|     37 zenbakia, 1935eko urtarrila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa

 

BALUJAN

 

1934'ko Antzerti'ren batzaldian

bigarren saria irabazitako

BAKARRIZKETA

 

 

        ANTZEZLARIA: 50-60 urte ingurukoa. Ez apañegi ez arlotegi jantzia. Urte asko Paris'en igaro ondoren etorria dalarik frantzetar itxura izan dezake.

        ANTZEZTOKIA: Edozein erara ta nolanai tajutua.

 

(Oiala jasotzearakin batera sartu ta
txapela kenduaz agurtu bitza entzuleak)
.

 

        Jaunak eta... (bazter guzietara begira) eta... Jaunak eta alare! Ez, ez... Jaunak eta... andreak:

        Etzaitezte arritu lenengo itzak asmatu eziñik ikusi nazutelako. Emen ustegabean sartu naiz. Ustegabean sartu ta ustegabeko tokia egokitu. Emen argi argi ta or... (antzeztoki aurreraño joanaz) ori... zer ote? Illun illun guzia. (alde guzietara begira ta buruari eragiñaz) Um... um... seguru ote nago gero emen. Aurre alde ori illun zeok gogotik. Guardiazibillen kopeta baño beltzago! Ze arraie ote degu ba illunpe ori?

        Ez kokildu gero Balujan! I asko ibillia aiz, asko ikusi dek, indar aundia dek, urte asko dituk bizkarrean, urte asko ta txanpon gutxi sakelean. Ia ba Balujan, ikusi bear diagu aurre ortan zer dagon. Baña nola ikusi guzia illun dagola?

        (Bat-batean gogoratuaz patrikatik «katalejo» antzeko zerbait ateriaz) Oraintxe jakingo diagu guzia. Itzjario batek saldu zidan esanaz onekin illunpe aundinean ere garbi-garbi ikusten zala. Ia ba zer ikusten degun emen. (begi aurrean jarririk entzuleak arkitzen diran aldera begira) Ara, ara... au dek gauza au! Or goien etxe bat, bai dotoria...! Ia beraxeago: Txoko ortan... kontxo, kontxo! neskatx bat; ia, ia... estek itxusia; amar milla durokin batera artu litekek. Erdian dagon orrek... orixe arpegi txorrotxa, zer dezu emakume? Orren itxusi al nago? Beste ori berriz parrez... kaikua! zeri egin bear diok parra? ortz okerrak agiri zaizkik eta! Aurreraxeago dagon mutiko au, aoa xabal-xabal duala, euliak sartuko zaizkik mutil! Beste ori... orren zarra ezpaziña bai polita amonatxo! E! Orain ikusten detana bai ederra; ia, ia... E! Orain berriz ez det ezer ikusten. Ia beste aldetik... Emendik ere ezer ez. Ederra egin diagu! Eta len baño ere illunago ez ote dago gero? Linbua ote? Bai, zera! Linbua Balujan'entzat? Inpernuko zuloak ere artuko ote nau? (larri) Inpernuko zuloa eztek ba izango, e? (belaun dardarka) Zer dek Balujan? Belaunak ere dardarka dauzkak! Egia esan, beldur pixka bat sartu zait inpernua aitatu utsez.

        (Lozorrotik esnatuaz bezela zut-zutik esku bat biotz gañean eta bestea gogor jasoaz) Balujan...! Balujan'ek ez du bildurrik ezagutu orain arte ta aurrerantzean ere ezta ezergatik ikaratuko. Ez orixe! Datorrela edozein onera! (gero ta areago) Nornai gero! Nornai gero! Ludiko gizon indartsuena, atso gixatxarren mingain luze gaiztoenak, abere ikaragarrienak, sorgiñik baldin bada sorgiñetan biurriena, beldurgarririk ezer bada datorrela onera, datorrela ni nagon tokira, ta nik erakutsiko diot bat eta bat iru dirala. Bat eta bat, iru! Iru bai, iru! Eta ori orrela eztala diona datorrela nere aurrera ta nik emandako bi belarrondokoak eta lurrera erortzerakoan artuko duan kaxkarrekoa iru kaxkateko goxo-goxoak dirala erakutsiko diot.

