|
IRUGAREN EKITALDIA Iruditegia, lenengo ta bigarren ekitaldian bezela. LENDABIZIKO AGERRALDIA I. Alejandro ta Bixente. (Eskutazapia altxatzerakoan Alejandro ta Bixente BIXENTE: Bai, jauna, bai. Eta eskutitz bat eman al diote? ALEJANDRO: Bai; eman ziatek. BIXENTE: Olara ekarri zuten, eta beorri emateko Felixa'ri eman diot. ALEJANDRO: Eta, Felixa'k eman ziak. Eta batik bat orrengatik deitu diat. BIXENTE: Bai, noski; beorrek artu duen eskutitza galdu ote dan jakiteagatik. ALEJANDRO: Nik artu badiat, nola nai dek galtzea. BIXENTE: Eskutitz asko galtzen dala, esan oi dutela. Baña, nererik ez da galduko beñepin. ALEJANDRO: Ez al dakik idazten? BIXENTE: Ziriburru batzuek egiten, bai. Olan, fabrikan, egin bear izaten ditugu. Baña, zeñi nai du nik idaztea? Nere adizkideakin itzez naikoa izaten det; eta Pillipa Lixiba'rekin berriz, ojuka. ALEJANDRO: Aizak, i: Pillipa ori, Nikolaxa Lixiba'ren alaba al dek? BIXENTE: Ber bera. Gogoratzen da beraz. ALEJANDRO: Ez nak ba gogoratuko. Emakume gordin, bikaña ukan. BIXENTE: Au ere emakumez ainbestekua da. Belarriak ez ditu ain bikañak. ALEJANDRO: Gorreri aide zerbait. BIXENTE: Aidea ez, trumoia. Ori, gaztañak erretzeko tanboliña baño gorragua da. ALEJANDRO: Olan, zenbat urte daramazkik? BIXENTE: Asko. Emezortzi urte nituala sartu nitzan ta... Urte mordoxka bat izan bear! ALEJANDRO: Orduan ik ezagutuko ukan... zera... Ambroxio? BIXENTE: Ambroxio Olio? ALEJANDRO: Olio, bai. Olio deitzen ziotekan, bai. Ta bigarren emaztea Maalen zikan gogoratzen nak nola abestutzen zioten: Andre Madalen Andre Madalen laurden erdi bat olio. BIXENTE: Mutil koxkorrak giñala amaika aldiz abestu genion. ALEJANDRO: Maalen ura il ta Ambroxio gizarajoa bigarren aldiz alargun gelditu ukan. BIXENTE: Irugarren aldiz ere alargundu zan. ALEJANDRO: Irugarren aldiz ere bai? Ez zitzaokan lenbizikoan damutu. BIXENTE: Eta, laugarren aldiz, bera bezelako alargun batekin, begi okerra gañera ezkontzeko zegola, gaitz txar batek arrapatu ta il zan. ALEJANDRO: Gizarajoa! Gu mutil koskorrak giñala, guzitarako ura genikan. Ikastetxera ere arrekin joaten gindukan. Olan baño etxean egoera geiago egiten zikan. Makiña bat ipui esantakoa... BIXENTE: Nola, ez. Berritsu utsa zan ta. Arri, itza sudurretik ere bazijoakion. Pixka bat ikutua zegonean beintzat, zeñek ixildu arazi. ALEJANDRO: Ordukoak... besterik... A! Rafael, kopet illun bat, guk bildur aundia geniokan ... Beti amorratzen, beti asarre... BIXENTE: Bai, jauna, Rafael. Nagusiarekin asarretu zan... ALEJANDRO: Norekin ez, ura. BIXENTE: Bada, Bartzelona'ra joan zan; eta gero, Prantzi-aldi orretan illa izan bear du. ALEJANDRO: Bai; nere gaztearoko guztiak illak dituk. BIXENTE: Ura beintzat il zala esan zuten. ALEJANDRO: Bai, bai. Eta olan nola zabiltzate? BIXENTE: Ondo. Lana egin bear izaten da; baña ondo beintzat. ALEJANDRO: Lanean baño obetoago, ez dek gizona iñola ere arkitzen. BIXENTE: Urte batzuek izan ditugu, erruz lana egin izan deguna. Egin ala eginta ere, ezin