|     28-29-30 zenbakiak, 1934ko apirila-maiatza-ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        Iruditegia lenengo ekitaldian bezela.

 

LENDABIZIKO AGERRALDIA

I.

 

On Roman eta On Braulio, gero Bixente ta Felixa.

 

(Ezkutazapia igotzerakoan On Roman eta
On Braulio exerita daude.
On Roman, maigañean esku-liburu baten
zenbaketa batzuek egiten ari da.
Amaitzen duenean, irakurriaz itzegiten du).

 

ON ROMAN: Gutxi gora bera, nik len esan dizudana: larogei ta amar milla, zortzireun eta berrogei ta bost pesta.

ON BRAULIO: Bada dirua...

ON ROMAN: Ia larritzeko ote dan.

ON BRAULIO: Zerbaitetarako bada.

 

(On Roman altxa, ta batera ta bestera dabil).

 

ON ROMAN: Lenbizi: Zaragoza'ko Aurelio Bonilla'k asiera eman zigun.

ON BRAULIO: Arrena ikusia zegon. Beñere ez zuen gauza zuzenik egin.

ON ROMAN: Azkenekoa, beintzat, ez zan zuzen-zuzena izan. Zortzimilla peseta an gelditu zitzaizkigun.

ON BRAULIO: Ura beti, ala-onlako gizona izan da.

ON ROMAN: Ondoren, Balenzia'ko Rebollin alarguna...

ON BRAULIO: A, bai! Senarra il ezkero, etxe arrek ez zuen geiago bururik altxa. Badakizu, semeak buru-arin xamarrak atera dira, lanerako batere arretik gabe, beren artu-emanai bear bezela begiratu ere ez ta... gaurko egunean berriz, badakizu...

ON ROMAN: Ez al degu bada ikusten. Gañean egonta ere lana naikoa dago.

ON BRAULIO: Gaur, gaur bezela, bai. Baña gizaseme aiek ametsetan bizi ziran.

ON ROMAN: Eta ametsetan amabost milla peseta eraman zizkiguten.

ON BRAULIO: Kaskarreko ederra da.

ON ROMAN: Bat esnatzeko bezelakoa.

ON BRAULIO: Egia da.

ON ROMAN: Gero, Sebilla'ko «Raimundo Peribañez'en semeak».

ON BRAULIO: A, bai! Badakit. Orra, ondo zegon etxea, itxurik gabe nola lurperatu zuten. Ta guzia, zergatik? Eta saltokia zeukaten etxea, beren etxea, iñon ez dan bezelako jauregi apain, ikusgarri batean biurtu bearra, buruan sartu zitzaiotelako.

ON ROMAN: Jakiñaren gañean nago, bai.

ON BRAULIO: An ondatu zuten diruak, neurririk ez du. Egin eta berritu. Jaso ta bota. Jaberik gabeko etxea balitz bezela. Langillien oporketa, geldi-aldia ere izan zuten.

ON ROMAN: Bai, noski.

ON BRAULIO: Ala, nolabait ere etxeko lanak amaitu zituzten; baña, bear alako lau diru ondatuta.

ON ROMAN: Gureak ere an ondatuko ziran noski.

ON BRAULIO: Gero, badakizu, etxe bizitzak ez zuten, erantzuten, eta salosketak erantzun bear. Eta jakiña; mando bati jaso al baño pixu geiago jartzen bazaio muturrez aurrera erortzen da, ta etxe orrek ere, orrela lurpe jo du.

ON ROMAN: Ta ogeita bi milla peseta azpian arrapatu dizkigu.

ON BRAULIO: Etxietan ezezik saltoki beretan ere, geiegizko apainketak, arrandi gareztiegiak, etxe asko kolokan jartzen ditu. Ezer salduko bada, apainketa oiek bearrak dirala esan oi da... baña, salosketak erantzuten ez badu?

ON ROMAN: Dan bezela dala; astero baditugu etxeak... batek purrut egin duela, besteak ordainketak geldi arazi, urrengoak luzapena eskatu... Astero! Batek zoratu bear du!

ON BRAULIO: Ez zera bakarra.

ON ROMAN: Baña gaurkoa, neurritik gorakoa izan da. Iru etxek, iruk! purrut egin duten albistea izan degu.

ON BRAULIO: Ez dakit zer ikusteko gauden.

ON ROMAN: Geiena txunditu nauena, eta orrengatik deitu dizut, Romeral anaien purrutekoa izan da.

ON BRAULIO: (Altxatzen da)

        Romeral anaiak?

ON ROMAN: Luzapena eskatu zutelako, arriturik, gauzari ezin antz emanik negon; eta, orain, lengoak ontzeko... purrutekoa.

ON BRAULIO: Ez nekien ezer ere.

ON ROMAN: Ez nik ere, ez nekien; eta ez nuen askorik uste.

ON BRAULIO: Romeral anaiak!

ON ROMAN: Zu izan berria zeran ezkero, zerbait argi, zerbait azalpen ematen ote didazun, deitu dizut.

ON BRAULIO: Ez, ba. Ez dakit ezer. Ez det ezer igarri. Nola izan liteken ere, ezin tajurik eman diot. Etxe ori izan danarekin!

ON ROMAN: Nik esaten nuena ori zan.

ON BRAULIO: Badakizu, nik an ikusi detana da... len ere esan nizuna: guztiak negar marraska batean daudela. Ez dala ezer saltzen. Ez dala dirurik.

