OBRAREN EDUKINAK [...] krudelkeriaz, bai batzuen eta bai besteen moralaren galtzeaz eta beheraldiaz arituko zaigu, inor barkatzen ez duelarik. Horrela obra honetan ere. Atenas hiriak harrokeriz eta bortizkeriz 415. urtean Melos uharte tipia txikiarazi eta desegin berria zuen, ez zuelako inoren uztarpean egon nahi, inoren morroi izan nahi, eta hau delarik aitzaki, Euripides-ek gerraren bortizkeri eta itsukeri guztien aurka oihukatuko du, Troiako emakumeen fatuaz baliatuz. Iliongo andereak, jainkoen borondate aldakorra dela bide eta hemen ematen zaigun jainkoen ikuspegia aski kritikoa da, haiengan fedea gal zorian dagoenarena, bere hiriko erregina eta lehen andere izatetik gerraren ondorioz jopu bihurturik, neskame bilakaturik aurkitzen dira, garaileen esklabo eta ohaide izatera eraginak. Eta Euripides-ek andereen mundu hau agertzen digunean, emakumeen grina, pasio, zapalketa adieraztean, maisu eta aitzindari bezala egiten digu, zeren sensibilitate handiz, psikologo on eta sakon gisa, aztertuko baititu andreen barne mundua eta nortasun bereziak, lehenago antzerkian ikusi ez zirenak. Honexegatik zenbait idazle zaharrek kritikatzen zuten Euripides, misogino eta emakumeen etsaitzat joaz, agerlekuan haien ahulezia eta desirkunde grinatsuak aurkeztera ausartu zelako. Eta, noski, errealismo handiz egingo du hori, pertsonaien barnean sartu eta hauen ekintzen arrazoinak, zergatiak, zioak aztertuz eta haizatuz, ikuslearengan halako zalantza eta kezka bizi bat soraraziz. Dena eztabaidatuko da, Euripides-en garaietan sofistek hainbeste maite zuten eta zerabiltzaten erretoliken modura eta arabera, adibide bezala har dezakegularik Menelao-k (ia beti oso gaizki tratatuko duen heroea) eta Helenak mantentzen duten elkar hizketa. XII. agerraldian gaude eta bai koroak eta bai Hekubak Menelao-ri eskatzen diotelarik Helena-rengan mendekantza har dezan. Honen gaiztakeria IX. agerraldian zehar bidez baina zehazki koroak adierazten du: «Troia urrikarria! Andere bategatik, eztei higuingarriengatik, zenbat gudari hilak!» Zuzen-zuzen ere bai, koroak komentatzen du Helenaren erretolika Menelaorekin duen estabaidan: «Hain gaiztoa izan arren ontsa mintzo da. Dohai azpina benetan!» Trajeriako pertsonaiak, Hekuba, Kasandra, Andromaka, Menelao, Helena, oro dira troiarrak, Neptuno itsasoko jainkoa; Minerva, gerratearen eta jakituriaren jainkosa; eta Taltibio, grekar mezularia ezik. Denak arrazoinamendurik bortitzenaren bila eztabaidatzen dute, baina inork ezin diezaioke ihes egin jainkoek aurretik erabakirikako fatu trajikoari. Beraz, ez zaigu guri ere beste irtenbiderik gelditzen, Troiako emakumeez osaturiko koroarekin bat eginik, hiriko zorigaitzaz, oihu, negar, garrasi eta deihadartea baizik, horrela katharsiak demaikigun askatasuna sortuz. |