|     71 zenbakia, 1984ko abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

        (Gela zabal bat Rosaren etxean. Horma bakoitzean atea dago. Eskuinekoa sarrerako eskilburura doa, erdikoa logelara, eta ezkerrekoa sukaldera. A ttrezzoa: mahaia erdian, arasa ezkerrean, telebista atzean eskerretara, komoda atzean eskuinetara, jantzi pertxa baten ondoan. Eskuineko hormaren kontra, zurezko besaulki gurpilduna. Argia indartzean, Rosa eta Luzia sartzen dira kaletik. Rosak erosketa poltsa bat dakar eskuan. Gorbatan leihoa dago. Rosak, lehen esaldia esaten ari dela, leihoa irekitzen du; Luziarekin hitzegiten jarraitzeko urruntzen denean, leihoa bakarrik laban egiten du bastidore artean ezkutatu arte.)

 

ROSA: Ai, Luzia, ez dakizu zenbat sentitzen dudan. Aspaldian al zaude itxaroten?

LUZIA: Ia ordu erdi.

ROSA: Ai ene, jakin izan banu bizkorrago ibiliko nintzatekeen. Barkatu nahaste-borraste hau...hara, peluka ere mahai gainean dago...txukundu bat eman nahian nenbilen.(Atzekaldeko altzarian uzten du.)

LUZIA: Zaude lasai. Oso kezkaturik nagoelako etorri naiz. Ez dakit ezertxo ere Antoniori buruz. Ospitalean ez didate uzten pasatzen, egoera psiko-labil izugarrian dagoela esaten didate, krisiak ematen diola krisiaren gain...

ROSA: Zoritxarrez egia da. Niri bost minutuz bakarrik utzi didate ikusten, eta hurbiltzen hasi nintzenekoxe, oihuka hasi zen: «Kanpora, kanpora! Ez dut ikusi nahi gogaikarri hori, kanpora! Ez da lehengo bera, sorgindua dirudi.

LUZIA: Eta zer esaten diote medikuek? Erremediorik egiten al diote?

ROSA: Ah, hori bai, asko arduratzen dira. Neurologo-psikiatra oso on bat ere ekarri dute, orain ez dakit nola duen izena... Terzian uste dut. Eta doktore honi bururatu zaio Antonio bere autoan hartu eta Mirafioriko Fiatera, bere sailera eramatearen idea. Sartu zenean oso pozik zegoela ematen zuen, guztiaren jabea balitz bezala. Baina muntaketa-katearen aurrez-aurre jarri zuten bezain laster eta sopletea eskuan jarri zioteneko, zerebruak leher egin behar ziola zirudien: begiak zuloetatik irten eta zoro baten pare hasi zen garraisika: «Ez! Nik ez dut egingo kaka-lan hau!» (Luziak ezin dio eutsi irribarretxo bati) Derriorrean eraman behar izan zuten, oihuka ari zen bitartean: «Atera nazazue hemendik! Urrundu makina deabruzko horretatik!»

LUZIA: Ha, ha! Pena da ezin kontatu ahal izatea...ha ha... (ezin du eragotzi.)

ROSA: Baina zergatik barre egiten duzu?

LUZIA: Barkatu, erreakzio nerbiotsua da... Agnelli bezalako gizon bat, zera esan nahi dut Antonio bezalako bat, langile...

ROSA: Bai, neska, zoratzeko modukoa da. Ai, ez dizut esan, joan den ostegunean etxera ekarri zidaten ordu batzutarako.

LUZIA: Orduan asko ez dela ikusia duzu, ezta?

ROSA: Ba ez, ni ez nengoen, alde egiteko erregutu bait zidaten, ze ikusi banindu krisialdiak emango ziokeen. Doktore horrek azaldu didanez Klitonen konplexua?

ROSA: Bai, badakizu, greziar errege batek bere emaztea jan zuen eta gero ezin zuen liseritu eta beti begien aurrean ikusten zuen ameskaizto bat bezala...

LUZIA: Ah bai, Kliton, tragedia bat ere badagoela uste dut...

ROSA: Hauxe bai dela tragedia! Pentsa, ekartzen didate senarra etxera eta nik alde egin behar, tifusa baneuka bezala.

LUZIA: Eta ba al dakizu nola portatu den hemen?

ROSA: Bai, axolakabe, biraka ibili omen da etxean barrena, baina ez omen zuen ezer gogoratzen... hor zegoen busto horretaz ere ez omen zen oroitzen, Plutarko eta Suetonioren bi aurpegiekin... (buru mugikorra duen kartoi harrizko bustora hurbiltzen da eta bira ematen dio beste aurpegia erakutsiz)... eta hainbeste gustatzen zitzaiolarik... Ezkondu ginenean dotetzat ekarri zuen.

LUZIA: Ah bai, kontatu zidan. Txotxoloturik zegoen gero aintzinateko historiarekin...

ROSA: Hori ba. Liburuei begiraturik ere ez zien egin, eta ondo txukun eta garbi dauzkat gero... Eta gogoratzeko denbora guztia irakurtzen pasatzen dut... Irakurtzeko grina sartu zait... intelektual bihurtu banintz bezala. Denetik irakurtzen dut, egunkariak ere bai, informazio guztia daukat. (etsita) Dena ezabatu du, liburuak eta ni era bai.

LUZIA: Tira, ikusiko duzu nola sendatuko den...

ROSA: Bai ona zarela! Ai, txepelagoa naiz, kaferik ere ez dizut eskaini, nahi duzu?

LUZIA: Bai, eskerrik asko, baina lanik ez hartu, niretzat bakarrik ez egin.

ROSA: Ez neska, neuk ere hartzeko gogoa daukat. Non dago potea? Oraintxe erostea egi dut-eta... Baina non daukat nik burua? Fruitategian utzi dut poltsa. Zaude piska bat, bila noa. Ezbehar ikaragarri honek tenteldurik bezala utzi nau!

 

(Luzia bakarrik geratzen da. Handik gutxira telefonoak jotzen du. Luzia zalantzan geratzen da une batez eta gero hartu egiten du telefonoa.)

 

LUZIA: Esan... nor da? Ez, andrea oraintxe puntuan irten da, ni adiskide bat naiz. Ah, zu zara, mediku jauna... bai, Luzia, hori da. Zer moduz? Nola? Ihes egin duela? Baina nola egin ahal izan du hainbeste poliziarekin? Lan ematen du sinesteak! Eta zure abrigua hartuta gainera? Benetan sentitzen dut... Ez, hona ez da etorri, ziur egon, bestela esango nizukeen, mediku jauna. Zaude lasai, etortzen bada berehala dei egingo dizut. Bai, gogoan dut zenbakia. Ongi dago, noski, oharkabean, jakina... Aurki arte, medikua.

 

(Telefonoa utzi egiten du. Benetako Antonio sartzen da; txamarratzar zarpailtsu eta koipetsua darama soinean. Itxura negargarria dauka.)

 

ANTONIO: Luzia! Azkenean ere aurkitu zaitut!

LUZIA: Antonio! Baina zer zabiltza hemendik? Zoratu egin al zara?

ANTONIO: Eta nora joan behar nuen ba? Zure etxean izan naiz eta dena itxita zegoen.

LUZIA: Baina zergatik alde egin duzu sototik? Oso leku segurua zen.

ANTONIO: Bai, noski, hilobia, nire hilobia bezain segurua. Ez, nahikoa da, ez dut eramaten gehiago. Jendea ikusi nahi dut, hitzegin... Zu aldian behin bakarrik etortzen zatzaizkit ikustera... (Txamarratzarra erantzi eta pertxatik zintzilik jartzen du.)

LUZIA: Ezin dudala ulertu behar didazu. Esan dizut polizia orpoz-orpo dabilkidala denbora guztian. Beldurrez nengoen niri jarraitu et zu aurkituko ote zintuzten.

ANTONIO: Dena dela, ni ez naiz itzuliko berriz hara, ez dut zoratu nahi.

LUZIA: Baina ezin zaitezke geratu hemen, arriskutsuegia da.

ANTONIO: Zergatik? Nori bururatuko zaio ba hemen ezkuta nintekeenik? Urte bete baino gehiago da etxe hau zapaltzen ez dudala.

LUZIA: Bai, baina ala eta guzti ere ezin zintezke geratu. Une batetik bestera itzuliko da zure emaztea.

ANTONIO: Hobeto horrela, egia osoa esango diot. Ez dago eskubiderik egiten ari garena egiteko emakume gajoari. Ni neu ere larrutik ordaitzen ari naiz. Susmorik ere ez daukazu zer den gauero hor etzanda geratzea abere bat bezala, aurrena txatarraz inguratuta, eta gero soto horretan, labezomorro artean. Atzo, etsipenaren etsipenez, hogeiren bat bildu nituen eta biribilean jarri nituen Gorteetara jolasteko. Burutik egiten hasia nagoela esaten dizut!

LUZIA: Badakit ez dela atsegina, baina izan pazientzia, ez atzera egin orain, iraun egun batzutan eta gero...

ANTONIO: Aizu, Luzia, hilabeteak dira pazientzia edukitzeko esaten ari zarela. «Utzi baretzen gauzei eta gero lasai-lasai ospa egingo dugu, zure emazteak ez digu tabarra gehiago emango, senarra izango bait du, nahiz eta erdi-lelo egon, aste batzuren buruan inork aipatu ere ez du egingo Agnelli...» Eta aldiz, gero eta iskanbila handiago dago: egunkariak, telebista, irratia... Beti eta nonahi burua jaten didan aurpegi hori. Telebistan sail bat ere dedikatu diote: «Agnelli story».

LUZIA: Arrazoia, nahaste bat da, baina zerbait konponduko duzulakoan al zaude dena zeure emazteari kontatuz, bi Antonio daudela jakin dezan? Bera dagoeneko sinetsita dago abokatua bere Antonio dela, hau da, zu zarela. Hemendik egun batzuetara askatuko dute Abokatua eta biak pozik eta zoriontsu biziko dira.

ANTONIO: Baina Abokatu hori nire emaztearekin oheratzen da orduan?

LUZIA: Eta hala izango balitz? Ez didazu esango zelati zaudenik, ezta?

ANTONIO: Ez, baina ez dit grazia arrastorik egiten. Bera hain zuzen bizitza osoan niri adarra jotzen aritu zaidan hori! Lanetik bota eta pikotara bidaltzen nau, bizia salbatzen diot eta oraindik neure emaztearekin jotzen dit!

LUZIA: Antonio, ez zazu esan arrunkeriarik.

ANTONIO: Bai, arrunkeriak! Sasikume galanta da hori! Orain ezintasun iraunkorra ezagutuko diote, erretiroa emango diote eta nire likidazioa, aseguroa eta pentsioari dagozkien txanpon guztiak bilduko ditu, lapurrak halakoak! Ez, sentitzen dut, baina dena kontatuko dut.

LUZIA: Primeran, horrela buruz-buru gartzelara joango zara gutxienez lau bat urtetarako! Zure Rosa gauzak isilpean edukitzeko gauza dela uste al duzu?

ANTONIO: Tira, hobe da giltzapean bost urte pasatzea auziaren zain, jazartu-bizimodu honekin jarraitzea baino. Eta gainera, adarrak jarriko dizkidaten segurantza guztiarekin!

LUZIA: Ah bai, bost urte orduan... Eta zure isiltasunarengatik industriari multinazional bati langile-aurpegiaren itxurara musua berregin diotelako, dagokizun kondena non uzten duzu? Seguraski zuretzat herio-zigorra aterako dute berriz ere. (Rosa sartzen da.)

ROSA: Hemen nago... (Antonio ikustean paralizaturik, arnasarik gabe gelditzen da.)

LUZIA: (Ikusi ez duelakoa egiten du) Antonio, baina egia ote da ez nauzula ezagutzen jadanik? Begiraidazu, ni naiz, Luzia!

ROSA: Antonio... Birjina maitea... Etxera bidali al zaituzte?

LUZIA: Zeure emaztea ezagutzen duzu gutxienez, ezta? (Rosa Antoniorengana hurbiltzen da). Ez, hor geratu, ez hurbildu gehiegi...

ROSA: Bai, bai, bestela Klitonen krisiak igoal emango dio-ta... Ui, utzi begiratzen, bai ongi sendatu zarela... (betaurrekoak janzten ditu). Orbainik ere ez zaizu ikusten-eta... Ba al dakizu zer esaten dizudan? Lehen baino ere hobeto zaudela.

LUZIA: Aupa, Antonio... (ezkutan ostiko bat ematen dio berna-hezurrean.)

ROSA: (Konturatu egiten da) Baina zertan ari zara, Luzia, ostikoak ematen?

LUZIA: Ba bai, psikolabilekin ez dago berriketan ibiltzerik, ez dira sendatzen! Unibertsitateko irakasleak beti esaten zigun: «Ostikada bat emaiozu eta zentzura itzuliko zaizu.» Tira, Antonio, zoaz (beste ostikada bat). Ikusten nola funtzionatzen duen? Horrela, oso ongi, besarkatu.

ROSA: (Erabat hunkiturik) Besarkatu egin nau, ez nau zapuztu... Ai, Jainko maitea, hau da emozioaren handia! (Luziari) Eta nik, besarka al dezaket bera?

LUZIA: Jakina baietz...

ROSA: Bi eskuez?

LUZIA: Bai horixe...

ROSA: (Herabeti Antonio besarkatzen du eta honek ez du zirkinik egiten, ezeroso dago baina halare hunkiturik). Antonio, nola zaude? Ezagutzen al nauzu? Nor naiz?

ANTONIO: Bai, Rosa zara, nire emaztea...

ROSA: Baina bai ederki hitzegiten duela, zer ahotsa! Ezagutu egin nau! Eta bera nor da? Tira, izan ona, ea bera ere ezagutzen duzun. (Egundoko ostikada ematen dio.)

ANTONIO: Baina baina... burutik eginda al zaudete ala? Aiii... nahikoa da!

ROSA: Zure onerako egiten dugu. «Ostikada bat emaiozu eta zentzura itzuliko zaizu».

LUZIA: Ixo, geldi une batean. (Bastidore artetik leihoa agertzen da.) Ez dugu galdu behar denborarik. Ospa egin behar dugu, Antonio.

ANTONIO: Zergatik, zer gertatzen da?

LUZIA: Baliteke oker egotea ni, baina hor behean, kalean, joanetorri handia dabil. Jokatuko nizuke ospitalekoak direla eta zure bila datozela. (Pertxara doa txamarraren bila.)

ROSA: Zergatik ordea? Ez al diote utzi etortzen beraiek?

LUZIA: Ez, ihes egin du. Iritsi baino lehenxeago, medikuak dei egin du zure etxean izkutatzera etorri ote zen jakiteko.

ANTONIO: Ez da egia, ez sinetsi, hori zeragatik dio...

LUZIA: Zin egiten dizut, kasu egidazu. Goazen, goazen nire etxera ahal dugun bitartean ... (Txamarra ematen dio.)

ANTONIO: Ez, ni hemen geratuko naiz, eta arik eta dena kontatu arte... (Mahai gainean uzten du txamarra.)

ROSA: Hori da, Antonio, geratu hemen! Eta zuri igarri dizut, mindulin horri, atzera eramango duten aitzakia horrekin, zeure etxera eraman nahi zenuen, nire Antonio! (Atea zabaldu eta bi polizi agertzen dira, komisaria eta medikua atzetik direla.)

KOMISARIA: Hemen dago! Zer esaten nizun nik, mediku jauna... Banengoen ba ni ez ote genuen aurkitu bere emaztearen etxean!