ON ROMAN: Kaleetan beñere baño geiago dabillela dirudi bada.

ON BRAULIO: Ori orrela da. Kaleetan, dirua beñere baño ugariago ta nabarmenago azaltzen da, baña ez da saltokietara irixten. Ikusten danez, jendeak dirua erakusteko bakarrik izan bear du.

ON ROMAN: Zerbait esan liteke.

ON BRAULIO: Ez da ulertzen bestela.

 

(Felixa ta Bixente atzean azaltzen dira.
Bixente olako langille zar, 60 bat urtekoa da.
Lanerako eran jantzia dago.
Eskuan eskutitz bat dakar).

 

FELIXA: Nagusi jauna.

ON ROMAN: Bestea ere badegu! Gaur guzia erabatekoa izateko, auxe bear genuen.

ON BRAULIO: Ezin esan zenezake oraindik.

ON ROMAN: Ikusiko dezu. Ekatzak.

 

(Bixente'k auteratu, ta On Roman'i
eskutitza ematen dio. Felixa joaten da)
.

 

BIXENTE: Berorri emateko On Bruno'k eman dit. Eta gañera esateko...

 

(On Roman'ek, eskutitza artu, mai ondoan exeri,
eskutitza iriki ta irakurtzen du)
.

 

ON ROMAN: E! Ez det esan! Beste purrutekoa! Zoratu bear det! Puntilloren illoba'k!

ON BRAULIO: Puntillo'ren illoba'k!

 

(Maiera alderatzen da.
On Roman'ek eskutitza erakusten dio)
.

 

ON ROMAN: Ona non daukazun.

ON BRAULIO: Egia, bai, egia.

BIXENTE: Eta gañera esateko...

ON ROMAN: Ikusten dezu!

ON BRAULIO: (Mai ondotik alde egiñaz).

        Romeral anaien purrutekoa nola izan dan orain ulertzen det.

ON ROMAN: Zer esan ere ez dakit...

BIXENTE: Eta gañera esateko...

ON ROMAN: Gero esango diak. Itxointzak orain.

BIXENTE: Bai jauna, bai. Berorrek agindu arte itxoingo det.

 

(Bixente atzera joaten da)

 

ON BRAULIO: Badakizu, Puntillo abek, ostatu gain gañeko bat, Palace bat egin dute. Iñon berdiñik ez dan alakoa. Ango apainketa garestiak ikusi ez diran bezelakoak dira. Gero, guzia jantzi dute errege jauregi bat baño areago.

ON ROMAN: Ta gero gerokoak.

ON BRAULIO: Orain iru illabete iriki zan. An egin ziran jaiak, ango jateketak, erromatarren aroan ezagutu ez zan bezelako zerbait zala, guztiak zioten. Jateketa aietara joan ziranak, millaka izan bear zuten.

ON ROMAN: Bai; bazkariak jabearen bizkar ziran bitartean, millaka; ta gero bakoitzak bere zakeletik ordaindu bearra etorri danean, batere ez.

ON BRAULIO: Iñondik iñolare, orrelako zerbait gertatua izango da. Ta orrek purrut egin arazi diote.

ON ROMAN: Eta jateketa aiek guk ordaindu bear orain. Amorratzeko ere bada.

 

(On Roman berriro altxatzen da)

 

ON BRAULIO: Gero, badakizu, Puntillo abek, Romeral'en aideak dituzu. Beren artean, beti antolapen onean egon izan diranak. Eta, baten purrutekoak bestearena ekarri du.

ON ROMAN: Nere onetatik atera naiz oraintxe.

ON BRAULIO: Ez dezu geiegi larritu bear.

ON ROMAN: Ia nola oker abek zuzendu bear ditudan. Dirua egiten asi ta ere, orrenbeste zulo estaliko, beteko ez litzake ta.

ON BRAULIO: Bai, zerbait esateko bada. Neroni ere azkeneko onek kardabatzen nau. Zerbait iritxiko ote zaidan bildur naiz.

ON ROMAN: Eguna joan eta eguna etorri, batzuek besteen ondoren, eta guztiak katramil berakin; itotzeko zorian jarri naute.

ON BRAULIO: Ez dezu zure burua, orrenbeste estutu bear.

ON ROMAN: Gertatzen zaidana gutxi iduritzen al zaizu.

ON BRAULIO: Asko iduritzen zait. Ezin eta geiagozkoa derizkiot. Baña, nolanai dala ere, zuk azkenean zerekin erantzuna badezu.

ON ROMAN: Mingañarekin ez bada...

ON BRAULIO: Mingaña ta eztarria ere, zuk sendoak dauzkazu. Okerrenera jo ta ere, Banko Minero'tik nai dezuna atera zenezake, ta oraingo larrialdiari errex aurre emango diozu.

ON ROMAN: A! Nik bezin ondo dakizu, Banku'tik dirua ateratzen zein errex izaten dan; ateratakoak berriro eramateak zer lanak ematen dituen.

ON BRAULIO: Bai, baña, bearrean arkitu ezkero...

ON ROMAN: Ez; bearrean arkituta ere, ni orain nagon estualdi garratzean egonda ere, Bankuan daudenak ikutu gabe eginkizun au bete bear det. Bankuan daudenak, ondo daude. Aiek ikutzea nere amets guziak purrukatzea izango litzake.

ON BRAULIO: Eta aiek ikutu gabe ere antolatuko zerala uste det.

