|     28-29-30 zenbakiak, 1934ko apirila-maiatza-ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EKITALDIA

 

        On Roman'en etxeko gela nagusia. Guztiz apaña. Atzean ate zabal aundiya gela aurrea ageri dala. Ezker eskuitan, ateak. Alkiluze, besalki ta alkitxuak, guztiak ederrak. Mai ta apainketak batian eta bestian.

 

 

LENDABIZIKO AGERRALDIA

I.

 

Kloklo, Maibe ta Felixa.

 

(Ezkutazapia altxatzeakoan, atzeko atean norbaiti begira balego bezela Felixa azaltzen da. Au neskamea da, ta etxe aundietako neskameen erara janzia dago. Asti labur baten ondoren Kloklo ta Maibe, zerbaitek naskatu dituelako antza egiñaz, atzeko atetik sartzen dira. Kloklo 30 bat urteko, beti ume izan nai duen emakume oietako bat da. Maibe 20 urteko neskatxa gaztea. Biak aundizki ta aundizale, apainketa ikusgarriakin jantzlak, eta biak zein baño zein txoruagoak).

 

KLOKLO: (Sartzerakoan neskameari mukerki itzegiñaz)

        Neskatxa, ez diozute atariari askorik begiratzen.

FELIXA: Anderea, ataria goizian garbitu dute.

MAIBE: Eta gu etortzerako zikinkeri ori atarira urreratuko zan noski.

FELIXA: Azketsi. Ez jakiñean izan da. Beste neskamea erratzarekin bereala bialiko det.

MAIBE: Erratzarekin, ez; zakurrarekin biali bear dezu.

KLOKLO: Ez al dezute zakurrik etxean?

FELIXA: Etxean bat degu, ta bi olan, fabrikan.

MAIBE: Irurak bota itzazu bada atarira, zarpazar ori uxiatu dezaten.

KLOKLO: Zikiñez jositako lirdinga jariyo orri ixtar bat jan dezaioten.

FELIXA: A! Baña... Beartsuaren bat al da? Txiroen bat?

KLOKLO: Arlote zarpail, naskagarri bat, bai.

FELIXA: Orduan, ez erratz eta ez zakur; ogi puska edo zerbait diruekin beste neskamea bialiko det.

 

(Felixa'tzaz iseka egiñaz Kloklo ta Maibe'k
algara nabarmenak egiten dituzte)
.

 

KLOKLO: Ja! Ja! Orrelako ergelkeririk entzun al dezu?

MAIBE: Uztea aski ez dala gañera saria eman.

KLOKLO: C'est definitif!

FELIXA: Nagusi etxekoandreak orretan oso zorrotzak dira. Eskaleai ondo egin, eta al dan laguntza emateko, mirabe guztiak aginduak gauzkate.

MAIBE: C'est terrible.

KLOKLO: Bañan, txatxala alena, besterik ez bada, gu bezelako aundikiak datozenerako, zarpazar oiek uxiatu bear dirala ez al dakizu?

FELIXA: Ez genezake orrelakorik egin. Bai etxekoandreak eta bai nagusiak, eskaliai arrera ona beti bañan beti egiteko agintzen digute.

MAIBE: C'est inutil.

KLOKLO: Zuaz, emakumea, zuaz; eta etxekoandreari zai gaudela esaiozu.

FELIXA: Bereala esango diot.

 

(Felixa juaten da).

 

KLOKLO: Alperrik da; dirua, bai, baña aberats izaten ez dakite.

MAIBE: Ni, beintzat, zarpazar orrek botatzen zuen usai naskagarriarekin erdi txorabiatuta nago.

 

(Maibek esku-zorrotik usai gozodun bonbillatxua atera,
ta bere burua bustitzen du. Gero margo batzuekin
arpegia kolpatu. Kloklo'k berdin egiten du)
.

 

KLOKLO: Izan ere, onelako etxe batean sartzeko sudur ta begiak itxiak euki bear dira.

MAIBE: Esku artean darabilgun asmo onartsuagatik ez balitz...

KLOKLO: Eta asmo orretarako dirudun auen bear ez bagiña.

MAIBE: Dirua bear dan tokian balego, izan bear ez genuken bezela.

KLOKLO: Egia diozu.

        (Biak, apainketak egin ondoren eseritzen dira).

        Baña, gaurko egunean, arlote kaskarrenak utsetik atera, ta, afarra bezela goratzen zaizkigu buruzgain egiteraño.

MAIBE: Jainkoak dakien lan naskagarrietan, izerdi ta kolpea dariotela dirua egiten dute, ta, orrenbesterekin beren buruak gurekin bat, edo gu baño-ere geiago egin nai.

KLOKLO: Ori da nik ezin eraman detana. Atzaparrak, oraindik ere, babaz betiak lanaren aztarrenak ezagun dirala; larruan, neke astunaren gorritasunak ezin gorde; ta, ala ere, dirua dutela, ta dirua dutela...

MAIBE: Ta ori da ez lutekena izan bear.

KLOKLO: Ez, noski. Len besterik zan. Sendi batzuek, gurasoetatik seme-alabetara beti aberatsak izaten ziran. Besteak, tartekuak, ondo zeudenak; urrengoak langilleak, eta azkeneko, txiroak. Baña, txiroak, beti txiro; langilleak, beti langille; ondo zeudenak, beren era onean; eta gu, aberatsak, beti aberats.

MAIBE: Ta gu bakarrik aberats.

KLOKLO: Bai, ba. Gu bakarrik.

MAIBE: Orrela balitz orain ere, obe izango litzake.

KLOKLO: Guretzat beintzat, bai. Baña orain, atzo txiro zana, gaur, diruz puztu ta guztien gain ikusten dezu.

MAIBE: Aberatsen mallakoak ez diranai, ez lioteke utzi bear dirua izaten, neurri batetik gora. Ori da ta To-to'k esaten duena. Oiek gañezka duten dirua, aberatsetara, guretarretara biurtu bear lukela.

KLOKLO: To-to gizarajoa. Egun auetan Biarritz'era egin duen juan etorrian azkeneko txibotaraño galdua izan bear du. Gañezka duten auen dirua, ondo etorriko litzaiokela uste det.

MAIBE: Ondo etorri, ez dakit; baña, ondo juango litzaiokela, bai.

