BIGARREN EKITALDIA (Ardandegi bat izango da ekitaldi honetako jokalekua. Mahai bat eskubian eta beste bat ezkerrean, euren aulkiekin. Sal-mahaia erdian.) I MIRENTXU BAKARRIK MIRENTXU: (Bazterrak txukuntzen ari da, zerbait abestuaz, andereño lirain hau). II MIRENTXU, TXOMIN ETA JOXE (Alai eta zaratatsu datoz gazte biak). TXOMIN: Kaixo, Mirentxu. JOXE: Bakarrik al'zagoz poxpolin politt hori? MIRENTXU: Bakarrik nago, bai. JOXE: Kopatxo bana aterako al'diguzu? MIRENTXU: Nolakoa nahi duzute? TXOMIN: Gorria, Mirentxu, gorria; gorri-zaleak gera. JOXE: Ja... ja... ja... Gorria behar dugu, bai. MIRENTXU: (Ipini bitza kopa bi sal-mahai gainean eta erdiraino bete). TXOMIN: Joño... joño... Etxerik ez duzu galduko... MIRENTXU: Zergaitik diozu hori? TXOMIN: Zertarako kopa haundi hauek, pattar gehiago ez ateratzekotan? JOXE: Egia; titare bat aski litzake, zuk atera duzun pattar horrentzat. MIRENTXU: Lehendik ere baduzute barruan pattarrik aski. TXOMIN: Andra-gairik ez dugu, dantzan ez dakigu eta zer egin? Edan... JOXE: Alboan zu bezalako bana bagenu, zurrutean ez ginake ibiliko... Zuk, ordea, jaramonik ez diguzu egiten eta pattarretan itotzen ditugu gure jai-egunak. MIRENTXU: Saiatzen al'zerate? JOXE: Saiatu? Bai horixe!!! Ahaleginak egiten ditugu bainan alferrik. MIRENTXU: Ardoz muturra betetzen duzutenean soilki joaten zerate neskatxengana eta jakina... Begiratu ere ez diozute egiten neskatx bati, baraurik zagoztenean... TXOMIN: Begiratu bai... MIRENTXU: Zeharka, ordea. JOXE: Zuri ere zeharka begiratzen al'dizu beste hark? MIRENTXU: Nork, gero? TXOMIN: Begiratu bakarrik ez... Kontu-ixil ugari esaten ziotek elkarri eta... gainera gainerakoak. MIRENTXU: Nork, ordea? JOXE: Gu hain ahulagorik ez duk, Txomin. TXOMIN: Esango nikek... Sapai-zuloko ontza zirudik eta ikusten nola esnatzen dan... JOXE: Gu gaituk ontzak, gu. MIRENTXU: (Farrez) Norgaitik ari zerate, bainan? TXOMIN: Gu, noski, ontzak eta tonto-lapikoak. JOXE: Herrian dan neskarik ederrena begiz-jo dik, alajaina... MIRENTXU: Ederragorik bada herrian, Joxe. JOXE: Zu hain ederragorik ez, eguzkiaren azpian, Mirentxu. MIRENTXU: Ja... ja... ja... JOXE: Ile ori, musu-gorri, gerri-mehe eta... gainera gainerakoak. MIRENTXU: (Farrez) Zoratuko nauzu, Joxe, horrelako hitz polittekin... TXOMIN: Horrelakorik ez al'dizu esaten beste hark? JOXE: Zera esango ziok, eltzekondo hark... (Mirentxu'ri zorrotz begira) Bai politta zerala, Mirentxu... Azkazalak aterako nituzke zu neretzat izateagaitik. MIRENTXU: Ja... ja... ja... Noren azkazalak, bainan? TXOMIN: Azkazalak ez bainan atera itzatzu beste kopa bi, hauek hutsik dagoz-ta. JOXE: Bai politta zerala... MIRENTXU: (Kopak beteaz) Lehen ere esan didazu hori. JOXE: Anpolaiak dirudite zure begiak. TXOMIN: Anpolai urdinak... Ja... ja... ja... III LEHENGOAK ETA KALIXTO KALIXTO: (Esku-makilarekin dator, errenka, eta farragarri jantzirik, lepo-kibizto eta guzti) Arratsaldeon. MIRENTXU: Bai zuri ere. KALIXTO: Txiki bat ardo aterako al'didazu? MIRENTXU: Berehalaxe aterako