|     34-35-36 zenbakiak, 1934ko urria-azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

hurrengoa

 

JAKINGARRIAK

 

 

II'garren Eusko Antzerti Eguna

ANTZEZLARI TALDEEN GUDUA

 

        Amaika antzezlari-talde aurkeztu dira laister asiko dan gudu onetara Donosti'ko Poxpolin antzokian. Ara nortzuk diran eta ze egunetan antzeztu bear duten:

        1. Ilbeltzaren 6'an: Isasondo Eusko-Batzokiko antzezlariak: «Aitona ta billoba»

        2. Ilbeltzaren 13'an: Alegi Eusko-Batzokiko antzezlariak: «Bernaiñoren larriak» ta «Iturrian»

        3. Ilbeltzaren 27'an: Lezo Eusko-Batzokiko antzezlariak: «Euzko-gogoa»

        4. Otsaillaren 3'an- Zarautz'ko «Gazte-alai» antzezlariak: «Osaba»

        5. Otsaillaren 17'an: Legorreta Eusko-Batzokiko antzezlariak: «Iziartxo»

        6. Otsaillaren 24'an: Oiartzun'go «Mendiburu» antzezlari taldeak: «Eun dukat»

        7. Epaillaren 3'an: Donosti'ko Eusko-Etxeko antzezlariak... [Oarra:— Oraindik antzeztu bear duten komedia gaztigatu ez duten antzezlari-taldeak lenbailen egin bear au bete dezate. Donosti'ko Euzko-Etxeko antzezlariak saria irabaztera ez dijoaz, antzezlari taldeen guduari laguntzeagatik baizik.]

        8. Epailaren 10'an: Legazpi Eusko-Batzokiko antzezlariak: «Abendaren gordelaria».

        9. Epaillaren 17'an: Ernani Eusko-Batzokiko antzezlariak «Bost urtean».

        10. Epaillaren 24'an: Azkoiti Eusko-Batzokiko antzezlariak.

        11. Epaillaren 31'an: Irun Eusko-Batzokiko antzezlariak.

 

 

II'garren ANTZERKI SARIKETA

 

        Gure bigarren antzerki-sariketako eldu zaizkigun lanak auxek izen dira:

 

        BAKARRIZKETAK:

        1— Kirten.

        2— Erabakiak.

        3— Txonperu.

        4— Balujan.

 

        ELKARIZKETAK:

        5— Mutil Biurrik.

        6— Eltxueri Naparra.

        7— Anton Praisku.

 

        ANTZERKIAK:

        8— Gabon (ekitaldi bat)

        9— Sasikoa (ekitaldi bat)

        10— Ama maitasuna (ekitaldi bat)

        11— Bide arteko arantza (iru ekitaldi)

        12— Gogo-oñazeak (iru ekitaldi)

        13— Elisabete (sei ekitaldi)

        14— Jesukristo gure Jaunaren Neke eta eriotza (iru ekitaldi)

 

        Eskerrik sutsuenak eman bearrean gera errenkada luze au osatzeko ainbat lan bidali diguten antzerkigilleai. Jaso ala, epai-maiaren eskuetan utzi genitun eta onek emandako erabakia emen doa.

 

        Epai-iritzia

        Amalau antzerki-lan eldu zaizkigu aurten mai gañera. Igaz baño iru geiago. Aurrera goaz beraz; zenbakiari dagokienez beintzat. Ezin orrenbeste esan, ordea, gai ta antzeztajuari buruz. Ontan, aurrerapenik ez (Gain-begiratuz diogu au). Gure antzerkigilleak loak bertan artu ditula esango genduke. Ez da orratik beintzat izango urratze-asi-berri dan euskel-antzerti maindirea loguragarria dalako.

 

        Bakarrizketa, aur-jolas edo antzeko lantxoak

        75 laurlekoko saria=GABON. «Umientzat antzerkitxoa» dio egilleak. Ta egiz, alaxen dala esan bearko. Tajuzkoa, bai gaiez, bai joskeraz, bai iraute-neurriz eta bai ikasbidez. Euskera polit-erreza. Egillea=Muxika'tar Tene.

        25 laurlekoko saria=BALUJAN. Ez da gauz aundia bakarrizketa au. Badu alaere alako bizitasun atsegiña ta euskera txukuna agiri du. Gañera, beste sail ontakoak elbarriagoak izateak, au obeagotzea dakar ondoz. Egillea=Arozena'tar Andoni.

 

        Antzerkiak

        250 laurlekoko saria=GOGO-OÑAZEAK. Lan txukun eta ederra. Gertaera egokiak eta esakera-egikerak areago. Ongi, mamiz eta joskeraz. Lenen-atalean ez lituke gaizki, baño, zenbait laburtu-aldi ta orrazpen. Euskel-antzerti barrutian «aurrera» dionetakoa da antzerki txalogarri auxe. Egillea=Muxika'tar Tene.

        150 laurlekoko saria=JESUKRISTO GURE JAUNAREN NEKE TA ERIOTZA. Lan aundia egin du egilleak. Aundia ta txalogarria benetan. Poliki erantsi dio errikutsua. Ta ez da gutxi. Nolanai ere ta gaiari dagokionez lan osotugoa nai genduke gure Euskal-antzertiari eskeintzeko. Egillea=Amonarriz'tar Ander.

        Saritutako ez beste antzerkien egileak eskatu ditzakete bidali-lanak, «correoz» itzuliko dizkie ANTZERTI'k bereala ta.

Tolosa'n 1934'ko Azaroa'k 29.

EPAI-MAIEKOAK.

