|     66 zenbakia, 1984ko apirila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


HIRUGARREN EKITALDIA

 

(Lehenengo ekitaldiko antzez-leku bera)

 

 

I

 

KALIXTO ETA PELLO

 

KALIXTO: (jazkera arineko emakumea duen egutegia ipintzen ari da horman).

PELLO: (Lo dago aulkian, buru-makur).

KALIXTO: (Egutegiari begira). Lehengoa bainan polittagoa ez ote, Pello?

PELLO: (Lo dago).

KALIXTO: Politta ez al'duk, Pello?

PELLO: (Lotan jarraitzen du).

KALIXTO: (Beregana joan eta astindu bat emango dio, lo dagoela nabaitzean).

PELLO: Zer nahi duzu?

KALIXTO: Noiz ohera hintzan, bart?

PELLO: Zure ondoren irten nintzan tabernatik.

KALIXTO: Beste bati sar beharko diok ziri hori, ez neri. Lanerako asmorik ez al'duk?

PELLO: Asmoa, bai.

KALIXTO: (Bere aulkian jarriko da). Buka al'dituk hoiek?

PELLO: Ez; iltzeak bai, bukatu dire.

KALIXTO: Iltzeak bukatu? Zortzi egun ez dituk ekarri genituela.

PELLO: Bukatu dire, bada.

KALIXTO: Hik lapurtzen dituk iltzeak hemendik.

PELLO: Nik? Jateko edo zertarako?

KALIXTO: Joan eta ekarri hitzak.

PELLO: Zenbat?

KALIXTO: Hogei duronak.

PELLO: (Eskua luzaturik). Dirua...

KALIXTO: Ordaindu hitzak eta gero emango diat.

PELLO: Ez, ez. Zure gerokoa badakit zer izaten dan.

KALIXTO: (Hogei durokoa emango dio). Hi bezain ume piakaitzik...

PELLO: Aurreak erakusten du atzea nola astindu, Kalixto...

KALIXTO: Hoa eta ekar hitzak, azkar.

PELLO: (Mantala kendu eta irten bedi).

 

 

II

 

KALIXTO ETA ON TORIBIO

 

        (Mahai petik zatoa atera eta zurrut egingo du). (Edaten ikusiko du). Orain ere hortan haiz?

KALIXTO: (Esku-gainez ezpainak igortzirik). Hori da goizeko agurra, hori!!! Egarriak nengoen-ta...

TORIBIO: Hire egarri hori asetzeko din ardotik ez duk Nafarroan. Egunean zenbat edaten duk?

KALIXTO: Asko-askorik ez.

TORIBIO: Asko, zenbat da hiretzat?

KALIXTO: Ba... Bi bider hustutzen dut zato hau.

TORIBIO: Zatokada bi hemen; eta otorduetan?

KALIXTO: Otorduetan, beste bi.

TORIBIO: Hori duk astakeria, hori!!! Hire gibela nola ote zegok?

KALIXTO: Nere gibela? Gibeleko minik ez dut, On Toribio. Gainera, gibelak zer ikustekorik du ardoarekin?

TORIBIO: Sabel-urak zerk bereizten dituela uste duk, gibelak ezik?

KALIXTO: Urak? Ez, ez; nere gibelak ez du urak bereizten lanik. Berrogei urte hauetan urik ez da sartu nere eztarritik. Nondik sartu, bera, ura nere gibelera? Sudur-zuloetatik?

TORIBIO: Zer dakik hik?

KALIXTO: Je.. Zuk bai ez dakizula, On Toribio. Elus prepetua, lauste kisti eta horrelakoak bai bainan ardo-kontuetan zuk neri erakutsi? Ez, On Toribio, ez; ardo eta sagardo onak zeintzuk diren ez didazu neri erakutsiko.

TORIBIO: Ardo eta sagardo onik ez duk, giza-neurrian edaten ez bada.

KALIXTO: Ardo tzarrak egiten du gaitz, ez onak, naiz-ta asta-lepo edan. Sagardoa berriz... Sagardoak gaitz? «Matxoneko» sagardoak gaitz egingo dion kristaurik ez da. Han, kupelaren txiritik irteten den mama zipriztindun hark, nori kalterik egin?

TORIBIO: Kankar galantak eramaten omen dizkitek, bada, handik ere.

KALIXTO: Edaten ez dakitelako. Atarira joan behar du, maiz, sagardo-edaleak.

