|
MOX, MISS, XAPI!! EKITALDI BAKARREKO ANTZEZLARIAK: MOEXTA TXOMIN ETXEKOANDREA PRONTXIO INDALEXIO Ostatu etxeko gela txukun batean gaude. Mai inguruan eserita Indalexio, Prontxio ta Txomin, ogeitik ogeitamar urte bitartekoak, apal ondoko ziarruaren ke matasak goruntz dijoazela egiten dituzten biurritxoai begira. Egin bear larririk ez dutela argiro darakuste. Atean agertu dan neskatx onek orratio loti oietako bat xuxpertzen du. (Moexta, jatetxeko neskamea sartu da). MOEXTA: Ori da patxara ori! A...i, gizonaren patxara ederra! Emakumeok, an emen, beti arraztaka; batean ezpa bestean, badegu eskua nun jarri. Gizonak berriz, zortzi ordu sartu dituzutela larri itxuran eta kito! A...i, gizon jaio izan banintz! TXOMIN: Baña Moexta, Moextatxo..., nere Mox moñoña, etzazula orrelakorik esan. Zu gizon izan baziña, zer egin bear nuen nik? Nere biotz gaxoaren maitasun-egarriak nun arkitu zurean daukan asegaia? Ez Mox, ez, zuk emakume bear zenuen, nere bizitza zoriontsu egin bear zuen emakumea. MOEXTA: Oiek gauzak esaten dituzu. Ondo ikasia zaude bai. Zenbati esaten ote dizkatzu itz oietxek? TXOMIN: Etzazu orrelakorik esan Mox, badakizu asarretzen naizela. Nere biotza zuretzat bakarrik da. Eta, biotz ortan gordetzen dan maitasunak sortarazitako itzak ezin izan zuretzat baizik. Nere amets bakarra zure maitasunaz jabetzea da. MOEXTA: Badakizu ba naizen guzia, zure-zurea natzaizula. TXOMIN: Au poza! MOEXTA: Ongi asko dakizu bai, nik esan gabe! Zure mingain leunaz nitzaz oso-osorik jabetu zera. TXOMIN: Eta etzaizu damutuko Mox... Ezkontzen geranean ikusiko dezu. Jatetxe eder bat jarriko degu ta orain arte neskame izan ba'zera aurrerantzean etxekoandre. MOEXTA: Ez, ez, ostatu etxerik ez! TXOMIN: Ezpa, ez... MOEXTA: Ez detala nai!! TXOMIN: Ez, ez; zuk nai dezuna bakarrik egingo da. MOEXTA: Etxekoandre bai, baña zuretzat bakarrik. Zuri mokaru goxoak maniatu, jantziak ttentte-ttentte gorde. Orrelaxe nai nuke. TXOMIN: Orrelaxe izango zera ba. MOEXTA: Bai, bai, orrelaxe. TXOMIN: Baietz ba, zuk nai bezelaxe. MOEXTA: Eta... noiz izango degu egun zoriontsu ori? TXOMIN: Ba... badakizu... orain, zera, badakizu e? Tira, geroxeago. MOEXTA: Beti gerorako, geroxeago... geroxeago, betiko leloa! TXOMIN: Nik bereala naiko nuke baña... (Etxekoandrea sartzen da). ETXEKOANDREA: Nik ere bai, bereala naiko nuke. Jun-etorriak bereala egitea. Begira Mox: onera zatozen bakoitzean ordu erdi bat gutxi dezu. Ta bitartean beste maiak zai. Orrela ezin jarraitu dezakegu; azkarrago ibiltzen ikasi bearko dezu. MOEXTA: Maia jasota oraintxe ninjoan etxekoandre. ETXEKOANDREA: Ni etorri ezpanintz Jaungoikoak daki «oraintxe» ori zenbat luzetuko zan. Zoaz aguro. Zabiltz azkar emakume! Jesus, Jesus! MOEXTA: Banoa ba... banoa... ETXEKOANDREA: Onuzkero sukaldean bear zenun. Zuri beintzat etzaizu baria saltatuko. MOEXTA: (plater autsien soñua) Ai!! Orratx ba... ETXEKOANDREA: Jesus milla bider! Orratx: bi plater autsi. Eta ain lasai gelditzen zera! Zuk puskatzen dituzun aña platerentzat eztegu aterako. Egunero dozen erdia gutxi dezu. MOEXTA: Noski ba. Azkar eta azkar ibilli bear orrekin ezta gauz zuzenik egiten. ETXEKOANDREA: Zuk ez beintzat. MOEXTA: Gauzak ondo egiteko patxaraz egin bear dira. TXOMIN: Ori, ori; ori da nik esaten detana. ETXEKOANDREA: Zoaz, zoaz aguro Jaungoikoaren izenean. Aidean gero! Onelako gibel aundirik eztet ikusi. Sutzen nau neska baldar onek! (Moexta ta Etxekoandre bijoaz.) PRONTXIO: Ja, ja, ja...! Ori dek baldarrontzia ori. Neskamea baldarra ta etxekoandrea zakarra! Ori dek bikoa! INDALEXIO: Bildurrik gabe jan ditekek Moexta'ren gibela. Gaitzik ez dula ziur egon itekek Txomin. TXOMIN: Moexta gajoa! Ikusi dezute: zearo txoratua zeukat. INDALEXIO: Tuntun oiek zoratuko ez dituk ba! TXOMIN: Tuntunak, e?; asi adi, asi. Ikusiko dek. INDALEXIO: Ni neska zuntzun oien atzetik? Baleikek baño ez diat uste. Moexta bezelako mazopak baldin badira guziak eztek lan salla. Bat ezezik amar ere zoratuko nizkikek egunero. TXOMIN: Ze zoratu bear dituk ik! Neskatxen aurrian itz egiteko ausardirik bai aldek ba ik. INDALEXIO: Ik bezela, amar itzetatik bederatzi gezur esatezkero nik ere asmatuko nikek zeozer. TXOMIN: Ori dek ba sallena! INDALEXIO: Gezurra esatia? TXOMIN: Gezurra esan eta... besteak siñixtea! INDALEXIO: A...! TXOMIN: Batzuek ordea ez dituk errez-errezak izaten. Amua ondo gordia bota bear izaten zaiotek; baña Moexta... bo! itxu-itxua dek. Ikusi dezute: bereala eskontzeko ere gertu ziok. INDALEXIO: Eta i? TXOMIN: Ni...? Ja, ja...! Orren kaiku ta gizajoa naizela uste al dezute? Ezkondu...? Bo, bo...! Ori... azkenekoa dek. PRONTXIO: Gaizki egiten dek ba gezurretan ibiltzea. INDALEXIO: Begira Txomin. Ire ustez neskatxen bizkar par egiñaz bizi aiz baña ez ote da gero beste aldera? Ez ote dute neskatxak ire bizkar par egiten? TXOMIN: Etziok orrelako emakumerik! Ara; Moexta nola daukaten ikusi dezute ezta? Ba orrelaxe zeuzkat beste lau ere. Biar bertan ezkontzeko gertu daudenak. INDALEXIO: Ik bai uste! TXOMIN: Ala izan ere. INDALEXIO: Kontuz ibilli adi Txomin, kontuz ibilli adi. I gazte aiz oraindik, ni zartxeago. Ta ik ez uste izan arren ur oietantxe igari ibillia. Nik ere ik orain bezela neskatxen atzetik ibiltzeko bolara izan nian eta bai amaika katramillen berri ikasi ere. Aixkide bat ba'nian... jostuna bera, pertxenta pertxenta. Nere ustez zearo txoratua neukatxean. Egunero ziñera edo teatrora joan bear izaten giñian. Jario aunditxoa ukan ura nere patrikarentzat eta zuloa estutu bearrean izan nintzanean