I EKITALDIA I KOADROA SILBIO: (Klarisari, eskua luzatuz) Hona hemen nire eskua. Bertan doakizu bihotza ere! PANTALON: (Klarisari) Tira, ez lotsatu... zuk ere emaiozu eskua! Hitzemanak geratuko zarete eta laster izango da ezkontza. KLARISA: (Silbiori eskua emanez) Bai, Silbio maitea... Hona hemen nire eskuina. Zure emaztea izango naizen hitza ematen dizut. SILBIO: Eta nik zurea izango naizen hitza ematen dizut. DOKTOREA: Primeran... egina egina dago! Ez dago atzera jotzerik. ESMERALDINA: (Aparte) Ene, zoragarria da! Egia esan, neu ere irrikaz hiltzen nago...! PANTALON: (Brigela eta Serbitzariari). Zuek guztiok lekuko zarete nire alaba Klarisak eta Silbio jaunak, Lombardi doktorearen seme agurgarriak, elkarri eman dioten hitzaz. BRIGELA: (Pantaloni) Atsegin handiz, aitabitxi maitagarri hori! Eskertzen dizut ohore hau. PANTALON: Ikusten? Ni izan nintzen zure ezkontzan aitabitxi eta zu izango zara nire alabaren ezteietan lekuko. Ez diet adiskide eta senideei dei egin nahi izan, Doktore jauna ere nire ezpal berekoa baita, gauzak zalaparta eta bonbonkeriarik gabe gustatzen zaizkio. Elkarrekin bazkaldu, elkarrekin jostatu eta inork ez gaitu nekaraziko. (Klarisa eta Silbiori) Zer derizkiozue, umeok? Ados al zaudete? SILBIO: Nik neure maitearen ondoan egotea beste ametsik ez dut. ESMERALDINA: (Aparte) Jakina! Ez dago hori bezain jaki gozorik...! DOKTOREA: Nire semea ez da harroa. Bihotz oneko mutila da. Maite du zure alaba eta ez du besterik buruan. PANTALON: Zeruaren benetako nahia izan dela ezkontza hau uste izan beharra dago; izan ere, Torinon nire kidea den Federiko Rasponi hil ez balitz badakizu nire alaba hari hitzemanik zegoela... ezin zitekeen (Silbiori) zuretzat izan. SILBIO: Benetan zorioneko jotzen dut neure burua (Klarisaz, intentzioarekin). Baina ez dakit Klarisa anderea iritzi berekoa ote den... KLARISA: Ez zazu gaizki pentsatu, Silbio! Ongi dakizu maite zaitudala... neure aitari obeditzearren ezkonduko nintzen torinotar harekin, baina nire bihotza beti zurea izan da. DOKTOREA: Egia huts-hutsa da. Zeruak zerbait erabakitzen duenean, ustegabeko bideetatik beterazten du. (Pantaloni) Nola hil zen Federiko Rasponi? PANTALON: Gizajoa! Garbi esateko ez dakit... dirudienez... hil egin zuten... gau batez... arrebarengatik edo... Nik ez dakit ezer. Zastada bat eman eta zerraldo utzi zuten. BRIGELA: (Pantaloni) Torinon gertatu al zen? PANTALON: Torinon. BRIGELA: Gizaixoa! Izugarri sentitzen dut! PANTALON: (Brigelari) Ezagutzen al zenuen? BRIGELA: Bai horixe! Hiru urte egin nituen Torinon eta arreba ere ezagutzen nuen. Nortasun handiko neska, kementsua; gizonez jantzita eta zaldi gainean ibiltzen zen. Anaiak bihotzez maite zuen. Gertatu behar zuenik ere...! Bai... ezbeharrak gainean egon ohi dira... Baina ez dugu gauza tristerik aipatuko (Aldaketa) Gauza bat esan behar dizut, Brigela preziatua. Badakit sukaldaritza gogokoa duzula eta zeure gustoko jaki pare bat zuk prestatzea nahi nuke. BRIGELA: Atsegin handienarekin egingo dut! Ez dago ongi esatea, baina nire ostatutik mundu guztia pozik ateratzen da. Eta inon ez omen da jaten nire etxean bezain ongi. Ezpainak milikatuko dituzu. PANTALON: Oso ongi! Zerbait saldatsua ogia busti ahal izateko. (Hotsak) O! Ate-joka dira! Ea nor den, Esmeraldina. ESMERALDINA: Berehalaxe (Badoa) KLARISA: Zure baimenarekin, aita. PANTALON: Zaude piska bat. Denok joango gara nor den ikusita gero. ESMERALDINA: (Itzuliz) Jauna, kanpotar baten zerbitzaria da eta galdera bat egin nahi dizu. Niri ez dit ezertxo ere esan nahi. Nagusiarekin hitz egin nahi omen du. PANTALON: Sar dadila. Ea zer nahi duen. ESMERALDINA: Bai, jauna (Badoa) KLARISA: Alde egin nahi nuke, aita. PANTALON: Nora? KLARISA: Ez dakit, neure logelara. PANTALON: Ez, alaba, zaude (Doktoreari, isilka) Ezkongai hauek ez ditut oraindik bakarrean utzi nahi. DOKTOREA: (Pantaloni, isilka) Zuhur eta argiena da hori. TRUFALDINO: (Pantaloni; Klarisa seinalatuz) Nor da andere xarmangarri hau? PANTALON: Nire alaba. TRUFALDINO: Bejondeizula! ESMERALDINA: (Trufaldinori) Laster ezkontzera doana...! TRUFALDINO: A ze poza! (Esmeraldinari) Eta zu, nor zara zu? ESMERALDINA: (Klarisa seinalatuz) Berorren mirabea, jauna. TRUFALDINO: Hum! Pozten naiz. PANTALON: Tira, tira, utzi berriketak alde batera! Zer nabi duk nigandik? Nor haiz? Nork bidali hau? TRUFALDINO: Astiro, jauna; astiro. Hiru galdera batera gehiegi dira gizajo batentzat. PANTALON: (Doktoreari, isilka) Lelo samarra dela ematen du. DOKTOREA: (Pantaloni, isilka) Burlaka ari dela esango nuke nik. TRUFALDINO: (Esmeraldinari) Zu ere ezkongai al zaude? ESMERALDINA: (Hasperenka) Ai, ez, jauna! PANTALON: Esan nahi al diguk nor haizen, bestela alde hemendik. TRUFALDINO: Nor naizen jakiteko irrikitan zaudetenez gero, bi hitzetan esango dizuet: neure nagusiaren zerbitzaria naiz (Esmeraldinari begira) Eta orain, geurera itzuliz... PANTALON: Baina, nor duk hire nagusia? TRUFALDINO: Bisita bat egin nahi lizukeen kanpotar bat... (Berriz Esmeraldinari) Ezkontzaz hitzegigun. PANTALON: Eta nor duk kanpotar hori? Nola dik izena? TRUFALDINO: (Aparte) Aspergarri hori! (Pantaloni) Nire nagusia Federiko Rasponi, torinotarra da... agurrak bidali dizkizuna, honaino etorri dena, behean dagoena, mezularitzat bidali nauena, hona sartu nahi lukeena, erantzunaren zain daukadana. (Denak harridurazko keinuak eginez) Ase al zara? Besterik ezer jakin nahi al duzu? (Berriro Esmeraldinari) Goazen geurera. PANTALON: Hator hona nirekin hitz egitera! Zer arraio ari haiz esaten? TRUFALDINO: A, ni nor naizen jakin nahi duzu? Arlekino Batochio naiz, Bergamotarra. PANTALON: Bost axola niri nor haizen! Hire nagusia nor den berriz esatea nahi diat. Gaizki ulertu dudalakoan nago. TRUFALDINO: (Aparte) Agure mekoa! Gorraizea du, nonbait... (Pantaloni) Nire nagusia Federiko Rasponi jauna da, torinotarra. PANTALON: Ospa hemendik oraintxe bertan! Burutik zeharo eginda hago! Federiko Rasponi jauna, torinotarra, hilda zegok! TRUFALDINO: Hilda dagoela? PANTALON: Jakina ba hilda! Bere zoritxarrerako... TRUFALDINO: (Aparte) Arraioa! Nire nagusia, hilda? Baina, hortxe behean bizirik utzi