|
I. EKITALDIA (Ezker-eskubi, basoa. Atzean, ezker-aldera, borda xarra. Eskubiko zuaitz-artean, beste danak baño nabarbentxuago, piku bat. Eskubi-aldean, erritik datorren bidea; ezkerraldean Aritxullegi'ra dijoan bidea.) LENENGO AGERRALDIA Iratzeballeak. (Goiz aldea da. Barrengo aldetik irrintziak.) DANAK: (Abestuz) [Abestia egillen etxeam Oyartzun'en] Jeupa, Jeupa! irintzika iratzeballeak kaletika; Jeupa, Jeupa! irrintzika zatotik naikoa egiñika. BATEK: Goizean goiz aizkaturika atso ta agureak leiotika galdezka daude arriturika zein ote datorren kaletika (bis). (Bertsolari-antzera. Besteak entzuten. Kopla bukatzean, danok ondo abestu dualako siñuak egiñaz). BATEK: Sasoi onaren jabeak Napar beltzaren zaleak, Naiz iritaian Naiz belagaian Iñon berdiñik gabeak, Ristiti-rasta, bristiti-brasta Gu gera iratze eballeak. DANAK: (Jeupa eta abar). BATEK: Erale oso garbiak, Baña lanera jarriak Ixtanpatean Lau egunean Soiltzen ditugu mendiak Ristiti-rasta, bristiti-brasta Mozturik zuztar guziak. DANAK: (Jeupa ta abar). BATEK: Goizetikan arratsera Mendi batetik bestera Egi ta kasko Bai eta asko Eluts eta egutera, Ristiti-rasta, bristiti-brasta Etzaten degu lurrera. DANAK: (Jeupa eta abar) (Bijoaz mendira). BIGARREN AGERRALDIA Ramus bakarrik. (Artzaiz jantzia, bordatik irten eta asi bedi abesten. Gero exeri bedi pipa erreaz). RAMUS: Zoragarri, ederra zitzaidan len menditik eguzkiaren sorrera egun sentian... Egun sentiak, eguerdiak, denak dira neretzat gau illun eta beltzak... Argia zer den aztu dute nere begiak. Txoragarri polita zitzaidan len baratzan krabelin-lore gorri-ta Lili txuria... Lili txuriak, krabelin gorriak, denak gaur zaizkit neri utsa bezela ageri... Lorea zer den aztu zuten nere begiak. Maitagarri benetan zitzaidan len aurtxoen begi ta ezpain-ertzetan maite-irria... Maite-irria, musu gorria asper ta etsigarri zaio gaur itsuari... Irria zer dan aztu dute Nere begiak. Egun aundia gaur mendian... Iratze-eballeak. Eguna argitu baño len or igo dira goietara baserritar-sail mardulak. Zumea baño biguñagoak aien gerriak... Gazteak izaki... Garoak gorritzen asiak dira. Etzango da gaur ederrik! (Gogartetsu). Agian igoko da guretarren bat ere... (Jaikita) Lotsagarria! Ez dut oroitu nai ere. (Azkeneko itz abek esanaz bijoa mendi-aldera). IRUGARREN AGERRALDIA Ramus ta Austin. AUSTIN: (Sar bedi erri-aldetik) Agur, Ramus! Oraindik ibiltzeko aña ikusten duk orratik... (Bijoaz mendi aldera biok). RAMUS: Arraioa! Austin aiz, nere aurtzaroko laguna! Gaur bezelako egunez, urtean bein bestetan ez aut ikusten. Ikusi... Nere begiak ez ditek ia ezer ikusten. Makillaren arrimoan etxe inguruko lizarretaraño eltzen nauk eta besterik ez... Bakarrik al oa? AUSTIN: Bi seme aurretik joanak ditit. Salla markatzeko