|     19 zenbakia, 1933ko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


POXPOLIN GORRIA

 

EKITALDI BAKARREKO ANTZERKIA

 

(Mark Twain'en ipui batetik artuta
JOSEP M. FOLCH I TORRES'ek Katalaneraz
idatzi zuanetik J. Markiegi'k euskeraldua).

 

ANTZEZ-LAGUNAK:

        LORE: 7-8 urteko nexkatxoa.

                Senar-emazteak, Lore'n gurasoak:

        ELISABETE: 28 urte.

        MAYFAIR KORONELA: 40 urte.

        CROMWELLLL GENERALA.

        YOHN (Elisabete'n aita).

        GUDARIAK.

        KAITANE (umezaia).

        GUDARI, itz egiten ez duen bi koronel ta ofizialak...

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

        Mayfair koronelaren etxean. Gizategi txikia. Logelarako atea. Alkiluze, besaulki, maia. Barrurako atea. Leioa.

 

Elisabete ta Lore.

 

LORE: Zergatik zaude illun, amatxo?

ELISABETE: Illun? Ez, maite; zoaz lotara, berandua da-ta.

LORE: Ez naiz bat ere logure... Ta zu ere, ez zera logure. Ondo igertzen dizut nik bai logure ez zerana...

ELISABETE: Tira, lotara; nexka txintxoa izan bear da.

LORE: Ni ba-naiz nexka txintxoa amatxo.

ELISABETE: Bai, txintxoa zera, bai, maite! (Besarkatu ta musuak musu emanaz) Baña zoaz ogera; berandua da. Kaitane'k emango zaitu, nai?

LORE: Bai, amatxo; bañan lenengo ipui bat esan. Gaur egun guzian ez didazu ipuirik esan batere.

ELISABETE: Biar esango dizut. Orain lotarako ordua da. (Intziriz) Biar! (Jaiki ta aterontz) Kaitane! (Badator Kaitane. Etxekoen naigabea ageri du onek ere arpegian).

KAITANE: Andrea!

ELISABETE: Gure Loretxo, nexka txintxoa da-ta, ogera joateko gertu dago.

KAITANE: Bai, ta ondo txintxoa dalako. Goazen Lore polit, goazen lotara.

ELISABETE: Ez gero otoitzak aztu.

LORE: Kaitane'k ez daki ordea aitatxoren otoitza.

ELISABETE: (Naibege-ikaraz) Aitatxoren otoitza!... Zuk bai ordea, Lore: zuk badakizu.

LORE: Jakin, bai; baña biok alkarrekin esan izan degu beti. Nik zurekin esan nai, amatxo.

ELISABETE: Lore! (Besartean estutu ta belaun-gañean jarririk) «Aita gurea, zeruetan zaudena, aitatxori gudatean bizia zaitu zaiozu, eriotzatik gorde zaiguzu». (Negar).

LORE: Tira, amatxo. «Eriotzatik gorde zaiguzu, ta emaiozu...» Tira ba, amatxo.

ELISABETE: (Zotinka) Bai, maite... «ta emaiozu garaitzapena, lenbailen guregana itzuli dedin, maite degu-ta, etxean bear degu-ta...» (Negar).

LORE: Amen. (Kaitane'k eskutxotik artu ta lo gelara darama. Loretxo atzera begiratuz dijoa, betartea illun. Atera eltzean, amari pa botatzen dio eskutxoaz eta Kaitane'kin joaten da).

ELISABETE: Nere alaba errukarria eta nere errukarria! Jauna, zergatik entzun didazu? Zertako garaitzapena eman, bere galdumendia izan-ta?...

YOHN: Elisabete!

ELISABETE: Ixiltxo, aita. Txikia lotara da... Ta? Ikusi?

YOHN: Bai, ikusi det... Ua gizona ua! (Arriturik) An zeramaten, beste koronelakin batera, gudarien erdian; bada ez zuan ematen bat ere lotua zeramatenik. Edozeñek esango zukean bera zala gidari... Burua gora, urratsa sendo... Badute legeak bidegaberik!...

