LEHEN EKITALDIA I ESZENA (Piskanaka argia indartzen hasten da, baina apal iraungo du eszena guztian zehar. Autoak desatalkatzen dituzten leku batean gaude. Txatarra ageri da nonahi, neumatiko metatuak, auto-atakak, eserlekuak, etab.: metalezko egitura bat ageri da nagusi eszenan. Erdian, bi autobus-eserleku eta berauen gainean etzanda gizon bat, ikuslegoari bizkarra emanez. Luzia bastidore artetik deika.) LUZIA: Antonio!... Non zaude?... Antonio! ANTONIO: Ez oihu egin... hemen nago, Luzia... (Bila ateratzen zaio.) LUZIA: (Bastidore artetik) Ene, azkenean ere! Baina zer gertatu zaizu... zergatik etorrerazi nauzu hona? ANTONIO: (Neskarekin sartuz) Etorri, sartu, hobe dugu inork ez ikustea. LUZIA: Zergatik? Zer egin duzu Antonio? Esaidazu zergatik jarri duzun ahots arraro hori telefonoz... ANTONIO: Inork ezagutu ez nazan izan da. LUZIA: Ez zaitez paranoiko jarri eta esaidazu bart zergatik ez zaren etxera itzuli... Dei egin zeniezadakeen. ANTONIO: Nora joango nintzen, ba, goizaldeko lauretan? Ez neukan txakurtxikirik ere, eta giltzak txamarran zeuden. Kristoren hotza pasa dut. LUZIA: Txamarra utzi duzula? Non ordea? ANTONIO: Utzidazu gauza denak bata bestearen ondoren kontatzen. (Eserlekuan esertzen da.) Bart, ordu bi t'erdiak aldera, ni neure autoan nengoen, kanalaren ondoan, Milanoko barrera pasa ta... LUZIA: Eta zertan ari zinen zu gaueko ordu bietan, zeure autoan, eta hiritik bi kilometro baino gehiagora? ANTONIO: Ba zera... lagun batekin nengoen... Fiatez hizketan. Atzo beste lau langileri igorri zizkieten langabetze-gutunak... absentismoarengatik. Gero jakin da hilabete bazeramatela hilik! LUZIA: Noski, hildakoei buruz ari zinen hizketan lagun batekin... eta poliziak ez antzemateko, elkar besarkatzen ari zineten... eta biluzik zeundeten... ANTONIO: Bai, asmatu egin duzu. LUZIA: Antonio, ez dut irentsiko ale hori! Esaidazu egia, zeure emaztearekin topo egin duzu, ezta? ANTONIO: Ezetz ba, sei hilabete honetan ez dudala ikusi, eta dena dela ere, zer hala izango balitz? Agian galdetzen al dizut nik zuk unibertsitateko zeure adiskideak ikusten dituzunean, bart bezala urrunago joan gabe? LUZIA: Jakina galdetzen didazula, arraioa! Aspergarria jartzen zara egun pilo batean. Ezin dezaket harreman bat izan... zera esan nahi dut... ANTONIO: Jakina, ni aspergarri jartzen naiz, eta zuk erantzuten didazu: «Bakean utzi nazazu eta ez sartu nire bizitzan, zure emaztea ez naiz-eta!» Eta bikote irekiaren inozokeria horiek aipatzen dizkidazu. Ederki, ba, bart bikote irekiaren hori praktikatu dut! Binaka! Hamabi ginen! LUZIA: Ah bai? Eta zu norekin zeunden? ANTONIO: Neskalagun batekin... fabrikako argal batekin... LUZIA: Ah, orduan egia da burruketan, itxialdien aitzakiarekin, nahi duzuen guztia egiten duzuela... ANTONIO: Ez zaitez hasi sermoiak botatzen... Arrazoiak ezpaituk! Neure emaztea bezalako aspergarri batekin topo egin diat, eta bera bezain tentela gainera... Gezurra dirudi ez konturatzea zer istilutan sartuta nagoen... berriketa honetan bizia gal nezake! LUZIA: Bizia? Oh, Antonio, zer gertatu da? Barkaidazu, barkatu ezazu, sekula ez dudala ahorik irekiko zin egiten dizut. ANTONIO: Hala espero dut. Mila deabru... nola demontre bururatu ote zait niri zarramaltza honetan sartzea! Han nengoen ni lasai baino lasaiago kanalaren ondoan, eta bapatean horra non ikusten ditudan batera datozen bi autoren faroak, ziztu bizian, motoreak gehiago ezinean. Arrania, esaten diot neure buruari, zoro pusketa hauek ordu ederrean ekiten diote lasterketak egiteari... eta pendiz honetan gainera, irrist egiten badute, akabatuko dira... Esatea besterik ez nuen egin, autoetako batek besteari 132 bati aurrea hartzeko ahalegina egiten du eta horra jo eta beraren kontra non zanpatzen den... egundoko zartakoa izan zen, eta gero beste bat... eta gero kanpanbuelta bat eman zuen. Indianapolisen bageunde ere! 132-ak herio-salto hirukoitza egin eta danba! gu geundenetik hamarren bat metrora erortzen da... bestea, sekulako hegada egin ondoren, torpedoa bezalaxe lehertzen da pendizean hain zuzen ere. Garaurik ez zen bizirik geratuko, esaten nuen neurekasa! LUZIA: Ez da harritzekoa... eta zer egin zenuen orduan? ANTONIO: Zera, ba, autotik irten eta lagundu ote nezakeen ikustera joan nintzen, eta ea norbait bizirik zegoen. Eta ordua artekoak gutxi balira bezala, iraulitako 132-ri sekulako ketzarra zerion... zabaltzen ditut ateak... lau zeuden barruan... hasten naiz ateratzen... erdi-itorik bezala zeuden. Aurrean zihoana zegoen okerrena, gidariaren ondokoa... haizegerizaren kontra txikiturik zeukan aurpegia... dena zanpatuta, txanpona bezala. Beste hirurak aterata neuzkan... baina hau katigaturik bezala zegoen... ezin nuen bakarrik... LUZIA: Ezin al zizun lagundu neska horrek? ANTONIO: Jakina... dei egin nion: «Aizu, esku bat behar dut», eta zer esango eta botatzen dit: «Zertarako sartzen zara istilutan, hobe dugu ospa egitea hemendik, usain txarra hartzen diot honi». LUZIA: Kasu egin behar zenion... Baina jarrai... Zer ari zinen esaten aurpegia talo eginda zeukan gizajoaz? ANTONIO: Azkenean ere atera nuen autotik, banoa lurrean etzaneraztera eta danba! leher egiten du motoreak, biok bete-betean harrapatzen gaituen izugarrizko sugarraldia... LUZIA: Ai, Jainko maitea! ANTONIO: Tira, egia esateko bera harrapatu zuen betean, zeren nik besapetik helduta bait neukan... eta bizi-sen hutsez altxa nuen neure burua babesteko, ezkutua bezala! Eta kontua da gizaixoak su hartu zuela. Nik ekiten diot arropa guztiak eranzteari, baita frakak ere... sutea zirudien hark! Begira nola erre ditudan eskuak eta besoak... Gero eranzten dut txamarra... botatzen diot gainera garra itzaltzeko... LUZIA: Bistan dago oso ona zarela... ANTONIO: Bai, eta txoriburu planta, hobe nuen neure arazoez arduratu banintz... LUZIA: Zeure arazoak aipatu dituzunez gero... eta zure neskalagun horrek, delegatuak... dena zugan delegatu al zuen? Begira geratu al zen? ANTONIO: Ez, ospa egin zuen. Sua ikusi zuen orduko, autotik salto egin, bere arropak hartu eta hanka egin zuen zegoen bezala, erdi-biluzik... LUZIA: Ah, erdi-biluzik zegoen ordua... eta zu ere bai? ANTONIO: Ez, ni txamarrarekin nengoen, frakarik gabe, baina txamarrarekin... Eta suertea izan zen frakak autoan geratu izana... gutxienez, salbatu ninduten... LUZIA: Zaude piska bat, Antonio. Susmorik ba al duzu nor zen sutan zegoen autotik atera zenuen hura? ANTONIO: Zera jakin behar nuen... zergatik, zuk bai ala? LUZIA: Zalantza moduko bat daukat... Baina nolatan ez ote zaizu bururatu behar bada hura ez zela edonolako istripu bat baizik eta bahiketa bat izan zitekeela? ANTONIO: Jakina baietz bururatu zaidala, baina gero... horiek beren pistolak disparatzen hasi zaizkidanean! LUZIA: Disparatu egin dizutela? Baina nork, noiz? ANTONIO: Aizu, gauzak banan-banan kontatzen uzten badidazu, agian argitu egingo naiz. Tira, aurpegia zanpaturik zeukan gizajoari sua itzaltzea lortzen dut, eta bitartean beste hirurak, itolarrian zeudenak, esnatzen ari direla konturatzen naiz eta oihu egiten diet: «Eh, aizue, zatozte hona laguntzera hil zorian dago-ta, ospitalera eraman behar da aldean». Bai zera... zeharo leloturik zeuden eta ez zidaten entzuten. Orduan neuk bakarrik egin behar izan nuen dena, zanpatua neure 128-raino arrastaka eraman, barruan sartu, frakak jantzi, arrankatu... Une horretan, pan! pan! tiro-hotsa entzuten dut... Erdi-itorik zeuden haiek, aluak halakoak! Baina nola liteke, nik zuei bizia salbatu, oilaskoak bezala erre zintezketenoi, eta zuek «eskerrik asko», eta pistolen terreilkatzat hartzen nauzue? Botatzen dizkiet muturretara argiak, eta zuzen-zuzen beraiengana jotzen dut, eta aldendu ezean zapaltzen ditut. Atzean utzi, beste autora hurbiltzen naiz, pendizaren ondoan bazterra jo zuenaren parera. Beste lau zeuden