naikoak gaituk. RAMUS: Bo... Kontxo, kontxo, Austin... Ta Urkabe-atzean ongi? AUSTIN: Urkabe-atzean ongi, Baña zartu gaituk, Ramus, zartu gaituk... (Itzak basoan itzali bitez). LAUGARREN AGERRALDIA Petri bakarik. Gero Ramus. PETRI: (Gaztea da oraindik. Urietako langilleak bezela, urdiñez jantzia). Eldu nauk oraintxe (Bordako atean) Eup! (Barrura sartu-ataera bat egiñaz.) Etzegok barruan. Alde guzietara ere, ez duk urruti izango. Nere ojua entzungo ziken. (Exerita zigarro bat egiñaz) Ortxe, pikope ortantxe zeuzkak nere osabak eun dukat. Emen bizi niñukanean ortxe ikusi oi niken goizero, makur antzean, osorik ote-zeuden begira. Biar ez dizkik or idoroko. Eun dukat oiek gabe, ez duk gaur Petri errira jetxiko... Ba'zekiat Ixteben apaizgaia sarritan etortzen dena goi oietara osaba txurikatzera. Eun dukaten billa ibilliko duk. Etziotek onik egin bear. Gaur bertan eramango dizkiat pikope ortatik. Orain, arrera ona egin bear zioat osabari. (Jeikita). Gaurgero emen duk. (Bidean begira). Bai, emen zetorrek (Ramus'i) Agur, osaba. RAMUS: (Sartu gabe) Petri aiz. Abotsetik ezagutu aut. Biotzak ematen zidaken gaur mendira etorriko intzala. Osaba zarra irekin egoteko zaletua zegoken oraintxe. (Azalduaz) Petri, nere illobetan maitiena! (Bizkarrean joaz) Iratz-ebatera? PETRI: Bai, aurten Sarasti'koakin noa. RAMUS: Ederki egiña. Emen joan duk aristian saill ederra. (izketa-aldatuz) Erri aldean ongi? PETRI: Ni ongi, osaba, oso ongi errialdean. RAMUS: Izan ere, galdera egin diat orixe! Ongi izango ez aiz, ba? (Bestera) Exeri adi enbor orretan. Ik ez duk presarik. (Exeri bitez biak). PETRI: Zigarrotxo au erre arte egongo naiz. RAMUS: Osaba Ramus'en bordan zerbait artu bear duk gañera... Gogoan al duk, Petri, Osaba Ramus'en borda xarra? Bestelakoak dituk kaleko etxeak e?... PETRI: (Otz) Gogoan izango ez dut ba?... RAMUS: (Xamurki) Arraioa! Gutxitan etortzen aiz ba, orain, Petri, mendira? Ba'zirudik aztu zaikela oso osaba zarra? PETRI: Ez, osaba, aztu ez... RAMUS: A, bai; ik ez duk maite mendia... Erriak ostu ziken biotza. Gizagaixoa!... Ire aita zetorkidak burura. PETRI: Nere aita? RAMUS: Entzun akidak aren edestia. Iru anai giñuken gu: ire aita, ni eta, gazteena Anton. Au Ameriketa'ra joan uken. Ire aitak baserrirako zale txikia ziken. Erria zeukaken ark beti gogoan: erriko lantegiak, basetxetako zelaiak baño geiago ematen omen ziteken. PETRI: Osaba: buruz ere ba'dakit edesti ori. Milla bider entzun dizut. RAMUS: Ikasi zak, ikasi zak ongi... (Jarraituaz) Il uken aitona. Andik laister saldu ziken ire aitak gure baserria. Nik mendira alde egin niken. Borda xar au ta eun ardi izan ituken nere dote. Ire aitak, errian, ainbeste amesten ziken errian egin ziken kabia. Antxen etorri ziñaten mundura i ta