ELISABETE: Ikusterik izango ote det, aita? Oi nere senar maitea, noiz ikusiko ote zaitut! (Badator Kaitane).

YOHN: An egon nazu galde-erantzunak amaitu arte. Lord Cronwell berbera zendun. Arpegi beltza zizun general nagusiak, eta ateratzerakoan oraindik areago. Irurai eman die eskua banan-banan, eta ikara sartzeko-alako obots zakarraz: Gizon bikañak zerate —esan die— iñoren agindupean ibiltzeko bikañegiak. Gero, gure koronelari begiratu, ta: —Izan ere! Orren gaztea! —zioan.

ELISABETE: Orretan, ez ote dio barkatu egingo?

YOHN: (Illunki buruari eragiñaz) Ez!

ELISABETE: Zer diozu? Zuk badakizu geiago ere! Esan, aita. Il egingo ote ditue?

YOHN: Berak esango dizu. Itza eman dute, ta irurai utzi die bakoitz bere etxera etortzen, egunsentirarte bakarrik.

ELISABETE: Ta badator?

YOHN: Bai, badator.

ELISABETE: Ai au etxeratze illuna! (Burua makurtu).

YOHN: Ark bezela sendo bear dezu gero zuk ere biotza, Elisabete!

ELISABETE: Baña il... ezin dezakete egin. Zer gaitz egin du? Ala gizon bikain eta gudari bulartsuak zigorkatzeko al-dira Inglaterra'ko legeak?

YOHN: Inglaterra'koak ez; baña gudaritzakoak zigor orixe ezartzen diete.

ELISABETE: Jaungoiko maitea.

YOHN: Aintza ta gorapenak izango ditu eriotz-lagun. Ez dute aberri-saltzalletzat ilko. Bestela ez zion Lord Cromwell'ek ala eskua estutuko. Utsik egin badute ere, bioztun ta ausarditzu izan diralako egin dute. Agindua, irudi utsezko jazarketa batalla-antz bat egitekoa artu zuten, etsaiak berengana erakarri, ta, bitartean, galdu-bearrean arkitzen ziran gudaritalde batzuek iges-egiteko astia izan zezaten; nork artu ordea oiei neurria? Beren biotz gartsuak eraginda, ekin zioten (ez itxura utsezko ta badaezpadako jazarketan) egin egiñeko gudaketan baizik; eta, ain bulartsu ekin ere! irabazi zuten. Gudalburu nagusiak zorionak bialdu nai zizkien, baña, ez bait-zuten agindua bete, esanekoak izan ez diralako, emen bialdu ditu irurak Londres'ko Epaitegi Tribunal Nagusira.

ELISABETE: Eta Epaltegi Nagusiak oriotz-epaia emango ote die ba? Ez ote iru koronelok iru gizon ausart-bulartsutzat, artuko? Gerra irabazi ez dute ba?

YOHN: Biotzak erasaten dizkitzu itz oiek; legeak ez izan biotzik ordea, Elisabete errukarria.

ELISABETE: (Negarrez) Nere errukarria, Jaungoiko maitea!

YOHN: Ez egin negarrik... Danbor-otsa dirudi. Bera da. (Leiotik begiratu ta) Gora biotza, Elisabete; beragatik ere, biotz-sendo agertu.

 

(Urruti-samar danbor-otsa entzuten da. Koldobika Mayfair koronela dakarten gudariena da.) (Sartzen da koronela).

 

KORONELA: Elisabete! (Ta besarkataen du, barruko naigabea ixurtzeke ordea).

ELISABETE: Koldobika! (Danbor-otsa suntsitua).

KORONELA: Ba al zenekin nentorrena? Badakizu beraz Londres'en zergatik nagon ere.

ELISABETE: Bai, ez dit ordea aitak oraindik dana esan nai izan. Esaidazu zerorrek Koldo. Badet biotz. Agintzen dizut. Eriotza al da?

