|     61 zenbakia, 1983ko iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


TROIAKO EMAKUMEAK

 

I. Agerraldia

 

ATENEA ETA POSEIDON.

 

POSEIDON: Ejeo itsasoko ur gazipetik nator ni, Poseidon hau. Dantzazko beren hankajoku nahastuan, aparra atereaz Nereidasko koruak zeharkatzen duen Ejeo itsasotik, hain zuzen. Bihotzpera izan naiz ni beti frijiarren hiriarekiko, Febok eta biok, aintzina aintzinatik, Troia inguruko harresia eraiki genuenetik. Orain, berriz, ke hutsa da; greziarren lantzak lapurtu eta herraustu egin du. Parnasoar batek, Epeo fozidatarrak hain zuzen, zurezko egundoko zaldi bat egin zuen eta harmaturiko gizonez bete, Palas jainkosaren eraginez. Gero, asmakari hori barnera sartzea lortu zuen. «Troiako zaldia» delako izena emango zaio geroztik. Basamortu bihurtu dira baso sakratuak eta odola darie jainkoen santutegiei. Hilotzik erori da Priamo, Zeus etxetiarraren aldare mailetan.

        Zenbat urre eta harrapakin eraman ote dute greziarren itsasontziek Troiatiki

        Han daude, itsasoratzeko, aldeko haizea atera zai, hiri honen aurkako borrokari ekin ziotenetik erein eta uztaldi ikusi dituzten greziarrok, beren emazte eta seme-alabak besarkatzera itzultzeko irrikatzen bait daude.

        Eta ni, Argosko Heras jainkosak eta Palas Ateneak, elkarturik, menperatua nagoen hau, Ilion ospetsua eta bertan eraiki zizkidaten aldareak utzi beharrean nauzue.

        Ahuldu eta deuseztu egin ohi da jainkoenganako gurtza, bakardade iluna nagusitzen den hirian.

        Omenaldirik itxaron al dezaket, honez gero?

        Eskamandro ibaiaren urak dira, zotz eginez hautatuko dieten nagusiaren zain dauden emakumeen dehadarren oihartzun. Arkadiako gudarientzat izango dira batzuk; Tesaliakoek eramango dituzte beste batzuk eta Atenasko gudalburuak ere ez dira eskuhutsik joango. Hortxe daude, etxola-denda hirietantxe, zotz eginez gudalburuen harrapakintzat hasera-haseratik bereizi dituzten troiar emakumeak. Gaitz izugarri hauen eragile den Helena ere hortxe dago, bere artean, beregan du zigorra, emakumerik ederren horrek. Horra, ate aurrean zorabiaturik, gaur gaurkoz dohakabeena den Hekuba ere, zorigaitzik larriena ikusi nahi duenarentzat ikuskari eginik. Malko handiak,ditu; handiagoak ordea, negar egiteko arrazoiak: Akilesen hilobi gainean opari egin dute berorren alaba Polixena, eta amak ez daki oraino. Hila du bere senarra ere, Priamo, baita semeak ere; alaba Kasandrak, berriz, bere birtuteen etsai amorratu den Apoloren zerbitzariak, serora eta aztiak, orain arte birjina zena, Agamenonen ohean utzi du bere birjintasuna, bortxaz. Bere maitale egin du Agamenonek, jainkoak gutxietsirik.

        Agur, orain arte soriontsu zinen hiria! Agur, harresi ederrok!

        Hire zimentarrien gainean zut iraun hezakeen gaur, Palas Atenea jainkosaren hondamen-egarri hura izan ez balitz.

ATENEA: Nere aitaren ahaiderik hurbilenarekin hitzegin ahal nezake? Zeuretako gorespen oroz hornituriko jainkorik ahaltsuena! Gure aspaldiko elkar-ikusia alboratuaz, baimen eske natorkizu, zurekin mintzatzeko.

POSEIDON: (Harriturik). Bai Horixe, Atenea guztiz agurgarria! Ahaideen arteko elkarrizketarako egokierari ez dezaioke ukorik egin nere bihotzak.

ATENEA: Liluratu egiten nau zure aldarte horrek. Biontzat ongarri izan daitekeen asmo batekin natorkizu, jauna.

POSEIDON: Asmo batekin? Zeus handiarengandikoa, agian? Ala, beste zerutarren batena?

ATENEA: Ez. Gure oinpean dugun Troia da nere asmoaren muina. Eta bion indarrak batu nahi nituzke.

POSEIDON: Orain, sugarrak herraustu duenean, eta zeharo lur-jorik ikustean, erruki bihurtu ote da zure gorrotoa?

ATENEA: Nere galderari erantzun iezaiozu lehenen: onartuko al zenuke nere gogoa, eta lagunduko nere asmoa betetzen?

POSEIDON: Bai, bainan bidezko denez, zure asmoaren berri jakin beharko nuke lehenik. Hain harritua bait naukazu. Greziarrak ala frijiarrak dituzu asmotan?

ATENEA: Poz handi bat eman nahi nioke nere aspaldiko etsai den Troiari, greziarrak itzulera negargarri batez zigortuz.

POSEIDON: Nondik norako aldaketa duzu oraingo hori? Haizearen eraginak aldarazi al zaitu maitasunetik gorrotora?

ATENEA: Ez ote dakizu apalerazi egin gaituztela ni eta nere tenploa?

POSEIDON: Mototsetik lorrean atera omen du Ajasek Kasandra, zure iauretxetik; hala esan didate, bai. Hori badakit.

ATENEA: Eta greziarrek ez dute zigortu; gaitzetsi ere ez.

POSEIDON: Halaz guztiz, zure laguntzari esker menperatu eta deuseztu ahal izan zuten greziarrek Troia.

ATENEA: Alderantziz daude orain gauzak. Zigortu egin nahi nituzke orain, biok elkartuko bagina.

POSEIDON: Zurekin izango nauzu bada. Baina, zer egin nahi duzu?

ATENEA: Itzulera guztiz negargarria opa diet, hondamenezkoa.

POSEIDON: Beno. Oraino lehorrean daudelarik ala itsasoz doazenean zigortu nahi zenituzke?

ATENEA: Troiatik beren etxera doazelarik; Zeusek euri-jasa eta kazkabarra bidaliko dizkie, zerua ilunduz, eta aldagoiaren indarrez, tximistek sutu eta erreko dituzte greziarren itsasontziak. Honela hitz eman dit Zeusek. Zuri, ahal duzuna egitea dagokizu, itsasotik lagunduz. Ekaitz eta zurrunbilo bihurtu behar dituzu Ejeo itsasoko ur gaziak eta hilotzez bete behar dituzu Euba itsas-zintzurreko ur sakonak. Honela ikasiko dute greziarrek nere iauretxeari begirune izaten eta gaineratiko jainkoak goresten.

POSEIDON: Ongi da. Besterik gabe lagunduko dizut. Astinduko ditut Ejeo itsasoaren ur sakonak, eta olatuen egotziriko hilotz hautsiz estaliko da Nikonosko itsas-ertza, eta Deliasko, Eskirosko eta Lemnosko haizpuruak, eta Kafareako tontorra.

POSEIDON: Itzul orain Olinpo mendira. Hartu zure aitak emango dizukizun suzko tximistak, eta itxaron dezagun orain greziarren itsasontziak itsasoratu arte.

        Bai buru-arina dela, hiria herraustu ondoren, iauretxeak eta jadanik ez direnen atsedenleku huts diren hilobiak bertan behera uzten dituen gizona!

 

 

II. Agerraldia

 

HEKUBA...

 

HEKUBA: Jaso lurretik zure bekoki hori! Gora buru hori! Galdua da Troia! Galdua duzu Troiako erregina izatea! Ez zaitzala menpera zorigaitzak! Izan eraman oneko! Zoaz uraren aldera! Utzi zure burua halabeharrari! Ez jarri zure bizia halabeharrak sortu dituen olatuekin buruz-buru!

        Ai, hau negarra! Galdua da aberria. Galduak ditut semealabak eta senarra! Gainbehera etorri dira nere arbasoen altxorra eta izen ona! Zer dut isildu beharrekorik? Zer esatekorik? Zergatik edo norengatik isuri malkoak? Dohakabea ni! Oinazeak nagitu ditu nere soin-atalak eta ohe gogorrean etzan erazi nau!

        Ai, nere burua, nere muinak eta saihets aldeak! Nere gorputz nekatua mugitu egin nahi nuke, atseden bila; amairik gabeko negar-zotinari eman nahi nioke intzirika. Abesti bakar hau besterik ez dute dohakabeek, oinaze artean.

        A, xirula-hotsez eta abesti gorrotagarriz, itsaso gorrian zehar eta Greziako kai eder batetik beste, arraunketan honeraino iritsi zineten branka zorrozdun txalupok! Troiako izpazterrean gelditu zarete orain. Ejiptoarrek beren arteaz eginiko lokarri bihurriz loturik zaudete. Eta, zer dela eta guzti hori? Honetarako: Kastorren lotsakizun eta Eurotasen desohoretzaile hori, Menelaoren maitale gorrotagarria hori, alegia, askatzearren!

        A, Helena! Berrogeitamar seme-alaben aitarea, Priamoren eraile hori! Nere gaitz guztien sorburu hori!

        Errukarria ni; Agamenonen kanpainadenda aurrean eseri beharko dut! Zaharturik eta lutoz burua soildurik, esklabu naramate.

        Ai, troiarren emazte dohakabeok! Inoiz ere senarrik izango ez duzuten birjinok! Kea dario Troiari! Egin dezagun negar!

