|     71 zenbakia, 1984ko abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

DARIO FO,
EDO NOLA IZAN
BENETAKO KOMIKO

 

Carla Matteini

 

        Dario Fo, ezezaguna izateari utzi ezezik gure herrialdean, gure karteleretara modu iraunkor batez agertzen diren autore atzerritarren kopuru urri horretakoa izatera ere pasa da; eta beronen sona, arrakasta eta onarpenaz ikuslego ugari baten aldetik, Estatuko teatroak pertsonalki bisitatu dituen aukera gutxietan, itxaronaldi luzeak egin ondoren bera ikustera hurbildu diren milaka pertsonek hitzegiten dute. Bisita askiezak (bi, aurten eta 1982an), zeren eta beronen txangoek ez bait dute, arrazoi bistakoengatik, gure geografia osoa hartzen, eta jokatu duen hiri gutxi horietan ere, bakarka eman dituen ikuskizunak, gure aldiotako trobadore aparteko bati dagokionez, beti askiezak gertatu dira antolatzaileen aurrikuspen guztiak gainditu dituen ikuslegoaren eskariari erantzuteko. Izan ere hauxe bait da teatro-gizon hain anizkuna den honen alderdirik harrigarriena, hainbeste non Errenazimenduko gizonen oinordekoa dela esango bait luke edonork: pintalari, eszenografo, zuzendari, dramaturgo, eta batez ere aktore. Bi orduz baino gehiagoz darda gainean edukitzeko gai den aktorea bere ikuslego konplize eta sutsua, trebezia histrionikoaren, zerebrua erne mantenduz barre eragiteko gaitasunaren, istorioak kontatzeko duen gaitasunaren trebeziekin bakarrik (ia bere obra osoa inspiratzen deneko eta Italian hain tradizio sakonekoak diren «cantastorie» deritzatenak bezelakoak), eszenategi batean ikus daitezkeen bitartekorik sotilenekin, eta hala eta guzti ere, Dariori esker, berehalaxe osatzen bait dite ikuskizuna: ganbara ilun bat, foko batzu, mikrofono bat, eta eszenategi hutsaren erdian, bera, jertse eta fraka ilunekin, bere irribarrearen ahotsaren eta keinuen tresneriaz armaturik.

        Baina hemen Fo dramaturgoaz hitzegitera goaz, berrogeiren bat komediaren egileaz, zeinetarik hemen 8 edo 9 baizik ez bait dira estreinatu, baina berauek aski izan dira arrakasta handiko autore bihur dadin, zeinaren izenak gero eta indar handiagoa bait du ugalduz doan ikuslego leial bat biltzeko. Gure herrialdean aurrena antzeztu zen obratik, gaztelaniaz hiru aldiz eta katalanez behin antzezturiko «Muerte accidental de un anarquista»-tik hasita beste honako hauek ere ikusi ahal izan dira: «Misterio Buffo», «Una mujer sola», «Tenia dos pistolas con los ojos blancos y negros» (Euskarazko itzulpenean, «Pistolaren begi zuri-beltzak»), «La mueca del miedo» (Jatorrizkoan «Clacson, trombette e pernacchi»), «Aquí no paga nadie», eta oraingoz azkenekoa dena, «Pareja abierta (casi de par en par)».

        Asko ez bada ere, nahikoa idatzi izan da Fori buruz gure herrialdean. Eta azterketa sozio-politiko edo beronen testuen ikuspegi literario edo artistikoa baino beharrezkoagoa dela hemen beronen ibilpide gizatiar, politiko eta artistikoa ematea, gure garaitako teatrofenomeno bat nola sortu eta garatu den jakiteko, baita beronen abiapuntuko ingurunea, bilakaera ideologikoa, eta teatroaren eta partaidetza politikoaren munduan zehar egin duen ibilera ere, labur esateko, derrigor laburra den kronologia bat baina argitzailea izango dela espero duguna, Fo pertsonaia nola eta zergatik sortu den ulertu ahal izateko.

 

 

Hasierak eta beronen lehen teatro-etapa.
Burges-komediak

 

        1927an jaio zen Italiaren iparraldean, familia proletario baten altzoan (aita trenbideko langilea eta ama nekazaria) eta Milanora heldu zen Brerako Akademia ofizialean arkitektura ikasketak egitera, eta garai hartako kultur mugimendu nahasian sartzen da, zeinaren helburua bait zen tradiziozko kultura nagusikoiaren marko estua haustea. Telebistan lan egin ondoren, Parenti eta Durano, testu komikoen egile diren bi autorerekin elkartzen da. Zenbait urtez, hiruren artean zenbait errebista idazten dituzte amerikarren musikalak desmitifikatuz, arik eta zentsurak isilik egotera behartzen dituen arte.