dizut, Kalixto. JOXE: Joño... Dotore zatoz, Kalixto, korbata eta guzti. TXOMIN: Ja... ja... ja... Bai; kusoa zirudik. MIRENTXU: Kusoa zer da? TXOMIN: Kusoa zer dan ez dakizu? Txori-izugarria, emakume. KALIXTO: Hi, muki-jario; hire amonari egiok far, ez neri. (Ezker aldeko mahaiaren alboko aulkian jarriko da). MIRENTXU: (Txiki bat ardo eta edontzia eramango dizkio mahaira) Tori, Kalixto. TXOMIN: Lepoko kibizto hori nork ipini dizu, Kalixto? JOXE: Ja... ja... ja... Gure esne-zalearen astoak ere horrelakoxea ibiltzen du, lepotik zintzilik. JOXE: Ez, ez; apaina zegok mutiltzarra. KALIXTO: Zuen lotsik ez diat. JOXE: Ez, ez; emaztegaia ere aurkituko duzu, gaur. MIRENTXU: Emazte-gaia? Guztia bahekikek... JOXE: Zer? MIRENTXU: Senar-gaia eskeintzera etorri etzitzaidan, bada, joan zan ostegunean? TXOMIN: Hara, hara... Hori ere bai? MIRENTXU: Bai; eta berehala nahi zuela erantzuna. KALIXTO: Isilik egongo al'zera? (Sakeletik ogi-koskor bat atera eta jaten hasiko da). TXOMIN: Ezkontzak antolatzen hasi al'zera, orain? Hori duk anka-okerra, hori!!! KALIXTO: (Esku-makila erakutsiaz) Saiets-hezurrak hautsiko dizkiat honoko honekin, isilik ez bahago!!! MIRENTXU: Nolako eginahalak egin zizkidan bazeneki... TXOMIN: Hori duk «saka-mantekas» hori... Laister zera parterotzan ere, Kalixto. KALIXTO: Hortan ere egingo nikiek hik ainean... JOXE: Partero txukuna hori, atzapar haundi hoiekin... TXOMIN: Nori deitu badakizu, Mirentxu, behartzen zeranean... MIRENTXU: Isilik zagozte, horrelakorik esan gabe. JOXE: Eskeini zizun senar-gai hori nor da? KALIXTO: Ez esan gero, Mirentxu!!! JOXE: Zergaitik ez? MIRENTXU: Etzenduke asrnatuko, ez-ta... ez-ta... TXOMIN: Herritarra al'da? MIRENTXU: Bai. JOXE: Gaztea? MIRENTXU: Gaztea, bai. TXOMIN: Nor, ote? KALIXTO: Egongo al'zera isilik, sorgin hori? JOXE: Esan, esan... MIRENTXU: Hiru mila pezeta jasoak omen ditu. JOXE: Nork? MIRENTXU: Kalixtok, alegia, mutilari emazte-gaia aurkitzeagatik... TXOMIN: Ja... ja... ja... MIRENTXU: Eta beste hiru jasotzekoak. JOXE ta TXOMIN: Ja... ja... ja... IV LEHENGOAK ETA KATTALIN KATTALIN: Hori duk umorea, hori!!! Hi ere hemen al'hintzan, Kalixto? KALIXTO: Etorri ez banintz hobe. KATTALIN: Zerbait egin al'ditek gazte hauek? MIRENTXU: Joan zan osteguneko kontuekin ari ginen, ama. KATTALIN: Zer kontu? TXOMIN: Alabarentzat senar-gaia bai omen duela Kalixto'k, alegia. KATTALIN: (Farrez) A... Hori al'zenuten? Alabarentzat ezezik, amarentzat ere bai. JOXE: Zuretzat ere bai? KALIXTO: Isilduko al'zera, atso petral hori? KATTALIN: Bera ezkondu nahi likek nerekin. Alargundu nintzen egunetik hemen zabilek, usaiean. TXOMIN: Ja... ja... ja... Alboko txarra etzenuke, ez, andra Kattalin. JOXE: Tabernako lanak ere egingo lizkitzuke, zuzen asko. KATTALIN: Lanak egingo lituzken etzekiat; hemengo ardoak edan bai. KALIXTO: Zurekin ezkontzeko nagoela uste al'duzu? KATTALIN: Hamaika bider esan didak, bada. KALIXTO: Larogei urte izango dituzu-ta... Zarpailu ederraren jabe egin behar nuke... KATTALIN: Nere patxara