Ixteben. PETRI: Ikusten duzu, osaba; kaletarra naiz ni ere. RAMUS: Zoritxarrez, bai. PETRI: Zoritxarrez?... RAMUS: Ongi ala ere. PETRI: Zergatik, osaba? RAMUS: (Ez dio jaramonik egiten. Edestiari jarraituaz)... Bañan arrak joa zegoken zugaitza. Lantegietarako kirats gaiztoak ondatu zizkiken aten birikak eta azkar etzin ziken gizagajoa oiean bularretikakoak. Luzea izan uken gaitza. Egun batez, gabetik goizera, illotzik arkitu zitenen ire aitaren gorputza. Gizagaixoa! (Ixil unea) Zuen ama gaxoak ere etziken luzaro iraun lurrean. Bearrak eta naigabeak azkar eraman ziteken gaxoa senarraren baaterrera. Zuek umezurtz gelditu ziñaten. Ixteben On Jose Antonio Apaizak artu ziken beretzat. I, nere albora bildu intzan. Zortzi urte ituken orduan. Azi intzan. Borda xar onen itzalean bizi izan aiz orain arte ire osabarekin, eta... (Ixil bedi Ramus) (Petrik entzun bezaio arretaz). PETRI: Amaitu al-duzu? RAMUS: Ez diat jarraitu nai... (Ixil-unea) Asko irabazten al duk? PETRI: Bai, poliki... RAMUS: Gutxi aski dik gizonak bizitzeko. (Urrutian abesten asten da Isteben «Txorittoa noratoa») Aberasteko biderik ziurrena griñai gogor egitea duk. Jaso eitzak pixarrak gogorako. Noizpait bearrean arkitu intezke. (Arretan jarriaz) Ixo! (Pixka batean ixilik) Ixteban zetorrek. PETRI: Ixteban? RAMUS: Bai, arren abotsa duk. Ezagutzen diat. Askotan etortzen duk mendira ni ikustera. PETRI: (Jeikiaz) Ni ba'noa, osaba. RAMUS: Ba'oala? PETRI: Bai, berandu dut. RAMUS: Ixteben etorri arte egon adi, beintzat. Biok alkarrekin joango zerate. PETRI: Ez, ez... joan bear dut. RAMUS: Bañan ezer artu gabe? Ez, ez aiz joango. Amur emaiok osaba zarrari. BOSGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Ixteben. IXTEBEN: (Oso alai. Ari bedi beti anaia zirikatzen) Jaungoikoak egun on, osaba. RAMUS: Baita iri ere, Ixteben; ator, ator. IXTEBEN: (Petri ikusita) Oi? I ere emen? Ongi al-ago, Petri? PETRI: (Legor) Ongi; ta i? IXTEBEN: Ederki, Jaunari eskerrak. Asko poztutzen natxiok, Petri i emen ikusteak. Alkarrekin joango gaituk. PETRI: Ez: Bereala joan bear diat. IXTEBEN: Zer? Gaur ere laisterka al-abil? Arraietxea? Ez duk gauz erreza orratik irekin egotea. Iru illabete ba-dituk Seminariotik etorri nintzala, eta oraindik bein besterik ez gaituk egon alkarrekin. Nun abil, motel? PETRI: Lanean, ermano, lanean. Ez zuek bezela alperkerian. IXTEBEN: Arraiea! (Ramus'i) Lan gogorrak darabilzki, osaba, gure anai onek. RAMUS: Ja, ja! Gau ta egun ariko duk, nunbait. Zaudete pixka batean. Berealaxe emen nauzute gazta ta ogiakin. (Bijoa bordara). IXTEBEN: Sinistu akidak, Petri. Askotan izan nauk Landibarren, igarotako egun abetan, eta pozik egingo nikek irekin berriketaldi bat, arkitu izan ba'indut; bañan nik etzekiat non egoten aizen