ON ROMAN: Ez dakit nola; buru auste gogorren artean arkitzen naiz.

ON BRAULIO: Baretu zaite, ta oraingo korapillo abek iñork baño obetoago azkatuko dituzu. Nik orain uzten zaitut. Puntillo oien purrutekoak ni ere zerbait kardabatu nau, ta agerraldi batzuek egin bear ditut. Beste berririk jakiten badet, esatera etorriko natzaizu.

ON ROMAN: Oraingoak baño berri obeak izango al dira.

ON BRAULIO: Noski. Badakizu, ekaitzaren ondoren eguzkia.

        (On Roman'i esku emanaz)

        Gero arte, bada.

ON ROMAN: Zoaz ondo.

        (On Braulio atzetik joaten da. On Roman oso oldozkor exerten da)

        Guztiak batean! Asnaz artzeko betik gabe! Esku artean detan guzia ez da aski aurre emateko. Baña, ala ere, ez det Banko'korik ikutuko. Ori ez! Beste edozer gauza ori baño len. Aiek gabe, ia nola...

        (Bixente aurreratzen asi, ostera atzeratu, itzegiten ezin ausarturik dabil)

        Nondik asi ere ez dakit...

BIXENTE: Nagusia, itxoiten emen jarraitu bear al det?

ON ROMAN: A! Itzanikan ere ia aztu nindukan. Ator.

 

(O. Roman, mai ondoan exeri zakeletik zerbait paper atera,
ta idazteko eran jartzen da,
Bixente bere ondora etortzen da)

 

BIXENTE: On Bruno'k esan dit len ekarri diotan eskutitz ura beorri ernateko; eta, gañera arrekin itzeginduenaz ez aztutzeko...

ON ROMAN: Orain jarriko diat.

BIXENTE: Eta gañera esateko...

ON ROMAN: Nik orain idazten detan paper mutur au, emango diok.

BIXENTE: Bai jauna; ta gañera esateko...

ON ROMAN: Zer? Zer da gañerako ori?

BIXENTE: Artillea ia aitu dala, ta berriro eskatu bearko duela.

ON ROMAN: Ori dek. Lengo zorrai ezin aurre eman, eta berriak egiten asi.

BIXENTE: Ori esateko esan dit.

BIXENTE: (Eta lanerako gairik gabe gelditzen bagera, okerrago berriz. Aurrera egin bearko).

        (Idazten du)

        Langille guztiak etorri al dira?

BIXENTE: Bai, jauna; guztiak etorri dira. Bat bakarra etorri gabe gelditu da. Zera, Txintxarri,... Emazteak bart aurra egiña izan bear du.

ON ROMAN: (Bere artean)

        Bat...

BIXENTE: Ez, jauna. Bi omen dira. Nexkak, mielkak.

ON ROMAN: (Bere artean)

        Ez... iru...

BIXENTE: Iru ez, bi bi. Ta, biak, gosaria ekartzen duen kaxuelan sartuko omen lirake.

ON ROMAN: (Idatziaz Bixente'ri)

        Eta Rufinak zer egin du?

BIXENTE: Orrek, ezer ez; neskazarra da ta... A! baña, obeto omen dago. Datorren astean etorriko omen da. Nik uste det, anka baldar orrek gero ere lanak emango dizkiola.

ON ROMAN: (Altxa ta Bixente'ri paper-muturra emanaz)

        To. On Bruno'ri eman akiok.

BIXENTE: (Atzera joaten asi ta geldituaz)

        Bai, jauna ... Eta beste esateko ura?

ON ROMAN: Bereala banoala.

BIXENTE: Bai, jauna.

ON ROMAN: Mai berria ekarri al dute?

BIXENTE: Bai, jauna. Oraintxe ekarri dute.

ON ROMAN: Lengua gertatu ez dedin, On Bruno'ri esan akiok ankai ondo begiratzeko.

BIXENTE: Rufina'ren ankai?

ON ROMAN: Zer Rufina, ta Rufinondo. Oa! oa! Egunetik egunera kirtenago jartzen ari aiz.

        (Bixente atzelik joaten da)

        Dan bezin zintzoa ez balitz... Etxean ogia baño, olan ori bearragoa det. Gizarajo orrek alduena beintzat, gogotsu egiten du. Orrek baño geiago lezateken askok, orrek bezela egin ala egingo balute, gure ola besterik izango litzake.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

II.

 

On Roman eta Alejandro.

 

(Alejandro ezkerreko gelatik ateratzen da.
Len bezela txiro jantzia dago)

 

ON ROMAN: A, osaba!

ALEJANDRO: Kaxo, Roman.

ON ROMAN: Baña, zer, nola ez zera jantzkiaz aldatu? Berriak, gelan utzi zizkizuten.

ALEJANDRO: Ikusi ditut, bai. Bañan, nere zarpazar abekin lasaiago arkitzen naiz. Zer? Ni onela ikusteaz lotsatu egiten al zerate?

ON ROMAN: Gure osabaz ez gera iñolako eratara lotsatzen. Egin dizugun arrera ona zuri egin dizugu, ez zure jazkerari. Beraz, apain edo zarpazar jantzia, gure zureganako nai ona berdiña izango da.

ALEJANDRO: Orrela ezagutua nago, ta ezagutza orrek nere barrena poztasun alaitsuaz bete du.

ON ROMAN: Baña, ala ere; gugatik ez izan arren, kanpora ateratzeko beintzat, ez zaude egoki era orretan.