KLOKLO: Berriz ere, Biarritz aldera.

MAIBE: Baña, diruak, orrelakoentzat izan bear luke. Bada, To-to, dirurik ez izan arren, beti jatorrizko aberatsa izango da. Arren irudi zalduna, arren jazkera egokia, arren izkera leuna, gauza guzietarako duen xik maitagarri ura...

KLOKLO: Etxe ontako nagusiak ez duana. Kalean dijuanean ere, beatzak gerrontze, txalekoko sakaletan sartu, ta badirudi esaten dijuala: ogei milla duro, berrogei milla duro, irurogei milla duro...

MAIBE: Beti diruaren arrokeria.

KLOKLO: Ezkontzerakoan ere ikusi zenuen zer egin zuen. Emengo sendi aundikietan dan aña neskatx lirain, apain, ikusgarri; prantzez eta ingeles dakitenak, beribillak ederki ibiltzen dituztenak, tenis jokoan oso trebeak, dantza berriak iñork ez bezela dakizkitenak... eta zozo ori, erri txiki batera emazte billa juan zan.

MAIBE: Ez da beaz aundikietakoa?

KLOKLO: Zer nai dezu izatea, Katalina deitzen dan emakume bat.

MAIBE: Izan ere.

KLOKLO: Ta ez uste izena apainduko duenik. Beste edozeñek bere tokian, izen orretatik egingo luke Ta-ta...

MAIBE: Edo ka...

        (Kontuan eroriaz)

        Ai, ez, ez.

KLOKLO: Baña orrek, ez du orrelako kardabik. Emakume txatxalagorik ez dezu arkituko.

MAIBE: Nik begiz ezin ikusi det.

KLOKLO: Nik, itz xamur bat ezin esan diot. Ez dit barrenak laguntzen.

MAIBE: Orain ere, nik doi-doi itzegingo diot.

KLOKLO: Bear bearrekoa bakarrik.

MAIBE: Ta par irri gutxi.

KLOKLO: Edo batere ez.

MAIBE: Eta legor.

KLOKLO: Otz.

MAIBE: Izotz.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

II.

 

Kloklo, Maibe ta Katalina, azkenean Felixa
ta On Ramon azaltzen dira.

 

(Une onetan Katalina atzeko atean azaltzen da.
On Roman'en emaztea da; 28 urtekoa, apainki jantzia,
baña nabarmenkeri gabe. Buruan ez dakar txapelik)
.

 

KATALINA: Azketsi. Luzaroan itxoin al didazute?

 

(Kloklo ta Maibe, biak batean altxa, Katalina'rengana juan,
musuka jan bearrean eraso,
ta izketan txanda ezin arturik asten dira)
.

 

KLOKLO: Emen degu gure etxekoandre laztana!

MAIBE: Etxe onetako emazte zoragarria!

KLOKLO: Beti bezela, apain!

MAIBE: Beti bezela lirain!

KLOKLO: Beñere baño ederrago!

MAIBE: Beñere baño gozatsuago!

KATALINA: Orrenbesteraño, ez. Zuek bezelako apainketa ikusgarriak tajutzen ez dakidala, ezagutzen det.

KLOKLO: Ez zazula orrelakorik esan.

MAIBE: Apainketan iñor ez bezelakoa zera.

KLOKLO: Zuk dezun soñeko «Crêpe Georget» zoragarria da.

MAIBE: Eta, bestea, «Crêpe Marrokin» ura, amets bat.

KLOKLO: Baita ere... «Vin de Bordeaux»...

MAIBE: Eta... «Chartreuse»...

KATALINA: Burua galduko det, orrelako... limurkeriakin.

KLOKLO: Zure buru maitagarria ez da orren errex galtzekoa.

MAIBE: Guztiak, zurekin, txoraturik daude.

KLOKLO: Lenguan esaten zidan Zarzaparrilla'ko markesa'k...

MAIBE: Eta atzo, Karabaña'ko kondesak esan zidan...

KATALINA: Lotsatu bear nazute... Tira, tira, exeri zaitezte. Exeri gaitean.

KLOKLO: Nai dezun bezela.

 

(Irurak exeritzen dira).

 

KATALINA: Orain, zer dakarzuten, esango didazute.

MAIBE: Zure bear gera.

KLOKLO: Zu bezelako emakume atsegin baten bear izatea, ez da arritzeko gauza.

KATALINA: Jakin zagun bada, zertarako bear nazuten.

 

(Kloklo ta Maibe'k asteko, alkarri keñu egiten diote).

 

MAIBE: Kloklo'k esango du.

KATALINA: Tira, bada.

KLOKLO: Ez dakit jakingo dezun, baña, Krix-krax'en...

MAIBE: Krix-krax.

KATALINA: Krix-krax?

KLOKLO: Bai, ikaragarrizko zorigaitza izan da.

MAIBE: Tragique!

KLOKLO: Itxasadar bat izan dute Urak baztar guziak ondatu ditu. Illak, millaka dira. Elbarrituak, ezin esan ala. Ta, osasunaz ondo gelditu diranak, jateko ere ez, dula, oso kupigarri arkitzen dira. Ango gosia ezagutu ez dan bezelakoa omen da.

MAIBE: Gauz oiek entzunda, neri barrenak jira egiten dit.

KATALINA: Tamalgarria da, bai. Nik ez nekien ezer ere. Ta, non esan dezute gertatu dala ori?

KLOKLO eta MAIBE: Krix-krax'en.

KATALINA: Krix-krax. Orra... ez det beñere izen ori entzun.

MAIBE: Guk ere ez orain arte.

KATALINA: Eta Krix-krax ori, zer da? Erridiren bat?

KLOKLO: Ugartea izan bear du. Isla.

KATALINA: Ta non dago? Urrutiko zerbait izango da?

KLOKLO: Oso urrutikoa izan bear du. Bañan, egin ditugun alegin guziakin, ez degu bere aztarrenik arkitu.

MAIBE: Ludi idaztian, mapan ez dagola, Toto'k esan digu.

KATALINA: Izen orretako ezer izango ote da gero...

MAIBE: Izango ez da bada?

KLOKLO: Azkeneko «Le boudoir des elegantes», Paris'ko aldizkingi ikusgarriak, guzia garbi azaltzen zuen.