barruan... denak zerraldo zeudela uste nuen... eta bai zera... zombien gaua zirudien! Hildako bizi hauek salto egiten dute autotik, berpiztuen antzera, eta tiroka erasotzen didate, festatan bageunde bezala! Ez dakit nola pasa nintzen bala bakar batek jo gabe. LUZIA: Antonio, ikaragarria da! Hotzikarak sartzen zaizkit... zer mundutan bizi gara, ordea? ANTONIO: Hori esan... Baina zaude, oraindik ez dut bukatu-eta. Banoa Porta Susako plazara eta Gurutze Gorriaren anbulantzia ikusten dut kantoian aparkaturik. LUZIA: Jakina, hor bait dute geralekua. ANTONIO: Horregatik. Gelditzen naiz eta ohatilariei dei egiten diet, zanpatua har dezaten. Etortzen dira ohatilarekin, ateratzen dute eta hasten zaizkit galdezka: «nor da zauritua? Non gertatu da istripua? Nor zen gidari, zu?» Bapatean antzeman nien ziur zeudela neuk zapaldu nuela neure autoaz, eta orduan esaten diet: «Hara, istorio nahasi samarra da. Hobe dugu Larrialditara joatea, han egongo da polizia eta beraiei kontatuko diet guztia». «Ongi da. Segi atzetik». Segi nien bada, baina lehen gurutzegunean eskuinetara hartu eta ospa egin nuen. LUZIA: Zoraturik al zaude... zergatik egin duzu hori? ANTONIO: Ez dakit, beldurra sartu zait. Egia esateko lehenengotan erabat komentziturik nengoen Larrialditara joan eta poliziari dena kontatu behar niola, baina anbulantziari jarraika nindoan bitartean, neure burua imajinatu nuen istorio guztia kontatzen. Ezerk ez zeukan egia antzik, arraioa! Nork sinetsi behar zuen halabeharrez nengoela ni han, ez neukala bat ere zerikusirik bahitzaileen bandarekin... ze azkenik ulertu bait nuen bahiketa-ahalegin bat izan zela. Ziur nengoen giltzapean jarriko nindutela, eta jipoia berotuko zidatela, arik eta terrorista damutu planean jarri arte. LUZIA: Arrazoia duzu, zoratzeko modukoa da. ANTONIO: Eta egia esan, erdi-zoraturik jarri nintzen! Bapatean ulertu nuen zergatik tirokatu ninduten hiru erdi-itoek. Horiek ziren zanpatuaren bizkarzainak eta muturren aurretik eramaten ari zirela ikusirik, bahitzailetzat hartu ninduten. Seguraski emango diote poliziari nire 128 gorriaren berri, esan nuen neure golkorako, eta orduan hona etorri autoarekin eta su eman diot. LUZIA: Zoratu egin al zara, Antonio? Auto ia berri-berria! Baina zuk ba al dakizu inondik ere nor salbatu duzun? ANTONIO: Nik ez, eta zuk? LUZIA: Noski baietz, Agnelli zen, zure presidentea! ANTONIO: Agnelli? Agnelli salbatu dudala nik? Txantxetan al zabiltza? LUZIA: Ez nabil txantxetan. Telebistaz esan dute gaur goizean, albiste-emankizun berezi batean. Bahiketa goizaldeko ordubiak aldera gertatu da Milanoko barrera inguruan... beraz, zure zanpatua da hain zuzen ere. ANTONIO: Ez zaidazu esan Agnelli salbatu dudala! Fabrikan honen berri izatean, hormari begira jarri eta listu-botaka fusilatuko naute! Baina zergatik ez didazu esan iritsi bezain laster, inozo baten modura kontatzen utzi ordez? LUZIA: Ziur-ziur egon nahi nuen, eta ez erasateko egon naiz eten gabe. Hau da istilua hau! Konturatzen al zara zer istilutan sartu zaren? Honela ikasiko duzu delegatu putazale ez izaten! ANTONIO: Ah, noski, banengoen ba ni! Delegatuekin putakeritan ibiltzen dena Jainkoak zigortu egiten du eta bere presidentea salbatzera derriortzen du! Baina aizu, zer da zehatz-mehatz telebistak esandakoa? LUZIA: Ba, aurrena Abokatua nola bahitu zuten berria eman du, eta gero haren eskoltako gizonen aitorpenen arabera, bahitzaileek, beren autoarekin Abokatuarenaren ondoan jarri ondoren, sujaurtigailu batez disparatu omen zioten atzekaldeko kristaletara... kristalak, hautsezinak izan arren, txiki-txiki egin omen ziren eta disparoa autoaren barruan lehertu omen zen, gas toxikozko hodei bat jareginez eta eskoltako gizon guztiak paralizatuz. ANTONIO: Ah, hori zen ketzar hura! Eta gero? LUZIA: Kontatu dutenez, kordea galdu ondoren, bizkarzainak senera itzuli omen ziren hain zuzen ere terroristen gaizkideetako bat ikusteko puntuan, eta pendizean luzaroa izkutaturik egondakoa omen zen, nonbait, eta honek Abokatuaren gorputza bizkarrean hartu eta 128 batean ihes egin omen zuen. ANTONIO: Zer esan dizut nik? Ongi harrapaturik nago, beraz! Bapatean gaizkide bihurtu naiz, edo hobeto esateko, bahiketaren antolatzaile nagusi! Terroristatzat bilatuko naute... eta hori samaritar onarena egin dudalako! Hoa ugazabei bizia salbatzera, kaiku hori! Heure bizia arriskatu milaka langile begiei kinu eragin gabe kalera bidaltzen dituen baten alde... mafiosorik okerrenak bezala, eskupetapean, denok bahituratzat gauzkan baten alde: «Eh, aizue, 24.000, zirkinik egiten duena zerraldo utziko dut!» LUZIA: Antonio, lasai zaitez. Arrazoia duzu, sasikume bat da, baina ez da horrela jartzekoa ere. Ikusiko duzu Abokatua senera etorri ospitalean, eta Agnelli dela esan, eta zuk bizia salbatu diozula esatean, nola konponduko diren gauzak... ANTONIO: Baina nola arraio konponduko dira gauzak... fidatu egiten ahal zara hoii bezalako batez... Onartuko duelakoan al zaude bere langileetariko batek bizia salbatu dionik, bere bizia arriskatu duenik salbatzeko... Sekula ere ez! Oroimena baietz lehenago galdu, ikusiko duzu! LUZIA: Ahoberokerian zabiltzala esaten dizut... ANTONIO: Bai, bai, ahoberokerian... gainera ez da mirari txikia izango bihar bere izena gogoratzea ere! LUZIA: Hain gaizki al zegoen ba? ANTONIO: Ni naiz gaizki dagoena. Ez al dakizu anbulantziako ohatilariek oso ongi ikusi didatela aurpegia?... eta gaurtik aurrera egunkariek nire argazki-robota argitaratuko dutela... eta azpikaldean jarriko dutela: «Ipar aldeko antolamendu terroristaren Buruzagia?» LUZIA: Zu zara aho-handia! Hasteko, egunkarian ez dator inolako argazki-robotik... ANTONIO: Zer egunkaritan? LUZIA: Argitalpen bereziko honetan... zaude (egunkari bat ateratzen du poltsatik). Honakoan erosi dut. ANTONIO: Ekatzu. (Hartzen du egunkaria) «Terroristatalde gorri eta beltz ugariren deiak iritsi dira egunkari-idaztegietara... denek bahiketa erreibindikatzen dutelarik. Susmoa da libiar zerbitzu sekretuek burutua dela bahiketa... palestindar, irandar eta mafiaren laguntzarekin, Sindonaren agindupean, zeinak pertsonalki gidatu bait du operazioa New Yorkeko gartzelatik. Forlanik aitortu duenez, bahiketa honen bitartez gobernua desestabilizatu nahi da, eta berehalakoan baztertu du Rognoni ministroaren dimisioa. Pietro Longok esan du Estatuak ez duela atzera egingo txantaia honen aurrean eta bi bankuren presidentetza eskatu du. Ghadafik adierazi du badituela frogak bahiketa hau Sadatek egina dela Israelen oniritziarekin... eta horregatik, hogeitalau ordu barru Agnelli askatzen ez badute, Italian dauden libiar guztiak eliminatzeko aginduko omen du. Aita Santuak, Pannella lider radikalari lehenengo aldiz aurrea harturik, bere burua eskaini du bahituratzat hamahiru kardinalerekin batera, berauetariko hamar beltzak izaki. Agnelli familiarekiko solidariotasunean, Irak eta Iranen arteko gerra gelditzen da. Negoziaketei hasiera ematen zaie. Sindikatuek, Fiateko langileen artean infiltraturiko talde terroristei buruz sortu den susmo ikaragarria uxatzeko, grebara dei egin dute eta ahalegin guztiak egingo dituzte langileak komentzitzen ehuneko 15a soldatatik eskain dezaten beren kabuz industrial bahituen fondorako». LUZIA: Ikusten duzu, betiko leloa... Baina zutaz eta ospitaleko Abokatuaz ez dakar ezer. Kasu egidazu, zu bihar Fiatera itzuli ezer gertatu ez balitz bezala. ANTONIO: Baliteke zuk arrazoia izatea... (irakurtzen jarraitzen du) Arraioa! LUZIA: Zer gertatzen da? ANTONIO: Begira hona, orrialdearen azkenean... nire izena dator. LUZIA: Non? ANTONIO: Hemen: «Ezezagun batzu langile bat eraman dute Larrialditara egoera txarrean eta Zainketa Intentsibotan sartu dute. Antonio Berardi du izena, Fiat Mirafiorin espezializaturiko langilea da eta aurpegia erabat desitxuratua