hartuko hukek, praka jario horrek... TXOMIN: Kalixto'k eskeini zizun gazte hori nor dan ez diguzu esan, Mirentxu. MIRENTXU: Koldo. TXOMIN: Ermentarinekoa? MIRENTXU: Bai. JOXE: Eta? MIRENTXU: Beste batengana joateko esan nion, horrelako erregaliarekin. KALIXTO: Zer zera, bada, zu, xanka-mehe hori? TXOMIN: Hobe zenuke honen xanka-meheak bazenitu, Kalixto. Zabiltzan baino arinago eta zuzenago ibiliko zinake... KATTALIN: Arin ibiltzen zen garaia bazian, bai, Kalixto'k. Hori bezelako neska-laguntzailerik ez duk izan herrian. JOXE: Ez, e? KATTALIN: Herriko neska guztiak bere atzetik izan ohi zizkian. TXOMIN: Ño... Aukera ona, beraz? Etzuen gure antzik. JOXE: Egia al'da, Kalixto? KALIXTO: Ez duk sinestuko bainan ni urreratzean lerdea erortzen etzitzaion neskarikan ez hukan herrian. JOXE: Horrenbesteraino? TXOMIN: Eztiz igortzia ibiltzen al'zinan? KATTALIN: Ezti beharrik etzian horrek, ez, neskak beraganatzeko. KALIXTO: (Zutitu bedi, harroturik). Gazte egokia nintzan, gero, Kattalin. KATTALIN: Bai, bai. Bakoitzari berea eman behar'zaio. KALIXTO: Pozik ezkonduko zinan zu ere nerekin. Nik ez nahi, ordea. MIRENTXU: Zergaitik ez? KALIXTO: Neretzat zaharregia zalako. KATTALIN: Orain ere, alde berdin-berdina diagu adinean bainan ezkon nahi hukek nerekin. KALIXTO: (Bere aulkira doa, buru-makur). TXOMIN: Ez al'diozu erantzun behar, Kalixto? KALIXTO: Ez. Haundiak esango nizkiokek eta ez diat nahi. TXOMIN: Anka hori zuzenduko balitzaizu... Oraindik ere... KATTALIN: Anka horrena ez al'dakizute? JOXE: Ez. KALIXTO: Isilduko al'zera, atso kontakatilu hori? TXOMIN: Esan, esan, andra Kattalin. KATTALIN: «Borda-luze» baserrira joan zan neska-laguntzera, gau batean eta hozka egin zion atariko zakurrak. JOXE: Ja... ja... ja... (Kalixto'ri) Hozka egin behar zenion zuk ere... KALIXTO: Nori? JOXE: Zakurrari. Nori uste zenuen, bada, neskatxari? Ja... ja... ja... KATTALIN: Hil-zorian egon zan gizagajoa eta ordutikakoa du erren hori. TXOMIN: Nolaz gelditu zinan mutiltzar? KATTALIN: Haundiagoa esango dizuet: Hamalau urtez ibili zan Lesaka-ko neska batekin. JOXE: Hamalau urtez? KALIXTO: Zererik ez al'duzu esan behar? KATTALIN: Nererik? KALIXTO: Entzungo zenituke, bai., ederrak, zure alaba hor ez balego. Zu ere etzinan, gero, artaldeko bildotsik onena... Eliz-atzeko intxaurrak hizketan baleki... V LEHENGOAK ETA GAZTEA GAZTEA: Arratsalde on. GUZTIAK: Berdin. GAZTEA: Kopa bat ateraidazu. MIRENTXU: Nolakoa? GAZTEA: Gorria. KALIXTO: (Betaurrekoen gainetik begiratuko dio gazteari, erdizutiturik). KATTALIN: Sukaldera noa, nere lanetara. KALIXTO: (Berekiko) Nondik ezagutzen dut gazte hori? TXOMIN: (Kalixto'ri) Zertarako daramazkitzu sudurrean betaurreko hoiek, beroien gainetik begiratzekotan? KALIXTO: (Erdi-zutiturik jarraiko da, gazteari begira) (Berekiko) Nondik ezagutzen dut gazte hori? GAZTEA: Pello izan al'da hemen? MIRENTXU: Oraindik ez da etorri. GAZTEA: Noiz etorriko ote? MIRENTXU: Laister, nere ustez. GAZTEA: Bai? TXOMIN: Inork jakitekotan, honek jakingo dik Pello'ren