MAIBE: «L'effrayante catastrophe du Pacifik»

KLOKLO: Eta zekarkien gañera, egin diran jai, jostaketa, dantza, bazkari...

KATALINA: Baña, zer... alako eriotz eta goseak dituztela, jostaketa ta dantzarako gogua daukate ugarte artan?

MAIBE: Ugarte artan ez.

KLOKLO: Jai oiek, aundikiak biltzen diran errietan egin dira.

MAIBE: Niza'n, Kanes'en, Dobill'en...

KLOKLO: Eta emengo aundiak ere, gaizo aien alde zerbait egin nai degu.

MAIBE: Ta, orretarako, zure laguntza bear genuke.

KATALINA: Nik... bai... orrelako gaitz aundiak Izan ezkero, naiz urrutietan izan laguntzera biurtuak gaudela derizkiot...

MAIBE: Guk esan deguna.

KLOKLO: Ori bera esan degu guk.

KATALINA: Baña, gañerakoan... Egia da, gure Jesus ona, gurutzean, besoak zabaldurik, bere beso maitetsuetan erridi danak, gizaldi guztiak laztan beroan artzen zituela il zala; ta guk ere guztientzat gure diru-laguntza zabaldu bear degula... Baña... zer nai dezute... ni beti urrutikoaz baño urbilgoak geiago kupitzen naiz, baño, bertako txiroak geiago limurtzen naute, gure artean ditugun beartsuak biotz barrenagoan sartzen zaizkit.

MAIBE: Ai ez! Txiroak urruti, urruti.

KLOKLO: Zenbat eta urrutiago, obe.

MAIBE: Aldean, beren usai nardagarriarekin naskatzen dute.

KLOKLO: Aixtian, emengo ateetan ere...

MAIBE: Ai! burua galduko nuela uste nuen.

KATALINA: Txiroen bat izan al da?

KLOKLO: Zarpazar zikiñez jositako bat.

MAIBE: Affreux!

KATALINA: (Altxazera egiñaz)

        Zerbait eman ote diote?

KLOKLO: Ez dago toki txarrean.

MAIBE: Zure neskameak ondo ikasiak daukazkizu.

KATALINA: Agintzen diotet beintzat. Ateetara datozen beartsuaz oso kupitzen naiz.

MAIBE: Gu urrutikoaz bezela.

KLOKLO: A! gu, beti. Juan dan urtean ere, egin genuen beste jai bat...

MAIBE: A! bai. Txina'rako.

KLOKLO: Txitxikan'go anka-motzen alde.

MAIBE: Ura jai diztikorra!

KLOKLO: Berdiñik gabekoa.

MAIBE: Delicieux!

KLOKLO: Gabeko amarretan asi zan.

MAIBE: Eta eguna argituta amaitu.

KLOKLO: Ni goizeko lau ta erdietan etxeratu nitzan.

KATALINA: Orren berandu? edo orren goiz?

KLOKLO: Baña, ango edertasuna!

MAIBE: Ango apainketak! Ango argiak!

KLOKLO: Ango jazkerak!

MAIBE: Ango erazkerak, zion Toto'k.

KLOKLO: Toto'ren esaerak, dira oiek. Baña, jaia antzekorik ere ikusi ez dan bezelakoa izan zan.

MAIBE: Merveilleux! Fantastique!

KLOKLO: Ango jaki ta edari gozoak, ango jostaketa alaitsuak, ango dantza zoragarriak... Ori, bai, garesti atera zitzaigun; eta ala, dirua ondotxo bildu arren, Txitxikan'ara bialtzeko ez zitzaigun gelditu ogei ta bost pesta besterik.

KATALINA: Orren gutxi?

KLOKLO: Eta, ortik, bialtzea zalata zerbait kendu ziguten.

MAIBE: Toto'k zion, Txitxikan'ara, txakur aundiren bat iritxiko zala.

KATALINA: Ez da asko.

KLOKLO: Baña, nolanai dala ere, diru ori artzerakoan, naiz gutxi izan, ainbeste aundiki gau guzian orretarako bilduak egon zirala jakiteak, asko poztu bear zituen.

KATALINA: Orri bai ez diotela antzik ernaten. Nere errian negola, Aita Santuaren aginduz mixioen alde eleiz-jai ospetsu bat egin zan. Ez dizutet esango dirutzak bildu ziranik, baña al-zuenak gogoz eta laztanki ekarri zuela, bai. Ondoren, eleizan bildu giñan, eta mixiotarren alde gure otoitz biguñenak Jainkoaren oñetara igo genituen. Ala beraz, bildu zan diruaz gañera, gure otoitzak ere lagungarri izango zituzten. Baña, zuek jan eta edan zenutenakin, zuek dantzatu ziñatenakin, zer aurreratuko duten Txitxikan'go anka motzak?

KLOKLO: Ez uste... guk ere, eleiz jaiak tajutu izan ditugu.

MAIBE: A! Binagreta'ko bizkondesa'ren nexkari lenbiziko letagiña atera zitzaionean egin zana, ikusgarria izan zan.

KLOKLO: Eleizak, baratz loretsu bat zirudien.

MAIBE: Orduan bezelako aberastasun eta edertasunik eleiz artan ikusi ez zala, guztiak zioten.

KLOKLO: Bañan, eleizetan ezin da nai bezelako jai apain eta ikusgarririk tajutu.

MAIBE: Apaizak ez dakite.

KLOKLO: Oso atzera daude.

KATALINA: Ez zazutela orrelakorik esan.

MAIBE: Ez dute aundikientzat, bear dan begirapenik.

KLOKLO: Antzokietan bezela, eleizetan ere, aundikientzat gelatxoak, palkoak, jarri bear lituzteke; baña, bai zera...

KATALINA: Ori, ez. Eleiza, jaun aundiaren etxea da, eta Jaun aundiak eta bere Doneak, bere Santuak bakarrik dute an jartokia; ta ezin iñola ere bizilagunik artu lezateke. Gañera, eleizan, ez du goratzen aundizki ta aberastasunak biotzaren garbitasun eta donetasunak baizik. Eta orrela gerta liteke, ateetan dagon itxu eskalea, aundiki aberats ospetsuena baño geiago izatea Jaunaren aurrean, jaunaren etxean.

