|
NESKAMEAREN MARMARAK Luzear'ek idatzitako bakarrizketa Aurreneko aldiz, (Autsak ateratzeko zatar batekin, bizi-bizi sarturik) Ume sabelberatuak alenak! Lurretik arrabete jasotzen ez, ta oien pantasia. Ia noski ni nor naizen oiei ezer agintzeko! Lepezurra puskatuko al dute... Oraintxe buruz gain egiñerazi didate neri beintzat eta, dabiltzala ipurdiz gora ere nai badute. Beren amona zanak agindu dezaiotela. (Alki ta mai batzuen autsak astintzen asi, ta bereala geldituaz) Okerrena ez da ordea ori. Gero «señorita» etori orduko, mokoa kanabete luxatuta, or asiko zait: «Roxita, pero en toabía las kamas sin aser?» Errex egiten dizkin arek. Amarretan jeiki. Amaikaterdiak arte; bañua dala, gosaria dala, españak piper gorriz ta begiak zikulusaltsa beltzez pintatzia dala, arpegia autsez josi, gerria extutu, bere xanko politai (tanbor makillak dirudite gero!), bere xanko politai begiratu, gonak pitin bat goraxeago jaso, ixpillu aurrean (Jesus, ixpillu aurrean... oiek komeriak!) onera begiratu, ara begiratu, au ikutu, ura ikutu... atzekoaldiak ematen dizkion lanak...! aunditxua iruditzen nunbait... ta igurtzi ta igurtzi, igurtzi ta igurtzi, «limatu» naian bezela. «Linea» ez galdu nai ba! Orrenbeste pantasi gabe begiratzen zigutenan beintzat guri mutil morrosko bapo askoak! Esango nuke... Ta bera «mariya panpalona» baño arroago, jo ara ta tira onera dabillen bitartean, autsak atera, lurrari argizaia eman, gosariak jarri, aurrak jantzi... ta jantzitzea naikoa eztala, bateri mukiak atera, besteari atzea garbitu, okerrik egin ez dezaten zaitu, «kontu! txiki, atoz onera, ez igo orrera, erori egingo zerala», au pix egiten jarri, orren lotsagabekeriak entzun, suari begiratu, eltzeari kontu artu... ta bera etortzen danerako kuartuak egin ta maia pronto jarri. Lau esku ta zortzi zanko ditudala uste ote du «Mari Lirdingax» orrek! Ta bereak aundiagoak! Lengoan esan etzidan ba: «Ai, Roxita! Lastima de lonbre. No merese Roxita. Espiña eso así debía ser!» Espiña alajaña! Artuko liken berak bi bezelako «espiña» izatea, anima salbo, bakallo exurra ematen din ta). Gero... batean eltzekaiak gatzik eztaukala, bestetan patatak peatu egin zaizkadala, au erre egin dala edo bestea egosi eztala... Jakiña ba... Ta arritu egiten dira! Toki guzitan egotea nai al dute ba? Ni Jaungoikoa banitz, enitzake, serbitzen egongo ba, orra! Señoritua, bai... ai, señoritua! Ori bestelakorik da. Ori gizon moñoñua! Lastima onelako andre xuxtantxi gabekoakin ezkondua izatea. Ezkongai egon balitz, orixe bai izango zala nere gustokoa. A zer pareja egingo genuan! Pareja ideal! Ia... ni Roxita, ta bera Kristobal. (Larri-larri autsak biziki astinduaz) Ene, Jesus maitea! Atia zan... Ta kuartuak egin gabe, maia jartzeko, ta umeak auzuan... Xexenak izango dira gaur etxean... Arantzazu'ko Ama, nitzaz erruki zaite. (Sartzen da irten baño biziago) AMAIA |