dauka. Emaztea, Rosa Minelli, langile dohakabeak txamarran zeramatzan dokumentuetatik aurkitu ahal izan dute eta bere senarraren nortasuna egiaztatzera dei egin zaio». Jakina, madarikatua halakoa, gida-karneta, sindikatuarena eta Alderdiarena... dena txamarran utzi dut, kaiku galanta ni! LUZIA: Jokatuko dizut Rosa joan eta baietz ezagutu zu! ANTONIO: Aizu, nahikoa da ia nire emazteaz atzeratua balitz bezala beti hitzegiteaz. Hau tranpa bat da... baina ez dut kosk egingo! LUZIA: Nolatan da hau tranpa? ANTONIO: Jakina, nik amua irensteko... handik pasa nadin, neure emazteari esatera: «Epa, kontuz Rosa... argi ibili, ni ez naiz hori», eta dzaka! harrapatzen naute gero: «Terrorista atzeratu mentala deteniturik». LUZIA: Baliteke zuk arrazoia izatea. Denboraldi batez desagertzea eta zer gertatzen den ikustea beste irtenbiderik ez daukazu. (Urrunean poliziaren sirena-hotsa entzuten da gero eta hurbilago.) ANTONIO: (Izuturik) Polizia! Hona datoz! Bizkor, etzan, maitasuna egiten ari bagina bezala jarriko gara... (Lurrean etzaten dira autobusaren eserlekuen atzekaldean.) LUZIA: Ezetz gizona, zoraturik zaudela zu... ANTONIO: Bizkor, badatozela! LUZIA: Aizu, zu ez zara ari itxurak egiten, zu benetan ari zara... ANTONIO: Jakina ba, ez duzu nahiko polizia konturatzerik... LUZIA: Geldi, geldi, geldi egoteko esaten dizut! ANTONIO: Zer gertatzen da, ez al duzu hartu pildora ala? LUZIA: Ez. (Sirena-hotsa ahultzen hasten da galdu arte, Badoaz, entzun, sirena-hotsa urruntzen ari da... (Jaiki eta irteera aldera doa). Orain ez dago maitasuna egin beharrik. (Irteten da.) ANTONIO: Nolatan ez dela egin behar? Baina denok burua galdu al dugu ala? Polizia ez baldin badator, ez al dago larrua jotzerik? ILUNA II ESZENA (Ospitale bateko Susperketa-aretoa. Gaixozain mordoa dabil joanetorrian bata berde, txanotxo berde, plastikozko goante era maskara antiseptiko zentzugabeak jantzita. Argia indartzean, gaixozainak, mugimendu estilizatuekin, eszenatik aterako dituzte autoak desatalkatzen dituzten lekua dela adierazten dituzten gauzak eta klinikari dagozkion tresna berriak sartzen dituzte: aparatu elektronikoak, bi aulki gurpil gainean (bulegoetakoen antzekoak). Eszena honetan ezartzen den guztia zelofanez estalirik dago, giro zeharo garbi eta antiseptikoa dela adietzera emateko. Gaixozain batek zilarrezko busto bat jartzen du ageri-agerian oin metaliko baten gainean, hau ere zelofanez estalia. Medikua eta Rosa sartzen dira eta honek ia-ia tupust egiten du bustoarekin.) MEDIKUA: Zatoz, andrea, hemendik... ROSA: Jainko maitea, nor da? MEDIKUA: Nola nor den? Susperketa-instalazio guztia Agnelli Donazioaren parte da, eta Abokatuaren bustoa da hori. ROSA: Ah bai? (Gaixozain batek bata bat eskuratzen dio). Jantzi beharra al daukat? GAIXOZAINA: Noski, andrea. MEDIKUA: (Aulki batean esererazten du Rosa eta gaixozainak plastikozko poltsatxo batzutan sartzen dizkio oinak). Andrea, indarrik gabe baldin bazaude, gerorako utziko dugu. Gaizki samar dagoela jakinerazten dizut... ROSA: Ez, ez, berehalaxe ikusi nahi dut. Prest nago. MEDIKUA: (Gaixozainari) Zu andrearen ondoan egon, bada ez bada ere, eta prest egon eusteko zorabioa egiten bazaio... ROSA: Oh, zaude lasai, ez naiz zorabiatuko-eta. Gogor egongo naiz, mediku jauna. MEDIKUA: Ene andrea, pentsa guri ere zirrara eragiten digula, hain ohiturik egon arren... Erabat desitxuraturik dago egon ere, badakizu? ROSA: Desitxuraturik? Oh, Antonio gizajoa! Eta hain aurpegi polita, atsegina zeukala pentsatzea ere... tira, niri gustatzen zitzaidan, zer esango dizut ba, guztiarekin ere nik maite nuen... MEDIKUA: (Gaixozainari) Asvanol Complex soluzio bat presta ezazu hogei tantarekin. ROSA: Nigatik ez arduratu, mediku jauna, ez bait dut sentitzen inolako emoziorik, azken buruan senarra kanpotar bat zen dagoeneko niretzat, ulertzen didazu... MEDIKUA: Sinesten dizut, baina prekauzio hutsa da. Trauma bat sortzearen arriskurik ez dut hartu nahi neure gain, baina ezagutu beharra daukazu, zer egingo diogu ba, holaxe da legea. Esate baterako zuk, orain dela gutxi, pasiluan ikusi duzunean, izpietatik itzultzerakoan, zerbait harriturik zaudela, lehen baino argalago aurkitu duzula... ROSA: Ah bai, baina gero ulertu dut zergatik geratu den horrela gizajoa. Emakume hori izan da, lelotu didana! Ba al dakizu footing eragiten ziola? Kontuak atera, bere adineko gizona, langilea, denik espezializatuena izanda ere, eta txandal gorria, txanoa gorria eta zapatila berdinekin eragiten zion korrika, Papa Noel ematen zuen... Eta gainera auskalo zer ematen zion jateko, zoraska makrobiotiko horietakoa bait da: zekale-ogia, zahi-gailetak, arroz eta gari azalduna... (Medikuak seinale bat egitean, bera bakarrik mugitzen den ohatila bat dakarte eszenara. Gainean, etzanda, Antonio omen delakoaren gorputza dago. Izatez panpina bat da goitik beheraino bendatua eta igeltsotua. Gaixozainek egituratik zintzilik dauden soka-muturrak hartu eta panpinaren soinadarrei lotzen dizkiete, eta honela noiz behinka txotxongilo handi bat bezala mugitu eta altxa egingo da.) MEDIKUA: Tira, andrea... izan kemena... (Emakumea altxatzera doa, baina gaixozainak ohatilarantz bultza egiten dio eserita dagoeneko gurpil-aulkiari.) ROSA: Zerorrek al naramazu? Oh, bai atsegina zarela! (Zutituz) Jainko maitea, Antonio, zer egin dizute? (Zorabiatzera doa baina heldu egiten diote). MEDIKUA: Tira, tira... izan kemena, andrea... sakon hartu arnasa... ROSA: Sudurra... ez dauka sudurrik-eta... hauts egin zaio! Nori, eta sinusitis ere dagoeneko bazeukanari, gizajoa! MEDIKUA: Eser zaitez, lasaitu... ROSA: Eta kokotsa... hori ere falta du... (Gaixozainak ohatilatik urruntzen ahalegintzen dira). Hurbilago, hurbilago! MEDIKUA: (Gaixozainei) Urrunago, urrunago! ROSA: Ezabatu egin dute... ez zaio ezer geratu... belarriak bakarrik... Antonio! Antonio! Ikusten al duzu? Bi belarriak hor ditu, baina ez dit entzuten! MEDIKUA: Normala da, oraindik koma sakonean jarraitzen du. (Gaixozain bati) Bizkor tanta horiekin, eta xiringa bat ere prestatu Mecardizolekin. ROSA: (Eserrta jarraitzen du, baina oinen laguntzazgurpil-aulkiari eragiten dio eta ohatilaren bestaldean dagoen medikuarengana hurbiltzea lortzen du; gaixozainaren alboan dagoenarengana). Ez, mediku jauna, ez dut ikusi ere egin nahi injekziorik; ze daukadan suerte txarrarekin jokatuko nuke ipurdia ere gaiztotu egingo zaidala! (Gaixozain batek aldendu egin nahi du ohatilatik, aulkiari tira eginez. Rosak ez dio utzi nahi eta esku batez ohatilari heltzen dio eta besteaz oxigeno-bonboner eta horrela denak, gaixozain, mediku, tresna, Rosa eta ohatila, tiobibo izugarri bihurtzen dira lehen bezala geratu arte jira eta bira dabilena.) ROSA: Antonio! Antonio! Ez zaidazue kendu... Antonio, Frankenstein ematen duzu-ta zonbiek jana...! Izugarria da! MEDIKUA: Lasai zaitez, andrea, ikusiko duzu nola ez den hainbestekoa... ROSA: Eta kriminalkeriaz eta terrorismoaz hitzegiten dute gero... Hau zer da, ba? Gidari sasikume horiek, Agnelli buru dutela, bidaliko zuten beti bezala, konmutadoreren bat konpontzera metro pilo bateko alturara inolako babesik gabe... eta zarta! Kalanbrazoa! Sarerik gabeko herio-saltoa! Zirko errusiarrean bezala! MEDIKUA: Ez, andrea, istripua ez da gertatu errusiar zirkoan... zera esan nahi dut fabrikan, Fiat Mirafiorin. ROSA: Ez ezta? Eta nola egon zintezke horren ziur, bertan zeunden ala? MEDIKUA: Ez, baina ospitaleko aseguro sozialaren bulegoa arduratu da arazoaz. Inkesta bizkor bat egin dute. Atzo zure senarra kanpoan zen, arratsaldean ez zen joan lanera. ROSA: Orduan, non gerta zitekeen ba? MEDIKUA: Behar bada autoren batek harrapatu du, errepideko pirataren batek. Froga da Gurutze Gorrian utzi zuen tipoak gero ospa egin zuela, desagertu egin zela. ROSA: Ah bai? Hanka egin zuen sasikume horrek