KORONELA: Oraindik ez da epaia emana. Goizaldean jakingo da. Gudariak atzera biurtzen ba dira...

ELISABETE: O! Jaungoiko maitea!

YOHN: Koldobika, gizon bikaiña aiz. Legeak zigortuko au; Aberriak ordea gora aipatuko dik ire izena.

KORONELA: Obe nuan milla bider gudatean bertan il izan banintz... Emen, eta onela il-bearra... illuna da, aita. Elisabete gaixoa! Ta Lore?

ELISABETE: Lo. Gure aingerutxo errukarria! Ez daki asko gaixo ark aitatxo nola dabilkiten! (Negar, senarra besartean).

YOHN: Baniak ni ea Epaitegiko berririk jakiten diadan. Gora biotzak, nere maiteok. (Badijoa).

LORE: (Loren abotza, barrutik) Aitatxo, Aitatxo! Aitatxo etorri da! (Agertzen da Lore lotako atorra luze ta guzti).

KORONELA: Loretxo nerea! Oi, zein nexka eder egin dan gure alaba! (Besoetan artu ta belaungañean jarrarazten du).

ELISABETE: Esnatu zaitugu, gaixo ori. Ez al zera ostuko? (Soin berogarria jartzen dio).

LORE: Bai, obe. Zergatik esan ez, amatxo, aita etortzeko zala?

ELISABETE: Nik enekien-ta etortzeko zanik.

LORE: Nik banekien ba, orra. Amets egin det bazetozela gudariak. Egingo nuke-ta danbor otsa entzun ere egin dedala.

KORONELA: (Estu besarkatu) Enetxo maitea! Jazarketa auek bai, biotzeko gudaketa auek bai, biotzeko gudaketa auek bai dirala irabazten gaitzak!

LORE: Aitatxo, min egiten didazu orrela estututa... Orra, illea ere dana mardatu didazu.

KORONELA: Ez da ezer umetxo. Maite-maite zaitut-eta gaiztotxo onek, orra. Ta goxorik ere ez nik zuretzat...

LORE: Ez al didazu goxorik ekarri? Orretan, gerran ez da goxorik saltzen?...

KORONELA: Ez, an ez da goxorik.

LORE: Gudako ipui bat esan orretan, aitatxo. Amak gaur ez dit bat ere esan nai izan lotarakoan.

ELISABETE: Tira. Loretxo, ez zaiozu aitatxori gogaiteragin.

KORONELA: Gogaiteragin ez, Elisabete. Zertan ariko gera atsegiñago?

LORE: Ai, bai, bai, aita. Ipuia, Ipuia. Illuna ala alaia, aitatxo?

KORONELA: Ba... illuntzoa da ba, illuntxoa.

LORE: Ortan ekatzu eskua, ama. Ola, izatea du nai duan besteko illuna.

KORONELA: Entzun. Bein batean, baziran iru koronel.

LORE: Orain zu bezela?

KORONELA: Bai; orain ni bezela. Irurak uts bat egin zuten...

LORE: Gaiztoak al ziran ba?

ELISABETE: Ez, gaiztoak ez!

LORE: Zuk ere ba aldakizu, ipuia amatxo?

ELISABETE: (Begiak xukatuz) Ez; baña badakit gaiztoak ez zirana.

KORONELA: Ez, ez ziran gaiztoak. Bakar-bakarrik agintariei uts-egin ziela; generalaen agindurik artzeke egin zuten etsaien aurka-ta. Olako uts-egiteak berriz general nagusiak ez ditu barkatu oi, ta...

LORE: Gudalburu nagusia? nere laguna da. Cromwell generala ez da ba, aitatxo?

KORONELA: Bai.

LORE: Ataritik igarotzen danean, zaldi eder baten gañean joan oi da, gudari-talde aundiaren aurretik. Guziak diote bildur. Nik ez, nik ez diot bat ere. Nik, leiora irten, eta ola ola agur egiten diot sur-zapiaz; ta ark begiratu ta parre egiten dit.