LUZIA: Pozik egongo zarete, ezta? Aitzakiekin eta guzti!

ROSA: Munduko guztiarengatik, ez ikaratu, ez egin minik.

KOMISARIA: Eta nork ikaratu nahi du ba? Lagun artean gaude, ezta Antonio jauna?

MEDIKUA: Benetan kezkaturik eduki gaituzu, badakizu? Zer moduz zaude? Pultsua zerbait asaldaturik daukazu. Oraintxe bertan prestatuko dizut lasaigarri bat.

KOMISARIA: Utzi bakean lasaigarriak, gero hau bizkorkeriatan hasten zaigu eta denbora mordo bat galerazten digu. Badakit nik zer komeni zaizun zuri, Antonio jauna.

ANTONIO: Aizu, eta nor zara zu? Ez zaitut ezagutzen.

ROSA: Konturatzen al zarete? Berriz ere oroimena galerazi diozue. Arestian gustoa ematen zuen nola ezagutzen gintuen denok... Itxaron, berriz egiten duen. Antonio, begiratu, nor naiz ni? (Ostikada bat ematen dio.)

ANTONIO: Aiiii! Aizu, nahikoa da, ezta?

AGENTEA: Komisaria, jarriko al dizkiot eskuburdinak?

KOMISARIA: Ez, ez dago premiarik.

MEDIKUA: (Agenteari) Esku bat luzaidazu. (Mahaira joan eta injekzio bat jartzeko behar den guztia ateratzen du bere maletatxotik.)

ANTONIO: Komisaria, entzun, gauza bat esan nahi dizut.

LUZIA: Antonio, zoratu egin al zara?

ANTONIO: Isilik! Komisari jauna, entzuidazu!

 

(Antoniok bizkor hitzegiten du komisariarekin. Medikua Antoniorengana hurbiltzen da atzekaldetik zizta egiteko, baina bapateko jarrera-aldaketa batengatik Antonio eta komisariaren artean, orratza komisariaren ipurdian sartzen da.)

 

MEDIKUA: Barkatu, jauna. Lasaigarri bat besterik ez da.

ANTONIO: Komisaria, entzu

KOMISARIA: Ah, berriz ere aspergarri hau! Orain Agnelli dela kontatzeari ekin dio!

ROSA: Agnelli?

MEDIKUA: Bai, zoritxarrez, Fiatera bisita dohakabe hura egitera eraman genuenetik, Agnelli dela sartu zaio buruan.

ROSA: Ai, Jainko maitea, besterik ez genuen behar!

MEDIKUA: Ez dago zertan harriturik, bikoizkuntza deritzan fenomeno ezaguna besterik ez da. (Antoniori) Tira, askatu arropak. Lasaigarri bat da. (Injekzioa jartzera doa, baina bitartean Rosarekin hizketan ari da). Zirkinik egin gabe ohean pasa dituen hilabete guzti hauetan, igeltsoturik, buruan bueltak eman eta aritu da, bere ustez tragedia guzti honen erantzulea denaren hontra gorrotoa pizten, hau da, Agnelliaren kontra... (Antoniori) Tira, tira, jaso txamarra hori... (Rosari) ...eta azkenean berarekin identifikatzeraino iritsi da. (Antoniok bultza egiten dio komisariari, eta honek beste injekzio bar hartzen du). Oh, barka ezazu... baina lasaigarri bat besterik ez da.

ROSA: Ai, Birjina maitea, Agnellirekin identifikatu dela, eta bikoiztu egin dela... Jeckyll doktorea bezala, aurrena zera zena... eta gero zera... eta orduan ezagutzen ez nauenean zeharo sinetsirik dago, nonbait, Agnelli dela.

MEDIKUA: Hori esan. (Atzekaldean Antoniok oso bizkor hitzegiten du komisariarekin; zeina dagoeneko erabat leloturik bait dago injekzioen ondorioz.)

KOMISARIA: Mediku jauna, etorriko al zara une batez? Orain berriz ez buru eta ez hanka ez duten gauzak esaten hasi zait. Berak salbatu zuela Agnelli esaten dit. Zera dago hau bikoizturik! Adarra jotzen ari zaigu guri hau!

 

(Antonio, agenteak noraezean daudeneko une batez baliaturik, atera oldartzen da eta ihes egiten du. Ihes egiteko agenteari bultza egitean honek injekzioa hartzen du.)

 

AGENTEA: Aiii! Ihes egin dit.

KOMISARIA: Eta zer egiten duzu hor geldi txorimaloa bezala? Zoaz korrika atzetik, bizkor!

AGENTEA: Giltzapean utzi gaitu. Giltza kanpokaldetik zegoen.

KOMISARIA: Tiroka ekin zerrailari orduan, kaikua!

ROSA: Ez, mesedez, ez dut puskatzerik nahi. Badut beste giltza bat, unetxo bat bila noa-ta...

KOMISARIA: Ez dago astirik. Tiro egin!

 

(Agenteak, zalaparta hutsean, ikuslegoari apuntatzen hasten dira.)

 

KOMISARIA: Horra ez, kirtenak halakoak, atera! (Agenteak tiro egiten dure. Oihu bat entzuten da kanpoaldetik.)

ROSA: Antonio! Atearen atzekaldean zegoen. Hil egin didazue!

 

(Atea ireki eta epailea agertzen da.)

 

EPAILEA: Nire zangoa... zulo bat daukat zangoan. Zergatik tiro egin didazue?

KOMISARIA: Epaile jauna... Nolataz zeunden baina ate-atzean?

EPAILEA: Deika arin nintzen. Baina dei egiten duen guztiari tiroa ematen al diozue, ala? (Lurrera erortzen da.)

KOMISARIA: Bizkor, mediku jauna, zorabioa egin zaio. Ederra egin dugu! (Luziari) Andereñoa, zuk ere laguniguzu. Norbaitek hor zehar istripu hau platerera ateratzen badu, jo ta garbitu egingo dut! Orain zera falta zaigu bakarrik: «Poliziak zangozidioa egin epaile bati» edo honelako zerbait prentsak argitaratzea... neure buruari emango diot tiroa!

 

(Agenteak, komisaria, medikua eta Luzia kanpora doaz epailea eramanez. Rosa bakarrik geratzen da, gertatuaren aurrean sor eta lor. Itxi egiten du atea, zarrailari begiratuz.)

 

ROSA: Ondo jaioak gaude, edozer sortzen dela ere pistola astintzeko mania horrekin:... Giltzarik ez dela aurkitzen? Pun Pun! Tiroa! Frenua hondatzen zaizula? Pan Pan! Frenatu egiten zaituzte... eta betirako gainera! Jokatuko nuke, noizean behin, komunera joan pisa egitera, galtzontziloetatik pistola atera eta, pam pam... azido urikoa! (Lehioa sartzen da, Rosa agertzen da). Antonio gizajoa, ez ahal diote berari ere tiroa emango! Ai, Jainko maitea, hor dago... bera da-ta, autobusaren atzekaldean ezkutatu da... orain ez dago... bazitekeen bera ez izatea.

        (Antonioren txamarrageratu den mahaira doa. Lehioa bastidoreetara itzultzen da). Gustatuko litzaidake ospitale horretatik ihes egin dezan, bestela erabat zoratu behar didate-eta. Aurrena Klitonen konplexua, bere emaztea jaten duen horrena, gero Jeckyll doktorea bezala bikoizten da... Baina hau bere txamarra du... bere jertsearekin bakarrik ihes egin du gizajoak dagoen egoeran... (hartu txamarra eta pertxatik zintzilikatzen du. Atea ireki eta doblea sartzen da. Abrigua eta burua estaltzen dion tapauki handi bat darama aldean.)

DOBLEA: Paaasa... al daiteke?

ROSA: Nor da? Ah, zu zara... Oh maitea, ez dakizu zenbat pozten naizen zera lortu duzula ikustean...

DOBLEA: Saartuko aaal naiz? (hitzegiteko nekea du) Ez al dago inor?

ROSA: Ez, zaude lasai. Tiroa eman diote zangoan epaileari, eta denak ospitalera joan dira bera eramatera. Eseri lasai.

DOBLEA: Iheees egiiin dut.

ROSA: Ez dut jakingo!

DOBLEA: Koomisari inoooozo horreeek.... era usteeee du, neure buruaa bahiiitu dudaaala.... autoterroorista!

ROSA: Lasaituz zaitez, Antonio, eta patxadaz hartu arnasa, egundoko korrika-saioa egin duzu izan ere... Alajaina, berriro orbainak ikusten zaizkizu-eta... jakina, sustoaren sustoz berriro azaldu zaizkizu... Hara, izerditan zaude. Egarri al zara, zerbait edan nahi al duzu?

DOBLEA: Bai, eskerrikasko, ur mineral pixka bat gasik gabe, bestela korrokadaka hasi naiz eta sudurra erortzen zait. (Abrigua erantzi eta pertxara doa.)

ROSA: Oraintxe bertan ekarriko dizut. (Abriguaz konturatzen da.) Baina, zertan ari zara abriguarekin, berriro jantzi al duzu ala? Ah, ez... Bi erabili al dituzu, bata bestearen gainean? Ondo gogor eman dizu gero bikoiztearen mania horrek!

DOBLEA: Begira, andrea, begi bistan dagoenez, zuk ez dakizun zerbait eman nahi nizuke aditzera.

ROSA: Baina zer zoroaldiak eman dizu orain, Antonio? Hau al da emazteari hitzegiteko modua?

DOBLEA: Andrea, nik ez zaitut ezagutzen zu... ni ez naiz zure senarra...

ROSA: Lasai, Antonio, orain gasik gabeko zeure ur naturala edango duzu, eta ea ez duzun esaten tentelkeriarik gehiago. (Sukaldera doa eta botila eta basoarekin itzultzen da.)

DOBLEA: Baina inoiz ez banaiz egon orain bezain argi eta erne!

 

(Inbutua ateratzen du plastikozko poltsa batetik.)

 

ROSA: Alajaina! Horrela baldin bada, ea beste era batera hitzegiten didazun!

DOBLEA: Ongi dago, nahi baduzu hitzegingo dizut. Inporta al zaizu inbutua hoditxoaren harian sartzen laguntzea?

ROSA: Inburua? Zertarako?

DOBLEA: Edateko. Botaidazu zuzenean basotik ura. Osasunerako!

ROSA: Lepotik edaten al duzu?

DOBLEA: Ba bai. Eztarritik oraindik ezin dut, glotisa eta epiglotisa erabat orbaindu arte. Ahhh... hau hotzikara! Zuzenean botilatik botaidazu ura, erosoago bait da. (Rosak esan bezala egiten du.)

ROSA: Ai, jauna, oraindik hara zer geunden ikusteko, senarra inbutuarekin. Garrafoia ematen duzu-ta!

DOBLEA: Eta orain, entzun mesedez. Nire historia osoa kontatu behar dizut, benetakoa!

ROSA: Ondo dago, kontaidazu!

DOBLEA: Istripuaren ondoren, galduta bezala egon naiz hilabetetan.

ROSA: Gauza ederra kontatzen didazuna...

DOBLEA: Gero, muntaketa-kateara eraman nindutenean, Mirafiorin, zerebruan bonba bat jarri izan balidate bezala izan zen. Berrogetamar elektroshock aldi berean! Bapatean gogoratu nintzen neu izan nintzela tiobibo kriminal hori ezarri zuena... Agnelli nintzela ni eta zipitzik ere ez zitzaidala inporta izan ez zarata, ez kirrinkak, ez hautsa... eta orain han nengoen... ni. Abokatua, itsu uzteko moduko tximistak zerizkion soplete bati helduta, ia ito egiten niduen maskarila bat aurpegian nuela... 220-ko entxufe bat ipurtzuloan baneuka bezela dardarizo batean... «Tira... erritmoa... garaiz... lauko atzerapena daramak... agurotu... bira eman.... zera, zera....ah, ah, ah!»

ROSA: Antonio, lasaitu!

DOBLEA: Ez, ez naiz Antonio! Ez naiz langilea! Ez naiz txoroflauta bat! Ni berehalakoan sartuko naiz eritasunagatiko aseguroan... absentista agingo naiz bizitza osorako, eta bost axola niri alferra naizela entzutea, ni ez naiz erdi-leloa langileak bezala. Ni gauza guztien gainetik nago, nagusia naiz. Bahiturik nagoela uste dute... Baina ez, aldatu baizik ez naute egin! Eta hemen nago, txotxongilo zoroaren aurpegi honekin! Metaleko nire langileetako baten aurpegiarekin, honelako ironiarekin!

ROSA: Aizu, Jeckyll doktorea, kokoteraino eginik naukazu zeure bikoizkuntza horrekin. Finkapen bat daukazu Agnelli horrekiko, eta kaka-nagusi batek bezala hitzegiten duzu. Lasaitu zaitez edo bestela berna-hezurra puskatuko dizut! (ostikada)

DOBLEA: Aiii! Baina zoratu egin al zara?

 

(Polizi sirena bat entzuten da; betiko leihoa sartzen da eta Rosak burua ateratzen du.)

 

DOBLEA: Polizia? Ba al datoz?

ROSA: Ez, gelditu egin dira. Dena dela, ez da oso bizkorrarena hemen geratzea, berriz harrapatzearen zain.

DOBLEA: Arrazoia duzu, baina nora jo ordea?

ROSA: Gora, ganbarara. Txukun-txukun jarri dut, badakizu? Lo ere egiteko moduan. Ikasleren bati alokairuan uzteko jarri dut, buhardilla modura. Zatoz, lagunduko zaitut. Ura ere badago. (Irten egiten dira. Urruntzen ari den Rosaren ahotsa entzuten da.) Inork ez daki gela hori dagoenik. Kontuz eskilmailekin. Hara, sartu, begira, badago argia.

 

(Isilunea. Telefonoak jotzen du bizpahiru aldiz, gero sarrerako atea zabaltzen da eta egiazko Antonio agertzen da.)

 

ANTONIO: (Prekauzioz) Rosa? Hemen al zaude, Rosa? Ez al dago inor? (beste gelara hurbiltzen da) Tira, gaitzerdi, denek alde egin dute, bakean utziko ahal gaituzte behintzat! Izerditan blai eginik nago. (Txamarra eta alkandora erantzi eta lurrera botatzen ditu gelaren erdi-erdian.) Garbitu bat hartu beharko dut. Rosak gordeko ahal zidan aldatzeko alkondararen bat! (Erdiko atetik irteten da. Sartzen da Rosa eta atean geratzen da une batez kanpo kaldera hizketan.)

ROSA: Eta hortxe egon, geldi-geldi. Ez egin zaratarik, berehalaxe ekarriko dizut zerbait. Noski, jateko zerbait eman beharra daukat, ez du gose makala izango gizajoak... (sukaldera doa) Ai, hau emozioa daukadana! Sekula ez nuen pentsatuko hanbeste emozionatuko nintzenik senarra etxean edukitzeagatik! (lurrean dauden erropak ikusten ditu) Norena ote dira arropa hauek? Sinestea ere! Konturatu ere ez naiz egin arropak noiz erantzi dituen, zer den gero maitasuna! (bildu egiten du) Eta nolanahi utzi du gainera, beti bezala. Bai pozik nagoela itzuli delako... hau poza garbitzeko, plantxatzeko haren alkondara zikinak edukitzea... otordua prestatzea... neskame batek bezala lan egitea... hau bai dela bizimodua! (sukaldera doa, zoriontsu)

 

(Antonio sartzen da berriz ere kamiseta garbiarekin, burua eta besoak lehortuz toaila batekin.)