orduan? Jainkoak galduko ahal du! (Eskilaratxoan gora ohe-oinetara igotzen da). Ai, Antonio maitea, hau ezbeharra. Ziur nago nirekin jarraitu bazenu... Egingo nuke footinean zebilela harrapatu dutela gizaixo hau! Eta dena mindulin horri kaso egitearren... zera, begira mediku jauna, neska pertxenta da, ez dizut ezetzik esango, baino horrek ez du inolako meriturik, horren urteekin edonor... MEDIKUA: Tira, berdin bazaizu goazen berriro zure senarrarengana. Orain ongi begiratu eskuetara. (Gaixozainek sokei tira egin eta panpinaren eskuak jasotzen dituzte). Jakina, hainbeste erreunerekin... ez zaidazu gaizki hartu, mesedez... zera esan nahi dut ez dutela ematen lan gogorretara ohitutako pertsonaren eskuak direnik... ROSA: (Jaitsiz) Ah bai, ados nago, ez dirudite, zerorrek esan duzu... Ba al dakizu nire senarrarengan aurrena begiz jo nituenak eskuak izan zirela? Baina ez uste izan bera mailua eta limarekin aritzen den horietakoa denik, bera ez Jainkoarren! Bera banaketa automatiko batean dago: noizean behin botoia zapaltzen du, programazio-monitorea kontrolatzen du, teklari eragiten dio... esku hain delikatu horiekin... Fiatenean denek esaten zuten: «Antoniok ditu eskuak!». MEDIKUA: Orduan ziur zaude beraren eskuak direla. ROSA: Ez, orain ez, egosi egin dizkiotela ematen du-eta! Baina gero, bai, sendatutakoan... Sendatuko bait da, ez al da ala mediku jauna? Zin egidazu, esaidazu badagoela itxaropenik... MEDIKUA: Lasai zaitez, andrea, ahal den guztia egingo dugula agintzen dizut... gainera, gizakume sendoa da. ROSA: Ah, hori bai, sendoa, oso sendoa, bazuen horrek osasuna, eta indarrak! Sekula ez zuen egingo atzera. L'Unitàren Jaialdia antolatu behar zenean, adibidez, izan ere, gu komunista militanteak gara-ta, gurasoetatik semeetara... zera esaten ari nintzen, dena berak egiten zuela: txosnak muntatu, liburuak saldu, mahainguruetan parte hartu, oharrak jaso, kontraesana eta autokritikak apuntatu, dena berak, beti berak. Eta ez zen itsu horietakoa ez, alderantziz, beti polemikatan sartua zebilen, gidariekin batipat. Konforme, atzetik purtzil hori zebilela, burua berotzen ziona. Noski, neska hori estremista bait da... badakizu, langileriari dena irakatsi nahi digun intelektual horietakoa bait da. Masen aurrean burua galtzen duen eta jendea pilatzeak molestatzen duen horietakoa da-ta. Ia ba, non da orain, hemen al dago orain agian? (Konturatu gabe sokei heldu eta panpina disparaturik ateratzen da. Denak, medikua barne dela, lehen bezala jartzen ahalegintzen dira presaka batean.) MEDIKUA: Ez, andrea, zertan ari zara, ez ukitu! ROSA: Ai, Ama Zerukoa, zer egin dut! Puskatu egin al dut? Baina zuek ere gero, kordel hauek honela uztea ere... Zergatik ez duzue jartzen karteltxo bat: «Debekaturik kordeletatik tira egitea»? (Gaixozain bati). Barkaidazu baina, ba al duzu klinexen bat zintz egiteko? Emozionatu samarturik nago-eta... GAIXOZAINA: Tori, andrea... ROSA: Antonio gizajoa... Eta nola zintz egingo ote du, sudurrik ez baldin badu? MEDIKUA: Zaude lasai, beste sudur bat egingo diogu eta nahi duenean zintz egin ahal izango du. (Gaixozainek besoetan atexatzen dute medikua, panpinaren parean zeharretara jarri arte eta beroni pintzaz eta gasaz osaketa egiten hasten zaio.) ROSA: Beti horren ezeroso lan egiten al duzu, mediku jauna? Beste sudur bat? Hildakoren batena txertatuko al diozu? Eta arbuio-krisialdia izan eta zintz egitean mukizapian gelditzen bazaio? Hura larrialdia! MEDIKUA: Ez, txertaketarik ez. Suertea duzu, andrea. Gure Institutua abangoardian dabil aurpegiko plastikari dagokionean (gaixozainek oraindik gorago jasotzen dure: eta besoak zabalik gelditzen, aingeru itxurarekin). Gure zirujau-burua munduko onenetariko bat da! (Lurrera jaisten da.) ROSA: Ah, bai? Mediku jauna, begira daukat! Begira horra, hor ageri zaion begi-puntatxo horrekin, handituan... begira daukat, ezagutu egin nau! MEDIKUA: Ez dakit, arraroa da, koman dago. Baliteke bapateko kontzientzi azaleratzeren bat izatea... baina ez egin ilusio handirik, oso gutxi irauten du. ROSA: Oso gutxi iraungo du, baina ezagutu egin nau. Antonio, ni naiz, zure Rosa... Antonio... barkatzen dizut... badakizu, maite zaitut oraindik... ez dio ardura txepel horrekin footing egitera joan izana eta zekale-ogia jan izana ere... Dena lehen bezalaxe izango da, dena bere lekuan... ahaztu egingo dugu... (Zauritua zotinka). Baina zer ulertu didazu Antonio? Aizu, medikua, matrail-hezurrik ere ez dauka... MEDIKUA: Noski, matrail-hezurra hondaturik dauka. Zoritxarrez protesizko aparatuen bitartez konpondu beharko zaio... ROSA: Protesia? Aparatuak? MEDIKUA: Esan duzuna. Dena hasieratik egiten zaio, hezur-egituratik. Atal puskatuak atera eta aldatu egiten zaizkio. Honetaz ari garenez gero, beronen argazkiren bat ekarri beharko didazu. Ba al duzu azken aldikoren bat? ROSA: Ez, orain une batzutakoak bakarrik. Hara, senarrak utzi ninduenetik, ez dut izan argazkiak ateratzeko interesik, eta ileapaindegiko modelo nintzelarik hori. MEDIKUA: Ez, zure argazkirik ez, senarrarenak... ROSA: Ui, bai, txepel hutsa naiz. Zoragarriak dauzkat batzu. (Bi argazki oso handi ateratzen ditu faltrikatik Antoniorenak eta medikuari ematen dizkio). Aldean daramatzat halabeharrez, begira, mediku jauna, bai aurpegi atsegina duela! MEDIKUA: Tira, argi samarrak dira. Suerte onez gabiltza, honek asko erraztuko dizkigu proiekzioak. ROSA: Proiekzioak? MEDIKUA: Bai, aurrena fotografiaturiko aurpegiaren irudiak proiektatzen dira, eta gero dena molde batean isurtzen da, argizarizko kaskezur bat. ROSA: Argizarizko kaskezurra? MEDIKUA: Bai, labur esateko, buru osoaren argazki bat egiten da. ROSA: Eskultura bat? Monumentu baten antzera? MEDIKUA: Zeuk esan duzu. Buruaren monumentu baten antzera. ROSA: (Panpinari) Antonio... monumentu bat egin behar dizutela Soldadu Ezezagunari bezala! Pozik al zaude? Oh, laztana, laztana! MEDIKUA: Andrea, jarraitzen al didazu? ROSA: Noski jarraitzen dizudala... Orduan burua egiten diotela. MEDIKUA: Hori da. Aurrena eskeletoa berregiten da, eta gero dena azalez estaltzen da. ROSA: Azalez? Azal artifizialez? Skaiz? MEDIKUA: Ez, benetako azalez, bereaz, hortik kentzen diogu, ipurmamietatik... ROSA: Ipurditik? Ipurdiko azala aurpegira... Ai, Antonio, hau zoritxarra... (Rosa bapatean zaurituarengandik aldendu eta konturatu gabe palanka batera arrimatzen da. Erdiko lanpara kolpetik panpinaren gainera erortzen da. Oihu orokorra.) MEDIKUA: Ez, palanka ez! (Lanpara erortzerakoan komisaria sartzen da, bera ere bata berdearekin. Medikuari hurbiltzen zaio.) KOMISARIA: Unetxo bat mesedez? Azken aldiko argazkiak al dira? ROSA: Bai. (Medikuari) Zirujau-burua al zara? KOMISARIA: Ez, polizi komisaria naiz. ROSA: Ah, polizia? Eta nor demontrek senarra honela utzi didan argitzeko al zaude hemen? KOMISARIA: Bai, jakina... ROSA: Ah, noski, eta berdez jantzi zara inor kontura ez dadin. MEDIKUA: Ez, andrea, susperketa-aretoan denek erabili beharrekoa da bata, arauzkoa da. ROSA: Ai, egia da, txepela naiz, neronek ere badaramat-eta. Tira, komisari jauna, pozten naiz etorri izanagatik, oso garrantzi handiko gauza bat esan behar bait dizut. KOMISARIA: Esaidazu. ROSA: Badakit non gertatu den istripua. KOMISARIA: Ah, bai, eta non? ROSA: Zuk, komisari jauna, ez al duzu inoiz entzun lan beltza... lan «murgildua»? KOMISARIA: Ba, egia esateko, ez. ROSA: Fiatek finantziatutako fabrika txiki batzu dira, kalitate txarreko makineriarekin, leher eragiteko kontratuekin, aseguro sozialik gabe eta istripuak sailean gertatzen direla, gerratea dirudi hark. KOMISARIA: Baina barkatu, zure senarrak ez al du lan egiten Mirafiorin, ala? ROSA: Bai, baina parte txarreko fabrika horietakoren batean makina bat hondatzen denean, nor deitzen dute konpontzeko? Fiateko teknikoak. Jakina, inoiz ez da agertzen