berri. KALIXTO: (Mahaia joaz) A, bai... JOXE: Norekin hasarra zera, Kalixto? GAZTEA: (Kopa hustuaz). Geroxeago itzuliko naiz. MIRENTXU: Pello'ri zerbait esatea nahi baduzu... GAZTEA: Ez, ez; gero arte. (Irten bedi). KALIXTO: (Begiak irteteko zorian begirako dio gazteari). MIRENTXU: Ezaguna al'duzu, Kalixto? KALIXTO: Ezaguna... ezaguna ez. Joan zan ostegunean ere Pello'ren galdezka zan hori bera, nere etxe aurrean. MIRENTXU: Bai? KALIXTO: Bai. Oker ez banago. TXOMIN: Zu zuzentzen ez da erraza. KALIXTO: Hi zuzenduko haut nik, tximu hori!!! (Mirentxu'ri) Poltsa bat ekarri zion gazte horrek Pello'ri. MIRENTXU: Poltsa bat? KALIXTO: Bai. MIRENTXU: Zer zekarren poltsa hartan? TXOMIN: Ontzako urreak, apika. Ja... ja... ja... KALIXTO: Herorri hi ontza, begi-haundi hori... JOXE ta TXOMIN: (Farrez). MIRENTXU: Zer egin zion poltsa hari, gero? KALIXTO: Oheean sartu bazuen ere, nik zer dakit? TXOMIN: Zuretzat zerbait izango zuen, agian. MIRENTXU: Bai, zera. JOXE: Badakigu, Mirentxu, lepoko urrezko kate hori ere Pello'k emana duzula. KALIXTO: Zer, zer esan duk? MIRENTXU: Ezer ez, zuri. KALIXTO: Urrezko kate hori Pello'k eman zizula? TXOMIN: Pello, zure mutil hori, Mirentxu'ren adiskidea danik ez al'zenekien? KALIXTO: (Zutiturik). Zer esan duk? Egia al'da, Mirentxu? MIRENTXU: Zerbait-zerbait... KALIXTO: Txerri alena!!! Leku ederrean sartu ninduan... TXOMIN: Horra, nolatan, zure mutilaren aita-ordeko egin zintezkeen, andra Kattalin'ekin ezkontzen bazera. JOXE: Bi negozioak elkartu, gainera. MIRENTXU: Aita-ordeko ederra opa didazute, alajaina... KALIXTO: (Oldozkor) Ezer esan ez neri, mozolo horrek... JOXE: «Angelus» errezatzen ari al'zera, Kalixto? MIRENTXU: Baileki, bai. KALIXTO: Hik jakingo dun... Eleiz-mutil ibilia naun, gero, ni. TXOMIN: Meza legorrak izango ziren, beraz, zuk laguntzen zenituen mezak. KALIXTO: Legorrak? TXOMIN: Bai; ardorik gabeak... Meza-ardorik ez al'zenuen edaten? KALIXTO: Ahal nuenean, bai. VI LEHENGOAK ETA PELLO PELLO: (Lehenengo ekitaldiko poltsa harekin agertuko da, eta sal-mahaiaren gainean utziko du). KALIXTO: (Zutiturik, Pello'ren atzetik doa) Poltsa hori... PELLO: Poltsa hori, zer? KALIXTO: Poltsa hori da, Mirentxu, poltsa hori. PELLO: (Kalixto'ri bultz eginaz) Zoaz hortik, zarpail hori!!! KALIXTO: (Aulkira doa). MIRENTXU: Agurrik ere ez diguzu egin, Pello. TXOMIN: Agurtuko zaitu, bai:.. Ja... ja... ja... JOXE: Gu joatean agurtuko zaitu, goxo-goxo. MIRENTXU: Zer hartuko duzu? PELLO: Ardoa. MIRENTXU: (Atera bezaio ardoa) Zer duzu poltsa hortan? KALIXTO: (Erne dago, lepoa luzaturik). PELLO: Urdai-azpiko bi. KALIXTO: Zer? MIRENTXU: Nondik ekarri dituzu? PELLO: Erosi egin ditut. KALIXTO: Zer? MIRENTXU: Norentzat? TXOMIN: Hori galdetzea ere... Bi urdai-azpiko... Hori da erregalia, hori... JOXE: Maitatuko hau, berriro ere, Pello... MIRENTXU: (Farrer) Badakizu zer egin, Joxe, inork maitatzea nahi baduzu. TXOMIN: Bi urdai-azpiko... Maitasun garestia da hori, Mirentxu. KALIXTO: Bi urdai-azpiko? PELLO: Isilik zagoz, berritsu