ALEJANDRO: Zertarako kanpora atera, etxe barru atsegin onetan zeru txiki zoragarri bat arkitu badet.

ON ROMAN: Ez dezu ordea, etxetik atera gabe bizitzeko asmorik izango?

ALEJANDRO: Ori ez, baña ateratzeko oraindik beta dago: ta garaia danean, janzkiaz ere aldatuko naiz.

ON ROMAN: Nai dezuna egin zazu. Zu pozik ikustea besterik ez degu nai.

ALEJANDRO: Nagon baño poz geiagorekin; ezin. Etxe onek nere gaztearoko oroipen xamurrak berritu dizkit. Zuen arteko biziera maitetsu onek aspaldian ezagutu ez nuen gozatasun eztitsuan biribilkatu nau. Etxe onetako...

ON ROMAN: Etxe onetako jabe uzten zaitut ba. Olan zer egin asko daukat, eta bereala joan bear det.

ALEJANDRO: A, bai! Ez neregatik zure lana utzi.

ON ROMAN: Ala bear balitz, ori ere egingo nuke, baña...

ALEJANDRO: Ez; zure eginbearrai zuzen begiratu bear diezu. Lana zer dan ondo ikasia naiz. Beraz, nik, emen, nere amets gozo abetan jarraituko det... eta, zu, zure olara, zure lanera.

ON ROMAN: Orduan gero arte, osaba.

ALEJANDRO: Gero arte, Roman.

        (On Roman atzetik joaten da Alejandro'k aurreratu ta iruditegiko alde guzietara begiratzen du)

        Barrenez berritua dago; emengo apainketak ez dira neretzat ezagunak; baña ormak, ormak bai, lengoak berak dira.

        (Bizkar aundiko besalki batean exertzen da)

        Orma zar abek, nere garai eztitsuenaren oroipen xamurra berritzen didate.

        (Atzea erakutsiaz)

        Or, atzean, nere aurzai Terexa'rekin jostaketa alaitsuetan ibiltzen nitzan.

        Emen, toki onetan berean, nere lenengo jaun artzerakoan, etxeko guztiak, eta kanpoko adiskideak zoratu bearrik ibilli ninduten. Emen zan. Emen bertan.

        Nik orain lo egiten detan gelan, nere aita zanak, nere ama maitetsu arrek lo egiten zuten.

        (Eskuikoa erakutsiaz)

        Or aurreko gela orretan, izeba Kontxexi il zan. Ainbeste maite ninduen izeba, nere kasketaldi guziak ezin beterik ibiltzen zana; etxeko guztiekin nituen eztabaietan beti nere alde ateratzen zan... Guztiak joan ziran! Il ziran! Nere gurasoak, nere izeba, Terexa aurzaia... Guztiak! Guztiak! Baña, beren oroipen eztitsua orma zar abek nere biotzean berritzen dute.

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

III.

 

Alejandro, Kloklo, Maibe ta Felixa.

 

KLOKLO: (Barrenen ojuka)

        Etxean ote dan, begira zazu bada.

MAIBE: Gu gerala esaiozu.

KLOKLO: Lengo eguneko andere aundikiak gerala.

 

(Felixa aurretik dala Kloklo ta Maibe atzean azaltzen dira.
Aurreratu gabe Felixa'rekln itzegiten dute)

 

MAIBE: Gaur atarian, ez zegon lengoan bezelako zikinkeri ezin eramanlk.

KLOKLO: Lengoan bezelako arlote naskagarririk.

MAIBE: Ura zarpazar nardagarria!

KLOKLO: Usai zikin zarpiltsua!

 

(Felixa joaten da.
Kloklo ta Maibe aurreratzen asten dira,
ta une onetan Alejandro altxatzen da.
Kloklo ta Maibe'k ikusten dutenean,
ate ondoan kuskurtuta,
ezertarako kemenik gabe gelditzen dira)
.

 

KLOKLO eta MAIBE: Ai!

MAIBE: (Kanpoan ez, baña, barrenen degu).

KLOKLO: (Zarpazar, lirdinga jarioa).

        (Alejandro'k andereak agurtzen ditu; abek geroago ta ikaratuagoak ez diote erantzuten ere. Ixil aldl labur baten ondoren Alejandro'k itzegiten du)

ALEJANDRO: Ez bildurrik izan. Atarian egin zenidaten purrustada lotsagarri ura, ez det zuei biurtzeko asmorik. Neretzat gordetzeko ustean nago.

KLOKLO: (Cynique!)

MAIBE: (Crètin!)

ALEJANDRO: Exeri zaitezte.

KLOKLO: Ez nuen uste, onelako jauregi batean, orren morroi apañak izaten ziranik.

MAIBE: Orren morroi... fashionable.

ALEJANDRO: Azketsi; ez naiz morroia.

MAIBE: Ez, noski. Au, etxe onetako chambellan izango da.

ALEJANDRO: Ezta ere. Etxe onetako nagusi etxekoandreen osaba naiz.

KLOKLO eta MAIBE: Ai!

KLOKLO: Quelle noblesse!

MAIBE: Quelle ascendence!

 

(Alejandro anderetara urreratzen da)

 

ALEJANDRO: Baña, exeri zaitezte.

KLOKLO: Exeriko gera; baña, zu, urrutixago zoaz.

MAIBE: Zuk botatzen dezun Parfum d'ambre antique'k burua artzen digu.