lana menpetu. Orain ez dago alako aldirik. ALEJANDRO: Eta nagusia, zer nolakoa dezute? BIXENTE: Ona baño obeogoa. Ori, ez nagusia, guretzat aita bat da. Nere emaztea gaxo egon zanean ere, orrek neri egin zizkidanak! Guraso batek ez zuen geiago egingo. Bizi naizen artean ez naiz aztuko. ALEJANDRO: Ez; gizonak eskertsua izan bear dik. BIXENTE: Bai, jauna. ALEJANDRO: Len aitatu dekan eskutitz artan, txartel au biali zidatek; eta onekin... BIXENTE: Bai, jauna, bai. ALEJANDRO: Bai, jauna, zer? BIXENTE: Txartel orrekin... zerbait ekarri bearko dala noski. ALEJANDRO: Ori esan nai nikan, baña ez diak bukatzen utzi. BIXENTE: Bai, jauna, bai. ALEJANDRO: Bada, txartel onekin bidekutxa bat ekarri bear diak. BIXENTE: Oraintxe beribil aztuna geltokira, estaziora dijoa, ta bertan ekarriko degu. ALEJANDRO: Ederki. Orrela lasterrago izango diat. BIXENTE: Bereala. Joan ordurako emen da ta. Beorren garaian ez zan orrelako arintasunik. ALEJANDRO: Ez; orduan geldixeago ibiltzen gindukan. Baña, orain ludia lasterrago zebillek, eta guk ere, azkarrago ibilli bear. Artzak bada txartela, ta... ez diok iñori ezer esan bearrik; zuzen zuzen gela orretan sartu bear dek. (Ezkerrekoa erakutsiaz. BIXENTE: Bai, jauna. Bereala emen du. ALEJANDRO: Emen, ez... Or... or... (Ezkerreko gelatik erakutstaz) BIXENTE: Or, bai. Laster esango diot: Or dago! (Bixente lasterka atzetik joaten da) ALEJANDRO: Bota! esan bearko nik... Je! je! Etxe orretan, apaingarri berri aben artean, lengo oitura zarrak gordetzen dituzte; lengo era berrian bizi dira. Gizarajo onek, lengo Anbroxio bera dirudi. Onekin izketan ari nitzan bitartean, ezin Anbroxio nere burutik bota nuen. BIGARREN AGERRALDIA II. Alejandro ta Katalina, azkenean Bixente ta Langille bat. KATALINA: (Eskuiko atetik atsekabetsu sartzen da) Osaba... ALEJANDRO: Katalina... Gaxo orrek zer diozu? KATALINA: Esan, ezer ez. Negar egiteko beste almenik, etzait gelditzen. ALEJANDRO: Baña, orrela bazaude, negarretan itoko zera. KATALINA: Ta, zer besterik egin nezake, nere senarrak darabilzkien estutasunak ikusita! ALEJANDRO: Alaere, pixka bat lasaitu bear zenuke. Roman berak ere, lenbiziko egunean baño baretsuago dagola ezagun du. KATALINA: Gure aurrean ezkutatu nai luke, baña, len bezin kardabatua dabillela igartzen diot. ALEJANDRO: Zure iduripenak dira oiek. KATALINA: Zorigaitzez, ez. Eta orrek, negar malkoz urtutzen nauka. Beti nere oldozpen tamaltsu abekin; lorik ere ezin egin det. ALEJANDRO: Gauzak orrela artu ezkero, berriz ere ezin eramana izango dezu. (Katalina exertzen da, ta ondoren KATALINA: Ez dakit nere, irudipen bat ote dan, bañan, nere nexka mutil zoragarriak ere, gure atsekabea ulertzen dutela iruditzen zait. ALEJANDRO: Iñondik iñora ere ez lezateke ezagutu. Ta ez ezagutzea beo da. KATALINA: Ori, bai. ALEJANDRO: Gero ere, atsekabearen arpegi garratza ikusteko astia izango dute. KATALINA: Bada, iduritzen zait gure zoritxarra ezaguturik, beñere baño maitetsuago nerekin daudela. ALEJANDRO: Ori, zure uste bat besterik ez da. KATALINA: Aiztian ere, Iñaxio'k beñere baño sutsuago laztantzen ninduela zeritzaidan; ta, Karmentxo'k eman dizkidan musuak besteetakoak baño biziagoak ziruditen. ALEJANDRO: Zure ametsak... KATALINA: Alako maitasun gogotsua ikusirik, biotzak eten nai zidan, eta begietatik malko batzuek ixuri ta masallak busti dizkidate. Iñaxio'k galdetu dit orduan: amatxo, zer dezu? Eta nik, zerbait erantzun bear, ta agiñeko miña detala esan diot. Eta, Karmentxo'k kupitsu esan dit: nork egin dizu, amatxo? (Malko batzuek txukatzen ditu) ALEJANDRO: Nexka mutillak, aingeru zoragarriak dira. KATALINA: Beren laztan maitetsuak oso limurtzen naute. ALEJANDRO: Ez da gutxiagotako. Baña ez dute adiñik zuen zoritxarra igartzeko; ta besteetan baño maitetsuago arkitzea, zure iduripen utsa da. KATALINA: Irudipena izan liteke, baña, nere biotzak egi egia bezela nabaitzen du. ALEJANDRO: Bai, noski. Zure biotza, orain daramazkizun egun tamal abetan, laztankeri oietzaz irrikitzen dago, ta nexka mutillak egiten dizkizutenak, beñere baño gozatsuagoak arkitzen dituzu. Zuri gertatzen zaizu, goseak dagonari gertatzen zaiona bera. Zenbat eta gose aundiagoa, orduan eta jaki gozoagoa arkitzen dute. Zer dakite jakien gozoaz, aseta bizi diran errukigarriak! Goseak jakiaren gozamena anpatzen du. Zure seme alabatxoen laztan bearra dezun egun atsekabe abetan, bear orrek berak laztan oiek maitetsuagoak, beroagoak, sutsuagoak, arkitu azitzen dizkizu. KATALINA: Zerbait izango da. Baña, nere aur gaxoai begiratuta, zer ikusteko ote dauden oldoztean, nere barrenak jira egiten dit. ALEJANDRO: Baña atsekabe onek, zure seme alabak azi arteraño iraungo duela uste al dezu? KATALINA: Zoritxar onek orrenbeste iraungo ez duala badakit; baña, zoritxar onen ondorengoak, zoritxarra bera baño beltzagoak izan litezke, ta, oiek bai, iraun lezateke. ALEJANDRO: Ez zazula uste. Emen gertatuko da, ekaitzarekin gertatzen dana bera. Ekaitz ondoren soroak ikusiko dituzu galduak, ondatuak, purrukatuak; artuak eroriak, belardiak lokatzetan aldatuak, guzia mazkaldua ta itxura txarrekoa. Baña, gero eguzkiak bere printza urreztatuakin soro oiek berak ernarazitzen ditu, ta arto eroriak suspertu ta lirain zuzentzen dira; lokatzak belar orlegiz jantzi ta apainketa pozgillea azaltzen dute; ta guzia baratz loretsu zoragarri bat bezela gure begietara agertzen zaigu. Zuentzako ere, eguzki diztikorra sortuko da, ta etxe onetan lengo zeru laztan, maitetsua, izango dezute. KATALINA: Baña, zuk, gure oraingo oker abek zuzenduko diranik uste al dezu? ALEJANDRO: Ez det bada usteko? Ziurki baietz. Eta, gañera, abopian, belarri ertzera, esango dizut: len baño ere obetoago izango zeratela. KATALINA: Len baño obetoago ezin izan gintezke. Nai genuen guzia bagenuen ta: senar-emazteen arteko naitasun bizia, gure nexka-mutillen laztanketa txoragarriak, osasunez ondo, etxean pakea... Zer geiago amestuko genuen? ALEJANDRO: Egi egia da. Baña, esan nai nizun, len baño lasaiago