        Munduan bat baldin bada betor onera. Illunpe pixka bategatik Balujan ikaratu? Ez orixe! (azkeneko itzakin batera atean bi edo iru dei egin bitez, bat-batean ikaraz bira osoa eman ondoren bazter guzieta begira) E...? E...? Or... or... orra ba: zerbait entzun detala iruditu zait. Ba... ba... bai, bazan zerbait, ba... bañan... ba! utsa! Ni ikaratzeko aña ez beintzat! Ederki eman ere! Datorrela nai badu Satanas bera. Zer Satanas gero! Ori gutxi da. Ni enaiz emendik aterako ezta... ezta... «asaltoko guardi» guzik etortzen ba'dira ere. Ludian eztago ezer Balujan ikaratuko duanik. (itz oekin batera zintzarri otsa entzun bedi).

        (Len baño larriago) Oraingoa orratik nabarmenagoa ukan! Tri... tri... trin... Bai, orrelako zerbait iruditu zait. Eta tri... tri... trin... oiek tripako trikiki trakakako pixka bat utzi dit. Baño etzaio ajolik, ori ta geiagoagatik ere Balujan beti Balujan. Ni ikaratuko nauenik ezta sortu ta ezta sortuko gañera. (une onetan argik itzali ta piztu asi bitez) E? Au ere bai? Balujan'i kiñuka? Nor naizela uste ote dute ipurtargi txatxu oiek? Berrogei urte oetan nik ikusi detanarekin neri kiñuka? Nik asko ikusi det gero! Eta oraindik, asko ikusiko det! (argiak oso itzali) E...? Ez det ezer ikusten!! (karraxika) Ai...! Oi...! Ez detala ezer ikusten! (zalapartaka aldegin beza).

        (Argiak berriro, piztu ondoren alai-alai azaltzen da).

        (Ate ondoan bajura izketan) A...! Beraz onoko au antzeztokia da? (Barrendik abots batek) Bai gizona, bai. Eta ea atsegin alditxo bat ematen diezun entzuleai.

        (Sartuaz) Beraz illunpe ori jendez betea dago? Zuek ao xabalik or egongo zerate neri begira... Batek baño geigok esango zuen bere kolkorako: Bai gizon moñoñua! Eta ezta gutxigorako. Oraindik berrogei ta amazazpi urte besterik ez ditut.

        Zuek guziak neri begira ta nik iñor ikusten ez. Au bai zoritxarra! Nolanai ere len ustegabean, ustegabeko tokian sartu naiz eta enekien nun nengoen. Orain badakit zer egin bear detan. Or atzeko batek esan didanez zuei berriketalditxo bat eman. Ortan pijua dezute ba Balujan! Berriketan, jaten eta edaten Balujani ez dio iñork irabazten.

        Ni erri onetantxe jaioa naiz .......'tarra. (antzeztutzen dan erriaren izena) Ez al zerate gogoratzen «Txeleta»'neko «Balujan»'etzaz? Uraxe naiz ba: Jon Iñixio Balujan. Eta enaiz batere aldatu. Lengo Balujan orain ere balu...jan dezute. A... ollaxko erre bat ba'lego!

        Mundua ikusi bear nuela ta orain berrogei bat urte atera nintzan emendik. Geroztik amaika ibilli egin ditut. Eta bai amaika gose pasa ere. Tira, amaika ez; bakarra. Emengo eltzekaia jateari utzi nion ezkero ezpaitet goserik ase.

        Europa guzia edo geiena beintzat pasa det, baña urte geienak Prantzian egin ditut. Prantzian lana pranko egin du Balujan'ek. Lana pranko bai, baña franco gutxi patrikan.