bai nere aixkidearen maitasuna itzali ere. A, Txomin! orrelako asko ziok. Emakumeak malizi aundikoak dituk. Esaera zarrak diona: «Andrea, sua ta itsasoa, guztiz da gaiztoa». TXOMIN: Oiek esan txoruak dituk! PRONTXIO: Beraz, neskatx oien maitasuna benetakoa dala uste dek? TXOMIN: Bai orixe! Oien maitasuna bezin ziur baneuzka amar milla duro, ez nindukek gaizki. Kontxo. Ara: zuen berriketakin berandutu zaidak. Bederatzietan izarrik ederrena bezin ederra dan neskatx batekin itzegitekoa nauk. Pixka bat txukuntzera niak. (bijoa). INDALEXIO: Ua, ua. Baña neskatxak esaten diteken guzia egia dala este ba'dek toki onean ago! PRONTXIO: Gauza bat bururatu zaidak. Txomin'ganako Mox'en maitasuna proatu bear diagu. INDALEXIO: Nola? PRONTXIO: Txomin'en ametsak astindu bear dizkiagu. INDALEXIO: Zer egin bear dek? PRONTXIO: Esan diat. Moexta'ren maitasuna egizkoa dan ala ez jakin. INDALEXIO: Izango eztek ba! PRONTXIO: Ala uste al dek? INDALEXIO: Ezkontzeko ere gertu omen ziok eta? PRONTXIO: Ori... ikusiko diagu. INDALEXIO: Baña ze katramil sortu nai dek? PRONTXIO: Mox'en maitasuna zenbaterañokoa dan neurtu. INDALEXIO: Tira, tira, utzi itzak txorakeri oiek. PRONTXIO: Begira zer egingo degun. INDALEXIO: Ia ba, esan. PRONTXIO: Miss Europa autu bear dala-ta badakik noski bazter guzitan beren «miss'ak» aukeratzen ari dirala, ezta? INDALEXIO: Bai, zerbait entzun diat. Edertasun batzaldi edo... «Concurso de belleza» edo... olako zerbait. PRONTXIO: Orixe! INDALEXIO: Emakumeak gero ta txoroago zeudek. PRONTXIO: Errua ez dek emakumiena, zirikatzen dituztenena baizik. INDALEXIO: Egia dek! PRONTXIO: Ba... amen ere «Miss Gipuzkoa» aukeratzeko zebiltzak egun oetan eta Moexta ere batzaldian, concursoan sartu dek. INDALEXIO: E...? Moexta concurso de belleza'n sartu. Tira, tira, ori neri ziria sartu nai izatia izango dek, e? PRONTXIO: Ez, ez, egia dek; berak esan zidaken erañegun. Gaur edo biar jakingo dek epai-maiekoen erabakia. INDALEXIO: Zakur presakua baño itxusiago dek eta! PRONTXIO: Bera etziok uste ortan. INDALEXIO: Letagiñak ere elefantiari bezela kanporaño ateratzen zaizkak. Eta sudurra... kana betekoa badik! PRONTXIO: Ori guzia egia dek, baña batzaldira, concursora, aurkeztu dala ere bai. Eta begiraiok zer egingo degun orain. Ni kalera niek eta... (Apain-apain jantzirik Txomin sartzen da). TXOMIN: Ez al dute ekarri oraindik kapia? (deituaz) Ze arraie! PRONTXIO: Nik ez diat biar. Kalera niak. TXOMIN: Bateonbat zai daukak, e? PRONTXIO: Nik?, sagardotegiren bateko kupela edo ardandegiko zagiya ezpa! Gero arte. (bijoa). TXOMIN: Agur, Prontxio, gero arte. (Moexta sartzen da). TXOMIN: Baña Mox... gaur ez al degu kaperik artu bear? MOEXTA: O...! zearo aztuta negon. Izan ere gure etxekoandre zakar orrek toki