|
IRRI-ITZALDIA (EZTAIETARAKO) Antziñako «Joyeux Sermon de Mariage» A. Labayen'ek itzulia. «Libertas est, etcetera»... Au dezute latiñera Jarria emen eskuan Damakidan liburuan. Gutunak onela dio: «Maite dunak Pozkario Burua dezala aske». Gezurrik gabe nizuke Ondasun guzietarik Ori dala aundienik. Jendeak lo ez ba'leude Ba'lira etxeko-alde Libre bizi zeratenok Emakume gizonezkok Ez ziñateke lotuko Uztarrian betirako Zoritxarreko benetan «De profundis» bearretan. * * * «Libertas est, etcetera»... Au dezute latiñera Len esan dedan bezela. Jaun andreak gaur bestela Mintzatzera noazute Gogoan artu zazute. Ez dala gizon azkarrik Ezkontzera dijoanik. Esposatzen dan guzia Dala txit txoro aundia. Jakin nai dezu zergatik? Bi milla arrazoigatik. Bat: etxea bear dezu. Bigarrena: bete zazu Oazur, seaska, arropez, Pixoial, zatar, maindirez Ontzi, eltze, burruntzali Azpil, aizto eta txali. Sulla, pitxar ta tiñaku Pertza, zartagi, kaiku. Armaio, apal eta mai Kutxa, zizalluak nun nai. Aizkora, mallu, xardako, Eta beste tresna asko. Krispi, matxarda, aspo, laratz Ezpal, egur eta arrikatz Ori ez bada naikoa Gerora gañerakoa. Izan bear dezu zer jan, Onen urrengo zer edan. Ogi, arto, baburrunak Ardo, sagardo onenak. Aragi, okel, zeziña Gatz, olio ta ozpiña. Tipul, perrejil, batxuri Txintxilik beti gatzari. Esneki, arraultz, arraiak Maite ditu tripazaiak, Krisallu, kinke, kandela, Nola argitu bestela? Intxaur, patata, urra, gaztain Ganbara betetzeko lain. Seme-alabak zaintzeko Senideari eusteko Neskame, morroi, iñude. Ta aukeran ba'leude! Deus baldakite egiten? Ez da aurra! lo-arazten! Ontaz gañera, ikullua Lan ematen dun lekua. Ollo, ollar, txita, ate Txerri, zerrama, apote Astozar, zamari, zaldi Auntz, aker, arkume, ardi. Iru eta iru dira sei Beste amarrez amasei Ainbesteraño abere Ezin kontaitut beñere. Aitatzea zaizkit aztu, Bi zakur, amaika katu Oiek danak nork mantendu? Ezkondu zaite, ezkondu... * * * Azkenik emaztetxoak Eskatzen dizkizuanak: Soñeko, ator, gerriko Galtzerdi ta oñetako Gonape, pijama, larru Ez eman ezkero, marru! Titare, orratz, orrazi Eraztun, galartsu, pitxi Usainki-goxo, ispillu Esku-bete edergallu Guzietarik jakiña Andre aundizkiak aña. Zerbait ukatu ezkero Zaputzakin egunero Ark nai duna ez egiñik Ez da etxean pakerik. Esan oi da esposatu Askoz obe da urkatu. * * * Alare senarrak iñoiz Zigorra artuta jipoiz Andrea astintzen ba'du Ango istillu ta oiu Malkoak derizkiela Asten dira bereala Negar, karratxi, sotinka Ai! Ai! auzoari deika. Au da ezin ikusia! Ori da bekaizkeria! Nola nai den arrenkura Buruauste ta ardura Ez bada inpernu bera Ba-zoazteke aurrera. * * * Ez dira oiek bakarrik geiago ba-da oraindik: Etxea ordain ezazu Bestena baldin ba-dezu Ez ba-zera maister berriz Nagusi ba-zera... bost aldiz Zerga, petxa, mozkiñak A zer nolako izañak! Paga, iozu arotzari, Igeltzero, zurgiñari Dirua xautu bearra Ta tximiniko kearra Ez da amaitzen beingoan Esposatuen etxean. Seme-alabak azitzen, Ez dute beti asmatzen Ta... alabak ezkontzea Auxen ba-dala nekea. Semearekin gaitzerdi Lanean ba-dira ari. Bizkarrari zama ona Gizonak bota diona. Guzi-guzia zergatik? Andrea artzeagatik. * * * Bizitzen asi ezkero (urte asko dira gero,) Ez det agirik ikusi Ezkontza duna onetsi, Jakintsuak idatzi du Gizona ez adi ezkondu Zer uste zala eskontza? Ea beti gauza motza. Burua biurtzea gaxo Pozari eitea, Kaxo! * * * Jaunari eska daiogun Baldin ba-gera sentzudun Ez galtezen ortan eror... Bizitzeko zor eta lor... AZKEN TOPA Edan zagun! Itz ederra, Mendian pozik eperra, Altxatuaz edontzia Txasta zagun edaria. Ezkon-berrien osagarriari, topa! Berriz ere merezi baidute, topa! |