dut eta! (Pantaloni) Egia al da hil dela? PANTALON: Behin eta berriz esan diat! DOKTOREA: Bai, egia duk; hilda zegok, ez zegok inolako zalantzarik. TRUFALDINO: (Aparte) Nagusi gizajoa! Ezbeharren bat gertatu zaio, nonbait (Pantaloni, aldentzeko asmoz) Zure baimenarekin... PANTALON: Besterik ez al duk nahi nigandik? TRUFALDINO: Hil denez gero... ez, ezerrez. (Aparte). Egia den ikustera joan nahi dut (kanpora) PANTALON: (Trufaldinori buruz) Zer derizkiozu honi guztioni? Axeria ala zozoa da? DOKTOREA: Ez dakit zer esan; bata eta bestea dela ematen du. BRIGELA: Niri lelo samarra iruditu zait. Bergamotarra da! ez dut uste adarra jotzen dabilenik. ESMERALDINA: Burutada onak ditu (Aparte) Ez zait bat ere eskasa iruditu beltxaran hori... PANTALON: Eta zer itxura du orduan Federiko Jaunaren kontu horrek? KLARISA: Hor behean dagoela egia baldin bada, albiste beltza niretzat! PANTALON: Hori zentzugabekeria! (Klarisa) Zerorrek ez al dituzu ikusi gutunak ala? PANTALON: Bizirik egon eta hona etorria balitz hala ere, berandu iritsia litzateke. TRUFALDINO: (Itzuliz) harriturik naukazue jaunok! Ez dago jende xehea honela tratatzerik! Ez dago kanpotarrei ziria honela sartzerik! Hau ez da aiton semeen portaera eta kontu zorrotzak eskatuko dizkizuet! PANTALON: (Solaskideei, isilka) Oraintxe egiztatuko duzue erabat burutik dagoela (Trufaldinori) Zer gertatu duk? Zer egin diagu? TRUFALDINO: Federiko Rasponi jauna hilda dagoela esan! PANTALON: Eta...? TRUFALDINO: Eta... hemen dagoela bera, bizi-bizirik, osasuntsu, alai eta galai, eta agur egin nahi dizula! Ulertu al duzu orain? PANTALON: Federiko jauna? TRUFALDINO: Federiko jauna! PANTALON: Rasponi? TRUFALDINO: Rasponi! PANTALON: Torinokoa? TRUFALDINO: Torinokoa! PANTALON: Motel, hoa zoroetxera! burutik hago-hi! TRUFALDINO: Mila deabru! Mandazainen pare birao eragin nahi didazue! Tximistak jo ta hilko ahal nau behean ez baldin badago! PANTALON: (Adiskideei) Jota bertan hautsiko diot muturra! DOKTOREA: Ez, Pantalon jauna, egizu beste zerbait: gure aurrera ekar dezala Federiko Rasponi omen den halako hori. PANTALON: (Trufaldinori) Tira, ekar'zak hildako berbiztu hori! TRUFALDINO: Lehendabizi hil eta gero berbiztea, litekeena da; ni ez nago horren aurka. Baina orain bizirik dago eta zuen begiez ikusiko duzue. Etortzeko esatera noa. (Pantaloni amorrazioz) Eta hemendik aurrera, ia ikasten duzuen kanpotarrak tratatzen, nire moduko gazte-jendea eta bergamotar ohoragarriak! (Esmeraldinari) Neskato, hitzegingo dugu (kanpora) KLARISA: (Silbiori, isilka) Silbio nirea, dardara bizian nago! SILBIO: (Klarisari, isilka) Zaude lasai, dena dela, nirea izango zara! DOKTOREA: Oraintxe jakingo dugu egia. PANTALON: Malmutzen bat ez badator behintzat istiluren bat sortzera. BRIGELA: Federiko jauna ezagutu nuela esan dizut eta bera bada, antz emango diot. ESMERALDINA: (Aparte) Hala ere beltxaran horrek ez dirudi gezurtia. Egia izango balitz... (Guztiei) Jaunon baimenarekin... (kanpora) BEATRIZ: (Trufaldino irten deneko atetik sartuz, gizon-jantziekin) Pantalon jauna, zure gutunetan miretsi izan dudan adeitasuna ez dator bat orain erakutsi didazun tratatzeko moduarekin. Neure zerbitzaria bidali dizut mezuarekin eta atean utzi nauzu, handik ordu erdira sarrera emanez! PANTALON: Neure desenkusak... baina, nor zaitut, jauna? BEATRIZ: Federiko Rasponi, Torinokoa... zure zerbitzari (Denek harridurazko keinuak). BRIGELA: (Aparte) Zer ari naiz ikusten? Zer da hau? Hau ez da Federiko, Beatriz anderea, haren arreba baizik. Ea zeren bila dabilen azpijoko honekin. PANTALON: Harritzen nauzu! ... Pozten naiz bizirik eta osasunez ikusteaz, berri txarrak hartuak bai ginen... (Doktoreari isilka) Jakizu oraindik ez dudala sinesten. BEATRIZ: Badakit: sesio batetan garbitu omen ninduten. Jainkoari eskerrak, zauritu besterik ez ninduten egin eta, osatu bezain laster, Veneziarako bideari heldu nion, aspaldi erabaki genuen bezala. PANTALON: Ez dakit zer esan! ... Hitzeko gizona dirudizu, baina baditut esku artean froga ziurrak eta zehatzak Federiko jaunaren heriotzaz; beraz... kontrakorik erakusten ez badidazu... BEATRIZ: Zure zalantzari bidezkoa derizkiot: neure burua zuritu beharrean nago. Hona hemen bion adiskide diren lau pertsonaren gutunak; hauetariko bat gure Bankuko Presidente jaunarena da. Sinadurak ezagutzean sinetsiko duzu (Pantaloni ematen dizkio lau gutunak; begiz irakurtzen ditu). KLARISA: (Silbiori, isilka) Ai, Silbio! Galduak gara! SILBIO: Bizia galduko dut, baina ez zu! (Klarisari isilka) BEATRIZ: (Brigelari oharturik; aparte) Galdua naiz! Brigela ere hor dago! Zer arraio egiten ote du hor? ... Ziur ezagutuko nauela; ez nuke agirian jartzerik nahi. (Brigela, ozenki) Ezagutzen zaitudala esango nuke, adiskidea... BRIGELA: Halaxe da, jauna. Ez al duzu gogoan? Brigela Cavichio, Torinoko hura. BEATRIZ: A bai... oraintxe gogoratu naiz! (Brigelagana hurbilduz) Zer zabiltza Venezia aldetik, jaun agurgarri hori? (Brigelari, isilka) Jainko maitearren, ez nazazu agirian jar! BRIGELA: (Beatrizi isilka) Zaude lasai (Berari, ozenki) Ostalaria naiz, zure zerbitzuko... BEATRIZ: Ene! Hori esan, zurekin topo egiteko zoria izan dudanez gero, zurean hartuko dut ostatua. BRIGELA: Ohore handia egingo didazu. (Aparte) Zer ote darabil honek esku artean? PANTALON: Argi dago: gutun hauek Rasponi jaunaz ari direnez gero eta aurkezlea ere bera denez gero, derrior sinetsi beharko... zeu zarela hemen aipatutakoa. BEATRIZ: Oraindik zalantzaren bat baldin baduzu, hona hemen Micer Brigela: ezagutzen nau eta berak ziurtatuko dizu nor naizen. BRIGELA: Ez, ez, ez, ... ez dago inolako arazorik, eta egin ere halaxe egiten dut, jauna. PANTALON: Horrela izanik, gutunek ez ezik gure Brigelak ere testigatzen duenez gero, onartzen dut, Federiko jaun adiskidea, eta neure desenkusak aurkezten dizkizut zalantzatan ibili naizelako. KLARISA: Aita... bera da orduan... Federiko Rasponi jauna? PANTALON: Bera da burutik oinetaraino! KLARISA: (Silbiori, isilka) Errukarria ni! Zer izango ote da gutaz? SILBIO: (Klarisari isilka) Berriz diotsut, zaude lasai: nirea zara eta defendatuko zaitut! PANTALON: (Doktoreari