|     26 zenbakia, 1934ko otsailla [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENBIZIKO EKITALDIA

 

        GERTAERA: Mendi ondoko iturri batean. Al-bada arkaitz tartetik ura ateratzen dala, antxen sullak betetzeko.

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Katalin ta Pantxikiñaxi.

 

KATALIN: (Sulla uts bat buruan duela, ur bila dator). Iturri au ez balitz ez dakit nola bizi bear gendukean. Amaika saltxa, berriketa ta kontu sortzen dan tokia da auxen. Uraren aitzekian sulla buruan artuta, auzoko lagun guztik emen gatoz noiz-nai geren kottak eta geren naigabeak alkarri esatera. Gaur ez da iñortxore agiri, ta, arritzekua izango litzake. Bakarrik ote naiz? (Kanpora begira) Ez orratiok. Ementxen dator gure auzoko Pantxikiñaxi. Orain ere ekarriko du onek saltxa kontuen bat...

PANTXIKIÑAXI: Egun on, Katalin!

KATALIN: Baita iri ere. Gaur goiz abil, neska!

PANTXIKIÑAXI: I, goizago etorri aiz.

KATALIN: Etxean zer egiñik eneukatxenan eta sulla aitzekitzat artuta emen kontu batzuek jakitera etorri naun.

PANTXIKIÑAXI: Ez baakiken ba, ni ere zaleturik natxionan iturri ontara etortzeko.

KATALIN: Zer berri dakarkin?

PANTXIKIÑAXI: Ez dakin guzti-guztia!...

KATALIN: Zer bada?

PANTXIKIÑAXI: Oik kontuk! oik kontuk aitzen dira gaurko egunean.

KATALIN: Esan zan ba, azkar.

PANTXIKIÑAXI: (Sulla koxkan utzita) I ere ni bezela, Arbaxtanekoak dezakenak eta ondo bizi diralakoan egongo itzan.

KATALIN: Bai, neska, ainbeste panparroikeri ibiltzen al-diten. Zer gertatzen da?

PANTXIKIÑAXI: Arrituko aiz, neska. Atzo, arrautz bat prejituko baziñaten, auzoko Txingurrinea joan omen itunan zartagi billa.

KATALIN: Jesus! Arbaxtanekoak orrenbeste erori al dira?

PANTXIKIÑAXI: Lengo egunean berriz, oin batean galtzerdi urdiña ta bestean beltzakin joan omen unan argiezkillako mezatara.

KATALIN: Zeñek esan! Tokitara joan ditun oien lujo ta aundinaiak.

PANTXIKIÑAXI: Ta ez al den ik beste konturik jakin?

KATALIN: Nik ez, neska, ez diñat ezer jakiten.

PANTXIKIÑAXI: Beraz ez al den entzun Txotxaneko Bittori ezkontzen dala?

KATALIN: Zeñekin? Neskatx txaldan orren zale dan mutil txoro ori zein da?

PANTXIKIÑAXI: Egun guztian pentzatzen egon da ere ez ukenan asmatuko.

KATALIN: Neskatx muki-jario arren zale dan mutilla ere nolabaitekoa izango den. Zein da ba, zein?

PANTXIKIÑAXI: Zelaietako amerikano mutil zarra.

KATALIN: (Algaraz) Ja, ja, ja. Nolako Maritxo, alako Perutxo. Ene! Beraz Jeolimo mutil zar, sudur oker, baldar ori dabil Bitori'ren atzetik? Astean bi ostiral izango dizkin orrekin ezkontzen bada.

PANTXIKIÑAXI: Arraultz bat prejitzen ez omen zekin; mantal bat sekulan ez omen din garbitu eta eskoba nola artzen dan ere ez omen din oraindik ikasi.

KATALIN: Besterentzako gaizki esanka mingaña ibiltzen bazekin ba!

PANTXIKIÑAXI: A, bai, ori bai, maxiatzalle eta saltxa sortutzalle bikaña den.