 

ANTONIO: Nor da? Zu al zara, Rosa?

ROSA: (Burua agertzen du sukaldetik) Ah, zu al zara? Zer gertatzen da buruhausteren bat? Zergatik itzuli zara? (Eszenara sartzen da)

ANTONIO: Ez ote daukat itzultzerik ala? Nahiago al duzu gizajo bat bezala itxuturan egotea, Jainkoak daki zenbat denboran?

ROSA: Begira, Antonio, hau behinbehineko gauza da. Gauzak normaldu bitartean egongo zara han.

ANTONIO: Ez, pentsatu ere ez holakorik! Nik ere zuk bezalaxe pentsatzen nuen, baina orain sinetsita nago ez dela ezertxo ere konponduko. Sartzen banaiz, ez naiz irtengo gehiago handik.

ROSA: Jakina irtengo zarela, lelo hori. Tira, ona izan zaitez eta itzuli gora.

ANTONIO: Nongo gora?

ROSA: Oh, maitea! Dagoeneko ahaztu al zaizu? Izugarria da, dena ahazten zaizu...

ANTONIO: Baina zer ahazten zait ordea? Rosa, jakin al liteke zerk eman dizun? Zer gertatu zaizu?

ROSA: (Inbutua eta botila hartzen ditu) Lepotik behera bromuro-litro bat bota behar dizudala gertatu da! Denok zoraraziko gaituzu! Aurrena zuria, gero beltza, eta idea aldatzen zara eta gero gogoratu ere ez! Tira, igo zaitez ganbarara, obeditu!

ANTONIO: Ganbarara? Zertara?

ROSA: Gordeleku segurua delako!

ANTONIO: Ez, ez da bat ere segurua. Ganbarak ez du irteerarik, tranpa bat da. Axola ez badizu, nahiago dut hor geratu, logelan, nola terrazara ematen duen, etortzen badira, teilatuera salto egingo dut.

ROSA: Hori, oso ongi, horrela erortzen zara eta berriz josi beharko zaitut! Bri bru bra... anakoreta!

ANTONIO: Baina, zer josi ordea? Rosa, zer da anakoreta-kontu hori?

ROSA: Ongi da, egizu nahi duzuna. Zurekin ez dago burutzerik. Jateko zerbait prestatzera noa. (sukaldera doa).

ANTONIO: Oso ongi, goseak nago...

 

(Pertxeroan bi abrigu daudela konturatzen da. Ogia, basoak, ardoa, platerak, serbiletak eta tresnak dakartzela dator. Mahaia jartzen du.)

 

ROSA: Suertea daukazu, gaur gixatua jarri dizut.

ANTONIO: Norena da?

ROSA: Gixatua! Ba gurea... eta dena jango dugu!

ANTONIO: Ez, abrigua. (Esku bakoitzean abriguarekin dator)

ROSA: Zurea.

ANTONIO: Nirea hau da. Eta beste hau norena da? Anakoretarena?

ROSA: Baina, zer diozu? Zurea da, bi zenituen, bat bestearen gainean.

ANTONIO: Bi abrigurekin ibili naizela ni, bata bestearen gainean dudala?

ROSA: Bai, bai! (Oihuka.)

ANTONIO: Tira, tira, ongi da, nirea da, bai. (Larruzko txamarra erakusten du) Eta hau txalekotzat erabili dut!

ROSA: Tira, orduan berotuko al dut?

ANTONIO: Abrigua?

ROSA: Ez, gixatua! Ala gauza integralak jan nahi dituzu? Espaghetti integralezko pakete bat badaukat, eta nahi baduzu sojarekin...

ANTONIO: Ez, mundu guztiarengatik, begietatik ere badarit-eta...

ROSA: Ah, banekien nik bai iritsiko zela mendekua egiteko eguna! Baina aizu, nola duzu jateko asmoa, inbutuarekin?

ANTONIO: Zer inbuturekin?

ROSA: Gixatua... Ea nola irentsi behar duzun, epiglotisa ukitu gabe. Lepotik xurgatuko al duzu hoditxoaz?

ANTONIO: Aizu, Rosa, zer diozu? Aurrena bi abriguen kontu hori, gero inbutua hoditxoarekin...

ROSA: Ixo, norbait dator. Bizkor, sar zaitez logelan.

ANTONIO: Banoa. (Erdiko atetik irteten da.)

ROSA: Giltzapean utziko zaitut, ez mugitu. (Hala egiten du. Zarrailari bira nola ematen dion entzuten da. Kaleko atera doa korrika. Burua ateratzen du.) Egun on... (Isten du atea, badoa erdikora eta ireki gabe oihu egiten du.) Ez larritu, auzokoak ziren... (Sukaldera doa. Desagertzen den bezain laster, aurrekaldeko atetik doblea sartzen da.)

DOBLEA: Sar al naiteke? Rosa, sartuko al naiz?

ROSA: Unetxo bat, izan pazientzia, gixatua atera eta oraintxe noa irekitzera.

DOBLEA: Ez hartu nekerik, barruan nago-ta. (Bandeja batekin sartzen da Rosa.)

ROSA: Nondik sartu zara?

DOBLEA: Atetik, zergatik?

ROSA: Itxita zegoen baina!

DOBLEA: Ez, zabalik zegoen!

ROSA: Txepela naiz ni, giltzari bira ematean izan da, nonbait... (Poliziaren sirena-hotsa entzuten da. Leihoa agertzen da. Rosak burua ateratzen du.) Hemen datoz berriz... Ez, anbulantzia da, baina ez... (Leihoa desagertu egiten da.) Honela ez dago bizitzerik. Ez, aizu, ezin liteke izan. Zoragarria izango zen biok hemen egotea, eroso baino erosoago, eserita jaten, baina arriskutuegia da. Kasu egidazu, zoaz berriro gelara. Platerak eta tresnak eta hartu eta...

DOBLEA: Oh ez, erreguka esaten dizut, ezin dut gehiago. Hor goian ameskaiztoak etortzen zaizkit, ospitalean bezala.

ROSA: Ulertzen dut. Ongi dago, arriska gaitezen. Eseri, baina kontuz ibili, zerbait susmagarria entzun bezain laster korrika irten behar duzu hemedik. Tori, zerbitza zaitez.

DOBLEA: Gixatua al da?

ROSA: Jakina ba!

DOBLEA: Baina nik ezin dut jan hau!

ROSA: Ah, hasi al gara berriz ere? Ea ba, zer nahi duzu? Zopatxo integral bat?

DOBLEA: Ez, gixatua izugarri gustatzen zait.

ROSA: Non dago kakoa orduan?

DOBLEA: Ez didazu esango orain inbutuarekin jan beharra daukadala ahaztu zaizunik!

ROSA: Ai, egia da, txepela halakoa! Inbutua ahaztu zait! Ai, hau ezbeharra, honela zatitan ez da pasatzen hoditxoan zehar! Birrindu egin beharko litzateke... gixatu-purea, a zer nazka!

DOBLEA: Okela pikatu ahal izanez gero...

ROSA: Bai, baina gero ez da pasatzen hain lepo estua duen hoditxo horretan barrena...

DOBLEA: Ez, lepotik ez, sudurretik, bi hoditxo lodiagorekin...

ROSA: Zer, gixatua sudurretik jateko asmoa al duzu, ala?

DOBLEA: Bai, ospitalean sudurretik zurruparazten zizkidaten spaghettiak, saltsa eta guzti... ez nuen parekorik, lehiaketak eta gutxi irabazi ditut! (Plastikozko poltsatik maskarila antzeko zerbait ateratzen du.) Ohitura kontua besterik ez da. Begira, hodi hauek sudurretik sartzen dira, eta hemen pikagailua entxufatzen da. Ospitalean elektriko bat nuen, aparta.

ROSA: Nik ere badut bat, baina lehengo haietako, manibela batez bueltak ematekoa. Begira, hauxe da. Esaidazu zer egin behar den.

DOBLEA: Honela jarri behar da maskarila. Hoditxoak sudurretik sartzen dira eta gero pikagailua hemen, buruan. (Maskarila kentzen du.) Ai, barkatu

ROSA: Zer gertatzen zaizu? Ai, Antonio, dena handiturik zaude!

DOBLEA: Hutsa, torturako tresna honek sartzen duen zirrara da... Eta gainera, pikagailuak jatekoak kopeta gainean birrintzen didala ikusteak, garunak xehatuko balizkit bezala, zorabioa egiten dit, besterik ez da. Laguntza behar dut hau eramateko. Rosa lotu egin behar nauzu! Ea kordel bat aurkitzen duzun, lortzen ez banauzu ezin izango dut egon ihes egin gabe, hoditxo hauek kendu gabe. Baina janaria urdailera iristen zaidan orduko, lasaitu egiten naiz.

ROSA: Nahi baduzu uhal hauekin egingo dugu proba. Maletenak dira.

DOBLEA: Primeran! Besodun aulki hau aproposa da, eta beste uhal honekin lepoa tinkatuko didazu bizkarraren kontra, honelaxe!

ROSA: Ene, Antonio, ikaragarria da, aulki elektrikora kondenatua dirudizu.

DOBLEA: Zerorrek esan duzu! la hil-edo-biziko arazoa da! Erregutu egiten dizut, Rosa, ez egidazu kasorik egin askatzeko eskatu arren, gogorra izan behar duzu, kosta ahala kosta jatera derriortu behar nauzu!

ROSA: Zaude Jasai! Gogorra izango naiz, oso gogorra. Dena janeraziko dizut! (Telefonoak jotzen du, erantzun egiten du.) Esan, bai, ni naiz. Bai, entzuten dizut. Nire Antonioren berririk ez duzula? Aurkitu al duzue? Ez? Oh, Jainko maitea, non sartu ote da... Mindulinaren etxean begiratu ote dute? Ba bai, baliteke bertara joan izatea. Ez, ez, benetan esaten dizut, hona ez da etorri. Bestela esango nizuke, mediku jauna, komisari zakar horri ez nioke esango, baina zuri bai. jakinaren gainean egon nahi nuke, mesedez. Oso larri nago! Aurki arte, mediku jauna (eseki egiten du).

DOBLEA: Zer esan du? (Uhalak jarriak ditu besoetatik.)

ROSA: Entzun duzu. Ez duela sinestu esango nizuke, eta ziur nago komisari hori ere berarekin zegoela. Ixtanpatean hemen dituzu. Kasu egidazu, ospa egin behar da hemendik.

DOBLEA: Ez, Jainkoarren, sinestu nahi al didazu ezin dudala itxaron gehiago, gosez hiltzen nagoela? Erreguka eskatzen dizut, gixatu piskat pikaidazu sudurrean, bestela zoratu egingo naiz.

ROSA: Ondo da, baina hemen ez. Zoaz gora ni berehalaxe igoko naizeta. Ardo-botila eta basoak eraman itzazu. Gainerakoa nik eramango dut, aulki elektrikoarekin batera. (Lasterka doa sukaldera.) Bizkor ibili.

DOBLEA: Ongi dago, itxarongo dizut, baina zu ere bizkor ibili. (eskilburura doan atetik ireten da).

ROSA: Bai, bai, banoa (sukaldetik) Unetxo bat gasa itzaltzeko. (sartzen da) Zer pena, honen gixatu gozoa, eta kroketak balira bezala pikatu behar...

ANTONIO: (Logelatik) Tira, Rosa, zer gertatzen da? Ni oraindik zain nago.

ROSA: (Aulkiaren gainean jartzen ditu gixatua, platerak, eta abar) Baina utzidazu arnasa hartzen! (Aulkia jasotzen ahalegintzen da baino ez du lortzen.) Ezin dut. Aizu, mesedez, zatoz laguntzera, aulki elektriko honek gehiegi pisatzen du.

ANTONIO: Zer aulki elektrikoak?

ROSA: Bai, bizkor ibili!

ANTONIO: Atsegin handiarekin... atea irekitzen badidazu.

ROSA: Baina maitea, nahikoa duzu bultza egitea, zabalik dago.

ANTONIO: (Atea astinduz) Ez, ez dago zabalik.

ROSA: Ai Jainkoa... baina nola itxi duzu zeure burua giltza kanpotik badago? (Atea ireki eta Antonio sartzen da.)

ANTONIO: Nik? Baina zeuk itxi nauzu eta, eta bi giltza-bueltarekin gainera!

ROSA: Noski, baina hori lehengo kontua da, gero zu irten egin zara...

ANTONIO: Ni? Nora?

ROSA: Atetik?

ANTONIO: Bai, ziur, ate azpitik irten naiz, honelaxe. (Mimikaz antzezten du, Rosak txunditurik begiratzen dio.)

ROSA: Tira, lagunidazu aulki elektrikoa eramaten...

ANTONIO: Baina Rosa, zer kontu da aulki elektrikoaren hori? Eta nora eraman nahi duzu?

ROSA: (Lur jotzeko zorian) Beste gelara!

ANTONIO: Hara? Berriro? Aizu, hilabeteak egin ditut gizajo baten modura otorduak eginez. Gaur, behingoz, kristauak bezala eseri nahi dut mahaiera... kristau-marxista bat bezala! Kokoteraino nago abere baten modura jateaz! (Bitartean, Rosa isil-isilik lurrera erori da, kiribildu eta geldi-geldi geratzen da.) Rosa, baina zer gertatu zaizu ordea? Non egon zara sartuta urte honetan, ez zaitut ikusi-eta? Rosa, erantzuidazu!

ROSA: Antonio, nahaste batean nago. Beste gelara joan behar dugu, bestela polizia etortzean...

ANTONIO: Eta zer ardura dio! Itxi atea kateaz. (Mahaira esertzen da.)

ROSA: Ongi da. (Lurretik jaiki egiten da atea isteko.)

ANTONIO: Hau da gixatuaren gozoa!

ROSA: Bai, pena bat da pikaturik jan behar izatea.

ANTONIO: Baina zer diozu? Begietatik ere jango nuke-eta...

ROSA: Baina sudurretik jan beharko duzu... (Hurbildu eta aulkiaren besoei lotzen dizkio eskuak.)

ANTONIO: Baina, zer ari zara, Rosa?

ROSA: Lotzen ari naiz, ez al duzu ikusten?

ANTONIO: Lotzen? Baina, aizu... geldi!

ROSA: Ona izan, Antonio, izan kemena, jan egin behar duzu, uler ezazu...

ANTONIO: Bai, noski, badut jateko gogoa, baina ez eskuak loturik ditudala.

ROSA: Lasai, hasierako kontua besterik ez da... Ba al dakizu zer egingo dugun urdaila prestatzen hasteko? Salda bero pixka bat emango dizut, nahi al duzu?

ANTONIO: Bai horixe... baina uhal hauekin.... zer txantxeta modu da hau?

ROSA: Hemen duzu, katilukada bikaina, bere jerez-txorrotada eta guzti. Sudurretik ala lepotik botatzea, zer duzu nahiago? Bai, lepotik hobe. Non ote da hoditxoa... Asmatuko ahal nuen... (Inbutua sartzen dio lepotik, gero uhala Antonioren lepoaren biran ezarri eta aulki-bizkarrari lotzen dio.)

ANTONIO: Nahikoa da Rosa, ez du graziarik... zer egiten didazu?

ROSA: Baina, laztan hori, aulki-bizkarrari lotzen ari naiz. Eta ez hasi aiko-maikotan, ez dut biguntzeko asmorik-eta.

ANTONIO: Lagundu! Rosa, barkatu, egia da alukume bat bezala portatu naizela zurekin baina banator zuregana berriro, Rosa...

ROSA: Oh, maitea, badakit maite nauzula. (Mahaitik pikagailua hartzen du maskarilarekin eta buruan ezartzen dio.)