        Bere umetxoeri txiuka ari zaien hegaztiaren antzera, neuk ekingo diot kantauri zuen izenean. Baina ez antzina bezala: Priamoren makilan tinkaturik eta urratsak tinko ematen nituelarik, jainkoen gurtzarako abesbatzen buru bezala abesten nuenean eran, ez.

 

 

III. Agerraldia

 

HEKUBA ETA ATXILOTUEN KORUA.

 

I KORUA: (Kanpainadendatik irtenaz). Zer adierazi nahi ote dute mintzo horiek, Hekuba? Zer berri duzu? Etxolatik entzun ditugu zure intziriak, bularra pitzarazi diguten negar-zotinak. Beldurra sartu da, etxoletan negarrez dauden emakume esklabu horien bihotzetan.

HEKUBA: Ene alabok! Horra, greziar itsasontzien arraunak; eskuetan dituzte arraunlariek. Itzultzera doaz.

I KORUA: A!... Zer nahi ote dute? Aldendu egingo ote gaituzte geure aberretik, itsasoan zehar?

HEKUBA: Nork jakin? Okerrenaren susmoa dut, ordea.

I KORUA: A troiar emakume dohakabeak! Irten eta ikus, gainera datorkigun zorigaitza. Itzultzera doaz greziarrak!

HEKUBA: Ez dadila irten, arren, nere alaba Kasandra! Eduki ezazue hor, greziarren aurrean gure lotsakizun gerta ez dadin, amets zoroetan dago eta. A, Troia dohakabea! Zureak egin du! Herioaren eta atzerriaren bidez utzi gaituztenekin batera galdu zara zu ere!

II KORUA: (Dardarti datoz etxoletatik). Errukaria ni! Greziarrek garbituko ote gaituzten ala beren etxeruntz arraunka eramango ote gaituzten beldurrez gatoz.

HEKUBA: A, ene alabak! Egun sentirik nauzue hemen; barnemin izugarria nabaitzen bait nuen bihotzean.

II KORUA: Iritsi al da danaotarren albisterik! Noren esklabu izango ote gara?

HEKUBA: Laster erabakiko da zuen zoria.

II KORUA: Errukaria ni! Zein argostarren edo zein frijiarren edo nongo ugarteko zeinek eramango ote nau, Troiatik urrun?

HEKUBA: Eta ni? Andere zahar hau, herioaren irudi triste hau, zein nagusiren esklabu egingo ote naute? Atezain ala umezain beharko ote dut? Lanbide hori izango du, Troiak gurtzarik nagusienak eskaintzen zizkion honek!

 

(Elkargana bitez koru biak.)

 

KORUA: Ai, ai!... Zeabat malko isurarazten dizun zeure ezbeharrak? Ida-oihaletan hari margo-anizdunak ehotzeko ez diogu eragingo gehiago anizkariari. Azken aldiz ikusten dugu gure gurasoen bizilekua! Nahigabe gorriagoak ere jasan beharrean izango gara! Greziarren batekin oheratzera behartuko ote al gaituzte? Madarikatua mila bider, hori gertatuko zaigun gaua. Edota, Pireoko iturri sakratura ur bila joan beharrean izango ote gara, esklaburik apalena bezala?

        A, Teseoko lurralde ospetsu eta zoriontsura joango bagina! Helena jainkosa gorrotagarriaren bizilekua bederen, Eurotasko olaturik, alegia, inoiz ez dezagula ikusi! Troia desegin zuen Menelaoren esklabu beharko bait genuke han.

        Aditzea dugunez, bada Peneo ibaiak ezetzen duen lurralde emankor bat. Hantxe omen dago Olinpo, aberastasun eta uzta ugariz inguratua. Eraman gaitzatela hara, arren, Teseo sakratura joaterik ez badugu!

        Ba omen da beste lurralde sakratu bat ere: Siziliako mendien ama den Feniziaren aurrean omen daude Etnea eta Efestoko lurralde bikainak. Urrundik nabaritzen omen da haien handitasuna.

        Ibairik ederrena den Kratisek ezkotzen duen lurraldea ere hurbil dago, Joniko itsasoan zehar joanaz. Ile gorria dakarte ibai hartako ur miresgarriek; gizon kementsuak sortzen dituen lur aberatsa da. Baina, horra; lasterka dator greziar gudarien mezularia; guretzat albiste berriren batekin dator. Zer ote dakar? Zer ote dio? Greziako esklabu gara, jadanik!

 

 

IV. Agerraldia

 

HEKUBA, TALTIBIO ETA ATXILOTUEN KORUA.

 

TALTIBIO: Ezaguna nauzu noski, Hekuba, Troiara maiz etorri izan naizelarik, Akaiako gudaloztearen mezulari bezala. Lagun zaharrak gara, andere. Taltibio naiz eta mezu ofizial batekin etorri natzaizu.

HEKUBA: Iritsi da, aspaldidanik beldurrez itxaron nuena, troiar adiskideok!

TALTIBIO: Egina da zuen zozketa. Egina da, zuek hainbat izuerazten zaituzten banaketa.

HEKUBA: Ai!... Tesaliako, Pitiako edo Kasmeoko zein hirietara eramango ote gaituzte?

TALTIBIO: Nagusi bana izango duzue, halabeharrez. Nagusi baten menpean etzerate izango guztiok.

HEKUBA: Norenak izango ote gara? Nork izango ote dugu etorkizun onik?

TALTIBIO: Esango dizuet. Baina, banakako galderak nahi ditut.

HEKUBA: Ongi da. Norentzat izango da Kasandra, nere alaba gaisoa?

TALTIBIO: Agamenonek hautatu du beretzat, gudabilkinaren zati bezala.

HEKUBA: Espartako emakume horren esklabu izango da, beraz?

TALTIBIO: Ez. Isilkako ezkontza baten bitartez bereganatuko du nagusiak.

HEKUBA: Dohakabea, urrezko iledun Febo jainkoak bere jauretxeko hautatu eta birjina izateko eskubidea izan zuen hori!

TALTIBIO: Azti gazte horretaz maitemindu da, bada, nere jauna.

HEKUBA: Ene alaba! Jaurt itzazu giltza sakratuak eta bilustu zure gorputza, apaingarri dituzun xingola santuak erantziaz.

TALTIBIO: Ez ote aintzagarria, erregearen ohe-laguna izatea?

HEKUBA: Eta beste alaba? Oraindik orain besoetatik kendu zenidan alaba, non da?

TALTIBIO: Zein alaba? Polixenataz ari al zara, agian?

HEKUBA: Ber-bera, bai. Non da Polixena?

TALTIBIO: Akilesen hilobirako zerbitzari hautatua izan da.

HEKUBA: Hilobi baten mirabetzarako jaio ote zen nigandik? Zer adierazpen dute greziarren arau eta ohitura horiek?

TALTIBIO: Zoriontsu izango da zure alaba, etorkizun ona duelarik.

HEKUBA: Zer diozu? Eguzkiaren argirik ikusiko al du?

TALTIBIO: Poztu zaitezke; gaitz guztien aurkako abaroa izango du.

HEKUBA: Eta Hektor, brontzezko gudariaren emazte Andromaka norentzat izango da?

TALTIBIO: Akilesen semeak bautatu du beretzat, gudabilkin bezala.

HEKUBA: Eta ni? Noren mirabe izango ote naiz, ibiltzeko hiru hanka behar ditudan hau? Urteen zamak makurturiko soina esku-makilean tinkatzen dudan hau?

TALTIBIO: Ulises izango da zure nagusia; bere esklabu izango zara.

HEKUBA: Dohakabea ni!... Zigort dezadan nere buru soildua, eta masailak atzamartu! Izakirik gorrotagarrienaren, mamurik gaiztoenaren, gizonik gezurtienaren eta besteren iritzi zuzenak okertzen dituenaren esklabu izatera narama zoriak. Pakea zen baratzan gorrotoa ereiten duenaren esklabu, hain zuzen.

        Egizue negar, troiar emakumeok! Iritsi da nere azken negargarria. Gainean dut heriotza. Etorkizunik izugarrienera noa!

KORUA: O, erregina!... Badakizu nora zaramaten. Guk, berriz, zein gudari etsai izango ote dugu nagusi?

TALTIBIO: Gudariok: ekar iezaidazute berehala Kasandra. Ahalik lehenen eraman behar diot Agamenon erregeari; gero eramango ditugu atxilotu guztiak heuren nagusiengana. Baina... zer da kanpainadendetako sugar hori? Heuren buruak kiskali nahiago al dute emakume hoiek, Argosera joan baino? Bizia baino maiteago ote dute askatasuna? Zabaldu, ireki ateak!, beroien erabakia greziarrentzat kaltegarria izan ez dadin, neure erruz.

HEKUBA: Ez da horrelakorik. Ez dira erretzen ari. Nere alaba Kasandra da. Bere amets zoro eta, aztikeriazko larri-aldiaren eraginaz dator honuntz.

 

 

V. Agerraldia

 

TALTIBIO, HEKUBA, KASANDRA ETA ATXILOTUEN KORUA

 

KASANDRA: Jaso! Ekar ezazu! Nik daramat argia. Nik santutzen dut iauretxea, suziri honen dizdiraz! Begira, begira!

        O, Himeneo, eztaien jainko, Himeneo erregea! Zoriontsua bedi senarra! Zoriontsua ni, Argosko erregearen ohean etzateko hautatua izan naizen hau! (Himeneo, o Himeneo erregea!)

