|
JAKINGARRIAK «LIBE» Aldiz aurretik iragarri genuen arabera, «Libe»'ren lenen-antzezkizuna Bilbo'n ospatu zan Epaillaren 3'gn. «Libe» Arana-Goirik utzitako antzerki-gai baten izena da; operarako-edo asmatua. Au da Sota Aburto Manu'k, osotu, mamitu ta eraberritu diguna orain, antzeztutzeko eran ipiñiaz. «Oldargi» taldea ezagutzen duanak ba-daki bilbotarrok gauzak aundiro, apain, arrandiz agertzen mutillak dirala. «Libe»'n ere ez dira motz gelditu: jantzi aberats, tresnak ugari, margo-apainketa, barren-oialak, abar eta abar, guziok batera irudi zoragarriak biltzen zituztelarik. Bost ekitaldietan zatitua dago «LIBE» zein baño zein ikusgarriagoak. Antzezkizuna atsegiñago izatearren, tarteka-marteka eresi abestuak entzun arazten dizkigute. Irugarren ekitaldian berriz dantzaldi polita, eztei-dantza albokarien soñuaz joa. Anitz antzezlari bear dituan antzerkia degu «Libe»: taldeka. Antzez-lagun nagusiaz gañera, erri-gizonak, aldun, gudari, sal-erosle, itxastari, andre, mutil... Orrenbesterañoko giza-taldeai igitu ta erakutsi araztea ez da errez. Alare guziok ondo bete zituzten beren egin bearrak. Bilbao'ko Euzko Gaztedi'koak izaki. Azalekiko itxurari utziaz gaiari buruz zerbait esan dezagun; alegia, Libe zer nolakoa dan mamiz eta soñekoaren ariak, zuta ta zearra-nola josiak dauden. Bizkai'ko edestiaren zati bat artzen du gaitzat, XV'garren gizaldian. Libe Billala etxe aundiko alabak Salinas'ko konde gaztelarrari ezkon-itza eman dio Abendañotarren Andima Ugarte'ko seme maitemindua ezetsirik. Erriak ez du begi onez ikusten ezkontz ori. Billala nagusiak berriz ez nai alabaren biotz-aukera okertu. Arrotza etxera sartzera dijoa. Bizkai-semeak ostera etxetik urruti itsaso barrura... Lenengo ekitaldi ontan drama-korapilloaren mutur guziak ondo azalduak daude. Bigarren eta irugarren ekitaldiak argibide geiago emango dizkigute oraindik. Bilbao zaarreko, kai ta azokako agerraldia, egiantzez betea dago: bizi, errikoi argitsua da. Rimski-Korsakow'en «Sadko»'k dun kaieko irudia oroi arazten dit. Andima bizkaitar adoretsua, burrukan txapeldun, maitasunean azpiratua ordea. Irugarrenean eztei-aurregunak Billala-Torrean. Ezkontza egunez jai ikusgarriak izango dira. Dantzaldi polita, gertutzen ari dirana. «Matxino» Billalatarren morroia eta kondearen zaldi-mutillak duten elkar-izketa parragarria ziñez. Alaitasun eta pozkarioa laister negar eta malkotan biurtzen al dira. «Zoritxar» sorgiñak aspaldidanik igarria zuana. Bizkai'n guda susmurra dabil. Gaztela'ko erregearen aurka dijoa asarrea. Salinas'ko kondea-Libe'ren senargaia bizkaitarren aurka erasotzen ausartuko ote da?... Laugarren ekitaldia. Gamiz'ko elizatearen zimitoria. Etxe-jaunen batzarra. Agerraldi guren, eragikorra. Garrantzi aundiko erabakiak artu bearrak dituzte. Gudatea dator; bizkaitarrok sutu dira. Guda-santsoak nunaitik... Bosgarren ekitaldia. Guda lekuko mendi muñoan gaude 1471'garren urteko goiz batez... Su otsak oso bertan entzuten dira. Bizkai'tar guda-mutillak gori-gori burrukara doaz. Batzuek, zaurituak, bide bazterrean datzate. Bat batean «Libe» agertzen zaigu, aingeru bezelatsu. Anai zaurituak ikusita Salinas'ko kondearenganako maitasuna, gorroto biurtu zaio. Gudate eztandaren artean Libe ta Andima aurrez-aurre arkitzen dira. Une artantxe maite-garra aitortu gabe ezin utzi. Azken-agerraldiak, Ugarte jauregian, gudatearen ondorengo negargarriak agertzen dizkigu. Euzkotarrak garaille irten dira, egia da, bañan alde batetik eta bestetik ondamen eta triskantza gogorra izanez geroz. Billala'ko nagusia zauritua dator; Libe berriz il zorian dakarte. Guzia, Libe'ren eriotza ta Andima garaitzallearen etorreraz amaitzen da. Andima'ren oñaze bizia igurtzitzearren bizkaitar gudari-talde irmo ta sendoa azaltzen da. Ura bai da Abendaño'tar Andima'ren pozkida