guzitan ikusi nai nau. Aidian ibilli bearko degu. Zenbat eta geigo egin okerro. Beriala ekarriko dizuet. TXOMIN: Ia ba, axkar, axkar... MOEXTA: Zu ere asi al zera etxekoandrea bezela? TXOMIN: Bederatzietako kalean bear bai det. MOEXTA: Baña kalera al zuaz? TXOMIN: Bai, zera... orain... bederatzietan egin bear txiki bat sortu bai zait. MOEXTA: Apal ondotan etxean geldituko ziñala esan etzenidan ba? TXOMIN: Bai baña... gaur... zera... ara zergatik dan: erritar batzuek etorri dira ta beroiek agurtzera joan bear det. Pozik geldituko nintzan zure aldamenean baña... gaur beintzat ezin dezaket. MOEXTA: Betiko badezu maratillen bat... TXOMIN: Maratilla ez Mox... MOEXTA: Tira ba, gaurkoagatik berialaxe ekarriko dizut. INDALEXIO: Motellak, gezurra esateko eztek lots aundirik. TXOMIN: Lotsa...? Bo, bo... A zer gauza lotsa! Entzun zak esaerak diona: «Lotsagabetu nintzan, ogiz ase nintzan.» Lotsatientzat bide guziak itxiak zeudek. INDALEXIO: Zuen tartean sartzen danak argi ibilli bearko dik beintzat. (Telefono-zintzarri otsa). INDALEXIO: Nor da? Bai. «Guziona» jatetxea bai. Zer...? Nola...? A...! Moexta...? Bai, beriala deituko diot, Moexta! Moexta'tzaz galdetzen ditek Txomin. TXOMIN: Moexta'tzaz? INDALEXIO: Ta gizaseme abotsa dek. TXOMIN: Bo! bere aita edo anaien batena. INDALEXIO: Edo... iri aurrea artu nai dikenen bat... TXOMIN: Etziok bildurrik! MOEXTA: Eta... Indalexi? ez al du esan nor dan? INDALEXIO: Ez: deitzeko bakarik esan dit. MOEXTA: Oi, nor ote? Ezta ba Iñaxi izango? INDALEXIO: Gizasemen bat da, abotsez dirudinez beintzat. MOEXTA: Gizasemea? Oi! au larria! Etxekoren bat ote? Ezbearren bat gertatu ote zaie? TXOMIN: Itz egin zazu ta jakingo dezu. MOEXTA: Bai baña... ara... telefonoz deitzen didatenean bildur-bildurrez jartzen naiz. INDALEXIO: Onuzkero aspertu da zai egoten. MOEXTA: Quien...? INDALEXIO: Ara: «Quien...?» Arrazoi zian «Lizardi» zanak, neskameak telefonoz euskeraz ez dakitela esan zuanean. MOEXTA: Moexta naiz... Bai, Mox, bai... Moexta... E...? Miss...? Ezetz ba, Mox naizela... mox... E...? A...! Miss...? Egitan? Miss...? Egia al da...? Ai Txomin, ai Indalexi! Miss naizela, miss naizela! INDALEXIO: Zer dezu emakume? Etxean gaizki al dira edo? MOEXTA: Ez, ez; Miss naizela, miss... TXOMIN: Erotu al zera? Zu Mox etzera ba? MOEXTA: Ez, ez, Miss, miss... orain miss naiz, mis... Mox... TXOMIN: Zer miss ta zer mox gero. Itz egin zazu garbi. MOEXTA: Miss egin nautela ba. Izan ere zuk etzekizun ezer. Ara: Concurso de belleza'n sartu nintzan eta Miss Gipuzkoa autu naute. (Etxekoandrea sartu da). ETXEKOANDREA: Zer zalaparta da au? MOEXTA: Miss autu nautela etxekoandre! ETXEKOANDREA: Zu miss...? MOEXTA: Bai, bai. Miss Gipuzkoa. Oek entzun dute. Telefonoz oraintxe deitu