sartua. PETRI: Zer nai duk ba? Ni ere ezin egon, ba, beti ire zai. IXTEBEN: Za? (Parrez) Esaidak egia, Petri: zenbat aldiz egin duk iges ni ikusita?... Izan ere apaiz-gai «alperren» lagunartea ez duk iretzat egiten dena. PETRI: Nere lagunartea «langille» artea duk. Langille den guzia duk nere adixkide. IXTEBEN: Osaba Ramus adibidez. PETRI: Osaba Ramus, ik baño maiteago diat nik; entzun? IXTEBEN: Motel, ez gaituk orregatik asarretuko. Maita zak, maita zak gizagaixoa, ongi merezi dik eta. (Aldatuaz) Ederki, Petri, ederki. Eta guzion diru-banaketa ori noiz izango diagu? PETRI: Ik egin zak parra; baña, larri ibilli bearrak zerate laixter apaizak ere. IXTEBEN: Nik beintzat izango diat laguntzalle ona iregan, ez duk ala? Besteak ere izango al ditek i bezelako anai onen bat... (Betor Ramus). PETRI: Gizon guztiok anai gaituk. IXTEBEN: Egi aundia; baña ama askorenak. RAMUS: Eutsi! Egin zagun gosari txikia. (Gazta ta ogia eskeñiaz) Artzak, Petri. (Ixteben'i) Goiz arraietxe, gaur, Ixteben, mendi aldera? IXTEBEN: Bai. Penadegi'ko apaizgaiak ots egin dit. Egun abek ikusgarriak izaten omen-dira mendian, eta iratzeballien artean igaro bear omen-dugu gaurkoa RAMUS: Ederki zerizkiot. PETRI: A, zer bi langille! IXTEBEN: Izan ere: jantzi beltza degunok ez gaituk ezertarako gauza. Ez al-zenekien ori, osaba?... Bañan nik oraintxe bertan jokatuko nioke oletako jantzi urdin-dun edozeñi zeñek garo zama aundiagoa jaso. RAMUS: Ja! ja! ja! ja! Arraio, arraioa! PETRI: Jan-edanean ere jokatuko liguteke ederki, osaba, Ixteben'ek eta bere kideak. IXTEBEN: Edanean, etzekiat. Oletako ardantegietan beintzat ikusi izan dizkiat nik moskorrak ugari. Gure apaiztegian oraindik ez duk ardandegirik jarri. PETRI: Galerazia zegok eta:... Utziko balute, e? IXTEBEN: Zuen artean galerazteko gizonik ere ez, berriz. Lantegiak al-dituzute ardandegiak ere? edo, bestela, zuen txanponen banaketa egitera joango zerate ara... RAMUS: Ja, ja, jai! Leku onean abil, Petri, apaizgaiarekin! PETRI: (Ixillik diardu ezin egonean). RAMUS: Ea, ba, Ixteben, iri ere atsegin baño naigabe geiago ematen ez ote-diteken gero iratzeballeak... IXTEBEN: Zergatik, ba? RAMUS: Iratz-eballeak asten diranean, Sanmielek ere alderatzen diralako ta Sanmieletan ba'dakit nora bearrak izaten zeraten apaizgaiok. IXTEBEN: Ja, jai!... (algaraz) Danai etortzen zaie beren San Migel edo San Martin, osaba. PETRI: Neri ere, bai etorri zait oraintxe. Ba'noa. IXTEBEN: Bai al oa? RAMUS: Oa, ba. Gaztea aiz eta oraindik idoroko dituk atzetik ire lagunak. Egin lana gogotik, eta illunabarrean, ba'dakik, azaldu ire osabagana. Zai egongo naiz. PETRI: Bai. Azalduko naiz. IXTEBEN: Etxerakoan joango gaituk alkarrekin, Petri. PETRI: (Bijoa) Agur osaba. RAMUS ta IXTEBEN: Agur Petri. (Berraiote