isilka) Zer derizkiozu, Doktorea? Garaia heldu dela uste al duzu? DOKTOREA: Accidit in puncto, quod non contigit in anno. BEATRIZ: (Klarisa seinalatuz) Nor da dama hau, Pantalon jauna? PANTALON: Klarisa, nire alaba. BEATRIZ: Nire emaztegaia? PANTALON: Berbera. (Aparte) Istilu ederrean sartu naiz! BEATRIZ: Indazu, anderea, zu agurtzeko ohorea. KLARISA: (Mugatuz) Zure zerbitzari leiala. BEATRIZ: (Pantaloni) Hotz baino hotzago hartu nau... PANTALON: Zer nahi duzu ba! Lotsatia da berez... BEATRIZ: (Pantaloni, Silbio seinalatuz) Eta jaun hori; zeure senitartekoren bat al duzu? PANTALON: (Zalantzakor) Bai, ez, bai, ez, bai... neure iloba. SILBIO: (Beatrizi) Ez, jauna, ez naiz iloba, Klarisaren senargaia baizik. DOKTOREA: (Silbiori isilka) Ongi egina! Aukerarik ez galdu! Agertu zeure arrazoiak, baina zalapartaka hasi gabe. BEATRIZ: Nola gero...? Zu Klarisa anderearen senargaia? Ez al zegoen niri hitzemana? PANTALON: Tira, tira... bapatean argituko dizut guztia! Zure ezbeharraren albistea egia zela eta hil zinelakoan, Silbio jaunari hitzeman diot neure alaba, eta horretan ez dut ezer okerrik ikusten. Baina oraindik garaiz gaude: zurea da nahi baduzu, eta hemen naukazu hitzari eusteko. (Silbiori). Ez dakit zer esan Silbio jauna... zeure begiez ikusi duzu zer gertatu den, entzun duzu zer esan dudan eta ez daukazu ezer aurpegiratzerik. SILBIO: Ez dut uste Federiko jaunak atseginez hartuko duenik emaztetzat inori bere burua eskaini dionik. BEATRIZ: Ez naiz horren gupera: berdin-berdin hartuko dut! (Aparte) Jostatzeko gogo piskat ere badut. DOKTOREA: Hauxe senar modernoa! Gustokoa dut. BEATRIZ: Klarisa andereak ez ahal dio musin egingo nire eskuari... SILBIO: Tira, jauna! Berandu iritsi zara!... Klarisa anderea nirea izango da eta ez uste izan utziko dizudanik. Pantalon jaunak iruzur egin badit, mendeku hartzeko gauza naiz, eta Klarisaren miratan dagoenak, ezpata honen aurka burrukatu beharko du! (Kanpora) DOKTOREA: (Aparte) Bapo, horrela hitz egiten da! DOKTOREA: (Beatrizi) Berandu samar iritsi zara, jauna. Klarisa anderea nire semearekin ezkonduko da. Legeak argi ta garbi dio: prior in tempore, potior in jure. (Kanpora) BEATRIZ: (Klarisa) Eta zuk, andere horrek, ezer ez al diozu? KLARISA: Nik zera... nahigabez betetzera etorri zarela! (Kanpora) PANTALON: (Atzetik segika hasiko balitz bezala) Zer diozu, apetatsu horrek? BEATRIZ: Zaude geldi, Pantalon jauna; desenkusatzen dut. Ez da komeni kontra egiterik. Denborarekin horren ederra irabaziko dudalakoan nago. (Aldaketa) Bitartean, geure kontuak aztertuko ditugu, zeren, dakizunez, Veneziara ekarri nauen arrazoietariko bat baita. PANTALON: Dena zuzen dago. Erakutsiko dizkizut liburuak: zure garbiketa prest dago eta nahi duzunean finkatuko dugu saldoa. BEATRIZ: Gero etorriko natzaizu ikustera, lasaiago (Aldaketa) Orain, baimena ematen badidazu, Brigelarekin joango naiz agindu dizkidaten arazotxo batzuk konpontzera. Ongi ezagutzen du hiria eta lagungarria izango zait nire zereginetan. PANTALON: Zeuk nahi duzun bezala, eta zerbait, zertxoren bat behar izanez gero, gogo duzuna agindu. BEATRIZ: Diru piska bat askuratuko bazenit, mesede egingo zenidake. Bideetan ez arriskatzearren ez dut ekarri aldean. PANTALON: Atsegin handiz! Une honetan kanpoan da diruzaina, baina iritsi bezain laster ostatura bidaliko dizut. Brigelarenean hartuko al duzu ostatua? BEATRIZ: Bai, noski. Neure zerbitzaria bidaliko dizut: fidagarritasun osokoa da. PANTALON: Zeuk diozunez egingo da... hemen ostatu hartu nahi baduzu aski duzu esatea. BEATRIZ: Eskertzen dizut. Hurrengoan izango da. PANTALON: Zeure esku naukazu. ESMERALDINA: (Sartu eta Pantaloni) Jauna, zure beharrean dira... PANTALON: Nor? ESMERALDINA: Hau... ez dakit... (Pantaloni, isilka) Gorabeherak ditugu... PANTALON: Berehalaxe noa (Beatrizi) Zure baimenarekin. Barkatu ez laguntzea (Brigelari) Brigela, etxekoa zara... zure eskutan uzten dut Federiko jauna. BEATRIZ: Ez arduratu nitaz. PANTALON: Barrutik dei egin didate. Gero arte. (Aparte) Ez al da sortuko iskanbilarik! (Kanpora) BRIGELA: Jakin al daiteke, Beatriz anderea...? BEATRIZ: Isilago, Jainkoarren, ez nazazu agerian jar. Nire anaia gaixoa Florindo Aretusiren edo haren soldatapekoren baten eskutan hil zen. Ez dakit dakizun Florindok maite ninduela eta anaiak ni berarekin zertzerik ez zuela nahi. Federiko hil zen eta Florindok, beldurrez, niri agur esateko ere astirik gabe ihes egin zuen. Jainkoak bakarrik daki zenbateraino nahigabetzen nauen nire anaia gaixoaren heriotzak eta zenbat negar egin dudan berarengatik, baina honez gero ez dago erremediorik eta Florindo galdu izana da nire ardura bakarra. Veneziara jo zuela jakin nuen eta neure anaiaren agiri eta jantziekin jarraitzea erabaki nuen. Florindo berriro aurkitzeko itxaropenak ekarri nau honaino. Pantalon jaunak, gutun haiei esker, eta batez ere zure testigantzarengatik, Federikotzat hartu nau. Kontuak garbitu, dirua hartu eta Florindori lagunduko diot, beharrean baldin badago. Hara zertara behartzen duen maitasunak! Lagun nazazu, Brigela; eskuzabalki sarituko zaitut. BRIGELA: Dena ongi dago, baina ez nuke nahi nigatik Pantalon jaunak eskura eta fede onean ordaindu eta gero ahoa bete hortzekin geratzerik. BEATRIZ: Ahoa bete hortzekin? Nire anaia hiltzean, ez al naiz ni oinordekoa? BRIGELA: Halaxe da; baina orduan, zergatik ez agirian jokatu? BEATRIZ: Hori eginez gero, ez daukat zereginik. Pantalonek nire tutore izan nahiko du eta denek gogaituko naute beren kontseiluekin: «ez dagoela ongi», «ez zaidala komeni» eta nik al dakit zer. Askatasuna nahi dut. Ez du luze joko, baina eraman egin behar; bitartean, gertatuko da zerbait. BRIGELA: Egia esan, andere, beti izan zara ausarta. Nire kontu. Fida zaitez nitaz. Lagunduko dizut. BEATRIZ: Milesker! Eta orain goazen ostatura. BRIGELA: Non da zure zerbitzaria? BEATRIZ: Kanpoan itxarongo zidala esan dit. BRIGELA: Non aurkitu duzu mamu hori? Hizketan ere ez daki eta. BEATRIZ: Bidaiarako hartu dut. Batzutan leloa dirudi, baina ez da, eta leialtasunari dagokionez, ez dut kexabiderik. BRIGELA: A! leialtasuna gauza handia da! (Beste tonu