 

(Alejandro eskerrera joaten da)

 

ALEJANDRO: Urrutiratuko naiz... nik erabilli detan ur garbiak bururik artu ez dezaizuten; zuek darabilzkizuten ur zikiñen usai zaketzak ni txorabiatu ez nazaten.

MAIBE: Merci.

ALEJANDRO: Du not mention it.

 

(Kloklo ta Maibe exertzen dira)

 

KLOKLO: Aundikietakoak gerala jakin bear dezu; ta ez gaudela gure buruak edozein zarpazarrekin bat egiteko.

MAIBE: Gure aurrekoak beti leñargiak izan dirala.

ALEJANDRO: Zuen aurrekoak...

KLOKLO eta MAIBE: Bai.

ALEJANDRO: Ez dezute noski Adan eta Eba'ren gatik esan naiko. Bada, nere aurrenekoak ere oietxek berak izan ziran: Adan eta Eba.

KLOKLO: Ez, geroxeagokoak dira.

MAIBE: Moins prehistoriques.

ALEJANDRO: Moises edo Salomon? Alejandro aundia edo Kleopatra ederra?

        (Kloklo ta Maibe'k ezezko izeka keñuak egiten dizkiote) Onenean Zesar Augusto altsua... edo Neron... edo... Kaligula!

KLOKLO: Ez, ez.

ALEJANDRO: Kaligula'k aundiki batzuek irasi zituen... Bere zaldia ere konsul egin zuen. Zaldi ura ez da noski zuen aurrekoetakoa izango?

KLOKLO: Batzuek beren aurreko zaldiak izan litzateke; baña, badira aurrekotzat astoak dituztenak ere.

ALEJANDRO: Arrantza ori, neregatik izango zan noski?

KLOKLO: Ori zuk igarriko diozu.

ALEJANDRO: Nik, zuen aurreko izan litezken otsaundiko batzuen izenak azaldu dizkizutet.

KLOKLO: Eta, oiek ez dirala, garbi adierazi dizugu.

MAIBE: Gure aurrekoak geroxeagokoak dira.

ALEJANDRO: Geroagokoak badira, ez dezute arritu bear geroagoko oien aurretik, zuen odol beroko tximini garbitzalleen batzuek izatea.

KLOKLO: Geroagoko oien aurretik zer izan diran ez dakigu; bañan, ondorengoak lanik egin bear izan ez dutela, bai.

ALEJANDRO: Orduan, alperzulo batzuek izan dira.

KLOKLO: Leñargiak, ospetsuak, itzal aundikotzat, beti, ezagutu izan dituzte.

MAIBE: Jaun eta andre oso goratuak.

ALEJANDRO: Neretzako ez du ezerk, lanak bezela goratzen.

MAIBE: Arloteen usteetan, ez noski.

KLOKLO: Lanaren krakarekin, gure aurrekoak eta guk ez degu eskurik zikindu bearrik izan.

ALEJANDRO: Lana! Jaungoiko onaren zigorkada bat da. Baña, Jaun altsuaren egintza arrigarriak zigorkada ori bera, Jaunaren eskuzabaltasunak, gizonaren saririk gallurrenean biurtu du.

        Lanak, umearen kemen gordeak ernarazitzen ditu.

        Lanak, gaztearen bizkortasun durduriak eraztu, txarrerako griña bigurriak onera zuzendu, itxumen itzaltsuenak leunki argitu, ta biziko naigabeak menpetzeko bikaintasun zaintsuaz jazten du.

        Lanak, gizonaren trebetasun mardulak sendotu, adimenaren su gartsua pizkortu ta egingai egoki ta ausartenak bururatzen dizkio.

        Lanak, eta lanak bakarrik, gizona goraitzen du. Lanak, eta lanak bakarrik, gizadiko erregetza jatorra, gizonari ematen dio.

KLOKLO: Orduan, guztiok, atxurrean asi bearko degu.

MAIBE: Régime de sans-culottes!

ALEJANDRO: Ez; ez dute nekazariak bakarrik lan egiten, ezta ere argin eta igeltzero, arotz eta margolariak bakarrik; lan egiten dute oien lanak berak, asmatu, eratu ta zuzentzen dituztenak; lan egiten du saloslariak bere artu emanetan, lege gizonak bere maiean, idazlariak bere liburuetan; lan egiten du, ta lan goragarria, sendalari erneak bere gaxoai osasuna biurtzen; lan egiten du, ta lan gurgarria apaiz jaun ongilleak, betikotasuneko bideak erakusten.

        Guztiak, guztiak lan egiten dute.

        Zuek bakarrik, eta zuen aurrekoak lanaren krakaz ez zerate zikindu.

KLOKLO: Zuk ez dezu aberatsik ikusi nai. Zuk, zu bezelako zarpazarrak bakarrik nai dituzu.

MAIBE: Bolcheviqui!

ALEJANDRO: Ez; ez naiz aberatsen kalte ari. Aberatsak bear bezelakoak diran aberatsak, zenbat on egin lezateken.

        Erri txikietan, orain utsak, erdi erorian dauden jauregi zarretan bizi ziran aberatsak zenbat malko txukatu zituzten, zenbat atsekabe gozotu; zugatz ongilleak bezela, beren itzalpe maitetsuan erriko kezka ta naigabeak xamurtzen ziran.

        Baña, orain, erri txikietatik alde egin dute, denak erri aundietan pillaka bildu dira, ta zertarako? beren erokeri ta nabarmenkeriaz beartsuen atsekabea geiago ta geiago mindu, garraztu, zulatzeko.