KLOKLO: Bai; ta, gero, guztiak baltsan jartzen gaituzte, ta ortik dator iñola ere ezin egona jendearen nabarmenkeriakin.

MAIBE: Eta batzuek batzuek botatzen duten usai zikiñarekin kordia galdu bear da.

KLOKLO: Gogoratzen naiz bein eleizan negola, zalaparta bizian emakume lasai oietako batzuek ingururatu ninduten, batek jo, ta besteak bultza arrastaka eraman bear nindutela; ta alde batera biurtzen banitzan... a! bakallo gixatuaren usai nardagarriak txorabiatzen ninduen. Bestera biurtuta... ai! piper miñaren ats ezin eramana. Atzeratzen asi, ta, an berriz potajia mondongo ta guzi. Esan nuen, gosaria, bazkaria ta aparia bertan ditugu.

MAIBE: Neri berriz, bixiga zirudien atso lodi bat, izerdia ta koipia zeriola gañera etorri zitzaidan, eta tipula usai bat botatzen zuen... Ai, ura postria!

KATALINA: Zuen esaerak geiegizketak dirala badakit; baña, ala izanda ere, ezin eraman dirala derizkiazaizuten neke oiek ez dira gaizki etorriko gure obenen barkapenarako.

MAIBE: (Kloklo'ri belarrira).

        (Magazin d'antiquités)

KLOKLO: Baña, eleiz-gai abek utzi ditzagun, ta goazen gurera.

MAIBE: Krix-krax gaiera.

KLOKLO: Esandako jai ori eratzeko, emakume aundikietan berezienakin bazkintza bat, komisio bat jarri nai da...

MAIBE: Eta, orretarako, guztiak lenbizi begiz jo dutena zu izan zera.

KATALINA: Ai, ni ez!

KLOKLO: Zarpazarrilla'ko markesak...

MAIBE: Eta Karabaña'ko kondesak...

KLOKLO: Guztiak, guztiak, zu lenengo aukeratzeko itz batean daude.

MAIBE: Eta ori esatera etorri gera.

KATALINA: Ni, ez. Batetik, gabetan ateratzen ere ez naiz. Nere aur-gaxuak ez ditut bakarrik utzi nai izaten...

MAIBE: Zenbat dituzu?

KATALINA: Bi: nexka mutillak.

KLOKLO: Zoragarriak!

MAIBE: Ezagutzen dituzu beaz?

KLOKLO: Ez da ezagutu bearrik zoragarriak dirala jakiteko. Onelako ama batengandik ez liteke besterik sortu.

KATALINA: Osasuntsuak dira beintzat, eta nik nai detana ori da. Gero, onak eta Jaungoikoaren bildurrekoak izan ditezela.

KLOKLO: Izenak ere, jakiña, oso moñoñuak jarriko zenizkioten...

KATALINA: Mutillari, Iñaxio deitzen diogu.

KLOKLO eta MAIBE: Ai!

KATALINA: Eta nexkari, Karmentxo.

KLOKLO: Iñaxio...

KATALINA: Ez dakit izen polita edo itxusia dan. Dakitana da, emakume euskaldunengandik jaio dan gizon aundienaren, done goituenaren izen kutuna dala; ta orrek pozten nau.

KLOKLO: Karmen bai; deitu zenezaioke, Me-me.

MAIBE: Edo Ka...

        (Kontuan eroriaz)

        Ai, ez, ez.

KATALINA: Bada gabetan, nere nexka mutillak amaren musuarekin begiak ixtea nai izaten det; eta ondoren, senar-emazteak, beren lo gozoaren zaitzalle gelditzen gera. Ama batean ez da arritzekoa ta, nere aurrakin txoratua bizi naiz.

KLOKLO: Ni nere Flirt'ekin bezela.

KATALINA: Illobatxoren bat?

MAIBE: Txakur bat.

KATALINA: A!

KLOKLO: Baña, nolakua bera. Izketan ez daki; baña gañerakoan ez da umerik arren zentzua duenik.

MAIBE: Besterik ez bezelakoa da.

KLOKLO: Gabetan utzi bear izaten det; baña goizetan, esnatu orduko, zoratzen etortzen zait, eta musuka jan bear nauela ibiltzen da.

KATALINA: Musuka! Ori naska!

MAIBE: Nola... ezerk naskatzen ez zaitu ta...?

KATALINA: Txiroak ez naute naskatzen, egia; baña txakurrak, bai.

 

(Kloklo altxatzen da. Ondoren Maibe ta Katallna)

 

KLOKLO: Amaitu zagun bada. Txiroentzako dezun lei bizi orrekin ezin ukatuko zera, gure jaia eratu bear duen bazkintzarako zure izena ematen.

KATALINA: Orretarako zuen lagunetan ni baño egokiagoak badituzute.

 

(Katalina'k atzean ateko txintxarria jotzen du).

 

MAIBE: Iñor ez da zu bezin egokirik.

KLOKLO: Guztiak orretan daude; ta, zuk izan bearko dezu.

KATALINA: Ni, ez; ez naiz gabetan ateratzen... ez naiz jai oien zalea...

KLOKLO: Alaere. Guztien gogokua zu zera.

 

(Felixa atzeko atean azaltzen da).

 

KATALINA: Ez zait iduritzen ba; ez, ez. Senarrari esango diot baña...

MAIBE: Senarrak ez du zer ikusirik.

KLOKLO: Senarrak, zuk nai dezuna naiko du.

KATALINA: Orrengatik, berari esan gabe, ez det ezer egin nai izaten.

 

(Irurak atzeko ate aldera).

 

KLOKLO: Zaude bada zure senarrarekin, eta zer esaten dizun jakitera etorriko gera.

MAIBE: Baiezkoa izan dedilla.

KATALINA: Ikusiko degu.

 

(Atzera irixten dira, ta Kloklo'k eta Maibe'k
Katalina musukatzen dute)
.

 

KLOKLO: Zure edertasuna, gure artean maiz ikusteko zoria izan dezagula.

MAIBE: Aizea bezin bearra zaitugu.

KATALINA: Eskerrikasko.

KLOKLO: (Juanez)

        Eta ez aztu gure mandatuaz.