batekin) Horratx zertara behartzen gaituen maitasunak! BEATRIZ: Hau huskeria bat da! maitasunak okerragoetara ere eramaten gaitu (Kanpora) BRIGELA: (Isilka) Poliki hasi gara. Goazen! Oraindik batek ez bait daki zer gertatuko den. II KOADROA (Brigelaren ostatu aurreko kale bat) TRUFALDINO: Itxaroten asperturik nago, ezin dut gehiago! Nire nagusiarekin gutxi jaten da; eta gutxi hori ere ongi penatuta. Orain dela ordubete jo du eguerdiak hirian, eta nire tripetako eguerdiak orain dela bi ordu. Non bazkalduko dugun gutxienez baneki! ... Beste nagusi batzuk, hirira heldu orduko, ostatura joaten dira. Hori, berriz, bat ere ez!; kutxak dilijentzian utzi, bisitaketan hasi eta ez da bere morroi gizajoaz gogoratu ere egiten. Nagusiei maitasunez zerbitzatu behar zaiela diotenengan pentsatzea ere! Morroiei erruki izateko esan beharko litzaieke nagusiei! (Aldaketa) Hara ostatu bat: ea hortza sartzeko zerbait aurkitzen dudan. Baina... nagusia nire bila... tira ba, berak ere pixka bat itxaroten ikas dezala! Banoa barrura. Baina hara buruak non eman didan beste eragozpentxtu bat ere badagoela: txakur txiki zikin bat ere ez daukat! O! Trufaldotxo gizajoa! Arranopola! Zerbitzari izan baino hobe dut zera egitea... zer egin ordea? Jainko bedeinkatua! ... ezertxo ere ez dakit-eta! (Florindo dator, bidai jantzitan, soinketari baten bizkarrean kutxa bat dakarrela). SOINKETARIA: (Florindori) Gehiago ezin dudala! Zama honek akabatu egingo nau! FLORINDO: Horra ostatua. Lau pauso hauek emateko ere ez al haiz gauza? SOINKETARIA: Lagundu! Eroriko zait! FLORINDO: Banekien ez hintzela gauza. Ahulegia haiz. Ez duk indarrik. (Berriro mutilaren bizkar gainean egokitzen du kutxa) TRUFALDINO: (Eskenari begira, aparte) Txanpon batzuk irabaziko banitu! (Florindori) Jauna, ezertan lagun al diezazuket? FLORINDO: Gizon, lagunidazu kutxa hau ostatu horretaraino eramaten. TRUFALDINO: Berehalaxe! Utz ezazu nire esku! Ikus nola egiten den. Pasaidazu! (Kutxa bizkarrean ezarri, dena bere gainean hartu eta bultzada batez lurrera botatzen du mutila). FLORINDO: Primeran! TRUFALDINO: Hutsa pisatzen du-eta! (Ostatura sartzen da kutxarekin). FLORINDO: (Mutilari) Ikusten al duk nola egiten den? SOINKETARIA: Egin dudana egiten besterik ez dakit. Ezbeharrez gertatu zait kargari izatea, baina jakizu bizimodu hobeko pertsona baten semea naizela. FLORINDO: Zertan aritzen huen hire aita? SOINKETARIA: Nire aita? Kaletarrentzat bildotsak hiltzen. FLORINDO: (Aparte) Zoraturik dago hau eta ez dago zereginik. (Ostaturantz abiatzen da). SOINKETARIA: Ez al didazu ezer eman behar, jaun agurgarri horrek? FLORINDO: Zer? SOINKETARIA: Garraioaren ordainetan. FLORINDO: Zer espero duk hamar pausorengatik? (Banbalinetara keinu eginez) Dilijentzia hor zegok. SOINKETARIA: Nik ez dut pausorik kontatzen. Ordaindu. FLORINDO: (Txanpon bat eskuratzen dio) Horra hire ordaina. SOINKETARIA: (Eskua luzaturik) Ordaindu! FLORINDO: (Aurreko egintza errepikatuz) Ene, ez da pazientzia makala behar! Horra beste txanpon bat. SOINKETARIA: (Lehen bezala) Ordaindu! FLORINDO: Nazkatu nauk! (Betondokoa ematen dio) SOINKETARIA: Ordaindu didate! (Badoa) FLORINDO: Hori duk birigarroa...! Nik muturrean jotzearen zain egon duk. (Aldaketa) Ea ba zer ostatu modu dugun honako hau... TRUFALDINO: Jauna zerbitzaturik dago! FLORINDO: Nolakoa da ostatu hau? TRUFALDINO: Etxe bikaina, jauna: ohe onak, ispilu ederrak, bihotzondoa gozatzen duen sukalde-usaina... Dagoeneko hitz egin diot morroiari. Erregea bezala tratatuko zaituzte. FLORINDO: Eta hik, zertan lan egiten duk? TRUFALDINO: Zerbitzari naiz, jauna. FLORINDO: Veneziarra al haiz? FLORINDO: Ez, jauna; baina ondo-ondokoa: bergamotarra naiz, zerbitzatzeko. FLORINDO: Ba al duk nagusirik orain? TRUFALDINO: Orain... egia esateko, ez dut nagusirik. FLORINDO: Libre al hago, orduan? TRUFALDINO: Hona hemen, ikusten duzu, nagusirik gabe. (Aparte) Hemen ez dago nire nagusia. Ez dut gezurrik esan. FLORINDO: Nire zerbitzari izan nahi al huke? TRUFALDINO: Zure zerbitzari? Zergatik ez? (Aparte) Eskaintzen didana hobea bada, bi aldiz pentsatu gabe. FLORINDO: Venezian nagoen bitartean gutxienez. TRUFALDINO: Ederki. Zenbat emango didazu? FLORINDO: Zenbat espero duk? TRUFALDINO: Esango dizut: lehengo nagusiak, orain berarekin ez banago ere, hilean felipe bat eta gastuak ematen zidan. FLORINDO: Tira, berdin emango diat. TRUFALDINO: Beste piskatxo bat gehiago beharko nuke. FLORINDO: Zenbat? TRUFALDINO: Txanpon banaka batzuk gehiago eguneko. Tabakotarako. FLORINDO: Ongi duk, emango dizkiat. TRUFALDINO: Honela izatekotan, zurekin geratuko naiz. FLORINDO: Norbaitek eman al ziezadakek hire berri? TRUFALDINO: Nire berri baizik nahi ez duzunez gero, zoaz Bergamora, mundu guztiak esango dizu bertan ni nor naizen. FLORINDO: Venezian ez al duk ezagunik? TRUFALDINO: Gaur goizean iritsi naiz, jauna. FLORINDO: Tira! Jator-itxura daukak. Frogatuko haut. TRUFALDINO: Frogatu eta ikusiko duzu. FLORINDO: Aurren-aurrena, postan niretzako gutunik badagoen ikusteko presa diat. Hara ezkutu-erdi bat, hoa Torinoko postetxera eta galde egin zak Florindo Aretusirentzat gutunik badagoen. Baldin badago, bizkor ekarrizkidak, zain negok-eta. TRUFALDINO: Bitartean, bazkaria prestaraz ezazu. FLORINDO: Hago lasai... arduratuko nauk horretaz. (Aparte) Ba du piperra; gustatzen zait. Ea zer ateratzen zaigun. (Ostatura sartuz) TRUFALDINO: Egunean zentabo bat, hogetamar soldata dira hileko. Ez da egia besteak felipe bat ematen zidala, txakurrandi bat besterik ez bait zidan ematen. Baliteke hamar txakurrandik felipe bat osatzea, baina ez dakit garbi-garbi. Eta Torinoko beste jaun hori, gehiago ez dut ikusiko. Zoraturik zegoen. Ez bizar eta ez zentzu ez zeukan mutil gaztea zen. Bakean utzi eta goazen postetxera jaunarentzako gutunen bila... (Irtetzera doala, Brigelekin datorren Beatrizekin topo egiten du) BEATRIZ: Oso ederki! Horrela itxaron al didak? TRUFALDINO: Hemen nago, jauna: oraindik zain naukazu. BEATRIZ: Eta zer dela-ta hemen eta ez esandako kalean? Halabeharrez aurkitu haut. TRUFALDINO: Paseotxo bat egiten ari nintzen gosea engainatzeko. BEATRIZ: Entzun: hoa