ANTONIO: Rosa, zertan ari zara? Lagundu!!! (Etsita kexatzen hasten da.)

ROSA: (Aparatua ezartzeari bukaera emanez) Ez egin oihurik, ea zer pentsatu behar duten auzokoek. Ixo! (isilerazteko zer egin ez dakielarik, etsita, serbileta bat sartzen dio ahora) Ea horrela isiltzen zaren! Ene bada, Antonio, urdintzen ari zara... Ai, txepela naiz ni gero, zulo guztiak itxi dizkiot-eta. Nola hartuko du arnasa, bada? Zer jarriko diot serbiletaren ordez? (ingurura begiratzen du) Ah, bai, bere klarinetea, hainbeste gustatzen zaio.... (Klarinetea lanpara batetik zintzilik dago. Rosak jasotzen du lanpara eta Antonioren aurrean jartzen du.) Lanparatik zintzilik utziko dugu, honela arnasa hartuko duzu eta nahi baduzu jo ere bai. (Ahotik serbileta kentzen dio eta klarinetea sartzen. Antoniok hatzamarrak mugitzea lortzen du, klarinetearen tekla gainean eskuineko eskua ezarriz eta honek hots zorrotz eta baxuak ateratzen dito blues-sekuentzia baten gisa klabe groteskoan egoera komentatuz.) Orain emango dizut salda. (Inbutuan behera botatzen dio.) Ez ikaratu, ez du erretzen. Jerez-txorrotada bat ere ipini diot, bai gozoa... Irentsi, irentsi, ondo etorriko zaizu. Baina... pisa egiten ari al zara, oraindik? Ah ez... salda darizula zaude frakatan behera... Ez dut asmatu hoditxoarekin! Tira, ez dio ardura, goazen gixatura. Pusketa eder honekin hasiko gara... (Hartu zatiak eta pikagailuan sartzen ditu.)

 

(Klarinetearen intziria etsipenezko rock bihurtzen da. Rosak, ikararik egin gabe, manibelari eragiten jarraitzen du. Norbaitek deitzen du atean. Komisariak oihu egiten du kanpotik.)

 

KOMISARIA: Ireki! Polizia! Ireki edo bestela atea botako dugu!

ROSA: Hor daude! Esaten nuen etorriko zirela berriz ere... Ixo, ez mugitu. (Antonio klarinetean zehar intzirika ari da) Ixo! (Danbateko handi bat eta atea zabaldu egiten da bi agenteak bultza eginik.) Baina zoraturik al daude? Aurrena ate baten zarraila puskatzen didate... eta orain bestea puskatzen didate! (Ezergertatu ez balitz bezala jarraitzen du, manibelari bira emanez. Antoniok gero eta etsipen handiagorekin jotzen du. Komisaria eta agenteak txunditurik begiratzen dute.)

KOMISARIA: Baina zertan ari zara?

ROSA: Ez al duzu ikusten? Senarrari jaten ematen ari naiz.

KOMISARIA: Klarinetea ahoan duela?

ROSA: Jotzeko jarri diot, bestela oihuka hasten bait da. Ez du nahi, eta aulkiari lotu dut, ulertzen al duzu?

KOMISARIA: Ulertu... bai zera, tutik ez dut ulertzen!

ROSA: Nik ere ez, baina ahal dudan modura konpontzen naiz. Esku bat luzatuko al didazu? Ona izan eta eragin manibelari, astiro. Bitartean, mazedonia bat prestatuko diot. Tira, orain zu zauden ez gero, kendu egingo diogu klarinetea. Baina ez amore eman askatzeko eskatzen badizu ere, hil-edo-biziko auzia da! (Sukaldera doa.)

KOMISARIA: Ez, ez dut amore emango.

ANTONIO: Lagundu! Mesedez nahikoa da, askatu... Zoratu egin da! Hil egin nahi nau... atera nazazu hemendik...

KOMISARIA: Nora joan nahi duzu? Gartzelara, agian?

ANTONIO: Bai, gartzelara, zoroetxera, nahi duzuen lekura, baina zoro horrengandik urrun!

KOMISARIA: Lasai, lasai. (Agente bati) Hik giltzaz itxi sukaldeko atea. Konforme, askatuko zaitugu, baina aurrena mesedetxo bat egin behar diguzu. Agnelli Abokatuaren bahiketaz zerbait esan behar diguzu. Zu han zeunden gau hartan, ezta?

ANTONIO: Bai, jakina nengoela...

KOMISARIA: Ah, primeran!

ANTONIO: Baina nik ez daukat zerikusirik bahiketarekin... gehiago oraindik, neuk salbatu nuen Abokatua...

KOMISARIA: (Agentear) Emaiok beste bira bat manibelari.

ANTONIO: Ez, ez nahikoa da! Bai, egia da, Agnelli bahitu zuen komandoaren burua naiz! Brigadista naiz! (Agenteak bertan behera uzten du manibela.)

KOMISARIA: Oh, zer miraria! Aparatu hau erabili beharko genuke komisaldegian, mirarigilea da. Tira, esan, kontatu.

ANTONIO: Bai, terrorista naiz... neu nintzen ekintza haren buru. Hitzegingo dut, dena esango dut, baina aska nazazu, arrenka eskatzen dizuet...

KOMISARIA: Ongi dago, aska ezazue. Baina argi eta garbi jakinerazten dizut, zorrozkeriatan hasten bazara, berriz ekingo diogu. (Agenteek askatu egiten dute.)

ROSA: (Sukaldetik) Eh, aizue, zergatik utzi nauzue giltzapean? (Antoniori) Hara, mazedonia bat egin dizut.

ANTONIO: (Salto batez agenteen atzekaldean ezkutatzen da) Ez, mazedoniarik ez!

ROSA: Antonio laztana, zer gertatzen zaizu? Zergatik askatu duzue?

KOMISARIA: Zaude lasai, andrea. Zentralera eramango dugu piska batean. Gauzatxo batzu kontatu behar dizkigu... Eta zu lasai egon hemen, eta ahoa ireki gabe jan ezazu zeure mazedonia hori!

AGENTEA: Komisaria, deituko al dut Zentralera errebortxazko auto bat bidal diezaguten?

KOMISARIA: Ez, telefonoa aipatu ere ez, denak enteratzea nahi al duk ala? Gure zentraltxotik pasatzea aski izaten duk mundu guztia jakinaren gainean jartzeko: karabineroak, zerbitzu sekretuak, den denak, Digos, Sismi, Sisde... Ez dago poliziaren telefono bakar bat kontrolatu gabe! Nik hi kontrolatu, hik ni kontrolatu, kontrolatzaile-herrialde bat gara! (Antonio bultzaka atera eramaten dute.) Goazen! (Antonio eta bi agenteak irten egiten dira.)

ROSA: Oh, Antonio! Komisaria, nora daramazue? Zaude, bere hoditxoak, pikagailua... tori, paketetxo bat egingo dizut...

KOMISARIA: Ez, eskerrik asko, jendeak komisaldegian hitzegin dezan ez dugu erabiltzen honen metodo sofistikaturik.

ROSA: Ez, itxaron, ez daukazu horrela eramateko eskubiderik. Erakutsidazu agindu judiziala.

KOMISARIA: Bai, jakina, zeure eskubidean zaude. (Muturrera barre egiten dio.) Ha, ha, ha, baina horrek ez du ezertarako balio orain, andrea. Reale legea, gogoratzen? Erregistroak, hatzemate-aginduak, prebentziozko geldierazpenak... dena doan! (Badoa. Rosa etsipenak jota dago.)

ROSA: Antonio gizajoa, bai suerte txarra duela! Ospitaleko medikuari dei egin behar diot, behar bada zerbait egiteko moduan egongo da... (telefonora joan eta markatu egiten du) Okupaturik dago... (Leihoa sartzen da. Burua ateratzen du). Antonio gizajoa, hor doa... Autora igoerazten ari dira... Antonio... Antonio...

DOBLEA: (Zabalik geratu den atetik sartzen da) Hemen nago. (Zurezko aulkian esertzen da.)

ROSA: Erantzun egin dit! (Keinu handiak eginez berriro dei egiten dio.) Antonioooo!

DOBLEA: Hemen nagoela, ez egin horrelako oihurik. Ez zinela igotzen ikusirik, horregatik jaitsi naiz. Mesedez, bizkor ibili eta emaidazu jaten gosez hiltzen nago-ta.

ROSA: Ai, Ama Birjina!... Antonio bat hemen... (kalea seinalatuz)... eta beste Antonio bat han... bi Antonio! Erabat bikoiztu daaa! (Zorabioa egiten zaio.)

DOBLEA: Eta orain, nork pikatuko dit okela niri?

 

ILUNA

 

 

II ESZENA

 

        (Giro berbera. Argia areagotzen ez dago inor eszenategian. Logelako atea irekitzen da eta larruzko txamarradun pertsonai bat agertzen da, kremaileraz eta poltsikuz betea, komando erako artilezko txanoarekin, eta motorreko betaurreko beltzekin, ganibedatun botak, kartutxera eta pistola handi batekin. Hormei arrimaturik mugitzen da, mahai azpira begiratzen du, beste geletara burua sartzen du. Hots mingarriak ateratzen dituen detektagailu bat darabil eskuan. Leihoratu eta zerbait kentzen du, gero pertxerora joan eta aparatutxo bat kentzen du. Sarrerakoa atera joan, ireki eta keinuak egiten dizkio norbaiti sar dadin. Eta antzeko beste pertsonaia bat sartzen da. Oin puntetan ibiltzen dira beste bi atzetik dituztela. Hauek kajoiak eta sasi-tauleriak dakartzate taldeburua ezkutatuko den arasa disimulatzeko eta horretarako gezurrezko zopaontzi batean sartuko du bere burua.)

 

TALDEBURUA: Hau izango da arasa (besteei erakusten die) Berezikoek ongi hartuko ahal zituzten neurriak. (beste agenteak arasako kajoiak ateratzen ditu. Buruak irrati txiki bat ateratzen du, oso antena luze batekin) Aizu, aizu, hemen SISMI-4-R Zentralera deika, entzuten al didazue? Bai, lekuan gaude, behaketapostua mantentzen. Bai, astia emango digulakoan gaude, emakumeak goian jarraitzen du gizon batekin eztabaidean ganbaran. Ez, ez du bere senarra, hizketan igartzen zaie. Ez dakit nor den, oraindik ez dut ikusi. Aurki jaitsiko direla uste dut. (Laguntzaileak arasaren erlaizaren ordez beste gezurrezko bat jarri duten, erdian hutsune handi bat duena, non sartzen bait du agenteak burua, eta alboetan, bi zulo txikiago eskuentzat.) Bai, dena miatua dut, bi mikrofono zeuden. Ez, ez zen gure gauza, bai, berezien betiko lantxoa. Bai, dagoeneko kenduta daude. (Hitzegiten ari den bitartean, burua arasan sartzen da pikotxean. Zopaontziaz burua estaitzen diote, eskuez altxatzeko gauza delarik. Beste agente bat telebistaren atzekaldean ezkutatzen da, besteek alde egiten dute.) Bai, zuen grabaziorako mikroa beste eskuan daukat, gordeta. Erne egon, behera datoz. Eten eta istera noa. (Zopa ontziaren estalkia altxa eta bere burua tapatzen du.)

 

(Doblea eta Rosa sarrerara hurbiltzen dira, hizketa-hotsa entzuten zaie sartzen ari diren neurrian)

 

ROSA: Ba orduan, ba al dakizu zer esaten dizudan, nik uste nuen zerekoi hume zarela. Ba ote liteke gero?, nire senarrak bizia salbatzen dizu zuri eta orain zuk ezertxo ere ez duzu egin nahi gartzelatik ateratzeko. Eta ez hori bakarrik, zipitzik ere ez dizu ardura gizajo hura han egoteak, zeure erruz hautsak kentzen dizkioten bitartean.

DOBLEA: Nire erruz?

ROSA: Eta tabakoa? (Irekitzen du kajoia baina ez du aurkitzen tabakorik.)

DOBLEA: Gainera, esan behar didazu zure Antonio hori hain eskuzabala den...

 

(Haltzarian ezkutaturik dagoen ispioiak barrukaldetik beste kajoi bat ireki eta tabako pakete bat sartzen du.)

 

ROSA: Ah, hemen dago! (Zigarro bat ateratzen du, berriro kajoian gortzen du paketea, eta berez isten da. Rosa une batez harritu egiten da.)

DOBLEA: ...Hain eskuzabala, nioen. Agian hatzamarrik mugitu al zuen ni han (zigarroa pizten dio), ezinean, haren itxurarekin aupegia berregitea onartzera beharturik nengoela? Eta gero ugazaben zitalkeriaz hitzegiten duzue! (Oharkabean, zopa ontziaren estalkia jaso eta ispioiaren buru gainera botatzen du pospoloa.)

ROSA: Tira, baina zuk duzunean alda dezakezu zeure aurpegia lehen gora, daukazun adina dirurekin.

DOBLEA: Ah, hori eta horrenbestez! Lehenengo eta behin, oraingo fakzio hauek zeharo ezabatu beharko lizkidakete, gero sagarralea bezala zuritu hezurretaraino... Gainera, eta berregin didaten burezur-kaxa estaltzeko azala, nondik aterako nuke orain ipurdia berriro goi-exekutibo industrial izateko; izan ere, tirokatuko nauten, edozein unetan bahituko nauten izua eta larriarekin ibiltzeko, intimitatezko une gutxi horietan ere inoren babes eta zelataritzapean bizitzeko... Emakume batekin banago, keinu bakoitza kontrolatzen didaten begiluze mordo baten menpean sentitzen naiz. Zerbait jatera noa: Geldi! Aurrena beraiek dastatu behar dute. Edatera noa: Geldi! Maitasuna egitera noa: Geldi! Dena aurretik dastatu egiten didate. Ba al dakizu lehendabiziko aldia dela une askotan ameskaiztorik gabe, lasai eta patxadaz lo egitea lortzen dudala? Eta gainera, aurpegi hau ezaguna bihurtu zait, ongi datorkit gainera, begikoa zait, eta gorde egingo dut!

ROSA: Ez, zuk ez duzu gordeko ez bait da zurea, gurea da, nirea eta nire senarrarena! Bizitza osoa daramazu inori gauzak kentzen eta gordetzen, baina oraingoan bukatu da, kitto! (Irekitzen da atea eta baxeragarbigailu izugarri bat sartzen da, loihartzekoz jantziriko gizon batek bultza egiten diolarik.)

GIZONA: Barkatu. Hemen bizi al da Rosa Minelli?

ROSA: Bai, ni naiz. Baina aizu, ez al dakizu dei egiten sartu aurretik?

GIZONA: Zer ardura dio? Dei egiten badut ere, lehengo andrea izaten jarraituko duzu, ez al duzu uste? Eta jaun hori, senarra al duzu?

ROSA: Ez, adiskidea dut...

GIZONA: Zeure adiskidea ala senarrarena?

ROSA: Eta zuri zer ardura dizu? (dobleari) Sartu han, ez zaitzatela ikus.

        (Doblea logelan sartzen da.) Zertarako da hori?

GIZONA: Baxeragarbigailua da, zuretzat da.

ROSA: Bada, nik ez dut ekartzekorik agindu.

GIZONA: Orduan opariren bat izango da.

ROSA: Niretzat? Nork egina?

GIZONA: Zer dakit nik! Zuretzat dela besterik ez dakit nik, eta berriz ez dudala itzuliko (kanpora doa).