KATALIN: Ezdizkiñau aditzeko guztik oraindik aditu. Aitaren, Semearen!...

PANTXIKIÑAXI: Bañan, zer egin bear ote du orrek ezkonduta?

KATALIN: Oraindaño bezela, dendarik-denda kontua an ta berriketa emen, saltxa, gezurra ta berritxukeria dariola ibiltzen dala usteko din orrek ezkontzea.

PANTXIKIÑAXI: Oraingo gazteak olakoxeak ditun: olloa burun ta ibilli mundun.

KATALIN: Aizan, da... bai al-dakin Etxetxiki'ko etxekoandre doña Gumertsinda egun oietan ez dala iñon ikusten?

PANTXIKIÑAXI: Alaxen den.

KATALIN: Zerbait pasa ote zaio?

PANTXIKIÑAXI: Baliteken, neska. Alderdi oietan ikusten ez danean!... Gaizki egongo den onenean.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Eurebitxo.

 

EUSEBITXO: (Korrika sartzen da) Ama, ama....

KATALIN: Zer bear dezu, ume?

EUSEBITXO: Su ondoan zegoan eltzea katuak jo-ta babarrun ta guzti irauli du.

KATALIN: Ta, zer?

EUSEBITXO: Su guztia itzalduta gelditu da.

KATALIN: Ene! nuan, nuan azkar etxera, bestela nere gizonak lanetik datorrenean ilko nau ta... (Katalin sulla buruan artuta Eusebitxo'kin batean joaten da).

PANTXIKIÑAXI: Ariyo, neska, gero arte (Jendeari) Or dijua naiko saltxa ta gezur esan ondoren. Kristaubak! ez det emakume au bezin berritsugorik nere denboran ikusi! Ta besteren etxeko gauzak maxiatzen ez litzake beñere aspertuko. Katuak eltzea bota diola ta or dijua. Sukaldean egon balitz etzion ez botako! Bañan, sukaldean egon bañon saltxa kontari egotea naigo baitu! (Itxoegin bat egin ondoren). Ta doña Gumertsinda gajua! Ain emakume ona ta txintxoa da-ta. Zer gaitz ote du?

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Pantxikiñaxi ta Joxepa.

 

JOXEPA: (Txarro txuri batekin ur billa dator) Jainkoak egun on dizula.

PANTXIKIÑAXI: Baita zuri ere (A zer nolako bargaxta dan auxe ere). Ur billa beaz, e?

JOXEPA: Bai, gure señoritak txokolatea artzeko ur prexkoa bear omen du, ta lenbailen eman bearko diogu.

PANTXIKIÑAXI: Aizu, ta, zuk entzun al-dezu doña Gumertsinda gajoa nola dagoan?

JOXEPA: Nik ezertxore ez. Zer gertatzen da ba?

PANTXIKIÑAXI: Egun oietan gaizki xamar ote dagoen esan dute.

JOXEPA: Ene! Ez nekien ezer. Baita, atzo ikusi nuen don Agustin medikua kale artatik barruna pasatzen!

PANTXIKIÑAXI: Orra, bada, esan dutenez oso gaizki emen dago.

JOXEPA: Ta orain gogoratzen naizela, doña Gumertsinda'ren neskamea txokolateritik kandela batzuekin atera-ta, presaka xamar beren etxean sartzen ikusi nuen atso.

PANTXIKIÑAXI: Pulmonia edo orlako gaitzen bat ez badu beintzat!

JOXEPA: Ez litzake arritzekoa izango. Alakoxe egualdi txarrak egiten ditu egun oietan-da.

PANTXIKIÑAXI: Ta, elizakoak artu ote ditu bada?

JOXEPA: Aizu, onenean ontarako izango zituan neskameak kandela aiek.

PANTXIKIÑAXI: Ai! Jesus, Jesus! Erri ontan ori gauzak gertatzen dira! Batzuek iltzeko zorian ta besteak ezkontzaz pentzatzen.

JOXEPA: Zer ba?

