|     64 zenbakia, 1984ko urtarrila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

«INTXIXU»
ANTZERKI-TALDEAREN
IBILPIDEA (1968-1982)

 

        «Intxixu» antzerki-taldea, Oihartzunen sortu zen 1968. urtean eta hasiera hartan hamazazpi eta hogeitazazpi urte bitarteko 27 gaztez osaturik zegoen.

        Bi helburu nagusiren inguruan ardaztu zuen bere teatro-ekintza:

        — Folklorearen iturburuetan ase teatrozaletasuna.

        — Euskal Herriak bizi dituen arazo berriak isladatu.

        Helburu hauek aurrera eraman ahal izateko, Euskal Herriko egoeraren azterketa sakona burutu zuten, baldintza soziokulturalak ikertuz eta antzezlekuen kokaera ere estudiatuz, eta bereziki oso kontu handiz sakondu zuen «Intxixu» taldeak une haietan oso gordina zen nekazari-baserritar kultur-giroaren eta industri kultur-giroaren arteko kontrajartzea eta aldea.

        Teatro oso gutxi zegoen eta gainera talde hasi berri batentzat kostu handiegiak sortzen zituen beraietan antzezteak. Frontoi itxiek baldintza akustiko desegokiak zituzten emankizunetarako. Azken buruan, plaza publikoak eta frontoi estalgabeak beste lekurik ez zeukan «Intxixu»k eta antzeztoki hauen baldintzetara egokitu beharra zeuzkan bere muntaketak.

 

        «Lartaunen Historia» (P. Larzabal)

        Zuberoako pastoralarekin zerikusi estua duen Piarres Larzabalen obra honekin plazaratu zen «Intxixu» taldea. Obra honetan, kantabroek erromatarrekin izandako burruken berri ematen da. Lartaun, euskaldunen buruzagiak eta Romulo, erromatarren buruzagiak, ehuna soldadu hartu eta burruka egiten dute Ernion. Euskaldunak lizar-makilez ari ziren burrukan eta ezin zieten zulatu erromatarrei burdinezko jantzia. Lartaun, konturatu zen non zuten babesik gabeko gunea eta orduan esan omen zuen esaldi sonatu hura: «Sabeletik, mutilak, sabeletik».

        Hamar herritan antzeztu eta mila ta gehiago pertsonak ikusi ondoren bertan behera utzi behar izan zen obra, egilearen inguruan sortu ziren gorabehera politikoengatik.

 

        «Aralar» (P. Larzabal)

        Aurreko obra debekatua izan zelarik, Larzabalen «Aralar» hartu zuen taldeak eta pastoralak gaurregun darabiltzan bideetatik moldatu zuen.

        Goñiko jauregiaren historia agertzen da bertan. Goñiko Teodosio familia behartsuko alabarekin ezkontzen da bere amaren gogoaz kontra.

        Gurutzadak zirela-ta Teodosiok luzaroan egon behar izan zuen etxetik kanpora eta bitartean, amagiñarreba eta errainaren arteko harremanak erabat garraztu ziren. Teodosiok, itzuli zenerako, emazteak leialtasuna ez omen ziola gorde jakin zuen, amak zabaldutako gezurraren bidez. Teodosio gauez etxeratzen da eta bere ohean bi gorputz daudela ohartzean, ezpataz hiltzen ditu. Gero, Bioleta bere emaztearekin topo egitean, jabetzen da egin duen izugarrikeriaz. Bekatua barkatzeko Iruñeako apezpikuarengana jotzen du eta honek zangoak katez loturik ibiltzeko eta Aralarren baseliza bat eraikitzeko agintzen dio.

        Gerora Mikel Donearen eliza izango zena. Teodosiok heren sugearekin burruka egin eta menperatzen duelarik, Mikel Gioangeruak kateak eteten dizkio, askatasuna berreskuratuz.

        Obra hau 30 aldiz eman zen eta guztira hamarren bat mila ikusle izan zituen. Urte bete iraun zuen karteleran eta Tolosako

        C.I.T.ek antolaturiko Teatro Zaletuen lehiaketa elebidunean lehen saria irabazi zuen, partaide izan ziren hamaika talderen artean.