oraindik, biziko zeratela. KATALINA: Ez genuen estutasunik. Ai! Lengora berriro biurtu ezkero, Jainkoari ezin eskerrak emanik geldituko nitzake. ALEJANDRO: Orduan... len bezela geldituko zerate bada. KATALINA: Ori bagenu... ALEJANDRO: Ori izango dezutela, nik ziñeztatzen dizut. KATALINA: A! Nere katramil abekin burua galdu bear det... (Altxatzen da) Nere eginkizunak ere utziak daukazkit... Ez nago ezertarako... ALEJANDRO: Zure eginkizunetan jarduntzeak, on baizik ez dizu egingo. Buruko nasketa astunak, gure lanetan jarraituta, asko arintzen dira. KATALINA: (Atze aldera joanez) Bai, bai. Zerbait egiten asi bearko det. (Atzetik) Zuk esan bezela gertatuko balitz! ALEJANDRO: Ez zazula orretan ezpa txikienik izan. KATALINA: Jainkoak entzun dezaizula. (Katalina atzetik joaten da) ALEJANDRO: Gajoa. Bere oldozpen tamalakin urtu bear du. Orain arte, odei gabeko zeru eder onetan erregin izan da; ta lenbiziko sortu zaion naigabeak oso sukartu du. Gure bizian ainbeste eraman bear izaten ditugu! Ondoegi oitutzeak ere bere okerrak baditu. Ordu latzak baregiak arkitzen gaituzte. (Exertzen da) Katalina gajoa. Bere atsekabea ezin geiago luzatzen utzi diteke. BIXENTE: (Barrenen ojuka) Baztarretara begira zak... Orain ere, ia egin ukan... Ukulluan agola uste al dek, edo zer... ALEJANDRO: (Altxa ta ate aldera joanaz) Gure Anbroxio'ren ordekoa emen degu. BIXENTE: Orrenbeste jaso gabe... geldi geldirik... ez orain lurreraño jetxi... (Bixente ta Langille bat atzean azaltzen dira. ALEJANDRO: Emen al zerate? BIXENTE: Bai, jauna. Laster ez gerala etorri, ezin esango du. ALEJANDRO: Egia dek. BIXENTE: Bira emen... Poliki poliki... Bazterretara ondo begiratuta... (Sartzen dira, Alejandro'k ezkerreko atea irikitzen die) ALEJANDRO: Onera. BIXENTE: Zuzen erabilli zak... Ontzi galdua zirudik... Gorago... Pixka bat beraxeago, gizona... (Ezkerretlk beren bidekutxarekin joaten dira. Bereala biurtzen dira) Kontuz... Geldi geldirik... ALEJANDRO: Eskuiko txoko orretan utzi... Ori dek... Orain esanzak: Ordago! BIXENTE: Beorrek «Kiero» esango dit ordea. ALEJANDRO: Ez; ez diat nik orrelako erdelkeririk esaten. Izatekotan «bota» esango nikek. BIXENTE: Orrek ere erdelkeria izan bear du bada. ALEJANDRO: Nola? BIXENTE: Neri, beintzat, ez zala «bota» esan bear, «oñetakoa» deitzen zala esan zidaten. ALEJANDRO: Ori besterik dek... Au egiña zeok bai, ta orain joan zintezteke. BIXENTE: Besterik ezer bear badu, agindu. ALEJANDRO: Ongi zeok. (Ezkerretik joaten da ta atea ixten du) BIXENTE: Ez dek batere arretik jartzen. Onelako etxe batean ez dakik nola ibilli bear dan. Beti kinkillin kankallun olan baabilke bezela. Emen begiak erne ibilli bear dituk, Erne! IRUGARREN AGERRALDIA III. Bixenta ta Langillea. Azkenean Alejandro. ON BRAULIO: (Barrenen) ... zu jakiñen gañean jartzera ON ROMAN: Emen lasaiago itz egingo degu. (Bixente ta Langillea atze aldera asten dira. On Roman eta On Braulio atzean azaltzen dira) Zer egiten dezute emen? BIXENTE: Osabarengana izan