PANTXIKIÑAXI: Zuk ez al-dezu jakin Txotxaneko Bittori ezkontzen dala?

JOXEPA: Ez nik. Ene! Txotxaneko Bittori ezkondu? Norekin?

PANTXIKIÑAXI: Zelayetako Jeolimo mutil zar traketz arrekin, emakumea!

JOXEPA: Ikusiko litzake!

PANTXIKIÑAXI: Ta lengo egunean biak, mano a mano ta debrasiete ibiliyak emen dira, Billapranka'ko periyan.

JOXEPA: Musua garbitzen oraindik ikasi ez da, bereala ezkontzeko pronto!

PANTXIKIÑAXI: Eltzeari gatza ematen ikasi baño len, asten dira oraingo neskatxak ezkontza kontuetan.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Pelipatxo.

 

PELIPATXO: (Saltoka sartu ta eusten dio amari mantalatik) Ez al du etxera joaterik pentzatzen ama?

PANTXIKIÑAXI: Orainixe etorri naiz, ume, ta bereala banoa.

PELIPATXO: Nun da aitaren gosaria? Zortzik jo dute ta oraindik sua ere piztutzeko dauka...

PANTXIKIÑAXI: Alaxen da, ta, ez nintzan batere gogoratzen.

PELIPATXO: Ona dago gure aita! Sorginka ari da.

PANTXIKIÑAXI: Bera tabernan noiz atera ez dakiala egoten danean, beraren zai ixil asko egon bear izaten degu bada guk!

PELIPATXO: Tira, ama, goazen azkar etxera.

PANTXIKIÑAXI: Bai, neska, banatxian (Sulla buruan artuta) Gero arte, Joxepa.

JOXEPA: (Bakarrik) Gero arte, bai. (Jendeari) Orixe bai dala egitako sorgiña. Erriko jende guztientzat beti badu zer esana. Bere burua berriz xanta bat bezela dauka. Nik ez dakit nola bizi dan. Egun guztian txutxu ta mutxu besoak tolestuta, auzoko eskaratz ta denda guztitan batekin ta besteakin berritxukerian pasatzen du. Ta, jakiña gero, etxean ez su eta ez gosari. Besteren etxea gobernatzeko bai abilla, naiz bere etxeko baztarrak nola-ala egon!...

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Joxepa ta Katalin.

 

 

KATALIN: (Berriz sulla betetzera dator) Bai al gaude ba, Joxepa.

JOXEPA: Bai, txarroa beteta oraintxe nijoan etxera.

KATALIN: Ez dakizu zeñen bertso politak erosi dituten!

JOXEPA: Nun?

KATALIN: Orixe, Zerkausiko ixkiñan. Ezetz asmatu zeñenak diran?

JOXEPA: Galtzaundirenak?

KATALIN: Ez.

JOXEPA: Bilintx'enak?

KATALIN: Ez, ta.

JOXEPA: Zeñenak bada?

KATALIN: Zelaietako Jeolimo mutil zarrari, Txotxaneko Bittori bere andregaiak jarriak.

JOXEPA: Asarretu al dira?

KATALIN: Bal, ez altzekizun?

JOXEPA: Nik ez. Ta, orren azkar bialdu al du?

KATALIN: Bai, ta, ikusiko dituzu bertso xelebriak orain. Naiko par egingo dezu.

 

        (Irakurriaz)

                                —1—

                Erri ontako guztik jakindu dezaten

                bertso berri batzuek asi naiz gaur jartzen

                nolako nobiyua agertu zitzaiten

                eta zeregatikan orain deten uzten.

 

                                —2—

                Jeolimo izena, Zelai'tan da bizi

                neregana etorri zitzaidan lenbizi

                itz legun ta politak egiñaz zan asi

                atzenerako nik det aspertuta utzi.

 

                                —3—

                Orlako gizon aulak dirade etortzen

                Amerikan goseak egondu ondoren

                gezurra eta saltxa sorturik an da emen

                ibiltzen dira neska guztik engañatzen.