        Eta zuk, ama, nere aitaren heriotzak eta nere aberri kutunak malko-iturri bihurtu zaituzten horrek, begira nola daramadan suziri hau! Zure omenez, Hekuba, eta eztaien erregea den Himeneoren omenez dizdiratazten dut; birjinen eztaietan zure argia zabal dezazun.

 

ANTISTROFA: (Abestuaz)

        Jaso goruntz zure oina eta gida ezazu korua. Poztu zaitez!, nere aita bizi zeneko egunik zoriontsuenetan bezala. Gida ezazu zerorrek, Febo, koru santu hau! Zure iauretxeko serora naiz, eta zure garaipenez jantzia nago. O, Himeneo, Himeneo! Zatoz zu ere korura, ama; atsegindu itzazu zure oinak dantzan, biraka eta biraka! Astindu zure oinak nerekin batera. Ase zaitez nere zorionez! Abest iezaiozue emazteari, eresi eta dehadar alaiez. Aurrera, troiar gazteok!

        Apaindu eta goretsi, eztai ostean bere ohera eramango nauen senarra!

KORUA: Hekuba! Eutsi zure alaba zoroari, bere dantza hortan Argosko gudariengana ihes egin ez dezan.

HEKUBA: O, Hefesto: zuk eraman ohi duzu suziria gure jaietan eta eztaietan. Ankerregia da, ordea, orain piztarazi duzun sugarra. Honelako egun zoriontsurik izango dugunaren itxaropenik bai ote dugu?

        Hau zorigaitza! Hork pentsa, ene alaba, etsaien ezpata eta lantza artean ospatuko zenituenik zure eztaiak?

        Emaidazu suziri hori! Ez zenezaioke zutik eutsi, zure zoramen eta lasterka larrian. Galdua duzu burua, zure zoramer hortan ere. Zoramen mistiku bateatan zaude, oraindik.

 

(Bere zerbitzarieri emango die suziria, etxolan gorde dezaten.)

 

        Suzirik ez, troiar emakumeok!. Eraman hemendik! Negarra izan behar du eztai-eresi horren erantzuna.

KASANDRA: Ama, iezaidazu garaileen koroa! Ospatu, erregearekiko nere eztaiak. Eraman nazazu lorrean beregana, bestela nahi ez badut. Zin dagizut, ama, Akaiako Agamenon erregea eta ni ezkontzeak, Helenaren ezkontzak baino ondoren galgarriagoa izango duela. Bizia kenduz eta bere etxea hondatuz ordainduko diot nere aitaren eta anaien heriotza. Begien aurrean dut, oraino izango dugun zenbait ezbehar ere; nagon isilik, ordea.

        Haizkora zorrotzez mostuko dute nere zintzurra eta nerea izango den Agamenonena. Gurasoen aurkako borrokarik ere sortaraziko du nere ezkontzak. Hondamen izugarria dator atreotarren etxeetara. Ez dut esango besterik. Ez ahaz, ordea, Greziak inoiz izan ez duen handitasuna duela Troiak, eta hau egiztatzeko, oraintxe bertan esnatuko naiz nere amets zorotik, bamean daramadan jainkoak menperatua banauka ere.

        Milaka greziarrek galdu dute bizia, emakume bakar baten maitakeria dela eta; Helenarena alegia. Greziarren gudalburua jakintsua eta zuhurra omen zelarik, halere Artemisa jainkosaren nahiak onartu zituen, gehiena maite behar zuen alaba, etxeko alaigarria zen alaba erailtzeko gai izan zen. Bere anaiagatik sakrifikatu zuen alaba, emagaldu baten itzulera lortzearren. Bere gogoz joan zen Helena Paris ebaslearekin. Inork ez zuen hortara behartu.

        Lur-jo eta hil egiten dira gizonak, han Eskamandroren urbazterretan. Zergatik ote? Beraien lurraldeko mugak eta hirien harresiak defendatzearren ez, behintzat. Ares gudajainkoaren eskuetan utzi zuten bizia, dohakabeek. Ez dute ikusiko-inoiz seme-alabarik, Beren senarren hilotzak lurperatzerik ez dute izango emazteak. Atzerrian gelditudo dira gorputzak, betirako.

        Berdintsuak dira beren etxeko zorigaitzak ere. Alargun hiltzen dira emakumeak, bere hilobia zainduko duen semerik ez du izango ama zaharrak.

        Bai goresgarria izan dela bidaldi hau. Nagon isilik, ordea. Goi-argiz argiturik banago ere, greziarren erasaldi ongarriak eta ekintza burutsuak goresten ez dut jarraitu nahi.

        Troiarrek, berriz, osperik ederrena lortu zuten, beren aberriaren alde bizia emanaz. Hauen gorputzak behintzat, beren adiskideek eraman zituzten etxera, eta arbasoen herrian lurperatu zituzten, errukitsu.

        Borroka haietatik bizirik ateratzen ziren troiarrak, etxe-giro samur batetan bizi ohi ziren, emazte eta seme-alabekin. Greziarrek ez zuten honelako zorionik.

        Zuretzat oroimenik mingarriena den Hektorri dagokionez, bere ausardiari esker izen ospetsu bat lortu zuenik ez zenezake uka. Greziarren etorrerazi zor zion izen hura. Eskutuan geldituko zen Hektorren izena, greziarrak etorri ez baziren. Ezezaguna izango zen elkargo hura, Paris Zeusen alabarekin eskondu ez bazen.

        Gizon burutsu batek ez dezake gerrarik onartu. Gerra nahi eta nahiezkoa balitz, ordea, aberriaren alde bizia eskaintzea da ospagarriena. Zorakeria eta oilokeria da, berriz, handitasunezko sorbururik gabeko gerran hiltzea.

        Ez gehiago negarrik, ama, zure aberriagatik eta nere ezkontzagatik. Gu biok gorrotatzen ditugunen hondamena izango da nere ezkontza.

KORUA: Zeinen atsegingarri dituzun zerorren ezbeharrak! Nola poztutzen zaran, agian egundo gertatuko ez diran gauzak iragartzen dituen abestiarekin!...

TALTIBIO: Amets zoroak sortarazi, eta burua nahastuko ez balizu Apolok, zerorren kaltetarako zenituzke iragarpen horiek, nere agintariak abiatzera doazen une honetan.

        Ikusten dudanez, ordea, «hadizki» hoiek, majestate eta zuhurtasun oroz hornituak diralarik, gu baino kaxkarragoak dira.

        Honela, zoro ametslari hau hautatu du emaztetzat, Greziako biltzar-buru den Atreoren semeak. Nik, arloteena naizen honek, ez nuke nahi horrelako emazterik neretzat. Bainan, amets zoroetan nahastua zaudelarik, eraman bitza haizeak zure arjiatarrenganako irainak, eta frijiarrenganako gorespenak. Bagoazke itsasontzira, gure gudalburuaren emazte-gai ederra! Hekuba; zu berriz, Laertesen seme Ulisesek aginduko duen bezain laster abia beharko duzu. Andere zintzo baten mirabe izango zara, Iliostik etorri diran gudariek adierazi dutenez.

KASANDRA: Harrigarria da morroi hau! Nola izan ote daiteke mezularia, honelako gizon arlote bat?. Ulisesen jauregira joango dela nere ama, diozu. Non dira bada, Apolok neri eginiko eskeintzak, nere ama hemen hilko zela esanaz? Sinismenik ez al duzu jainkoagan? Ez zaitut gehiago iraindu nahi, baina. Nolako nekaldiak datozkion baleki, Ulisesek!

        Urrezkoak irudituko zaizkio nere ezbeharrak eta troiarrenak, bereak jasango dituenean! Hamar urte beharko ditu bere aberrira iristen, hemen eman dituenez gainera! Karibdis izugarriaren bizileku den itsas-zintzur harkaitsua zeharkatu beharko du. Eta, giza-haragiz bazkatzen den Ziklopea aurkituko du mendian. Itsasoan galdu direnak zerri bihurtzen dituen Zirze ere hantxe aurkituko du. Jasan beharko ditu itsaso gaziaren ekaitzak eta loto landarearen erakarpena. Mintzo gogorrez mintzatuko zaio Helios, eta hango behi sakratuen haragia jan beharko du. Eta, azkenik, Hadesera jetxi eta itsasoko olatueri ihes eginaz etxera iristean, ezin konta ahala zorigaitz aurkituko du.

        Bainan, zergaitik zenbatu, banaka banaka, Ulisesek jasango dituen ezbehar guztiak? Infernuan elkartu nahi nuke, jadanik, neure senar-gaiarekin. Argirik gabeko- hilobi iluna izango duzu. Zoriontsu zara, itxuraz, greziarren agintaririk nagusien hori! Nere gorputz hilotz eta bilutsa amildua izango dela badakit; eta landetako piztien bazkari izango dela ere badakit.

        Agur, jainko kutunenaren apaingarriok! Utzi ditut, antzina dizdiratsu agertzen nintzen jaierak! Eten egiten zaituet nere gorputzetik, oraindik garbi dagoelarik. Aldagoiari eskeintzen dizkiot nere pitxiak, zuregana eraman ditzan.

        O, iragarle nagusi! Non ote, nere nagusi berri gorrotagarriaren itsasontzia? Non itsasoratuko ote naiz? Zain ezazu, arretaz, ontzioihalen haizea, nerekin daramazu hiru haserretariko bat, alderdi hauetatik.

