ondotik? Behar ote zendun Jauna, gaztetxo hori? Ez dituzu izango nahiko aingeru zeruan, neri kentzen didazunean... Zergatik uzten diozu bizitzen gazteari? Jauna eta bitartean bizia moztu zuhaitz gazteari? KATTALIN: (Etxe barrutik agertuz). Jauna... Hil da! M. PIERRES: (Bapatean zutitu eta gogor hitz egingo du). Ni... Ni naiz hiltzailea! Ni naiz erruduna... Nik moztu dut beraren bizia! Nik jardun dut hamasei urtean, berari heroe baten bidea erakusten. Ergela ni! Zer ajola dio ospetsua izateak. Bihurtu zaidazue nere biloba maitea! Bihurtu zaidazute neri Gaston, osperik gabe bizi behar badu ere! Emakumezkoak bezala dardarka izan behar badu ere, norbaitek ezpata jasotzean... Bizitza da, gizonak duen ondasunik handiena! KATTALIN: Baina jauna, norekin zara pentsatzen? Ez dut esan nahi izan zure bilobaz, baizik eta orain dela denbora gutxi zigortzeko agindu duzun horretzaz... M. PIERRES: Ojer gizarajoa! KATTALIN: Barkatu zaidazu, egokiago esan ez badizut.. M. PIERRES: (Etxe barnera doa). Nekatua naiz... KATTALIN: Jakin izan banu horrelako ikara eman behar niola, beste era baten hitzegingo nuen. MARIA: Izan ere egunetan, Gastonekin bakarrik pentsatzen du. Denbora laburrean izugarrizko jipoia hartzen ari da nere aitona. KATTALIN: (Eseriaz). Bizi naizen bitartean, nere erru handiaren itzala neregan izango dut. Isilean gorde ez banuen... MARIA: Lehen ere esan dizut orain alferrik dela horretaz pentsatzen egotea. lkusten dut azkenenan, guztiok burua galdu behar dugula. KATTALIN: Nagusiari garaiz esan banio... MARIA: Tira, nahikoa dugu! Hamasei urterekin, norbere buruaren jabe izateko garaia da. Gainera, ez ote dizkio aitonak berak buruan sartu horrelako gauzak? Bestaldez, inguruko biztanleak baina ausartiago dela azaldu du. Batzuk ihes diren bitartean, berak azaldu dio aurpegia basapiztiari. KATTALIN: Ez dezala behintzat ezbeharrik izan... Nere buruari bestela, ez diot sekula barkatuko! MARIA: Nere aitona ere hilko litzateke. Zortzigarren agerraldia MARIA, KATTALIN eta GARRALDA GARRALDA: (Kanpoko atetik presaka agertuz). Nagusia etxean al da? MARIA: Hemen da bai eta ez urruti gainera. Zerbaiten berririk bai al duzu? GARRALDA: (Pozik). Berriak? Ez nolanahikoak gainera! Basapizti handia hibaiko hurek eramana dute Bidarrain auzo ingururaino! Gaston-ek bada, bete du bere nahia. Beste behin, Belzunzetar batek lasaitasuna dakar Nafarroako lurraldeetara. KATTALIN: (Zutiturik). Hau poza ematen didazuna! MARIA: (Etxe barnera joanaz). Banua, aitonari berri ona ematera. GARRALDA: Gaston eta basapiztiaren burruka inork ikusi ez badu ere, orain arte dakigunez, bazapiztiaren orroak entzutean mendian behera hilik erortzen ikusi dutenak asko dira. Erreka zuloraino erortzen ikusi dutenak... Eta orain, banoa lehenbailehen. Lagunak, Gaston-en bila joanak dira eta ni hemen alferrik naiz... KATTALIN: Zoaz bai eta etxeratu zazue agudo Gaston. GARRALDA: Gero arte! (Alde egiten du kanpoko atetik). KATTALIN: Agur! (Bakarrik gelditzean). Ilunpean eta ia lehertzeko zorian nuen bihotzak, argitasun eta alaitasun ederrak hartu ditu. Belzunzetarrak oraingoan ere egoki azaldu dute Gaston gaztearen bitartez, bere ospearen oinarria. Bederatzigarren agerraldia KATTALIN eta A. MADALEN A. MADALEN: (Etxe barrutik agertuko da eta kanpora doa ezer esan gabe). KATTALIN: Baina, nora joateko asmoa