zuzendaritzarik. Izkutuka egiten da dena... lan murgildua, beraz! KOMISARIA: Ulertzen dut, Fiatek antolaturiko absentismoa. Eta zuk diozunez, zein fabrikatan gertatu da istripua? ROSA: Eta niri galdetzen al didazu? Hori Fiaten zuzendaritzari galdetu, hor kantatu behar dizute... Zoaz Agnelli ikustera! KOMISARIA: Andrea, ez deritzat gauza egokia Abokatuaren aipamena egiteari, une honetan hain zuzen ere, auskalo non dagoen gizajoa. ROSA: (Panpinari hurbiltzen zaio) Mediku jauna, esnatu egin da, ikusi duzu, Agnelli entzun duenean zerebrua bizkortu zaio! Antonio, Antonio, ba al dakizu Abokatua bahitu dutela? Begira, begira, mediku jauna... begira nolako aurpegia jartzen duen... ulertu egin didala esango nuke. Bai, ez bait dakite non dagoen Abokatua... baina Antonio, zin egiten dizut aurkitzen badute ikustera joan eta aurpegia zurea bezalaxe utziko diodala! MEDIKUA: Andrea, utz ezazu, gainera ez bait du ulertzen, lehen ere esan dizut, ezin duela ulertu... ROSA: Ezetz, ezetz, ulertzen duelakoan nago ni... (Gaixozain bat sartzen da eskuan paper bat duela.) GAIXOZAINA: Barkatu, mediku jauna, pertsona bat etorri da. Antonio Berardi ingresatuaren senitartekoa omen da, eta ikustera sar ote daitekeen galdetzen du. ROSA: Nire senarraren senitarteko bat? Nor ote da? Ea ikusi. MEDIKUA: Ez andrea, mesedez, ni naiz hemen medikua kontrakorik ezean, eta nik erabakitzen ditut baimenak! (Ozenki irakurtzen du) Luzia Rismondi... ROSA: Nola? Nola ausartzen da marisorgin hori egin duen guztia egin eta hona etortzera? MEDIKUA: Ezagutzen al duzu? ROSA: Nola ez dut ba ezagutuko, nire senarraren amorantea da-ta? Tuntun hori! Eta senitartekotzat bere burua hartzeko ausardia du, berarekin oheratzen zelako bakarrik! MEDIKUA: Lasaitu zaitez, andrea, lasaitu. ROSA: Ez dago eskubiderik gero... ni hemen, etsita, Findus produktu bat balitz bezala zelofanean bildut daukadan senarraren alboan... ez diozue utziko hona etorri eta nire kontra irainka hasten! Eta jakin nahi baduzue, berarengatik hasi da nire senarra berriz ere fabrika horietan lanean... berarengatik sartu da makina horien azpian hanburgesa bezala zanpa dezaten! Berarekin ongi bizitzeko... eta zekalea jateko, lotsagabe horrek! MEDIKUA: Aizu, andrea, isil zaitez. Ez dut nahi zalapartarik. Portaera zibilizatuagorik ez baldin baduzu, kanpora ateraraziko zaitut eta gutxienez hilabetean ez dizut utziko berriro zeure senarra ikusten. Argi al dago? ROSA: Bai, bai... baina hau benetako bortxakeria da... Ospitalearen aurre-aurrean egingo dizut eserialdi bat gero, eh? Legezko emazteak kalera bota eta amoranteei sartzen uzten zaiela! Hau baldin bada demokrazia! Badakit nik bai nori emango diodan botua hurrengo aldian! KOMISARIA: Andrea, entzuidazu, inkesta bat egiten ari naiz ni, zure senarrari zer gertatu zaion jakiteko hain zuzen. Baliteke emakume horrek xehetasun garrantzizkoren bat ematea, beraz, orain isil-isilik egon eta utzi niri galderak egiten... Ez, hobe izango da irtetea, zoaz. ROSA: (Ate aldera jotzen du gogo txarrez bada ere, baina pauso banaka batzu eman ondoren lurrera erortzen da). Ai, Ama Zerukoa, gaizki nagoela... ai, nire buru hau... MEDIKUA: Andrea, zalapartarik ez mesedez. (Gaixozainari). Emaizkidazu gatzak, tira. Gogor hartu usaina... (gatzak usnatzera behartzen du Rosa.) ROSA: Atxis! Atxis! Itoko naizela... Baina medikua... zoraturik zaude! Baina zer txerrikeria ematen didazu usnatzeko... atxis! Orain bai nagoela benetan gaizki! MEDIKUA: Ezetz, ez zaudela zu hain gaizki... Tira, izan txintxoa eta irten. ROSA: Ez, ez, itxaron, arnasa bueltatzen utzidazu. Neure autokritika egin nahi dut. Arrazoia duzu, benetan gaizki portatu naiz, nerekoi hutsa izan naiz. Funtsean neska gajo horrek ere badu eskubidea nire senarra ikusteko; hara, mediku jauna, nik badakit benetan maite duela. Horrek, hain gaztea eta polita izaki, nahi dituen gizon guztiak aurkituko lituzke... pentsa lizentziatua dela gero! Zu bezalako mediku batekin irten zitekeen... edo zu bezalako komisari batekin... baina ez ordea, nire senarra aukeratu du juxtu-juxtu... eta bere aita baino zaharragoa delarik gainera! Gauza hauek emazte batek harro hartzekoak dira, ez al duzue uste? Oso pozik nago... izan ona komisari jauna, ez nazazu behartu irtetera. Gogo handia daukat hain neskatila ona ezagutzeko... KOMISARIA: Ongi da, egitan agintzen badidazu ez duzula... ROSA: Bai, agintzen dizut. MEDIKUA: Orduan, komisari jauna, utziko al diogu sartzen? (Keinua egiten die gaixozainei bionbo bat jar dezaten ohatilaren aurrean, Luziak zauritua sartu eta batera ikus ez dezan.) KOMISARIA: Jakina baietz! MEDIKUA: (Bastidoreen aldera) Aurrera, andereñoa. (Luzia sartzen da; tentsio gunea.) LUZIA: Rosa Andrea... barkatu ausardia... behar bada ez nuen egin behar, badakit... ROSA: Ez zaitez kezkatu, oso ongi egin duzu... seguru gustatuko zaiola... baina ez zaitu ezagutuko. (Besarkada ematen dio.) LUZIA: Oraindik ez al da senera etorri? ROSA: Medikuak ezetz dio, baina ni ezagutu nau... zu ez dakit ezagutuko zaituen... LUZIA: Ziur al zaude bera dela? KOMISARIA: Barkatu une bat. Mesedez, andereñoa, hurbildu nahi al duzu ohera? ROSA: Ez, aizu, itxaron, ez diozu erakutsi nahiko Findus hori horrela, kolpetik, neska gajoa... Aurretik prestatu egin behar da kinka honetarako... Jainkoarren, komisari jauna! LUZIA: Komisaria? ROSA: Bai, ikerketa-kontu horretarako dago hemen. Zakar samarra dirudi baina pertsona ona da oso. Zatoz nirekin, aurrez esaten dizut, Antonio penagarri dagoela, ezer ez zaio geratu, belarriak bakarrik... LUZIA: (Ohera hurbildu eta zeharka begiratzen du) Ai, ama, ikaragarria da... Bera da! Bera da! (Rosa besarkatzen du.) MEDIKUA: Ziur al zaude? Nola ezagutu duzu? ROSA: Eskuetan... bistan dago! KOMISARIA: Aizu, mesedez ez ezazu apuntatu. ROSA: Eta nor ari da apuntatzen, ardura ez bazaizu? LUZIA: Ez, ez da eskuetan izan, belarrietan baizik. KOMISARIA: Belarrietan? LUZIA: Bai, izan ere milimetroz milimetro ikertu bait ditut nik belarri horiek... MEDIKUA: Belarriak ikertu al dizkiozu? ROSA: Hau intelektuala! LUZIA: Bai, esango dizuet... Ni akupunturan aritzen naiz, Txinan ere egona naiz modernizazio-ikastaldi batean... Eta Antoniok sinusitis daukanez gero... ROSA: Bai, bai, egia da, gorriak ikusten zituen! LUZIA: Eta nik sendatzeko orratzak ezartzen nizkion belarrietan. ROSA: Oh, Antonio gizajoa, orratzak sartu ere egiten zion-eta! LUZIA: Horregatik ezagutzen dut orain. Belarri bakoitzak, zuk badakizu horren berri, mediku jauna, fisonomia propio zeharo berezia du... izan ere belarri-pabilioiaren kalko bat argizaritan eginez gero, feto txiki baten itxurako arrasto bat lortzen da, eta hori amaren sabelean ginenaren miniaturazko erretratoa besterik ez da. KOMISARIA: Haurtzaroko argazkian norbere burua ikustea bezalaxe! ROSA: Hauxe besterik ez genuen entzun behar... fetoa belarrietan! MEDIKUA: Egia da! Gauza da medikuntza legaleko aldizkari batean irakurri dudanez Alemanian polizia zientifikoak dagoeneko ez duela erabiltzen hatzarrasto tipiko horietakorik. KOMISARIA: Ah, ez? MEDIKUA: Baizik eta susmagarri bakoitzaren belarri-pabilioiari egindako kalkoak! KOMISARIA: Sinetsezina! Eskua ezartzen dioten susmagarri bakoitzari... frasta! argizari urtuzko eskutadatxo bat belarrira... Alemaniar hauek! Ongi da, puntu honetara iritsi garelarik, honez gero ez dago zalantzarik. Bera da, Antonio Berardi. Andereñoa, eskerrak eman nahi dizkizut zure laguntasun bikainarengatik. LUZIA: Besterik ez genuen behar... ROSA: Ez, ez izan apala, zoragarri egon zara. Oso ongi aukeratu duzu gure Antonio... bihurri hori! Zatoz, elkarrekin ikus gaitzala oso pozik jarriko da-eta... Begira, begiaz keinu egiten digula ematen du... Ai, bai txepelak, dena more-more egina dauka-ta! (Zaurituari bizkarra emanez brauki bira egiten du, orekagaldu eta kordel