|     46 zenbakia, 1935eko urria [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


MUXIKA'tar TENE'ren

 

GABON

 

(Umientzako antzerkitxoa)

 

 

ANTZEZ-LAGUNAK:

                MALENTXO: Zazpi urte.

        Zortzitik amar urtetako mutil-koskorrak:

                IMANOL

                IÑAKI

                KOLDO

                JONTXO

                IXIDOR

                ANDONI

 

 

ATAL BAKARRA

 

        Langille etxeko sukalde txukuna; ezker-eskuitan ate bana ditula. Goitik sutondoa antziñako erara, kebide-barren zabalaz. Sutan dauden lapiko, erratillu, pertz eta abar, apari aundiaren gerkuna adierazten dute. Sutondoaren eskuitik leioa. Bertan bixigu bat zakatzetik zintzilik. Ostian, arasa, mai, alki ta ontzi, egokien diran eraz jarriak. Arratsalde berandua.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Malentxo, bakarrik.

 

MALENTXO: (Mai-ondoan exerita, kopin bat altzoan duala beroni izketan). A nere polita!... nere polita...!... Ez dezu nanan egin nai?... Poparik nai ez gaizto txiki orrek?... Nexka aundi egiteko, jan egin bear da! Apapara eramango zaitut! (zutitzen da) Amatxokin apapara e?... Nai?... Bai, nai. Apapara orain! (kopiña besoan duela bi edo iru bira ematen ditu) (geldituta) Taka-taka nai?... Bai!... Atoz taka-taka... (eskutxotik eldu, ta nolabait lurrean erabiltzen du) Ez dakizu ibiltzen?... ez dakizu?... Amatxok irakatziko urrengo baten! (ixil-une kopiña besoan duala beroni begira) (beretzat) Denda berriko Mirentzo'ren kopiñak oñez daki. Nereak ez... Eskutxoa eman, eta pauso ematen-du... (kopiñari astindu bat emanez) Onek ez!...

        Arrek, begiak itxi ta iriki, onek ezertxo ez!... Osaba amerikanuek ekarri omen dio Mirentxu'ri ta orrengatik ain ederra... Neri aitatxok erosi dit osaba amerikanorik ez detalako, baña baleike urrengo baten izatea, ba Mirentxu'k ere len ez zuan eta etorri egin zaio... (poztuta) Arrek ekarriko didan kopiñak, oñez, begiak itxi ta irikitzen, eta negar egiten ere... Negar?... Ez! Aitatxok ez du negartirik nai!... Nik negar eginda ere, aserretuta jartzen da. Kopin negartia ekartzen ba'didate, birritan... Ez, ez! Ez dezala negarrik egin. Parre, bai: parre... (ixil-unea kopiñari begira).

        A! Nere au ere guztiz polita da. Amatxok esaten didanez, kopiñetan politena... Mirentxu'renak, begi arreak omen ditu, ta nereak beltx-beltxak. Beltxak, arreak baño politagoak izaten omen dira. Orrengatik nere au Mirentxu'rena baño politagoko kopiña... (ixil-unea kopiñari begira) Amatxok esaten du... orrela izango da... Bai... bai... polita... polita... da... (Ezkerraldetik barruan norbaitzuen zarata entzuten da. Mutil-koskor abots batek: Ez, ez! Gure etxean gordeko degu. Besteak: Bai, bai!).

MALENTXO: (Zaratadak entzunda) Oi!... (joaten da ezkerreko atera kopiña besoan daramala) (atetik) Imanoltxo-ta beren «jaiotzaz!» (mutiltxoen zarata ber-bertantxe).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Malentxo, Imanol, Koldo, Iñaki, ta Jontxo.

 

MALENTXO: (Poz pozik) Zer? Jaiotza ere badakarzute?...

IMANOL: Bai! gurean gordetzera!

KOLDO: Betiko ez baña...!

IÑAKI: Eeez...!

JONTXO: Ez da zuena-ta...

IMANOL: Badakigu. Bañan beronen gauzak banandu ta bakoitzari berea eman arte.