TORIBIO: Zertara, atarira?

KALIXTO: Maskuria hustutzera. Tutik ez dakizu, On Toribio, sagardo ausentoan.

TORIBIO: Ez jakitea, hobe. Albistaririk hartu al'duk?

KALIXTO: Apalean duzu.

TORIBIO: (Egutegia ikusiko du, albistaria hartzera doanean) Aitaren, Semearen...

KALIXTO: Zer duzu?

TORIBIO: Lehengoan zer esan nian?

KALIXTO: Ez naiz gogoratzen.

TORIBIO: Noiz ken behar duk zikinkeri hori?

KALIXTO: Horrekin ari al'zinan? Amak hautsi zuen lehengo hura.

TORIBIO: Eta hau?

KALIXTO: Beste bat da hori. Bai politta, e, On Toribio? Lehengo hura baino ere polittagoa da hau.

TORIBIO: Isilik hago, lizun hori!

KALIXTO: Zer kalte egin lezaioke horrek inori? Ikus nahi ez duenak, ez dezaiola begiratu eta kito.

TORIBIO: Begiak itxirik erabili beharko dizkiagu, beraz, hemen.

KALIXTO: Itxirik ez; hortxe dago beste egutegia, hori ikus nahi ez duenarentzat.

TORIBIO: Aitortzera ez hadi nigana joan; barkapenik ez diat emango.

KALIXTO: (Farrez) Emango didazu, bai... Izperringia irakur ezazu, On Toribio.

TORIBIO: (irrakurtzen hasiko da, aulkian jarririk).

KALIXTO: (Zatotik zurrut egin eta lanari ekingo dio).

TORIBIO: Nahasia zegok mundu guztia, Kalixto. Hemen borroka, han giza-hilketak...

KALIXTO: Irun'go hori irakurri al'duzu?

TORIBIO: Ez.

KALIXTO: Hortxe dakar, lehenengo orrialdean. Hiru miloe ostu omen dituzte, diru-etxe batetik; egunez, gainera... Neretik etzuten, arranoa, horrelako mordoskarik eramango. Asko duenari ken behar zaio, On Toribio...

TORIBIO: Asko duenari edo gutxi duenari kentzea, lapurreta duk, beti.

KALIXTO: Ezer ez duenak, asko duenari kentzea ez dago gaizki. Gauz ,guztiak Jainkoak eginak badire, zergaitik batzuek gainezka eta besteak hutsik?

TORIBIO: Neri hiru urdai-azpiko lapurtu zizkidan hura ere gainezka egongo duk; hutsik ni, ordea...

KALIXTO: Urdai-azpikoak ostu?

TORIBIO: Hiru, bai.

KALIXTO: Txerri batenak?

TORIBIO: Hiru urdai-azpiko dituen txerririk ikusi al'duk, egundo?

KALIXTO: Hori, bada, hori... Noiz lapurtu zizkitzuten?

TORIBIO: Joan zan ostegunean.

KALIXTO: (Oldozkor) Joan zan ostegunean...

TORIBIO: Gazte bat ikusi omen zikan nere arrebak etxetik irteten, poltsa batekin...

KALIXTO: (Oldozkor) Gazte bat poltsa batekin... Zer gizaantz ote zuen gazte hark?

TORIBIO: Kalpardun eta bizartsua omen ukan, arrebak dionez.

KALIXTO: (Zatoari zurrut) Kalpardun eta bizartsua, beraz?

TORIBIO: Bai.

KALIXTO: (Zutiturik) Zure urdai-azpikoak non dagozen badakit, On Toribio.

TORIBIO: Bai?

KALIXTO: Neronek ikusi dut guztia.

TORIBIO: Jan ditzala, osasun ederrarekin.

KALIXTO: Jan? Neri etzenidake horrela utziko...

TORIBIO: Hiri ere bai.

KALIXTO: Bai, e?

TORIBIO: Hiru urdai-azpiko direla-eta ez nikek inor espetxeratu nahi.

KALIXTO: Espetxeratu ez bainan kendu bai, joño...

TORIBIO: Ez-ta. Nor danik ere ez diat jakin nahi.

KALIXTO: Ez nioke nik utziko...

TORIBIO: (Albistaria irakurtzen jarraituko du).

