AZPEITIKO EUSKAL ANTZERKI TOPAKETAK 1983.go Abenduan zehar, Lehen Euskal Antzerki Topaketak ospatu ziren Azpeitian. Eskuetan duzun liburuxka hau, Topaketa haietan antzerki onenaren saria irabazi zuen antzezlana aurkezteko da, bide batez Topaketei buruz hainbat datu eta xehetasun ere agertzen direlarik bertan. Hau lehenengo urtea izanik, bai jendearen aldetik bai antzeztaldeen aldetik jaso dugun erantzuna oso ona izan dela esan beharrean gara, eta ziur gaude datozen urteetan erantzuna oraindik hobeagoa izango dela. Topaketa hitza aipatzen da arestian. Eta hori izan nahi dute jardunaldi hauek: Antzerki taldeek beraien artean eta jendearekin topo egiteko egunak, beste taldeek zernolako lanak egiten dituzten ikusiaz eta antzerkizaleoi ere lan horiek ikusteko aukera emanaz. HARRERA ONA Azpeitiko Udalak, Kultur Batzordearen bidez egin zuen deia benetan gogoz hartu zuten antzerki taldeek. Oraindik hobea jaso zezakeen, dudarik gabe, epea luzeagoa izan balitz. Baina denboraz nahiko larri ibili ginan, zeren Abendurako antolatu nahi genituen, lehendik datorren giro bati indarra eman nahirik. Hala ere epea ez zen hain motza: Irailean zabaldu genuen deia. Agian, antzeztalde asko lehengo antzerki lan zaharra utzi eta berria prestatzen ariko ziren, baina obra zaharra azkenengo aldiz jendaurrean emateko aukera izan dute. HUTSUNE BAT Aitortu egin behar Azpeitiko Topaketa hauek euskal antzerkigintzan dagoen hutsune haundi bat betetzeko jaio direla. Euskal Herria honelako Topaketa baten beharrean zen. Badira hainbat eta hainbat Lehiaketa, Erakusketa, eta abar antzerkiaren inguruan, baina inon ez da eskatzen aurkezten diren lan guztiak euskara hutsean eginak izatea. Euskal antzertia zertxobait baztertua zegoela esan behar. Eta hutsune hori bapo bete dezake Topaketa honek eta uste dugu horregatik izan duela harrera bikain hau. Gure nahia, neurri batetan behintzat antzerkiari indarra ematea da, era berean Euskal Herrian zehar diren antzeztaldeak ezagutzera emanaz eta ahal bada berriak sorraraziz, antzerki berriak sortzera eraginez eta azken fin batean, euskara bera ere indartuz. Beharrezko egiten da euskal antzerki berriak sortzea, idazle berriek beren lanak jendaurrean agertzea eta antzerkigintzari indar berri bat ematea. Lan horretan Azpeitiko Topaketa hauek bultzada bat eman dezakete eta ematen dute. Hasera ematea besterik ez dute egin Topaketa hauek. Azpeitiko Udalak urtero antolatzeko asmoa du, poliki-poliki aurrera joanaz, ahalik eta talde gehienak bere inguruan bilduaz. Gure gogoa, lehen aipa bezala, urtean behin behintzat antzeztaldeei topaleku bat eskaintzea da eta gogo hori egia bilakatzen saiatuko gara azpeitiarrok. TALDE KOPURUA Udalak eginiko deialdiari 10 taldek erantzun zioten. Horietatik 4, umeei zuzendutako antzerkiak aurkeztuz. Bestalde, eta aurreneko urtea izanik, antzeztaldeen kopurua 6 taldetara mugatzea erabaki genuen. Gure asmoa, nolabait, helduei zuzendutako antzerkiak agertzea zenez, umeei zuzendutako antzerki hauek alde batera utzi genituen. Benetan tamalgarria hauek kanpoan utzi beharra baina aurtengoz behintzat hala egin behar izan genuen. Honatx talde horien izenak: Donostiako ORAIN Antzerki Taldea. Intxaurrondo (Donostia)ko SEBASTOPOLEKO TITIRITEROAK Taldea. Donostiako TXOTXONGILO. Bergarako ARANZADI IKASTOLAko Antzerki Taldea. Azken aipatutako talde honek poz berezi bat