        Zugatz itzaltsu maitatia izan bear zuena, sasi arantzez josia biurtu da.

        Zugatza onetsitzen degu, sasi nabarmena su ta gar kixkali bear da.

MAIBE: Ona berriz inpernuko Patxi, nondik atera zaigun.

KLOKLO: Esan dituzun txorakeri oiek, zu bezelako arlote zarpallen artean, ikasiko zenituen noski. Zuk ez badakizu ere, gu beste era bateko aundikiak gera.

MAIBE: Esango nuke.

KLOKLO: Orain bertan ere, etxe onetara etorri bagera, elbarritu gaxo, goseak iltzen dauden batzuen alde darabilzkigun eginkizunagatik da.

MAIBE: Atsekabe aiei zerbait laguntza bialtzeko darabilzkigun lanak jakin bazenitu, ez zenituen esango orrelako aterakeri ergelak.

ALEJANDRO: Asmo oiek oso ondo arkitzen ditut...

MAIBE: Bai noski.

KLOKLO: Artu bear.

ALEJANDRO: Baña, tartean... zerbait jostaketa edo dantza... ez ote darabiltzute gero?

KLOKLO: Ez dakit zer darabilgun... baña bref! gu emengo etxekoandrearekin gai orretaz itzegitera etorri gera, ta ez zure txorakeriak entzutera.

        (Kloklo altxatzen da. Ondoren Maibe)

        Baña, etxekoandrea ez da ageri, ta...

ALEJANDRO: Deitu al diozute?

MAIBE: Neskameari esan zaio.

KLOKLO: Emen sartzerakoan esan diogu.

ALEJANDRO: Ez dakit ezer. Bear bada ez da etxean izango.

KLOKLO: Nolanai dala ere, ezin itxoin genezake...

ALEJANDRO: Jakiña, zuen lanak... ai, ez! zuen lanak, ez. Zueen... ibilketak.

MAIBE: Ibilketan jarduntzen bagera al genezakelako izango da.

ALEJANDRO: Noski.

KLOKLO: Dana dala etxekoandreari esan zaiozu...

ALEJANDRO: (Kloklo ta Maibe'ren gana alderatuaz) Nai dezuten guzia.

MAIBE: Baña, atzeraxeago.

KLOKLO: Atzeraxeago.

ALEJANDRO: (Atzeratuaz)

        A, bai! Zuen usaiak txorabiatu ez nazan.

KLOKLO: Esan zaiozu bada, Zarzaparrilla'ko markesa Niza'ra dijoala...

MAIBE: Niza'ra.

KLOKLO: Ta eratu bear degun jaia, berak badaki...

MAIBE: Berak badaki.

KLOKLO: Illabetez atzeratu bearko degula.

MAIBE: Bai; gutxienaz illa betez.

ALEJANDRO: Orduan, goseak ia illian dauden aiek, illa betean oso ilko dira.

KLOKLO: Ori ez da zure egitekoa.

ALEJANDRO: Ez; aien egitekoa da.

MAIBE: Zuk esan zaiozu bai, ta...

 

(Kloklo ta Maibe atze akdera asten dira.
Alejandro, beren ondotik asten da, baña,
andereak atzera arazten dute)

 

ALEJANDRO: Esango diot.— Baña, bitartean; beste dantzen bat antolatu bearko dezute.

KLOKLO: Bitartean, nai deguna egingo degu.

MAIBE: Ondo datorkiguna.

ALEJANDRO: Bai, baña... goseak ia illean dauden aiek, illabete goseak iraun lezateke; zuek, ordea, ezin illabete dantzatu gabe egon zindezteke.

KLOKLO: Utikan, arlote petrala!

MAIBE: Zarpazar lotsagabea!

 

(Kloklo ta Maibe oso asarre atzetik joaten dira)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

IV.

 

Alejandro ta Katalina.

 

ALEJANDRO: Lanik egiten ez duten abek, beren txorakeriekin, zer lanak darabilzkiten. Alperrik eramaten diran neke asko, azken on baterako artuko balira, zenbatek ondoren obeak izango lituzteken.

        (Katalina eskuiko atetik sartzen da)

        A! Katalina... Ez dakizu zer galdu dezun!

KATALINA: Norbait izan al da?

ALEJANDRO: Bi andere aundiki...

KATALINA: A!

ALEJANDRO: Ez berak, eta ez beren aurrekoak, lanarekin beñere kutsutu gabeak.

KATALINA: Baña, txorakeri ta buruarinketaz oso kutsutuak.

ALEJANDRO: Baleiteke. Goseak ia illik dauden batzuen alde laguntza billa omen dabiltza.

KATALINA: Badakit, bai.

ALEJANDRO: Baña, orain, laguntza ori illabetez atzeratu bear omen dute; ta, beraz, gosea illabetez luzatu.

KATALINA: Ez nago oien txorakeriekin burua nastutzeko. Beste zerbaitek oso kardabatua nauka. Ez al diozu Roman'i zerbait igarri?

ALEJANDRO: Ezertxo ere ez. Zurekin oso maitetsu ikusten det.

KATALINA: Ori, beti.

ALEJANDRO: Nexka-mutilakin txoratua dago.

KATALINA: Nola ez.

ALEJANDRO: Eta zuen sendi maitatian nabaitzen detan alkartasun mamitsuarekin, neroni ere txoratua arkitzen naiz.

