|     37 zenbakia, 1935eko urtarrila [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

 

ANTZEZLARI-TALDE BATZALDIA

 

        Iragarri bezela gure antzezlari-talde txapelketa bere bidetik dijoa: aidoso joan gero.

        Donosti'ko Poxpolin antzokian Ilbeltz ontan antzezkizun ederrak eman dizkigute Isasondo, Alegi, ta Lezo'ko taldeak. Geienetan ikuslez beteta arki oi da poxpoliñen areto zabala. Jendeak arreta aundiz leia biziari, jarraitzen baizaio. Pozgarri benetan.

        El Dia egunkariak euskel-orrian asteartez irizketa bat argitaratzen du.

        Iritzi-miritzi oietara oitzen joan bear dute gure taldeak. Alegia, ez txartzat artu obe bearrez egiten zaizkioten oarpenak. Onela bakarrik aurreratu dezake euskal-teatroak: ta orobat arengana zalegotu ikusleak. Ezin uka urte batzuetatik onuntz aurrerapen aundia egin danik. Len, donostiarrok bakarrik genitun «komeriante» trebe.

        Gaur zorionez, oso poliki ta tajuz lan egiten dute edozein erritako antzezlari-taldeak. Iñoiz, obeki donostiar txapeldunak baño...

        Alare, beti dago zer ikasia adiskideak. Batzaldiaren elburua orixe da. Sariak merezi dituztenak jaso ditzatela. Beste guziak ere txalogarri zaizkigu. Agian arego saritutakoak baño. Neke ta eragozpen geiago garaitu bear izango bai zituzten batzaldira etortzearren.

        Aurten etorri zaizkigunai gure eskerrona. Etxe-alde geldi diranai gure dei ta ots anaikorrena datorren urtean ez dezaiguten batzaldira uts egin.

        Guzion artean goratu bear bai-degu euskal-antzertia: eta onen bidez Euskadi.

 

 

«Lagun txar bat»

 

        Oraintsu-orain eskuratu degu «Lagun txar bat» Barriola'tar Abelin'en antzerki lan ederra. Donostia'ko Baroja etxeak irarri du. Arritzekoa zan orain arte ez argitaratua izatea. Berandu bañan agertu. Tira! Gure antzezlari taldeak ba-dute beste antzerki bat geiago. Ez nolanaikoa gañera. Ez dezatela esan euskal-teatro zaleak aukerarik ezdagoanik. Talde-zuzendariak egin bear dutena da, ematen ari gatzaizkion antzerkiak, geldi-geldi irakurri; gaia ondo aztertu azal eta mamiaz jabetuaz. Onela, betiko joera ta errezkeria utzita antzezkizun berri ta ioriak eskeñi al izango dituzte.

        Barriola aspaldiko antzerkigilleari buruz, atsegin zaigu adieraztea, beste zenbait lan esku-artean ba-ditula. Berri oriek eldu zaizkigu. Geiago oraindik. Entzun degunez, San Jose egunez Victoria Eugenia antzokian Donostia'ko Eusko-Etxea'koak urtero ematen duten jaiean, Barriola'ren drama bat lenengo aldiz antzezteko asmoetan omen dabiltza. Barriola jaunaren bizkortasun ta gazte-berritze au aipagarri da; ta gure irakurleak jakitun ipiñiaz arraz poztu gera.

        Gorago aitatutako gaira joanez ez utzi erosi gabe «Lagun txar bat» antzerkia. Gure etxean salgai daukagu.

 

 

«Espoir»

 

        Etxe-barne begira bakarrik ez ibiltzeko kanpoko berri batzuek azaltzera goaz.

        Paris'en Bernstein otsaundiko antzerkigilleak «Espoir» bost ekitaldidun antzerkia estrenatu du. Paperak diotenez garaipen aundienetako bat iritxi du: ta ao batez, ikusle ta irizle guziak gorapen sutsuenak egiten dizkiote. Bernstein'ek idatzitako lan gallenena ote dan.

        Erti arauz gañera, zillegigo, oitura on eta kristau-aldetik begiratuta ere ez omen du merezi txaloa besterik. Beraz lan osoa.