MALENTXO: Txaola beintzat, gurea da; gure aitatxok egiña...

JONTXO: Josu Aurtxoa baña, botikako neska zarrarena...

MALENTXO: (Bereala) Ez da orrela esaten lotsagabea! Nere amak esaten du, ura dala... (oldoztu ondoren) «Señorita Mari-Pili» (irakasle) Entzun?... (indarrez) se-ño-ri-ta-Ma-ri-Pi-li!... Urrengoako ikasi.

KOLDO: Astotxoa nerea da...

MALENTXO: («Jaiotza» batuta begiratu ondoren) A zer...! Belarri bakarra du.

KOLDO: Nere arrebatxoak ausi diolako.

MALENTXO: Ta zer?... Bakarra beintzat!

IMANOL: (Malentxo'ri) Zaude ixilik berritsua!... Zuk ez dezu mutillen gauzetan sartu bear!

MALENTXO: (Muturtuta) Amari!

IMANOL: Zer?

MALENTXO: Berritsua deitu nazula!

IMANOL: A! Berak ere orrela deitzen zaitu. (Malentxo aserre antzez eskui aldera baztartzen da).

IÑAKI: San Jose, Andra Mari, idia, ta... gure izebarenak...

MALENTXO: (Mutillen'gana urbilduaz) (aro) Izarra, aska, lastoa, goroldia, ta... gureak. Gure aitatxok jarriak. Entzun? Zure astotxo belarri bakarrak baño geiago balio dute, Koldo.

KOLDO: Ez baña Iñaki'ren izebaren Andra Mari, San José ta idiak baño geiago!

MALENTXO: Ta zer? Gure aitatxok «jaiotza» guzia orrela apain jarri du, ta orrek geien balio du.

JONTXO: Parolak baña, erretore jaunak ipiñi dizkigu. Bereak parolak, berea argia, berea dana.

MALENTXO: Baña gure aitatxok «jaiotza» antolotu ez ba'leu, parol bearrik ez!

IMANOL: Zaude ixilik Malentxo! Berritsua! Ez besteren berritsua!

MALENTXO: Amari, Imanol, amari! Berriz ere berritsua deitu nazu...! (joaten da bazterrera berriro).

IMANOL: Zu gabe, oraindaño pake-pakean ibilli gera... Besterik da, mutillak bakarrik gabiltzanean...!

MALENTXO: (erdi-negarrez) Amari, bai, amari!

IMANOL: (eskui aldera erakutsiaz) Gela ortan gordeko degu orain, eta gure aita etortzean, berak banatuko du ta bakoitzak bereak artuko ditu, nai?

BESTEAK: Bai!

IMANOL: Guazen.

KOLDO: (Berak eltzen duan makilla Jontxo'ri utziaz) Jontxo ta zu naikoa zerate orain au eramateko.

IÑAKI: (Berea Imanol'i utziaz baita) Bai, guk emen geldituko gera. (Imanol eta Jontxo eskuitik joaten dira «jaiotza» eramanaz.)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Malentxo, Iñaki ta Koldo.

 

IÑAKI: (Zerbait larri) Eta... nun degu gabon-sari zorroa?

KOLDO: Izan ere...! (bat-baten) A! Ixidor'ek zuan.

IÑAKI: Bai baña, guri eman digu...

KOLDO: (Konturatuaz) Egia!... Eta Jontxo'k artu dio...

IÑAKI: (Konturatuaz baita) Uste det eskuan zekarrela onera etorri geranean. (Joaten da larri ezkerretik).

KOLDO: Or utzi ote du? (Joaten da baita Iñaki'ren ondoren baña atean gelditzen da) Iñaki, arkitu al dezu?

IÑAKI: (Zorro zuri bat eskuan dakarrela) (biziro lasaitua) Emen gure zorroa! Bildurtu naiz galdu ote gendun!

KOLDO: (Arnas-luze artuaz) Bai ni ere!... Nun zegon?

IÑAKI: Or malladi buruan...