KALIXTO: (Aulkira doa) Uztargileneko ardandegian dagoz zure urdai-azpikoak, On Toribio.

TORIBIO: Nork eraman dizkik?

KALIXTO: Pello'k.

TORIBIO: Pello'k?

KALIXTO: Ber-berak, bai.

TORIBIO: Ez diat sinisten. Horrelakoa ez duk Pello.

KALIXTO: Ezetz? Bart eraman zituen. Zure arrebak ikusi zuen gazte hark ekarri zizkion, poltsa batean, joan zan ostegunean.

TORIBIO: Nondikakoak diren bai ote zekik, Pello'k?

KALIXTO: Ahoskalo...

TORIBIO: Zergaitik eraman ote zizkian haruntza?

KALIXTO: Je... Mirentxu bere emazte-gaia duela ez al'dakizu?

TORIBIO: Ez, nik.

KALIXTO: Bart jakin nuen nik ere.

TORIBIO: Ez, gero, ezer esan Pello'ri, nere aurrean.

KALIXTO: (Berekiko) Ikusiko dugu hori.

TORIBIO: (Albistaria irakurtzen).

 

 

III

 

LEHENGOAK ETA PELLO

 

PELLO: (Fardeltxo bat dakar eskuan) Kaixo, On Toribio.

TORIBIO: Kaixo, Pello.

KALIXTO: Bai al'dakartzak?

PELLO: (Fardeltxoa Kalixto'ri emanaz) Bai.

KALIXTO: Zenbatenak dituk hauek?

PELLO: Hogei duronak.

KALIXTO: Hamarrenik ere etzegok hemen.

PELLO: Hoiek eman dizkidate neri.

KALIXTO: Hamaika honelako egin didak, aspaldian...

TORIBIO: Gauza guztiak garestitzen ari dituk eta badakik...

KALIXTO: Urdai-azpikoak ere bai?

PELLO: (Bere aulkira joan eta lanean hasiko da).

 

 

IV

 

LEHENGOAK ETA ANTTONI

 

ANTTONI: (Lurrontzia dakar eskuan, gosariarekin) Egunon, On Toribio.

TORIBIO: Bai zuri ere, Anttoni. Bizkor?

ANTTONI: Hainbestean, hainbestean... Urte askoren zama bizkarrean eta badakizu...

TORIBIO: Emakume gordina zagoz, oraindik.

ANTTONI: Gure alproja honek errain on bat ekarri izan balit.

TORIBIO: Ekarriko dizu, Anttoni, ekarriko dizu.

ANTTONI: Zera ekarriko du, aza-buru horrek... (Kalixto'ri) Gosaria non utziko diat?

KALIXTO: Hemen, mahaiean utzi, ama.

ANTTONI: (Utzi beza) Gosaririk ekarri al'duk, Pello?

PELLO: Bai, ekarri dut.

KALIXTO: (Eskuak mantalean igortzi eta gosaltzen hasiko da) Erdibanatuko dugu, On Toribio.

TORIBIO: Ez, ez; eskerrikasko. Etxean gosalduko diat.

ANTTONI: (Apalera doa Pello'ri bere gosaria emateko asmoz eta egutegia ikusten du) Zer da hau!!!

TORIBIO: Zer duzu, Anttoni?

ANTTONI: Honoko hau ikusten al'duzu, On Toribio?

TORIBIO: Ikusi dut, bai. Zure seme honi ezer esatea alferrik da.

ANTTONI: Afferrik? (Lurrera jaurtiko du egutegia, lau zati egina) Lehengoan bat eta orain bestea? (Bizkarrekoak emango dizkio Kalixto'ri). Etxe hontako aldiak laister egingo dituk, urde horrek, berriz honelako zikinkeririk ipintzen baduk...

TORIBIO: Ederki esana.

ANTTONI: Nere semea haizela esatea ere... Emakume bat higanatzeko din ez haiz, eta...

KALIXTO: Hori, bada, hori... Zerbaitekin alaitu behar nere bakartasun hau...

TORIBIO: Lotsaren izpirik ez duk, Kalixto. Pello bezelako gazte batek hori egitea ez legokek ongi, bainan hik...

PELLO: (Anttoni'k eskuan duen gosaria hartu, aulkira joan eta gosaltzen hasiko da).

KALIXTO: (Aho betearekin mintzatuko da) Horrelakoren beharrik ez du Pello'k, On Toribio. Hezur eta mamizkoa ere badu horrek...

