|
JAKINGARRIAK IRUGARREN BATZALDI TA SARIKETA Euskel-Antzertiari aurrerapen bultzada ematearren Antzerki-batzaldi au zabaltzen da «Euskaltzaleak» saritzen dutena ta «ANTZERTI»'ren bidez eratua. BALDINTZAK: 1'go.: Edozein motako ta zer nai gaiz ta mamiz idatzitako antzerki-lanak artzen dira. Ekitaldi bat ala geiagotan, epaikarien iritzian egoki ta antzezgarri izan ezkero. 2'g.: Batzaldi onetara sartu nai duten egilleak bidali litzate lanak, luzeena Urria'ren 31'gn. arte zuzenbide au ipiñiaz «Antzerti» (Editorial I. Lopez Mendizabal Tolosa) edo ta «Euskaltzaleak» (En la Diputación de Guipúzcoa San Sebastian). 3'g.: Antzerki-lanok jatorrak (originales) izan bitez, norberak sortutakoak eta ez beste izkeratik itzuliak. 4'g.: Epai-iritzia toki ontan bertan azalduko da ta aren aurka ez dago iñora jotzerik. 5'.: Saritutako antzerkiak «Antzerti»'n argitaratuak izango dira ta oni dagozkio jabetza ta eskubide guziak. 6'g.: Saritu gabekoak egilleak jaso litzazteke ta eskatu ala biurtuko zaizkie. SARIAK: Auek dira eskeñitako sariak: 250 pesetako saria, Antzerki-lan onenari ekitaldi bat ala geiagotan idatzia. 150 pesetako saria, bigarrenari. 75 pesetako saria: bakarrizketa, aur-jolas edo antzeko lantxo onenari. 25 pesetako saria, bigarrenari. Oarrak: Egille ta idazleak ez bezate aztu antzerkiok irakurgai ez ezik antzezgarri izan bear dutela; Teatro-kutsua zaiela bearren. Au ez ba'dute ez dute ezer. Teatroa jolasa dala ta ikusleen barruraño irixteko, noiz par, izkirimirien bidez, eta noiz negar, zoritxarren otsikaren indarrez, nolanai ere, ez dedilla beñere luze ta aspergarri izan. Antzertiak bere lege ta arauak ditu ta ez diteke tajuzko antzerkirik idatzi aiek ondo ikasi gabe. Azkenik, gure antzez-leku geienak txikiak izanik ta antzezlariak berriz duarik lan egiten dutenak, ez bai dira ortatik bizi, idazleai eskatzen zaie antzerkiak egin ditzatela alik eta ikas-errez eta antzez-errezenak. «EUN DUKAT» Arrasate'n Garagarrilaren 2'n olerti jaia zala-ta aurreko egunean, Arrasateko «Bedia» antzokian «Eun Dukat», eresantzerkia antzeztu zuten. Aurten garaipen aundienetako iritxi duan lana «Eun Dukat» ori ba'degu. Benetan antzerki errez argi ta polita. Oiartzun'go «Mendiburu» taldekoak ezin da obeto ateratzen dute. Antzez-lagun bakoitza bere arloan, eta batez ere «Aztia» oso egoki. Antzezkizun ortara gizatalde aundia bildu zan eta beste jaun ezagun askoren artean an izan genuen ere Guam'eko Gotzai agurgarria. Lekuona anaiek «Eun Dukat»'en egilleak txaloak erruz entzun zituzten. Gure zorionak ere jaso itzate. Jendea pozik gelditu da. «Eun Dukat» zenbaki ontan argitaratzen degu. Batzuentzat irakurgai ta antzezlari-taldeentzat antzerki berri bat ikasteko era bedi. «POXPOLIN» Beste senide txiki bat sortu zaigu. Jaio berriari «Poxpolin» izena eman diote. Musugorri ta potxoloa bera euskeraz jantzia dator. Jostallu atsegiñetakoa gure umetxoak jolasteko. Ta zenbait jende larria ere bai... Esango nuke! Amabostean bein irtengo da. Orain bear deguna guziok Poxpolin'i arrera ona egitea indartu dedin. Batez ere gurasoak ez ditezela beren semeentzako Poxpolin erostez aztu. Bi astez bein aterako da! Emen degu! Amabost zentimoan saltzen da zenbaki bakoitza. Gauza on eta bearrezkoaz batera umeentzako jolas bide politak erakutsiko ditu. Ta bidenabar, gurasoak! zuen semetxoak euskeraz ikasi ta euskalzaletu ditezen «Poxpolin» biderik erosoena izango dezute. IRIBARREN'dar BIKTORIO (G. B.) «ANTZERTI'k» laguntzale bikain bat galdu du: Biktorio Iribarren irarle langillea. Orrilaren 29'an il zan. Gizon gutxi izango dira euskal irarkola lanetan gure Biktorio'k aña egin dutenak. Oso gaztetandik Eusebio Lopez aztu eziñaren etxean sarturik, berrogeitamar urtean, amaika kondaira zar, meza-liburu, otoitz-gai ta mota guziko euskal idazti, izkiz-izki osatu izan ditu. Gizon langille ta trebe batek, berunezko puskatxoak artu ta utziaz egin dezakena arrigarria da. Ez da ez erle ez txingurri ori