begira). SEIGARREN AGERRALDIA Ramus ta Ixteben. (Argitu du osoro). IXTEBEN: Gizaraxoa! RAMUS: Ondo ala ere! Aldakuntza ederra egin dik gizagaxoak. Iges egin ziken menditik eta gaiztakeria besterik ez dik ikasi errian. Zorigaiztoan jetxi uken. Beltza zekusat orren etorkizuna. IXTEBEN: Utzi itzatzu gogapen itzal abek. Berea du errua. RAMUS: Nork zekik ori? Ondorenak beintzat Ramus'ek ere ba'zeramazkik. Zar eta erdi itxutua, bakarrik arkitzen nauk mendian. Ain xuxen laguntza bearra nabaitzen asi nintzanean, orduantxe iges egin zidaken albotik. Inguruetako auzoak egiten zizkidatek lanak geroztik. IXTEBEN: Lotsagarria da, bai. RAMUS: Ardirik gabe, berriz, negar egingo likek Ramus itxuak. IXTEBEN: Nik al-banu... RAMUS: Ez, seme Jaungoikoak autu au... Jarrai aiok bide orri. Osaba baño lenago duk Jaungoikoa. IXTEBEN: Egia... (Ixil unea) Goibeldu egin gaitu oroipen onek, osaba. Baztartu dezagun. RAMUS: Bai, seme; aurpegi argi ekaitzari; orixe duk onena. IXTEBEN: Eguzkia ere mendi gañetik agertu da, ta joan bear dut oraintxen. Penadegi'ko apaizgaia zai edukiko dut gaurgero. RAMUS: Nik ere eguardirako baba egosten jarri bear biat. Ator i ere illunabarrean. IXTEBEN: Bai, orixe. Ta gazta zar bateri erasteko ortzak zorrotz ekarriko ditut, gañera. Agur, osaba. Egun ona igaro. (Bijoaz biak) RAMUS: Agur, Ixteben, nere illobetan zintzoena. (Bijoa Ixteben. Baita Ramus ere polliki-polliki borda-barrura). Bakarrik biziko naiz mendian. Bañan nere eun dukatak ez dira Petrirentzat izango.... (Sartu bedi) ZAZPIGARREN AGERRALDIA Petri bakarrik. PETRI: (Zuaitz artetik irten eta, makur antzean eta bildur xamar) Entzun diat dena: «Eun dukatak ez dira Petrirentzat izango» Laixter ikusiko diagu... Pikope ortantxe zeudek gordeak. Poltsa uts auxe utziko zioat. (Makurtu ta bijoa borda-lekura) Ez da iñor ageri. (Poltsa eskuetan artuaz) Emen zegok. Dana betea! (Pozez) Au diruz! (Joxe'ren abestia entzuten da urruti) E! Norbait dator. Noan mendira. Adio, itxua, adio! (Bijoa laisterka mendira). ZORTZIGARREN AGERRALDIA Joxe eta gero Ramus. JOXE: («Arboletan den» abestuaz. Abestia amaitu ondoren; bordako atean) Eup!... Enerio'ko Joxe naiz. RAMUS: (Azalduaz) Joxe; nere artzaitxo pixkorra. JOXE: Ramus: Errenga'ko gañean bildua utzi dut zure artaldea. RAMUS: Eskerikasko, Joxe. Izerditsu eldu aiz? JOXE: Bai; iratzeballien eupetekoz biokak ikaratu egin dira eta itsututa, eriosuar, iges egin dute. RAMUS: Nereak ere joango ituken? JOXE: Nabarroa'ko aldian idoro ditut. Basazaia oartu baño len aurrea artu eta Oiartzun aldera jiratu ditut. Beko zokoan daude orain. Dulun-otsa entzuten da. RAMUS: Gure Txuri baño leialagoa aiz, Joxe. JOXE: Ezin duanari lagundu egin bear zaiola erakatsi ziguten gurasoak. RAMUS: Bai, bai. Ongi