dilijentziara, eskaiek nire kutxa eta eraman ezak Micer Brigelaren ostatura. BRIGELA: (Seinalatuz) Hauxe da nire ostatua. Ez dauka huts egiterik. BEATRIZ: Tira ba; bizkor ibili, itxaroten naukak-eta. TRUFALDINO: (Aparte) Arranoa! Hementxe izan behar! BEATRIZ: To! Aldi berean Torinoko postetxera joan eta niretzat gutunik ba al dagoen galdetuko duk. Beatriz Rasponirentzat gutunik dagoen ere galde egin zak. Arrebak nirekin etortzeko asmoa zian baina ustegabeko batengatik herrian geratu behar izan dik eta adiskideren batek idaztea gerta litekek. Ongi begira ezak, ea harentzat edo niretzat gutunik dagoen. TRUFALDINO: (Aparte) Ez dakit zer egin. Sekulako naste-borrastea daukat buruan! BRIGELA: (Beatrizi, isilka) Nola espero duzu gutunik zeure izenean eta zeure gezurrezko izenean, ezkutuan alde egin baduzu? BEATRIZ: (Brigelari, isilka) Nire etxearen ardura daraman zerbitzari leial bati agindu diot idazteko, baina ez dakit noren izenean egingo duen. Orain goazen; zehatz-mehatz emango dizut guztiaren berri: (Trufaldinori ozenki) Hoa bizkor. Lehendabizi postetxera eta gero dilijentziara. Gutunak jaso eta kutxa ostatura ekarrerazi. Itxaroten egongo nauk. (Ostatura sartuz) TRUFALDINO: (Brigelari) Zu al zara ostatuaren jabea? BRIGELA: Halaxe naiz. Ongi porta hadi eta jaten hobeki emango diat. (Ostatura sartuz) TRUFALDINO: Hau duk hau! Hamaikatxo nagusi bila dabilenean, nik bi aurkitu! ... Nola demontre konponduko ote naiz orain? Biak ezin zerbitzatu... Ez? ... Eta zergatik ez?... Ez al da polita biak zerbitzatzea, bi soldata irabazi eta doble jatea? Horixe litzatekeela polita... Konturatuko ez balira. Eta konturatzen badira ere, zer galtzen dut nik? Hutsa. Batak bidaltzen banau, bestearekin geratuko naiz. Bestalde, berriz, Florindo jaunarekin frogan besterik ez nago, eta egun bakar bat iraungo banu ere, beti da zerbait. Azken finean, ez dut galerarik. Aupa! Goazen bientzat postetxera. (Bideari helduz) SILBIO: (Iritsiz, aparte) (Trufaldino geldieraziz, ozenki) Aizu gizon...! TRUFALDINO: Jauna...? SILBIO: Non duk hire nagusia? TRUFALDINO: Nire nagusia? ... Ostatu horretan. SILBIO: Hoa berehala eta hitz egin nahi diodala esaiok. Ohorezko gizona bada, datorrela... itxaroten naukala. TRUFALDINO: Nik, jaun estimagarri hori... SILBIO: (Aginduz) Hoa berehala! TRUFALDINO: Baina zera jakin behar duzu, nire nagusia... SILBIO: Gorde erantzunak, alafede! TRUFALDINO: Eta nor da etorri beharrekoa? SILBIO: Bizkor, bestela egurra emango diat! TRUFALDINO: (Aparte) Lehenengo harrapatzen dudana bidaliko dut. (Ostatura sartuz) SILBIO: Inork ez du sekula esango nik arerioaren aurrean atzera egin dudanik. Federikok, behin bizirik atera bada ere, ez du beti zori bera izango. Edo-ta Klarisarekiko mira guztiak bertan behera uzten ditu edo bestela gorriak erakutsiko dizkiot! (Bestaldera aldatzen da) TRUFALDINO: (Alboan duen Florindori Silbio seinalatuz) Hor duzu jaun hori alderdi guztietatik sua ta garra dariola. FLORINDO: (Trufaldinori) Ez diat ezagutzen. Zer nahi dik nigandik? TRUFALDINO: Tutik ez dakit. Gutunen bila noa... (Aparte) Ez dut istilurik nahi. (Badoa) SILBIO: Eta ez al dator Federiko? FLORINDO: (Bere lekuan, isilka) Hau argitu beharra dago... (Silbiori ozenki) Jauna, zuk egin al duzu nitaz galdera? SILBIO: Nik? Zu ezagutzeko ohorerik ere ez dut izan-eta. FLORINDO: Ba oraintxe joan den nire zerbitzariak keinuka eta karraxika, xaxa egin nahi izan didazula esan dit. SILBIO: Gaizki ulertu dudalakoan nago, bere nagusiarekin hitzegin nahi nuela esan diot. FLORINDO: Bai eta neu naiz haren nagusia. SILBIO: Haren nagusia? FLORINDO: Jakina baietz. Nire zerbitzuan dago. SILBIO: Barkatu, orduan. Edota zure morroiak gaur goizean ikusi dudan baten antza du, edo bestela beste norbaiten zerbitzari da. FLORINDO: Nire zerbitzaria da; ziur izan. SILBIO: Horrela bada, desenkusak eskatzen dizkizut. FLORINDO: Ez horregatik. Oker hauek ezinbestekoak dira. SILBIO: Kanpotarra al zara, jauna? FLORINDO: Torinotarra... agintzen duzunerako. SILBIO: Hain zuzen ere torinotarra zen neure barruak hustu nahi nizkiona ere. FLORINDO: Herrikidea bada, baliteke nik ezagutzea, eta nahigaberen bat egin badizu, saiatuko naiz ordaina eman diezazun. SILBIO: Federiko Rasponi izeneko bat ezagutzen al duzu? FLORINDO: A! ... ezagutu nuen bai zoritxarrez! SILBIO: Aitarengandik jasotako hitzarengatik, gaur goizean leialtasuna zin egin didan dama kendu nahi dit. FLORINDO: Zaude lasai orduan: Federiko Rasponik ezin dizu emaztea kendu. Hilda dago! SILBIO: Horretan zeuden denak, baina gaur goizean... nire zoritxarrerako, nire etsipenerako... bizirik eta osasunez agertu da Venezian. FLORINDO: Jauna, harri ta zur utzi nauzu! SILBIO: Neroni ere gauza bera gertatu zait! FLORINDO: Federiko Rasponi hilik dagoela ziurtatzen dizut. SILBIO: Eta Federiko Rasponi bizirik dagoela ziurtatzen dizut nik. FLORINDO: Argi ibili iruzurretan ez galtzeko... SILBIO: Bisognosiko Pantalon jaunak, nire emaztegaiaren aitak ondo baino hobeto bildu ditu xehetasunak eta froga argi eta garbiak ditu hura bera delakoaz. FLORINDO: (Aparte) Orduan... ez zen hil liskarrean denek uste zutenez. SILBIO: Berak edo nik Klarisaren maitasunari edo biziari uko egin beharra dugu! FLORINDO: (Aparte) Federiko hemen? Justiziari ihes egin diot eta etsaiarekin aurrez-aurre topo egin! SILBIO: Aspaldian ez al duzu ikusi? Ostatu honetan dago, nonbait. FLORINDO: Ez dut ikusi. Ez dagoela kanpotarrik esan didate hemen. SILBIO: Asmoz aldatu da, nonbait. (Aldaketa) Jauna, barkatu gaitzi izan banatzaizu. Ikusten baldin baduzu esaiozu bere onerako ezkontzeko asmo hori burutik ken dezala. Silbio Lombardi deritzat. Atsegin dut zu agurtzea. FLORINDO: Neurrigabe eskertzen dizut zure adiskidetasuna. (Aparte) Zeharo nahasturik nago. SILBIO: Zure izena ezagutu al dezaket? FLORINDO: (Aparte) Ez dut aitortu behar. (Ozenki) Horazio Ardenti, zuri zerbitzatzeko. SILBIO: Horazio jauna, zeure agindura naukazu. (Badoa) FLORINDO: Nola liteke alderen-alde zulatu zuen ezpatakada batek ez hiltzea? Neronek ikusi nuen, etzanda, odoletan blai eginik, bizirik gabe. Bapatean hil zela entzun nuen... Litekeena da noski