 

                                —4—

                Bigote zorrotza du, aundia tripotxa

                ezpañetan puruba, korbatan orratza

                relojuko katetik zintzilikan ontza

                urria izateko paltsua du otsa.

 

                                —5—

                Oien antzekoakin ezkondutakoak

                izango ditu maiz ta ugari malkoak

                ni bezelako neskatx biotz onekuak

                senarra artzerako atera kontuak.

 

                                —6—

                Berriz etortzen bazait neri orlakorik

                burruntzia sartuko diot tripetatik

                ez detalako nai nik orlako gizonik

                nere begi aurrean beñere jartzerik.

 

        (Bertsoak bukatzean algaraz asten dira biak).

 

JOXEPA: Jeolimo ere etzaio ixilik geldituko.

KATALIN: Nik ala uste. Arrazoiakin da, bereala erantzun naiko dio.

JOXEPA: Erantzungo dion bezela. Zer bada, nai duen guztia esaten neska txaldan ori utzi? Ez nik beintzat, ez nioke utziko...

KATALIN: Atrebitu bertso oik jartzea!

JOXEPA: Eta kaletan saltzen ustea!

KATALIN: Bera xanta bat balitz bezela!

JOXEPA: Eltze bat egun da sekulan ausi ez balu bezela.

KATALIN: Alperragoa da gañera neskatx ori!

JOXEPA: Enasa, utzia ta narratxa.

KATALIN: Moztutzeko alperkeriz ere, beatzetako azkazalak kana bat lluze ibiltzen ditu.

JOXEPA: Eta gañera tximinia baño beltzagoak.

KATALIN: Arpegia berriz krakax beteta eukitzen du.

JOXEPA: Soñekoak koipez zikinduta...

KATALIN: Lirdinga dariotela...

JOXEPA: Usai zikiñezko kiratsa boteaz...

KATALIN: Eta, zeñek eta orrek bertsoak jarri bear Jeolimo bezelako mutil txukun jator bati!... Puff!

JOXEPA: Ez ditugu aditzeko guztik oraindik entzun ez!

KATALIN: Besterentzat bai, izaten du orrek zer esan naikoa.

JOXEPA: Ta bitartean bera baño saltzera aundigorik iñor ez.

KATALIN: Esango nuke...

JOXEPA: Aizu, ekaizkiatzu bertso oiek etxean despazio irakurtzeko.

KATALIN: Tori... bañan, ez galdu ez.

JOXEPA: Jesus! ez nuke nai. (Katalin'ek Joxepa'ri ematen dizkion bertsoak, onek patrikaran gordetzen ditu).

KATALIN: Ta, orain gogoratzen naizela, bai-altzekizun zuk kale barrengo doña Gumertsinda gaxo zegoala? (orain sartzen da poliki-poliki ateko langatik doña Gurmertsinda ta zerbaiten eskutuan jarri ta iturriko emakume oien saltxa guztik entzuten egoten da).

JOXEPA: Bai, pulmonia ote duan esan dute.

KATALIN: Orrenbesteraño?

JOXEPA: Elizakoak ere eman ote dizkioten entzun det.

KATALIN: Doña Gumertsinda gajoa! Sekulan gaxotasun bat ez diogu ezagutu ta, orain zartzarorako gaitz ederra sortu zaio.

JOXEPA: Bai!

KATALIN: Elizakoak eman dizkiotenerako ez da biziro ondo-ondo egongo.

JOXEPA: Au mundua! Zerbait bagerala uste degu ta ezer ez gera bitartean.

KATALIN: Zer egingo da ba-da, onezkero ez dago orrekin konturik.

JOXEPA: Nun da gure Jainkoak milagroen bat egiten ez duan!

KATALIN: Ori.

JOXEPA: Ez du beintzat doña Gumertsinda'k itzegiteko bide aundirik mundu ontan eman.

KATALIN: Aizu, orrengatik ere kontutxo batzuek zabaldu ziran garaia izan zan.