eman zigun, zeren ikastolako umeek berak antzezten zuten. Pozgarria da kimu berriak sortzen ari direla jakitea. Lehen esan bezala, beste 6 taldeak helduagoentzat zuzentzen zituzten beren antzezlanak. Honek ez du esan nahi, hala ere, umeek ezin zituztenik ikusi. Honoko hauek ziren: Alegiko INTXURRE Antzerkilari Taldea. Baionako XIRRIXTI MIRRIXTI Taldea. Ondarroako TXO! Antzerki Kolektiboa. Debako GOAZ Antzerki Taldea. Azpeitiko ANTXIETA Antzerki Taldea. Zarautzko LIZARDI Jakintza Taldea. Han izan genuen aukera gazte eta helduak denak batera lanean ikusteko. Ikusgarria benetan jende heldua buru belarri antzezten, barnean zuten dena emanaz, eta ondoan gazteak, helduen pareko. TOMAS DONEAREN EGUNA ETA ANTZERKIGINTZA Lehen esan bezala, Abenduko sei egunetan aurkeztu ziren Topaketako antzezlanak. Egunak hauek izan ziren: 2, 3, 7, 9, 17 eta 21. Ahalegin guztiak egin ziren asteburuak eta jai-bezperak izan zitezen, antzerki taldeei lanak errazteko eta ahalik eta jende gehienari antzezlanak ikusteko aukera eman nahirik. Azken eguna, sariak banatze eguna, Tomas donearen egunarekin lotu nahi izan genuen. Egun honek badu halako esanahi berezi bat. Azpeitian jai izaten da eta aspalditxotik antzerki emanaldiak egoten ziren Azpeitian. Gainera antzerkilariek eta antzerki munduan dabiltzanek beren zaindari edo babesle bezala hartua daukate santu hau. Horrela, egun horretan antzerki emanaldia egiteko usadioari eutsiaz eta jai egun horri beste ikuskizun bat gehiago ezarriaz, azken antzezlana eman zen eta ondoren sariak banatu ziren. SARIAK ETA EPAIMAHAIA Topaketa zela esan dugu lehen, baina Lehiaketa ere bazela aitortu behar. Lehiaketa bat, zeren, sariak ematen genituen. Honatx: Antzerkirik egokienari: 100.000 pzta. Gizonezko antzezlari onenari: 30.000 pzta. eta plaka Emakume antzezlari onenari: 30.000 pzta. eta plaka Zuzendari egokienari: 30.000 pzta. eta plaka Dekorazio eta jazkera egokienari: 30.000 pzta. Euskaraz sortutako antzerki egokienari: 50.000 pzta. eta plaka. Sariak honela banatu ziren: Gizonezko antzezlari onenari saria, Baionako «XIRRIXTI MIRRIXTI» taldeko Peio Berhokoirigoin jaunari, BETTIRI pertsonaiagatik. Emakumezko antzezlari onenari saria, Zarautzko «LIZARDI» Jakintza Taldeko Usoa Ortiz de Zarate andereari, MAIKRUX pertsonaiagatik. Zuzendari egokienari saria, Baionako «XIRRIXTI MIRRIXTI» Taldeko Daniel Landart jaunari. Dekorazio onenari saria, Azpeitiko «ANTXIETA» Taldeari. Antzerki onenari saria, osotasun baten begiratuta, Alegiko «INTXURRE» Antzerkilari Taldeari eta beren zuzendaria den Iñaki Begiristain jaunari, «BATA ZU ETA BESTEA NI» antzezlanagaitik. Beste sari bat ere ipinia zegoen. Antzerkietan bi bide ager zitezkeen: Sortzez antzerkiak euskaraz eginak izatea, edo alderantziz, sortzez beste hizkuntza baten idatziak izatea eta gero euskaratuta egotea. Guk, sortzez euskaraz sortutako antzerkientzat sari berezi bat genuen, beste sari guztiaz aparte. Baina gauza bitxi bat gertatu zen, zorionez: Topaketetara aurkeztu ziren antzezlan guztiak sortzez euskaraz idatziak zirela. Hori ikusita epaimahaiak zentzua aldatu egin zion sariari. Eta Debako «GOAZ» Antzerki Taldeari eman zion saria, beren lanaren plastizitatea eta expresibitatea aipatu nahiaz. EPAIMAHAIA Sari batzu banatzen ziren ezkeroz, epaimahaia behar-beharrezkoa zen. Hainbat elkarrizketa izan eta hainbat aholku jaso ondoren, hiru