hilik ez egotea. Burdinak ez zizkion ukitu, nonbait, biziguneak. Burua galtzean begitazioak ikusten dira. Kasua izan eta berehalaxe Torinotik ihes egin behar izan nuan eta elkarren arteko ezinikusiarengatik errua leporatu didatelako, ezin izan nuen haren heriotza egiztatu. Baina hil ez denez gero, hobe izango dut Torinora itzultzea neure Beatriz maitea kontsolatzera, alde egin dudalako nigan pentsatzen eta nigatik negarrez egongo baita agian. TRUFALDINO: (Beste soinketari batekin agertzen da, Beatrizen kutxa dakarrela) Goazen ba... (Florindoz oharturik, isilka) Arraioa! Hara nire beste nagusia. (Soinketariari) Alde egin zak, une baten, adiskidea, eta ertz hartan itxaron (Soinketaria badoa) FLORINDO: (Beretzat) Bai, Torinora itzuliko naiz. TRUFALDINO: Atzera hemen naiz, jauna. FLORINDO: Trufaldino, etorri nahi al duk nirekin Torinora? TRUFALDINO: Noiz? MORROIA: Oraintxe bertan. TRUFALDINO: Bazkaldu gabe? FLORINDO: Ez. Aurrena bazkaldu eta gero abiatuko gaituk. TRUFALDINO: Tira... bazkaritan pentsatuko dut. FLORINDO: Izan al haiz postetxean? TRUFALDINO: Bai, jauna. FLORINDO: Aurkitu al dituk nire gutunak? TRUFALDINO: Aurkitu ditut. FLORINDO: Non dituk? TRUFALDINO: Oraintxe bilatuko ditut. (Hiru gutun ateratzen ditu sakeletik) (Aparte) Arraioa! Neure nagusiarenak bestearenekin nahastu ditut. Nola jakin zeintzuk diren honenak? Ez dakit irakurtzen. FLORINDO: Tira! Emaizkidak nire gutunak. TRUFALDINO: Oraintxe bertan, jauna. (Aparte) Zeharo nahasturik nago! (Ozenki) Esando dizut, jauna: hiru gutunok ez dira denak zuretzat. Zerbitzari bat aurkitu dut, Bergamon elkarrekin zerbitzatzen genuenetik ezagutzen nauena. Postetxera noala esan diodanean, bere nagusiarentzat gutunik zegoen begiratzeko erregutu dit. Bat bazegoelakoan nago, baina orain ez diot antzematen eta ez dakit zein izan litekeen. FLORINDO: Erakutsizkidak. Neureak hartu eta bestea bihurtuko diat. TRUFALDINO: Har itzazu, beraz. Ez nuke gaizki geratu nahi neure lagunarekin. FLORINDO: (Aparte) Zer da hau? Beatriz Rasponirentza gutun bat? Beatrizentzat! Venezian! TRUFALDINO: Nire lagunarena aurkitu al duzu? FLORINDO: Nor duk mandatua eman zian lagun hori? TRUFALDINO: Beste morroi bat... Paskual du izena. FLORINDO: Noren zerbitzaria duk? TRUFALDINO: Ez dakit, jauna. FLORINDO: Baina bere nagusiaren gutunak jasotzeko eskatu baldin badik, izena emango zian. TRUFALDINO: Jakina baietz. (Aparte) Hau istilua! FLORINDO: Eta, zer izen eman dik? TRUFALDINO: Ez naiz gogoratzen. FLORINDO: Nola...? TRUFALDINO: Paperean idatzi dit. FLORINDO: Eta non duk paper hori? TRUFALDINO: Postetxean utzi dut. FLORINDO: (Aparte) Nahasmenduaren nahasienean murgildurik nago. TRUFALDINO: (Aparte) Poliki ari naiz ateratzen estuasunetik. FLORINDO: Zer alderditan zegok Paskual horren etxea? TRUFALDINO: Egia esateko... ez dakit. FLORINDO: Eta nola konponduko haiz gutuna emateko? TRUFALDINO: Plazan ikusiko dugula elkar esan dit. Gutun hori emateko erregutzen dizut, hura aurkitzen ahaleginduko naiz-eta. FLORINDO: Ez, aurrena ireki egin behar diat. TRUFALDINO: Mesedez, ez zazu holakorik egin. Ondotxo dakizu deliktua dela gutun bat irekitzea... FLORINDO: Hainbat okerrago! Gutun hau izugarri interesatzen zait. Ia neure buruaren pareko den pertsona batentzat da. Kezkarik gabe ireki dezaket (Irekiz) TRUFALDINO: (Aparte) Hori ausardia! ... Eta egin egin du! FLORINDO: (Irakurriz) «Ene Andere txit Agurgarri hori... Hiritik alde egin duzunean mundu guztia hizpidean jarri duzu eta denek badakite Florindo jaunari jarraitzearren hartu duzula erabaki hori. Gorteak badaki gizonezko-jantziekin ihes egin duzula eta egin ahalak egiten ari da zu atzeman eta preso hartzeko. Honako hau ez dut Torinoko postetxetik bidali, zein hiritara joateko asmoa izan duzun inori ez aditzera emateko, baizik eta Genovako adiskide bati bidali diot bertatik Veneziara igor zezan. Garrantzizko albisteren batez jabetu bezain laster, hutsik egin gabe jakineraziko dizut bitarteko beraz baliatzen naizelarik. Bitartean umilki zure esanetara makurtzen naiz zure zerbitzari txit apal eta leiala naizen hau. Tognino della Doira». TRUFALDINO: (Aparte) Zeinen egintza ederra inoren arazoetan muturra sartze hori! FLORINDO: (Aparte) Baina ari naiz zer irakurtzen, Beatriz bere etxetik ihes egina? Eta ni jarraitzearren? Benetan maite nau. Venezian aurkituko banu... Hoa, Trufaldino maite hori; bitarteko guztiez balia hadi Paskual aurkitzeko. Nagusia nor duen atera ezaiok eta gizonezkoa ala emakumezkoa den. Ostatuz non dagoen jakinezak eta, ahal baduk, niganaino ekar ezak, hari eta heuri, sari oparoa emango bait dizuet. TRUFALDINO: Emaidazu gutuna. Saiatuko naiz aurkitzen. FLORINDO: Har ezak. Hire eskutan jartzen diat neure burua. Arazo hau biziki interesatzen zaidak. TRUFALDINO: Honela eman behar ote diot, zabalik? FLORINDO: Esaiok huts egite bat gertatu dela... istripu bat. Ez zaidak gorabeherarik sor. TRUFALDINO: Orduan... ez al goaz Torinora? FLORINDO: Ez. Oraingoz ez gaituk joango. Ez zak denborarik gal. Ahalegin hadi Paskual aurkitzen. (Aparte) Beatriz Venezian! Federiko Venezian! Gajoa halakoa, anaiak harrapatzen badu! Zazpi ahalak egingo ditut jakinaren gainean jartzeko. (Badoa) TRUFALDINO: Pozten naiz jauna ez joateaz. Ea nola moldatzen naizen neure bi enpleguekin. Neure trebetasuna frogatu nahi dut. (Aldaketa) Ez zait ongi iruditzen gutun hau irekita nire beste nagusiari eramatea. Asmatuko dut zerbait berriz ixteko. (Tolesketa trakets batzuk egiten ditu). Orain itsatsi egin beharko litzateke. Nola egin baneki! ... A! Gogoan dut nola nire amandreak, batzutan, ahoan bustitako ogi-mami puska batez nola itsatsi ohi zuen. Ikusiko dut. (Ogi zatitxo bat ateratzen du sakeletik) Pena ematen dit ogi koxkortxo hau alferrik galdu beharrak, baina etsi egin beharko. (Ogi piska bat mastekatzen du gutuna ixteko baina, nahi gabe irentsi egiten du) Mila deabru! barrura joan duk. Beste zati bat mastekatu beharko diat! Ez dago zer eginik: naturak agintzen du. Ea beste behin (Lehen bezala mastekatzen du. Irentsi nahi luke ogia, baina gogoari eutsi eta neke handiz kentzen du ahotik). A! azkenean ere! Gutuna