TORIBIO: Bai? Zorionak, Pello.

PELLO: Eskerrik asko.

ANTTONI: Nor duk, Pello?

KALIXTO: Uztargileneko alaba bakarra. Ezer ez dagoen lekura ez da joan, ez.

PELLO: Zu ere han omen zabiltz, bere amaren atzetik.

ANTTONI: Kattalin'en atzetik?

PELLO: Bai.

ANTTONI: Jesus, Maria eta Jose.

TORIBIO: Hi ere lotan ez hago, beraz, Kalixto.

KALIXTO: Ez da egia hori!!! (Eskuan duen ogia kenduko dio Pello'ri eta ogibitarteko urdai-azpikoa erakutsiko dio On Toribio'ri) Urdai-azpiko hau ezagutzen al'duzu?

PELLO: (Ken bezaio ogia Kalixto'ri).

TORIBIO: (Irakurtzen jarraiko du, erantzuteke).

KALIXTO: Zure urdai-azpikoa jaten ari da hau, On Toribio.

TORIBIO: Urdai-azpikorik ez diat nik.

ANTTONI: Nere lanetara noa. Gero arte. (Irten bedi).

TORIBIO: Gero arte, Anttoni.

KALIXTO: Zure urdai-azpikoak honek ditu, honek.

PELLO: Zer diozu?

KALIXTO: Bart Mirentxu'ri eman hizkioan urdai-azpikoak...

TORIBIO: Egia al'duk hori, Pello?

PELLO: (Buru-makur).

KALIXTO: Neronek ikusi nuen.

TORIBIO: Zer diok, Pello?

PELLO: Norenak zirenik ez nekien...

KALIXTO: Erregaliak egingo nizkikek, nik ere, besterenetik.

TORIBIO: Gaizki zegok hori, Pello.

KALIXTO: Hau da azaria, hau!!! Neskari bi eman eta beretzat gorde hirugarrena.

PELLO: Nik ez nintuen lapurtu, On Toribio.

TORIBIO: Bazekiat; hi ere errudun haiz, ordea.

KALIXTO: (Zatotik zurrut).

PELLO: Gazte batek lapurtu zizkitzun eta neri ekarri, nik saldu nitzan.

TORIBIO: Eta emazte-gaiari saldu hik...

PELLO: Saldu ez.

TORIBIO: Gaizki zegok hori, Pello.

PELLO: Itzuliko dizkitzut.

TORIBIO: Ez, ez; jan hitzak. Bestek emanak nizkian nik ere...

KALIXTO: Hirurak beretzat? Bat ez al'didazu neri emango?

TORIBIO: Noiztik habil Mirentxurekin?

PELLO: Hilabete biz honuntztik.

KALIXTO: Errez egiten dituk hik andra-gaiak, besteren urdai-azpikoak emanaz.

PELLO: Nere akatsak bakarrik agertu behar al'dituzu?

KALIXTO: Nik zer egin diat?

PELLO: Koldo'ri egin zeniona ahaztu al'zaizu?

KALIXTO: (Mailua jasoaz) Isilik hago!!!

TORIBIO: Zer, zer? Zer egin diok Koldo'ri?

PELLO: Hiru mila pezeta lapurtu zizkion.

KALIXTO: Isilduko al'haiz?

TORIBIO: Hiru mila pezeta?

KALIXTO: Hago isilik!!!

PELLO: Emazte-gai politta eta aberatsa aurkituko ziola eta hiru mila pezeta kendu zizkion.

TORIBIO: Aurkitu al'diok?

KALIXTO: Oraindik ez.

TORIBIO: Hi haiz hi mutiltzarra.

KALIXTO: Mutiltzarra zera zu ere.

TORIBIO: Apaiza nauk!!!

KALIXTO: Apaiz edo praile, mutiltzarra zu ere, ni bezelaxe.

TORIBIO: Zuek bai zeratela bata zu eta bestea ni... Nagusia lapurra eta morroia ere bai.

PELLO: Ezer ez dut lapurtu, jauna.

KALIXTO: Ez nik ere. Koldo'k emana hartzea besterik ez nuen egin.

TORIBIO: Gezurtia, lapurra eta beste zerbait gehiago ere bahaiz hi.

KALIXTO: Ni? Zer gehiago?

TORIBIO: Lizuna, gainera.