        Agur, ene ama! Ez gehiago negarrik! O, aberri maite!, eta betirako lurpean zaudeten senideok! Eta zu, bizia eman zenigun aita! Laster nauzue zuekin. Gure galtzaile atridatarren sortetxea hondatu nahi dut lehenen, garaile itzuli nadin hildakoen etxera.

 

 

VI. Agerraldia

 

HEKUBA ETA ATXILOTUEN KORUA

 

KORUA: Hekuba zaharraren zerbitzariok!, ez al duzute ikusten hitzik gabe herori dela lurrera zuen erregina?

HEKUBA: Utzi, utzi nazazute honela! Gogozko ez den maitasuna, ez da maitasuna. Utzi nazazute lurrean. Lehengo, oraingo eta geroko nere zorigaitzeri dagokien egokera da eta.

        O, jainko! Bilau eta etsai agertzen zatzazkidala badakit. Baina, jainkoengana bihurtu behar, ala ere, zorigaitzak minberatzen gaituenean. Oraindik orain atseginez asetzen ninduan guzti hura gogoratzen hasiko natzaizue, gaurko nere ezbeharrak erruki gehiago sortaraz dezan.

        Erregina nintzen, erregearen emaztea nintzelarik. Besterik ez bezalako semealabak izan nituen beregandik; ez asko zirelako soilki, onenak zirelako baizik. Ez da emakume Troian, Grezian eta beste edozein lurraldeetan, seme-alabak mundura ekartzeak ni baino gehiago arrotu dezakeenik. Banan banan ikusi ditut hiltzen, greziarren lantzaz. Heuren hilobiaren gainean moztu dut nere mototsa, lutozko seinale bezala.

        Sendi honen enborra zen Priamoren heriotzak ere isurarazi dit malkorik. Neronen begin ikus ahal izan bait nuen, etxapeko su sakratuaren ondora herortzen, lepoa mozturik, Troia herraustua izan zen egun berean. Nere alabak berriz, goen mailako gizoneri emazte izateko hezi nituen neskatxak, edonori emanak izan dira, nere besoetatik lapurturik. Eta, egundo ikusiko nauten itxaropenik ez dut, ez eta neronek ikusiko ditudanarekin. Azkenik, esklabu bezala eramate hau izango da nere gaitz guztien gailurra. Agian, neretzat astunegiak diren lanak egin beharko ditut, nere zahartzaroan. Ni, Hektor handiaren ama naizen hau, etxeko ate eta giltzazaina izango naiz; edota, origina oretu beharko dut. Lur gorria izango da nere bizkar nekatua etzango den ohea, lehen erregearen ohean etzaten bazen ere, urteetan zama astunak makurrerazi duten soin zahar hau, berriz, zarpail zaharrez estaliko dut. Hauek izango dira nere gainberakadaren ikur nabarmenak.

        A, dohakabea ni! Zenbat gaitz jasan dut, eta jasan beharko oraindik, emakume bakar bat, Helena ezkondu zelako.

        O, ene alaba Kasandra! Zure amets zoroetan jainkoekin hitzegiten zenuen hori... Zer esan genezake, zure birjintasuna galtzera eraman zaituen zoritxar horretaz? Eta zu, Polixena errukarria hori... non zera? Nigandik hainbat seme-alaba jaioak diralarik ere, bakar bat ere,ez dut orain alboan, nere ezina arindu dezan.

        Zergaitik jaso, nahi nauzute beraz? Zer itxaro duzute? Gida itzazute nere oinak, lehen handikiro Troian tinka ohi ziran eta gaur esklabu batenak diran oinak. Eraman nazazute, atsedeteko lasto mordo bat eta burua etzateko harri bat izan dezakedan lekura.

        Inor ez da zoriontsu heriotza arte, zoriak gehienbat lagundu dienen artean ere.

KORUA: (ESTROFA). O, goiz-argi; kanta iezaizu Ilioni! Bidali goruntz, negarrezko abesti berri bat, abestu hildakoeri. Abestu, bai, Troiaren zorigaitzak eragiten digun negar-abestia. Troia herraustu duen eta gu esklabu bihurtu gaituen lau gurpildun asmakari miresgarria horretaz mintzatuko gara. Bere zarata izugarriaz lurra pitzatu nahirik bezala, eta gudariz beterik, argostarrek gure etxaurrean utzi zuten urrez apainduriko zalditaz mintzatuko gara.

        Dehadar egin zuten gure eztarriek, gazteluko haitzean zutik geundelarik: «Goazen lasterka; ez dugu etsairik inguruan». Ekar honera zurezko sasi-jainko hori, Zeusen alaba Ilioni eskain diezaiogun! Neskatx eta agure zahar guztiak irten ziran etxeetatik. Abesti alaiekin hartu genuen hirian asmakari izugarria hura, zorigaiztoko maltzurkeria besterik ez zelarik.

 

ANTISTROFA:

        Arin irten ziran frijiatarrak beren atarietara. Greziarren asmakari hura ikusi nahi zuten, Dardania herraustearren, inguruko basoetako pinuz eginiko tresna hura hain zuzen. Jainkosa birjin eta hilezkorrari eskainiko ziotela, zioten, opari bezala. Gero, sabel ilundun txalupa itsaso hasarretik ateratzeko lotzen den bezala, lokarri sendoz loturik eraman zuten Palas jainkosaren iauretxeruntz, gureen odol ugariz gorrituko zen haitz hartaraino. Pozezko abestiak jailkitzen zituzten birjinek, eres-neurri eztiaren araberan dantzatuz. Jai-giro dizdiratsuaren argitasunak itzaldu zuen etxeetako suaren argizpi motela, eta lotara joan ziren guztiak.

 

EDOPOA:

        Zeusen alaba zen mendietako birjinari abesten ari ziran gure koruak, bere jauretxean.

        Hain zuzen, orduantxe zabaldu zen hirian herioaren dehadarra. Amaren soinekoari eusten zioten umetxoak, izuturik. Ares (guda-jainkoa) ere irten zen bere harzulotik. Amaitzen ari zen bere lana, Palas. Aldareen inguruetara herortzen ziran troiar buru-moztuak.

 

 

VII. Agerraldia

 

HEKUBA, ANDROMAKA ETA KORUA

 

KORUA: Begira, Hekuba: atzerritarren gurdian daramate Andromaka. Bere altzoan kulunkatuaz darama Astianax, Hektorren semea. Noruntz daramate, ordea, Hektorren harmak eta Frijian lapurturiko guda-harrapakinak daramatzen gurdi hortan eserita? Guda-sarihoriekin apainduko ditu Akilesen semeak Iftiako iauretxeak, Troiatik itzultzen denean.

ANDROMAKA: Nere jaun eta jabe egin diran greziarrek naramate.

HEKUBA: Hau ezbeharra!

ANDROMAKA: Zergatik negar egin?...

HEKUBA: Ai, ai!...

ANDROMAKA: ... nere zorigaitzagatik?

HEKUBA: O, Zeus!

ANDROMAKA: Nire ezbeharragatik.

HEKUBA: Ene umeok!

ANDROMAKA: ...hala ginen, garai batetan...

HEKUBA: Galdua da nere zoriona! Galdua da Troia!

ANDROMAKA: Hau barne-mina!.

HEKUBA: ...Galduak nere ondorengo ospetsuak!

ANDROMAKA: Ai!... Egigun negar!...

HEKUBA: Negar, bai, ene zoriagatik!...

ANDROMAKA: ...gogorragatik!...

HEKUBA: Azken mingarria!...

ANDROMAKA: Nere hiriarena!...

HEKUBA: Ketan daude herrautsak!...

ANDROMAKA: Zatozkit, ene senar, zatozkit!

HEKUBA: Dohakabea!... Nere semeari deika ari zara, Hadesen delarik.

ANDROMAKA: Zure lagun hau babestera!

HEKUBA: Eta zu, greziarren martiri!...

ANDROMAKA: Nere senarraren aita, Priamo agurgarri!...

HEKUBA: Hil nadila Hadesen, zurekin batera!...

ANDROMAKA: Zuzena da zure asmoa...

HEKUBA: ...gure naigabearen sakona bezain zuzena!...

ANDROMAKA: Hila da gure hiria!...

HEKUBA: Oinazea, oinazearen gainean! Sakontzen ari zait barneko zauria...

ANDROMAKA: ...jainko hasarreen eraginez. Zure semeak herioari ihes egin ziolako.

        Maitale gorrotagarri bategatik lur-joarazi die Troiako gaztelu lerden eta handiari. Palasen oinetan daude pilatuak hilotz odolduak, putreen bazkaritarako.

HEKUBA: Aberri atsekabetua!

ANDROMAKA: Negarti nauka zu utzi beharrak!

HEKUBA: Begien aurrean duzu zure azkenaren garratza!

ANDROMAKA: ...eta nere haurren jaiotetxea utzi beharrak!

HEKUBA: Ai, ene umeok! Zuekin batera izan nahi luke zuen amak, hiri huts honetan.

        Zenbat, zotin, zenbat soineko beltz eta zenbat negar dakarkiguten galduak ditugun etxeek! Hildakoek behintzat, ahaztu dituzte heuren oinazeak; ez dute isuriko malkorik.

KORUA: Zeinen atsarte eztia aurkitzen duten dohakabeek beren malko, negar eta oinazezko abestietan!

ANDROMAKA: O, ... aintzina hainbat greziar lantzaz josi zituen gudariaren ama! O, Hektorren ama: ikus guzti hau!