itsatsiko dut (Ogiaz itsasten du) Ongi dagoela uste dut. Trebea naiz gero! (Aldaketa) Ene! Kargariaz ahazturik nengoen... (Alde batera) Aizak... Hator hona, adiskidea. Har ezak berriro bizkarrean kutxa!. SOINKETARIA: (Bizkarrean kutxa dakarrela) Hala ba! Nora eraman behar da? TRUFALDINO: (Ostatua seinalatuz) Barrura. Berehala joango nauk ni. SOINKETARIA: Eta nork ordainduko zidak? BEATRIZ: (Ostatutik irtenez; Trufaldinori) Hau al da nire kutxa? TRUFALDINO: Bai, jauna. BEATRIZ: (Soinketariari) Eraman ezak nire gelara. SOINKETARIA: Zein da zure gela? BEATRIZ: Galde egiok morroiari. SOINKETARIA: Hogetamarrekin konforme naiz. BEATRIZ: Gero ordainduko diat. SOINKETARIA: Oraintxe egin dezagun. BEATRIZ: Ez hadi nekagarria izan. SOINKETARIA: Bestela kontu izan, atzera kutxa atera eta kale-erdian utziko dizut gero. (Ostatuan sartzen da) TRUFALDINO: Hauxe jende-modu atsegina benetan! BEATRIZ: Izan al haiz postetxean? TRUFALDINO: Bai, jauna. BEATRIZ: Ba al zegoen gutunik niretzat? TRUFALDINO: Zure arrebarentzat bat. BEATRIZ: Ongi. Non duk? TRUFALDINO: (Gutuna emanez) Hona hemen! BEATRIZ: Norbaitek ireki dik gutun hau! TRUFALDINO: Ireki? Bai zera! Ezina da! BEATRIZ: Ireki eta ogi-mamiaz berriro itxi. TRUFALDINO: Ez diot antzik ematen nola gerta zitekeen hori. BEATRIZ: Ez diok antzik ematen, e? Doilorkume malapartatu hori! Nork ireki dik gutun hau? Jakin egin nahi diat! TRUFALDINO: Esango dizut, jauna! Egia aitortuko dizut! ... Denok huts egin dezakegu. Postetxean bazegoen niretzat ere gutun bat. Larri-larri ibiltzen naiz irakurtzen eta neurea ireki beharrean, zurea ireki dut. Barkatzeko eskatzen dizut! BEATRIZ: Tira... horrela izan baduk, ongi zegok. TRUFALDINO: Holaxe izan da, errukarria ni! BEATRIZ: Irakurri al duk gutun hau? Ba al dakik zer dioen? TRUFALDINO: Inola ere ez! Letra hori ez dut ulertzen. BEATRIZ: Inork ikusi al dik? TRUFALDINO: (Harriturik) Oh! BEATRIZ: Ongi pentsatu, gero! TRUFALDINO: (Lehen bezala) Uh! BEATRIZ: (Aparte) Ez nuke nahi honek ziria sartzerik... (Bistaz gutuna irakurtzen du) TRUFALDINO: (Aparte) Hau ere konpondurik dago! BEATRIZ: (Aparte) Tognino zerbitzari leiala da. Saritu egin beharko dut. (Ozenki) Hemen ingurura joan behar diat arazo batengatik. Joan ostatura, ireki kutxa eta nire erropak piska bat airezta itzak. Hara giltzak. Itzulitakoan bazkalduko diagu. (Aparte) Pantalon jauna ez da agertzen eta ni diru horren behar gorrian nago. (Badoa) TRUFALDINO: Tira... joan den baino hobeki ezin zitekeen joan. Bizkorra naiz gero! Lehen merezi nituen baino ehun ezkutu gehiago merezi ditut! PANTALON: (Iritsiz) Esaidak, hire nagusia etxean al duk? TRUFALDINO: Ez eta urrik eman ere! PANTALON: Ba al dakik non izan litekeen? TRUFALDINO: Ez, jauna. PANTALON: Etorriko al duk bazkaltzera? TRUFALDINO: Baietz uste dut, jauna. PANTALON: Tori. Itzulitakoan, poltsa hau emango diok ehun dukatokin. Lanpeturik nebilek. Agur (Badoa) TRUFALDINO: (Kanporantz, sustoa gainditu ondoren) Begira... Entzun... (Amore emanez). Ongi ibili! (Bere golkorako) Nire bi nagusietariko zeini eman behar diodan ere ez dit esan. FLORINDO: (Itzulirik) Eta? Paskual aurkitu al duk? TRUFALDINO: Oraindik ez, jauna. Baina poltsa bat ehun dukatekin eman didan norbait aurkitu dut. FLORINDO: Ehun dukat? Zertarako? TRUFALDINO: Esaidazu, jauna, nondik edo handik dirurik espero al duzu? FLORINDO: Bai. Ganbio-letra bat aurkeztu zioat merkatari bati. TRUFALDINO: Orduan, diru honek zuretzat izan behar du. FLORINDO: Zer esan dik emaleak? TRUFALDINO: Neure nagusiari emateko. FLORINDO: Orduan nirea duk. Ez al nauk hire nagusia? Ez zegok zalantzarik! TRUFALDINO: (Aparte) Ezer ez daki nire beste nagusiaz. FLORINDO: Eta ez al dakik nor zen emalea? TRUFALDINO: Ez. Aurpegi hori beste behin ikusi ote dudan nago, baina ez naiz gogoratzen. FLORINDO: Gomendatu ninduten merkatariarena izango da. TRUFALDINO: Bera izango da, zalantzarik gabe. FLORINDO: Paskualez gogora hadi. TRUFALDINO: Bazkalondoan bilatuko dut. FLORINDO: Goazen bazkaltzera, orduan. (Ostatura sartuz) TRUFALDINO: Kontxo! ... Oraingoan ez dut uste huts egin dudanik; dagokionari eman diot poltsa (Ostatura sartzen da) III KOADROA (Pantalonen etxeko gela bat) PANTALON: (Klarisari) Lasai zaitez. Federiko jauna izango da zure senarra. Neure hitza eman dut eta ez naiz txorimalo bat. KLARISA: Nire jabe zara, aita, baina derriorrean izango da. Uler ezazu! PANTALON: Federiko jaunak zuri iritzia eskatzeko esan zidanean, nik egin nuen eta zuk ez zenidan ezezkorik eman. Orduan hitz egin behar zenuen. Orain berandu da. KLARISA: Kokildurik nengoen. Zor dizudan errespetoak isilarazi ninduen. PANTALON: Orduan, errespetoz eta kokildurik jarrai! KLARISA: Ezin dut, aita. PANTALON: Zergatik ez? KLARISA: Ez naiz ezkonduko Federikorekin! PANTALON: Horren gutxi atsegin al zaizu? KLARISA: Gorroto diot. PANTALON: Horrela izanik ere, ni arduratuko naiz gogokoa gerta dakizun. KLARISA: Zer diozu, aita? PANTALON: Utz ezazu alde batera Silbio eta nik lortuko dut bestea gustokoa izatea. KLARISA: Suz grabaturik geratu da Silbio nire bihotzean eta zerorrek baieztu duzu zeure onespena ematean. PANTALON: (Aparte) Alde batetik, erruki diot (Ozenki) Premia bertute bihurtu behar da. KLARISA: Nire bihotza ez da horrelako ahalegin bat egiteko gauza. PANTALON: Zeure buruari gogor egin: hau derrior egin beharrekoa da-ta. ESMERALDINA: (Sartuz) Jauna, Federiko jauna da eta har dezazun nahi du. PANTALON: Sar dadila: eskubide osoa du. KLARISA: (Negarrari ematen dio) Errukarria ni! Hau pena! ESMERALDINA: Zer duzu, ene andere horrek? Negarrez? ... Egia esateko, oker zaude. Ez al duzu ikusi zeinen ederra den Federiko jauna?... Niri suertatuko balitzait holakorik, ez nuke negargurerik, ez, barre egingo nuke aho-betean! (Badoa) PANTALON: Tira, alabatxoa, ez zaitzala ikus negarrez! KLARISA: Leher egin behar dit bihotzak! BEATRIZ: (Gizonezko jantzitan sartuz) Nire agurra, Pantalon jauna. PANTALON: Baita nirea ere. Hartu al duzu poltsa ehun dukatekin? BEATRIZ: Ez, jauna. PANTALON: Oraintxe puntuan eman diot zure zerbitzariari: Fidagarria zela esan zenidan. BEATRIZ: Bai, ez dago arriskurik. Ez dut