gera. ON ROMAN: Ta, bukatu al dezute? BIXENTE: Oraintxe. ON ROMAN: Olara azkar zoazte bada; lana zuen zai dagola badakizute. BIXENTE: Bai, jauna, bai. (Bixente ta Langillea atzetik joaten dira. ON ROMAN: Exeri zaite. ON BRAULIO: Eskerrikasko. (Biak exertzen dira) Egunak dijoazen bezela berriak ere obexeagoak datoz. ON ROMAN: Ori, beti gertatzen dana da. ON BRAULIO: Lenengoan guzia galdutzat ematen zan. ON ROMAN: Orrenbesteraño izango ez zala buruan sartua neukan. ON BRAULIO: Zorionez, ez omen da, ez, orrenbesteraño. Ta, gaur esan didatenez, ta ori esatera etorri natzaizu... ON ROMAN: Eskerrikasko. ON BRAULIO: Zerbait antolapen egingo danaren susmurrak omen dira; ta orrela dala, geiena aterako da noski. ON ROMAN: Geiena... ez zait iduritzen. ON BRAULIO: Geiena esan didate. Ta, orrela izan ezkero lasaitu zintezkela uste det. ON ROMAN: Lasaitu niteke, bai... baña, ori, izatekotan ere, eskuetan dirua artzean izango litzake... eta, bitartean? ON BRAULIO: Geroago eskuratuko dezun itxaropena, zerbait badala iduritzen zait. ON ROMAN: Zerbait, ez; asko da. Ta, itxaropen orrek poz aundia ematen didala, ez dizut ukatuko. Baña... Ta bitartean? ON BRAULIO: Bitartean... Bitarteko ori nola edo ala egiten da. ON ROMAN: Ez dakit nola... ON BRAULIO: Gero erantzuteko izan ezkero, aurreratuko dutenak billatzen dira. ON ROMAN: Orain beñere baño zallago. ON BRAULIO: Zergatik ordea? ON ROMAN: Banko orrek purruteko egin duenean, beste bankuak ere zalantzaz bete dira, ta beñere baño errextasun gutxiago ematen dute. Beren izen onari eutsi nai diote, ta ez dute iñola ere arriskuan sartu nai. ON BRAULIO: Ez da arritzekoa. ON ROMAN: Ez, noski; ez da arritzekoa. Baña, batere arritu gabe, beste edozein alditan, bankuan bitartez antolatu zitekena, orain iñola ere ezin da. ON BRAULIO: Ez. Bankuen bitartez ezin dala, ezagutzen det. ON ROMAN: Bankuak utzi ditzagun, bada; ta goazen artu-emanak izan ditugun etxe sendoenetara, ta guztiak erantzungo dizute, bakoitzak berekin lana naikoa duela. ON BRAULIO: Ori ere egia da. ON ROMAN: Guztiak zalantzaz beterik daude, etorkizunaren bildur ez dute ezerengatik arriskuan sartu nai. Ez dira egun abek, adizkide zar batek lengoan esaten zidan, eskuetatik ardit bat ere uzteko; guztiak bear bearrekoak bakoitzaren izen onari sendo iraun azitzeko. ON BRAULIO: Onelakoetan, luzapenak ere eskatzen dira. ON ROMAN: Guri bai eskatzen dizkigute, baña eman iñork ere ez. Zor digutenak, esti atzera; ta artzeko digutenak, aidia. Ori egiten digute. Batzuek eta besteak zer esan berak dituzte: era txarrean daudela, salosketak geroago ta zallagoak dirala... ON BRAULIO: Baztar guzietako negarmarraska orixe da. ON ROMAN: Bada, artu bearrak atzeratu, ta eman bearrak aurreratu, esan zaidazu ni orain nagon era larrian, zer egingo nezaken. Oraintxe ia burua galdu det. (Altxa ta batera ta bestera dabil) ON BRAULIO: Zu baño gaizkiago makiñabat badaude. ON ROMAN: Ez dakit iñor egon ote liteken. ON BRAULIO: Zaude ixillik. Banko