egin dezakenik: liburua alegia! Azken urte auetan Lopez Mendizabal Ixaka goitarraren burutik sortutako lan pilla ederra: iztegi, elkarrizketa liburu, «Xabiertxo», «Umearen laguna», «Martin Txilibitu», «Poxpolin», Euskal-egutegia, abar eta abar Biktorio Iribarren'en eskuetatik igaroak dira geienak. Antzerti'ren laguntzale bikaintzat aitatu degu ta onelakoxea zan. Iru urteterdi auetan, Biktorio'k beti gogo on eta maitasunez gure aldizkingia txintxo argitarazten leia da. Gure lenengo zenbakia izan zan «Aterako gera» ta onen aurrerik argitaraturiko «Gai dagonaren indarra» arte zenbaki guziak arek egiñak izan dira. Igaz R.I.E.V. aldizkingian Serapio Mujika jaunak idatzitako lanean: «La imprenta en Guipúzcoa» berri politak ematen zizkigun. Eta an Eusebio Lopez nagusi zarraren ondoren gure Biktorioren argazkia ere agertzen da irar-makinaren aurrean dagolarik. Lan apala izanagatik berea, ezin ukatu euskal-jakintzak zerbait zor diola. Bada Aizkibel, Henao, Campion, Mendiburu, Etxegaray, Gorosabel, Olabide ta beste askoren liburuak eratu ta irartzen ari izan zan eten gabe urtetan eta urtetan. Orregatik eriotz ordu ontan ordain-saritzat aipamen eta gorasarre bereziak merezi ditu. Ez ditugu gizon ospetsu ta altsuak besterik goratzen. Eta ez da bidezkoa Iribarren'dar Biktorio'ren antzeko langille bizkor eta ixillak aztutzea. Onelako asko bear ditu gure erriak aurrera joango ba'da. Gaur samindurik gure atsekabe agurra agertu nai gendun, batera gure irakurleai aren animaren alde otoitz bana eskatuaz. Jaungoikoak Berekin beza! DONIBANE LOHITZUN'en Donibane'ko «Begiraleak» eman dute euskal-jai ikusgarri bat «Gure Etxea'n», Garagarrilaren 2'an. Ona egitaraua nolako: «Supazter Txokoan» isilik eta kantuz: «Egiazko Eskualdunak» komeria iru ekitalditan; ta azkenik «Kadira-dantza» gazteen jostaketa. Arratsalde on bat iragan du jendeak. Zorionak oroi ta lotu berriz lanari lapurditar anaiak. Bertsolarientzat Orain imprimatu berria da liburutxo bat «Koblakarien legea» izendatu dutena. Artan arkitzen dira aolku onak: bertsolariek ongi egingo dute aiei jarraitzea. Baionako Laserre eta «Le Livre» liburutegian salgai dago. Prezioa amar sos. Lopez Mendizabal'en etxean eskatu diteke. «AMAIA» Iruña'n Garagarrila'ren 30'gn. Iruña'ko Gayarre antzokian abestu zan Guridi'ren opera eder au. Beti bezela garaipen bete-betea iritxi zuan. Iruña'ko eder zaleak entzun zuten azkenik naparrentzako ain egokia dan eresantzerki zoragarria. Lana Donostia'ko Eusko Abesbatza ta Orkesta Pilarmonika'ren gain zegon. Lendanik ondo ikasi zutena ederki burutu zuten Iruña'n ere, gartsuki txalotuak izanik. Zabalbeaskoa aizpak, Ulazia ta Olaizola'k zituzten arlo nagusienak. Zorionak bein eta berriz batez ere Olaizola'tar Gabirel abeslari ta ertizale aundiari, bera bait-da jai oien eragille ta zuzendari. «Txerrenzubi'ko Gertaria» «Euskaltzaleak» argitaratuko, izen au daraman antzerkitxoa salgai jarri da. Gheon'en «La Parade du pont du Diable»n itzulpena da: Markiegi jaunak euskeratua. Ikus onetzat zer dion Lauaxeta idazle ta olerkari argiak: «Txerrenzubi'ko Gertaria» zer dan? Santuen garaian jazotzen ziranak gaur, be, jazoko ba'lira. Aita Kado'ren ipuña ulertuko zeunke. Kaxtrexana'ko zubia nortzuk egin eben ez al dakizu? Neguko gau luzeetan entzun izango zenduan, ba, zeren trukez egin zan zubia. Txerren edo demoniño prakagorriak egin eben, baña kontratistiaren arima-ordez. Henri Gheon jaunaren komeditxu onetan, be, olako zeozer ikusi deikegu. Aita Kado lekaide gaisoak galdu-agiñean itxi ebazan Maturin arrantzalea ta onen alaba. Eskerrak katutxu zurrari! Txerrenak zubia egin-ordukoxe Mixiña edo katutxua zubi-zear igaro zan. Aren arima prakagorrientzat! «La Parade du Pont-au-Diable» deritxo komedi oni eta Markiegi'tar Joseba apez argi ta azkarrari amore-egin bear dautsogu, bere bidez, ba, euzkerara erdu yaku. Euskeraren jaube dozu apez ori, osterantzean ez egikezan itzuli Andre Phantasi eta Andre Poesi. |