HEKUBA: Ikusten dut bai, ezerez zirenak, ezerezera jasotzen dituzte jainkoek, eta lurperatu, berriz, ausarta ziranak.

ANDROMAKA: Nere semetxoarekin noa. Gudabilkin bezala goaz biok. Esklabu gara gaur, ospetsu jaio ginelarik.

HEKUBA: Garratza da etorkizuna. Baina, noren laguntza itxaron genezake? Oraintxe daramate urrutira, bortxaz kendu didaten alaba Kasandra.

ANDROMAKA: Ai!... Hain zuzen, beste Ajax bat izan du etsai zure alabak, bigarren aldiz. Beste nahigaberik ere baduzu, ordea.

HEKUBA: Bai. Neurririk eta kopururik gabe, gainera. Eten gabe datozkit gaitzak.

ANDROMAKA: Akilesen hilobi ondoan dago zure alaba Polixena, bizirik gabe, hilotz baten opari.

HEKUBA: A!... Ze naigabea!... Hori da, Taltibiok hitz nahastuz eman digun mezu ulerkaitza. Orain ulertu dut.

ANDROMAKA: Neronek ikusi dut. Gurdia igo eta oihal batez estali dut, negarrez. Hilotz zegoen.

HEKUBA: Ene alaba!... O, erailketa ankerra! Gogorra izan da zure heriotza!

ANDROMAKA: Horrenak egin du, hila dago eta. Etorkizun pozgarriagoa eman dio heriotzak.

HEKUBA: Ez alaba; bizitza da pozgarria, ez heriotza. Hutsa da heriotza; bizia, berriz, itxaropena.

ANDROMAKA: O, ama! Bada hori baino arrazoi hobeagorik. Zure bihotza gozatuko duen zerbait esan nahi nizuke. Hila den hura eta janik jaio ez dena, berdinak dira. Eta nere ustez... oinazezko bizitza baino baliotsuagoa da heriotza. Sufri ahal daiteke, zentzu-izpirik ez denean. Zorionetik zorigaitzera herortzen denari, bi aldiz zigortuko dio bihotza, galdua duen zorionaren oroipenak. Hila da zure alaba, eta egundo argirik ikusi ez balu bezala dago orain, bere zorigaitza ezagutzeko astirik izan ez duelarik. Nik, berriz, nere senarraren etxean zorionaren gailurreraino iritsi-nintzen honek, zorion-egarri handiago bat besterik ez dut lortu. Emakume ezkonduaren birtute bat omen da etxekoia izatea; izen onaren galgarria, berriz, etxetik at ibiltzea. Ni etxekoia nintzelarik, emakume mihi luzerik etzan niganatzen. Nere adimenak gidatzen zuen nere bizikera, isiltasunezko eta aurpegi gozozko izakerara ni eramanaz. Honela aurkitzen ninduen nere senarrak, etxeratzen zenean. Eta honelakoa izateak galdu nau, hain zuzen: jakin bait zuten greziarrek nolakoa nintzen.

        Beretzat hartu nahi ninduen Akilesen semeak, atxilotu ninduten bezain laster, eta orain, nere ahaideeri bizia kendu dienaren esklabu izango naiz.

        Diotenez, gau batez elkarrekin oheratzea aski omen da, izorratu duen gizonarenganako maitasuna gal dezan emakumeak. Nik ez, ordea. Nardagarria eta nazkagarria da, benetan, aspaldidaniko maitasuna ahazturik maitale berriaren besoetara doan emakumea.

        Zu zintudan, Hektor, nere senar kutuna! Jatortasunez, aberastasunez eta ausardi oroz hornitua zinen... Birjina nintzen, nere gurasoen etxetik atera ninduzunean, eta zuri eskaini nizun, lehenen, nere osotasunaren etzanlekua. Hilotz zara orain. Eta menpetasunaren uztarpean naramate ni, Greziaruntz.

        Polixenari baino kalte handiagoa ez ote dit neri ezarri, zuri negar eginarazten dizun heriotz horrek? Galdua dut, gizakiek gal dezaketen guztia. Neretzat egun hoberik izango denaren itzaropen faltsorik ez dut: hori sinestea atsegingarria nukeelarik ere.

HEKUBA: Egundo sartu ez banaiz ere itsasontzi horietara, beren margoak ikusi eta beroietaz esan didatena entzunik, badakit zer gerta daitekeen. Kementsu ari ohi dira marinelak, ekaitzari ihes egin nahirik, haizearen erasoa gogorregia ez denean: lemazain doa bat, haizeoiletan bestea eta ontzi barneko urak ateratzen hirugarrena. Aldagoiaren erasoa lehertzen denean, ordea, bertan-behera uzten dute guztia, besoak tolestatuz. Horixe bera egiten dut nik ere: jainkoen gaitz-erasoak ostikoperatzen nautenean; isilik ematen natzaie beraieri, Ene alaba!, ez zaitzala kezkatu Hektorren etorkizunak; ez bait dute berpiztuko zure negar-malkoek. Gurt ezazu zure nagusi berria, eta atsegindu ezazu harrera ona eginez.

        Hori eginaz alaituko dituzu zure adiskideak, eta laguntzarik baliotsuena eskainiko diozu Troiari nere semearen semea hazitzearekin; bere ondorengoek berreraikiko bait dute Ilion, eta gure hiria berpiztuko.

        A... Hitz hutsez poztutzen gara, ordea. Greziarren mezularia datorkigu berriro. Berri izugarriren bat ote dakar?

 

 

VIII. Agerraldia

 

TALTIBIO, ANDROMAKA, HEKUBA ETA ATXILOTUEN KORUA

 

TALTIBIO: Ez nazazu madarikatu, arren, Andromaka, Hektor troiar kementsuaren emazte zinen horrek! Ez natorkizu nere gogoz, greziarren eta peloponesotarren mezulari baizik.

ANDROMAKA: Zer dakartzu? Gaitz berriak adierazten ditu zure mintzoak.

TALTIBIO: Mezuak dionez,... zure semea... Nola esango nuke?

ANDROMAKA: Nagusi bana izango dugula al dio mezuak?

TALTIBIO: Ez du izango nagusi greziarrik, egundo.

ANDROMAKA: Troiarron azken odol-tantaraino isuri nahi al duzute?

TALTIBIO: Nola adierazi ere ez dakit zure ezbehar hori.

ANDROMAKA: Eskertzen dut zure bihotz-beratasuna, gure ezbeharrek minberatzen ez zaituela dakidalarik ere.

TALTIBIO: Hilotz nahi dute zure semea. Hauxe da zure oraingo ezbehar handia.

ANDROMAKA: Zer diozu? Ni berriro ezkontzea baino gogorragoa da hau.

TALTIBIO: Uliseren hitzak irabazi zuen greziarren artean esanaz...

ANDROMAKA: Hau oinazea! Behin eta berriro niregain erori da zoritxarra!

TALTIBIO: ... hain gudari handiaren semea hazitzea, ez zela komeni.

ANDROMAKA: Norberaren semeak direnean irabaz dezan iritzi horrek!

TALTIBIO: ... Troiako dorre-gailurretik behera botea izango dela bere gorputza. Ea! onartu gertatutakoak. Bide onena duzu, inon laguntzarik ez bait duzu aurkituko. Ondo pentsa: ez dira bizi zure aberria, zure senarra, beste agintapean zaude eta indartsuegiak gera gu andere bakar baten aurka borrokatzeko. Akaiako armada haserrarazten badugu zure hitzekin, hilobirik ez da izango haur honentzat inor ez da errukiko. Isiltasunean badaramazu heriotze hau, ez da lurperagabe geldituko eta zu berak zori onberagoa izango duzu.

ANDROMAKA: Ene seme kutuna! Ene altxor bakarra! Etsaien eskuetan utziko duzu bizia, zure ama dohakabea ere utzirik. Zure aitaren leinargitasunak erakarri dizu heriotza, beste askorentzat osasungarria izan bada ere. Zorigaitz bihurtu zaizkizu bere birtuteak. O, maitasun kaltegarria! Hektorrekin ezkondu eta bere jauregira sartu zinen egunean, Asiako erregea izango zen seme bat nahi zenuen, ez greziarren opari izango zena.

        Negartti al hago, seme? Usmatu al duk hire zorigaitza? Ez duk etorriko Hektor lurpetik hi salbatzera, lantzaz armaturik. Ez duk Troian hi babestuko hauen ahalmenik. Errukirik gabe, eta jauzka izugarria eraginez jaurtiko haute gailurretik; han emango dik azken arnasa hire gorputz autsiak.

        Azken aldiz, ene seme, musukatuko hau mundura ekarri hinduen amak. Azken aldiz besarkatzen haut.

        Greziar madarikatuok! Zergatik erail duzute haur gaiso hau? Eta zu, Tindareoren alaba Helena, nork esan du Zeusen alaba zarenik, aita askoren sorkaria zarelarik? Gaitzaren jainkoa lehenen, gorrotoarena, heriotzarena eta erailketarena dira zu hernarazi zinduten aitak; lurrean diran mamu guztiak, hain zuzen. Beti ukatuko dut Zeus zure aita denik, hainbat greziarren etsai galgarria zarenez. Hil zaitez, frijiarren zelai ospetsuetan bihotz-ikara besterik erein ez duzun hori!

        Eraman, bada, eraman haurtxo hori! Jaurti, eta jan bere haragia, nahi baduzute! Gure hondamena irrikatzen dute jainkoek. Galeraz ahal nezake, dohakabe honek, nere semearen heriotza?