MAIBE: Gogoan euki...

MAIBE eta KLOKO: Krix-krax.

KATALINA: Bai, bai.

 

(Agur egin ondoren eta Felixa aurretik dutela Kloklo ta Maibe juaten dira. Katalina, aiei begira, atzean gelditzen da. Une onetan On Roman, juan diranai agur eginta bezela, atzean azaltzen da. Senar-emazteak alkarri begiratzen diote, gero juan diranai begira egoten dira, urrena azken agurra egiten diote, ta orduan biak aurreratzen dira. On Roman 40 urtedun gizaseme oso egokia da).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

III.

 

Katalina ta On Roman, gero On Braulio ta Felixa.

 

ON ROMAN: Ikustariak izan dituzu beraz?

KATALINA: Nolakoak berak! Beren umekeriarekin buruko tximetaraño nastu naute.

ON ROMAN: Zorigaitzez orrelako buru arin asko arkituko dituzu.

KATALINA: Oien neurrikoak gutxi. Txorakeria txorakerien gañean, uskeri baten ondoren ziztrinkeri aundiagokoa, itxura gabeko asmo ta arinkeriak... Eta guzien gain, ezin gorde duten aundikitasun arrokeriz betea.

ON ROMAN: Aundikitasuna! Beren egipen gogoangarriak sortetxeko arrietan ezarri zituzten aundiki ospetsu aiek berpixtuko balira, ta beren ondorengoak jostallu parragarri egiñik ikusi, lotsaz berriro ilko lirake.

KATALINA: Orain, Krix-krax'en zorigaitz aundien batzuek izan omen dira...

ON ROMAN: Krix-krax? Berak sortutako izenen bat izango da ori.

KATALINA: Itxurak badira. Bada ango elbarritu ta beartsuentzat jai bat eratu bear omen dute.

ON ROMAN: Ori, da; jaia, jostaketa, erokeria. Oien buruetan ez dago besterik. Krix-krax'ko zorigaitzengatik ez diote ajola aundirik. Buruarinkeri, dantza, jostaketen ondotik dabiltza oiek.

KATALINA: Eta jai ori eratzeko ni bear omen naute.

ON ROMAN: Etzaitela oien tartean sartu, emakumea.

KATALINA: Ez nuke nai beintzat.

ON ROMAN: Orrelako zorigaitzak izan badira, bear dana emango da; ta ez zaite orretaz geiago kardabatu. Utzi beaz ori alde batera, ta, nai badezu, eguneroko ibilketa egitera irtengo gera.

KATALINA: Andere oiek etorri diranean, gertutzen negon. Bereala emen naiz.

ON ROMAN: Emen itxoingo dizut.

        (Katalina atzetik juaten da. On Roman aurreratzen da).

        Etxe orren eskaera ezin burutik bota det.

        (Exeri ta eskutitz salostar bat zakalelik alerata irakurtzen du).

                «Zuri ordaindu bear dizuguna

                »bere egunean ordaintzeko

                »gaizki ibilli bear genuke.

                »Orra zergatik iru illabeteko

                »luzapena eskatzen dizugun»...

        Gezurra dirudi!

                «Zure biotz ona ezaguturik,

                »gure eskapen au ondo artuko

                »dezulako ustean gelditzen gera.

                »Esker ugariak.»

        Etxe au izan danarekin... Artu-emanetan beti zintzo, zuzen, zorrotz. Jabeak berak ere ondo zeudenak. Ez zan beste onelako etxe bat... Eta, orain... Egun abetan ikusten detanik ez det nik egundaño ikusi.

 

(Felixa atzeko atean azaltzen da)

 

FELIXA: Nagusi jauna.

ON ROMAN: Zer da?

FELIXA: On Braulio etorri da.

ON ROMAN: A! Braulio! Datorrela, datorrela.

 

(Felixa atzetik juaten da.
On Roman eskutitza gorde ta
atzeko atera alderatzen da)
.

 

        Iritxi zanik ere ez nekien; baña berarekin egotea ez zait gaizki etorriko.

 

(Felixa aurretik dala On Braulio atzean azaltzen da.
On Braulio 40 urteko gizasemea da,
bizar eta illegorri antzekoakin.
Arpegian, saloskari dala ezagun du.
On Roman'i eskua ematen dio, ta biak aurreratzen dira.
Felixa juaten da).

 

ON ROMAN: Braulio!

ON BRAULIO: Zer diozu?

ON ROMAN: Ondo, ta zu?

ON BRAULIO: Txit ondo.

ON ROMAN: Ez nekien etorri ziñanik.

ON BRAULIO: Bart iritxi nitzan.

ON ROMAN: Ondo ibilli zera beraz?

ON BRAULIO: Ezin obetoago.

ON ROMAN: Exeri zaite, exeri zaite.

ON BRAULIO: Eskerrikasko.

 

(Biak exertzen dira).

 

        On Bitor Lekuona'k zuri ikustaldi bat egiteko agindu zidan.

ON ROMAN: A, On Bitor! Zer dio? Oso sendatu al da?

ON BRAULIO: Gogorra izan duela ezagun du; baña onik dago. Badakizu, urteak ondotxo ditu ta...

ON ROMAN: Besteak ere osatzen baguaz.

ON BRAULIO: Zuk, gai onetan, ez dezu oraindik itzegiteko eskubiderik.

ON ROMAN: Eta beren artu-emanetan nola dabiltza?

ON BRAULIO: Badakizu, etxe ori sendoenetakoa da, ta nolabait ere zerbait egiten dutela ezagun dute. Baña, gañerakoan, oiek ere, besteak bezela, negar-marraska batean daude. Baztar guzietako espa da, etxe guzietako deadarra...

ON ROMAN: Ez zaidazu berritu, burutik ezin bota detana. Orain bertan Romeral anaien eskutiz bat artu det eta luzapena eskatzen didate.

ON BRAULIO: Ez dezu arritu bear.

ON ROMAN: Baña, etxe ori izan danarekin...

ON BRAULIO: Ala ere. Badakizu: batzuek besteakin lotuak bezela daude; batzuen teinkadak besteak eraman bear dituzte; eta guztiak sare batean estuturik bezela arkitzen dirala, larri aldi batzuek izatea ez da arritzekoa.