        Azkenean abestiak dion bezela (abestuaz) «Egialde guzietan toki onak badira, baña biotzak dio zoaz Euskalerrira». Neri ere orixe esaten zidan biotzak: Oa Euskalerrira Balujan eta an zeozer izango dek iretzat. Euzkadi'n sartu ezkeroz ezin ba jaioterrira azaldu gabe gelditu ta aztarka-maztarka atzo eldu nintzan onera. Sekulako gañera! «Per in secula seculorum»!! Emen arrapatu detan mauka utzi? Gezurra dek! Izan ere arrigarria gertatu zait. Ara; Nik emendik aldegin nuenian andregai alako bat ba'nuen. Plorentxa zuen izena. Baña egia esan, bein urrutiratu ezkeroz enintzan gogoratu ere emen utzitako Plorentxa'tzaz. Paris'en nengoela ordea Plorentxa'ren idazki bat artu nuen eta berorretan zionarekin zearo arrituta utzi nindun. Ementxe daukat oraindik. (idazkia ateriaz) Ona zer zion: «Bar ba aundia daukat eta jende asko etortzen zait. Guzien artean zu ikusi nai zinduzket ordea lengo maitasuna berrituaz biok kabi gozo ta legunean atsegintsu bizitzeko». Nik erderaz ezer asko eztakit bana bar...ba, bar...ba bizarra dala badakit. Kupitu nintzan nere andregai izanduak bizarra izatiaz. Kupitu ezezik ikaratu ta arritu ere bai, Plorentxa berak bizarra zuala esatiaz. Nolanai ere aztu nintzan orretzaz baña atzo errian sartu nintzanean lenengo ikusi nuen edaritegiak, tabernak izen auxe zeukan ate gañean. «Bi izar enea» Bizarrenea, Bizarrenea... Nere kolkorako esan nuen: Arraie, arraiea!! Emen bizi ote da nere andregai izandua? Baezpa ere Plorentxa'k ikusteko bildurrez abitu nintzan andik lenbaitlen urrutiratzeko, baña ontan oiu batzuk neri deika: «Jon Inixio, Balujan...! Gizona atoz onera, ez al nazu ezagutzen?» Bildur-bildurrez jira naiz Plorentxa'ren bizar aurrean ikusi bear nintzalakoan baña, zein ikusiko? ta Plorentxa bera. Baña ez nik uste nuen bezin itxusi. Ederra benetan. Miss Europa bera ere ez da ederrago. Arrituta gelditu nintzan nunbait zer esan asmatu eziñik. Plorentxa'k onela itz egin zidan beintzat.

        «Plorentxa naiz, Jon Iñixio, zure Plorentxa. Au poza ematen didazu nere aurrean ikusiaz». Pixkana pixkana lasaitu nintzan eta guzia garbi-garbi jakin det. Idazki onetan «Bar» bat zeukala esan nai omen zuen. «Barr»... zera... taberna edo edaritegi oietako bat. «Bar bat» jarri bearrean «bar ba» idatzi ta nik, jakiña «barba» bizarra zala uste. Gero berriz jatetxearen ate gañeko iragarki edo letreruan jartzen duanak «Bi izar enea» esan nai omen du. «Bar»a bi aizpak eduki ta biak zein baño zein ederrago diralarik jendea asi omen zan «Bi izar enea» deitzen eta onela gelditu omen zaio izena. Izan ere izarrak berak baño ederrago daude bi aizpak. Plorentxa batez ere, nere Plorentxa. Nerea bai, laxter ezkonduko gera. Berak esan zidan atzo. Ni zar xamarra nago baña berak sasoi ona dauka oraindik eta guzi-guzia berak egingo omen du. Nik jan eta lo, ta Plorentxa'rentzat maitasun pixka bat gorde. Bai orixe! Onelako maukagatik baita biotza dagon tokitik atera ere. Orañarte «Balujan» izan naiz izenez eta izatez, baña aurrerantzean eztet izen orren bearik. Emendik aurrera naiko jan, naiko edan, pasiatu, lasai bizi ta; kaxo motel!

 

                Gertaera gai aberatsa ba'det,

                aberats ezezik ona,

                ederra, bikaña ta pertxenta,

                gain-gañekoa osasuna.

 

                Jaio ezkeroztik orainarte

                «Balujan» nere izena,

                gaurtik aurrera esango didate

                agur, Jon Iñixio jauna.

 

AZKENA

 

aurrekoa