ikusi. Etxeratzean emango dizkit (Pantaloni, isilka) Zer du Klarisa andereak negarrez aritzeko? PANTALON: (Beatrizi, isilka) Ulertzekoa da, Federiko jaun maitea. Zure heriotz-albisteak eragin dio. Denborarekin aldatuko da... BEATRIZ: (Lehen bezala) Zera egin behar duzu. Pantalon jauna: utz nazazu une batez askatasunean berarekin ea hitz samurren bat ateratzen diodan. PANTALON: (Lehen bezala) Bai, jauna. Banoa. Joan eta etorri. (Klarisari, ozenki) Alabatxo, itxaron zaidazu. Berehala nator. Lagun egiozu senargaiari (Beti Klarisari, isilka). Tira, zentzuz jokatu! (Badoa) BEATRIZ: Esaidazu, Klarisa anderea... KLARISA: Alde egizu eta ez nazazu nekarazi. BEATRIZ: Horren zorrotza al zara ezkontidetzat eman zaizunarekin? KLARISA: Derriorrean ezkonerazi behar banaute, nire eskua izango duzu, baina bihotza ez. BEATRIZ: Muzin egiten didazu baina lortuko dut zu irabaztea. KLARISA: Betiera guztian gorrotatuko zaitut. BEATRIZ: Ezagutuko baninduzu, ez zenuke horrela hitz egingo. KLARISA: Nahikoa ezagutzen zaitut, nire bakearen nahastaile gisa. BEATRIZ: Baina badakit zu nola kontsolatu. KLARISA: Oker zaude: Silbiok bakarrik egin lezake hori. BEATRIZ: Egia da ezin dizudala eman Silbioren kontsolamendu berdina, baina zu zoriontsu egiteko gauza naiz. KLARISA: Dirudienez, jauna, modurik gogorrenean hitz eginda ere ez didazu bakerik ematen. BEATRIZ: (A parte) Neska gaixo honek pena ematen dit. Ez dut bihotz samindurik ikusteko gogorik. KLARISA: (Aparte) Maite-minak ausarta, gartsu eta basati bihurtzen nau. BEATRIZ: Klarisa anderea, isilpeko bat jakineraziko dizut... KLARISA: Ez dizut agintzen gordeko dudanik: ez arriskatu jakineraztera. BEATRIZ: Zure haserreak ez dit uzten zoriontsu egiten. KLARISA: Niri zoritxarra besterik ez didazu ekarri. BEATRIZ: Oker zabiltza. Eta sinets dezazun, argi eta garbi hitz egingo dizut. Maite ez banauzu ez dut zereginik zurekin. Beste bati zeure hitza eman badiozu, nik ere beste bati agindu nion neure bihotza. KLARISA: Orain gustokoago zaitut... BEATRIZ: Ez al dizut esan badakidala zu nola kontsolatu? KLARISA: A! Beldur naiz ez ote didazun iruzur egingo! BEATRIZ: Ez, anderea, ez nabil itxurak egiten. Bihotza eskuan dudala hitz egiten dizut, eta lehen ezetz esan didazun arren, isilpekoa gordeko didazula agintzen badidazu, zure bakea segurtatzeko moduko sekretu baten berri emango nizuke. KLARISA: Mututasun zorrotzena zin egiten dizut. BEATRIZ: Ez naiz Federiko Rasponi baizik eta Beatriz, haren arreba. KLARISA: O! Zer diozu gero! Zu emakumezkoa? BEATRIZ: Noski baietz. Pentsa, beraz, benetan zure eskua eskatzeko asmorik dudan ala ez. KLARISA: Esaidazu, zer gertatu zitzaion zure anaiari? BEATRIZ: Zoritxarrez, ezpatakada batek hil zuen. Eta nire maiteari leporatu zioten, nik jantzi hauekin ordezkatzen dudan haren heriotza. Traiziorik ez egiteko erregutzen dizut. Sekretu hau jakineraztean badakit aurreratu naizela, baina banuen horretarako zenbait arrazoi; aurrena, min ematen zidan zu nahigabeturik ikusteak; gero, sekretu bat gordetzeko gai zarela iruditzen-zait, eta azkenik, zure Silbiok mehatxatu nauelako eta ez nukeelako istilutan sartu nahi zuregatik. KLARISA: Silbiori esaten utziko al didazu? BEATRIZ: Ez. Areago oraindik: zorrotz dabekatzen dizut. KLARISA: Ongi da, ez dut hitzegingo. BEATRIZ: Kontu izan zugan fidatzen naiz-eta. KLARISA: Berriz zin egiten dizut: ez dut hitzegingo! BEATRIZ: Honez gero ez didazula begi txarrez begiratzen sinestu nahi nuke. KLARISA: Nik ere betirako adiskidantza zin egiten dizut! Eta laguntzeko gauza banaiz, zure esku nago. BEATRIZ: Nik ere betirako adiskidantza zin egiten dizut! Emaidazu zeure eskua. KLARISA: Ongi da... baina ez nuke nahi... BEATRIZ: Zer? Ez naizela emakumea uste al duzu? ... Horrela delakoaren frogak emango dizkizut. KLARISA: Sinetsidazu: Oraindik ametsa deritzat. BEATRIZ: Sinesten dizut. Holakorik ez da sarritan gertatzen. KLARISA: Zentzu arrastorik ez du! BEATRIZ: Orain joan behar dut. Emaiogun eskua elkarri adiskidantza eta leialtasun agiritzat. KLARISA: Hona nire eskua: orain ziur nago ez nauzula engainatzen. PANTALON: (Sartuz) Bapo! Izugarri pozten naiz! (Klarisari) Laster egin dituzu bakeak, alabatxo! BEATRIZ: Ez al dizut esan, Pantalon jauna, baretuko nuela? PANTALON: Oso ongi! Lau minutu nahikoa izan dituzu nik lau urte beharko nituenerako. KLARISA: (Aparte) Orain labirinto nahasiagoan nago... PANTALON: (Klarisari) Orduan, ospa dezagun lehenbailehen zure ezkontza. KLARISA: Ez zaitez horrenbeste larritu, aita. PANTALON: Zer gero! Bakarrik zaudetenean eskuak ematen dizkiozue elkarri eta ez duzu nahi presaka ibiltzerik. Ez, ez. Ez dut nahi inolako ezbeharrik gerta dakidan. Bihar egingo da dena. BEATRIZ: Aldez aurretik, Pantalon jauna, geure kontuak konpondu beharko ditugu. PANTALON: Dena egingo dugu. Nahikoa izango da ordu pare bat. Bihar trukatuko ditugu eraztunak. KLARISA: Ene aita...! PANTALON: Ene alaba, beharrezko da Silbio jaunarekin hitz egin dezadan. KLARISA: Ez zazu sumindu, Jainkoarren! PANTALON: Zer gertatzen da? Orain bata eta bestea maite al dituzu? KLARISA: Ez dut esan nahi hori, baina... PANTALON: Zer baina eta baina ondoko! Bukatu da! (Aldegin nahi du) zure zerbitzuko. BEATRIZ: (Pantalon) Entzun... PANTALON: Zaitezte senar-emazte... (Aurrera doa) KLARISA: (Pantaloni) Hobe litzateke... PANTALON: Gaur gauean hitzegingo dugu (Badoa) KLARISA: A! Beatriz anderea, istilu batetik irten eta beste batean sartzen naiz. BEATRIZ: Itxaron piska bat. Edozer gerta liteke, gu biok elkarrekin ezkontzea izan ezik! KLARISA: Eta Silbiok desleialtzat baztertzen banau? BEATRIZ: Ez du luze iraungo engainuak. KLARISA: Egia esan ahal bageniezaio... BEATRIZ: Ez zaitut libratzen egindako zinetik. BEATRIZ: Zer egin behar dut orduan? BEATRIZ: Sufritu piska bat. KLARISA: Sufrimendu hau gogorregia izango delakoan nago. BEATRIZ: Ziur egon, beldurra eta sufrimenduaren ondotik, gehiago gozatuko dituzu maitasunaren atseginak. (Badoa) KLARISA: Ez dut poz horren itxaropenik penatan murgildurik nagoen bitartean. A! Halaxe da zoritxarrez! Bizitza honetan penak eta esperantzak handiagoak izaten dira gozamenak baino. |