didate. ETXEKOANDREA: Baña egia al da? INDALEXIO: Zerbait bai. Telefonoz egin dunezkero dago beintzat onela. MOEXTA: Bai, bai. Orain «Miss Gipuzkoa» naiz. ETXEKOANDREA: O...! Zorionak... Mox edo... Atoz nere besoetara, izar ederra. Esaten nuen nik zu bezelako neskatxik etzala. Eta ara nik esaten nuana egi biurtu. Orain bai ederki. Jatetxeari oraingo «Guziona» izena kendu ta «Bar Miss Gipuzkoa» jarriko diogu. Eta orrela egunero etxea bete-bete izango degu. Nola ez, «Miss Gipuzkoa» emen dagola jakiten dutenean? Zu, Mox, badakizu, emen beti maite izan zaitugu, etxekoa baziña bezelaxe bizi izan zera; alaba bat baño ere obeto euki izan zaitut. Aurrerantzean berriz askoz obeto izango zera. MOEXTA: Baña... zer uste dezu etxekoandre? Ostatu ontan jarraituko detala? Ez, ez; orañarteko zikin garbitzeak aski ditut. ETXEKOANDREA: Baña Mox... badakizu... aurrerantzean... MOEXTA: Ez, ez; emendik aurrera apain-apain jantzi, ondo jan, pasiatu ta kito, «Miss»ai dagokion biziera egin bear det. TXOMIN: Noski ba, ederki egiña gañera. Onoko au eztezu adiskide txarra ortarako. MOEXTA: Zer...? «Miss Gipuzkoa»k igeltzero arlote batekin bat egin? Ez orixe! Barkatu Txomin, baña nerekikoak bukatu dituzu. TXOMIN: Baña bereala ezkontzekoak ezgiñan ba? MOEXTA: Geroxeago esaten etzenun ba? TXOMIN: Bai, baña... INDALEXIO: Ja, ja...! Ori dek ziria sartzia, Txomin. To, entzun zak eu: «Egaztirik ezta ariñago, andrien gogoa baño». (Telefonoaren zintzarri otsa). TXOMIN: Baña Moexta, ni zer naizela uste dezu? MOEXTA: Igeltzero arlote bat. TXOMIN: Oiek al dira lengo itzak. MOEXTA: Orain eztago lengo konturik. ETXEKOANDREA: Ixo...! zaute ixillik! Nor da? Emen «Guziona» jatetxea. Zer...? Zenbat launentzat...? Amasei...? Bai, bai izango da. Zer...? «Miss Gipuzkoa»rekin etorriko zeratela? Ori, ezin diteke. «Miss Gipuzkoa» ementxe dago. Ain xuxen bertako neskamea da. Bai, bai, ementxe. Ezin ditekela? Gezurra dala? Emenguak Moexta Kalparrondo du izena. Nola? Sinforosa Ruilope? Zaude, zaude. Ara, ara, Mox, Sinforosa Ruilope omen da Miss Gipuzkoa autu dutena ta onera omen datoz apaltzera. MOEXTA: Ori gezurra da! ETXEKOANDREA: Gezurra...? Zeorrek itzegin zazu, ta berak esango dizu. MOEXTA: Bai orixe. Aizu... aizu, zera... Moexta naiz, oraintxe esan didate ni autu nautela Miss Gipuzkoa. Ezetz? Ruilope dala? Ai...! au lotsa...! Barkatu Txomin. Badakizu ni beti bezela zure-zurea nazu. Badakizu, Mox zurea dala... TXOMIN: Ez, ex. Ex Mox ta ex miss. Xapi, xapi!! MOEXTA: Ara etxekoandre, barkatu; zoramen aldi bat izan da. Ni beti bezela ementxe izango nazu lanerako. ETXEKOANDREA: Ez, ez. Xapi, xapi! Emen eztegu neska zuntzunik bear! MOEXTA: Ai, baña errukitu zaitezte nitzaz, Mox gaxoa... ETXEKOANDREA, TXOMIN eta INDALEXIO: Xapi, xapi!! AMAIA |