hori!!! TXOMIN: (Kalixto'ri) Bestelako harrera egingo lizuke andra Kattalin'ek, noizik behinka urdai-azpikoarekin etorriko bazina. KALIXTO: Nik ekarritako urdai-azpikoarekin aho-sapairik ez dik gazituko, atso sorgin horrek... PELLO: Zer dio, anka-baldar horrek? JOXE: Hire aita-ordeko egin nahiean dabilela bai al'dakik? TXOMIN: Bai. Andra Katallin'en atzetik omen zebilek. JOXE: Aita-semeak zerate, laister. PELLO: Lehenago itoko diat. KALIXTO: Hiretzat nahi al'dituk biak? TXOMIN: Batek ere lanik asko emango dio, Kalixto. KALIXTO: Mutiltzar hobe likek, horrek ere. MIRENTXU: Bai, e? KALIXTO: Txerria hildako astea eta ezkondutako urtea omen dire onenak, Mirentxu. TXOMIN: Txerririk hil gabe ekarri dizkio urdai-azpikoak, Pellok. KALIXTO: (Sal-mahairuntz doa) Ia, nolakoak diren... MIRENTXU: Zer? KALIXTO: Urdai-azpikoak... Zer uste zenuen? PELLO: (Aulkira eramango du Kalixto, zarpatik) Hor zagoz, lotsa gabea. Zure etxean zagozela uste al'duzu? VII LEHENGOAK ETA KOLDO KOLDO: (Ehizeko izkilua eta gerrikoa dakartz) Arratsalde on. MIRENTXU: Bai zuri ere. KALIXTO: (Bere burua ezkuta nahi luke, Koldo ikustean. Bizkarra emango die guztieri). TXOMIN: Hona, gure ehiztaria. Asko bota al'dituk? KOLDO: Gerriko hori non erosi duk? PELLO: Kalixto'k egin ziok. TXOMIN: (Gerrikoa ikutuaz) Ederra duk... Kalixto zahar horrek bazekik lanean... KOLDO: Kalixto diok... Kalixto... Tiroz botako nikek, hemen balego... KALIXTO: (Mahai pean ezkutatuko da, Koldo'ren hitzak entzutean). PELLO: Hara hor Kalixto. KOLDO: Non? (Izkilua zuzenduko dio Kalixto'ri). KALIXTO: Ez... ez... ez... (Deadarka). TXOMIN: (Koldo'ri izkilua ken nahirik) Hago geldi, horrelako astakeririk egin gabe. MIRENTXU: (Eskubiko atetik aldegingo du, ikaraturik) Ama!!! ama!!! KOLDO: (Kalixto'ri) Nik garbituko zaitut!!! PELLO: Lan ederra hartuko duk hori garbitzen. Jaio zanez geroztiko koipeak berekin dizkik. VIII LEHENGOAK, KATTALIN ETA MIRENTXU KATTALIN: Zer da hemen? TXOMIN: Ez da ezer, andra Kattalin. MIRENTXU: Ezetz? Ia-ia tiroz bota zuen Koldo'k Kalixto, ama. TXOMIN: Usorik ez omen du bota eta basurdea, orain, ia-ia. KATTALIN: (Koldo'ri) Kalixto'k zer egin dik? KOLDO: joan zen ostegunekoa ahaztu al'zaizu? KATTALIN: Zer, ordea? KOLDO: Hiru mila pezetakoa, alegia. KATTALIN: Hori al'duk guztia? Hiru mila pezetagaitik hil nahi al'duk gizona? Itzuliko dizkik, bai. KALIXTO: (Berekiko) Haiek ikusteko beharko du... (Elkar hizketa isilean jardungo dire Mirentxu eta Pello). TXOMIN: (Farrez) Hiru mila pezeta kendu dizkik, beraz, andra-gaia aurkitzeagaitik? KOLDO: Dirua kendu bai; andra-gairik aurkitu ez, ordea. KALIXTO: Besoan hartu eta etxera eramatea nahi al'duk? Nik egin diat nere lana; hik egin behar duk, orain, hirea. KOLDO: Guztia egina zegoela esan zenidan atzo. KALIXTO: Guztia... guztia, zer duk hiretzat? Hik saia behar duk guztia egiten, hik!!! KOLDO: Ez du nahi, ordea!!! KATTALIN: Mirentxu'k badik bere adiskidea, Koldo. KALIXTO: (Koldo'ri) Hik ere izango duk, urdai-azpikoa ekartzen badiok. KOLDO: Hiru mila