        Ezkuta nere gorputz argala. Jaurti itsasontzira. Ezkontza zoriontsura noa, semea galdu dudalarik.

 

 

IX. Agerraldia

 

HEKUBA, ATXILOTUEN KORUA ETA TALTIBIO

 

KORUA: Troia dohakabea! Zenbat heriotza, emakume bakar bat eta ezkontza gorrotagarria dirala eta.

TALTIBIO: Goazen, haurtxo; heldu da, zure amaren altzo biguna utzi beharko duzun garaia. Zure arbasoen hiriko harresien babeslekuetara goaz. Hantxe izango da zure azkena, greziarren batzarre nagusiak erabaki duenez. Har ezazute!

        Bihotz gogorra behar da, honelako aginduen mezulari izateko... Ni bezalakoa ez behintzat.

 

(Bere gudarietatik aldendu egingo da Taltibio. Beste gudariek eraman dute haurra, lehen.)

 

 

X. Agerraldia

 

HEKUBA ETA ATXILOTUEN KORUA

 

HEKUBA: O, ene seme gizajoaren seme! Makurkeriaz lapurra digute zure bizia, zure amari eta neri. Zer egin nezake zure alde, dohakabe honek, ene burua eta bularra zigortzea besterik? Es dut beste ahalmenik. Zer itxaron genezake besterik? Lur-jo ahal genezake gehiago?

 

 

XI. Agerraldia

 

HEKUBA, ATXILOTUEN KORUA ETA MENELAO

 

(Gudariekin dator Menelao)

 

MENELAO: O, eguzkiaren argia! Bai ederra zure dizdira, nere emazte Helena berriro nereganatuko dudan egun honetan. Hona ni, Menelao, hainbat oztopo iragan ondoren. Hona, nerekin, Greziako gudaloztea ere.

        Emakume bategatik natorrela Troiaraino, uste dute askok. Baina ez. Gizon maltzur baten bila etorria naiz. Emaztea nere jauregitik ebatsi zidan gizon arrotzaren bila, alegia.

        Jainkoeri esker, jasan du bere zigorra gizon honek, eta berarekin batera erori da bere sorterria ere, gure gudarien lantzapean.

        Orain, nerekin eramango dut Lazedemoniako emakume hau. Nere emaztea zelarik, bere izena entzuterik ere ez dut nahi. Hortxe duzute, beste troiar esklabuekin batera. Nere esku utzi dute, hainbat borroka jasan ondoren harrapatu duten gudariek, bertan lantzaz jostea ala Argosera eramatea neronek erabaki dezadan. Nere itsasontzira sartu eta Troiatik Greziara eramatea erabaki dut. Nere adiskideek kenduko diote bizia, hara iristean. Honela ordainduko diote, Iliongo gerran galdu dituzten ahaideen heriotza. Gudariok: ekar iezaidazue, hainbat odolez kutsuturiko motots hortatik lorrean. Aldeko haizea irtetean eramango dugu Greziaruntz.

HEKUBA: O, Zeus! Ludiaren oinarri izanik, lurra bera bizileku duzun hori, eta edonor zarelarik gure adimenaren gainetik zauden hori! Nik gurtzen zaitut, izadiaren arau ulerkaitza edo gizonen asmakaria zarelarik ere, zuzen gidatzen bait dituzu gure arazoak, bidetxior okerretik.

MENELAO: Harrigarria benetan, entzun dizudan otoitz hori...

HEKUBA: Goresgarria da, Menelao, zure emazteari bizia kentzeko asmo hori. Zoaz iheska, ordea, hura ikustean, bere maitasunaren sareetan heror ez zadin. Lausotu egin ohi ditu gizonen begiak, etxeak sutu eta sendiak galdu. Zoramen hutsa da; ondotxo ezagutzen dugu zuk eta nik, baita berak erail dituenak ere.

 

(Lorrean daramate Helena Menelaoren gudariek, eder eta apain jantzia agertuko da.)

 

 

XII. Agerraldia

 

HEKUBA, ATXILOTUEN KORUA, MENELAO ETA HELENA

 

HELENA: Hona, Menelao, ni izuarazteko hasera egokia. Lorrean nakarte zure gudariek, beren eskuak ezarriaz. Gorrotagarria natzaizula badakit, bidezkoa delarik. Baina, greziarrek eta zuk nere biziarekiko dituzuten asmoak jakiteko eskubidea ere badudala uste dut.

MENELAO: Ez dugu ezer pentsatu oraino. Iraindua neroni naizenez gero, nere esku utzi zaitu gudalozteak, bizia ken diezaizudan.

HELENA: Izango dut, noski, baimenik, nere heriotza bidagabekeria bat izango dela ager dezadan.

MENELAO: Ez naiz etorri berriketara, zuri heriotz-zigorra ematera baizik.

HEKUBA: Entzun iezaiozu, Menelao; defenda dezala bere burua. Nik erantzungo diot gero, zure baimenarekin. Horrek Troiari ezarri dizkion ezbehar guztien berririk ez duzu. Zitalkeria horietariko batzu zuri agertzea aski litzake, orain bertan eta errukirik gabe bizia ken diezaiozun.

MENELAO: Mintza dadila, mintza nahi badu..., alferrik izango du baina. Zuk eskatu didazulako utziko diot, andere. Baina, ez dezala uste eskubiderik duenik; edota, berari atsegin hori ematearren uzten diodanik.

HELENA: Ontzat edo txartzat har zenezazke nere arrazoiak; aditu ere ez didazu egin nahiko, agian, Zer erru ezarri nahi dizkidazun badakit, eta banan-banan erantzun nahi nieke.

        Emakume hori da gure gaitz guztien sorburu; haurdun zegoelarik, Troia sutuko suen suziria jaioko zela beregandik, egin zuen amets. Paris jaio zenean, etzioten bizia kendu nahi izan bere eskuz, honek eta bere senar Priamok. Morroi bati eman zioten haurra, eta Ida mendian hazi zuen morroiak, eta Alejandro izena eman. Han hiru jainkosatariko ederrena hautatzeko aukera eman zioten jainkoek, Parisi edo Alejandrori. Frijiako gudaloztearen buruzagitza eta Grezia menperatzea eskaini zizkion Palas jainkosak. Hera jainkosak, berriz, Argos eskaini zion, ederrena bezala hautatzen bazuen. Nere gorputz harrigarria eskaini zion Afroditak, beste bi jainkosak baino ederragotzat hartzen ba zuen. Afrodita hautatu zuen Parisek eta hautapen hark salbatu zuen Grezia. Galduak zineten gaur, garailea Palas izan balitz. Nere edertasunagatik saldu ninduten, eta laidoz bete naute gaur. Zu utzi eta beste gizon batekin zure jauregitik ihes egin nueneko hura ez dizudala aipatu, erantzungo didazu, agian. Ez ahaz, ordea, emakume horrengandik jaio zen deabru hura, delako Paris edo Alejandro hura, jainkosa batekin joan zitzaidanik. Eta, nerekin utzi zenuen gizon hura, zure etxean, zerorri itsasoak zehar Kretaruntz zindoazelarik. Non ote zegoen nere pentsamendua, nere aberria eta etxea utzirik, atzerritar harekin joan nintzenean?

        Zigort ezazu jainkosa, nahi baduzu; izan zaitez Zeus bera baino ahaltsuagoa; Afroditaren esklabu bait da Zeus, beste jainkoak baino ahaltsuagoa delarik ere. Barkatuko ote dit zure bihozperak?

        Paris hil zenez gero, jainkosak eraginik egin nuen elkartze hura hautsia zegoela, esango didazu; eta itsasertzean zeuden ontzietara aldegin behar nuela. Horixe egin nahi izan nuen bada. Dorreetan eta harresietan zeuden gudariak dira lekuko. Hamaika aldiz arrapatu ninduten, soka batetik zintzilik lurreruntz nindoalarik, nere gorputza harrieri ezarriaz ezkuta nahirik. Deifobok, nere gogoaren aurka hartu ninduen hark, ez nindun utzi nahi, bere lagun troiarrek hala nahi zutelarik ere.

        Zer arrazoi duzu bada, ene senar, neri bizia kentzeko?

        Parisekin ezkondu banintzen ere, jainkosa baten eraginez ezkondu nintzen; eta nere ezkontzak sortarazi zuen gerra hura irabaztea ere jainkoeri zor diezue. Eta orain, gorestu beharrean, esklabu egin nauzute.

        Zoroa zu, jainkoak baino handiagoa zarela uste baduzu!

KORUA: Mintza erregina, zure aberriaren eta seme-alaben alde! Apurtu bere arrazoiak! Zitala delarik ere, hitzlaria iaioa denik ezin uka! Beldugarria da bere hitzjarioa!

