|     7 zenbakia, 1932ko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

Euskal-Antzertia'ren
edestirako apur batzuek
(III)

 

(jarraipena)

 

        Ontaz gañera, Munibe'tar Xabier Peñaflorida'ri beste operatxo artzai-antzerkitxo bat egosten zaio «Gabon-Saria» deritzana ta Eguberritan abestutzeko erakoa. Bi lantxo auek Euskel-Antzertia'n egin ziran lenengo lanak ditugu.

        Urte artan bertan «Azkoiti'ko zalduntxoak» Munibe buru zutela «Insausti» bere jauregian bildu ziran. Abenduaren 21'n, bigarko egunez, erabakiak artzeko.

        Andik aurrera billerak Olaso'tarren jauregian Bergara'n izan zituzten. Ta ustegabeko gertaera; gaur Olaso etxearen nagusi dan Monzon'dar Telespor eletari gazte ta bikaña, joan dan igandean onera etortzekoa zan XVIII'garren gizaldiko Bergara'tzaz mintzatzera, ondo eza ta nekepean ez balitz izan. Urrena etorriko zaigu ta Monzon adiskide maiteak garai artako gertaeraz itzegingo dizute, nik baño obeki.

 

* * *

 

        Alegin oriek guziak erriaren barruraño sartu ta iritxi al izateko urte askotxo bear izan ziran oraindik. Aldi artako gudate, istillu ta naspilla gaitzak, «Sdad. de A. del P.»'en asmoak zearo ondatu zituzten. Prantzia'ko Matxinada aundia zaia; «convencionalak»; matxinada zaleak, Gipuzkoa'z jabetu ziran. Napoleon'en jazarrak España osoan. Gudari taldeak dijoazen tokietan uzten dituzten izurte ta eritasunak gero. Nastuak zeuden bazter danak. 1812'garren urtean Cadiz'en bildu ziran Batzar Nagusiak. Ta geiago orduko estuasunak larritzeko karlisten, —karlatarren— bi gerrate luze ta samiñak gure erri gaxoa ondatu zuten, mendiek anai arteko odolaz gorrituaz ta argal ta kemenik gabe jakintza-gaierako utzirik.

        Zein oroitzen zan orduan Teatrotzaz. Bestela ere komeri garratza zebilkiten. I876'garren urtean zan. Karlisten bigarren gudateko azken aldia.

        Karlisten guda-mutillak Donostia inguratua, esitua zeukaten. Au zala-ta donostiar sendi askok, al zutenak, alde egin zuten Donosti'tik, burrukak dakarzkin galazpen, arrisku ta zalantzai igesitearren. Donostiar batzuek Laburdi aldera joan ziran Endai'tik Baiona'rako bitarte zoragarri ortan gelditurik. Oni, erbesteratzea, emigrazio zeritzaten.

        Urrutitik gertakizun aiei begiratu ezkero ez dirudi Karlostarrak Mendizorrotz ta Txoritokietan zituzten kañoiak ain beldurgarriak ziranik. Noski, ez ziran alemanen «Bertha» bezelakoak. Bañan ez degu aztu bear Bilintx ospatsua bala oietako batek zauritu zuala, ta gizarajoa ontatik il zala. Donosti'tik alde egin zutenen artean Soroa-sendia zegon ta etxe ontan jaio zan gero Euskal-Antzertiaren sortzaletako bat izan bear zuan Soroa'tar Marzelino gaztea. Marzelino Soroa gizaseme donostiar jatorra zan, alaia, azkarra, ile kixkurra ta aldarte onekoa, letradua ta gimnasiko maisua. Egitazko koxkeroa. Erderaz ta euskeraz oso bizi ta egoki egiten zuan ta «Azak eta Naste» izena duen liburutan irakurri ditezken bertso, ipui ta xelebrekeri asko idatzi zituan.

        Oietako lantxo batean «Iriyarena» deritzan zarzuelan —irutxulotar jostirudia— esaten zion berak, euskeraz zerbait sartzea bururatu zitzaion. «Iriyarena» jostirudia lenengoz Ziburu'ko errian antzeztu zuten 1876'garren urtean, oraindik karlisten gerratea ari zala, ta an Sokoa'n —ez txokoan—erbesteratuak zeuden donostiarren jolas ta atsegiñerako.