 

        Orria 778 edo Altabizkarko Kantua (E. Arozena)

        Aurreko obretan bezala, honetan ere pastoralaren teknikaz baliatu ziren egilea eta taldea.

        Obra honetan, VIII mendean Karlomagno gure herrira indarrez nola sartu zen eta itzultzerakoan izan zuen porrota eta hondamendiaren berri ematen da.

        Obra burutzeko, Arturo Kanpion, Joakin Arbeloa, Lakarra, Jimeno Jurio eta abarrek egindako ikerlanaz baliatu zen egilea, gertaera historiko honetaz idazle atzerritar askok asmaturiko ipuinak alde batera utzirik.

        Lan hau 47 aldiz antzeztu zen 52 herritan eta lan hiriburuetan. Batekoz beste 450 ikusle izatera iritsi zen emanaldi bakoitzean. Zaragozako Ikastetxe Nagusian ere eman zen, Euskal Herritik kanpo eman zen lehen euskal obra izanik.

 

        «Deuseztik izatera» (Arozena-Lete)

        E. Arozena eta X. Leteren artean idatziriko hats handiko obra honetan, «Intxixu» taldeak bere amets kutunenak mamitzea eta bere ibilpidean mugarri nabarmen bat ezartzea lortu zuela esan dezakegu.

        Euskal antzertiaren historia bat izan nahi luke obra honek, sorreratik goi-mailetaraino: hartzuloetatik hasi eta azken mendeko famili moralak sorturiko epaiketarekin (karroxa) bukatu arte.

        Obra osoa bost eszenatan banaturik dago:

        1.— Lur-barruko eremua (Elizaren susmatzea, inguratzea eta harrapatzea).

        Diapositibak erabiltzen dira giroa lortzeko.

        2.— Lur-gaineko giroa (Ihauteriak, euskaldunak naturaren zikloa nola bizi duen Zubieta, Ituren, Lantz, Zuberoan eta abarren adierazi ohi denez).

        3.— Gau-bijiliak. Erlijio katolikoa Euskal Herriratzearen ondorioz, komeriak eta abar ermitetan antzezten dira liturgiaren sendogarri gisa. Erromesek «gau-bijiliak» deituetan gai erlijiozkoen antzezpenak ematen dituzte. Teatro liturjikoaren aroa da.

        Giro honen lekuko gisa, Baltzategiko Rodrigoren kondaira ematen da, bi koruren kantaz eta diapositibaz girotua.

        4.— Lanaren ondorioak

        Baserri-munduan izaten ziren lanaldi jakin batzuen ondoren, arta-zuriketa, liho lana eta abarren ondoren, egiten ziren sorgin-afari eta meza beltzezko giroan erroturik dago eszena hau.

        Abesti, dantza eta beste adierazpideen hari edo ardatz gisa bikote baten harremanak jartzen dira: elkar-ezagutzea, ezkontza eta haserrea, eta haserrearen zuritzea (Txelemonen ospaketa).

        5.— Karroxak eta astolasterrak

        Herriaren epaiketa baten berri ematen da, satiraren bidez egiten dena. Gure herri-antzertian kaleko agerpenek garrantzi handia izan dute.

        Xaribariaren mundu hau gorpuzteko Txirrita zaharra, bertsolari aparta eta gizon berezia, hartu eta auzi publikoa egiten zaio, usadioari jarraituz, alde on eta txarrak agertzeko.

        Honenbestez, bukaturik gelditzen da historian zehar datorren euskal teatro herritarraren zikloa.

 

        «Karlistadaren Kronika» (Lete-Arozena)

        1978. urtean Euskaltzaindiaren Antzerki-Saria irabazi zuen obra honen helburua da «Intxixu»-ren orain arteko ibilpideari jarraituz eta era berean antzes-moldeak berriztatuz lehen karlista-gerratearen eta euskal-foruak galtzearen berri ematea.