KORONELA: ...Ixo! (Adi-adi).

ELISABETE: Zer?

KORONELA: Ezer ez...

ELISABETE: Koldobika! (Burua soinburuan jarriaz).

KORONELA: Gudatean nagusiei egindako utsegiteak gogor zigorkatzen ditue. Olako errudunei badakizue zer egiten dieten...

LORE: Il?... Baña, amatxo, negarrik ez egin. Zergatik negar egiten dezu?

ELISABETE: Ez da ezer... Olakoen etxekoak nituan gogoan...

LORE: Ba! Ez negar egin, amatxo. Olako ipuiak ondo amaitu oi dira beti; ez ta, aitatxo?

KORONELA: Batzuetan...

LORE: Ba nik ondo amaitzea nai nuke! Oi, ez ditue ilko, ez!

KORONELA: Ixo! Aizea edo... (Danbor-otsa urrutirik urreratua).

ELISABETE: A! Ez, ez. Ez da aizea. Eurak dira! (Jaiki).

LORE: Gudariak! Nik ikusi nai ditut! (Leiora dijoa). (Kaitane sartu ta Lore'kin leiora).

KORONELA: Elisabete! (Besarkatuz).

ELISABETE: O! Ez, ez zera joango! Koldobi maitea!

LORE: Epaitegiko gudariak dira! (Leiotik).

KORONELA: Tira, utzi. Ta ez negar egin, umea oartuko da-ta. Zerura arte, Elisabete. Otoitz eta biotz! (Elisabete'n besoetatik eten eta badijoa) (Elisabete lurrera ondoezik)

LORE: (Leiotik) Aitatxo ere oiekin dijoa. Ta erdian artzen dute. Aita, aita! Ta erdian daramate. Aita, aitatxo!

KAITANE: (Itzuli ta etxekoandrea lurrean ondoezik ikusita) Etxekoandrea! Oi, etxekoandrea!

LORE: Ama ama! Zer du amatxok? Ta aitak ezer jakin ez!... (Leiora biurtu ta) Aita, aita! Amatxo geixorik! A, ez du entzuten! Banoa esatera; atzituko det oraindik! (Berogarri bat gañean artuta badijoa, Kaitane oartzeke, Elisabete zai-zaitzen ari da-ta) (Eguna argituz. Geldiunea).

KAITANE: Nere etxekoandre errukarria!

 

 

(ALDAKUNTZA)

 

        Epaitegi Nagusiko gizategia. Cromwell maiburu; bere ingurukoak.

 

CROMWELL: (Paper batzuk irakurri ondoren) Epaia ona da. Onegia, agian.

OFIZIALA: Jauna, zigorra, erakusbidetzako bakarrik da-ta, ez dago irurai egotzi bearrik. Bat bakarra il da ere, legea betetzen da; ta ba-da naikoa erakuspide.

CROMWELL: Izendatu al dezue zein?

OFIZIALA: Galdetu diegu iruretatik zein aurreratzen dan, baña ez dute erantzun nai.

CROMWELL: Egin zotz.

OFIZIALA: Ona emen iru arri, gudalburu jauna. Bi zuri ta bat gorria. Gorria artzen duana da ilbearra.

CROMWELL: Datorrela ume bat, arriok banatu ditzan.

OFIZIALA: (Irten eta bereala da Lore eskutik duala) Nexka txiki auxe zegoen or.

CROMWELL: Naikoa da bera.

LORE: Ezagutzen zaitut nik. Gudalburu nagusia zera zu.

CROMWELL: Bai, alaxe naiz; ta nondik ezagutzen nazu, ba?