bati helduzmantentzen da zutik. Panpinagora igotzen da hegaz bertan dauden guztien oihu artean.) ILUNA III ESZENA (Argia indartzean giro berean aurkitzen gara. Panpina zeukan ohean desagertu egin da. Eszenan, Rosa eta medikua.) MEDIKUA: Andrea, agian harrokeria irudituko zaizu baina egiazko miraria egin dugula onartu beharra daukazu, ikusiko duzu, maisu-lan bat! (Gaixozainak bultzaka dakarren gurpil-besaulki batean doblea sartzen da aurpegia bendaturik dauka. Jendea pilatu egiten zaio inguruan: bendak kendu eta doblearen aurpegia agertzen da, gomazko armiarma-sarez estalirik balego bezala, zeinetatik eraztun batzu bait daude zintzilik: bata sudurraren parean, bestea kokotsean, masailetan eta bekokian. Eraztunei erantsita soka-muturrak daude, eta gero egitura metalikoan zehar pasa eta berriro erori egiten dira. Gaixozain bakoitzak soka-mutur pare bat dauka eskuetan.) ROSA: Benetan? Ai, amatxo, bai emozionaturik nagoela... gaztetxoa nintzela ikusitako filme bat datorkit burura: «Momia bizia», eta honelaxe kentzen zizkioten bendak... Orain... orain... bera da... Ai, Jainkoaren Ama, Frankenstein! MEDIKUA: Baina, zer diozu, andrea? Akatsik ere ez du-ta! ROSA: Bai, bai, bera da, berdin-berdina Antonio! Sekulako lana egin duzue baina ez dakit zer ematen didan hainbeste joskurarekin ikusteak... MEDIKUA: Tira, jakina, ezinbestekoa zen, baina egun gutxi barru desagertuko zaizkio. Batzu zurgatu egingo ditu, beste batzu kentzeko nahikoa da haritik tira egitea. ROSA: Haritik tira egin? Eta joskurak askatu eta aurpegia erortzen bazaio? Ene, Antonio, zeure burua ikusiko bazenu, ia lehen baino ere hobeto zaude! Antonio, zer moduz zaude? Erantzun! MEDIKUA: Astiro, astiro, andrea, utziozu artikulazio berreskuratzen. Pausoz-pauso aurrera egin behar da, pixkanaka. Kontu egizu matraila-hezurra eta ahosabaia erabat berregin behar izan dizkiogula. ROSA: Jakina, jakina, orain arrodaian bezala dago... MEDIKUA: Oraintxe esan duzu, beraz utzi niri. Antonio jauna, ea poliki-poliki ahoa irekitzen duzun... ea gauza zaren... Oso ongi... (Ahoa zabaltzearen ekintza horretan medikuak eta gaixozainek laguntzen diote soketatik, doblearen ahoak egiten duen mugimendu bakoitza «makinak» eragina balitz bezalako inpresioa egiten duelarik.) ROSA: Ireki du, ireki du! MEDIKUA: Eta orain esan nirekin batera. Ekin: ahaa... DOBLEA: Ahaa... (Medikua eta gaixozainen mugimendu erritmikoak aurrera jarraitzen du.) ROSA: Maitea, maitea, ahaa! esan du! MEDIKUA: Lasai, andrea (Dobleari) Berriro: ahaa... uhuuu... ROSA: Tira, Antonio, esan uhuu, medikuak esaten dizun bezala! MEDIKUA: Ez, aurrena ahaa, eta gero uhuu, niri kaso egin, ez zeure emazteari! ROSA: Aizu, mediku jauna, hiru seme-alabari eta bost bilobari irakatsi diet nik hizketan... MEDIKUA: Berriro: ahaa, uhuu... DOBLEA: Ahaa... uhuu... ehee... ROSA: Entzun al duzu? Ehee ere esan du, fenomeno bat da, berak bakar-bakarrik esan du! MEDIKUA: Ba, ez, ez du egin behar! Antonio Jauna, nik esaten dizkizudan hotsak bakarrik ahoskatu behar dituzu. ROSA: Ongi da! Baina «ehee» esateko gogoak ematen badio, zergatik ez diozu utzi behar gero? Maisukeria da hori! MEDIKUA: Andrea, arren eskatzen dizut kontutan har dezazula «ehee» hotsak hedapen-muga ertzeraino eramaten duen matrail-hezurraren egintza bat eskatzen duela, eta mastoidear albeoluko urkulua irteteko arriskua du. ROSA: Ai, Birjina Maria, orduan nire Antoniok sekula «erik» esan gabe hitzegin beharko al du? Hau da ezbeharraren ezbeharra! Emazte, senar, etxe... Errezatu ere ezin izango du. Nola esango du Aita Gurea: Gura Aita, zaruatan zarana, santu izan badi zura izana... MEDIKUA: Ez, esango ditu «eak» ere baino aurrerago. Aurretik tarteko hotsak artikulatu beharko ditu, adibidez: braa, bruu, bru. DOBLEA: Braa... bruu... bru... MEDIKUA: Primeran. Aurrera. Esan: ahata, ahatatxo. DOBLEA: Ahata, ahatatxo... MEDIKUA: Ez, ongi, ahoskatu: a-ha-ta-txo... DOBLEA: Ta-txo... ta-txo... bra bru bri! ROSA: Hau adimena! MEDIKUA: Primeran, orain esan: enfisema, anakoreta, ikustetsutasun. ROSA: Baina, mediku jauna, nola nahi duzu holakorik esatea? Holako hitzik sekula ez du esango, langile soila da, tira! Zer esango eta anakoreta! MEDIKUA: Aizu, andrea, badakit nik zer irakatsi behar zaion. ROSA: Bai, bai, baina urkulua trabatzen bazaio? MEDIKUA: Tira, ahalegin guztiak egin zuk, ia-ia lortu dugu-ta: enfisema, anakoreta, ikustetsutasun... DOBLEA: Zoaaaz... popaaatik hartzeraaaaa! MEDIKUA: Nola? ROSA: Ikusi al duzu nola haserretu duzun? (Doblea jaiki eta ate aldera doa.) MEDIKUA: Eta nora doa orain? Geldi, ezin zaitezke irten... ROSA: (Geldierazi nahian) Arrazoia du medikuak, Antonio, ezin zaitezke irten... Zaude, ez haserretu, ikusiko duzu nola orain medikuak ez dizun agintzen hitz zailak esatekorik, bra bru bri bakarrik... DOBLEA: Mesedez, zuk ere ez zaidazu adarrik jo! ROSA: Nola? Mediku jauna, entzun al duzu? Ezagutuko ez banindu bezala ari da. Antonio laztana, zure emaztea naiz! DOBLEA: Zer emazte eta emazte ondo! Kito! (Hari guztiak arrastaka dituela ateratzen da; korapiloak kendu nahi dizkioten gaixozain guztiak atzetik dituela.) ROSA: Entzun al duzu? Nora zoaz? Mediku jauna, geldierazi! MEDIKUA: Ez, utzi pixka bat ibiltzen, nahi badu. Gainera, nora joango delakoan zaude, bere gelara joango da. Eta zuk, andre horrek, ez didazu esango gaizki hartu diozunik. Ulertzekoa da, hilabeteak eta hilabeteak dira tentsio bizian, operazioa operazioaren gain... normala da nerbioak galtzea. Ondo pozik egon beharko zenuke operazioen arrakasta ikustean. (Komisaria sartzen da.) KOMISARIA: Barkatu, mediku jauna, baina baimena eman al diozu pazienteari irteteko? MEDIKUA: Bai, utziozu bere gelara bakarrik itzultzen. KOMISARIA: Baina ez du bere gelara itzultzeko asmorik, igongailua hartu eta atera doa. MEDIKUA: Oh, ez, eta egoera horretan... Geldierazi, mesedez! KOMISARIA: Dagoeneko egin dut. Bi gizon bidali ditut ekartzera. Eskerrak gu zelatan geundela, bestela honez gero ospa egin zuen. ROSA: Zera egingo zuen ospa... gehienera ere bere etxera joango zen, gizajoa... edo nirera. KOMISARIA: Bai, jakina, noski baietz. Aizu, andrea, irtengo al zinateke une batez mesedez? Bakarrean hitzegin nahi nuke medikuarekin. ROSA: Banoa. Leku guztietatik bidali nahi naute. (Medikuari) Antoniorekin noa. Irakatsiko diot ariketaren bat. Zera esaten irakatsiko diot: «Rosa maitea, asko maite zaitut, mindulin hori utzi eta zuregana nator berriro». Eta aipatu ere ez enfisema, anakoreta eta ikustetsutasun modukorik. (Hizketan ateratzen da.) KOMISARIA: Tira, mediku jauna, dena ongi atera delakoan nago, ez al da ala? MEDIKUA: Ezinobeki. Egun gutxi barru ia akatsik gabe hitzegiteko moduan izango da. KOMISARIA: Bejondeizula. Aizu, ez ote niezaioke galderatxo errazen bat egin nik? MEDIKUA: Bai, baina nire kontrolpean, ze ulertuko duzunez, oso arriskutsua da behartzea. KOMISARIA: Bai, noski, noski, zu geratu hemen, gehiago oraindik, horrela noizean behin laguntzatxo bat ere emango diguzu... zure baimenarekin Epaile Jauna sarreraziko dut. (Erantzunaren zain egon gabe sartzen da Epailea). Epaile Jauna, eser zaitez. Mediku jauna... tira, elkarren aurkezpena egizue, ni beti katramilatu egiten bait naiz deiturekin. (Bastidore aldera). Sartu zu ere. (Agente bat sartzen da idazmakina garraiagarri batekin). Lankide bat da... badakizu, txostena idazteko. MEDIKUA: Zer txosten? Gainera, oraindik ez dut ulertzen zer eratako susmoak dituzuen gizon horri buruz... EPAILEA: Ikusiko duzu. Hasteko, zera aurkitu dugu, Berardiren izenean dagoen 128-a terroristek... (Komisaria medikuaren atzekaldean jarri eta isiltzeko agintzen dio zorrotz). Baina garrantzi handi gabeko gauzak dira. Bestalde, zer ari zinen esaten pazienteari buruz? MEDIKUA: Ez duzue pentsatuko pazientea ongi dagoenik... lehen ere esan diot