lagunez osatzea erabaki genuen epaimahaia. Han izan ziren, sei egunetan zehar, antzezlan guztiak ikusi eta aztertzen. Hirurak zeharo ezagunak antzerki munduan, aspalditxotik bait dabiltza mundu horretan, aurrera ta atzera, zirt eta zart, euskal antzertia indartzen. Hona hemen euren izenak: MIRENTXU MORAIZ, Tolosarra AUGUSTIN ZUBIKARAI, Ondarrutarra ESTANIS URRUZOLA, «UXOLA», Tolosarra Orri hauen bidez har bezate gure eskerrik beroena Azpeitiko Udalaren izenean, ez bait zen lan erraza izan sariak banatzea. ANTZERKI MOTA DESBERDINAK Antzerki mota desberdinak agertu zitzaizkigun Topaketetara. Alde batetik, Euskal herri osoan hainbat arrakasta izan duen antzerki klasikoa, eguneroko bizitzan oinarritua eta hainbat usadio eta esaera jasotzen dituen antzerkia. Jendeak gogoz txalotu zituen antzezlan hauek, oraindik mota honetako antzerkiak zer eginik ba duela erakutsiaz. Bestalde, bide berriagoak urratzea nahi duen antzerki estiloa ere ikusteko aukera izan genuen. Gorputzaren expresioa, argi-jokoak, e. a. erabiliz lana egiten duen antzerkia. Ondoren, antzerki talde bakoitzak emandako lanaren izenburua eta egilea aipatzen dizuegu: INTXURRE Antzerkilari Taldeak, Iñaki Begiristain jaunaren «BATA ZU ETA BESTEA NI» lana aurkeztu zuen. Hiru ekitaldilko irri-antzerkia, egileak berak zuzendua. Baionako XIRRIXTI MIRRIXTI Taldeak, Piarres Larzabal jaunaren, «XIRRIXTI MIRRIXTI GERRENIAN PLAT» lana eman ziguten, Daniel Landart zuzendari zutela. Ekitaldi bakarreko irri-antzerkia, izenburutzat daraman esaldi horren inguruan sortua. Ondarroako TXO! Antzerki kolektiboak, talde lanean sortutako «ISOGAI UMILA» antzezlana eman zuten. Japoniar ipuin batetan oinarritua, ekitaldi bakarra, taldean zuzendua. Zarautzeko LIZARDI JakintzaTaldeak, «MUTIL ZAR» antzezlana eskaini zigun. Toribio Alzaga ospetsuak idatzia, hiru ekitalditan banatutako irri-antzerkia. Talde zuzendaria, Joxe Alberdi. Debako GOAZ Antzerki Taldeak, Luis Haranburu Altuna jaunaren «GERNIKA» antzezlana eman zigun. Zortzi ekitaldi desberdin, bi zati nagusitan bereiztuak ditu lan honek, zuzendaritza talde osoak eramaten duelarik. Euskal Herriko kondairaren zati batzu, egilearen ikuspegitik kontatuak. Azpeitiko ANTXIETA Antzerki Taldeak, beren zuzendari Imanol Elias jaunaren «JOKOA NAGUSI» antzezlana eskaini ziguten. Bi ekitalditako irri-antzerkia. Zuzendari egilea bera, Imanol Elias. Alegikoak, Zarauztarrak eta Azpeitiarrak eskainitako antzezlanak lehen esan dugun euskal antzerki klasikoaren barnean koka behar ditugu, eguneroko bizitzan oinarritutako irri-antzerkietan. Baionakoek eskainitako lana ere bide berdinetik doa, baina presentazioa gaurreguneratuaz, antzeztokia elementu gutxirekin antolatuaz, alde modernoago bat emanaz. Debakoak eta Ondarroakoak, berriz, azken urteotako antzertiaren bideak urratuaz, espresiobide berrietan oinarritutako antzerki lanak eskaini zizkiguten. Ikus dezagun, azkenik, nondik etorritako taldeak izan ziren Azpeitiko Lehen Euskal Antzerki Topaketetan: Gipuzkoatik, lau talde Bizkaitik, talde bat Lapurditik, talde bat Ikusten dugunez, bost talde Hegoaldetik etorri ziren, eta talde bat Iparraldetik. Hala ere, beste probintzia batzuen hutsunea nabaria izan zen. Gure ateak denei zabalduak daude. Ager zaitezte Azpeitira, oso pozik hartuko zaituztegu. AZPEITIKO UDALEKO KULTUR BATZORDEA Azpeitia, 1984-go Otsailaren 27.a |