KALIXTO: Egutegi txatxu batzuengaitik al'diozu hori? Ba... ba... Zuri ere aterako nizkitzuke lapikotik babak, hortara ezkeroz.

TORIBIO: Santua ez naizela bazekiat bainan zer egin diat txarrik?

KALIXTO: Neri ez bainan... Xoxote'neko Martzeliño'ri hortzak hautsi zenizkionean..., zer?

TORIBIO: Merezi zuelako hautsi nizkiokan.

KALIXTO: Masail batean jotzen gaituenari bestea ipintzeko esan ez zuen, bada, Jesukristok?

TORIBIO: Hala duk. Eleizatik lapurrak makilka ateratzen ere irakatsi zigukan.

KALIXTO: Ur-bedeinkatu-ontzian zera egin zuela-ta, zuk eman zenizkion muturrekoak...

TORIBIO: Ur-bedeinkatu-ontzia baino leku egokiagorik badituk, zera hori egin nahi duenarentzat, Kalixto. (Erlojuari begira). Joan behar diat, oraintxe.

KALIXTO: Norako presa duzu? Gaurko lanak eginak dituzu...

TORIBIO: Hik zer dakik? Gazte eta gaztetxoekiko bilerak, gaixoeri ikustaldiak, egunoroko otoitzak, igande eta jai-egunetako hitzaldiak...

KALIXTO: Igandetako hitzaldiak? Neronek ere egingo nituzke igandetako hitzaldiak. Zuk bezain luze eta aspergarri ez baina. Handik edozer esatea erreza da; erantzuteko eskubiderik inork ez bait du.

TORIBIO: Zuzenik esango hukek, bai, kerten horrek.

KALIXTO: Konpesonaioan egongo nintzake ni gustora...

TORIBIO: Ederra duk, bada, aitorlekua... A, gizagajoa... Arratsaldeko lauretan sartu eta hamarrak artean egon hadi, han barruan... Esango hidakek zeinen ona den...

KALIXTO: Eta, han jakiten dituzuten kontuak?

TORIBIO: Han jakiten ditugun kontuak, han gelditzen dituk.

KALIXTO: Bai.... bai...

TORIBIO: Hire hiru mila pezetakoarena eta Pello'ren urdai-azpikoarena ere hantxe jakingo nizkian.

KALIXTO: Esanez gero, bai.

TORIBIO: Esanez gero? Ez esatekotan zertarako aitortu?

KALIXTO: Ja... ja... ja... Benialik ez dugu aitortzen, On Toribio. Ttiki guztiak esaten hasiko bagina...

TORIBIO: Hiru mila pezeta lapurtzea ttikia al'duk?

KALIXTO: Ttiki-ttikia ez bainan... erdipurdikoa...

TORIBIO: (Erlojuari begira) Garai diat, oraintxe. Bihar arte, bada (Irten bedi).

KALIXTO: Bihar arte, On Toribio.

 

 

V

 

KALIXTO ETA PELLO

 

KALIXTO: Zergaitik esan diok?

PELLO: Zuk ere esan diozu nerea.

KALIXTO: Ez duk berdin.

PELLO: Ezetz? Zuk nerea, nik zurea eta kito.

KALIXTO: Hago, hago...

PELLO: Zer hago eta zer ego. Ni baino gehiago al'zera zu?

KALIXTO: Inoiz ez haiz izango ni bezelakoa.

PELLO: Zu bezelakoa? Ez-ta nahi ere.

 

 

VI

 

LEHENGOAK ETA KOLDO

 

KOLDO: (Ager bedi atean).

PELLO: Horroko horrek konponduko zaitu.

KALIXTO: Berriro jaio beharko dik...

KOLDO: Zer?

KALIXTO: Uso-giro ederra dagoela, alegia. Ehizean izan al'haiz?

KOLDO: Zer zuri, izan banaiz edo ez banaiz.

KALIXTO: Joño... Haserre hator.

KOLDO: (Eskua luzaturik) Nere hiru mila pezetakoa.

KALIXTO: Trato bat egin genikan.

KOLDO: Berriketa gutxi neri, Kalixto. Bota dirua, narrua kentzea nahi ez baduzu. (Lepotik helduaz).

KALIXTO: Geldi hago!!!

KOLDO: Bai ala ez?

KALIXTO: Guztia nola emango diat, bada?

