|     19 zenbakia, 1933ko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa

 

ANDREGAIA NAI TA...

 

Arozena'tar Andoni'k
idatzitako Bakarrizketa

 

        ANTZEZTOKIA: Ostatu-etxe'ko gela nagusia. Urrutizkiña ta abar.

        ANTZEZLARIA, ogeitamabost urte inguruko gizasemea; ajolakabe xamarra bañan emakumien aurrean oso lotsatiya; maitasun itzik sortzeko ausardirik ez duana. Zapiya altxatzean, Urrutizkiñez alai mintzatzen ari da.

 

        ....bi alkandora bai.... zer...? — Ez, ez... zuk nai dituzun erakuak... — bai... bai Karmele... zera... (Izketa jarraitzeko gaia sortu eziñik) zera... igandean nun izan ziñaten...? —... Aitzkorri'n...? alajaña, ibillaldi luzia egin zenuten...! —... Mendigoizale zera beraz? — Neri ere bai, oso gogokua zait mendiko ibillera bañan aldapa gora aspua berotzen zait beriala; azkeneko ateera Jaizkibel mendira egin nuan.... —... Ibilaldi txikia....? Galde zaiozu Iturgoi'tar Imanol'i; au neraman aurretik eta mendi gora asi orduko jakiña! berotu zitzaidan aspua ta berak botatzen zuan aizeakin Imanol'i burutik txapela eraman zion. — Algara egiten dezu...? —... Ai Karmele! urtiak bizkarrian, urtiak, eta... zera... zer...? —... bai al-zuaz...? Bai, bi alkandora, zera... zuk nai dituzun erakuak.... Agur... agur Karmele, agur.... (Urrutizkiña utziaz. Ezagutzen da Karmele'ganako bere maitasuna) Agur bai... ta bi alkandora geyago...! Len, armayua alkandorez bete-betia daukat eta orain bi geyago... bañan zer egingo det! aitzeki ori ez balitz Karmele'kin nola itz egin? Au ixtilluba...! Neskatx orrekin itzik egin nai baldin badet bere dendatik zerbait erozteko aitzeki bidez egin bear.... Eta... nere erruz dana, ni, euli, txepel, kaxkar bat naizelako! emakumeekin aurrez aurre itz egiteko ausardirik ez detalako! Gizon batzuek egunian berrogei andregai egingo lituzkete ta nik... ogeitamabost urte bizkarrean eta andregai bat bakarrik ez biotzean; gar apurrik ez neskatx bati maitasun itzik egiteko... Ona nago ni, askok bezela, iru edo lau andregai batera izateko!

        Eta arritzeko gauza da!; ni, lagun artean, arkakosua baño lotsagabegoa naiz, eta neskatx baten aurrean jarri ezkero... pot! mutil koxkorra aitaren aurrean «ziarrua» erretzen baño lotsatiagoa naiz. Gañera nere senidiak ez dira onen motelak izan; amaika senide izan gera: zortzi mutil eta iru neska. Jon anai gaztena ta ni, zarrena, ez beste guziak ezkondu ziran; Jon ere bidian dijoa... ez du praile sartzeko asmorik! oraingoa seigarren andragaia omen du alajaña! Nere zazpi anayak inguru abetako neskatx zoratzalle yayoenetakoak izan dira ta ni... Erramun gizarajoa! zarrena ta motelena! Andregaya nai, neskatxa begiz jua eduki ta eskaera nola egin jakin ez...! Au, jateko gogua ta jakiya ere izan eta «tenedoriakin» edo «kutxariakin» artu ez jakiteagatik goseak gelditzea baño lotsagarriagoa da. Lotsagarria bai, oso lotsagarria, bañan Karmele'ren aurrean maitasun itzak sortzeko nik ezin ezer egin. Bere aurrean jartzen naizenean zer esan ez dakit, mututua gelditzen naiz. Nere eulitasun txatxu au aztintzeko asmoan gai onetzaz idatzia dagoen liburu bat erosi det. (Patrikatik liburu bat ateriaz) Arretaz irakurri ere bai eta berak dionez gizon batentzat zazpi emakume daude eta neskatxak gizonak noiz itz egingo dioten irrikitzen; kiñu bat naikua omen da neskatxa zearo zoratzeko bañan kiñuakiko era au ez da nere gogokua, gaztearoko gertaera batek ondoren mikatza utzi baiziran. Ara: nik ogei urte nituanian orain bezelaxe lotsatiya nintzan emakumeekin, bañan bein kalean neskatx lirain eta pertxenta bati uste gabean kiñu egin nion nunbait eta bai ordain ederra artu ere, paf!!, ura masallekua eman zidan! Geroztik neskatxai kiñu egitea Lastur'ko zezenai adar muturrean musu ematea baño bildurgarriago dala dorizkiot.