MALENTXO: (aserreaz aiztuta, ikusmiñez urbilduaz) Zer dakarzute zorro ortan?

KOLDO: Gabon-sari ederrak ugari.

MALENTXO: Ea ikusi...! (zorroari eltzen dio zabaldu naiez).

IÑAKI: Utxi oni. Ez degu zabaldu bear Imanol eta Jontxo etorri artean.

KOLDO: (Oroituaz) Eta nun gelditu zaizkigu Ixidor eta Andoni?

IÑAKI: Gu onara gatozela Goiko-kaletik igaro dan taldeak zen bat bildu duan ikustera, bereala emen dirala-ta.

KOLDO: A izateko ardura bestek bildu duana gatik!

IÑAKI: Andoni'ren kontuak. Arrek eraman du Ixidor. (Malentxo'ren Kopiñari begira) Au kopin polita, Malentxo!

MALENTXO: (Arro) Bai; aitatxok ekarria!

KOLDO: (Kopiña ikukatzen baita) Ez da baña begiak itxi ta irikitzen dituztenetakoa!

MALENTXO: Ta zer? Osaba amerikanorik etortzen ba'zait, arrek ekarriko dit orretariko eder bat... (ixil-unea kopiña ikuskatzen).

IÑAKI: Zure kopiñak Malentxo, Pello'eneko Kontxita'ren antza du.

MALENTXO: Nor da Pello'eneko Kontxita?

KOLDO: Ez al dakizu estanku aurrean bizi dan jostuna?

MALENTXO: A, bai! Aretxek josi dit neri soñeko berria...!

IÑAKI: Ba kopin onek begietan bere antz aundia du. Esaten dute, Kontxita'k begiak pintatu egiten ditula.

KOLDO: Margoztu esaten dek, euskera garbiz.

IÑAKI: Bai, bai: margoztu...

MALENTXO: (Larri) Zer esan dezu, nere kopiñak begiak pintatu egiten ditula?

IÑAKI: Ez...! Pello'eneko Kontxita'k...

MALENTXO: A!... Beintzat, nere kopiñak ez du begirik pintatzen. Bere-bereak ditu onelakoak.

KOLDO: Bereak, baña pintatuak.

MALENTXO: Ez, eeez! Bereak...!

KOLDO: Jakiña. Baña pintatu dizkiotelako ditu. Ez al dakizu ba au kopiña dala? (Malentxo kopiñari begira gelditzen, adi-adi ta oldozkor).

IÑAKI: Orrengatik du onek Kontxita'ren antza.

KOLDO: Bai. Esaten dute baita, Kontxita'k, begiak orrela jartzen ditun ezkero merkeroko kopin antza artu duala.

MALENTXO: Nere kopiña ez da merkerokoa. Garestia da... Aitatxok ekarria...

IÑAKI: Baña Kontxita'ren antz aundia du!

KOLDO: Eta Kontxita'k kopiñarena!

MALENTXO: Eeez...! eeez...! Nere kopiñak begiak bereak ditu!

IÑAKI: Pintatuak baña, Kontxita'k bezela...

KOLDO: Margoztuak esaten dala; margoztuak.

MALENTXO: Eeez...! eeez...! eeez...! (eskuitik sartzen dira Imanol eta Jontxo)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Imanol, eta Jontxo.

 

IMANOL: E...! Orain, zorroa ustu bear degu!

JONTXO: Eta bildu ditugun Gabon-sariak bakoitzari dagokigun moltzokatan banandu.

IÑAKI: Andoni ta Ixidor emen ez daudela?

JONTXO: Egia!... Aiek nunbaiten kalean gelditu dira...

IÑAKI: Goiko-kaletik zijoan taldeak zenbat bildu duan ikustera joan dira.

IMANOL: Joan billa. Datozela.

KOLDO: Etorriko dira nai baldin ba'dute; bestela, dabiltzala.

JONTXO: Ori!

IÑAKI: Dabiltzala!

IMANOL: Orduan... geok egingo degu banaketa.

BESTEAK: Bai! bai! (zorroa, mai-gañean ipiñita zabaltzen dute).