pezeta eta urdai-azpikoa gainera? KALIXTO: Hiru mila pezeta neretzat eta urdai-azpikoak... KATTALIN: Zer urdai-azpiko? (Farrez egongo dire Txomin eta Joxe, elkar hizketa guztian). KALIXTO: (Zutiturik) Begira ezazu poltsa hortan, Kattalin. KATTALIN: (Begira beza) Urdai-azpiko hauek nork ekarri ditu? KALIXTO: Nik ez. KATTALIN: Esan beharrik ez duzu hori. MIRENTXU: Pello'k ekarri dizkit, ama. JOXE: Guk ere hasi beharko dugu zerbait egiten, andra-gairik nahi badugu. TXOMIN: (Erlojuari begira) Garai diagu, Joxe. JOXE: Zer zor dugu? MIRENTXU: Bina kopa dituzte, ama. JOXE: Larogei pezeta, orduan. TXOMIN: (Dirua sal-mahaiaren gainean utzirik) Tori... JOXE: (Kalixto'ri) Etzera amutsa, Kalixto. TXOMIN: Zerbait har nahi al'duk, Koldo? KOLDO: Beltz bat. TXOMIN: Beltz bat atera Koldo'ri, nere kontura. JOXE: (Atera bezaio). TXOMIN: Tori sei pezeta. PELLO: Kalixto bainan leialagoak dituk hauek, Koldo. TXOMIN: (Ateruntz doa) Agur, guztiori. JOXE: Agur, Kalixto. (Kalixto buruan joaz) Hau duk mutiltzarra, hau!!! TXOMIN: Ja.... ja... ja... Koldo bezelako asko bazenitu, bai ederki, Kalixto. KOLDO: Hortan utziko diotala usten al'duk? Lehenago lepoa bigurrituko zioat. (Farrez irtengo dire Txomin eta Joxe). IX KALIXTO, KATTALIN, MIRENTXU ETA PELLO JOXE: Itzuliko dizkik diruak, Koldo. KOLDO: Beharko. (Izkilua erakutsiaz) Bertan zerraldo utziko dut, bestela. JOXE: Ixkanbilarik ez diagu behar hemen barruan; hor atarian nahi duzutena egin. PELLO: Ez izutu, Kattalin. Hoekikoak berehalaxe egingo ditugu. KALIXTO: Harro al'hago, harro? Oilategiko oilarraren antzera? KATTALIN: Oilorik ez dago hemen eta oilarrik ere ez. MIRENTXU: Bera, hori, oilarra. PELLO: Gandorrik gabea, ordea... KOLDO: (Kalixto'gana doa) Nun duzu nere dirua? KALIXTO: (Ardoa edango du, erantzuteke). KOLDO: Non duzu? KALIXTO: Zer? KOLDO: Nere dirua!!! KALIXTO: Tratoak trato izan ohi dituk. KOLDO: Agindu zenidana bete al'duzu? KALIXTO: Bai; joan zan ostegunean zer esan nizun, Mirentxu? MIRENTXU: Senar-gai jator bat bazenuela neretzat. KALIXTO: (Koldo'ri) Ikusten? MIRENTXU: Nik, ordea, ezezkoa eman nizun. KATTALIN: Zure senar-gaiaren zai dagoelakoan al'zagoz, nere alaba? KALIXTO: Ño... Nongo erregekumeak ote zerate? KOLDO: Atzo goizean zer esan zenidan? KALIXTO: Ahaztu zaidak. KOLDO: Mirentxu'k baiezkoa eman zizula esan zenidan eta beste hiru mila pezetakoa eskatu. PELLO: Eman al'hizkiokan? KOLDO: Ez. KALIXTO: Zaila dik honek dirua, zaila... KOLDO: Zaila? (Berotu da zeharo eta lepotik helduko dio Kalixto'ri). KALIXTO: Ai... ai... ai... Itoko nauela!!! KOLDO: Emango al'didazu ala ez? KALIXTO: Ai... ai... ai... Itoko nauela, Pello!!! KATTALIN: Geldi egongo al'zerate? MIRENTXU: Zerbait egin ezazu, Pello; itoko du bestela. PELLO: Hori ito? Ez, ez. Errotarria lepotik loturik duela itsasora jaurtiko balu ere ez. KATTALIN: (Koldo'ri gerrikotik heldu eta atzera egingo dio) Egongo al'zera geldi? KALIXTO: Ai... ai... ai... Ken hidak ero hau, Pello!!! PELLO: Hor konpon... KOLDO: Emango al'dizkidatzu ala