komisariari... kontuz baino kontuzago ibili beharra dago. Nekez erantzun dezake zentzu piska batekin. Ia ziurtasun osoz esan liteke komak eragindako traumak erabat zanpatu dizkiola barrunbe mnemo-erantzuleak. KOMISARIA: Mnemo-erantzuleak? Zer esan nahi du horrek? (Medikua agentearen atzean esertzen da gurpil-aulki batean eta gurpil gainean dagoen enzefalogramatarako aparatu baten gainean ezarri du honek idazmakina. Medikuak, bere azalpenak eramanik, agentearen burua hartu eta deskribatu egiten du. Gero agentea bere aulkia eta idazmakinarekin hartu eta eszenategiaren erdiraino bultzatzen du.) MEDIKUA: Hara, zerebruaren erdi-atzekaldeko gunean, mnemokea deritzanean, oroimenaren biltegia dei genezakeen gune bat dago. Biltegi honetan milaka rele dago eta hauek estimulatzen direnean beste hainbeste bobina jartzen dituzte martxan, zeinetan bait daude gordeak historiak, hitzak, sentsazioak... hitz batean esateko, gure bizitzako gertaera guztiak. KOMISARIA: Eta traumak bobina guztiak ezabatu ote ditu? (Berak ere imintzioak egiten ditu agentearen buru gainean.) MEDIKUA: Ez, denak ez, baina bai gehienak... Gara jakin batetik baliteke xehetasun bakar bat azaleratzea, huskeria bat, eta gainerako guztia ezabaturik geratzea. KOMISARIA: Baina ez ote liteke gerta subjektuak, une jakin batean, gogoratzen ez duenaren itxurak egitea, edota zerbait asmatzea egia ez esatearren? (Medikuak eta Komisariak keinuka erasotzen diote izuturik dagoen Agentearen buruari.) EPAILEA: Hitz gutxitan esateko, ez dakitela itxurak egiten ez gezurra esaten. Eta paziente guztiei gertatzen al zaie hau? (Epaileak ere jarri nahi lituzke eskuak Agentearen buru gainean baina hau gogaiturik dago eta kendu egin dizkio.) MEDIKUA: Ez, politikoengan gutxiago... hauentzat ez dago erasango dien traumarik. Dena dela, gure pazienteari egingo diozuen galdera bakoitzeko egia huts eta soilenari dagokion erantzuna jasoko duzue. Egi zirrindak izango dira, baina zuek osotu beharko dituzuenak. KOMISARIA: Badakarte... Dagoeneko kalean zegoen eta taxira igotzen ari zen. Aurrera, aurrera... (Sartzen da doblea, kurrilo moskor bat bezala. Gurpil-aulki batean eserarazten dute.) MEDIKUA: Tira, Antonio Jauna, eseri eta lasai zaitez. Gizon hauek galdera batzu egin nahi dizkizute... (Beste biei ahapean). Ez behartzeko erregutzen dizuet, bere gogora jarduten utzi... (Dobleak, susmoz beteriko kurrilo baten antzera buruari brauki eraginez, agenteaz ohartu eta bihurri begiratzen dio.) KOMISARIA: Ez zaitez kezkatu. Hemen gaude. Esaiguzu, nora zindoazen hain bizkor? Nora ihes egin nahi zenuen? DOBLEA: Ihes egin... baina... nik ez nuen ihes egin nahi... nik joaan egin nahi nuuuen bakaarrrik... EPAILEA: Nora joan? DOBLEA: Ez dakit... jauregitxora... KOMISARIA: Zer jauregitxotara? DOBLEA: Jauregitxora... ba... gora... gero... hara! (Keinu-sekuentzia baten bitartez eskilarak, igongailuak, txirrinak, ate automatikoak deskribatzen hasten da). Fruut... ptatxt... drin... txak... plotx... MEDIKUA: Ez behartu zeure burua, lasaitu eta ahaztu. EPAILEA: Noski, noski, lasaitu, erlaxatu, berriketalditxo bat eduki nahi dugu, honelaxe, lagun artean. DOBLEA: Laagun artean berriketa? Zuure adiskideeeak aal dira meeedikua? Eeeepa. (Agenteari begira). Zeraa... hoori... idaazten ari da... zeer idaazten du? KOMISARIA: Zuk esaten duzun guztia jasotzen du... gero egiten dituzun aurrerapenak neurtzeko. DOBLEA: Ah bai? Eta geeero utzikooo al diiidazu ikusten nik esan dudaana... eta berak idaaatzi dueena? KOMISARIA: Bai horixe, eta sinatzen ere utziko dizut. DOBLEA: Sinatzen? KOMISARIA: Hasteko, esaidazu gogoratzen duzuna... Esate baterako, nola duzu izena? DOBLEA: Tiiira... denek Antonio deitzen naute... mediikuak... andre belduuurgarri horrek... zoraturik naukan horrek... Antooonio... Antooonio... Antooonio. EPAILEA: Zure emazteak? DOBLEA: Ez daakit... berak esaten du hori... zure emaztea naiz... baina ni ez naiz gogoratzen... eskerrak ez naizela gogoooratzen... zera... truuf... klatxtt... fruutt... (Lotura gabeko keinuak egiteari ekiten dio). Tonino... Bruruuu! MEDIKUA: Lasai, lasai, patxadan, gehiago ez dizugu hitzegingo emazteaz. DOBLEA: Sekula ez! Sekula ez, emaztea! EPAILEA: Bai, bai, berriz ez dizugu hitzegingo hartaz. Eta istripuaz, zer duzu gogoan? DOBLEA: (Leher egiten du, zoroaren gisa, izuturik). Ahaa... fruutt... gut gut... sñak... plaff... patapum... oeuh. MEDIKUA: Ez, ez, barkatu baina hanka sartze ikaragarria egin duzue! Finezia gehiagorekin, itzulinguruka iritsi behar da gai horretara... EPAILEA: Arrazoia duzu. Aizu, Antonio Jauna, gogoan al duzu txikitako gertaeraren bat? DOBLEA: (Medikuari). Itzulinguru ederra! (Epaileari). Bai... haurra... gustatzen zitzaizkidan autoak... txikitan! EPAILEA: Tira, badakizu, haur guztiei... DOBLEA: Baina niri gehiiiago! Jauregitxoan bizi nintzen... baina oooso handia zen... MEDIKUA: Haurtzaroko oroitzapenetan dena handia izaten da. DOBLEA: Anaia txiki bat nuen eta arreba txiki bat ere bai, eta mariñeltxoz janzten gintuzten hirurok. EPAILEA: Oso interesgarria! AGENTEA: Marineltxoaren hori ere idatziko al dut, komisaria? KOMISARIA: Ez, gizona, tentelkeriarik ez... Zentzugabekeria horiek! EPAILEA: Eta zer gogoratzen duzu gurasoez? DOBLEA: Neure amaz... ez dut ezer gogoratzen... ez... amaz ez... aitaz, aitaz bai! Bere autoak ikustera eramaten ninduen... KOMISARIA: Ah bai, berak ere Fiaten lan egiten zuen, ezta? DOBLEA: Lan egin? Ez naiz gogoratzen... Fiat?... Bai, baietz uste dut... Ah... braa... muaa. (Keinu gehiago). Tipo bitxia zen nire aita. Alkandora beltza jantzi eta putasemea deitzen zion Mussoliniri... Haaa, Haa! Eta hark esaten zituen gauzak gainera... Benetako lotsagabea izan zela esango nuke. Baita oso katolikoa ere. «Gizona neurtzeko ez begiratu itxurari, bankuan dauzkan akzioei baizik», esan ohi zuen. Errespeto handia zien estatuaren legeei, hala esaten zuen: «Eman Zesarri Zesarrena... hogeitamabi puinalkada!» Oso ondo egiten dit hitzegiteak, hobetzen ari naizela igartzen diot neure buruari. EPAILEA: Primeran, goazen aurrera. Orain istripuari, buruz zerbait kontatzeko adorearekin al zaude? Baina nekerik hartu gabe, noski. DOBLEA: Ahh... brr... peee... zatika bakarrik... gogoratzen naiz... fletx! Autoak... biii... autooo... eehh... bruumm... bat aurretik zihoan, bestea atzetik... KOMISARIA: Jazarpen bat... zu jazarleen artean zindoazen, ezta? DOBLEA: Bai... ez... ez dakit... MEDIKUA: Ah ez, ez diozu burua berotu behar... (Aulkia hartu eta atzekalderantz bultzatzen du). Lehen ere esan dizut! Utzi bere gisara ibiltzen... KOMISARIA: Ongi dago, dabilela bere gisara... (Aulkia hartu eta ikuslegoaren aldera botatzen du). DOBLEA: Bai... gogor noa... gogorrago... bramm... trummm... saaff!... splax!... nahikoa da... besterik ez dut gogoratzen... KOMISARIA: Ahaleginak egin, beste pitintxo bat bada ere... DOBLEA: Hori... baiii... sua... erretzen ari naizela... aiii... KOMISARIA: Gelditu, lasaitu! MEDIKUA: Lehen ere esan dizut ez zenuela egin behar gehiegikeriarik! DOBLEA: Hutsaaa... urkulua da... trabatu egin zaidala... (Matrail-hezurrari zartadak ematen dizkio). Ehem... badago... Eta gero gogoan dut nola oihu egiten zuen batek: «Abokatua, badaramatela!» KOMISARIA: Primeran! Idatz ezazu! DOBLEA: Zergatik primeran? Zer esan nahi du horrek? Argitu nahi al didazue... nor den Abokatu hori... izan ere, noizean behin gogora etortzen bait zait hitz hori, bapatean... EPAILEA: Ez naiz harritzen. DOBLEA: Zergatik? KOMISARIA: Ez, ezerrez, ezerrez, azalduko dizugu dena geroago. Orain esazu. Zer esan nahi du zuretzat Fiat izenak? DOBLEA: Fiat? Zera gertatzen zait... nolabait esateko... etxekoa. Fiat! EPAILEA: Etxeko izena... DOBLEA: Nirea balitz bezalako zerbaiten izena... MEDIKUA: Harritzekoa da nolako atxikimendua dioten langileok Fiati... EPAILEA: Eta