        Lanaren lehen etapa honetatik sortzen dira Foren aurreneko fartsak, zeinen bitartez nahi bait du Fok teatro ofizialaz aparte garatuz joan den teatro-tradizioarekiko lotura burutu, eta zeina cantastorie herritarren tradizioan hasten bait da, eta baita Commedia dell'Arte deritzanean ere. 1951ean Franca Rame ezagutu zuen, artista ibiltarien familian jaiotakoa zena, eta familia honek zuen gai-errepertorioan oinarrituz Fok bere lehen testuak idatzi eta antzeztuko ditu. Lehen garai honetako errebista eta fartsen artean seguraski sonatuena «El dedo en el ojo» (1953) da, Parenti eta Duranorekin idatziriko errebista; baita garai honetan bertan idatzi zituen komediak ere, berak «burgestzat» dauzkan komediak («Los pintores no tienen recuerdo», «Los arcángeles no juegan al flipper», eta gerora, «Isabel, tres carabelas y un charlatan», Kolon eta Errege Katolikoei buruzkoa).

        Lehen garai honetan, ondorengo teatroarekin konparatuta, probokatzaile baino lotsagabe-itxura handiagoa hartzen diogun honetan, Fo eta Ramek sarri izan zituzten eragozpenak zentsurarekin, zeinak beldurrez ikusten bait zuen nola teatro-mota berri bat, itxuraz komikoa baizik ez zena, baina asmo kritiko sendo batez betea, italiar eszenategietara agertzen ari zen. Ikuskari bakar batengatik 280 salaketa jasotzeraino iritsi zen konpainia. Benetako markahausketa bat! 1953. urtean bertan, «El dedo en el ojo» obrarekin, gauero komisari bat izaten zuen hutsik egin gabe gonbidatu gisa hitzez hitz testua kontrolatzeko, eta elizetako ateetan ezarritako buletin batek ikuskizun «ez gomendagarrien» artean jartzen zuen Foren obra. Baina Foren ikuslego berria, ikaslez, langilez eta burgesia progresistaz osatua, berehala hasi zen leporaino betetzen beronen obrak antzezten ziren teatroak. Aldi berean, eta berez zetorren bilakaera baten ondorioz, Foren teatroa gero eta deserosogoa, «egoskaitzagoa» bihurtzen ari zen, eta teatroak gero eta gehiago betetzen ziren, arik eta Fo-Rame konpainia denen aurretik jarri zen arte italiar konpainien zerrendan.

 

 

LA COMUNE-ren sorrera.
Partaidetza politikoaren garaia

 

        Badator 68. urtea, errebolta politiko sozial eta artistiko haundia, legamia berriak... Txinatarren kultur iraultza, frantses maiatza, eta Italiako burruka-mugimendua bete-betean sartzen dira Foren testuetan eta beronen konpainiaren teatro-jardunean. Teatro komentzionalak utzi eta PCI-ren aukerabidezko zirkuituetan lan egitera pasatzen da, erreskataturiko herri-etxeetan. Urte hauetan gogor ekiten dio militantzia politikoari eta bete-betean sartzen da politikan bere teatroaren bitartez, zeina gero eta zuzenagoa eta gogorragoa egiten bait da, baita asmo argiagokoa ere.

        Garai honetakoa da Foren testurik ederrenetakoa eta antzeztuenetakoa den «Mistero Buffo», izan ere beste edozein baino inspiratuagoa bait da herri-tradizioan eta Erdi Aroko testu sakratuei buruz duen ikuspegi berezian; eta baita «Gran pantomima con banderas y fantoches pequeños y medianos», «El obrero conoce 300 palabras, el patron 1.000; por eso es el patron»... Eta baita beste ikuskari hauek ere «Me lo pienso y canto» 1 eta 2 zenbakiak, zeinetan Fok esperientzia aberasgarri bat burutzen bait du, sakonki lan egiten duelarik Italia osoko herri-kantari eta ikerketariekin , aldi berean artikulatuz sintesi-lan bat tradizio herritarraren forma eta edukinen artean, herri-kantak ikuskari bizi eta koralezko gisa duten dimentsioan teatro-mailan berreraikiz, inondik ere «arkeologia» egin gabe, herri-bizitzaren errealitatearen lekuko agiazko delarik. Esperientzia honek, «Misterio Buffo»-rekin izan zuenarekin batera, krisian sartzen du Fo eta teatro-gizon gisa bere jarduna birplanteatzera eramaten du, bai edukinari dagokionean eta bai ikuslegoarekiko harremanari dagokionean.