ez? KALIXTO: Bai, bai!!! KOLDO: (Utz bezaio). KALIXTO: Nere lan-tokira hoa bihar eta han emango diat. KOLDO: Ez... ez... Orain behar dut. KALIXTO: Guztia ez diat, bainan, hemen... KOLDO: Zenbat daukazu? KALIXTO: (Berekiko) Hiri esango diat..,. KOLDO: Zenbat? KALIXTO: Etzekiat, bada... Hogei duro, edo... KOLDO: Ongi da. Han izango nauzu bihar goizean. Hi haiz lekuko, Pello. PELLO: Ni? Et... et... et... KOLDO: Berdin duk. (Kalixto'ri) Eman beharko didazu, bizirik nahi baduzu. KATTALIN: (Koldo'ri) Ospa hemendik!!! Zu ere bai, Kalixto!!! Arratsalde osoan zagoz, hor, txiki-erdi batekin. KALIXTO: Zagi osoa edatea nahi al'zenuen? KOLDO: (Irten bedi, isilik). KATTALIN: Zagia ere hustuko zenuke bai, inork ordainduko ba'lizu. MIRENTXU: Dar-dar-dar egon naiz, beldurrez. PELLO: Beldurrez? MIRENTXU: Bai. Hilko zuela uste nuen. PELLO: Hori hil? Ez, ez. Hori hilko duen izkilurik ez da. KALIXTO: Urdai-azpiko hoiek ez al'ditugu ikusi behar? KATTALIN: Ikusten, lukainka hori!!! Oraintxe zan antsika, laguntza eske eta ikusten nolako ateraldia, orain. MIRENTXU: (Kalixto'ri) Zuretzat direlakoan al'zagoz? KALIXTO: Ez, pertxenta, ez; ikusi egin nahi nituen, besterik ez. PELLO: (Kalixto'ri) Hor egon behar al'duzu gaberdirarte? KALIXTO: Neri ezer agintzeko nor haiz hi? KATTALIN: Ni naiz hemengo etxekoandrea eta alde hemendik!!! KALIXTO: Ño... Badakigu, emakume, badakigu... Hori da mokoa, hori!!! Atsegin ez da izango zure alboan, bibote hoiek zutitzen zaizkizunean... KATTALIN: Nere ondoren habil, bada, aspaldian... KALIXTO: Ni? Zu bai, nere ondoren. KATTALIN: Je... je... Hi bezelako zarpa-jario batentzat nagoela al'derizkiok? MIRENTXU: Oso dotore dago, gaur, ama, korbata eta guzti... KATTALIN: Tokatzen urdeari gerriko gorria... Banoa, banoa, esan behar ez direnak esan ez ditzadan... Agur, Kalixto... KALIXTO: Agur, agur... regiña masustiña... Ja... ja... ja... KATTALIN: (Irten bedi, musin eginaz) Kaiku hori... KALIXTO: Edango zenuke kaiku hontatik... Ja... ja... ja... X MIRENTXU, PELLO ETA KALIXTO MIRENTXU: Amak zer esan dizun entzun duzu. KALIXTO: Bai. Oso etxeko duzute Pello hau, e? MIRENTXU: Etxeko edo atariko, alde hemendik! ! ! KALIXTO: Zergaitik bidali nahi nauzuten badakit. MIRENTXU: Zergaitik? KALIXTO: Zera... Kontu potxoloak eta... badakizu... Ur hoietan ibilia naiz ni ere... PELLO: (Kalixto'ri zarpatik) Alde hemendik!!! KALIXTO: Hau amaitzean joango nauk, mutil... Hori duk ezin egona, hori. Gero ere hor izango duk bai, hori. XI LEHENGOAK ETA GAZTEA GAZTEA: (Pello'gana doa) Kaixo. PELLO: Kaixo. GAZTEA: (Aurrera darama Pello, besondotik heldurik) Saldu al'dituk? PELLO: Oraindik ez. GAZTEA: Laugarren eguna duk eta oraindik ez? KALIXTO: (Gazte bien albora doa, astiro, zerbait entzun nahiean). GAZTEA: Sosik ez diat... PELLO: Zerbait aurreratuko diat. GAZTEA: Zenbat? PELLO: Bostehun pezetako bat, edo. KALIXTO: (Berekiko) Urdai-azpiko merkeak dituk, alazankoa!!! PELLO: (Kalixto ikustean) Zer nahi duzu? KALIXTO: Ezer ez. PELLO: Zoaz bada. KALIXTO: (Bere aulkira