PELLO: Bat ona emaiok eta kito.

KOLDO: (Astindu beza lepotik) Bai ala ez?

 

 

VII

 

LEHENGOAK ETA MIRENTXU

 

MIRENTXU: Borrokan al'zabiltzate orain ere?

PELLO: Aurrera, Mirentxu. Ni ez; ni ez nabil borrokan... Hoiek...

MIRENTXU: Zergaitik?

PELLO: Badakizu hiru milakoa...

KOLDO: Bai ala ez?

KALIXTO: (Ia itoan bezala) Bai, bai; guztia emango diat...

KOLDO: (Utz bezaio) Atera!!!

KALIXTO: (Lepoa igortzi, dirua atera eta eman bezaio) To!!!

KOLDO: (Sakelean sartuko du dirua, ongi begiratu ondoren) Ongi da.

KALIXTO: (Zatotik zurrut).

PELLO: Zertara zatoz, Mirentxu?

MIRENTXU: Oinetako haueri zoru-erdiak ipinaraztera.

KALIXTO: Emaizkidatzu.

MIRENTXU: (Eman bezazkio).

PELLO: (Kalixto'ri) Kendu dizkitzu lehengo farre-gure haiek, e?

KOLDO: Beste bati egin dezaiola far.

PELLO: Ederki egin diok, Koldo.

KALIXTO: Bai? Oraintxe garbituko dizkiagu kontuak. (Mirentxu'ri) Urdai-azpikoa gozoa al'dago, Mirentxu?

MIRENTXU: Bai. Harekintxe gosaldu dugu.

KALIXTO: Bai, e? Nondik norakoak ziren bai al'dakizu?

MIRENTXU: Bai; Pello'k bere adiskide bati erositakoak.

KALIXTO: On Toribio'ri galdegin behar zenioke, nondikakoak diren jakin dezazun.

MIRENTXU: On Toribio'ri?

KALIXTO: Bai.

PELLO: Isilduko al'zera?

KALIXTO: Ja... ja... ja... Larritu da, oraintxe, zure adiskide hau...

MIRENTXU: On Toribio'k zer daki?

KALIXTO: Hark daki guztia, hark... eta... nik ere bai.

MIRENTXU: Esango al'didazu ala ez?

KALIXTO: Zuk eta zure amak jan duzuten urdai-azpiko hori On Toribio'ri lapurtutakoa dela, alegia.

MIRENTXU: Zer?

KALIXTO: Zera... ja... ja... ja... On Toribio'ri lapurtutakoa, bai.

MIRENTXU: Egia al'da hori, Pello?

KALIXTO: Zera... Gero esango dizut guztia, Mirentxu.

MIRENTXU: Ez duzu ukatzen, beraz?

KOLDO: (Aho-zabal egongo da, begira).

KALIXTO: Jan zak, orain!!!

PELLO: Gero esango dizut, Mirentxu.

MIRENTXU: Gero? Ez, ez; nerekikoak egin dituzu!!! Lapurtutako urdai-azpikoak neri erregali?

PELLO: Bainan, Mirentxu!!!

KALIXTO: Ja... ja... ja...

MIRENTXU: Nigana ez etorri egundo!!! (Besondotik helduko dio Koldo'ri). Goazen, Koldo; lotsagarri hori baino nahiago zaitut zu. (Ateruntz doaz).

KOLDO: (Mirentxu'ri aurpegia losintsatuaz). ja... ja... ja...

KALIXTO: Koldo!!! Koldo!!! Hiru mila pezetakoa!!!

KOLDO: Zer?

KALIXTO: Hiru, mila pezetakoa, alegia!!!

KOLDO: Zergaitik?

KALIXTO: Emazte-gaia aurkitzeagaitik.

MIRENTXU: Zuk? Neronek aurkitu dut hau, neronek!!! (Koldo'ri masailean musu emanaz). Hala ez al'da, Koldo?

KOLDO: Ja... ja.... ja... (Irten bitez, goxo goxo, elkarri helduaz).

 

 

VIII

 

KALIXTO ETA PELLO

 

KALIXTO: (Zatotik zurrut). Edan ezak hik ere, Pello.

PELLO: Edan ezazu zerorrek!!!

KALIXTO: Ja... ja... ja... Gu gaituk bikotea, gu... (Zatotik zurrut).

 

AMAIA

 

aurrekoa | hurrengoa