        Obrak 8 atal ditu, sarrera eta bukaera barne direla:

        I. Sarrera-bertsoak: Obra gertatzen deneko garaira (1833-1839) bitartean Euskal Herriak izandako bilakabidea azalduz.

        II. Asanblada: Herriak bere historia aintzatsua gogoratzen du eta Cadizko Konstituzioari uko egin nahi dio.

        III. Konstituzioaren defentsa: Konstituzioa «berri», «liberal» eta «aurrerakoitzat» jotzen du pertsonaia batek eta men egiteko eskatzen dio herriari.

        IV. Gerra: Herriak elkarturik liberalei erasotzea erabakitzen du. Talde honetan Sarsfield, Valdés eta Quesada agertzen dira eta bestean Zumalakarregi eta D. Carlosen gorte ahula.

        Zumalakarregiren heriotzarekin eta beronek espirituzko munduan Espoz y Mina liberalarekin duen elkarrizketa batez bukatzen da eszena.

        V. Parlamentari frantsesa eta ingelesa: Atzerritarren parte hartzearen berri ematen da, eta haien interes ekonomikoak nabarmentzen dira. Diplomaziaz jokatu eta liberalen alde jartzen dira, euskaldunak banatzearen estrategiari eutsiz.

        VI. Bergarako paktoa: Maroto karlistak eta Espartero liberalak elkar besarkatzen dute Bergaran. Etorkizunean Euskal Herriak ezagutuko duen zapalkuntza aldez aurretik susmatzen da.

        VII. Azpeitiko alkatea: Botere zentralaren aginduak ez betetzearren preso hartzen dute. Euskal Herriko instituzioei itzal egiterik ez du nahi.

        VIII. Obraren bukaera: Data-irakurketa batez bukatzen da. 1872tik hasi eta 1978, 2. karlistadara arte gertaturiko egintza zapaltzailearen berri ematen da.

 

        «Inexa»

        Lurralde guztietan sortu eta ezagunak diren molde parateatraletan oinarrituriko obra da «Inexa». Euskal Herrian ere izan da lan-ondorio gisa, baserri-giroan gorpuzturiko garrantzizko une bat. Baserri-aroko ospaketa hauek bi eratakoak izaten ziren; barrukoak eta kanpokoak.

        «Inexa» obrak eskaintzen duena baserri-barrura zuzendurikoa da. Orain hogeitamar bat urte ospatu ziren oihartzunen azkeneko artazuriketak.

        Baserri-barruko bilkura hauetan 20-40 neska-mutil biltzen ziren beren ospakizunak egiteko, baserriko ganbarak eta eskaratzak teatro-leku bihurtuz, eta sarritan emankizun hauek gau osoz irauten zuten.

        Erlijio-zuzentasunaren aitzakiaz, etsai gogorrak ezagutu zituzten nekazaritza giroan usadiozkoak eta aintzinatikoak ziren antzezpen hauek. Europa osoan egiten zen sorgin-harrapatzeak, ekonomi eta politikazko asmo ilunak ezkutatzen zituen eta gure artean ere sorginen aurkako erasoak areagotu egin zituen.

        Honela, bada, «Intxixu» taldeak, sorginen aurkako eraso hauetan oinarriturik orduko gertaerak interpretatzen dituen textu bat sortu zuen, baserri giroko ohitura eta usadioak baliaraziz.

        Obra hau 1980an estreinatu zen Donostiako S. Telmo museoan, Arozenaren zuzendaritzapean.

 

        «Iparragirre, ama-zorro»

        1981eko irailaren 11 n, Donostiako Victoria Eugenia teatroan estreinaturiko obra hau, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eskaturik prestatu zuen «Intxixu» taldeak Jose Maria Iparragirreren Heriotze-Mendeurrenean.

        Antzerkiaren egitura orokorrari bagagozkio, lau atal nagusitan banatzen da obra.