KATALINA: Ori guzia orrela da; baña, neri ez esan arren buruauste gogorren batzuek darabilzkiela igarria nago.

ALEJANDRO: Lanak ematen dizkionak izango dira.

KATALINA: Bai, bada: lanarenak.

ALEJANDRO: Orduan, ez dezu larritu bear. Exeri zaite, exeri zaite.

 

(Katalina exeri arazten du)

 

KATALINA: Nere senarra oldozkor, kezkatsu ikusita, nola nai dezu ni ez larritzea?

ALEJANDRO: Lanak, buruauste oiek berekin ditu. Ori gabe ez da ezer ere egiten. Bañan, buruauste oiek gizonak eraman bear dituenak dira; ta Roman'ek, bere kardabak zuri gordetzen badizkizu, ondo ta ondo egiten du.

KATALINA: Buruauste oiek bien artean ez algenituzke bada obetoago eramango? Zorionak bien artean banatzen baditugu, zergatik zoritxarrak ere bien artean eraman bear ez ditugu?

ALEJANDRO: Zu suminduarekin ez du arrek ezer ere aurreratzen. Kardaba oietan sartzen ez zerala berriz, laneko neke aztunetatik datorrenean, zurekin atseden, lasaitasun gozatsu bat arkitzen du. Buruko naigabeentzat, sendiko, familiko berotasun atsegiña bezelako sendagairik ez da.

KATALINA: Baña, ez jakiñez egotea ere tamala da.

ALEJANDRO: Alperrikako buruaustiekin baretasuna galtzea, tamalagoa oraindik. Gañera, zuri jakitea dagokizun zerbait balitz, esango lizuke.

KATALINA: Ez dit esango, ez.

ALEJANDRO: Esango dizu.

 

 

BOSTGARREN AGERRALDIA

V.

 

Alejandro, Katalina ta On Roman.
Gero On Braulio ta Felixa.

 

(On Roman atzean azaltzen da)

 

ON ROMAN: Esan bear dizutet...

ALEJANDRO: Ikusten al dezu?

ON ROMAN: Bai; esan bear dizutet zerbait, beñere esateko oiturik izan ez detan gaian.

        (Alejandro'ri)

        Nere lanetako katramillak neronek bakarrik erabiltzen bai ditut.

KATALINA: Gaizki egiten dezu.

ALEJANDRO: Utzi zaiozu.

ON ROMAN: Baña, orain, zu jakiñaren gañean jartzea, bear bearrekoa dala, iduritzen zait.

ALEJANDRO: Zer esan dizut?

KATALINA: Esan zazu bada, ta zure barrena lasaitu zazu.

ON ROMAN: Orain, orain bezela, lasaitasun ori ondo bearrekoa det.

KATALINA: Zu kezkatsu ikusita, ni ere kardabaz betetzen naiz.

ON ROMAN: Esango dizut bada. Gure ontasunak, al nituen guziak bilduta, «Banko Minero»n jarriak ditut. Etorkizun aundiko irabazpidea bai da ori.

KATALINA: Dana, dala; zuk egiten dezuna, ondo dago.

ON ROMAN: Esku artean diru doi doiarekin gelditu naiz.

ALEJANDRO: Diru lanetan aurreratzeko bidea orixe da.

ON ROMAN: Nolanai ere, gure olan izan oi diran artu-emanetarako naikoa zala nerizkion. Baña; orain gertatzen dana, beñere ikusiko ez dan bezelako zerbait da.

ALEJANDRO: A! Lanaren gora berak... Itxas nastuan bagak bezela batzuetan zerurontz, apar arroak zabalduaz, besteetan lur azpian lokatzetan marruzkatuaz...

ON ROMAN: Bata bestearen ondoren, guk artu-emanak ditugun etxe askok, batzuek beren ordainketan luzapena eskatu, besteak ordainketak geldi arazi... ta, guzietan okerrena malkarrotak bata bestearen urrena; baña, ezin esan ala. Gaur bertan lauk egin dutenen albistea izan degu.

KATALINA: Ez zaitezela orrela larritu.

ON ROMAN: Burua ia galdu det.

ALEJANDRO: Baretu zaite.

ON ROMAN: Era onetan, gure emanbearrai nola aurre eman.

KATALINA: Baña, esan dezun Banko orretatik ezin atera al zenezake?

ON ROMAN: Ori zan iñondik iñola ere ikutu nai ez nuena. Nere itxaropen sendoa, nere amets pozgillea orixe zan.

ALEJANDRO: Eta ondo oldozten zenuen; baña, ezin bada...

KATALINA: Dan bezela dala, oraingo buruausterik gabe, lasaituta ikusi nai zaitut. Dirua baño senarra biarragoa det. Orain bezela ezin bizi bagera, estuago biziko gera.

ON ROMAN: Ez, ori ez.

KATALINA: Oraingo kardabik gabe, baretsu ikusi nai zaitut; eta, orretarako egin bear dana egin zazu, ta lasaitu zaite.

ON ROMAN: Bankukoa ikutu gabe antolatzen ote naizen leiatu naiz; nere burua zoratzen jarri det, baña, alperrik...

        (Zakeletik paper batzuek atera ta erakutsiaz)

        Egin ditudan zenbatz, asmaketa guziak, erantzupen bera eman didate: ezin dala, ezin aurre eman nezakela.

KATALINA: Orduan, Banko'tik atera bada.

ON ROMAN: Ondo ezin bestean izango da.