        Prozesu hau, kezka hauek sakontzean, Fok bertan behera uzten du teatro errazago eta «ezagunagoa» den bat teatro burrukalari, ia militante bat egiteko: «herriaren adiskide» den artista izatetik herri-mugimenduaren zerbitzuan dagoen artista izatera aldatzen da, herri-etxeetan, auzategietan, lantegi okupatuetan, plazatan, merkatuetan eta eskolatan antzeztu. Lehendabizi, 69an, desegin egiten du konpainia Nuova Scena Elkartea sortzeko, zeina era berean desegiten bait du 70ean La Comune izeneko teatro-taldea sortzeko; egitura honek oraindik lanean diardu eta egundoko lana burutu du azkeneko une hauetan.

        Inzidentzi eremuaren hautapen honek Fo, Franca Rame eta berauen lankide guztiak militantzia politikozko maila batean ezarri ditu kultur frontean, eta 70.etik hasita («Muerte accidental de un anarquista» sortu zeneko urtetik) beste hamabosten bat komedia idatzi, zuzendu eta muntatzeko aukera eman dion egitura sendo eta antolatua sortu du. Azken bloke honetan sartzen dira lehen gure herrialdean antzezturikotzat eman ditugunak, sonatuena «Aqui no paga nadie» delarik, zeina azken une batzuetatik honakoan atergabe antzezten bait da Japonia, Norvegia, Danimarka, Alemania, EE.BB., Inglaterra eta abar bezalako herrialdetan.

 

 

Heldutasuna eta arrakasta

 

        Fo dagoeneko mito bat da nazioarte-mailan. Ukatu egin zaio (oraintsu arte) Estatu Batuetara sartzeko bisatua baina beronen komediek leporaino betetzen dituzte mundu erdiko teatroak, eta Francarekin behin eta berriz itzultzen da telebistara, polemikari su emanez. Eta Fo «onartu» edo toleratu baten karisma (zer erremedio!) bain da handia non mendebaldeko artearen aldare gorenetako bateraino eramana izan bait da.

        1978an Milango Scalara dei egiten diote Fori Ramuz-Stravinskyren «Soldaduaren Historia» zuzentzeko. Beronen muntaia, teatro-eskoletako ikasleekin soilik egina, zeinekin aritzen bait da inprobisatzen tailer handi batean eszenaratzea, jantziteria, eszenografia, benetako talde-lanean, hain da berritzailea, hain da betea indarrez eta inpakto bisualez betea, non musikaren lehen temploa den honetako abonuko ikusleak zur eta lur gelditzen bait dira beren tertziopelozko butaketan: egundoko eskandaloa sortzen da. Ezkertiarren bufoia, herriaren probokatzailea den koblakaria tenplo sakratura sartu da. Nork esango zukeen holakorik!

        Urteak joan-ala, Fok bere ibili «errenazentistari» jarraitzen zaio: idazteari jarritzen zaio (orain beste hiru amaitzen ari da), atengabe aritzen da kamerinoetan pintatzen, baita gero eta ugariago egiten dituen txangoetako hotel eta jatetxeetan ere; oraintsu amaitu berria du hasieratik gaurko egunetara arte burutu duen bere obra plastikoaren erakusketa bat: eszenografi bozetuak, figurinak, marrazkiak... Ez da harritzekoa 30 urtez nekatugabe jardun ondoren, buru eta gorputzeko energia harrigarri bati eutsi diolarik, Dario Fo gaur egun eszenaren munduan bizirik dirauen mito urri horietako bat izatea, eta agi denez luzarorako korda dauka oraindik, dramaturgo, aktore, pintalari eta eszenako munstro benetako gisa.

 

 

«Izuaren aurpegia»
(Clacson, trombette e pernacchi)

 

        Italiako errealitate politikoaren testu-lekukoen ildotik, «Muerte accidentai...» (1970), «Todos unidos, todos juntos» (1971), «¡Pum, pum! ¿Quién es? ¡La policia!» (1973), «El Fanfani secuestrado» (1975), Fok 1981ean «Clacson, trombette e pernacchi» idazten eta muntatzen du, Espainian TABANO taldeak «La mueca del miedo», autoreak jarritako beste tituluarekin 1982an estreinatu zuena.