ROSA: Hau zoratzekoa da! Orain etxelektragailuak hartzera ere behartu egiten naute! (logelara doa) Gianni jauna, alde egin dute, ez jarraitu hor... (Rosa sartzen da) Nekagarri ez bazaizu, lehengoaz hitzegiten jarraitzea gustatuko laitzaidake... (Baxeragarbigailuaren tapa altxa eta beste espioi bat agertzen da irratiarekin.)

ESPIOIA: Entzun, entzun SISDE zentrala, hemen A 70 agentea hizketan baxeragarbigailu-postutik. Bai, dena zuzen. Emakumea hizketan baxeragarbigailu-postutik. Bai, dena zuzen. Emakumea etxean dago. Gianni deitzen dion gizon bat ere badago. Alda eta itxi.

 

(Komunikatzen ari den bitartean sarrera nagusitik loihartzekodun gizona sartzen da eta baxeragarbigailuan sarturik dagoen agentearen buru gainean etxean dagoen busto edo lorontzi bat ezartzen du, agenteak ez du zirkinik egiten. Arasan dagoen beste agenteak zopaontziaren estalkia kentzen du eta baxeragarbigailuari begiratu eta berriz ere bere burua estaltzen du. Pizten da telebista eta atzean dagoen espioiaren aurpegia agertzen da pantailan. Bera ere gela kontrolatzen ari da, gero telebista itzali eta desagertu egiten da. Luzia sartzen da.)

 

LUZIA: Rosa, etxean al zaude?

ROSA: (Sartuz) Zer gertatzen da?

LUZIA: Egundoko berriak ditut.

ROSA: Antoniorenak? (Doblea sartzen da.)

LUZIA: Tira, ez xuxen-xuxen ez, baina zeharka bai. Egunon, Abokatua, zer moduz zaude? (Hitza entzutean altzariak mugitu egiten dira.)

DOBLEA: Ez, ez nazazu deitu Abokatu! Garbi esan dizut, inola ere ez deitu! Gianni jauna besterik gabe eta kito!

LUZIA: Bai, barkatu, baina emozionaturik nago. Eta gainera, nork entzungo digu hemen?

DOBLEA: Inoiz ez da jakiten.

ROSA: Zer da esaten ari zinen berri handi hori?

LUZIA: Irratiak, ordu erdi ere ez da oraindik, eta telebistak ere bai... Ez al duzue entzun? (Rosa telebistara hurbiltzen da eta piztu egiten du. Pantailan espioia agertzen da lokutore-itxurak hartuta. Ahoa ireki eta itxi egiten du ahotsik gabe, arrainak bezala.)

DOBLEA: Ez, ez dugu entzun.

ROSA: Soinua sekula ez da behar bezala ibiltzen tresna txatxu honetan! (Kolpe bat ematen dio telebistari eta itzali egiten da.)

DOBLEA: Zer esan dute?

LUZIA: Forlani presidenteak gutun bat jaso duela Agnelli Abokatuarengandik.

ROSA: Ez!

LUZIA: Eta Rognonik, barne-ministrariak, beste bat jaso duela.

ROSA: Ba, begibistakoa da gezurrezko gutunak direla. Nondik idatziko zituen, bada?

LUZIA: Preso daukaten Brigada Gorrien gordelekutik.

ROSA: Hori esaten dut nik. Bera hemen baldin badago, nola eduki lezakete preso brigada gorriek? Gutun horiek faltsoak dira.

LUZIA: Ez, ez... Irratiak eta telebistak esan dutenez benetakoak dira, ahaideek ezagutu omen dute letra.

ROSA: Tira, orduan ahaideak gezurretan ari dira. Gainera galdetu berari, horretarako dago hemen.

DOBLEA: Bai, gutun horiek benetakoak dira, neronek idatzi ditut.

 

(Altzari guztiak piska bat mugitu egiten dira, hirurengana hurbilduz.)

 

ROSA eta LUZIA: Zuk? Noiz?

DOBLEA: Orain dela hiru egun. Idatzi egin nituen eta gero behera jaitsi nintzen botatzera. (Telefonoaren altzarira joan eta liburu bat hartzen du)

ROSA: Baina zergatik? Eta zer idatzi duzu gutun horietan?

DOBLEA: Zaudete piska batean, berehalaxe irakurriko dizkizuet. Hemen dago, lehenengo eta bigarren orrialdea. (Liburua luzatzen die.)

LUZIA: Baina horiek Aldo Mororen gutunak dira...

ROSA: Bai, liburu hori nirea da.

DOBLEA: Halaxe da. Beste gelan aurkitu nuen, eta orriak iraultzen ari nintzela, sortu zitzaidan burutada. Beraz, kopiatu egin nituen, gauza batzu aldatuz. Hona hemen, hitzez hitz kopiatu dut Cossigari bidalitako gutuna, hartzailearen izena aldatuz. Baina aurrena borradoreak egin nituen, hemen daude. Jakina, orrialdearen barrenean neure sinadura ezarri dut izen eta guzti. (Baxeragarbigailua hurbildu egiten da sinadura hobero ikusteko, beste haltzariek ere piskanaka zirkulu bat eratzen dure doblearen inguruan.)

LUZIA: Baina, zer gertatzen zaio baxeragarbigailu horri, bakarrik mugitzen al da?

ROSA: Motorearen bibradurak izango dira.

LUZIA: Baina itzalita dago-ta!

ROSA: Piztu ezazu orduan, behar bada gelditu egingo da.

 

(Altzari guztiak bakoitza bere lekura itzultzen dira.)

 

ROSA: Baina zergatik bidali kopiatutako gutun batzu? Berehalaxe konturatuko dira Mororenak bezalakoxeak direla.

DOBLEA: Bai, horixe konturatuko direla, baina jokatuko nuke konturatu ez balira bezala egingo dutela. Egia esateko, funtsezko aldaketa bat egin dut gutunean, hau da, harira joan naiz zuzenean. Hogeitamabi preso politikorekin berehalako trukaketa bat egitea proposatu dut, denak betirako katepean dauden presoak dira.

ROSA: Eta nire Antonio?

DOBLEA: Ez, zure senarra ez dute kondenatu betirako katepera, oraindainokoan ez behintzat. Eta gainera, trukaketan sartzen badugu, Antonio benetako terrorista dela onartzea bezalaxe da. Ez ahaztu denak erabat sinesturik egongo direla nik gutun hauek Brigada Gorrien esanera idatzi ditudala.

ROSA: Arrazoia duzu...

DOBLEA: Eta gainera, gure jokorako beharrezkoa da oraindik piska batean Antoniok giltzapean jarrai dezan.

ROSA: Ah, gure jokorako ezta? Joko deitzen diozu! Ederki, zuk gurekin ez duzu ezertara jolasik egingo! Eta gainera, zer konpontzen duzu trukaketa horrekin? Nora iritsi nahi duzu, inoren preso ez bazara zu...

DOBLEA: Egia da, ez naiz Brigada Gorrien preso. Baina nahi dut...

 

(Atea ireki eta kamarari bat agertzen da txamarratxo txuriarekin. Politxinela-maskara darama aurpegian.)

 

KAMARARIA: Egun on guztioi, eta Ihauteri zoriontsu Garizuma bada ere! Rosa andrea zara zu, ezta...

ROSA: Bai, baina zer gertatzen da?

KAMARARIA: Txanpaina, andrea! Ez, ez da betiko txanpaina frantses lehor-burbuxaria. Ez, hautsez egindako produktu nazionala da... izozturik!

ROSA: Baina, aizu guk ez dugu ekartzeko agindu... hutsegiteren bat dago hemen.

KAMARARIA: Ez, hutsegiterik bat ere ez. Udalaren oparia da, andrea, krisia eta depresioaren aurkako programaren parte bat da: Disfraz-jaialdia eta jendemasen alkoholismoa». Bi botila biztanleko. Eta gogoan izan gure alkatea!

ROSA: Ez, asko sentitzen dut, baina ni ez naiz erortzen jaialdi-demagogiazko joko narratx horietan.

KAMARARIA: Tira, orduan pentsa ezazu neronek eskaintzen dizudala, andrea... zure baimenarekin, bai ezta?

LUZIA: Ea barruan zerbait daukan gero..

KAMARARIA: Ez ikaratu, edari osasungarria da hau... ikusten? (zerbitzazu egiten du) Burbuxarik ere ez du. Begira, aurrena neuk edango dut. Guztien onerako! Primerakoa! Koka-kola zuria dirudi. Edan, andrea, gozoa baino gozoagoa dago. Denok lasai zerbitza ezazue, geroago etorriko bait naiz suila eta kopen bila. Ikusi arte. (atea isten du. Irteterakoan hatzamarrak harrapatzen ditu eta atzera sartzen da oinazez orroeka) Aiiiii!! Zeuok itxi ezazue, milesker. (Irtetera doa baina egundoko aurpegikoa hartzen du aurretik itxita duen ateaz.) Aiii! Gaitzerdi kareta daramadala! (badoa)

DOBLEA: Bai atsegina!

LUZIA: (Txanpaina ateratzen ari den Rosari) Nik, Rosa, zuk bezala ez nuke edango, ea txiripaz txerrikeriaren bat daukan... (Inork ikusi gabe itzultzen da kamararia eta pertxeroaren atzean ezkutatzen da.)

DOBLEA: Kamarariak ere edan egin du eta oso aurpegi jatorra zeukala esan beharra dago.

ROSA: Ados nago. Baina goazen berriro gutunen arazo horretara. Zer konpondu nahi duzu? Zer burukomin kendu nai duzu gainetik?

DOBLEA: Tira... Gobernuak eta Estatuak zenbateraino estimatzen nauten egiaztatu nahi dut, zenbat balio dudan beraientzat. Ea Aldo Moro sakrifikatu zuten bezala sakrifikatzeko adorea duten ala ez ikusi nahi dut.

        (Lurretik zerra handi baten sorbatza nola agertzen hasi den ikusten da.) Baina, zer da hori? Zerra-hotsa dirudi.

ROSA: Jarrai.

DOBLEA: Nire kasuan trukaketa baztertuko duten ikusi nahi dut, eta egunkarien lock-outa dekretatuko ote duten. Egia esan, denak erosten ditut, baita komikiak eta bihotzaren aldizkariak ere!

LUZIA: Barkatu ausarta baldin banaiz, baina hantuste nazkagarria erakusten ari zara. Nor zarelakoan zaude zu?

DOBLEA: Agnelli abokatua! Berrehun eta hirurogeitamabost enpresa Europan bakarrik! Poloniako laurak barne direla, Errosario Santuaren langile horiekin! Baina jarrai, jarrai.

LUZIA: Zeure prestigioa eta botere guztiaren babesaz gozatu nahi duzu zuk. Mororen gutunak kopiatu ditu, bada, ez zegoen bidali beharrik inolako gutunik. Kazetariek eta politikariek, bihar, bere garaian Mororen eskariei emandako erantzunak kopiatuko dituzte.

ROSA: Noski, Luziak arrazoia du. Dagoeneko irakurtzen ari naizela esango nuke. «Estatuak ezin du amore eman txantaia nardagarriaren aurrean... Irmetasuna! Irmetasuna behar da! Gartzelazainek behartu egin dute Agnelli Abokatua...»

LUZIA: «...Psikologi tortura ikaragarri baten menpean daukate...»

ROSA: «Estatuak bere indarra erakutsi behar du hiritar prestuaren sakrifizioaz...»

 

(Berriz ere zerraren sorbatza agertzen da, zarata handi samarra eginez.)

 

LUZIA: Isilik piska batean. Oraingoan zerra-hotsa etxearen barruan entzuten da.

DOBLEA: Ez kezkatu. Dena dela, horrelakorik gertatzen bada, prest daukat erantzuna (papera ateratzen du). Nire azken nahiak dira.

ROSA: Hilburukoa?

DOBLEA: Halaxe da: nire hilburukoa. Irakurri egingo dizut. Erraz gogoan hartzeko modukoa da, desagerreraziko balute ere. Honela dio: «Adiskide maiteak —esatearen alde esaten dut— hemen bizitzen ari naizen esperientzia, latza izan arren, gauza asko ulertzeko baliozkoa izan da. Boterearen barruan gaudenean ez dugu begirik. Boterea Edipo handi baten antzeko zerbait da, eta bere buruari begiak isten dizkio egia ez ikusteko».

LUZIA: Oso esamolde polita, poetikoa esango nuke nik...

DOBLEA: Bai, tira ehem, honelakoa gauzetarako poliki moldatzen naiz...

ROSA: Baina hori ez du berea, Mororena da.

DOBLEA: Bai, kopiatu egin dut, baina urruntasun eta begiramen handiz, esan beharra dago. Gero bada bere hartan kopiatu dudan bat. Zuen baimenarekin, Andreottiri buruz hitzegiten deneko zati batzu sarrerazi ditut. Azken agurra egiten diot: «Giulio, eminerantzia grisa, asmo grisekoa, politika grisekoa, gris horren ñabardura bakartzat gristasuna eta griskeria baizik ez dituena...»

ROSA: Ah, baina hau da Mororen sonatuena, mundu guztiak ezagutzen du!

DOBLEA: Bai, azken haundira iristera goaz: «Gobernuko jaunak, nire heriotzearekin denok despediturik zaudete. Nire hiletetan ez dut nahi inor, eta gutxiago nire anaia lelo hori. Errauts bihur nazaten nahi dut. Helikoptero batean hartu eta Rivalba, Stura eta Mirafioriko nire fabriken gainetik barreiatzea nahi dut, langileek, asfixiaturik eztulka egitean, gogora nazaten. Ez naute gordeko beren bihotzetan, baina seguraski beren biriketan edukiko naute betirako!»

ROSA: Txantxak alde batera utzi eta atera dezagun gartzelatik nire Antonio gizajoa, mesedez. Goazen zuk ezagutzen duzun haundi-maundiren bat ikustera, ez dakit, ministrariren bat... Argitzen diogu hutsegite batez zeure langileetariko baten aurpegia berregin dizutela, eta zuk Estatuaren lepotik barre piska bat egiteko gutun horiek idatzi dituzula, txantxetan dela eta kito.