diok. JOXE: Gañera nereak ere zaitu bear nituan eta bide batez zureak ere egitea, ez da gauza izugarria. RAMUS: Gazta pixka bat artu nai al-duk? JOXE: Bidean jaten etorri naiz. Zorroan pixka bat ba'neukan eta talo erdi batekin uraxe gosaldu dut. (Bestera) Gaur mendian bixitariak izango ditugu? RAMUS: Bai, alai zegok basoa egun abetan. Iratzeballe-mordoa or joan dek aurretik. Nun topo egin dituk? JOXE: Goienetxe'tik gora. RAMUS: Aritxulegi'ra zijoazenak izango ituken. Aiekin zijoaken nere illoba Petri ere. JOXE: Ez dut ikusi. RAMUS: Bidetxiorrez joana izango duk. JOXE: Bai, ongi dakizki arrek emengo bidetxiorrak... RAMUS: Baba egosten jarri ta, oraintxen niaken lizar ostoa egitera. (Bijoaz biak mendi-aldera) JOXE: Anaia errira joatekoa da ta azkar ibilli bearko dut nik ere. Gaurgero zai daukat. RAMUS: Sarritan jexten duk ire anaia errira... Ik ez al-duk joan bear. JOXE: Ez, nik... iganderarte, beintzat... (Izkutatzen dira). BEDERATZIGARREN AGERRALDIA Bi mutiko. (Iratzeballien gosariakin mendira dijoaz. I MUTIKOA: (Saskia buruan dakar) Au, Ramus itxuaren borda duk. Ementxen ats-egin bear diagu. Gañera txanda ere egin bear didak. II MUTIKOA: (Sagar bateri kozkaka dator) Txanda? I MUTIKOA: Jeixten lagundu eidak beintzat, nekatu nauk eta. II MUTIKOA: Ustel arraiea! Etxetik Ergoin'eraño ortxe ekarri diat nik batere ats egin gabe... I MUTIKOA: Ta maldak zeñek igo dizkik... (Bestera) Orain ere sagarrak ostu dituk ik? II MUTIKOA: Ongi ederrak zeudek... I MUTIKOA: Jose'k arrapatu ba-indu... II MUTIKOA: Joxe'k? Etziok toki txarrean! Perlesiak jota zeok eta... Zakurraren bildur geiago nian... I MUTIKOA: Ekatzak bat... II MUTIKOA: Auxe besterik etzeukat eta... (Patrikara batekoak erakutsiaz). I MUTIKOA: Eta bestean ditukenak? II MUTIKOA: Abek gerorako. I MUTIKOA: Motell, gero nik emango diat bestea. II MUTIKOA: To, ba. Baña, gero eman, gero? (Eman bezaio). I MUTIKOA: Bai, motel. (Biak jaten) Oraindik goiz arritua diagu. Gure amak presa ziken beintzat. II MUTIKOA: Ongi ala ere... I MUTIKOA: Ikusten al duk anako baso ura? II MUTIKOA: Bai. I MUTIKOA: Ura dena gaztaña duk. II MUTIKOA: Jesuuuus! Zurituak ote-zeudek? I MUTIKOA: Bai. Garai onetarako batzuk egiten dituk. Onuntzian andik etorriko gaituk. II MUTIKOA: (Eskuai eragiñaz) Aufa! A zer jatea! Saskia beteko diagu, e? I MUTIKOA: Bai, motell: ik bildu eta ni, iñor datorren begira egon... II MUTIKOA: Eta an goian ageri dan baserri ura zein da? I MUTIKOA: Ura? Goienetxe. An barrena igaro bear diagu. An ere ba'ditek zakur galanta. Lengo urtean Pilartxo ta biok etorri giñuen... Eta asten da zakurra sangaka, eta Pilartxo negarrez... II MUTIKOA: (Ikaratua) Ara!... Ikusten al-duk? I MUTIKOA: Zeiñ? (Ikaratua) Artxintxar duk eta... Guazemak izkutatzera. (Biak