HEKUBA: Jainkosarekin bat egingo nahiz lehenen, eta esan duen guzia gezurra dela frogatuko dut. Hain burugabeak ote ziran Hera eta Palas birjinak? Burugabekeria bait da, hain zuzen ere, Argos atzerritarren eskuetan uztea, eta Atenas troiarren menpera bihurtaraztea, jolasteko asmoz igo ziran Idamendira, Parisen iritziz ederrena nor ote zen jakiteko asmoz, alegia. Zergatik nahi behar zuen Herak beste biak baino ederragoa izatea? Jainkoren bat irrikatzen ote zuen Palasek, birjina izateko eskubidea bere aitarengandik lortu zuelarik, eta ezkontzari gorroto nabarmena ziolarik? A, Helena: argala zarelarik, zorakeria ez ote da, jainkosak zure antzeko egin nahi izate hori? Hori sinestuko dizun gizakumerik ez da, zentzunez jantzia baldin bada behintzat. Afroditari dagokionez, berriz, bitxikeria ez dala, nere semea Menelaoren etxera eraman zuela zuk esatea? Ez ahal zitekeen jainkosa bera Olinpon gelditu, eta zerorri Troiara erakarri? Zu bihurtu zinen Afrodita, espirituz, nere semearen edertasuna ikustean. Zoramen lizun guztiak dira Afrodita, gizakientzat. Eta jainkosaren izenak berak ere horixe adierazten du: zoramena. Eta zuk, nere semea urrez hornituriko jazki arrotzez jantzia ikusten, zure lurraldean ohi ez diran jazkiak, alegia, haragi-irrika eta atsegin-egarria nabaitu zenitun zugan. Arlote eta erdipurdi bizi zinen Argosen, eta Menelaok eskaini ez zezakeen oparotasuna espero zenuen Troian. Ugari zerabilkiten hemen urrea, eta halaz ere, gutxietsi egin zenuen Menelaoren jauregia, zure handinahikeriazko gutizi neurri gabean.

        Esango ote duzu orain, nere semeak bortxaz ebatsi zinduenik? Nork entzun zituen zure dehadarrak Argosen eta Esparta osoan? Hantxe zeuden Kastor eta Polux, zure anai sasoitsuak, artean izar bihurtu gabeak.

        Iritsi zinen Troiara, baina zure atzetik zetozen greziarrak ere, eta orduantxe hasi zen lantza herio-ekarleen borroka. Menelaoren zurikatzaile izan ohi zinen, garaile zenean, nere semea atsekabetzearren. Geldo hutsa zen zuretzat Menelao. Bost ajola zuri, gizonen ausardia eta handitasuna... Zerbait irabaz zenezakeen lekuan sartzen zenuen sudurra, aldeko haizetan egan eginaz.

        Harresitik esekitzen zineneko sokak aipatzen dizkiguzu orain... Eta etzeundela hemen zeure gogoz, sinestarazi nahi diguzu. Ez al zen lokarririk edo aihotzik Troian? Ikusi ote zuen inork urkatzeko kibiztorik zure eskuetan? Edota, zure bularra zulatuko zuen aihotza zorrozten ari zinenik?

        Horixe da, bere senarra ahaztu ezin duen emazte bulartsuak egingo zuena.

        Sarritan esan ohi nizun hauxe ere: «Zoaz, ene alaba; berriro ere ezkonduko da nere semea. Neronek lagunduko dizut akaiarren itsasontzietara ihes egiten. Orduantxe amaituko da greziarren eta gure arteko borroka». Nere hitzak, ordea, garratzegiak ziran zuretzat. Parisen jauregian ase nahi zenun zure arrokeria, eta ugarteko biztanleen gurtza zureganatu. Eta oraindik ere, apaingarririk ederrenez jantzia zatozkigu, kanpainadenda horretatik. Lotsarik gabe begiratzen diozu, Menelaok begiratzen dion zeruari.

        A, emakume nazkagarria! Apal, zarpiluz jantzia, beldurrez dardarka eta burua soildurik agertu behar zenuen honera! Harrokeria baino egokiagoa litzaizuke apaltasuna, zure lehengo jokaera zitalaren ondoren.

        Laburki mintzatuko natzaizu, Menelao: ipin iezaiozu Greziari gorespen-koroa, emakume honi bizia kenduaz, zure izen onak eskatzen eta legeak agintzen duen bezala; erail, azpikeria egin dizun emakume hori!

KORUA: Arren, Menelao: izan zure arbasoen eta odolkideen ospegaltzaile. Zigortu zure emaztea. Ez zaitzatela oilotzat hartu Grezian, zure etsaien aurrean ausartena izan zaren hori!

MENELAO: Ados nago zurekin. Bere gogoz utzi zuen nere etxea, ohe lizun baten truk. Aitzakitarako aipatu du Afrodita. Zoaz, bizia kenduko dizutenen bila eta iragan itzazu, zuk ere, greziarrek iragan behar izan dituzten ezbeharrak. Zure heriotzak irakatsiko dizu nere izen ona ez loitzen.

HELENA: (Menelaoren oinetan ahozpetzen da.) Zure belauneri besarkatzen natzaie! Ez ezarri neri jainkoena den errurik; bizia nahi dut; barka, arren!

HEKUBA: Egingo ote diezu horrelako salkeriarik zure kideeri? ...bere erruz hil diran guztieri? Beraien eta nere seme-alaben izenean diozut: erail ezazu, arren!

MENELAO: Isilik, andere zahar! Guztiz arbuiagarria dut emakume hau. Gudariok: eramazute lorrean, Greziaruntz joango den itsasontzira.

 

 

XIII. Agerraldia

 

HEKUBA, MENELAO ETA ATXILOTUEN KORUA.

 

HEKUBA: Zure itsasontzira ez...!

MENELAO: Zergatik ez? Lehen baino astunagoa ote da orain?

HEKUBA: Egun bateko maitalea... maitale izan ohi da gero ere.

MENELAO: Maitasunari, maitasunarekin erantzuten zaionean bai. Baina, zuk nahi egingo da. Ez da joango nere ontzian. Aintzat hartzeko da zure aholkua.

        Argosera iritsiko den arteko bizia izango du. Bere bizitza bezain arlotea izango du heriotza ere.

        Horrela irakatsiko diezu beste emakumeeri beren birtutea zaintzen. Erraza ez dela badakit, baina zure odolkide lizunen izugarria izango da zure zigorra.

 

(Bere gudarietatik aldendu egingo da Menelao. Naigabetua dago berriro Hekuba. )

 

 

XIV. Agerraldia

 

ATXILOTUEN KORUA ETA HEKUBA.

 

KORUA: O, Zeus! Eman dizkiezu greziarrei zure tenploa, usain gozozko aldarea, opari-garra, eta aldareetatik goruntz irteten zen mirraren kea! Amaitu dira zuretzat opariak, koruak eta gorespen-abestiak. Jauna: zeruko zure jarlekuan zaudelarik, ikusten ote dituzu hemengo ezbehar guztiak, eta gure hiria herrausten ari den sugarraren dizdira?

        O, gure senar kutunok! Lurperatu gabeko hilotzen atsekabeetan barneratuak dabiltza zuen animak.

        Itsasontzi batek eramango gaitu, olatu apartsu eta nahasien artean, Argosko hirira. Hantxe daude negarrez gure haurrak, hiriaren ateetan, gure soinekoari eutsiaz eta dehadarka: «Errukarria ni, ama, greziarrek zugandik urrun eranzan nauten hau. Txalupa beltz batetan eramango gaitue, arraunka, Salaminara eta Peloponesko ateen zeindari den lur-adarrera.

 

ANTISTROFA:

        Menelaoren itsasontzia Ejeo itsasoan zehar joango denean, tximista sakratuaren gar izugarria heror dadila bere gainera, Troiatik urrun esklabu izan beharrak gure begiak malkoz gainezkatuko dituenean.

 

(Taltibio sartzen da. Astianaxen hilotza eta Hektorren eskudoa dakarzkite gudariek. )

 

 

XV. Agerraldia

 

HEKUBA, TALTIBIO ETA ATXILOTUEN KORUA.

 

KORUA: Orpoz-orpo datozkio herriari ezbeharrak eta zauriak. Ikus, troiar gudarien emazte atsekabetuok: Hila dakarte Astianax. Harresien gailurretik jaurti zuten, disko baten antzera. Bere hiltzaileek dakarte.

TALTIBIO: Hekuba: zai daukagu aitsasontzi bat, bere arraunlariekin. Akilesen seme Neptolemorena da ontzia eta Iftiako itsasertzera doa gudabilkina eramatera. Itsasoratu egin da bera, Peliasen seme Akestok Peleo egotzi duela jakitean, egozketa honen berria jakin bezain laster irten da. Berarekin joana da Andromaka ere. Negar egin dut neronek ere, intziri garratzez bere aberria eta Hektorren hilobia azken aldiz agurtzen ikusi dudanean.

        Hilobi bat eskatu dio Neptolemori, harresien ondoan leherturik gelditu den gorputz honentzat. Eta gu greziarrontzat hain beldurgarri izan den eskudo hori, ez dezala eraman bere bizileku berrira, hori ikuste hutsa ere samingarria bait litzateke Andromakarentzat. Eskudo hau izango da zure bilobaren hilarria, harrizko hilarrairen ordez. Zure besoetan utziko dut gorputza, ohialez eta koroaz apain dezagun. Joana da bere ama. Semetxoa lurperatzen ere ez dio utzi nagusiak, bere ezin-egonean. Gorputza apaindu eta hilobiratzen dugunean abiatuko gara.

        Buka lehenbailehen zuen eginkuzuna.

        Baretu nizun zure bihotz-mina, behingo batez, Eskamandro ibaian zehar nindoalarik, bere zauriak eta gorputza garbitu nizkionean.

        Bere atsedenleku izango den lur-zuloa egitera noa orain. Laster abia daiteke aberriruntz gure itsasontzia.

 

(Badoaz Taltibio eta gudariak.)

 

 

XVI. Agerraldia

 

HEKUBA ETA ATXILOTUEN KORUA.

 

HEKUBA: Hauxe da, hain zuzen, nere Hektorren eskudo biribila. Bai tristea eta mingarri zaidala zu laztandutzea.