        Otxagabiako kaikuak egiten duen aurkezpenaren ondoren, Madrilen agertzen da Iparragirre, 1833 urtean, bere familiarekin Eskalatik ihes egin, Euskal Herrira itzuli eta Karlistadan parte hartzen du, Bergarako besarkadarekin gerra bukatu arte. Bigarren atalean, Iparragirrek ez du onartzen Bergarako bakea eta herbestera jotzen du, Frantzian, Suitzan eta Ingalaterran zehar buhame-bizitza egitera. Mazarredoren bitartez itzultzen da berriz Euskal Herrira.

        Hirugarren atalean, Madrileko S. Luis Kafetegian «Gernikako Arbola» kantatzen du eta Euskal Herrian zehar kantari ibili ondoren, M.ª Jesus Kerejetarekin ezkondu eta Hego Ameriketara doa 1858. urtean.

        Laugarren atalean, Ameriketako bizitzaren berri ematen da, eta Euskal Herrira itzultzeko bihotzean zuen ametsa nola betetzen duen 1877an.

        Bukatzeko, Otxagabiako kaikuak hitzegiten du eta lau euskaldun ospetsuren iritziak entzuten dira, diapositibaz lagundurik Iparragirreri buruz: Lekuona zaharra, Barandiaran, Labaien eta A. Irigarairenak hain zuzen.

        Jokalari gehienak «Intxixu» taldekoak ziren arren, Julen Lekuonaren partaidetza aipagarria da, Iparragirre zaharrarena egitean. Jantziak Mikel Lizartzarenak ziren eta musika Valverde eta Beltranena. Koreografia eta karlistadeko gudari-dantzariak Donostiako «Eskola» taldekoak ziren. Textugileak: J. Estornes, L. Mitxelena eta J. Begiristain; eszenografia, J. Arzakena eta zuzendaritza orokorra, Eugenio Arozenarena.

 

        «Gabonetako Ikuskizuna» (Barrutia)

        Zuberoako pastoralaz aparte, XIX mendearen bukaerara arte ez da ezagutzen teatrorik euskaraz Euskal Herrian. «Borracho Burlado» eta Barrutiaren «Gabonetako Ikuskizuna» dira salbuespen bakarrak. 1711-1752 urte bitartean, Arrasateko eskribau izan zenak idatzia da eta 1897 arte ez zen argitara eman. Kastellanismoak gorabehera, balio estetiko nabarmena du obrak eta Eguberrietako misterioak agertzen ditu: S. Jose eta Amabirjinaren ezkontza, ostalarien ukoa, Jesusen jaiotza etab. Luzifer eta infernuko beste izaki batzu, aingeruak, Barregarri, morroi nagia eta beste zenbaiten partaidetzak bizitasun eta txairotasun nabaria ematen diote obrari: seriotasuna eta barrea, tragedia eta komedia konbinatzeko era sotil eta naturala du. Honetantxe dago erakarmena.

        «Intxixu» taldeak 1982ko abenduaren 18an estreinatu zuen Arrasaten.

 

        «Intxixu» taldearen lana

        Ia hamabost urtetan «Intxixu» taldeak burutu duen lanaren balantze bat gisaz egiteko orrialde asko beharko liratekeen arren zenbait ezaugarri nabarmen eta iraunkor izan dituela esan beharra dago.

        — Folklorearen eta aintzinatiko antzerki-molde teatral eta parateatralen ikerketan buru-belarri murgildurik aritu dela beti, forma zaharrei biziberria txertatuz.

        — Euskal Herriaren gaurko egoera sozio-kulturalean ageri diren arazo garrantzizkoekiko sentiberatasuna bizi eta landu duela, alderdi plastiko, dinamiko eta kontzeptualak oreka batean biltzen ahaleginduz.

        Eta azken finean, herri-kontzientzia bat pizten, berritzen eta sendotzen lan isil eta jarraitua burutu duela gazte-talde baten urtez-urteko lan izkutuari eta «Intxixu»-ren bihotz-arima izan den Eugenio Arozenaren zuzendaritza-lan trebeari esker.

        Ez da erraza Euskal Herriko baldintzetan, gure azken historiako urterik kontraesankor eta gogorrenetan «Intxixuk» lortu duena lortzea.

 

aurrekoa | hurrengoa