orretatik beretik jaso bear dituzunarekin... ON ROMAN: Jasotzen ditudanean. Eta bitartean? ON BRAULIO: Bitartean... ON ROMAN: Bitartean, bai, bitartean. Nik nere zenbaketak egin ditut; eta Banko'tik, okerrenera jo ta ere aterako detenarekin, olan eta esku artean daramatanakin, berreun milla duroen jabe alde alde, izango naizela badakit. Baña, oraindik ez det ordea. Nik estutasun onetatik ateratzeko amar milla duro bear nituke, ta oiek dira, iñondik iñola ere ezin arkitu ditudanak. ON BRAULIO: Sukartua zaude. ON ROMAN: Nola, ez; nere onetatik aterea nago ta. ON BRAULIO: Baretu zaite. ON ROMAN: Ezin det. Estutasun bizian arkitzen naiz; guzia galdua ikusten det; iges biderik ez det nabaitzen; eta oraintxe neronek ere, purruteko egin bearko det. ON BRAULIO: (Altxa, ta On Roman'engana joanez) Etzazula orrelakorik esan. Zu, burutik ez zaude ondo. ON ROMAN: Burutik ez banago, begietatik bai; ta nere inguruan dabillena ondo igartzen det. Gure etxearen kaltean susmur txarrak dabiltza. Ogei ta iru pesta zikiñen artu bearrarekin larri aldi bat emateko ustean etorri zaizkit. ON BRAULIO: Zuri? ON ROMAN: Neri, bai; ta ondoren etorriko diranak... Ta, orrela nik ezin iraun nezake, ta lotsagarri bada ere, purruteko egitea beste iges biderik ez det. ON BRAULIO: Baña, zuk dezun dirutzarekin... ON ROMAN: Nik detan dirutzarekin, bai. Berreun milla duroen jabe izan, eta amar milla durogatik ito bear. ON BRAULIO: Ori, izan liteke. ON ROMAN: Ia, bada, amar milla duroak non arkitu bear ditudan. ON BRAULIO: Baña... ON ROMAN: Nork eman bear dizkit neri amar milla duro! (Une onetan ezkerreko atea irikitzen da, ALEJANDRO: Irving Bank. (Orria On Roman'i ematen dio) ON ROMAN: Osaba! ALEJANDRO: Jarri zazu bear dezun aña diru... Ez izan kupirik... Zerekin erantzuna badago. Urumea Bankuan emango dizute. ON ROMAN: Baña... zer da aldaketa au? Zer gertatu da emen? ALEJANDRO: Ori guzia gero esango dizut. Orain, unerik galdu gabe, bear dan dirua atera, ta olako joan etorria zuzendu bear dezu. ON ROMAN: Bai, zuzenduko det: baña, esaidazu... ALEJANDRO: Bereala, bere bereala egin bear dan gauza da. Susmurrak indar geiago artu baño len. (Atzera bultziaz. ON ROMAN: Baña, ez didazu esan bear... ALEJANDRO: Gero, guzia esango dizut. «Taim is rnoney». Gauza abek bereala egin bear diranak dira. ON ROMAN: Egia esaten du. ALEJANDRO: Bai, bada; azkar; lasterka etxearen izena betiko goitasunean jartzera. ON ROMAN: Baña... ALEJANDRO: Orain, oraingoa. «Taim is money». ON BRAULIO: Goazen bai. (On Roman eta On Braulio atzetik joaten dira) LAUGARREN AGERRALDIA IV. Alejandro, Kloklo, Maibe ta Felixa. ALEJANDRO: (Aurreratuaz) Etxe onetarako garaiz etorri naizela uste det. Ni emen izan ez banitz, ez dakit nola gauzak zuzendu bear zituzten. Nolanai ere ixtillu gorrian arkitu bearrak ziran. KLOKLO: (Barrenen) Sartu-atera bat besterik ez degu egin bear. MAIBE: Bi itz esan bakar bakarrik. (Felixa aurretik dula Kloklo ta Maibe atzean azaltzen dira. KLOKLO: Oi! Iñauteriak