        Ta gauz jakingarria, jostirudi ortan lan egin zuan gaur Euskal-Antzertiaren maisu agurgarri dan Toribio Altzaga jaunak —orduan 13 urteko mutil koskorra— ez naiz ausartzen, mukitzua deitzen.

        Altzagatarrok ere Ziburu'n erbesteratuak zeuden. An Soroa'k, ta donostiarrak biltoki bat zuten «El Trueno» izenaz ta egitazko turmoi ta zaratak ateratzen omen zituzten, zezenak ta guzi.

        «Iriyarena» erderaz idatzia zegon ta tartean zerbait euskeraz sartu zion ta 1876'garren urtean antzeztu zuten Ziburu'n El Trueno Batzoki ortan Agorret txaidean. Urte artan jaio zan Ziburu'n gaur ereslari ospetsua dan Ravel jauna.

        Soroa ta Altzaga izenen artean dijoaz Euskel-Antzertiaren lenengo urteak, nik donostiar dramaturjia deitzen diodana. Zorionez, egin zan pakea, Euskaldunak ta batez ere donostiarrok berriro bere lan ta jolasai ekin zioten. Jolasari lotuago lanari baño, sarritan. Irutxulotarrak oso gizartekoak izaki beti ta garai artan ere, orain bezelatsu, billera, txoko, lagun-arte, alkartasun ta Kasinoak erruz omen zituzten. «La Infantil del Gimnasio» zeritzan Soroa'ren ikastolak. Beste lagun-artea zun «La Fraternal» zeritzana ta etxe oneko gazte geienak antxe biltzen ziran; langille ta salerosleak «Unión Artesana»n bezela. «La Fraternal,» or nunbait Plazuela Lasalan'n, bigarren bizitza batean omen zegon ta bertan euskal-jaiak egiten asi ziran Soroa ta lagunak. 1878'garren urtean, Maiatza, 12 ta 19 «Iriyarena» jostirudia orduko Teatro Principalean, gaur berritzen ari diran Teatro zarrean antzeztu zuten txalo jotze aundien artean.

        Bere egilleak argitaratu zuan Omar-Celin-Oasor izen ordea artuaz.

        Langille bizkorra zan Soroa ta «Iriyarena»ren ondoren idatzi zituan: «Gabon» jostirudia, «Urrutiko Intxaurrak», «Anton Kaiku», «Au Ostatua», «Alkate berria» ta abar. «Anton Kaiku» («La Fraternal»en batzokian antzeztu zuten, ta ondo atera zala ikusiaz) Teatro Principal'en. Ez au bakarrik, Soroa ta lagundia Donostia'tik beste erritara joaten asi ziran. Nik dakidala Tolosa'ra jo zuten an 1882'an antzerkizuna emanez. Urnieta'ko euskal jai batzuetan ere azaldu ziran Abbadie euskalzale prantzestarra ta emaztea (ta onek zeraman loritua) ikusle izanik. «Anton Kaiku» Soroa'k argitaratu zuan ta ez zan motz gelditzen zanetakoa, gizon ausarta zan, ale bana Victor Hugo ta Mistral'eri bidali zizkien. Ots aundiko bi idazle oneek eskeintza ontzat artu ta erantzun zioten adiskide-antzean, bide nabar, euskeragatik gorapen aundiak egiñaz. Idazki biak irakurri ditezke aldi artako izparringietan.

 

* * *

 

        Pizkunde au astintzera, euskaizaletasuna suspertzera, etorri zan, beñere bear bezela goratu ta omendu ez degun Manterola argidotarrak, 1880'garren urtean ateratzen asi zan «Euskal-Erria» aldizkingia. Manterola'tar Jose biotz aundiko euskaldun azkarrak —vanguardista edo orain deituko genioke bezela— aurrea artu zion 15 ala 20 urte geroxeogo ernetu zan euskal-pizkunde susperraldi ta burrundarari. Peñaflorida'ko Kondea ta «Sdad. de A. de P.» lenengo oñarri ta sustraia izan ba'zan, Manterola ta «Euskal-Erria» errebista inguruan bildu ziran adiskideak bigarren puska ederra erantsi zioten etxeari. Aien alegiñak ezagutu ta maite izatera beartuak gaude. Jainkoa'k «Cancionero Vasco»ren egilleari bizitz laburra eman zion, bada andik lau urtera, oso gazterik, 34 urte besterik ez zituala il zan, aren buru argi ta adimen sakonetik geien itxaro zitekean garaiean. Manterola'ren izena aintzagarri ta begikoa izango da beti.