        O, zeuron borrokaldietan atsegintzen zareten graziarrok! Arrokeriarako arrazoirik bai ote duzue, erailketa izugarri hau egin ondoren? Horrenbeste bildurtzen al zindueten haurtxo honek? Troia berreraiki zezakeenaren beldurra al zenuten? Alperrikakoak izan ziran Hektorren eta beste milaka gudarien eginahala guztiak. Galdua da gure hiria; eta zapalduak gaudelarik ere, haurtxo batek ikaratzen al zaitue? Ulerkaitza da benetan, arrazoirik gabeko zuen beldur hori. O, ene seme, ene seme kutuna!... Errukirik gabe astindu ditu herioak zure ateak... Zure aberriagatik hil bazina, zeure gaztearoaz, maitasunez eta jainkoekin berdintzen gaituen erregeahaltasunez atsegindurik, zoriontsu izango zinen, zorionik baldin bada, behintzat.

        Orain, hila zaudelarik, ez zenezake neurtu ontasun horien handitasuna. Zeureak zirenean ezin zenituen erabili... Zertarako etxean eduki, hain gaztea izanik ez bait zenuen ezer ulertzen!

        Ene seme ! Nere hilobia gurtu eta malkoak isurtzeko egokierarik ez duzu izan. Aberria eta seme-alabak galdu dituen hau negarrez dago, zure gorputza hilobiratuko dugunean. Zer idazburu idatz ote dezake olerkariak zure hilarrian? «Hemen dago, zioten beldurragatik greziarrek erail zuten haurra».

        Azkenik, besterik ezean, har ezazu zure aitak oinordekotzat uzten dizun brontzezko eskudo hau.

        O, Hektorren beso zaintsua babesten zenuen babeskia! Amaitu da zure eginkizuna! Uztaitxo honetan sartzen zuen bere besoa, eta bekokitik zerion izerdiz bustitzen zuen zure gaina.

        Emaidazue zerbait, arren, hilotz ttiki hau apain dezadan. Pitxi baliotsurik ez dugunez gero, dugunarekin apainduko zaitugu.

        Bai zoroa dela, zorion aldakor batetan atsegintzen den gizona. Gizonaren antzekoa da zori aldakorra: haruntz-honuntz dabil beti, leku batetan tinkatu gaberik.

 

(Hilotzarentzat jazkiak ekarriko dituzte emakumeak.)

 

        Asiako printzesa ospetsuenarekin ezkontzera bazoazke bezala jantziko zaitut, Frijiako soinekorik zoragarrienez.

KORUA: Dohakabea gu; bihotza pitzatzen digute zure hitzek. Erregerik ahaltsuena izango zindugun.

HEKUBA: Eta zuk, antzina Hektorren babeskia eta izkilu garaile zinen horrek, har ezazu koroe hau. Hila ez bazaude ere, hiltzea bezala da gorputz honi hilobira laguntzea. Ulises bihotzgogorra baino ospegarriagoa zara zu.

KORUA: Hau oinazea! Lurpera zoaz, haurtxo! Zure intziriek o ama...

HEKUBA: Ai, ene!...

KORUA: Abest bezate hildakoen abestia.

HEKUBA: Hau naigabea!...

KORUA: Nahigabea, bai!... Egundokoak dira zure zorigaitzak!

HEKUBA: Neronek estaliko ditut zure zauriak zapi hauekin, izenez sendagilea izanik, sendatu ezin zaitudan honek! Zure aitak sendatuko zaitu, hilerrira zoazenean.

KORUA: Zigort ezazu zure burua! Jaso arrauna zure eskuekin, eta eratxi bertzan-behera berriro. Dohakabea zu, Hekuba!

HEKUBA: O, emakume maiteok!

KORUA: Hitzegiguzu, arren, Hekuba! Zer adierazi nahi diguzu?

HEKUBA: Atsekabez josi gaitue jainkoek, eta Troia izan dute hiririk gorrotatuena. Alperrikakoak izan dira gure opariak. Lurraren sabelera sartu izan bagindute, ordea, olerkigairik ez zuten izango olerkariek, eta ez ginduea ezagutuko geroak.

        Zoazte, eta eraman hilobi tristera hilotz hori.

        Hildakoek, ordea, ez dute aintzat hartzen hiletarik. Bizi direnen harropuzkeria besterik ez dira hiletak.

 

(Gudariek daramazkite gorputza eta eskudoa.)

 

KORUA: Ama gaisoa! Zurekin batera erori da zure bizitzako itxaropenik ederrena! Ospe handikoen odoikide izateak poztu bazinduen ere, heriotz beldurgarri batek hondatu zaitu.

 

(Suzien dizdira urrutian.)

 

KORUA: Baina... zer da hori? Haruntz-honuntza dabiltza suziriak, Iliongo harresien gainetan! Ezbehar berria datorkio Troiari!

 

(Gudariekin dator Taltibio.)

 

 

XVII. Agerraldia

 

TALTIBIO, HEKUBA ETA ATXILOTUEN KORUA.

 

TALTIBIO: Sutu, jadanik, Priamoren hiria, eskuan duzuten suziriarekin! Sutu eta herraustu hiria! Lasai itzuliko gara orduan.

        Zuek, Troiako emakumeok, zoazte greziarren itsasontzietara, gudalburuen aginduz joko duten tronpetotsa entzungo duzutenean. Hori izango duzute irteraren adierazpena.

        Eta zu, emakumerik dohakabeena zaran andere zahar hori, zoaz gizon hoien atzetik; Ulisesek bidali ditu zure bila, eta bere esklabu izango zaitu, zure aberritik urrun.

HEKUBA: Hau mina! Igo naiz, nere nekaldiaren gailurreraino. Hemen uzten ditut nere lurra eta hiri herraustua! Joan dadin, bai, andere zahar hau; joan nadin, oinazezko urratsak emanaz. Azken agurra egingo diot nere hiriari. Sugar bihurtuko zara, eta gu berriz, esklabu.

        O, jainkook!... Baina, zertarako otoi egin jainkoeri, egundo entzun ez badidate? Goazen, bada, sugarretara! Bai ote da ederragorik, nere hiria herrausten ari den sugarretan erretzea baino?

 

(Taltibio jarriko zaio aurrean, lasterka doalarik.)

 

TALTIBIO: Haserre madarikatu batek zarama, dohakabe hori! Eramazue, baina ez zigortu. Eramazue Ulisesengana, bere esklabu denez gero.

 

(Gudariek geraraziko dute Hekuba. )

 

HEKUBA: Hau hotzikara! Kronosen seme, Frijiako jaun eta gure odolekoen aita!... Ez ote zaitu asaldutako gu dardanotarrok honela iraintzen ikusteak?

KORUA: Ez, ez; hiria herretzen ari dela ikusteak ere ez. Galdua da Troia! Hau zoragaitza! Kiskaltzen ari da Ilion! Sugarraren zurrunbilo izugarriak ezkuratu du gure aberria, goruntz doan kea haizeak ezkuratzen duen bezala. Hauxe da nere aberriaren azkena... Lur-jo du, zatiturik. Suaren indarrez eta lantzak eraginez banatu dira jauregiak.

HEKUBA: (Etzan eta lurra jotzen du eskuz). O, nere seme-alabak hazi dituzun lurra!

KORUA: Ai, ai!...

HEKUBA: Entzun nere ahotsa!...

KORUA: Hildakoeri deika ari zara.

HEKUBA: Horregatik daude lurrean nere soin-atal ahulak; horregatik jotzen dute lurra nere esku zimelek.

KORUA: (Hekubak bezala eginaz). Gu ere, belaunikaturik, galdu dugun senarrari dehadarka ari gara.

HEKUBA: Lorrean goaz; gabaramate...

KORUA: Oinazea... oihuka bezate gure intziriek.

HEKUBA: ... esklabu izango garen lekura.

KORUA: Gure sorterritik urrun!

HEKUBA: Ene senar Priamo!... Hila zarenez gero, eta hilobirik eta adiskiderik, ez duzunez gero, ez duzu nere sorigaitzaren berririk.

KORUA: Bai iluna dela, heriotz errukitsuak zure begietan ipini zizun zapia, lepoa moztu zizutenean.

 

(Emakumeak zutiturik, sutan dagon hiriruntz begiratzen dute.)

 

HEKUBA: O, jainkoen jauretxe!... O, hiri maite!...

KORUA: Ai, ai!...

HEKUBA: Lur-jotzera zoazte, sugarretan eta lantzaz zaurituak.

KORUA: Izenik gabeko herrauts bihurtuko zarete laster, gure lur maitearen gainean.

HEKUBA: Hautsak eta keak estaltzen dute nere jauregia izan zen lekua.

KORUA: Izenik ere ez du izango gure lurraldeak. Herraustu da zeharo. Galdua da Troia!

 

(Herori da Troiako gaztelua.)

 

HEKUBA: Aditzen? Zer ote?

KORUA: Pergamoko gazteluak herortzerakoan atera duen burrunba zen.

HEKUBA: Hiriaren amaia zen.

KORUA: Itsasoko olatua bezala zabaldu da bere burrunba. (Tronpetotsak.)

HEKUBA: Goazen, ene aztal dardartiok, goazen. Orain hasten da esklabutzara naraman bidaldia. Bagoaz, hiri dohakabe; greziarren itsasontziruntz doaz gure urratsak!

 

(Astiro doaz.)

 

aurrekoa | hurrengoa