al ditugu? ALEJANDRO: Ez iñauteriak len izan dira. Orain nere jazkera jatorrean nago. MAIBE: Vuala! ALEJANDRO: Urte guzian iñauteri dezuten oiek, ez dezute arritu bear, nik egun batzuetan iñauteri egiteaz. KLOKLO: Oso xik zaude. ALEJANDRO: Ez; ori ez. Ez nazazutela xik esan. Deitu nazazute arlote, zarpazar, naskagarri, nai dezutena; ez dit ajolik. Baña, xik, ez; itz orrek erretzen nau. MAIBE: Zergatik, ordea? ALEJANDRO: Gizon emakumeak, orain arte xik dirala ezagutu ditudan guztiak, buru arin ta ezertarakoezak izan diralako. MAIBE: Orduan, kursi, deituko dizugu. ALEJANDRO: Nai dezutena. Baña, exeri zaitezte. KLOKLO: Ez degu exertzeko betik. Jakin ditugu etxe onetan dituzten estroposuak, eta... ALEJANDRO: Zuek ere bai? MAIBE: Jende abek orrela lur jotzea tamalgarri da. KLOKLO: Errukigarri. ALEJANDRO: (Parrirriz) Izugarri. KLOKLO: Ta ez degu geiago esan nai. ALEJANDRO: Ez; naikoa esan dezute. KLOKLO: Krix krax'en alde eratu bear degun jaia, Katalin'ik gabe egingo degula esatera etorri gera. MAIBE: Gajoak, orrelako naigabeakin, ez du jai orretarako gogorik izango. ALEJANDRO: Krix krax'en alde esan al dezute? KLOKLO eta MAIBE: Krix krax, bai. ALEJANDRO: Baña, Krix krax zer dan ba al dakizute. KLOKLO: Ez degu bada jakingo. Pazifiko'ko ugarte bat da. Orain gutxi, zoritxar ikaragarriak izan dira. MAIBE: «L'effraiante catastrophe du Pacific» ALEJANDRO: Pazifikoan ez da izen orretako ugarterik. MAIBE: «Le boudoir des elegantes» aldizkingiak, garbi asko zion bada. ALEJANDRO: Ez ba, ez; nik esango dizutet zer da. Ez da Krix krax, Krix-graitz baizik. KLOKLO: Aldizkingiak Krix-krax jartzen zuen. ALEJANDRO: Ez. Pazifikoan ez baña, bai Pensilvanian izen orretako ero-etxe ots aundiko bat da. Beaz, Krix-graitz ez da ugartea, ero-etxea baizik. KLOKLO: Ez dakit nola izan liteken. ALEJANDRO: Erri aietako buru ariñak zuek bezelako jai txoroak eratzen dituztenean, Krix-graitz'en aldeko jaia deitzen diote. Onekin adieraztera ematen dute ero-etxerako bidea dala. MAIBE: Ori, ezin liteke. ALEJANDRO: Ori, orrela da. Orain, Amerikako oitura ta era traketzenak, emen bonbon dabiltza, ta Krix-graitz ori ere ekarri dute nonbait. KLOKLO: Ekarri, ez. ALEJANDRO: Baña, ez du goratu Amerika, ez jazband zalapartariak, ez Xarleston lizunak; lanak Amerika goratu du; ta ango lanerako griña ta trebetasuna ekarri bear lirake, ta ez ango erokeriak. KLOKLO: Bal; lana, lana. ALEJANDRO: Ez; dantza, dantza. MAIBE: Bon! Katalina'ri esaiozu, Krix-krax jaierako ez degula bear. (Kloklo ta Maibe atze aldera asten dira) ALEJANDRO: Ez; orretarako, nere illoba zintzoegia da. KLOKLO: Garbi esan dezagun, gure mallakoa ez dala. ALEJANDRO: Askoz goragokoa da. MAIBE: Ta orrenbesterekin bagoaz. (Kloklo ta Maibe atzetik joaten dira) ALEJANDRO: Zoazte, bai. Bide orretatik Krix-graitz'era iritxiko zeratela, uste det. BOSTGARREN AGERRALDIA V. Alejandro, Katalina ta On Roman. ALEJANDRO: Bakoitzak bere bideari jarraitzen dio, ta, oiek, erotasuneko bidean ondo dijoazela