ON ROMAN: Ni arritzen naiz ba.

ON BRAULIO: Emen gertatzen dana da, urte on batzuek aurretik bota ditugula, ta, ondorengo kaskar abek, astun arkitzen ditugula ezin eramanik gelditzen gerala.

ON ROMAN: Urte onak... esango nuke. Nik beintzat, bai. Iru urte izan ditut zoruak. Lana, egin ala baño geiago. Irabazia, nai añakoa. Orain, orduko bi lanegin arren, ezin erdirik irabazi da. Orduan, bai. Iru urte aietan, nere olak, nere fabrikak asko eman, asko irabazi ditut.

ON BRAULIO: Lana ere ala egin zenuen.

ON ROMAN: Egia da. Nik onek etorri bear zuela, bei gizenen ondoren, bei meak, igarrak azalduko zirala ikusten nuen.

ON BRAULIO: Nik ere igartzen nion, bai.

ON ROMAN: Geiago esango dizut. Nere alderdia artua daukat.

ON BRAULIO: Ez nuke ezetzik esango. Zuk gauzak urrutitik ikusten bai dituzu.

ON ROMAN: Gure ola-lan eta salosketak jetxi bear zutela banekien, eta goien geldituko dan irabazpidea begiz jo nuen. Irabazpide au, diru-etxea, Bankua da.

ON BRAULIO: Ez da txarra.

ON ROMAN: Ez dezu oberik. Gaur, bakarra dala, esan liteke. Eta abetan, sendoena, izen onekoena «Banco Minero» da.

ON BRAULIO: Neronek ere, bat izatekotan, gallurrena ori dala, esango nuke.

ON ROMAN: Izango ez da ba. Oiek zabalduak dauden bezela, oiek duten aña artu-eman... Eta gañerakoak gañerako dirala, buru egiten duten gizonak artakoak, trebeak, azkarrak, dirudunak, guzia dezaketenak.

ON BRAULIO: Ori bai. Alderdi abetan ez da oien neurriko gizonak.

ON ROMAN: Ez ba! Orrengatik Banko orretan leporaño sartu naiz dituanak eta ez dituanak orrera eraman ditut. Azkenean, nere emaztearen ontasunak ere bertan sartu ditut.

ON BRAULIO: Ez dezu galduko. Ez dago toki txarrean.

ON ROMAN: Arrisku zerbait badala, ezagutzen det.

ON BRAULIO: Bai, baña; zu zeran tokian... zu beti ondo aterako zera. Zuk... sukaldeko kedarretik ere urria egingo zenuke ta. Or, ere, urria egingo dezu.

ON ROMAN: Asmo orretan nago. Orain gertatzen zaidana da, esku artean diru doi doiekin gelditu naizela... ta etxe batzuek erdipurdi dabiltzala, besteak luzapena bear dutela, ta gañerakoak ala nolabait arkitzen dirala... zerbait larri ematen didate.

ON BRAULIO: A! Etxe oiek zu baño gaizkiago daude.

ON ROMAN: Orrekin nik zerbait aurreratzen banu...

ON BRAULIO: Beti bezela, zu, orain ere aurrera aterako zerala ez ezpairik izan.

ON ROMAN: Saiatuko naiz beintzat.

ON BRAULIO: Loak artuko ez zaituela, badakit.

ON ROMAN: Lo egiteko urte onak datoz.

ON BRAULIO: Egia.

ON ROMAN: Eta, beaz, On Bitor, oso pixkorturik arkitu al dezu?

ON BRAULIO: Len aña itzegiteko gogorekin.

ON ROMAN: Itzegiteko gogoa etorri bazaio, gañerako gaitzak botako dituala uste det.

ON BRAULIO: Zutzaz asko itzegin zidan.

ON ROMAN: Lengoa bada asko itzegin bear.

ON BRAULIO: Oso maite zaitu.

ON ROMAN: Egia; ta nik ere maitasun berarekin erantzuten diot. Alakoxe gizon atsegiña da!

ON BRAULIO: Zuri ikustaldi au egiteko ez dakit zenbat aldiz esan zidan.

ON ROMAN: Esango zizun, bai.

ON BRAULIO: (Altxiaz. On Roman ere altxatzen da).

        Eta... orretara etorri naiz, eta agindua bete detan ezkero utzi bear zaitut. Badakizu nik ere nere egin bearrak baditut oraindik eta...

 

(On Roman'ek atzean ateko txintxarria jotzen du).

 

ON ROMAN: Zure agerraldi au asko eskertzen dizut.

 

(Biak ate aldera asten dira).

 

ON BRAULIO: Badakizu: lagundu al baneza, agindu besterik ez dezu.

ON ROMAN: Orobat zuk ere.

 

(Une onetan Katalina atzean azaltzen da.
Txapela jarria, ta kanpora irteteko eran dago)
.

 

KATALINA: A, On Braulio!

ON BRAULIO: (Katalina'ri esku emanaz). Zer diozu?

KATALINA: Txit ondo, ta zu?

ON BRAULIO: Guztiz ederki.

 

(Felixa azaltzen da)

 

KATALINA: Zure bidaldian ondo ibilli al zera?

ON BRAULIO: Nai baño obetoago.

KATALINA: Eta etxean danak, ondo arkitu al dituzu?

ON BRAULIO: Oso onik arkitu ditut. Zuek ere ondo zaudetela ikusten det.

KATALINA: Ondo, Jainkoari eskerrak.

ON BRAULIO: Nexka-mutillak ere, ondo izango dira noski?

KATALINA: Txoragarriak daude.

ON ROMAN: Gurasoen alaitasuna oietxek dira.

ON BRAULIO: Irteteko zaudetela ikusten det, eta ez zaituztet luzatu azi nai.

ON ROMAN: Ez degu ezertarako larririk.

ON BRAULIO: (Katalina'ri esku emanaz).

        Orren ondo arkitzeaz asko pozten naiz.

KATALINA: Orobat ni ere.

ON BRAULIO: (On Roman'i esku emanaz).

ON ROMAN: Nai dezun arte.

ON BRAULIO: Agur.

ON ROMAN eta KATALINA: Agur.

 

(Agur egin ondoren, Felixa aurretik dala
On Braulio atzetik joaten da.
Katalina ta On Roman aurreratzen dira)
.