        (Liburuari begiratu aldi bat eman ondoren) Onek dionez ezkontzia bear bearrekua da gizonarentzat, eta dirua aurreatzearren ezkontzen ez diranai «ziarro» erretzallearena gertatzen omen zaye. «Ziarro» erretzalle purrukatu batek erretzeari utzi ta ke-belar edo «tabakotan» ondatzen zuan diruarekin etxe eder bat egitea erabaki zuan bañan andik laster etxiak su artuta zearo erre ta kixkaliya gelditu zan. «Ziarro» keetan juan bear zuan dirua gero ere keetan juan zan. Bai, arrazoi du liburu onek, mutilzar gelditzia zaputzkeri aundia da, astakeri aundiagoa ta au ixtilluba! lotsagatik gelditzia lotsagarrikeri aundienetakua... (Oldoztuaz) Nik zer egin ordea neskatxen aurren nere mingaña bixitu erazteko? Zergatik ote naiz onen lotsati ta itz motela? Emakumeekin onen txaldan eta lotsatiya naizelako neri gertatu zaizkidan gauzak...! Nik eraman ditudan estutasunak! Bein. (Errien izen abek antzeslariak nai dituan eran aldatu lezaake) Lasarte'ko zaldi lasterketak ikusi bear nituala ta sartu naiz Donosti'n Tolosa'ko tximist gurdi edo «tranbian». Exeri naiz lasa-lasai bañan andik laxter sartzen da emakume lodi lodi bat besoan aurra duala ta nun exeriko? ta nere aldamanean...; exeri zanean toki gutxi artu bazuen ere laxter egin zuan exeri alkiya beretzat bakarrik; bultza ta bultza «kalkomaniya» bezela peatu nindun iya kristalian. Lasarte'ra inguratu geranian altxatzen asi naiz eta ura zoritxarra! nere txaketaren muturra emakume lodi arrek azpiyan arrapatu zaukan eta ni, jakiña! ezin altxa. Eldu gera Lasarte'ra, igaro ere bai, ta ni an zepuan arrapatutako txoriya bezelaxe. Altxatzeko asmorik etzuala ikusirik etsi-etsiz pixka bat altxatzeko esan nayean asi nitzayon emakumeari: «ia... mesedez... pix... pix... pix...» ta geyo ezin esan...! itzik osatu ezin!! Emakumeak magalean zeraman aurra ordea «pix, pix» itzak entzun zituanean asi zan aurrai itz oyekin agintzen zayotena egiten eta an ziran ixtiluba! za... rra, za... rra... nora egingo ta xuxen xuxen nere galtzetara, zearo bustita, blai blai utzi nindun!

        (Liburua berriz miatuaz) Emen, neskatxai zer ta nola esan dotore asko jartzen du... bañan... nik... nere bildurra... nere lotsa... nere... nere zera au neskatxen aurrean nola zeatu... nola baztartu jakin nai. Ona batzuek (Irakurriaz) «Zure irripar batek 'loteriko' 'sari nagusiak baño pozago jartzen nau' 'Zure ezpañetatik 'maite zaitut' entzuteagatik illabete oso-osoa lo gabe iraungo nuke' 'Zu lore baziña nik erle izan nai nuke'». Ederki daude gero «lore» abek! Aldatzen jakin bear ordea! Ta... ni... motela izan lan oyetako... Au ixtilluba!