saskia iruditegian utzi ta zuaitz tartean izkutatu bitez). AMARGARREN AGERRALDIA Aztia bakarrik: gero I II mutikoak. AZTIA: Jerontxio Artxintxar azti pamatue mundu guztiin dago oso sonatue... Fiu-fi, fiu-fe... gelditu ere gabe, dabil jai ta aste errie goiti bera dana nastu arte: senar ta emazte, mutillzar ta gazte, maite eriak tarte, mutxurdiñak naste... Fiu-fi, fiu-fe... danak konsolatzen, biotzak ukitzen, legenak garbitzen, karetxak ziñatzen, tropesi-billatzen, sorgiñak uxatzen; boltxikotxo au txanponez ondo bete arte! Amen. Jerontxio Artxintxar... Azti pamatue, mundu guztiin dago oso sonatue. (Atea joaz) Nor da omen? Ardiiri gaitzak sendatzen etorri naiz. Beorrai karetxak ere ziñatzen dizkiet eta gaizkiñak kendu ere bai, ta sorgiñak uxatu, gañea, ta tronpesik billatu, eroak zurtu, antzuuk ernaldu, zarrak gaztetu... Eup! Ramus! MUTIKOAK: (Beren ezkututik irten-da saskia artu ta bijoaz igesi). AZTIA: (Itzuliaz) Ez da etxen izango. (Gaztetxoak igeska ikusi ta) Eh! Atozte, atozte. (Eldu bezaio mutiko bateri. Bestea saskia utzi ta bijoa igesi. Geldi bedi saskia bigarren mutikoaren eskuetan). II MUTIKOA: (Karraxika) Ai, ai, ai!.... AZTIA: Ez dizut ezer egingo, gizona, ez dizut ezer egingo. (Samurki) Nora zoaztea? II MUTIKOA: Mendira... (Erdi negarrez) AZTIA: Mendia? Zertaa? II MUTIKOA: Iratzebailleai gosaria eramatera... AZTIA: Gosaria (Berekiko) Goseak amorrao bearrean natxeoan-da auxe loterie! (Mutikoari) Ea, atoz ona. (Berama exeri-lekura) Nekauko zea ta ekatzu ona saski ori. (Saskia aurrean daukala exeri bedi) Gure Jaengoikok ba-dik orratio aztin errukie... (Saskiari zapia ken bezaio) Amorratue! (Barruan dagon guziari eskuan artu ta usai egiñaz) Padela onetan bakallaoa tomaterekin jarrie; talo bero-berok; sagar erreek; gaztaie. Onen gaztai goxoa! Ta ardo? Nun dek ardoa, mutiko? II MUTIKOA: Iratzeballeak eraman dute... AZTIA: Ai! Arraiea... (Sagar bateri kozkaka asten da) II MUTIKOA: (Negarrez ta karraxika) Ai, ai, ai... Matxiiiin! AZTIA: Ia ixilik ume! Jum....! Atteri esango zeoat geo... (Laixterka jaten biardu) Inkik ateratzen ba-dek, mantekak kenduko dizkiat. (Talo erdi bateri ozka agin ta gazta eskuan artuaz) Orain gaztaie. Onen usai gozoa! Pusketa bat geroako gorde bear diat. Aldanen gero aste beten gaztairik ez diat ikusiko ta... Tomate-xaltxea. (Talo puska bat bertan bustita janaz) Au gosarie! Egundo orlakorik. AMAIKAGARREN AGERRALDIA Lengoak, Ramus ta I mutikoa. (I Mutikoa ta Ramus. I MUTIKOA: Ara nun dagon. II MUTIKOA: (Etorritakoak ikustean, bijoa aiekana) Ramus, lagundu zaiguzu. AZTIA: Ara! emen degu nagusie. (Ramus'i) Ate-joka aritu nauzu etxean Ramus ta itxoten nengoan. Ardik nola dauzketzu? Begik ere pixarren bat argitu zatzu, noski..? RAMUS: Ez nago berriketarako, (Legor) Aurrak