KATALINA: Dan bezela dala.

ALEJANDRO: Bestela ezin bada...

ON ROMAN: Ondo azkeneko zorian izango da.

KATALINA: Atera zazu, ta lasaitu zaite.

ON ROMAN: Bai. Bai onek ezpañak kixkaltzen badizkit ere, bai. Banko'tik aterako det, bai!

 

(Une onetan On Braulio larritua, bere onetatik joana,
ezeri begiratu gabe, txapelik atera gabe,
oso itzaltsu atzean azaltzen da.
Felixa bere ondotik lasterka etortzen da)

 

ON BRAULIO: Berri txarrak dakartzkit.

 

(On Braulio aurreratzen da eta Felixa'k alde egiten du)

 

ON ROMAN: Lengoak baño ere txarragoak?

ON BRAULIO: Izan litezken txarrenak.

KATALINA: Zer gertatu da bada? Izutzen nazu!

ON ROMAN: Puntillo'tarren beste zerbait al da?

ON BRAULIO: Ez; ez da Puntillo'tarrenik ezer. Okerragoa, askoz okerragoa da. Nola esan ere ezin asmatu det.

ON ROMAN: Zer izan liteke bada?

KATALINA: Zer gertatu ote da?

ON BRAULIO: Gertatu lezaizuken zoritxarrik beltzena. Ezin, asmatu det nola esan.

KATALINA: Jaungaiko maitea, zer gertatzen da bada!

ON ROMAN: Dana dala, kezketan euki gabe esan zazu.

ON BRAULIO: Nola esan baneki... zera... badakizu, zera...

ON ROMAN: Zer? Zer da?

ON BRAULIO: Zera... Banku...

ON ROMAN: E! Banko Minero'k al du zerbait?

ON BRAULIO: Bai; «Banko Minero'k», zera... zera...

ON ROMAN: Zer? Zer?

ON BRAULIO: «Banko Minero'k»... malkarrot egin du!

ON ROMAN: Ez! Ezin liteke! Ez da egia izango!

ON BRAULIO: Zoritxarrez, egia da. Egi egia!

ON ROMAN: Baña... orrelako Banku bat?

ON BRAULIO: Epailleak, juezak, tartean sartu dira. Kontu zikin asko arkitu omen dute. Buru egiten dutenak espetxean, kartzelan sartu dituzte. Guzia galdua izan bear du.

ON ROMAN: A! Ni ere, oraintxe, galdua naiz!

 

(On Roman aldi gaizto batek eman balio bezela,
alki baten gañera erortzen da.
Katallna ta Alejandro urreratzen zaizkio)

 

KATALINA: Roman!

ALEJANDRO: Kemendu zaite, gizona!

ON BRAULIO: Ikaragarria gertatu da. Orrelakorik etorri zitekenik ere, ez nuen esango.

KATALINA: Roman, lasaitu zaite.

ALEJANDRO: Zure indarren jabe biurtu zaite.

ON ROMAN: Nere amets guziak oraintxe lurpe jo dute.

KATALINA: Baretu zaite, nola edo ala, oker au zuzenduko da. Baña, zuk, Roman, zure buruari begira zaiozu.

ALEJANDRO: Gaitzak ez dira betikoak.

ON BRAULIO: Ez, noski. Aben ondoren zori obeak izango dituzu.

ON ROMAN: Nere lanak! Nere buruausteak! Nere izardiakl Bat batetan aizeak eraman ditu!

KATALINA: Ez zaitez orrenbeste larritu; gero ere nolabait, arrastaka bada ere, biziko gera.

ALEJANDRO: Biziko zerate, bai. Nik lagundu al banezaizute, nere zañetako odolaz lagundu nizuteke. Baña, txiro arlote batek, zer egin lezake!

ON ROMAN: Eskerrikasko.

KATALINA: Pizkortu zaite, Roman. Zure bizia, gu guzion bizia da.

ALEJANDRO: Orain arte egin didazutena, ezin bear bezela eskerturik gelditzen naiz; baña, orain arkitzen zeraten zorian, ez det nere zama aztunarekin zuen biziera estutu nai. Uzten zaituztet bada.

 

(Alejandro atze aldera asten da.
On Roman, sutsu jeiki ta geldi arazitzen du)

 

ON ROMAN: Zer! Nola! Ez zera joango!

ALEJANDRO: Bai! Joango naiz! Zuen larri aldia ez det geiago samindu nai-ta.

ON ROMAN: Ez dizut utziko!

ALEJANDRO: Utzi bearko nazu!

ON ROMAN: Ez! orain arte bezela, aurrera ere, alkarrekin iraun bear degu.

ALEJANDRO: Baña, Roman!

KATALINA: Roman!

ON ROMAN: Zoritxarrari aurre emango diot. Nola? Ez dakit. Lana egingo det, saiatuko naiz, nere men guziak leian jarriko ditut. Eta guzien gain Jaungoiko onari, Jaungoiko errukitsuari otoi egingo diot. Bai; otoi egingo diot:

                «Aita gurea, zeruetan

                »zaudena: santifikatua

                »Izan bedi zure izena:

                »betor gugana zure

                »erreinua: egin bedi zure

                »borondatea zeruan bezela

                »lurrean ere».

        On Roman «Aita gurea» esaten asten danean eskutazapia geldi geldirik jeixten da.

 

BIGARREN EKITALDIAREN AMAIA

 

aurrekoa | hurrengoa