orain hitzegin dezagun zure lanaz. Zertan aritzen zinen Fiaten? DOBLEA: Lana? Ez dut ulertzen. EPAILEA: Bai, bai, lana, lan egin... zeregina... DOBLEA: Ez... lana lan egin zeregina... ez naiz oroitzen... hitz horiek... esamolde horiek ez didate ezer esaten. EPAILEA: Lanarekiko arbuioa. KOMISARIA: Eta produkzioak, irabaziek... ezer esaten al dizute? DOBLEA: Bai, asko... eta baita birmoldaketa... irabazi neto... holding... laneskua... berehalako kanporaketa hitzek ere! KOMISARIA: Eta terrorismo hitzak... zer esan nahi du zuretzat? DOBLEA: Zera: burruka armatuaren hazkunde radikal eta agurotua, aktiboan edo pasiboan ondorioak dituela, ondasunen eta interes konposatuen gatazkagarritasunezko egoera orokorren arabera. KOMISARIA: Bejondeizula! DOBLEA: Zer esan nahi duzu horrekin? EPAILEA: Guk badakigu (Agenteari). Idatz ezazu esan duena. KOMISARIA: Ikusi al duzue? Mintzaira terrorista ere erabiltzen du-eta! KOMISARIA: Jakina, baina geroago. Jarraitu. Ikus dezagun ea gogoan dituzun, ez dakit, talde atzerritarrekiko harremanak, esaterako... DOBLEA: Bai, noski... talde atzerritarrak... gogoan dut... KOMISARIA: Zeintzu? Errusiarrak? DOBLEA: Errusiarrak... oh bai... errusiarrak... harreman ugari... sendoak... EPAILEA: Primeran. Eta libiarrak? DOBLEA: Libiarrak? Libia... ah bai... gogoan dut... hain zuzen horretarakoxe joandakoa naiz ni Libiara. Uniformezko jendeak egiten zigun ongi etorria. EPAILEA: Militar-uniformezkoek? DOBLEA: Bai, aginpidedunek, mandokoek. KOMISARIA: Mando ala komandokoek? DOBLEA: Nola? KOMISARIA: Mando ala komandokoek? DOBLEA: Zer mando eta komando! (Komisariaren erreakzioa etenez). Zer dakit nik! EPAILEA: Eta gauza sekretuez hitzegiten al zenuten? DOBLEA: Ui bai, oso sekretuez! Trafikoez... EPAILEA: Arma-trafikoez? DOBLEA: Bai, arma-trafikoaz ere bai... era guztietakoez... astunez eta arinez... KOMISARIA: Eta zuk ba al zenekien zertarako ziren arma horiek? DOBLEA: Ura. KOMISARIA: Nola? DOBLEA: Ur minerala... gasik gabe! EPAILEA: Baina... zer ari da esaten? MEDIKUA: Egarriak dagoela, besterik ez. KOMISARIA: Itxaron une bat, lehen galdetuari erantzuiozu. DOBLEA: Ez, egarri naiz. Ur minerala gasik gabe, freskoa baina ez izoztua! MEDIKUA: Zaude, neuk emango dizut, hemen badago, hozkailuan. (Agnelliren bustoaren oinari bira ematen dio eta beronen baitan hozkailua dagoela ikusten dugu.) EPAILEA: Ongi dago, emaiozu ura. DOBLEA: Gasik gabe, mesedez, korrokadaka hasten banaiz, sudurra jaulkiko zait-eta! KOMISARIA: Niri ere emaidazu basokada bat. DOBLEA: Inbutua... zuk daukazu mediku jauna... MEDIKUA: Bai, bai. (Hozkailutik inbutua atera eta eman egiten dio.) EPAILEA: Inbutua? Zertarako nahi du? DOBLEA: Edateko, dena eror ez dakidan. Zaude, hoditxoa bilatu behar dut... (Hartu inbutua eta lepotik sartzen du). Lagunduko al didazu inbutua harian sartzen, medikua? Ez, eskerrik asko, utz ezazu, bakarrik egin dut. (Ura basora aterako balu bezala egiten du medikuak). Emaidazu basoa. Osasunerako. (Inbutuan isurtzen du ura). Bai gozoa, hain freskotxoa... brr... hasieran hotzikarak bezalakoak ematen dizkit. KOMISARIA: Baina aizu, barkatu, nora isuri duzu ura? DOBLEA: Zuzenean hestegorrira. MEDIKUA: Jakina, hilabete batzutan ezin izango du ezer irentsi ahotik, ez edatekorik ez jatekorik. EPAILEA: Janaria ere inbutuan barrena sartzen al diote? DOBLEA: Bai, baina ahi egina... dena lepotik pasatzen da. Dena ahi egiten didate: lehen jakia, bigarrena, fruita eta kafea. Ez, kafea ez, supositoriotan ematen didate, baina ez expresa, suitzarra baizik, deskafeinatua. KOMISARIA: Baina izugarria da hori! Aizu... axola al dizu atzera lehengo berriketari ekitea? DOBLEA: Ongi da, goazen lehengo berriketara. Zera galdetzen zenidan... gogoan dut armen kontu hori... trafikoak... norako ote ziren... Lausoki... oroitzen naiz hitz batez: «Desestabilizatu», baina ni ez nengoen ados. Aldiz, bazegoen norbait... polizia uste dut... EPAILEA: Zer polizia? DOBLEA: Ez daukat gogoan, baina baliteke gurea izatea. EPAILEA: Polizia italiarra? Gorputz bereziak? DOBLEA: Oso bereziak... sekretuak. Behin ia-ia harrapatu ere egin zituzten... Nik banekien... agirian jarriko nindutelakoan nengoen... Oraintxe gogoratzen naiz prozesuaz, jeneralak, ministroak... gero dena estali zen... lur asko gainera. KOMISARIA: Lurra? AGENTEA: Jeneralak, ministroak... ez naiz ongi jabetu. Lur askoren aurretik zer esan du? KOMISARIA: Baina, zer ari zara idazten zu? Ezabatu, ezabatu dena! DOBLEA: Ah, garai horretaz oso ongi gogoratzen naiz. Dena argi dago... haundi-maundi guzti horien izen-deiturak... almirante bat eta epaile bat ere bazeuden... EPAILEA: Ez nekerik hartu, ez du pena merezi. DOBLEA: Saiatzen banaiz piska bat, dena gogoratuko dut. KOMISARIA: Ez, ez zaitez nekatu, izen horiek ez zaizkit interesatzen. DOBLEA: Ba, oso jende haundia zela zin egingo nizuke... KOMISARIA: Uztazu, ez zaitez nekatu, arriskugarria duzu zeure osasunerako. Esaiozu, medikua. DOBLEA: Oraintxe eman dit buruak. Oraintxe esango dizkizut. Izenak, izenordeak. Oso jende garrantzitsua da! (Medikuak injekzio bat jartzen dio besoan). Ez, baina ni... (Mutu eta paralizaturik geratzen da). Oh... oh... oh... MEDIKUA: Begira, komisaria, orain hamar bat minutuz ez du hitzegingo ez entzungo. KOMISARIA: Ez dago zalantzarik, terrorista da. Berak salatu du bere burua! EPAILEA: Jakina, bere errugabetasunaz horrela baliatzea ere ia deliktua da. KOMISARIA: Epaile jauna, ez ahaztu sorbaldatik tirokatzen gaituen jendea dela! EPAILEA: Noski, ez da ahaztu behar hori. Susmatzen genuenez, Agnelli bahitu zuen komandoaren partaide zen hau. Burrukan hartu zuen zartakoa, nonbait. Bereak egin zuelakoan, beretarrek hona ekarri eta eskuak garbitu zituzten. KOMISARIA: Gizajo lelo gauzeztan bihurtu delako hotsa zabaldu behar da... ze hitz eragiten ari garela susmatzen badute, bere taldeko terroristak baliteke hona etorri eta garbitzea. Edota Zerbitzu Sekretukoek... DOBLEA: (Une batez esnatuz). Zera bururatu zait oraintxe puntuan... KOMISARIA: Nahikoa da! (Medikuak beste injekzio bat jartzen dio; Doblea kikildu egiten da.) EPAILEA: Ez ote litzateke seguruagoa detenitzea? Inori ezer esan gabe bahitu, isolamendu-gela batean sartu, edo agian container batean Berezietakoek egiten dutenez... DOBLEA: (Erdi leloturik esnatzen da). Oraintxe esango dizkizuet izen guztiak... KOMISARIA eta EPAILEA: Nahikoa da!! DOBLEA: (Berriro kikilduz). Tira... baina orduan... MEDIKUA: Jaramon egidazue, hitzegiten jarrai dezan interesatzen bazaizue, gutxienez hamar egunean bakean uztazue. KOMISARIA: Txantxetan zabiltza, medikua, hamar egunean! Ezin dugu, esku artean daukagu talde osoa harrapatzeko arrastoa, Abokatua aurkitzeko, eta bizirik seguraski eta zuk... MEDIKUA: Ongi da, ulertzen dut. Jo dezagun bost egun... EPAILEA: Ez, ez. Bizpahiru, asko jota. MEDIKUA: Ondo dago, nahi duzuena. Baina gero zerebruak zapart egiten badio, erantzukizuna zuen gain, garbi gera dadila. KOMISARIA: Bi egun, eta interrogatzera itzuliko gara. Dozena bat gizon jarriko ditugu etxe honetan, gaixozain eta mediku-jantzitan. EPAILEA: Noski, noski, zaintzeko eta babesteko. MEDIKUA: Dozena bat esan al duzu? Ez al derizkiozu gehitxo direla? EPAILEA: Ez, ez, hauxe da daukagun aztarnarik ziurrena. Hau bai dela testigu ona! KOMISARIA: Parra-parra hitzegiten du honek! Terrorista damutu bat da eta bera konturatu gabe oraindik! DOBLEA: (Mueile bat bezala jaiki eta Epailea eta Komisariari hitzeginez). Entzun, gogoan dut nola zegoen idazkari orokor bat ere, eta gainera... KOMISARIA eta EPAILEA: Nahikoa da!!! Alde egizu, zoaz paseatzera, erlaxatu... DOBLEA: Baina oraintxe puntuan etorri zait burura... KOMISARIA eta EPAILEA: Nahikoa da!!! DOBLEA: (Badoalako itxurak egin eta bapatean itzultzen da). Eta esan egingo dizuet: nahikoa da!!! LEHEN EKITALDIAREN AMAIA |