doa). GAZTEA: Bostehun pezeta besterik ez? PELLO: Besterik ez diat hemen. Bihar emango dizkiat gainerakoak. GAZTEA: Emaizkidak, bada, bostehun. PELLO: (Sakelak miatuz) Non ote diat? KALIXTO: (Berekiko, farrez) Kajaorrosen... MIRENTXU: Zeren bila zabiltz? PELLO: Bostehunekoa hartu nuela uste nuen-ta... KALIXTO: (Berekiko) Bai, bai... PELLO: (Mirentxu'ri) Bostehunekorik bai al'duzu hor? MIRENTXU: Bai. (Emanaz) Tori. PELLO: (Dirua hartu eta gazteari emango dio). GAZTEA: Bihar goizean joango natzaik lantokira. KALIXTO: (Berekiko) Ez alferrik... PELLO: Bai. GAZTEA: Agur. PELLO: Zerbait hartuko duk... GAZTEA: Ez, ez; agur. (Irten bedi). KALIXTO: (Berekiko) Gazte hori... poltsa... urdai-azpikoak... bostehun pezetakoa... Nagusiaren antzeko morroia dela esango nikek. PELLO: Bihar emango dizut ordaina, Mirentxu. KALIXTO: (Berekiko) Bai, bai... MIRENTXU: Jesus... Emango didazu, bai... KALIXTO: (Berekiko) Emango din, bai... MIRENTXU: Gazte hori nor zen? PELLO: Lesaka'ko nere adiskide bat. KALIXTO: Gezurra!!! PELLO: Zer dakizu zuk? KALIXTO: Nik ezagutzen ez dudan sagurik ez duk Lesaka'n. PELLO: Etorri berria da Lesaka'ra. KALIXTO: Hala beharko... (Berekiko) Gezurra jaulki duk, orain ere. MIRENTXU: Buka al'duzu ardo hori? KALIXTO: Bai, emakume, bai. Hori da presa, hori!!! Ez dizu aldegingo, ez. XII LEHENGOAK ETA KATTALIN KATTALIN: Aitaren, Semearen... Oraindik hemen al'dago alproja hau? Ospa hemendik!!! Ateak itxi behar ditugu. KALIXTO: Beste hori ez al'duzu bidali behar? KATTALIN: Hori ere joango da, bere garaiean. KALIXTO: Bere garaiean, beraz, e? Ja... ja... ja... (ateruntz doa). MIRENTXU: Ardoa ordaindu al'dizu, ama? KATTALIN: Ez, neri. MIRENTXU: Ardoa noiz ordaindu behar duzu, Kalixto? KALIXTO: E...? MIRENTXU: Ardoa ordaintzeko, alegia. KALIXTO: Lehen ez al'dizut ordaindu? MIRENTXU: Ez, neri. KATTALIN: Ezta neri ere. KALIXTO: Ziririk sartzerik etzegok haueri. (Berekiko). KATTALIN: Zer esaten ari zera? KALIXTO: Tori, hamabost pezeta. KATTALIN: Hamabost ez, hogei. KALIXTO: Berriz ere igo al'duzute? MIRENTXU: Ondotxo dakizu zenbat dan... KALIXTO: Tori, tori... MIRENTXU: Ongi da. KALIXTO: (Mirentxu bizkarrean joaz) Hau duk marrubia, hau... Ja... ja... ja... MIRENTXU: Belarrondoko hotzak kentzea nahi ez baduzu, alde hemendik! ! ! KALIXTO: Ja... ja.... ja... (Irten bedi) . XIII KATTALIN, MIRENTXU ETA PELLO KATTALIN: Zuek ere ez luzaroan, egon, berandu da-ta. MIRENTXU: Berehalaxe goaz, ama. KATTALIN: Urdai-azpiko hoiek norentzat dituk, Pello? PELLO: Zuentzat. KATTALIN: Musu-truk? PELLO: Musu-truk, edo,... KATTALIN: Eskerrikasko, Pello. (Poksa harturik) Hau duk erregalia, hau!!! PELLO: Ez da ezer hori. KATTALIN: Ezetz? Alajainetan... Sukaldera zeramazkiat,-beraz. MIRENTXU: Bai, bai. KATTALIN: Eskerrikasko eta bihar arte, Pello. (Irten bedi). PELLO: Bihar arte, bai. KATTALIN: (Atetik). Atariko atea itxi zan, Mirentxu. (Ezkuta bedi). MIRENTXU: Bai, ama. Atea itxitzera noa, Pello. (Irten bedi ezkerreko atetik). PELLO: Lagunduko dizut. (Irten bedi). OIHALA |