        Bi gerrate madarikatu aien ondoren aldi txarra zijoan euzkotarrentzat. Bertsolariak abestutzuen arabera:

 

                Arras galduta daude

                betiko erriak

                jende aundi-maundiak

                naiz nekazariak

                aundi ta txikiak

                lurra joak daukazki

                ia mixeriak.

 

        Zorionez, laister gizon bulartsuak ta euskaltzaleak agertu zitzaizkigun: Etxegarai, Oloriz, Arantzadi, Kanpion, Arana-Goiri... auek Euskal-Erria'ren orrialdeak ornitu zituzten Manterola ta beste bere adiskide donostiarrez gañera. «Euskal-Erria» errebistak garrantzi aundikoa, berebiziko lana egin zuan orduko pizkundea astintzearren ta gogoz ta soñez makurtua ta txautua zegon erria jasotzeko. Urte gutxi barru Jainkoari eskerrak aspaldiko gizaldietan izan ez genuana lortzera ginjoazen: alegia euzkotarrak esnatzea ta aberria ezagutzea.

        Au ondo jakiteko gaurko abertzaleak atzera begiratu ta Euskal-Erria aldizkingia irakur beza. Orren bidez euskel-elertiari bultzada ederra eman zitzaion. Ta lenengoz Euskel-Antzerti sariketak eratu ziran. Aro artan sortu zuten «Consistorio de juegos Florales» Euskal-Bilduma, ta Batzar onek bere gain artzen zitun Sto. Tomas egunez Donostia'n antolatu izan diran euskal-jaiak. Orregatik bein idatzi nun Euskal-Teatroa, tanborrada-soñu ta txistorra-prejituen usai artean jalo ta ezi zala. Sto. Tomas'eko sariketen bidez, beriala antzerkigille berriak sortu ziran: Iraola pasaitarra, Ganboa, Gorostidi, Artola ta Illarramendi ta Uranga errenderiarrak. Erabat jostirudiak antzeztutzeko sortu zuten «Euskaldun-Fedea» zeritzan lagun-artea.

        Antzerkigille orren malla ez zan noski goitarra, aukerakoa, erriko jende txea, bai ziran, nairnen onekoak, ori bai, bañan jakituriz ta Teatro ezagueran ez Soroa añakoak. Mozkorkeri, baserritarkeri ta, irudi lotsagarri geiegi azaltzen zituzten beren lanetan. Bestetan berriz erderatik artutako gaiak erabiliaz.

        Ala ere akatz ta guzi esker ona zor diegu gizon jator aiei, Pepe Artola komeriante irritsua aurren dala, Tepsis'en gurdiari abiadura eman ziotelako. Nekez ta baldar asiagatik urrutira iritxi diteke guziok bultzatzen ba'diogu.

        Garai artan gallentzen asten da teatrorenganako doaiez ta zaletasunez beterik zetorren Toribio Altzaga, orduan gazte argi ta bizia. Ziburu'n, lenago aitatu degun bezela, Soroa'kin lan egin zun ezkero euskel-antzertiari buru-belarri leia zan.

        Altzaga jauna da Euskel-Antzertia'ri eutsi diona. «Deus et machina» eragilea ta pizkortu duna, nekatzeke ta laguntza gutxi izan arren.

        Igaz egin genion gorasarrea ta omena ederki irabazi zun 50 urteko atseden gabeko lanean. 1880'garren urtean bere lenbiziko lana idatzi zun «Aterako gera.» Arrantzale oiturak ondo baño obeto tajuturik, ta erabat oarpen zuzena ta parregiñazten irriaren sena zer dan ba-dakila erakutsiaz.

        Altzaga'k arrezkero idatzi ditu: «Osaba», «Tantarrantan», «Bost urtian», «Andre Joxepa Tronpeta», «Anboto», «Txanton Piperri», «Biotz berak», «Amantxi», «Oleskari berria», «Neska zarra», «Zanpanzar» ta abar.

 

(Jarraituko da)

 

aurrekoa | hurrengoa