MALENTXO: (Ikustera urbilduta) Au gauzaz!

IMANOL: Lenengo, madariak aterako ditugu. (ateratzen asten da).

JONTXO: Urrengo, sagarrak.

IMANOL: Madari gutxi daukagu.

KOLDO: Sagar eta laranjak asko. (guziak zorro-arakatzalle).

IÑAKI: Baita intxaur eta gaztaña ugari ere!

JONTXO: Eta piku-mallatuak...! (pozez saltoka) Au gauza gozoz!

IMANOL: Egon! Nik aterako ditu guziak! Ez nastu.

IÑAKI: Bai; ta moltxokatan ipiñi.

IMANOL: (Zenbatuaz) Ara: Bat, bi, iru, lau, bost, sei, zazpi,.. Zazpi madari...

KOLDO: Zenbat lagun gera banaketarako?

IÑAKI: Sei.

JONTXO: Bat. Bat gelditzen zaigu...

MALENTXO: (Bereala) Ori neretzat!

IMANOL: Zu ez zera gure taldekoa.

MALENTXO: Baña zure arrebatxoa naiz.

IMANOL: Ta zer?

KOLDO: Guk ere baditugu arrebatxoak.

JONTXO: Zotz egingo degu.

IÑAKI / JONTXO: Bai, zotz!...

IMANOL: Azkenean. Eta zotz egin bear diran gauz guziaz beste moltzoka bat orain...

JONTXO / KOLDO: Bai, bai!

IÑAKI: Ederki!

IMANOL: (Madari bat eskuan duala) Zotz egiteko moltzokarako, gauzarik exkazenak, E?... Madari au ta...

IÑAKI: Ez dek ederra!...

JONTXO: Petra-Ximur'ek emana da...; ximurra ta erdi ustela berau.

KOLDO: Ematerakoan ondo begitu du ba otarran, ederrena aukeratzen bezela.

IMANOL: Ustelena aukeratu dik ba...

KOLDO: Dollor alena!

IMANOL: Dollor ez diran ugari ere izan ditugu emantzalle! Au gauzaz.

IÑAKI: Bai. Abek sagar gorri ederrak! Eta zenbat!...

MALENTXO: (Bat-baten zorrotik sagar bat artuaz) Au neretzat!

IMANOL: (Malentxo'ri sagarra kenduaz) Ez!

MALENTXO: Amari!... Ez didazula sagar bat eman nai!

IÑAKI: Banaketa egin da gero, neretik emango dizut.

MALENTXO: (Erdi-negarrez) Nik orain mai det!

IÑAKI: Ez!

MALENTXO: Amari! (lengo zokora baztertua)

IMANOL: Sagar asko degu. (ateratzen ditu sagarrak).

JONTXO: Biña bai...

IÑAKI: Baita iruna ere.

IMANOL: Bai. (zenbatuaz) Bi, lau, sei... amar... emezortzi... ogei!... Sei iruko emezortzi... iruna ta bi geiago!

KOLDO: Bi oek, zotz-egiteko moltzokara...

MALENTXO: (Beretzat) Ez didazute sagarrik eman nai... ni gelara joango, bakar bakarrik «jaiotza» nai bezela ikustera! (joaten da eskuitik).

IMANOL: Orain laranjak...

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Imanol, Jontxo, Koldo,
Iñaki, bereala Andoni.

 

IMANOL: Orain laranjak... (Andoni'k barrutik oju egiten du, larri: Imanol!).

JONTXO: Oi! Imanol abotsa! (guztiak adi).

IÑAKI: Bai!... Bera da. (Andoni'k larriago: Imanol!... Imanol!) (joaten dira ezkerrera atetik begira geldituaz).

IMANOL: (Atetik kanpora ojuka) Zer? Imanol? igo!... (malladia igotzeko zalaparta entzuten da).

ANDONI: (Zalapartan sartuaz) Imanol! Imanol!... Ai!... Ai!... Ai!...

JONTXO: Zer? zer?

IÑAKI: (Bildurrez) Zer gertatzen zaik?

IMANOL: Zer da?

KOLDO: (Estu baita) Zer dakar onek?

ANDONI: (Batera ta bestera larri dabillela) Emen dator! Emen dator!,..

KOLDO: Nor?

IÑAKI: Emen datorrela?... (Guziak larrituta agertzen dira).

JONTXO: Nor dator?

IMANOL: (Laisterka gauzak zorroan sartuaz) Badatorrela?

ANDONI: Bai! bai!... Erri-zaiña! erri-zaiña! Amabia! (Abiatzen da eskuitik joan nairik).

IMANOL: (Bereala geldi-araziaz) Erri-zaiña zertara?

ANDONI: Nere ondoren!

IÑAKI: Ire ondoren? zerbait egin al dek?...

JONTXO: Zeeeer?...

ANDONI: Nik ez! Ixidor'ek!

IMANOL: Ixidor'ek...!

KOLDO: Zer egin du ba?

ANDONI: (Imanol'gandik askatzen dala) Ezkutatu nai det!... ezkutatu! Ai! Erri-zaiña!

IÑAKI: Ixidor ba'da zerbait egin duana zeren bildur aiz?

JONTXO: Ori!...

ANDONI: Bai baña...!

IMANOL: Esan zer gerta zaizuten!

ANDONI: Eta erri-zaiña etortzen ba'da?

IÑAKI: Bai al daki ba onara etorri aizela?

ANDONI: E...e...ez!

KOLDO: Eta Ixidor ba'da...

IÑAKI: Ori! Iri ez dik ezer egingo.

IMANOL: Gañera onara etortzen ikusi ez ba'du... Esan zer dan.

ANDONI: (bildur aundiz) Juan gera Goiko-kaletik zijoan taldeak zenbat bildu duan ikustera, ta, nik... zi... ziga... zigarroa... neukan... eta... piztu... egin det... (adi-adi ezkeraldera begira) Ez al dator iñor?...

JONTXO: Aizeak egiten duan zarata da.

IÑAKI: (Ezkerreko atera juan, eta begiratuaz) Emen ez da iñor!

IMANOL: Zigarro erretzen erri-zaiak arrapatu!

ANDONI: Ez!... Baña... Polka'eneko kantoian Mikela Egiko'ren astoa zegon lotuta... ta nik Ixidor'i esan diot... ba... esan diot... nere zigarro piztuaz astoari muturrean ikutzeko...

JONTXO: Eeee... ne!

KOLDO: Ta zer egin du Ixidor'ek?

IÑAKI: Oooo...o!

IMANOL: Esan...!

ANDONI: Artu du nere zigarroa... ta... juanda...

KOLDO: (adi-adi) Eta astoari muturrean ikutu?

ANDONI: (erdi negarrez) Bai...!

JONTXO: Eeeee...ne!

IMANOL: Eta...?

ANDONI: Astoa saltoka asi da...

IÑAKI: Jakiña!

ANDONI: Atzeko ankak astintzen...

KOLDO: Min artuko zuan da!

ANDONI: Eta asta-otarretan zeuzkan gauzak bota egin ditu...

IMANOL: Ara...!

ANDONI: (negarrez) Arraultzak auzi...

JONTXO: Eeee...ne!

KOLDO: Beltza egin dezute!

ANDONI: Baburrunak lurrera bota... lokatzetara...

IÑAKI: Josu!

ANDONI: Azak eta porruak ere bai...

IMANOL: Bañe nola egin du ori Ixidor'ek?

ANDONI: Nik esan diotelako!

JONTXO: Nun da orain bera?

ANDONI: Erri-zaiñak arrapatuko zuan...

IÑAKI: Guzia ire esan gaiztoa egin dualako.

KOLDO: Arrapatu, ta jo, edo...

ANDONI: Jo ez; kartzelara eraman.

JONTXO: Kartzelara?...

IMANOL: Gizajoa!

ANDONI: Eta ni arrapatzen ba'nau?

IÑAKI: Kartzelara baita, gaiztakeri ura egiteko agindu diokalako.

ANDONI: (Negarrez) Ai!, amaaaa!... Ai, ai, ai!... Amatxoooo!...

IMANOL: Gabon gaba kartzelan igaro igaro bear ote du Ixidor'ek? (Errukiz) Gizajoa! zertako egin ote du Andoni gaizto onen esana! Gurekin onara zuzen etorri ba'ziñaten...!

IÑAKI: Esaten dik iri irakasleak, orrelakoa izaten jarraitzen ba'dek, erri guziak ezetsiko abela.

KOLDO: Beronen buruari naigabeak ekarriko dizkala...

IMANOL: Orain bezela. Gabona bildurrez igaro bear... Juari etxera.

ANDONI: (Negarrez) Nundik joango naiz etxera bidean erri-zaiñak arrapatuko nau-ta?

IÑAKI: (Erratza eskura emanaz) (parrez) Jarri ari onen gañean, eta... (Ke zuloa erakutziaz) Ortik gora aidean Sorgiñak bezela.

BESTEAK: Ja, ja, ja!

ANDONI: Ai, ai, ai! Amatxooo! (Norbaitek barrutik ojuka: «Katalin!») Ai ene! Nere billa datoz! (Ezkutatzen laisterka eskuitik).

IMANOL: (Ezkerreko atera juan da) Nor da?

ABOTZA: Esan amari ea perexil pixka bat daukan.

IMANOL: Ez dago ama etxean, baña ikusiko det ba-daukan. (begitzen du arasa gañean, eta ostera atera juaten da) Ez dauka? (barruratuaz) Aldeko Joxepa Antoni zan.

KOLDO: Eta Andoni, erri-zaiña zalakoan ezkutatuta!

GUZIAK: A ja ja ja!

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Imanol, Jontxo, Iñaki, Koldo, ta Malentxo.

 

MALENTXO: (Eskuitik sartuaz) Andoni negarrez dago gelan. Zer du? ez dit esan nai.

IÑAKI: Erri-zaiñaren bildurra.

MALENTXO: Aaaa...! Mutila dalako. Nexkak ez gera erri-zaiñaren bildur izaten. Guri ez digu ezer egiten.

KOLDO: Ezta saguak ere ez dizute ezer egiten, baña nexka guziak saguaz bildur izaten zerate.

IMANOL: Txoroak dituk-eta.

MALENTXO: Amari txoroa deitu nazula!

JONTXO: Beti amari ta amari. Non da ba zuen ama?

MALENTXO: Ai gozoa egiteko gozoki billa joan da.

IMANOL: Guk gaur apari aundia degu...

IÑAKI: Bai guk ere.

KOLDO: Eta guk...

JONTXO: Guk baño obea iñork ez beintzat...

MALENTXO: Guk! ditugu: olio-aza, bixigua, sagar-xaltxa, aia, eta...

IMANOL: Kapia, txonta!

IÑAKI: Guk ere orrelakoxe aparia degu.

KOLDO: Eta guk intxaur-xaltxa.

JONTXO: Guk turroia ere bai...

MALENTXO: Turroia ere bai?

IMANOL: Baita guk ere, txonta.

IÑAKI: Guri dendariak ematen digu.

KOLDO: Baita guri ere.

JONTXO: (Bat-baten) Eta noiz joan bear degu abesti-saioa egitera Txomin'engana?

IMANOL: Zertara? ez dakik ba gaur abestu ditugula ikasitakok gure «jaiotzaz» ibilli geranean?

JONTXO: Bai baña bestea. «Txakur gorri».

KOLDO: Ori bidez irakatzi digu, eta ikasia daukagu.

JONTXO: Ikasia bai zera!

IMANOL: Ondo ikasia!

MALENTXO: «Txakur gorri»? polita alda?

KOLDO: Guztiz polita.

MALENTXO: Ea abestu nik entzuteko...!

KOLDO: Abestuko al degu, lagunak?

IMANOL: Bai, nene arrebatxuak entzun dezan!

BESTEAK: Bai, bai!

