|
ILLEKO BERRIAK IRU GUDARI Durango'ko «Tabira antzokian» il onen 3'an lenengoz antzeztu zuten, «Iru Gudari», Manu Sota'k idatzi ta «Lauaxeta»k euskeratutako drama aberkoia. «Iru gudari» iru mutil euzkotar utsak, Karla erregearen ikurrinpean dabiltzanak dira. Lenengo ekitaldian, españatar buruzagiek egiten dizkien irañaz aspertuta asaldu egiten dira agintarien aurka. Ez dute geiago gudatean jarraitu nai... Gudari-epai maiaren aurrera eramaten dituzte bigarren ekitaldian; ta auzitegiak su-izkilluz erailtzea erabakitzen du. Erabaki gogorra betetzen da. Une berean «Ama» irudian agertzen ikusten degu. Jardun sutsu ta aberkoi batez iru gudarien eriotzagatik negar egin ta asperkunde dei zorrotzaz aberriaren bazter guziak otzikarez beterik. «Iru gudari» antzerkiak kutsu ta tankera berrian eratuak ditu agerraldi geienak; itzik gabe ere adierazten dutenetakoak. Tarteka-marteka abestiak abendaren eresi mintsua dakarkigutelarik. Antzerkigille artetsu baten eskua erakusten digute. Ala bañan egiantza (verosimilitud) ta irudimena (imaginación) nastuan dabiltza xede aberkoi bat lortutzearren. Ene iritzian ez da au joku garbia «fair flay» teatro arauz. Edesti antzerkietan beintzat! Azkenengo agerraldiak indar aundikoak dira, «Pedro Mari»ren itzal ta oroimena gogora dakarkigute... Durango'n arrera beroa ta txalo ugariak egin zizkioten. «Iru gudari» il onen 30'n, erderaz, Ondarreta'ko Batzokian antzeztuko dute. Pozik ikusiko genuke, berriro, berari buruz iritzi oso ta zeatzagoa eman al izateko. Esanak esan, otar bete zorion-agur Sota ta Urkiaga idazle iaioak irabazi dituzte: ta lan berria dutela-ta gurenda biribillena opa diegu. AZTERTZALE Udaran ere atsedenik ez Udaran, gure antzezlari-taldeak atseden artuko nai zutela, uzte gendun. Azkenengo zenbakian onela genion. Bañan, baita zera! Oso lanera lotuak ditugu gure «komerianteak». Ikusi bestela: Arrasate'ko Bedia Antzokia'n euskel-antzezkizun ederrak ospatu dituzte. Donostia'ko Eusko-Etxea'koak Usurbil'en izanak dira; «Iztundea»k, au da, Altzaga jaunaren «lagundiak», Eusko-Ikaskuntzaren aretoan erakustaldi bat eman dute. Udarako ikastaroa zala-ta. Il onen 30'n, Iñaki Deunaren aurregunean bergaratarrak «Dollorra» antzeztutzeko asmotan dabiltz: ta Ondarreta-Getxo'n, beste leku batean adierazi degun bezela, «Iru gudari» Sota jaunaren artzerkia lenengoz erderaz agertuko dute. Datorren illeko 6-7'gn. Ernani'n Iturriaga'ri omenaldia ta Olerki-egunak dirala-ta Euskel-antzezkizunak izango diran gaztigu ta otsa datorkigu. Egia al da, azkenik Oiarzun'en, Dagonilla'k 14, «Txanton Piperri» abestu bear dutela? ZALE Jauregi'ren itzaldi bi Jauregi olerkari ta idazle aipatuak Eusko-Ikaskuntza'ko liburutegian, bertan egin dan Udara ikastaroko ikasleai, itzaldi bi eman dizkie euskel-elertiari buruz. Argi, sakon ta izkera ederrez gure literatura aztertu du; ta etorkizunari begira bere iritzi ta asmoak agertuaz. Bereziki Teatroa'k duan ajola ta garrantzi aundia errien berpizkundeetan erakutsi zuan. Zorionak eman da gero gure adiskide maiteari bere itzaldiagatik, eskerrik miñenak bijoazkio «Antzerti» aldizkingiatzaz esan zituan gorapenagatik. ENTZULE Antzerki berriak Bi antzerki berri ba-ditugu, gure antzerki-salla ugaritzera datozenak. «Egiazko Jainkoa» izena du batek, «Lecturas Dramáticas»tik euskerara itzulia ta «Euskeltzaleak» argitaratu dutena. Bestea «Negarrez igaro zan atsua» Sota'tar Imanol'ek erderaz idatzi ta Altuna'tar Joseba'k euskeratua. Biak liburutxo polit ta txukun bat egiten dutelarik. Liburutegietan salgai ipiñi dituzte. Eskatu nai diguten arpidedunai, pozik bialduko diegu, salneurri jakiña aldez aurretik igorri ezkero. BANAKARI |