DOBLEA: Ez, ez da hain erraza, sinetsidazu. Makineria konplexuegia jarri da dagoeneko martxan. Interes gehiegi dabil delako bahiketa horren inguruan. Ulertu beharra daukazu, terroristen zenbait ekintza lurrikaren antzekoak izaten dira... salbamenezko aingura handi bihurtzen dira Gobernuarentzat, Ministraritzentzat eta botere reakzionariozko taldeentzat. Dike apropos bihurtzen dira hondamendi politiko, gobernu-krisi eta gainerako eskandaloentzat. Gogora ezazu, esate baterako, azkeneko eskandaloa, petrolioarena. Inork ez zuen inoiz ikusi hain gauza okaztagarri eta izugarririk: jeneral estafatzaileak, koronelak eta tropa-mailakoak ere bai... ehundaka industri gidari... eta politika gizonak motroiloan, batez ere demokristauak, ondo kakaztuta. Eta berriro hondoratzen hasten den Gobernuaren ikuskari zaharra, baina oraingoan petrolio, nafta eta simaurrezko zingira lokatzatsuan... kakazkoan ez esatearren! Piskanaka baina erremediorik gabe, Gobernua kakatan itotzen ari da, gur, gur, eta burbuilak besterik ez dira azaleratzen... horra azkena! Eta hala ere, ez da gertatzen horrelakorik. Miraria! Lurrikara! «Hau ez da prozesuak egiteaz pentsatzeko ordua... aurreragorako utz dezagun ustelkeriaren arazoa, gobernu lardatxen... Ezin dezakegu erorerazi gobernurik nardagarriena delarik ere, hain zuzen ere une honetantxe, laguntzak antolatu eta gidatu behar direnean... hondakin artean hiltzen ari diren hegoaldeko gure anai-arreba dohakabeak lehen bailehen sorosteko. Bizkor! Bizkor!» «ta solidaritatezko karabanak antolatzen dira, roulotte eta kamioizko karabanak, laguntzaz beteta... baina denak ez dira iristen beren helmugetara... batzu mendietan galtzen dira... beste batzu "desbideraturik" gelditzen dira antolamendu deliktugileen eraginez. Karabanarik garrantzitsuenetako bat galdu egiten da, baina azkenean berriro aurkitzen du bidea eta iristen da Anconara:» «Lurrikararen hori dela-ta etorri gara». «Baina hemengoa orain hiru urte gertatu zen», «Ez dio ardura, iristea da garrantzizkoena». Pertini presidentea, beti bezala, hondamendia izan den lekura joaten da, baina oraingoan inork ez dio txalorik jotzen. Kontrara baizik, Presidente denez gero lehendabiziko aldiz entzuten ditu oihu etsaikorrak Estatuaren aurka, Gobernu ustel eta gauzeztanaren aurka. Pertini lasterka doa telebistara eta hitzaldi bat ematen du ministrari arduragabean aurka egundokoak esanez eta hauek berehalaxe aurkezten dute dimisioa. Eta hainbeste mixeriaren artean, goitiko ahots baten bafada somatzen da hondakin artean, artean bizirik irautea lortu duten etsituen buru artean. Helikoptero bat, Jainkoaren helikoptero zuria! Kabinatik esku handi zuri bat agertzen da, bedeinkapena ematen ari den Aita Santuarena... (mimikarekin). «Lagundu! Lagundu! Goseak gaude!» Eta Aita Santuak hostia bedeinkatuak botatzen dizkie postalak balira bezala. Baina lurrikarak eskandaloak eta istiluak ere jarri ditu agerian. Eraikuntza osoak hondarrez eginak zeudela ikusten da, antisismikotzat emanak zeuden arren, eta izan ere, hauetxek erori dira behera aurrena. Lapurretan egin dute plangintza geofisikorako proiektuan... milaka milioi desagertu dira, eskualdearen saneakuntza hidraulikorako zirenak... Eta lapur handia, beti bezala, aginpidean dagoen alderdia da, Kristau Demokrazia! Azkenean, PCI ausartzen da hitzegitera: «Nahikoa da Gobernu honetaz! Nahikoa da Demokrazia kristauaz! Nahikoa da lotsagabe hauetaz!» Oraingoan benetan egin du demokristauenak... Baina mundu guztia, ezin da, honelakoa kinka larri batean elkar hartu beharra dago, denok batuta.., Estatua arriskuan dago... atzera dezagun krisialdia... Orain denok elkarrekin estatugizon bat eta Estatua bera salbatzeko! Irmetasunez iraute-kontua da!» Gobernuaren lema hau da: «Irmetasuna». Ez irmetasun geldorik, dinamikoa eta kolore askotakoa baizik. Honela, Gobernuaren baitan hor dugu irmetasun zurruna, irmetasun igeltsotua duen alderdia... mugikor eta bexamel erako likido bihurturik. D'Urso andreak pertsonalki baloratzen du Gobernua eta Estatuarentzat lorturiko dintasun berri honen garrantzia... Senarraren soldata jasotzerakoan, ministraritzako kaxan enplegatuak galdetzen dio: «Barkatu, andrea, ba al duzu zeure senarraren baimenik soldata jasotzeko? «Begira, zera gertatzen da nire senarra preso daukatela Brigada Gorriek». «Ba, orduan eskatu egunkarietan argitaratuko den Brigada Gorriei komunikatu baten bitartez baimena bidaltzeko. Munduko bizkor eta eraginkorrenaren jabe dira!» Prentsaren lock-outa agintzen dute. Egunkariek ez dute Brigada Gorrien berri edo komunikaturik argitara emango. Jakina, jarrera oso desberdinak azaltzen dira: bakarren bat zurrun eta amoregaitz geratzen da, besteren batzu eztabaidatzen dute argitara eman behar den, baina Epailaria askatu ondoren bakarrik, bada laburpena argitaratzeko asmoa duenik... Beste batzuk erabaki dute terroristen dokumentuak argitaratzea baina komiki modura... Eta beste batzuk hara zer dioten: «Bai, argitaratuko ditugu, baina ortografiazko akatsez beterik, horrela barregarri utziko ditugu terrorista arraio horiek». Baina garrantzizkoena zera da, azkenean D'Urso askatzen dutela. Eta une honetan Forlani presidenteak hitzaldi bat ematen du Ganbaran, parlamentuaren historiako maisulan bat dena: alderdi guztien gogokoa izatea du! «Zuek irmetasun amoregaitzekoak zarete meritu handienekoak. Zuek, irmetasun zalantzakorrekoak gabe, D'Urso agian hil egingo zatekeen... Baina zuek gabe, irmetasun bexamelekoak, D'Urso ez zen salbatuko!» Honela argitzen da D'Ursoren salbatzaile ez dela izan irmetasun homegenoa, baizik eta irmetasun nahaste handi bat. «Denok elkarturik, baina nor bere barrabiletara!»

        Jai handi bat. Alderdi bakoitzak bere kartelak itsasten ditu epailariaren askapenean izan duen eginkizun erabakiorra nabarmenduz. Hoberena, zalantzarik gabe, sozialistena izan zen, hala zioen: «Guk ALAITASUNEZ salbatu eta askatu dugu D'Urso!» Baina garrantzizkoena zera da, epailaria terroristen eskuetan egon den bitartean, tragedia, tentsiori esker, Gobernua, Kristau Demokrazia eta Estatua salbatu egin direla... azken finean dena gauza bera bait da. Ordainmuga luzaezinak atzeratu egin ahal izan dira: ospitaleen berriztapenak, eskolenak, estatuaren lapur eta estafatzaileei egin beharreko auziak... mafiosoenak... langabezia eta inflazioaren arazoa... dena atzeratu da, jaunak!

        Eta nire kasuan, egoera bera da. Ni Brigada Gorrien preso izateak sortzen duen tentsioak baztertu eta atzerarazi egiten ditu herrialdearen egiazko arazoak. Nik orain agertu eta esaten ba dut: «Hemen nago! Txantxa bat izan da dena, bizirik nago!», pikotara bidaltzen diet trikimailu guztia eta danba! tiro bat ematen didate... gero Estatu-mailako hileta zoragarri bat egiteko!

 

(Azken hitzak esaten ari den bitartean tranpila bat irekitzen da, hainbeste zerra-hotsen ondorio dena. Bertatik agente sekretu batateratzen da eta mahai azpian ezkutatzen da. Dobleak bapatean zuloarekin topo egiten du.)

 

ROSA: Baina, zer da hori? Zer gertatu da!

DOBLEA: Dagoeneko prestatu didate hilobia, eta handi askoa, gainera!

 

(Pertxeroaren atzetik, non bait zegoen ezkutaturik, kamararia ateratzen da une horretantxe atetik sartzen ari balitz bezalako itxurak eginez.)

 

KAMARARIA: Sar naiteke... Egunon guztioi... Gustatu al zaizue txanpaina? (bere gauzak biltzen ditu)

ROSA: Tira, egia esateko gogor xamarra zen...

KAMARARIA: (Irtetera doa baina geldi geratzen da zaratatxo bat entzutean) Unetxo bat, barkaidazue, niretzat da. (Antenadun irrati bat ateratzen du suiletik.) Deika ari zaizkit behetik, barretik, nire nagusia da... (irratira hitzeginez) Bai, esan nagusi... bai, oso ongi. Konforme. Alda eta istera noa. (Berriz ere izotz-suilean gordetzen du irratia.) Nagusiak esan dit hona datorrela, zure etxera, andrea, zuk dagoeneko ezagutzen duzun komisaria bi agenterekin eta atxilotu batekin... Atxilotua zure senarra da.

ROSA: Ai, Ama Birjina, nire Antonio? Eskerrak, eskerrak! Eskilaren al da ia?

KAMARARIA: Andrea, zu lasai. Nahi adina eta gehiago daukazu astia dena txukundu eta behar bezala harrera egiteko. (Berriz ere zatatxoa. Berriz ere irratia ateratzen du suiletik, piskatxo batez adi egon, pero doblearengana hurbildu eta ixilka esaten dio.) Juventusek galdu du. (Barrezka irteten da.)

 

(Hurbiltzen ari den sirena baten hotsa entzuten da. Agertu den leihorantz doa lasterka Luzia.)

 

LUZIA: Polizia!

ROSA: Bizkor, Gianni jauna, sar zaitez tranpila horretan.

DOBLEA: Bai, hemen eskutatuko naiz. Ez iruzurrik egin, arren eskatzen dizuet... (Tranpilara sartzen da; bi emakumeek itxi egiten dure.)

 

(Komisaria sartzen da agente batekin. Bitartean, mahaipean ezkutatzea duen ispioiak 5O bat zentimetro luzatzea lortu du, erdian hutsune bat utzirik. Hutsune honetatik agertzen du burua espioiak eta mahai gainean dagoen peluka hartu eta bere buruan ezartzean maniki bihurturik geratzen da.)

 

KOMISARIA: Egunon denoi. Molestatzen al dut?

ROSA: Oh, komisari jauna, a zer ustekabea. Zatoz, zeri zor diogu zure bisitaren atsegina? Eta nire Antonio, zer moduz dago?

KOMISARIA: Zoritxarrez, zure Antonio nolabait samar dago, handitu samarturik dago; izan ere, tupust egiten du bazter guztietan, eta oso erori txar bat izan du.

ROSA: Jakina, zure ukabilkadekin, ezta?

LUZIA: Ixo, Rosa, ez zaitez eror bere tranpan.

KOMISARIA: Sokorrak bezala zurrut egiten duelako ere bai...

ROSA: Baina, nola liteke hori, abstemioa da-ta?

KOMISARIA: Halaxe da. Ura besterik ez du edaten, gatz pixka batekin.

ROSA: Ura gatzarekin?

KOMISARIA: Bai, suiletatik, gomazko mangera batekin. Zurrutero huts bihurtu da!

ROSA: Lotsagabe halakoak! Beti gauza berdina egiten duzue, eh?

KOMISARIA: Aizu, andrea, kontuz zer esaten duzun! (Mahaian arrimatzera doa, baina honek bapatean alde batera egiten du ispioiak eraginik.)

KOMISARIA: Baina, zer gertatzen da?

LUZIA: Barkaiozu, komisari jauna, baina kontuan hartzekoa da...

KOMISARIA: Jakina hartzen dudala kontuan, nik oso ongi ulertzen dut dena, eta horregatik ekarri dizuet gizona ekarri ere. (Kanpokaldera) Badakarzue, ala zer? Ea buruan sartzen diozuen egia esan behar duela. Zoritxarrez orain artean gezurra besterik ez digu esan. Eta halako une jakin batean pentsa zertaraino iritsi den, zer esateraino, alegia, zu Rosa andrea, Brigada Gorrien azpiegituraren arduraduna zarela aitortzeraino, eta froga, berak dioenez, Agnelli Abokatua zuk ezkutaturik daukazulakoa omen da.

DOBLEA: (Tranpilatik burua azalduz) Jainkoarren, ez iruzurrik egin.

KOMISARIA: (Berriz ere kanpokaldera) Eh, zuek! Bazatozte ala zer?

ROSA: Nire Antoniok esan al du hori?

LUZIA: Derriorrean, urez puztu badute, nahi zutena esan eraziko zioten!

KOMISARIA: (Atera agertuz) Baina zer arraiotan zaudete hor, jakin al liteke?

AGENTEA: Ezin dugu komisari jauna! Erori besterik ez du egiten eta arrastatu egiten gaitu!

KOMISARIA: Orduan soka batez lotu. Itxaron, oraintxe noa behera. Hi, hator nirekin. (Komisaria eta agentea eszenatik irteten dira.)

ROSA: Eta zer egiten dugu orain?

DOBLEA: (Tranpilatik burua agertuz) Kasu egidazue, ez zaio kontra egin behar, alderantziz, ahal duzuen soka guztia emaiozue. Burura etortzen zaizkizuen ipuin guztiak kontatu behar dizkiozue, gezurrez orditu behar duzue, edo bestela Antonio itoerazi duen modura itoko zaituzte. Ganbara itokinez beterik dauka!

ROSA: Orduan, baietz esan, ni naizela egitan Brigada Gorrien azpiegituraren arduraduna, horrela ganbaratik gaizki dagoen horrek dena idatziz jarri eta ni ere giltzapean sartuko nau!

DOBLEA: Ezetz, ez dagoela arriskurik, geure partida ongi jokatzea lortuz gero, ikusiko duzu nola dena ongi aterako zaigun, eta seguraski Antonio ere atera egingo dugu istilu honetatik.

ROSA: Bai, zuretzat oso erraza da, eta zer kontatzen diot nik?

DOBLEA: Asmatu dena! Estuasunean bazaude, teatroko apuntadorea bezala irtengo naiz ni tranpilatik eta belarrira esango dizut.

LUZIA: Baliteke arrazoia izatea. Fidatu beharrean zaude. Gainera, ez daukagu beste irtenbiderik, gezurra barra-barra esan edota ura zarra-zarra edan!

 

(Komisaria sartzen da poliziarekin. Dobleak sartu eta tranpila isten du.)

 

KOMISARIA: Beste etxebizitza bat gehiago, eta zure senarra hemen izango da.

ROSA: Bai, eta begiratu egin ahal izango diot. Ondotxo nekien nik bai, barraban horretaz ez zegoela fidatzerik, inozo batek bezala kantatu ere egin du eta!

KOMISARIA: Ah, kantatu egin du orduan, eh? Orduan alu horrek esan du egiaren bat!

ROSA: Bai, zerbait. Esate baterako, orain hamar egun arte nik banekien non zegoen Abokatua, eta orain hogei egun ere bai.

KOMISARIA: Ah, bai, eta non?

ROSA: Globo batean, badakizu, profilaktiko eta antisorgailuen publizitatea egiten duten moduko batean, hiriaren gainean airean alde batetik bestera.

KOMISARIA: Nola?!!! Globo antisorgailu batean?

ROSA: Bai, azpian gordeta zegoen, otarretxoan...

KOMISARIA: Zer globo? Igandeetan futbol-zelairen gainean geldi geratzen den balea zilarreztatu moduko hori? Kontuz, Rosa andrea, ongi begiraidazu aurpegira. Ez adarrik jo gero, ze prest bait dago mangera bat zuretzat ere. (Bere hitzei indar handiagoa emateko zartadak ematen ditu mahai gainean eskuaz. Bapatean mahaia mugitzen hasten da eta Komisaria bere belauna jotzen aurkitzen da.)Aiii! Baina zer demontre gertatzen da hemen, altzari hauek bakarrik mugitzen al dira, ala?

ROSA: Motorearen bibradurak izango dira. (Tranpilatik zapata bat ematen dio Dobleak Rosari.) Eta hasteko, hona hemen lehenengo froga! (Mahai gainean jartzen du zapata. )

KOMISARIA: Zer da hori?

ROSA: Ez al duzu ikusten? Abokatuaren zapata da.

KOMISARIA: Adarra jotzen jarraitzen al didazu? (Hartu eta arretaz begiratzen dio.)

ROSA: Inola ere ez. 43 zenbakia, eskuz egina, Lenzuer Broder firma, Londres...