mendian ikaratzea ez da gauza zalla, bañan ez egokia ere. AZTIA: Berak ikaratu die, Ramus. II MUTIKOA: Gosaria ere jan digu, gañera. RAMUS: Besteren bizkarretik jateko, bai azkarra zu...! Zoaz emendik, alper aundi ori! AZTIA: Bañan neretzat lanik ez al-daukazu, Ramus? Ez-bearren bat izango dezu, ba, etxeen... Ardi antzuren bat edo... ernal-eziñen bat eo... moxal errenen bat eo... Tropesiik ez daukazu? RAMUS: Likitx, gezur-jario... alde egizu emendik edo bestela... (Makilla dantzatuaz) AZTIA: Gizona, etzaitela asarrau, beintzat. Juango naiz. Baña begientzako sendakai bizkor azkoa ba'nekarren, ba, nik onako... (poltsa erakutsiaz). RAMUS: (Xixtu egiñaz) Ea, txuri, ator ona... (Txakurrari dei egin bezaio). AZTIA: (Azkar asko jaiki-ta) Ba'noa, ba'noa. Bañan oraindik nere bearrean arkitu bear dezu eta ordun ordainduko diazu dana. Agur, Ramus. (Bijoa) RAMUS: Alper, Lotsagabea... (Mutikoai) Nungoak zerate? I MUTIKOA: Txipi'koak. RAMUS: Asko jan al-dizute gosaria? II MUTIKOA: Ez; danean zalabardan ibilli da. Bañan ez du asko jan. RAMUS: (Xixtera jasotzen lagunduaz) Zoazte, zoazte lenbaitlen, gaxoak. Berandu-etsiko dute bestela iratz-eballeak. Toritzute intxaur batzuek. Eta joan iñun gelditu gabe. txiñtxo-txintxo. I MUTIKOA: Alaxe joango gera, Ramus. II MUTIKOA: Eskerrik asko ta agur. (Bijoaz). RAMUS: Agur, agur. Ez da zeri. AMABIGARREN AGERRALDIA Ramus bakarrik. (Jo beza pianoak RAMUS: Eun dukat eder dauzkat pikope batean. bost kosta-ta egiñak Jaunaren izenean, bizi al izateko zartzen naizenean... Zenbat lan egin dedan nik nere bizian eun dukat ok onela biltzeko; zenbat lan! Ederrik igaro det borda xar onetan ekaitz, gau illun, luze ta negu latzetan! Tximitx-argi zorrotza leio zaballean... trumoi-orru latz beltza telletu-gañean... elurteak-elurte borda-inguruan, ots-zaunka luzea ate-zirrituan... Nere ardi gaxoak emen bait-nituan Ardiak, bai, gaxoak!... zein maite ditudan... Negar, negar ere nik egin det noizean bein baño geiagotan, bildotxak saltzean... Amaren errapetik umeak artean gaxoak zupa-zupa esnea edatean, zenbat aldiz lotu-ta artu bizkarrean ta eraman ditudan beeka... zartzean bizi al izateko... mendian, pakean... Bañan azkenean, Jainkoari eskerrak ontan naizenean! Eun dukatak or daude pikope gordean... Ortxe laztandu nitun maitez bart gabean... Oraindik ez ditut gaur laztandu goizean. arrotzik geixko bait-zan gaur mendi bidean... Orain ez dago iñortxo... txolarte onetan (Pikora eltzean) nuan... Iñork ez daki nun zaitzen ditudan... Ementxe... (Gero oinkadak zenbatuaz) ...bat...bi, iru, lau... lau oñen buruan, ementxe... (Makurtu bedi) ...emen da poltsa... (Poltsa eskuetan estutuz) bañan... (Negarrez) utsa!... utsa...! utsa!!!.... (Eror bedi zerraldo lurrera). ZAPIA |