        Obra hau Italian estreinatu ondoren, egundoko erasoa sortzen da Fo eta beronen taldearen aurka, seguraski inoiz Foren obra baten inguruan sortu den eskandalorik handiena. «Terrorismo de prensa» (kanpaina iraintzaile baten kronika) titulatutakoaren sarrera-testua da eta kanpaina hori aztertzen du eta baita nola sor zitekeen ere. Lehen aipaturiko obren ondoren, «tentsio-estrategiazko» urte ilunetan, masakre beldurgarri, bilbe beltz, konplot militarren urteetan idatziak (berak «¡Pum, Pum! ¿Quién es?...» isladatzen du hau dena, estatu-terrorismoaren kronika latza, lehenago «Muerte accidental...» obran aztertua zuena) Fok testu luze bat idazten du, aspaldidanik pentsatua eta umotua, mila zalantzaren artean, gure garaiko gairik delikatuena, anbiguo eta eztabaidatuena den horretaz, hau da, terrorismoaz. Hitzaurrean ematen du bere zalantzen berri, zenbat kosta zitzaion testu hau idaztea, antzematen bait zion eremu iztingatsuan ari zela sarten, non erraza bait zen hondoratzea berriz irteteko aukerarik gabe.

        Zer kontatzen du bilbeak? Fok imajinatzen du Giovanni Agnelli, Fiaten Presidentea Aldo Moro bere baiheta sonatuan Brigada Gorrien eskuetan aurkitu zeneko egoera berean aurkitzen dela. Agnelliren salbatzailea fabrikako langile kanporatu bat da, gainera haren antz izugarria duena. Gertaera politikotik abiatuz, «Sosias» latinoa bezala baliabide klasiko gertatu den honetatik abiatuz, fartsa frenetiko bat garatzen da eta eguneroko absurdutik aditzera ematen du nola jokatzen duten «ukiezinak» diren erakundeek hiritarraren izenean dena zapaltzen eta kontrolatzen dutenean: poliziak, baitipat, baina baita magistraturak ere. Fok oso bereak dituen fartsazko baliapideak erabiltzen ditu, bere gag, ekiboko, abiadura dramatiko eta abar, komedia atsegin eta zorabiarazlea sortzeko, zeinaren azpian askozaz diskurtso serioagoa bait dago, terrorismorik txarrenaz, Estatuarenaz iseka egiten duena.

        Honela zioen TABANO-k bere programan: «Un secuestro politico no consumado, tendido a un alto industrial, el presindente de la FIAT, puede conducir a una rocambolesca aventura de equivocos, en la que los mismos resortes del terrorismo de los grupos armados, con las nefastas secuelas que producen estas acciones en la actualidad, son utilizados por las instituciones del Estado para producir un efecto de boomerang». Gai hauxe ha, mingarria eta egunerokoa gure gizartean. Fok bere fartsa-estiloan joratzen du, gure garai honetako errealitate izugarri bat eta gizarte-ehunean dagoena satiraren engranaia burlati eta ankerraren barman, hobeto irudikatzeko eta urruntzeko beronen alderdi tragiko eta berehalakoak.

        Italian izan zuen erantzunak txunditurik utzi zuen autorea bera ere eta hala esan zuen: «Franca konturaturik zegoen honetaz saioak egitean: "Ikusiko duk nolako iskanbila sortuko den ikuskizun honekin... sekula ikusi ez den bezalakoa!"» Eta arrazoi zuen. Ni neure aldetik, ziur nengoen molestagarri izango zitzaieela erreakzionarioei, adimen laburrekoei eta aparatoko beste jende askori ere, baino ez nuen espero hain urrun iritsiko zenik. Eta batez ere hain kolpe behereak emanez, hainbesteko amorru eta ankerkeriaz beteak... Nik Meyerholden kontseilu hura segitu beharko nukeen: «Nahi baduzu iseka egin zeniezaioke lehoi bati, baliteke barre-algara batekin ordaintzea ere, baina sekula ez hasi ironiatan politiko bati buruz: tximinoak bezalakoak dira, bakarrik badaude ihes egiten dute, baina beren sorbalden atzetik "lehoia" baldin badute babesteko, atzaparkada batez begiak ateratzen dizkizute». Eta hala gertatu zen. «La mueca...» estreinatu zenean PCI-ren egunkarietan egundoko gutun gogorrak agertu ziren, Manifiesto-n (eta zer esanik ez erdiko eta eskuinaldeko egunkarietan), parlamentuan debatea bat ere izan zen, senadore eta magistratuek ere hitzegin zuten... Oraingo kanpaina garratz honek bai eman ziola min Fori eta «L'Unita» egunkarira gutun ireki bat bidali beharrean surkitu zen, bere jarrera pertsonala argi eta garbi uzteko. Honelako fruitu txarrak jaso behar izan zituen umiltasun eta kemenez gure garai honetan tabu den gai bat jorratu izan zuelako. Izan ere Forentzat ez du egon behar tabu den gairik eta hitzegiteko eta barre egiteko askatasuna behar da gai horiei buruz barre luzido eta askatzaile batekin.

 

aurrekoa | hurrengoa