LORE: Gure etxe-aurretik askotan ikusi zaitut igarotzen. Guziak zure bildur, olako arpegia jartzen dezu izan ere; baña ni ez... Ez al zera oroitzen?.. Ni, arako zur zapiaz agur egiten nizun nexka ura naiz... Ez zerala oroitzen? Ola aztu nitzaz? Ni ez; ni zutzaz enaiz aztu.

CROMWELL: Nere illoba gogorazten dit: olakoxea zan txikitan. Bildur ematen omen det... bai, bai. Ark ez zidan bildurrik nere illobatxoak. Ark agintzen zidana egin oi nuan nik...

LORE: Maite-maite izango zenuen ba? Baita ni ere aitatxok. Ipui bat esateko, ta berealaxe esaten dit; eta musuan musu ematen dizkit. Zuk ez aldakizu musu ematen?

CROMWELL: Bai, txiki... nik ere badakit... Orra; nitzaz oroi zaitean. (Musa ematen dio) Uraxe berbera dirudizu; ta, arekin egiten nuan bezelaxe, zurekin ere egin nai det. Zuk agintzen didazuna egingo det, nai? Baña lenengo zuk egin bear dezu nere esana. Ona emen bi arri biribil: bi zuri ta bat gorria.

LORE: Bai polita poxpolin gorri au!

 

(Iru koronelak sartzen dira ateari atzez,
jolasean jartzen da)
.

 

CROMWELL: Datozela aurrera!

 

(Sartzen dira iru koronelak gudariz inguraturik.
Ormara begira ta eskuak atzera lotuta)
.

 

        Txiki; emaiezu iru oiei arri bana. (Cromwell atera).

LORE: Au jolasa! Aitatxo dirudi orrek... Politena aitatxorentzat (Joan ta banatzen dizkie) Aita, aitatxo! Politen au zuretzaz. Neronek ematen dizut generalaren izenean.

KORONELA: Alabatxo maitea! (Arri gorria ikusita) O, Jauna. (Erortzen da belauniko ta negarrez besarkatzen du alaba.)

OFIZIALA: Tira; ordua eldu da.

KORONELA: (Jaiki ta malkoak igortziz) Agindu.

LORE: Zer? Ez alzatoz, aitatxo? Zure billa nator ni. Gaixorik dago amatxo... Goazen, goazen etxera.

OFIZIALA: Ume gaixoa! Bialdu egin bearko det... Tira, utzi zaiozu.

LORE: Ez, ez; ez det nai!

KORONELA: Nai ta naiezkoa da ordea, errukarria. Zoaz, zoaz.

LORE: Ba, gizonak; amatxo gaixorik da bai ta utzi egin bearko diozue aitatxori etxera joaten. Nik nai det.

OFIZIALA: Ezin utzi.

LORE: Ezin? Orain ikusiko. (Yauzi batean irten eta emen dator eskutik duela.) Or, oiexek dira. Ez diote aitatxori etxera joaten utzi nai, ta etxean ama gaixorik...

CROMWELL: Zer esan dezu?... Zure aita al da ori?

LORE: Bai, jauna. Nere aita, nere aitatxo maitea. Poxpolin politena zergatik eman diodala uste dezu ba? Aitatxori poxpolin gorria...

CROMWELL: Poxpolin gorria! (Eskuak burura) O! Auxen da alabearreko zoritxarra! Ta orain zer egin? Nola atzeratu?...

LORE: Zertan zaude or geldi? Esan ez dizut ba amatxo gaixorik gelditu dala? Utzi aitatxori etxera etortzen. Neuk agintzen det.

CROMWELL: Zer?

LORE: Zeuk esan zenidan nik agintzen dedana egingo dezula, ta orain, lenengo agindu dedanean, entzun ezpazenu baño geiago geldi?

CROMWELL: (Pozik) Egia! Ez dizut alperrik esan. Jaungoikoak argitu nau. Entzun egin nexka txiki onen esana. Nere izenean agintzen du. Nik itz eman diot. Koldobika Mayfair koronela barkatua dago. Utzi joaten. Azke da. (Aita-alabak besarkatu.)

 

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa