|
Patxiko ta Martintxo UME-ALKAR-IZKETA (Patxi'k, eskuetan, bi txorikume dituen kabi bat dauka). PATXI: Gaur goizean bai eiza ederra egin detala... Basorik-baso ta mendirik-mendi ibilli ondoren, bañan aitzenian erori dira nere eskuetara bi txorikume oiek... Bai politak dirala! Egatzen asteko zorian zeuden oraintxe. Ta garayez ibilli ez banitzan, onezkero kabitik iges egin zuten. Orain jarriko ditut nere kayolatxoan, ta lenbailen azi ta kantatzen asi ditezen, egunero-egunero jaten emango diotet. Nere amak eta nere anayak ikusiko baniñuteke kabi onekin, ez litzake atsegin izango!... Beti ixildu gabe ari bai-zaizkit: «Beok gero Patxiko! txori gaxuai gaitzik egin!... Ez gero beren kabi politak puskatu! txoriak etziotek iñori kalterik egiten, baizik iñun diran eltxo, ar, xomorro ta ziraun zikin kaltegarriak jaten dizkitek; eta gañera beren abesti kanta zoragarriaz alaitu ta poztu egiten gatxiotek»... Bai, alaxe da baña!... Eta zer? Neri ere beren kanta politak entzutea atsegin izaten zait... Kabik puskatzen ditudala! A zer gauza orien kabiak. Txoritxo oyek egiten dituztenak baño politagoa jarriko diotet nik kayolan barrunbean, bai! Gaur goizean, tiragoma ta patrikara bete arri koxkorrekin etxetik atera naizenean, ikusi nau amak, eta esan dit: «Nora ua biurria? Beok gero txori gaxoai kalterik egin, e? Orain ere alprojakerien bat egiteko asmoan joango aiz, i?» Eta orain ikusiko baniñu bi txori oyekin, zer esango ote lirake? Txiki-txiki egingo niñuke... Lenago ere, gogoratzen zait geizi ta anpolai arrapatzera joan da, arbolaren adar aundi bat eta txori kabi bat ekarri nituelako zortzi egunean etxetik ateratzen utzi gabe euki niñula!... (Kabiari begira) Ara, ara, gaxoak auba txabalik daude... (asnasa emanez). II. Martintxo (barrendik). MARTINTXO: (Deika) Patxi,... Patxiko... PATXI: Ene! anaya deika... Zer egin bear det nik orain?... Nun gordeko ote ditut txori oyek... Zatituko nau kabi onekin ikusten banau. (Txoriak txapel-pean gorde, ta kabia lurrera botatzen du.) MARTINTXO: Ez al dek entzun, edo zer? PATXI: Bai, bai... oraintxen natxioken iregana. MARTINTXO: Nun ibilli aiz oraindaño? Eskolara joan gabe ta... Ona zeok ama... Dena zikinduta ago...; galtzak ere puskatuta... eta zer dek tiragoma ori?... ta emen, patrikaran zertako dituk arri koskor oik? PATXI: (Bildurrez) Bai, anai, bai... bazekiat ez dala txoririk arrapatu bear... ez dala beren kabirik puskatu bear ere... MARTINTXO: Ta... PATXI: Txoriak iñori gaitzik egiten ez diotela ta,... xomorro ta eltxo txar guztiak jaten dituztela ta... bere kanta politak alaitu egiten gaituztela ta... bazekiat... MARTINTXO: Beaz etzaik aztu txori gaxoai bear diegun maitetasuna, e? PATXI: Etzaidak aztu, ez, anai... MARTINTXO: Eta zer da, buru ortan daukaken ori? PATXI: Txapela. MARTINTXO: Txapela beraz? Eta bere azpian?... I beti berdin. (Lurrean dagoen kabi utsari begiratuaz). Ta kabi polit ori, nork ustu ta lurrera bota du? PATXI: ...? MARTINTXO: Esantzak, esan. PATXI: (Ikaraz) Nik... MARTINTXO: A! Txori gaxoak ire txapelan... Etzeudek toki txarrean!... PATXI: Kabi ortan otzak zeudeken da... berotzeko nere txapel-pean jarri dizkiat... MARTINTXO: Orren biotz xamurra izanda, ik!... Ostera sartu ditzak bere kabitxoan txori oyek (Patxi'k sartzen ditu bi txoriak kabian)... Nola etzaik gogoratzen txori gaxo oik guk beze!a beren aita-amak badituela? Ez al dakik, beren kabia utsik billatzen dutenean, negarrez ta naigabez beterik geldituko dirala?... Esantzak, esan... PATXI: Ala dek... bañan... MARTINTXO: I ta ni galduko bagiña, gure gurasoak gure billa ibiliko lirakela pentzatzen al-dek? PATXI: Bai.... (umil). MARTINTXO: Gogoratu ari ba txori oyek ere beren aita-amak badituela, eta onezkero or ibilliko dirala mendirik-mendi negarrez eta samintasunezko txiu-txioak egiñez, beren biotzeko umetxoak ezin billaturik... ala-ere, ez aiz errukitzen?... PATXI: Txori oyek, nere kayolara emango dizkiat, eta an, kabi berri polit batean jarriaz, ta jan-edan goxoak emanez, txintxo-txintxo kontu artuko zuatet. MARTINTXO: A! orretaz, kayolan sartu, ta kabi berri batean jarri ta jan-edana emanez eukitzeko asmoak al dituk? PATXI: Bai orixe. MARTINTXO: Ta, ik ez-aldakik txoriak, erdi gosiak egonda ere, urrezko kayolako jan-edan guztiak baño, mendiko azkatasuna nayago dutela? PATXI: Bai, zera! MARTINTXO: Eta ik uste al-dek ori egiñaz ongi egiten dekela? PATXI: Zergatik ez? MARTINTXO: Ik nai al ukek ire aita-amak beti etxean itxian sartuta eukitzea, ta naiz jaten ta edaten emanez, andik ateragabe eukitzea? PATXI: (Burua makurtuta egon-aldi bat egin ondoren). Arrazoi dek anai. Oraintxe antz ematen zuat txori gaxo oyei egin dietana ez dagola ondo. Nik ez diat orren biotz-gogorrekoa izan nai, ez, ta txori oyek azkatasun guztian uztera natxiok. (Ta Patxi'k, toki artako leyoak iriki ta kanpora, aidean bi txoriak egan bialtzen ditu). MARTINTXO: Bejondaikela anai. Ederki egin dek. Ekatzak laztan bat. (Laztantzen dira bi anayak). (Entzuten dauden umeai). Eta zuek umetxoak, nere lagun maiteak, egunen batean txoririk arrapatu ta beren kabitxoak puskatzeko asmo txarren bat artzen badezue, gogoratu zaitezte orain nere anayak ementxen egin duenetzaz. Arbolatxoak, lore ta txoritxoak maite izaten ikasten badezute, biotz on ta biguñekoak zeratela erakutsiko dezute. Eta onela egiñaz, Jaungoikoak sarituko zaituzte eta, zuen bizitza guztian, zuek ondo egiña etzaizute damutuko. BUKATU DA |