        Emakumeak ezkontzeko zaleturik irrikitzen dauden ezpairik ez daukat; ori egi aundiya da, nik Karmele'ri ezkontza gai itz egiteko dedan bildurra bezin egi aundiya. Karmele (Zaletasunarekin) Karmele... neskatx gazte, elizkoi, lirain, ederra ta... aberatsa da. Neretzat emazte egoki egokia litzake Karmele... a...i! Zoriontsu izango nitzake bere ondoan, oso zoriontsu, bañan... nola aitortu Karmele'ri nere biotzeko illuntasuna bere begi diztikorrak argitu lezakela? Ausardia dendan salduko balitz! Eta... ta berak zer iritzi ote du nitzaz? Nik bera neretzat bezela berak nai ote nau beretzat? Ona beste korapilloa! au ixtilluba...! Eta nai ta ez biyon artean azkatu bear korapillo ori. Nola ordea? Bere aurrean nere mingaña mututuko ez balitz yayo asko esango niozke liburu onek jartzen dituan «lore» oyetako batzuek bañan... auxe komeriya! bere aurrean esan bear... Idazkiz ere egingo nioke eskaera bañan aurrez-aurre bizi, egunero elkar ikusten gerala ta ez da egoki idazkia bitartez artzia. Zer esango luke? Erretore jaunak lagunduko zidan ederki, esan ere egin nion bañan nor berak arrapatutako amorrayak goxogoa izaten dala erantzun zidan. Eta agian nik amua noiz bota zai egongo da (Karmelegatik) amorrai eder ori... Karmele'k igarriko zuan onuzkero nere bereganako maitasuna. Askotan mingañak esan ezin duana begiak agertzen bai dute... Baliteke berak ere ni maitatzia bañan emakumeak bere aurrean belaunikatuta ikusi nai omen dituzte gizonak ezkontz-eskaera egiterakoan eta Karmele'k ere lege ori gorde naiko du. Alabaña neskatx batzuek asi dira gizonai ezkontz-eskaerak egiten. Neronek bat baño geyago artu ditut. Ostatu ontako alaba ere zearo txoratu daukat, ondo esateko bera dago nitzaz zoratua, ta ez alaba bakarrik, ama ere bai. Gaxoak uste du ni bere alabarekin ezkonduko naizela. Neri, egia esan, ama-alaba oyen ametsa txit onuragarri izan zait. Beroyek diote ni etxekua banitz bezela naukatela ta nik, etxekua banitz bezela, jakiña! ez det ordaintzen ostatua. Karmele'kin ezkontzera nuala jakiten dutenean izango dira «komerik». (Oldozten jariaz) E? Zer esan det...? Karmele'kin ezkondu... ezkondu... aixa esan det... oraindik itz erdi bat ere aitatu ez gai orretzaz eta... (Ixil une baten ondoren) au... erabaki bear da ba...! bai orixe! Gerorako utzi gabe beriala gañera... bai beriala... ze arraye! (Urrutizkiñaruntz juanaz) Deituko diot eta... (Oldoztuaz) bai... orixe esango diot, bai, bai orixe (Urratizkiñez deituaz oso alai ta zirt edo zart egiteko gertu) Aizu Karmele... zera... aizu... ni naiz... (Makaltzen dijoa) zera... deitu dizut... zera... zerako... (Ezkontza gai zerbait esan nai duala ezagutzen da bañan ez da ausartzen esatera) badakizu ni bakarrik... (Oso larri) ez... ez... bai, bai, bakarrik nago... ta... neronek gertu bear nere galtzak... eta nai nuke... zera... zuk (Ezin det, ezin det) (Erneatua) zera... nai nuke zuk alegia... lentxiago iru alkandora eskatu dizkitzut... e? ta orain... bi edo irtu «korbata» bialtzia nai nuke... E? —...— zure gogoak bai... zuk nai dituzun erakuak... —...— E..? bai, agur... agur... (Urrutizkiña utzi ta ixil une baten ondoren) Gizon euli, txantxulin, geldo, txatxu, memel bat naiz... ezkontza gai itzik sortu ezin nuan... Karmele'kin ezkontzeko diña ez naiz ni... mutilzar gelditu bearko det... au zoritxarra! au naigabea...! au...! (Une onetan gelako atean deitzen dute) E? Zer da? Nork deitzen du (Atea irikiaz) neretzat? ondo dago (Atea itxiaz eskuan idazki azal bat duala) Idazki bat... norena ote da? (Irikiaz, arritua) E!! Karmele'ren aitarena! (Biotz ikaratua) Au ikara! Zer ote du? (Irakurriaz) «Badakit... nere alaba Karmele'ren ondoren zabiltzala eta zure maitasuna agertzeko auserdirik ez dekula (Au lotsa!!) Bañan nere alaba zutzaz zoraturik egon (Oso posik) Au poza, egiya ote da?... »Bañan nere alaba zutzaz zoraturik egon eta zuk gai orretzaz itz egiteko ausardirik ez dezulako gaxo jartzen ari dala ikusirik (au lotsa!) nik, arren eskatzen dizut Karmele'ren osasuna nai badezu beriala etortzeko nik zure izenean itzegiñaz zuk eta Karmele'k dezuten ezkontza antolatu dezadan» (Oso pozik) Bañan... egiya ote du emen irakurri detana... Au poza, au zorapena...! Karmele neria da! Nuan, nuan beriala...

 

ZAPIYA

 

aurrekoa