LUZIA: Berarentzat egiten zituzten bereziki!

ROSA: Sinestu nahi ez badidazu, deitu Agnellitarrei eta galdetu zuzena al den.

KOMISARIA: Ez dago premiarik. (Agenteari) Jarri komunikazioan Zentralarekin. (Agentea badoa telefonora eta hartu egiten du.) Ez, telefonoz ez, leloa, irratiz. Datu guztiak bertan dituzte, kontrola dezatela Jantziteria kapitulua.

 

(Agenteak martxan jartzen du esku-irrati bat; bapatean altzari guztietatik antenak nola agertzen diren ikusten da. Antonio sartzen da beste polizia batekin. Sabela oso handitua dakar, eta sartu bezain laster alderdi guztietatik ura dariola hasten da, belarrietatik ere bai, ahal izanez gero.)

 

AGENTEA: Aizu, Zentrala...

ROSA: Hemen dator koldarrontzia! Emango dizute merezia, bai!

LUZIA: Erregutu egiten dizut, ez zaitez izan horren zorrotza.

ANTONIO: Baina Rosa... gur gur gur...

ROSA: Zu isilik, zerria halakoa! Dena izorratu duzu, azpisuge kakati horrek!

KOMISARIA: Eta erdi-txolina zelakoan nengoen ni!

ANTONIO: Barkatu, Rosa, baina zera eman didate... (Esponjaren trikimailuarekin ahoa urez bete eta Agenteari aurpegira botatzen dio.)

AGENTEA: Arraio hori! Hoa beste norabait txu egitera!

KOMISARIA: Eramazue bainugelara, dena putzu eginda utzi behar digu-ta.

AGENTEA: (Irratiarekin jarraituz) Komisaria, Zentraletik esaten didatenez, marka, tipoa eta neurria bat datoz. Abokatuak beste inork ez omen zuen erabiltzen zapata hori Italian. Berak eta Woytila Aita Santuak.

KOMISARIA: Ez zaidak esan. (Zapata hartuz) Argazki bat atera behar dugu orduan.

ROSA: Ui, bai, denok elkarrekin, zapata eskuan dugula!

 

(Argazki familiar erako talde bat osatzen dure zapataren inguruan. Flash-makina bat ateratzen du agenteak. Altzarietatik ere agente sekretuak bizkor baino bizkorrago ateratzen dira beren makinez bristadak eginez.)

 

KOMISARIA: Baina, tira, zer da hori, Eurovisioa?

ROSA: Tira, zer, orain komentzitu al zara hemen inork ez duela ezer asmatzen?

KOMISARIA: Bai, froga bat da, baina nahikoa... nola esango nuke... badaezpadakoa.

ROSA: Nola badaezpadakoa?

KOMISARIA: Jakina, ba, Agnelliren zapata bat edukitzeak ez du esan nahi bera osorik daukazunik.

ROSA: Eta bi zapatak? (Dobleak tranpilatik luzatzen dion beste zapata hartu eta indarrez uzten du mahaiaren gainean. Flash gehiago.)

KOMISARIA: Tira, noski, bi zapata...

ROSA: Ba ez da amaitzen hemen gauza...

KOMISARIA: Hiru zapata?

ROSA: Ez, ministrarientzako gutunen borradore orijinalak, Abokatuak bere eskuz eta letraz idatziak. (Doblea agertu eta orriak iraultzen hasten da.)

KOMISARIA: Borradoreak? Baina ziur al zaude? Kontuz ibili, gero, txantxetan baldin bazabiltza eguraldi beltza ikusi beharko duzu. (Haltzariak nabarmen hurbiltzen dira Komisaria eta Rosarengana.)

ROSA: Askoz beltzagoa ikusi beharko duzu zuk, komisaria, bizkor ez bazabiltza peritajea eginerazten, eta lehenbailehen gainera.

KOMISARIA: (Agenteari) Bizkor, hoa Zentralera.

AGENTEA: Bai, lasterka noa... (Tupust egiten du pertxeroarekin) Barkatu.

AGENTEA: (Pertxeroaren atzekaldean) Ez da izan ezer.

AGENTEA: Zaude, komisaria, hemen daukat bi egunkariren arratsaldeko argitalpena. Honako honetan Forlanirentzako gutuna dator, letra handiekin.

KOMISARIA: (Borradorea eta egunkaria konparatuz) Halaxe da, letra oso argia da eta badu antza... (Altzariak, hobeto ikusteko, lotsagabeki hurbiltzen dira, mahai gainera igoz, etab.) Baina ez bultza egin, arrania.

AGENTEA: Ni ez naiz izan, komisaria, baxeragarbigailua, pertxeroa eta arasa izan dira, bultza eta bultza egiten ari dira...

 

(Altzariak astiro banatu eta zein bere lekura itzultzen da.)

 

KOMISARIA: Goazen leihora. (Leihoa agertu eta eszenategiaren erdian jartzen da) Lupa bat beharko genuke...

ROSA: Nik badut bat kajoian. (Arasara hurbildu eta kajoia irekitzera doa, baina zopaontzitik eskua bat ateratzen da lupa batekin) Ah, zopaontzian zegoen, handia da gero! (Komisariari) Tori, lanparatxoa eta guzti dauka.

KOMISARIA: (Agente pertxeroak linterna handi bat atera eta egunkaria zuzentzen du) Arrania lanparatxoarekin! Ezinobea dirudi, kaligrafia bera da, oso ongi imitatua.

LUZIA: Baina nork imitatua? Inork ez du ikusi orain arte Agnelliren lerro bakar bat ere. Eta egunkari gau irten dela ordu erditik ere ez da.

AGENTEA: Niri benetakoa iruditzen zait.

ROSA: Tira, nahikoa dugu!

 

(Bapatean poliziari orria kendu eta Luziari pasatzen dio. Denak atzetik jarraika hasten zaizkie, argiak pizten eta itzaltzen hasten dira, oihuak, barreak, berbena batean bezala.)

 

KOMISARIA: Nahikoa da, burua jirabiraka dabilkit! (Bapatean dena normaltzen da eta altzari bakoitza bere lekura itzultzen da) Bain metro benetan jasangaitza da gero! (Rosari) Aizu, andrea, ez hasi azkarkeriatan. Hemendik aurrera atxiloturik zaude. Hitzegizu! Non daukazu ezkutaturik Abokatua?

ROSA: Ez, atxilotzen banauzu, ez dut hitzegingo. Askatasunean bakarrik hitzegiten dut, eta garantiekin, testigu, terrorista damutu, kategoria berezi, A-1 bezala.

LUZIA: Oso ongi, Rosa, arrazoia duzu, garantiarik gabe ez da hitzegiten!

KOMISARIA: Ongi da, nahi dituzun garantia guztiak har itzazu!

ROSA: Ez, zure garantiak ez zaizkit interesatzen, eskaintzen ari naizen merkantzia garrantzizkoegia da zure sorbalda ahuletarako, komisaria. Sentitzen dut, baina zure buruzagi nagusiarekin bakarrik hitzegingo dut nik.

KOMISARIA: Nahikoa da! Arazo hau nirea da, eta zuk ez diozu kontatuko inori. Agnelliri buruzko lehen aztarna segurua da, eta zuk hor zehar kontatu nahi duzu. Baina nik lehenago sartuko dizut bala bat buruan eta andereño mindulin horri ere bai, horrela ez da ezer geratzen inorentzat!

ROSA: Ongi dago, komentzitu egin nauzu, hitzegingo dut... baina epailari baten aurrean.

KOMISARIA: Ez dago eragozpenik. Badator, joan dira bila. Dagoeneko ezagutzen duzun epailaria da, aurrekoan hemen egon zena da.

ROSA: Ah, bai, zangoan tiroa eman zenion gizajo hura!

KOMISARIA: Ixo, mesedez!

ROSA: Ongi da, itxarongo dugu.

KOMISARIA: Ez, hemen ez zaio itxaroten inori, ulertzen? Bestela jo eta hil egingo zaitut!

 

(Pistola atera eta Rosari apuntatzen dio, zeina mahai atzean ezkutatzen bait da. Gainerako guztiak ere ezkutatu egiten dira, espioiak altzarietan sartzen dira barraskiloen modura.)

 

ROSA: Ez disparatu, komisaria, ni ez naiz zerraila! Ez disparatu, ongi da, hitzegingo dut.

 

(Espioiak altzarietatik agertzen dira berriro.)

 

KOMISARIA: Azkenean ulertu duzu! Baina kontuz, hemendik aurrera nik ez dizut egingo beste galderarik. Zuk askatasunez hitzegiten eta inork ez zaitzala eten. (Agenteei) Bide batez, non da puztu hori, komunean al dago?

AGENTEA: Bai, giltzapean utzi dut.

KOMISARIA: Hoa begirada bat matera. (Agentea irten eta berehala itzultzen da) Ongi zegok, joan haiteke. Zuk, harira eta itzulingururik gabe. Noiz mamitu zen Abokatua bahitzeko asmoa? (Agenteei) Hik idatzi eta hik dena grabatu.

ROSA: (Dobleak tranpilatik apuntatzen dio) Via Faniko eragiketaren prestakuntza hasi zenetik helduz joan da Abokatua bahitzeko asmoa... (Altzarik hurbiltzen hasten dira hobeto entzuteko.)

KOMISARIA: Xehetasun guztiak nahi ditut, izenak, datak, helbideak, dena!

ROSA: 1978ko urtarrilaren lehendabiziko egunetan hasten da historia... Ni Milanon nintzen. Eguraldi zoragarria egiten zuen. Eguzki zurbila doi-doi ageri zen laino artetik...

KOMISARIA: Aizu, utzi alde batera eguzki zurbilak eta lainoak... Aitorpen bat jasotzen ari gara, ez nobela bat idazten.

ROSA: (Dobleari) Ikusten, begira zeinen gaizki geratu den! (Komisariari) Ados nago, bat ere poesiarik ez, baina lainoaren xehetasun horrek garrantzi handia du.

KOMISARIA: Ongi da, lainoa zegoen, eta zer gehiago?

ROSA: Ni Fatebenefratelli kaleko pisu frankoan aurkitzen nintzen.

AGENTEA: Ah, karabineroek aurkitu zutena?

ROSA: (Dobleari) Hori al da? (Komisariari) Bai, hori, 1979ko martxoan aurkitu zutena.

KOMISARIA: Zaude piska bat. (Altxa eta Rosarengana hurbiltzen da. Doblea tranpilan sartu eta berau istea beste erremediorik ez dauka) Baina orduan, arasetan aurkitu ziren emakume-jantzi guzti haiek zureak al ziren?

ROSA: Oh ez, zerarenak ziren... (Tranpilan desagertu den doblearen arreta erakartzeko oinaz jotzen du zola) apaizarenak.

KOMISARIA: Apaiz batenak? Baina apaiz bat ere ba al dabil tartean? (Luziak, etsita, keinuak egiten dizkio Rosari gehiegikeriarik esa ez dezan, baina honek bere bideari jarraitzen dio ikararik egin gabe.)

ROSA: Bai, Don Anselmo, Canegrateko apaiz langile bat, guk apaizbonba deitzen dioguna, beti hiruzpalau bonba sotanapean dituela ibiltzen bait da hor zehar. Apezerian infiltraturiko bat da.

KOMISARIA: Eta emakumez disfrazatzen al da?

ROSA: Bai, ez nabarmentzako. Eta ikusiko bazenu zeinen ongi gelditzen zaizkion jantziak... Lehenengo aldian neronek ere benetako emakumetzat hartu nuen, hain apaina, bere takoiekin, gorputz batekin, hura estiloa, hain perfumatua...

KOMISARIA: Eta zer peluka erabiltzen zuen?

ROSA: Ez, pelukarik bat ere ez, berezko ilea du halakoxea, luzeluzea. Apaiz jantziak soinean jartzen dituenean, motots batean biltzen du, lepoan kapelapean, izan ere lehengo apaiz horietakoa bait da bera, badakizu?

KOMISARIA: Eta bularrak... ez ditu izango berezkoak, naturalak, ezta?

ROSA: Ez, sostenguan bi granada sartzen ditu, arin horietakoak, erabilpen taktikorakoak.

KOMISARIA: Izugarria da gero hau! Aizu, ez zara ibiliko asmatzen ezta?

ROSA: Aizu, sinesten ez baduzu deitu Apezpikuari eta galde egiozu Don Anselmoz. Norbaitek emakume-ahotsaz erantzuten badizu, huraxe da.

AGENTEA: (Irratiz hitzeginez) Aizu... Apezpikutegia?

KOMISARIA: Utzi, utzi gero kontrolatuku diagu. (Rosari) Jarraitu.

ROSA: Eta nondik jarraitu orain? eten nauzu, eta ez naiz gogoratzen.

LUZIA: Ah, bai, komisaria, ez dago hau jasango duenik.

KOMISARIA: Arrazoia duzu. Bularretan granada taktikoak daramatzan apaizarekin zeunden...

ROSA: Ah, bai. Tira, orduan etortzen zait Katalina eta esaten dit...

KOMISARIA: Nor da Katalina?

ROSA: Don Anselmo emakumez jantzita dabilenean!

KOMISARIA: Ah!

ROSA: Abrigatua gris perlazkoa, guateatua, txinar estiloa, ardilarruz forratua zeraman... zoragarria zen... eta galdetzen diot: «Non erosi duzu?» eta begira zer erantzuten didan: Mixioen merkatu txikian, Zentralaren ondoan... pentsa, 30.000 lira tapauki eta guzti... bost eta erdiko taila».

KOMISARIA: Aizu, geldi, niri bost axola zuen emakume-berriketak.

ROSA: Baina ez ziren emakume-berriketak, kodez ari ginen hitzegiten.

KOMISARIA: Kodez?

ROSA: Ah, jakina, ohi bezala... mikrofono-espioiren bat egotea gerta zitekeen...

KOMISARIA: Ah, noski. Eta zer esaten zenioten elkarri kodez?

ROSA: Bost eta erdietan Zentralean topo egin behar nuela, mixio batean, tapaukiarekin, hau da, Parmatik zetorren koordinakuntzako komisari politikoarekin.

KOMISARIA: Oso azkarra, Bejondeizula!

LUZIA: Paregabe dela esango nuke nik! (Espioiak txaloka hasten dira.)

KOMISARIA: Zoratu egin al zarete, ala? (Bere agenteei) Zertara datoz txalo hauek?

AGENTEA: Baina gu ez gara izan...

KOMISARIA: Bada gero hau... teatroan bageunde bezalaxe! (Rosa) Jarraitu. Orduan, bilera hori, non topatu behar zenuten?

ROSA: Zinean.

KOMISARIA: Estrategi bilera bat zinean?

ROSA: Jakina, ba, askoz seguruagoa da eta ez da susmorik sortzen. Erosten duzu zeure sarrera, inork ez dizu eskatzen dokumentaziorik, inork ez zaitu fitxatzen, eta lasai baino lasaiago sartzen zara. «Savoy»-n aurkitu genuen elkar arratsaldeko bostet'erdietan. Filme pornoa ematen zuten. Travesti batez maitemintzen den komisari erotomano baten istoria zen, eta ezkenerako bera ere homosexual bihurtzen da eta parkeetan zehar ibiltzen hasten da. Gero Ohitura Onetarako Brigadaren harrapaldi batean erortzen da, eta beste komisari batek, sadiko sonatu batek, egurra ematen dio baina azkenean maitemindu egiten da komisari travestiaz, eta zoriontsu bizi izaten dira sekula santan Casablancan. Bai polita, ezta?