 

 

Euskel-teatroa nolako?

 

        Ikasteko gogotan dauden gazte askok galde oi digute ea teatrorako zer nolako gai erabilli bear dituzten. Beste batzuek, sarritan, antzerkiak nola tajutu aolku ta zuzenbide eskean datozkigu. Beren Antzerki-lanak bidaltzen dizkigutenak ere ba-dira argitarazteko eskaturik; edo beintzat gure iritzi-miritzia eman dezaiegun arrenka.

        Gazteetan ikasteko gogo ta euskel lanetarako zaletasun ori ikustea pozgarri zaigu. Elkarri laguntzeko gaude. Damurik, banan-banaka ezin erantzun diegunez, emen guzientzako zerbait idaztea onuragarriena izango dala uste degu.

        Teatro gai ontaz zer esan aundia dago. Buru aña aburu. Antzertia gauza zabala bai-da. Mota-guziko lore ta porru-aza erein ditezken barrutia. Marzelino Soroa gure lenengo antzerkigilleak zion eran: «Azak eta naste».

        Nolatan jo bide zuzenetik? Aukera izatea da gaitzena. Nere onua auxe da: Lanean asi aurretik gaia ondo oartu, so egin (begiratu), aztertu. Gero bakoitzak bere izaera, sena eta goiargiari jarrai bezaio. Emen Antzerti'n lenago esan dedanez gañera, berriz ere zerbait geiago errikoi teatroari buruz esatera noa. Oraindik lan asko egin bearra-degu euskel teatro errikoi bat osatzeko. Ez gaude asieran besterik. Egia da antziñako Zubero'tar «pastoralak» zenbait gauzetan eusko kutsu aundia zutena. Antzezlagun batzuek: txerrero, zamaltzain eta abar oso jostalari ta erritarrak ditugu. Andik beste teatro-gai ta jokoak artu genitzake pastoralak ikuste edo irakurtzea erraza ba'litz. Zubero urruti egiten zaigu. Bestalde antzezkizunak oso bakandu dira.

        Eskuz bakarrik idatzitako lanak arkitzea zail da. Ezin ibilli gera aien billa liburutegitako bazterretan. Geienak Burdeos'en omen daude. Orregatik eta beste zio askorengatik iturri ori ez da aski gure egarria asetzeko. Beste tokietara jo bear degu antzerkigille berriak gai ta asmoak arkitu naiean: errira bertara. Iñoiz gure begi aurrean gertaturikoa ikusita, oartuaz, bat-batean teatro-asmo bat bururatzen zaigu. Ipui, asele, kanta, bertso ta esaera zaarretan gaiak ugari daude. Orretarako teatroaren sena bear, txotxongilloak erabiltzen jakitea; jardun bizia, elkarrizketa zorrotza. Gai txiki batez antzerki aundi bat egin diteke.

        Izkirimiri, itzen-joku, egipen irritsu ta parreragilleak dira gure erriari atseginen zaizkionak. Euskalduna'k azalez latz eta berra ba'dirudi ere barrutik oso poz eta par-zale da. Dramatzar negarti ta larriak, bizpairu eriotz dituzten oiek auzorako obeak dira. Gure ikurritza bedi: «Irria luze nigarra labur».

        Folk-lore dalakoan amaika ipui ta edestitxo ba-dago antzertirako egokiak. Ez al derizkiozu onoko oiek teatrorako din ez dirala: Mikolas, Gaueko, Tartalo, Alarabi, Mari, Prakagorri, Erensuge, Gaizkina, Zaldiko-maldiko, Zanpantzar, Olentzaro, Kaiku, Fernando, Manex, Gaxuxa, Txanton, Mateo Txistu, Basojaun, eta ireltxoak. Oietatik batzuek norbaitek dantzara atera ditu. Beste guziak ere asnas berri bat eman ezkero irradakoan jarriko lirake.

        Ona bada nun erakutsi degun teatro errikoiaren bidea. Datorren urtean, J.l. Antzerti'k onelako antzerki bi argitaratuko ditu gure antzerkigille gazteak eta berrizaleak eredutzat ar ditzaten. Bata izango da «Txerrenzubiko gertaria» (Ghèon'en «La parade du pont du diable»). Besteak berriz «Izarra geldi zaneko artantxe» deritza, eguberri-antzerki zoragarri, errikoi ta polita, Timmermanns Plandes'tar idazlearen lan batetik euskeratua. Euskel-teatroa nolako? Urrena zerbait geiago esango degu.

Matxingorri

 

 

«Nigar eta Irri»

 

        Gure Herria errebistak azken zenbakian antzerkitxo bat argitaratzen du Nigar eta irri deritzana. [«Egille Pierre Larzabal» idazle lapurditarra du]. Errez eta polita da; euskera zerbait aldatuta gure antzokietan eman ditekena.

Gure antzerki sorta piskana-piskana ba-doa ugaritzen. Alare!

 

 

Gure Zaindaria

 

        Euzkel-antzertiak ba-du zaindaria: Abenduko Santomás. Bere jaia urtero bezela aundiro ospatu zan.

        Donostia'ko Iztundekoak «Antzoki zarrean Osaba ta Mutilzarra, Altzaga'ren antzerkiak antzeztu zituzten.

        Antzezkizunak ondo gertuak izan ziran eta jendea bertatik pozik aterea da. Orain gure aldetik eskari bat: Santomas egun ortan nai litzake antzerki berriren bat antzeztea. Ez beti batzuek. Uste baño aukera aundiagoa dago ortako.

        Ea bada datorren urtean...

 

 

hurrengoa