 

ON ROMAN: On Bitor Lekuonaren izenean ikustaldia egitera etorri zait. On Bitor-tzat gogoratuko zera noski?

KATALINA: Ez zenuten esan, oso gaizki zegola?

ON ROMAN: Ura, bera. Gizon oso atsegiña.

KATALINA: Guztiz maitekorra. Ta sendatu da beraz?

ON ROMAN: Bai noski. Oso sendatua izan bear du.

KATALINA: Orra beraz. Asko pozten naiz.

ON ROMAN: Orain, nai dezunean joango gera.

KATALINA: Ni gertu nago.

ON ROMAN: Goazen bada.

 

(On Roman'ek atzean ateko txintxarria jotzen du).

 

KATALINA: On Bitor orri elizakoak eman zizkiotela ez al zuten esan? Itzik gabe zegola?

ON ROMAN: Egia. Baña itza etorri omen zaio; ta len bezin ugari noski.

KATALINA: Gizarajua! Itzontzi xamarra zan, bai. (Felixa atzean azaltzen da)

FELIXA: Nagusi jauna...

ON ROMAN: Txapela ta zagona.

FELIXA: Bereala jauna. Baña, azketsi, ateetan txiro bat dago...

KATALINA: A! Len ere izan omen da. Aixtian joan diran andere oiek esan didate.

FELIXA: Neri ere bai, ta Mikela biali det, baña, iñor ez zegola esan dit. Orduan neroni joan naiz eta nik ere ez det iñoren zantzurik arkitu. Ez dakit au bera joango ote zan. Onek nagusi jaunarekin itzegiteko baimena eskatzen du.

ON ROMAN: Nerekin?

FELIXA: Ori eskatzen du.

ON ROMAN: (Katalina'ri)

        Oraintxe joan bear genuen, baña...

KATALINA: Ez utzi orrengatik...

ON ROMAN: Txiroa atetik bialtzeko kemenik ez detala badakizu.

KATALINA: (Exeriaz)

        Ez ta bear ere. Ibilketa geroago ere egingo degu. Ta gaur ezin bada biar.

ON ROMAN: (Felixa'ri) Orduan datorrela.

        (Felixa atzelik joaten da)

        Ez dakit zer bear ote duen.

KATALINA: Berari entzunta jakingo degu.

ON ROMAN: Euskaldunak esan oi degun bezela, eskalea Jainkoaren izenekoa da, ta Jainkoaren izenekoai ateak zabaldu bear dizkiegu.

KATALINA: Gero, guri ere Jainkoak betikotasunean zabaldu dezaizkigun.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

IV.

 

Katalina, On Roman, Alejandro ta Felixa.

 

(Felixa aurretik dala Alejandro atzean azaltzen da.
Alejandro 65 urteko gizasemea da.
Arpegi garbia, ille zuri antzekoak.
Txiro itxuran azaltzen da, ta janzkia zikin antzekoa,
oso eroria. Alejandro ateetan gelditzen da).

 

ALEJANDRO: Baimena ematen al didazute?

ON ROMAN: Aurrera.

 

(Felixa joaten da)

 

ALEJANDRO: Eguerdi ezkero, atarira etorri ta joan, etxe onetan deitzen ezin ausarturik ibilli naiz.

KATALINA: Orduan, len atarian izan dana zu izango zera.

ALEJANDRO: Ez dakit ni naizen; baña, etxe onetako atarira, bein baño geiagotan, gaur arratsaldean aurreratu naizela bai.

KATALINA: Emen izan diran andere batzuek esan didate.

ALEJANDRO: Ikusi ditut. Ez diotet ezer eskatu. Baña, purruztadik lotsagarriena, nik batere eskatu gabe, eman didate.

KATALINA: Barka zaiozute.

ON ROMAN: Oien xamurkeriak Krix-krax'ako dira nunbait.

ALEJANDRO: Emen beste arrerik egiten didazutela, ikusten det.

KATALINA: Jainkoaren izenekoai beti egin oi dieguna.

ALEJANDRO: Oneraño etortzen utzi didazuten ezkero, aurreratzeko baimenik izango al det?

KATALINA: Bai noski.

ON ROMAN: Len ere esan dizut.

 

(Alejandro, On Roman'engana aurreratzen da,
ta begiak berari josten dizkio)
.

 

ALEJANDRO: A, bai! Zu zera, bai!... Zu!!

ON ROMAN: Ni, ni naizela, badakit. Zu zein zeran, ez dakitana da.

ALEJANDRO: Ez naiz arritzen. Txiroen arpegietan gizantza ere galtzen da. Baña, zuk, jatorri antza garbi ezagun dezu... Bai... Roman!!

ON ROMAN: Nere izena, nondik dakizu?

ALEJANDRO: Zure izena ta izana, odolaren tanpadak adierazten didate.

ON ROMAN: Baña, zein zera zu?

ALEJANDRO: Itxura erori onetan, ezin ezagutu nazazuke. Ez zenuke iñola ere asmatuko... Ni naiz... Alejandro...

ON ROMAN: Alejandro?

ALEJANDRO: Alejandro, zure osaba.

ON ROMAN: Amerikan...

ALEJANDRO: Amerikan zenuen osaba, bai.

ON ROMAN: Osaba!

KATALINA: Osaba!

 

(Biak, besarkatu ta esku emateko asmoan Alejandro'rengana
urreratzen dira. Onek atzera-azten ditu)
.

 

ALEJANDRO: Ez didazute orelako laztankeririk egin bear! Ez naiz zuen maitasunen diñakoa!

ON ROMAN: Nola! Oben aundiren bat egin al dezu?

ALEJANDRO: Jaungoikoaren aurrean obendun naiz; gizonen aurrean ez det zergatik damuturik. Nere bizitzako gora bera guzietan beti zintzo, eskugarbi, Jainkoaren bildurrekoa izan naiz.

ON ROMAN: Orduan, zergatik atzeratzen zera? Zergatik atzera-azten gaituzu?

ALEJANDRO: Ez al dezu ikusten! Gañean daramadan beartsuaren, txiroaren zama astuna, gutxi iduritzen al zaizu?

ON ROMAN: Batere etzait iduritzen, eta atoz nere besoetara.