esango nuke. Katalina nere illoba laztana, besterik da; aur maitea, etxekola, maitetsua. Ezin oiekin bat egin lezake. (Katalina ta On Roman atzetik sartzen dira) KATALINA: Osaba! ON ROMAN: Osaba! KATALINA: Aldaketa au, zer da? ON ROMAN: Zer da emengo mirari au? ALEJANDRO: Atozte, atozte... (Katalina'rl) Barren ori lasaitu al zaizu? KATALINA: Zuri eskerrak... ALEJANDRO: Ez ta batere. KATALINA: Osaba, ez dakit nola bear bezelako eskerrak eman. ALEJANDRO: Orain arte egin didazun maitetasun berarekin. ON ROMAN: Baña, osaba aldaketa au, nola izan da? ALEJANDRO: Bear dezun dirua atera al dezu? ON ROMAN: Atera det; eta orain datorrena datorrela, aurre emateko eran jarri naiz. ALEJANDRO: Geiago bear badezu, geiago atera. Ez kezkarik izan. Erantzuteko badet. ON ROMAN: Naikoa det. Oso lasaitu naiz. Eta esker ugariak. KATALINA: Ezin esan ala, osaba. ALEJANDRO: Ori ez da ezer. ON ROMAN: Baña, zer da emen gertatu dana? ALEJANDRO: Gezur txiki bat esan nizuten, eta, orain, egia azaldu da. Emen gertatu dana; orixe da. ON ROMAN: Nola, ordea? ALEJANDRO: Ez naiz txiroa; aberatsa, oso aberatsa naiz. ON ROMAN: Aberatsa izan bear. ALEJANDRO: Milloi askoren jabea. KATALINA: Zergatik orduan txiro antzean etorri ziñan? ALEJANDRO: Esango dizutet. Diruak eman lezaizkiken atsegin guziak izan ditut; baña, nere biotz gaxo au, diruak ezin eman dituen atsegiñen egarri zan, eta egarri au ezin ase nuen. KATALINA: Zer, bada? ALEJANDRO: Diruaren gozamenak otzak dira ta, ni, gozarnen epel, beroaz irrikitzen negon. Eta ainbeste urteren buruan, nere etxeaz gogoratu nitzan, eta emen utzi nuen zorionaren oroipenez burua bete zitzaidan. ON ROMAN: Etorri besterik ez zenuen. ALEJANDRO: Nola artuko ninduzuten bai al nekien? KATALINA: Ikusi dezu. ALEJANDRO: Orain, bai; ikusi det. ON ROMAN: Eta besterik ezin izan zitekean. ALEJANDRO: Aberats etortzen nitzala, zuen ongietorria neretzat edo nere diruarentzat zan, jakingo al nuen? ON ROMAN: Jakin bear. ALEJANDRO: Ez da ain errex. Onelakoetan, gezurrak ez bada ere, egia beintzat zerbait estaltzen da. Aberatsai egia gutxitan esaten zaie; beartsuai, bai. Orrengatik ni beartsu antzean etorri naiz. KATALINA: Eta aberats bezela artu zaitugu. ALEJANDRO: Eta egin didazuten arrera ona neri egin didazutela, ta ez nere diruai, argi ta garbi ezagutu det. ON ROMAN: Ezin besterik egin genezakean. ALEJANDRO: Etxe onetako zorionaz oso txoraturik gelditu naiz. Orrelako zorionik ez dute milloiak ematen; diruak ez du almenik orrelako era atseginik tajutzeko. Sendi, senide arteko maitasun gozoa, antzekorik ez duen zerbait da. ON ROMAN: Zure ta nere aurrekoen era berari jarraitzen diogu. ALEJANDRO: Euskal-erriko sendi zoriontsuen era maitagarriari. KATALINA: Euskal-izaera zarrari. ALEJANDRO: Ez det bada besterik bear. Zuentzat nere diruak, eta utzi nazazute neri, neri azken urteetan, zuen kabi maitatiko epeltasun xamurrean kutzutzen. ON ROMAN eta KATALINA: Osaba! (Billoba'k osaba laztantzen dute) ZAPIA JEIXTEN DA AMAIA |