KOMISARIA: Jarraitu, mesedez.

ROSA: Bai, bai, ea ba... Orduan, ni neu bost eta erdiak puntu-puntuan sartu nintzen, eta zinea erdi-hutsik zegoen... hiruzpalau bikote bakarrik zeuden zoroak bezala muturreoan. Esertzen naiz, eta horra non ikusten dudan neure aurrean Katalina.

KOMISARIA: Emakumez jantziriko apaiza.

ROSA: Bai, emakumez, eta disimulatzeko musuak ematen zizkion zerebeloari.

KOMISARIA: Zerebeloari? Musuak ematen, eta nola egiten zuen ba?

ROSA: Honela (Mimikaz) Muak, muak... itxurak eginez, noski... eta zerebeloak berdin, muak, muak...

KOMISARIA: Baina, nor arraio da zerebelo hori?

ROSA: Organizazioko bigarren zerebroa delako deitzen diote horrela.

KOMISARIA: Ah, bai, burua!

ROSA: Ez, ez da burua, buru-ordea.

KOMISARIA: Jarraitu.

ROSA: Orduan, une horretan bertan, Agure Haundiaren kontseilaria sartzen da, haren kontsignekin.

KOMISARIA: Agure Haundia, eh? Ah, orduan egiazko da... Eta nor da? Nor da?

ROSA: Ez, komisaria, izugarri sentitzen dut, baina puntu honetara iritsi eta gero nik ez dut hitzik gehiago esango.

KOMISARIA: Ez hasi azkarkeriatan eta hitzegizu.

ROSA: Ez, ez nabil azkarkeriatan. Puntu honetatik aurrera izen eta giro labanegiak aipatuko ditugu, arriskutsuegiak eta ezin dut Jarraitu hitzegiten. Orain egun batzu entzun al zenuen zer esan zuen telebistaz Pertini presidenteak?

KOMISARIA: Terrorismoaren nazioarteko saindutegiez hitzegin zuenean?

ROSA: Oraintxe esan duzu. Nahikoa izan zen aipamen lauso bat, eta ikusi al zenuen nolako iskanbila sortu zen? Gutxiz ez zuen leher egin hirugarren mundu-gerrak! Amerikarrek Ekialde osoa salatzen dute, terrorismoaren erroak Errusian daudela zin egiten diete, errusiarrek aitortzen dute CIA-k hil zuela Aldo Moro, frantsesek ba omen dituzte frogak Ghadafiren libiarrak mokordoan sarturik dabiltzanekoak, alemaniarrek palestindarrei leporatzen diete errua... Gero, Parlamentuan egundoko ekaiztea lehertu zen: komunistak eta sozialistak, beti bezala, elkar salatzen eta driskilatzen aritzen dira eta besoak gurutzaturik geratzen dira. Eta bukatzeko, errepublikarrek erreferenduma aldarrikatzen dute herio-zigorraren alde. Istilu guzti hau sortu bada, gure Presidente maiteak izen-deiturarik eman ez zuelako izan zen. Beldurra sartu zitzaion! Terrorismoaren goi-zuzendaritzaz hitzegia arazo gogorregia da berarentzat ere. Eta zuk, hala ere, Don Kijoteren eginez ibili nahi duzu bizitzan zehar... (Komisariak parte hartu nahi du, amorru bizitan.) Ongi da, zuk nahi duzuna, behin eta berriz eskatzen baduzu, prest nago, hitzegingo dut! (Agente bati) Prest al zaude azkeneko aldiz idazteko? (Beste bati) Eta zu azkeneko aldiz grabatzeko? (Komisariari) Eta zu azkeneko aldiz entzuteko?

LUZIA: Aizu, Rosa, barkatu baina ni ospa egitera noa. Badira jakin nahi ez ditudan gauza batzu. Sentitzen dut, baina ez daukat bizkarrean tiro bat hartuta hiltzeko gogorik (Badoa)

ROSA: Zoaz, zoaz, azpisuge zirrilda hori!

AGENTEA: Barkatu komisaria, baina nik ere alde egin nahi nuke...

KOMISARIA: Nora?

AGENTEA: Ba... ardura ez badizu, bukatua dut neure zerbitzualdia, eta neure emazteari medikuarengana joaten lagundu behar diot...

BESTEA: Ni ere bai, komisaria. Handitu egin zait hagin hau, eta dentistarengana joan beharra daukat...

KOMISARIA: Koldar pilo ederra zarete zuek! Ahoan ez baina ipurdian daukazue zuek handitua! Oilobustiak, euliak, kikilak halakoak!

 

(Altzariak ere erreskadan jartzen dira alde egiteko.)

 

BI AGENTEAK: (Aho batez) Arrazoia duzu komisaria, baina ezagutuko duzu honela bizia arriskatzea, jakin gabe, edota hobeto esateko jakin beharko ez liratekeen gauzak jakitearren bakarrik... (Badoaz, altzari-espioi guztiak atzetik dituzteia.)

KOMISARIA: Sasikume bortak, besterik ez zarete. Zoazte, zoazte nahi baduzue. Utikan! Alde denok, altzariak ere bai!

ROSA: Ai, Ama Birjina, nire altzariak beren kasa aldatzen direla lekuz... itzuli hona!

KOMISARIA: (Eskua paparrena eramanez) Ai, Jainkoa, ez naiz ongi sentitzen, andrea... bihotza...

ROSA: Komisaria, gaizki al zaude? Baina zu ere... horra zer gertatzen den gehiegi jakin nahi izaten denean... (Atera lasterka egin eta oihuka dei egiten du.) Luzia, agenteak, bizkor, etorri, komisaria gaizki jarri da eta... (Luzia sartzen da, bi agenteak atzetik dituela.)

LUZIA: Zer gertatzen da?

ROSA: Laguniozu... oso gaizki dago, infartua! (Agenteak eta Luzia komisariaz arduratzen dira oso urduri.)

LUZIA: Aupa, komisaria... (Agente bat sartzen da egunkariekin.)

AGENTEA: Begira, egunkari asko agertu dira argitalpen bereziarekin. Gauza sinestezinak datoz! Eh, baina zer gertatzen zaio komisariari? (Piskanaka haltzariak sartzen hasten dira eta erreskadan jartzen dira aktoreen atzekaldean.)

ROSA: Ez kezkatu eta erakutsizkidazu egunkariak.

 

(Tranpila ireki eta doblea agertzen da.)

 

DOBLEA: Niri ere bat pasaidazu. (Agenteak egunkaria pasatzen dio) Eskerrikasko.

AGENTEA: Ui, baina presoa bera da-ta... Zer egiten du zulo horretan?

ROSA: Komisariaren ordenak dira. Hor barruan seguruago dago.

DOBLEA: Jakina. Gartzela berezia, segurtasun-hobia, badakizu...

BESTE AGENTE BAT: Berriketa gutxi! Nork atera zaitu komunetik?

ROSA: Aizu, begira, ea uzten gaituzun bakean egunkaria irakurtzen.

DOBLEA: Entzun, Ministrari guztiek bildu eta komunikatu bat argitaratu dute —hemen dator— Hara titulua: «Aldo Mororekin Estatuak ezetz erantzun zion trukeari, oraingoan baietz erantzun beharra dauka».

DENAK: Ez!!!

DOBLEA: (Irakurtzen jarraitzen du) «Prest gaude edozein truke egiteko. Nahikoa da irmetasunez. Oihu bakar bat: Kakalarria! Trukean eskatutako presoak gaur bertan askatuko dira».

DENAK: Ez!!!

DOBLEA: Bai. (Jarraituz) «Hogetamabi presoren lehen askatasun-eskaria egin eta Agnelliren gartzelazainek beste preso batzuren askapena askatzen mugagabe jarrai ez dezaten, horrela trukeak porrot egin dezan...

DENAK: Eta???

DOBLEA: «...Ministrariek, Estatuaren antolamenduen aldeko iritziarekin, kondenaturiko preso politiko guztiak askatzea erabaki dute».

DENAK: Ez!!!

DOBLEA: Bai, «Eta auziaren zain daudenak ere bai».

DENAK: Oh, ez!

DOBLEA: Eta Forlani presidentearen aitorpen bat ere badator: «Forlanik aitortu duenez ez zaio amore eman txantaiari, zeren eta gartzelen garbiketa-operazioa orain bi urte aurrikusitako gauza bait zen».

LUZIA: Aupa!

ROSA: Gora, orduan nire Antonio libre geratzen da!

LUZIA: Bai, jakina, denak libre!

KOMISARIA: Ez, ezina da, baina zoratu egin al, zarete, ala?

DOBLEA: Baliteke! Entzun, komisaria, hau zuretzat da: «Hemendik aurrera bertan behera utziko dira ikerketa guztiak, eta eta bidean dauden prozedura guztiak, terrorismoarekin zerikusia dutenak, izozturik, blokeaturik geratuko dira!» Erretiroa lasai hartzeko moduan zara.

KOMISARIA: Baina, nola, tamaina honetako arazo bat blokeaturik? Nik hartu ditudan lan guztiak komuneko katiluan-eta! Hau nazkagarrikeria hutsa da! Politikari putasemeak! (Emakumeak ere asaldatzen hasten dira.)

ROSA: Arrazoi du, zentzugabea da hain aldaketa handia. Mororen kasuan, garbitzeko aukera eman zien, denak prest zeuden sakrifizio handirako. Irmetasuna gauza guztien gainetik! Eta orain Agnellirekin, halako herio-saltoa...

LUZIA: Noski, denak frakak lurrean dituztela sustoaren sustoz!

DOBLEA: Tira, lurrikara guzti hau lehertu bada italiar politikako hogeitamar arrain handiri bidali diedan gutun-zaparradarengatik izan da.

ROSA: Hogeitamar gutun? Baina noiz idatzi dituzu?

DOBLEA: Rognoni eta Forlaniri bi horiek bidali bezain laster... orain bi egun hain zuzen ere. Gau osoa pasa nuen idazten.

ROSA: Eta zer zioten gutun horiek?

DOBLEA: Itxaron piska bat, banan banan gauzak. Gogoan izango duzue orain dela aste bete nola egunkari guztietan agertu zen «irmetasunaren» taldekoek, denak batera, sinaturiko agiri bat. Sinatzailek, hitz gutxitan, hau esaten zuten: «Nahikoa da!» Gogaiturik gaude kapitain ausart talde bat garela aurpegiratzen digutelako, baina inoren larruan bakarik ausartak. Kalumnia iraingarria da hau. Hemendik aurrera, gutako bakoitza prest dago bere burua terroristei eskaintzeko, Agnelli Abokatuaren biziaren truke. Zoritxarrez badakigu gure bizien eskaintza ez dutela onartuko terroristek. Brigada Gorriek, betidanik, uko egiten diote bahituak trukatzeari, eta horrek etsipenez beterik gauzka...

ROSA: Ba bai, gogoan daukagu agiri hori, eta zer?

DOBLEA: Ba orduan nik hitzetik heldu nien. Bakoitzari gutun bana idatzi nion eta gutxi gorabehera hau esaten nion bertan: «Adiskide maitea, Andreotti maitea, etab., badut zuentzat oso berri pozkarri bat. Brigada Gorriak prest daude trukea onartzeko! Terroristen buruek baimena eman didate zuen guztien artetik, «Holokausto eta Sakrifizioa» taldekoen artetik, nire ordez garitzeko merezimendu eta dintasun handienekoa pertsonalki aukeratzeko. Eta nik zu aukeratu zaitut! Zu zara zalantzarik gabe dinakoena sakrifika zaitzaten». Eta hori idatzi diet guztiei, banan banan.

ROSA: Ah, jakina, horregatik denek batera ekin diote zoroen pare gartzelak garbitzearen operazio horri!

DOBLEA: Ez, sustoarengatik bakarrik ez, baita sakrifikatu ezin nindutelako ere... ni boterea bait naiz. (Denek harriturik begiratzen diote) Ulertzen al didazue? Baina ez al duzue irakurri Karlos Marx? Bai, badakit industriako goi-exekutiboek bakarrik sakontzen dugula orain Kapitala, batez ere zera dioeneko hori: «Egiazko botere bakarra ekonomiko-finantzazkoa da, hau da, Holdingak, Merkatuak, Bankuak... Kapitala». (Agenteetako bat eszenatik ateratzen da erdiko atetik zehar) Eta gainera, haurrek buruz ikasi eta korroetan kantatu beharko luketen esaldi bat gehitzen du: «Moneta-paperetan daude idatziak Estatu honen lege sakratuak... ekonomikoa bait da. Gobernuak eta erakundeak Estatu honen zerbitzuan dauden sostenguak baizik ez dira». Zerbitzu-sostenguak, ulertu al duzue? Beraz, finantz estatuaren errespetagarritasuna salbatzearren sakrifikatua izan da Aldo Moro, ez zerbitzu-sostenguek, inori ez bait dio ezertxo ere axola. (Sakonera doa eta eskilara gisa jarri diren altzarien igotzen da) Ongi sar ezazue buruan: Ni naiz Estatua! Eta nik ordezkatzen dudan kapitala da Estatua! Nire dintasuna da zuek beharrekoa, zeuen bizia arriskuan jarri behar baduzu ere horretarako! Eta Estatua salbatzeko, ezina zen nik neure burua sakrifikatzea Estatua neu bait naiz hain zuzen ere!

KOMISARIA: Baina zer dio gizon honek? Zertaz ari da? Zoratu egin al da? Nor delakoan dago oraingo honetan?

DOBLEA: Gianni Agnelli Abokatua naiz zerbitzatzeko, eta ez zaitez eror iruzurrean aurpegia dela-ta, kirurgia fazial arazo bat besterik ez da.

KOMISARIA: Nik bai egingo dizudala kirurgia faziala baldin eta uzten ez badiozu...

ROSA: Ez, ez komisaria, egia dela, bera dela Abokatua.

AGENTEA: (Sartuz) Komisaria, bainugelan beste Antonio bat dago honen berdin-berdina.

ROSA: Bai, baina hori nire Antonio da, eta hau berriz Abokatua da. (Altzarietatik espioiak agertzen dira.)

ESPIOIAK: (Aho batez) Bai, komisaria, halaxe dela ziurtatzeko eran gaude. Denbora luze samarrean entzun dugu hitzegin duten guztia.

KOMISARIA: (Espioiak seinalatuz) Une bat: SISME, SISDE, INTERPOL...

TALDEBURUA: Eta kontua da jaun hau egiazko Abokatua dela eta hutsegitez, Antonio Berardi, bere langilearen ezaugarriez aurpegia berregin diote. Berak idatzi dizkio gutunak Gobernuar, etxe honetatik bidaliz, terroristen preso zegoelakoa eginez, alukeria hau dena muntatuz...

KOMISARIA: Nire adarra jotzeko? Inozo bati bezala popatik emateko? Niri zipitzik ez zait ardura estatu nagusiko bada ere, tiro bat emango diot nik estatuari, barrabiletan emango diot nik tiroa estatu kakazu honi!

DENAK: (Aho batez) Geldi, ez! Zoraturik zaude! Kontuz gero zer egiten duzun, gerarazi!!

 

(Denek eutsi egin nahi diote, eta harrapatzea lortzen dute. Une horretan epailaria sartzen da, makulu gainean dabilela.)

 

EPAILARIA: Zer gertatzen da? Zer da? (Tiro-hotsa entzuten da. Epailariak zangoan hartzen du) Aiiiii! Beste belaunean jo nau! Baina honek hartu mania, gero!! (Lurrera erortzen da.)

 

ILUNA

 

AMAIA

 

aurrekoa | hurrengoa