KATALINA: Osaba!

 

(On Roman'ek besarkatzen du.
Katalina'k eskua ematen dio)
.

 

ALEJANDRO: Zure emaztea izango da noski?

KATALINA: Eta zure illoba.

ALEJANDRO: Nik nai nituzken itzak, nere mingañera etortzea nai nuke, zuei, orain egiten didazuten ongietorri maitetsu au zenbat eskertzen dizutedan adierazteko.

ON ROMAN: Zure etorrerak oso poztu gaitu.

KATALINA: Atsegin aundi bat eman diguzu.

ON ROMAN: Ta, zure biziaren berri, zure uste gabeko etorrera onetzaz, ez al diguzu zerbait esan bear? Zu ikusita, zure berriak jakin naiak bizkorki zulatzen gaitu.

ALEJANDRO: Nere berriak ez dira barrena poztutzeko alakoak, ez... baña, esango dizkizutet.

        Zure aitonarekin, nere aita zanarekin itz batzuek izan, eta Amerika'ra jo nuen.

        An egon naizen urte luzeetan lana egin det. Besterik ez, lana. Eta lan asko egin det, asko.

        Batzuetan, itxas nastuan bagak zerurontz igotzen diran bezela, ni ere nere irabazi bikañakin goienera egatzen nitzan. Besteetan, lur azpian sartu bear dutela jexten diranen antzera, ni ere; oso ondaturik, be illun sakonera amiltzen nitzan.

        Eta, azkenik, gora-berako guda neketsuetan ondatu, lertu, txeturik... itxasoak zakarrak ondartzera botatzen dituen bezela, ni ere, nere atsekabeak sorterriko txoko onetara, zarpazar nazkagarri bat egiñik, bota nau.

KATALINA: Eta guk, maitetsu, jaso zaitugu.

ON ROMAN: Eta guk, laztan beroan, estutu zaitugu.

ALEJANDRO: Eta orretxek nere biotz gaxoa eten bearrean jarri du. Ez nuen beste ametsik! Ez nuen beste kutizirik! Eta nere amets eta nere kutiziak zuek, nik uste baño oparoago bete dituzute!

        (On Roman eta Katalina'ri esku emanaz).

        Eskerrak, esker sutsuak bioi... Eta, orain... uzten zaituztet.

        (Atze aldera egiten du).

KATALINA: Zer?

ON ROMAN: Nola?

ALEJANDRO: Ez naiz beste ezeren eskean etorri. Eskatu bear nuena, nik nai baño ugariago eman didazute. Ez det beste ezeren bearrik... Agur.

 

(Alejandro'k berriz ere atzera egiten du
On Roman eta Katalina'k jarraitzen diote)
.

 

ON ROMAN: Baña, nora joan bear dezu?

ALEJANDRO: Kanpora. Kanpo eder osasuntsura; eguzkiak berotu, aizeak garbitu, errekatxoak ozpildu, ta lore alaitsuak beren likurta zoragarriarekin usainztatzen duten zabaldegi atsegiñera. Txori gaxoaz begiratzen duen Jaun Aundiak, nitzaz ere, errukitsu begiratuko du.

ON ROMAN: Jaun Aundiak txoriai, ez diote etxerik eskeintzen; baria zuri, nere bitartez, zure asaben etxe jatorri au eskeintzen dizu.

KATALINA: Ta emen gelditu bearra zera.

ALEJANDRO: Ez! Ostatu zurian etortzea esango litzake!

ON ROMAN: (Atzeko atera joan, eta andik Alejandro'ri irteera eragozten diola)

        Etxe onetan sartzeko, ateak zabalak egon dira. Iges egiteko asmorik artzen badezu, itxiak arkituko dituzu.

ALEJANDRO: Baña, kaiolan sartu nai al nazute?

ON ROMAN: Kaiolan, ez; zure aurrekoen kabi maitatian, bai.

ALEJANDRO: Baña... baña... ezin emendik alde egin al nezake?

ON ROMAN: Iñola ere ez.

KATALINA: Gure artetik ezin joango zera.

ALEJANDRO: Orduan... Ez al dezute izango tellatupean, zoko illun, baztar ezkuturen bat?

ON ROMAN: Zertarako bear dezu?

ALEJANDRO: Emendik ezin joan niteken ezkero, nere bizitoki apal kaskartzat izan dezadan.

ON ROMAN: A, bai! Zoko ezkutu bat zuretzat badet. Atoz.

        (Ezkerreko utea iriki ta barrena erakutsiaz)

        Ona emen.

ALEJANDRO: Ez, ori ez! Ori neretzat... ez da egokia!

ON ROMAN: Nere aita zanak, bere azken egunak emen igaro zituen. Nere aitaren anaiak toki berean igaroko ditu.

ALEJANDRO: Arlote zarpazar onentzat geiegizkoa da.

ON ROMAN: Ez det oberik. Izan banu, obea emango nizun.

ALEJANDRO: Ez! Ez! Lander errukigarri au beste era apalagoko batean euki bear dezute.

ON ROMAN: (Atzean ateko txintxarria joaz).

        Ori orain erabakiko da.

KATALINA: Osaba bati dagokion eran eukiko zaitugu.

ALEJANDRO: Nere zarpazar abek ez dizute esaten zer naizen!

KATALINA: Zarpazar oiek, gure osaba barrenen daukatela adierazten digute.

ALEJANDRO: Au geiegizkoa da!

FELIXA: (Atzean azalduaz) Jauna...

ON ROMAN: (Alejandro erakutsiaz)

        Ikusten al dezu?

FELIXA: Gizon ori?

ON ROMAN: Jaun ori.

ALEJANDRO: Roman...

ON ROMAN: Jaun orri begirapen aundienarekin etxeko guztiak egingo diozute. Gure artean lenengoaz bezela ezagutuko dezute.

FELIXA: Bai, jauna.

ALEJANDRO: Ez, ori ez!

KATALINA: Ori, bai!

ON ROMAN: Jaun au... nere osaba da.

KATALINA: Osaba!

 

(Felixa'k Alejandro agurtzen du)

 

EZKUTAZAPIA JEIXTEN DA

 

LENENGO EKITALDIAREN AMAIA

 

aurrekoa | hurrengoa