JOXEPA: Guztiok izaten degu zerbait mundu ontan, ta izaten ez badegu ere ez da beñere paltatzen nor edo nor, diranak eta ez diranak esateko ta sortzeko.

KATALIN: Alaxen da bai; maxiatzalleak obetogo dira baztarretan.

JOXEPA: Esango nuke!

KATALIN: Nik ez dakit batzu-batzuek beren lanak noiz egiten dituzten. Gure lanak beintzat geok egiten ez baditugu, egiteko gelditzen dira.

JOXEPA: Alaxen da.

KATALIN: Guk baño abilidade aundiagoak izaten dituzte nunbait.

JOXEPA: Mingañean bai.

KATALIN: Doña Gumertsinda gajoa! Ezin aztu zait!

JOXEPA: Ez da neri ere...

KATALIN: Aizu ta, orain gogoratzen naizela, gaur goizean argiezkillakin batean, il-kanpaia jo dutela iruditu zait!

JOXEPA: Doña Gumertsinda'ren agoni-kanpana ote zan ba?

KATALIN: Alaxen izango zan.

JOXEPA: Aita gure bat bere animaren alde errezatu dezagun. (Biak «Aita gurea» errezatzen ari dirala sartzen da Pantxikiñaxi).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Pantxikiñaxi.

 

PANTXIKIÑAXI: Oraindik emen al zaudete?

KATALIN: Oraintxe ari giñan «Aita gure bat» doña Gumertsinda'ren animaren aldez errezatzen.

PANTXIKIÑAXI: Il al da?

KATALIN: Bai, neska, pulmoni gogorren batek arrapatu ta elizakoak artu ondoren il ote dan esan diten.

PANTXIKIÑAXI: Bai, ta, gaur goizean ikusi diñat kale nagusitik barrena entierro bat pasatzen.

KATALIN: Ene, seguru asko doña Gumertsinda'rena.

JOXEPA: Beraz gaur, lurperatu dute! Ta, gu, ezer jakin gabe.

KATALIN: Zeñek sinistu orain dala bi egun ain sendo ta bizkor zebillena gaur lurperatua dagoala esatea! (Irurak orla ari dirala agertutzen zaiote bide-ertzetik doña Gumertsinda eta au ikusten dutenean, bildurrez dar-dar gelditzen dira).

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta doña Gumertsinda.

 

DOÑA GUMERTSINDA: Jainkoak egun on bat dizuela.

IRURAK: Ene! Doña Gumertsinda dirudi! Alaxen da! (Ikaraz).

DOÑA GUMERTSINDA: Ez al nazue ezautzen, edo zer?

IRURAK: Bai, bai, bera da!...

DOÑA GUMERTSINDA: Zein nitzala uste zenduten ba-da?

PANTXIKIÑAXI: Bedorri il zala ta... esan ziguten-da...

DOÑA GUMERTSINDA: Ni, il? Zeñek? Zuen mingain zikiñak! Kalean jakin ta etorri naiz, zuek neregatik iturri ontan asmatutako kontuk entzutera. Zuek ez uste arren, orko bide-bazterretik entzun dizkitzuet neregatik sortu ta esan dituzuen naspil ta gezur guztiak.

KATALIN: Neri beintzat bedorri il dala esan diate.

JOXEPA: Neri ere bai.

PANTXIKIÑAXI: Baita neri ere.

DOÑA GUMERTSINDA: (Gogor) Gezurra. Zuek irurok sortu dituzue kontu oiek. Zuek gaxotu ta elizakoak eman ondoren lurperatu nazue. Neronek entzun ez ba-nizuen ez nuen usteko orrenbesterañoko mingain luze ta zorrotza zendutenik. Sorgin, alper, berritsuk! Zoazte emendik zeon etxeetara ango zoko ta baztarrak txukuntzen ta garbitzen bearra eukiko dute-ta.

 

LENBIZIKO ZATIAREN BUKAERA

 

aurrekoa | hurrengoa