FERRUCCIO SOLERI Ferruccio Soleri, 53 urteko Fiorenzako gaztea, munduko Arlekinoa dugu gaur egun. 20 urtetan 1.000 emanaldiz goiti agertuz, munduko herrialdetan zehar eraman izan du pertsonaia handios eta berezi hau. Baina ez bakarrik pertsonaia bat osatu, baizik eta bera bilakatu da «Commedia dell'Arte»'ren maisurik onenetakoa, halakoa bait da gai honi dion grina. Berarekin hizketa eginez aprobetxa dezagun gizon honen experientzia antzerki genero hau hobekiago ezagutu ahal izateko. ANTZERTI: Ferruccio Soleri munduan zehar Arlekinorekin egin duen lanaz ezaguna bada ere, antzertu izan ditu beste zenbait egileen lanak: Brecht, Shakespeare... Zer iruditzen zaizu Arlekino? FERRUCCIO SOLERI: «Arlekino» antzezten hasi nintzenean bestelakoak bezala zela iruditu zitzaidan, besteen antzekoa, baina gutxi gora behera obra honekin une bat neramala konturatu nintzen ez zela horrela. «Arlekino» berezia zen nolabait, izugarrizko pertsonaia bitxia, animaren pertsonaia izatera iristeko modukoa. Horretaz gain, Arlekinorekin egunero lan ezberdina egiteko aukera izan dut. ANTZERTI: Nor da hain zuzen Arlekino? FERRUCCIO SOLERI: Arlekino zerbitzari leihal bat da, sinesbera eta beti maitemindurik dabilena, iskanbila guztitan sartua dabil baina irtenbiderik bilatzen dakiena. Pertsonaia xelebrea da, xinplea, maltzurra. Ezjakintasun handikoa da Arlekino eta haur nagusi baten sinpleziaz jokatzen du. Pertsonai honen lehen datua 1601 agertzen zaigu historian baina esan genezake XVI mendean hasten direla «Commedia dell'Arte»ren emanaldiak. Arlekinoren pertsonaia festa giroko ardatza zen. Zuzenki egindako agerpenak ziren, publikoarekin irmoki lotuak. ANTZERTI: Historiarekin hasi zarenez, mintza gaitezen «Commedia dell'Arte»taz. FERRUCCIO SOLERI: XVI mendean bapateko Komedia izaten zen eta plaza publikoetan, antzerki aretotan edo jauregietako saloietan ematen ziren. Jaunak, eszenategitan komedianteek somatzen zutenaz atsegindurik, haiengana bidaltzen zituzten morroiak faranduleroak kontata zitzaten eta, hala, konpainia osoak joaten ziren aitonsemeen jauregietara euren komediak antzeztera. ANTZERTI: Zer-nolako eszenografiak erabiltzen ziren garai haietan? FERRUCCIO SOLERI: Sarritan erabili ohi ziren «PERIACTI»' izenekoak. Hauek prisma triangeluar jiragarriz osatuak zeuden, eta bertan antzezten ziren akzioa gertatzen zen 3 lekuak. Beste batzutan, atzekaldeko teloi bat besterik ez zen izaten. ANTZERTI: Zein da «Commedia dell'Arte»ren gaia? FERRUCCIO SOLERI: Gizarte kritika da, bertan aipatzen diren arazoak unibertsalak dira eta denboraz kanpokoak. Gizakiaz hitzegiten da, zoritxarreko maitaleetaz. Nire ustez honetan datza «Commedia dell'Arte»ren arrakasta, pertsonaiak argiak dira, zintiak, psikologia errazekoak, zeren istorioa berez ergelkeria dela esan daiteke., Bertan lortzen den giroa nolabait fantasia eta errealitatez nahasia dago. ANTZERTI: Aktore batentzat, zer suposatzen du «Commedia dell'Arte»n lanegiteak? FERRUCCIO SOLERI: Antzezteko estilo honek prestakuntza gogorra eskatzen du. Aktorea antzerkiaren alor guztiak ezagutu beharrean dago. «Commedia dell'Arte»ren hiru osagai garrantzitsu hauexek dituzu: kantua, musika eta dantza. ANTZERTI: «Commedia dell'Arte»n izugarrizko garantzia dauka maskarak, ez da hala? FERRUCCIO SOLERI: Halaxe da, bai. Aktoreak badaki bere aurpegiak ezin duela deus adierazi, mugiezina dela eta gestu bakoitza esku eta gorputzarekin seinalatu behar duela, ezin duela errealki egin. Aktoreak ezin du keinu arrunt batez maskara ukitu eszenan dagoenean, ez bait litzake humanoa izango. Maskararen lana oso ederra da, misteriotsua, rituala. ANTZERTI: Zeintzu dira «Commedia dell'Arte»ren barneko pertsonaiak? FERRUCCIO SOLERI: Bi eratakoak daude, maskaradunaketa maskaragabeak. Lehenengo taldean hauek aipa genitzake: PANTALON: Veneziar aberatsa eta zikoitza. Nahitanahiez eskontzera bultzatu nahi duen alaba dauka. BRIGELA: Bergamokoa. Oso pikaroa eta ondo maneiatzen da. Zaharretaz trufatzen da maitale gazteei laguntzeko. Bere barnean biltzen ditu munduan diren bizio guztiak. DOKTORE: Boloniakoa duzu. Etengabe diskursoak botaka ari da. Pantalonen guraskide izango da. Elkarrekin daudenean inoiz ez dio Pantaloni entzuten, berak bakarrik hitzegiten du. ARLEKINO: Moralitate kontzeptuak ez dira beretzat eginak. Bere asmoak oso apalak dira. Guztiz iaioa da bai fisikoki eta baita hitzez ere. Beste zenbait personaia maskaradun hauek dira: Pierrot, Politxinela (zikoitza, gaizki jokatzeko zale), El Capitano (Doktoreren aurkakoa), Scaramuccia (Zanni eta Capitanoren arteko nahasketa). Agerian doazen pertsonaien artean aipa ditzagun gazte maitaleak eta morroiak. |