MALENTXO: (Txaloka) Bai, bai! Nik ere ikasi egingo det zuen abestia! (Leu mutillak elkarren biran jarri ta «Txakur gorri» abesten dute)

MALENTXO: (Abestia amaitzean, txaloka) Bai polita!... Berriz, berriz, nik ikasteko!

JONTXO: Ez. Orain geron etxetara joan bear degu Gabon'a ospatzera...

IMANOL: Apari aundia egitera, ta...

KOLDO: ...Josu Aurraren jaiotza abesti ta dantzaz ospatzera...

IÑAKI: Belen'go artzaiak bezela...

MALENTXO: Eta Andoni'k or gelditu bear al du, gelan, negarrez?

KOLDO: Izan ere...! Nerekin eramango det. (joaten da eskuitik).

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Malentxo, Imanol, Jontxo ta Iñaki.

 

JONTXO: Ez du etorri naiko bildur da-ta.

IÑAKI: Izateko ere ba-da...

IMANOL: Erri-zaia billa ba'dabilkio...!

JONTXO: Baleki emen ezkutatuta dagola...!

IÑAKI: Emen litzake eramatera!

MALENTXO: Nor eramatera?

JONTXO: Andoni eramatera!

MALENTXO: Ene! ene!...

IMANOL: Eta Ixidor gizajoa?

IÑAKI: Gizajoa! Gabon gaba Espetxean!

JONTXO: Zertako egin ote du Andoni gaizto onen esan okerra.

MALENTXO: Espetxean Ixidor?

IMANOL: Bai.

MALENTXO: Orduan... Zorrokoen banaketan ari dagokion moltzoka neratzat izango al da?

IMANOL: Ago ixilik begi-luzea!... Dagoan bezela gordeko degu, ta Ixidor azkatzen dutenean, orduan banaketa egin. (besteai) Nai?

BESTEAK: Bai, bai! (ezkerreko atean Ixidor agertzen da, bertan geldituaz).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Ixidor.
Gero Koldo ta Andoni.

 

MALENTXO: (Bat-baten) Ara emen Ixidor!

IMANOL: (Arrituta baita) Ixidor!

JONTXO: (Bat-baten) Ene Ixidor!

IMANOL: (Arrituta baita) Nundik ator mutil?

IXIDOR: (Arrituta) Zer da?

IMANOL: Zer dan?...

IÑAKI: Ez al au erri-zaiñak arrapatu?

IXIDOR: (Arrituta) Ni?... Zergatik?

IMANOL: Mikela Egiko'ren astoari muturrean zigarro piztuaz ikutu diokalako.

IXIDOR: Nik? (eskuitik Andoni ta Koldo agertzen dira).

KOLDO: I-xi-dor...!

ANDONI: Eta... erri-zaiña...?

IMANOL: Andoni'k esan du, astoari muturra erre diokala, ta erri-zaiñak kartzelara eraman abela...

IXIDOR: Niiii...i!

ANDONI: Ez al diok ba nik emendako zigarro piztuaz astoari muturrian ikutu?

IXIDOR: Ez nik. Ik ori egitekotan eman diak, baña ni ez naiz orrelako biotz gogorra abereai min ematen jostatzeko... ta ire zigarro piztua lurrera jaurti ta oñaz zapaldu diat.

IMANOL: Zerk izutu du ba astoa?

IXIDOR: Andik igaro dan berebil batek.

GUZIAK: (Algara aundiz), A ja, ja, ja,...!

IMANOL: Ai Andoni! Andoni! ez dik estuasun txarra eman eure gaiztakeriak.

JONTXO: Ixidor ona dalako apalduko dek aurten Gabon gabean etxean!

IÑAKI: Emen zegon kartzelan apaldu bearko ote uan bildurrak-eta! A, ja, ja, ja!

IXIDOR: Orduan... abestu dezaiogun.

GUZIAK: (Taldean bildu ta abesten dute: «Ator, ator, mutil etxera»).

 

ZAPIA

 

aurrekoa | hurrengoa