duzu? A. MADALEN: Axolarik bai al duzu? KATTALIN: Une honetan etxean gelditzea hobe duzu. Laster da hemen zure biloba... A. MADALEN: Nere biloba? Gaston? KATTALIN: Bai eta gainera gaurkoan ongi etorri jator bat egitea merezia du. A. MADALEN: Ez zarete alferrik beraren zai. Egunero berarekin hitz egiten dudanez, ondo dakit noiz den etxera bihurtzekoa. (Algaraz). Ja, ja, ja! Gaur, goizean goiz irtena da etxetik, nere ahizparen etxera joatekotan eta berarekin aste osoa igarotzekotan. Bitartean bada, ez duzue hemen ikusiko. KATTALIN: (Beretzat). Orain ere horrela... A. MADALEN: Gainera, zertarako zarete beraren zai? Lehen nere alaba bidali zenuten bezalaxe bidali nahi duzue hau ere... Zer zarete zuek? Harrizko bihotza al duzue? (Haserre). Horrela bada ere, ez duzue oraingoan nahi duzuenik egingo. Ez zuk eta ez beste inork! (Kanpoko atetik alde eginez). Ja, ja, ja! Zuen azpikeriak alferrik izango dira oraingoan! KATTALIN: Geroago eta okerrago da nere etxekoandrea... Banoa beraren ondoren zerbait egin ez dezan. (A. MADALENen ondoren joaten da). Hamargarren agerraldia M. PIERRES, USTARROZ, GARRALDA, GASTON, MARIA eta KOSME M. PIERRES: (Une honetan musika entzungo da isil antzean. Agertuko da etxe barnetik). Unerik motzenak ere, benetan luzeak egiten zaizkit! Nun ote da basapiztiaren garailea? (Eseriko da). Barnean zerbaitek esaten dit ezbeharren bat gertatu zaiola nere biloba maiteari... Erromes zaharraren isiltasuna, geroago eta gehiago gogoratzen dut... Bestalde, eraman duen Fernan Gonzalez-en ezpatak bi aho ez ote dituen izango beldur naiz. Neroni errudun gazteari burua berotzen jardun dudalako! (Zutitu eta egon ezinik da). Bazter guztiak beldurrez zituen basapiztia bidea... Gure Aberriarentzat lasaitasuna iritsiko da berriro. Lehen ere, behin eta berriz Belzunzetarren indarra ezagutua bada Nafarroa osoan zehar, orain Gastonek egin duena beti izango da nafartarren gogoan. (Musika zerbait goratuz joango da). Baina, kezkak jan behar nau! lndarrak ahultzen ditut egunetik egunera, unetik unera... (Jendearen zalaparta entzungo da geroago eta hurbilago). Jendea dator... (Leihotik begiratuz). Asko da gainera etxera inguratzen... Heroe bat! ongi etorria egiteko isilegi... (Leihotik urrunduz oso kezkati). Baina, zer gertatzen ote da? Nun dira gure etxekoak? Zoritxarren bat datorkigu etxera... (Eseri egiten da ezer ikusi nahi ez balu bezala. Musika, goratzen dijoa. Kanpoko atetik USTARROZ eta GARRALDA sartuko dira, zapi batzuetan GASTON estalia dutelarik. Lurrean utzik dute. Hori ikustean, M. PIERRES belaunikatuko da GASTON-en ondoan). Hilik! Hilik da! (Eroriko da lurrera negarti eta larrian). Bi ahoko ezpata zorrotzak erakutsi du aurpegia... (Burua pixka bat altxaturik azken hitzok esango ditu deika). Banua, bai... Banua, zuregana... (Hilik geldituko da eta MARIA eta KOSME orduantxe etxe barnetik agertuko). Hamaikagarren agerraldia Lehengoak, A. MADALEN eta KATTALIN A. MADALEN: (Kanpoko atetik korrika dator, KATTALIN ondoren duela). Gaston! Gaston! (GASTONen ondoan belaunikatuko da eta erotua bezala eta haserre mintzatuko da). Hilik! Hilik da! Alde... Alde hemendik guztiok! (Musika gehiago entzungo da bukaera bitartean). Nuen pitxirik ederrena harrapatu didazue... Alde! Alde hemendik guztiok! (Negarti eta beste guztiak isilik daudelarik, bukatzen da antzerkia). |