bakarra. Ostetasun, kontraste, bikaña! Ikuskizun ederra Zuloa-ga'k margutzeko diñakoa! «Libe» zer dan ba-dakizute. Orain ene iritzian nolako ikusten dedan, esatera noa labur bederik. Lenengo lau ekitaldiak zur eta neurriz ebakiak daude. Asieratik sortarazten digute kezka ta jakin-nai, pizkanaka aunditzen dijoakiguna. Neretzako bigarren eta irugarren ekitaldiak dira onenak. Azken ekitaldia ostera guzietan argal eta izunena. Libe'ren bat-bateko maitasun aldatzea ta gudatearen azalpen eta xeetasunak ez daude, ez antzerti arauz ez egiantzez egoki tajutuak. Libe'ren erio-larriak ikusleari izuikara eman bearrean aspertu arazten du. Ain da luze ta itxuragabea. Bestela ere zenbait antzez-lagunak itzaldi geitxo, larregi esaten dituzte. Ainbeste jardun eta bakarrizketa une batzuetan alperrik daude. Ori ezta ez ertitsua ta gutxiago euskotarra. Arrotz-areio ta abertzale sutsua izan diteke arira ez datozen esaerak sartu gabe. Egipenetatik, berez, sortu bear du abertzaletasunak. Erti-legez alde batera utzi bear dira alper-solas eta lore belaskak. Oar auek egiten ditut «Libe» antzerki-lan aundia dala uste dedalako: bai gaiz, ikuskizunez eta abertzale legamiz. Orrengatik mingarriago zait azken utsegiteak, errez zuzen ditezkenak, ain lan eder eta argitsua errañupean itxusitzea... Zenbait gauza-kendu ta agerraldi bat edo beste aldatuaz LIBE gure pitxirik ederrenetako ta nun nai txalogarri izango da. Berresan dezagun antzezlarien lana gorengonetako izan zala. Gardeazabal andereño liraña Libe paperean ezin obeki; orobat Ordeñana, Aretxabaleta, Zarate, abar ta abar. Margoketak Lertxundi ta G. Bilbao'renak iaioak. Itz batean: guzioi zorionak eta batez ere Sota Aburto jaunari. Iritzi-miritzian oar batzuek egin bearrean arkitu ba'naiz ez da orregatik txikiagoa guziok irabazi duten gorapen eskerron eta txalojotzea. Matxin-Gorri Antzerki Berriak Gure irakurleak zer nolako antzerki berri antzeztutzen ari diran jakin nai izaten dute ta ona emen adierazi dizkigutenak: Urnieta'n Ilbeltzaren 7'gn. lenengoz antzestu zuten: «Alkartu ta ortzak erakutsi». Egillearen izenik ez digute aitatu. Ilbeltzaren 13'garrenean Bermeo'ko Antzoki Barrian «Biotz ameskoia». Villalonga jaunak erderaz idatzi ta beste norbaitek euskeratua. Epaillaren 4'gñ. Zarautz ko Euzko-Etxekoak antzeztokira eraman zuten lenengo aldiz iru ekitalditan «Ama» antzerkia bertako idazle gazte dan Agirrezabala'dar Alberta'rena. Aspo Perkain Aspaldidanik Loti'k «Ramuntxo» sortu ezkerotik bai beintzateuskel gauzak Paris'en modan daude. Oraintsu orain, Ilbeltzaren 27'gn. Opera'n «Perkain» deritzan eres-antzerkia antzeztu dute. Perkain pelotari izena ta gaia Harispe'ren liburu batekin artua da; ta Gheussi'k operarako antolatua. Musika, Poueigh ereslariak jarria. «Perkain» orrek ba-ezpadako euskaltasuna ote dun esan digute. Arrotzak euskaldunen arima barruan sartzea gaitz bai-da; euskel-kutsua azaltzen nekezago, dantza ta kantuk izan ezik. Ramiro Arrue'k egindako margo lanak itxura pizka bat ematen omen diote. Ikusle Antzezlari-taldeak Onelexe dabiltz gure antzezlari talde pizkorrak. Bakoitzak noiz eta nola antzeztu bear zuten aurreko zenbakian agertu genuen, beren erritan «Etxe-Aldaketa»; ta zer nai antzerki lana Donostia'ko Poxpoliñeta'n. Iñortxok utsegin gabe, amabost taldeak egin bearra betetzen zintzo ari dira. Epai-maiko jaunak, berriz astero erriz-erri dijoaz aztertzen. Nork ondoen lan egiten dun erabakitzeko esku-bete lan ba-dute. Aukeraren maukera. Ta aurten amabost ba dira, datorren urtean askozaz geiago etorriko dirala esan diteke. J.L. Au da, Euskel-antzertiari indar emateko biderik zuzena. Urrengo zenbakian, irakurle begiko ori, eman al izango ditugu, emen bertan, epai-maien iritzi ta erabakien agiria. Talde sariztatuen izenak eta beste berri geigo nun arkitu ba-dakizu. |