        Gaiztakeri ta nabarmenkeria beti nagusi izan bear dutela esaten dutenentzat ikasgai ederra.

 

 

Lizardi-Antzokia

 

        Zarauztar kementsuak egin duten antzoki berri ta ederraren zabalkundea ba-dator. Urrean dago. Otsaillean 1O'gn. igandez ospatuko da.

        Asiera emateko aukeratu duten antzerki-lana «Pedro Mari» degu. Campion'ek sortutako irakurgaitik Etxabe'k erdel-teatrorako tajutu ta orain agerraldi batzuek Zinkunegi'k euskeratu dizkiona. «Pedro-Mari»'ri onela dagokio: euskeraz-erderaz jardutea. Ez erderaz bakarrik orain arte bezela. Zorionak ortan saiatu dan Zinkunegi jaunari; ta «Gazte-alai» antzezlari-taldeari.

        Gar aundia dago egun orretan Zarautz'era joateko. Iruña'ko «jostaritarrak» ba-datozela gaztigatu dute. Beste erritatik ere batzuek joango gera. Nolanai ere jendeketa gaitza.

        Antzerti an izango da (J.L.) ta ikusten dunaren berri emango dizu, adiskide.

        Ez bai-da egunero euskal-antzoki berri bat zutitzen; nun eta Zarautz'en «neskatx polit bat iduri», gañera Lizardi aztueziñaren izenaz gutxiago.

 

 

Festarik bear bada...

 

        ... Bego Donostia'n, bai bai! Amaika euskal-jai eder antolatzen ba-dakite donostiarrok. Onelakoxea izan zan Ilbeltza'k 20 zituala, San Sebastian egunez eman ziguten antzerki-jaia.

        Urtero oi duten antzera, Iztundeko taldeak, —Alzaga zuzendari— antzezkizun jatorra opa ez baziguten ba. Igandez izaki-ta jendez leporaño bete zan Antzoki-Zar... berritua.

        «Eleizatxoko Ardazlea» Gorostidi'k erderaz idatzi ta Alzaga'k euskeratua antzeztu zuten. Antzerki-lan au itun eta negar eragitea ba'da ere, samur eta txukuna, orobat, on irizten danetakoa degu. Ondoren, negarra aztutzeagatik «Biak bat» deritzan Alzaga'ren elkarrizketa kirtena sartu ziguten. Bitarteko Matxin eta Larralde lapurdi'tar bertsolariak seina kopla polit abestu zituzten. Oso xalotuak izan ziran. Berdin Egilegor, Beorlegi, Goikoetxea, Muxika, Alkorta, Bikandi ta gañerako antzezlariak Alzaga zuzendaria buru zala.

        Giza-pilla jaitik pozik irten zan urrena beste bat noiz izango dan galdezka.

 

 

Lope de Vega

 

        Aurten betetzen dira irureun urte Lope de Vega'ren eriotza ezkero. 1635'garren urtean il bai zan. Irugarren eun urte-urrena dala-ta Españi guzian eta bat batik Madrill'en aundiro ospatzera dijoaz Lope de Vega'ren izena.

        Teatrorako idazteari buruz munduan beñere izan dan gizonik emankorrena bezela jo diteke. Orretzaz gañera, beti olerkari ta idazle goitarra.

        Artean ezer asko balio ez zuan ezpañar antzertia berak arindu, jaso ta jantzi zuan bizi-bizia egiñik. Alako erreztasuna zuan Lope de Vega'k eta ain zan emankorra, nun bi milla antzerkitik gora idatziak utzi zitun. Guziak, geientsuenak beintzat bera bizi zala antzeztuak izan zitun. Eta batzuek oraindik pozik ikusten ditugu.

        Gizon ez bestelako ari, Fenix zeritzaien, mamu oparoa. Alaxe izan zan. Bizi modu urduri ta lasai xamarra eman ondoren; bi aldiz ezkonduta gero azkenik apaiz egin zan. Beñere ez zion antzerkiak idazteari utzi. Guk emen gorasarre aundirik ezin egin ba'diogu omen txiki au bederik bijoakio.

        Guretzako ere onuragarri da gizon bakar batek antzertia jasotzeko zenbat egin dezaken erakustea.

 

hurrengoa