|     34-35-36 zenbakiak, 1934ko urria-azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        Ana Joxepa'ren sukaldea. Eskuitik lenen, orma ondoan maia ta alki bat. Gorago, kanporako atea.

        Ezkerretik, lenen etxe barrurako atea; gorago, oraingo erako sutondoa.

        Goian, erdi-erdian baratzako malladi-burura irikitzen dan atea. Bertatik oztiñari munka ageri dira Antxeta jaunaren jauregi barrutiko tantai ederrak. Goiko ate onen eskuitik arasa, oi bezela ontxiz ornituta, ta ezkerretik orman kako bat. Kako ontatik zintzilik Ana Joxepa'k etxe-aldean jazten duan amantala.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Ander eta Ana Joxepa.

 

(Une labur-baten antzeztokia utsik. Bereala sartzen da Ander goiko atetik, eta arasara joan da, bertan zerbaiten billa bezela ibiltzen da, nai duanik arkitu gabe).

 

ANDER: (Ezkerreko atera joan da barrura deika) Ama!... (ixil-une baten ondoren) Ama!...

ANA JOXEPA: (Eskuitik sartuaz) Zer dek?

ANDER: (bira emanda) A!... kanpoan al ziñan?

ANA JOXEPA: Bai. Atxili'nean.

ANDER: Aundia da!... Zeure buruaz lanik asko, ta iñoren kezka-nekeak gañetik artu bear.

ANA JOXEPA: Zer nai dek ba...? Onezkero onela bearko diat. Ez naute pakean uzten.

ANDER: Nai ez dezulako.

ANA JOXEPA: Seme...! Billa datorzkidan guziak bidaldu nai izaten ditut, nere ordez beste norbaitengana joan ditezela-ta, baña alperrik! Gaxo nagola,... osasunaren kaltegarri zaidala orrela ibiltzea,... ezta! ao batetik erantzuten dute: «Beingoz, ta gurera beintzat etorri zaite. Zuzaz oituta gaude ta ez degu albaitik besterik nai» Ekiten dute arrenka, ta nola ukatu?

        Bakoitzak bere leloa; Aberatsak, ia beren etxera juan ez; beren nai guzira bat beartuta ba'legoke bezela. Txiroak ia txiro diralako beren etxera joan nai ez detan; ezagun dala eskupeko onaren itxaropenik ez detala ta abar. Uste diat seme, gauza naizen arte, nai-ez ibilli bearko naizela iñoren purtzilkeri guziak egiten. Eta etxean nagola pakean utziko baninduteke ezer ez!

ANDER: Zere burua guztiz ondatu arte.

ANA JOXEPA: Nere burua ondatu..., onik ez ziak egiten, ez. Baña ez niok ik uste dekan bezin gaizki, Ander. Igertzen ziot nere buruari.

ANDER: Obe ama, obe. Baña osalariak esaten dizu, zarrasta ta biotz-ukitze guztiak kaltegarri zaizkitzula; on naiz txar; naigabezko edo pozezko; ta zure lan guziak orixe besterik ez dakarkizute. Naigabea ta izu-aldia ugari.

ANA JOXEPA: Azketsi nazatela baña... osalariak erdi eroak dituk. Gaurkoak beintzat. (Soñian daukan amantala kendu ta kakuan zintzilik zegona jantzitzen du, len soñian zeukana ostera kakuan eskegiaz)

ANDER: Ba-zoaz beti bezela osalarien aurka. (maitekor eta jolas-gura) Osalari ikasiak, zu ta zu bezelakoak ez dakizuten gauz asko ta asko dakitela, amatxo. Gaxoak zaintzeko bai zuek, baña abek duten gaitza igerri ta sendatzeko, osalariak.

ANA JOXEPA: Ixilik egon ai mutill! I beti orretan aiz!... Osalariak gero ta erokeri aundiagoak esaten dizkitek-eta!... Biotz-ukitzeak kaltegarri zaizkidala, ta ortaz nere burua zaintzeko... Edozeñek esango luke, gure barruan igarotzen diran zarrastadak, aurrez oldoztuta geron naiz izaten ditugula! Orrenbeste ikasten duten jaun batzuk ori esan!

ANDER: Baña artu arazten diguten gauz eta tokietatik alde egin genezake. Zenbait naigabe ta izutze gutxiago artuko zenduke... iltzen dagon urliaren, edo jaiotzen dagon berendiaren etxean laguntzen izango ez ba'ziña!... Bateko ta besteko gaxo, negar, eta estutasun artean; erri guziaren naigabeak zure barruan artuez bizi zera.

        Len, etxean zure irabazia besterik ez zanean, zertan edo artan, bizitzeko bear genduna inguratu bear zendun, eta alegintzea bearreko. Gañera orduan osasuntsu ziñan edozer lan egin al izateko; baña orain... ez nazu ba ni biontzat lain irabazten detana? Zergatik zere burua bear baño len ondatu, ondo bizi besterik izan ezta?

ANA JOXEPA: Kendu nazak orain arteko nere bizieratik, eta ire ama, ezer egin gabe, oraindañoko xalxa gabe, itunez ilko dek.

ANDER: Ene ama!... Ez orrenbesteraño! (ixil-unea) Utzi zazu ba, etxetikat iñorrenera neke ia izu-aldiak artzera joate orri; asko dezu etxera etortzen zaizkitzunak artzeko arazoa.

ANA JOXEPA: (baiespenez) Ortan zuzen abil, mutil; bateko miña ta besteko txaplataz, nik bear beste lan inguratzen zait; astia galdu-arazteko lagunik asko etorri ere bai. Baña al detan bitartean, nola ukatu nere laguntasuna arrenka eskean datorkidanari?

ANDER: Egin zazu, ortan nere menpe zaudela. Neronek ez dizudala usten. Eta... ez dizut utziko! Jaunari eskerrrak, zuretzat lain ba-naiz. Gaur Antxeta jaunak ondo ordaintzen nau, ta ez gera geiagoren bear. Oraindaño lanik asko egin dezu. Atseden bearrean zaude... Orain beste batzuk egin bezate.

ANA JOXEPA: (jostari) Orrein aundikiro mintzatzen aiz seme!... Baña egunaren erdian amaren sukaldean orain agon bezela egonda ordainduko ote au jauregiko nagusiak, ama lanik egin gabe eukitzeko bestean?

ANDER: (parrez) Badu Antxeta jaunak nik dagidan lana baño kezka aundiagorik! Or dabil bere alaba-ordea zaindu eziñik, Lizarbe'tar Andoni jaunaz itz egin dezan.

ANA JOXEPA: Baña alperrik.

ANDER: Ain alperrik eze! Ortik edo emendik, maiteok egunero elkar ikusten dute, ta... egunean bein baño geiagotan ere bai sarri.

ANA JOXEPA: Orretarako adi-adi dagona zaintzea, alperrik dek, eragozpenak jartzea, alperrikago; orduan eta maitaleak berenean sutsuago.

ANDER: Oiek beintzat bai... Opa diot ba, ta biotzez, Lizarbe jaunari gure anderetxoa emaztetzat!...

ANA JOXEPA: Baita anderetxoari ere, Lizarbe jauna senartzat... Ezta?

ANDER: Baita. Nagusiari kasketean jarri zaio, etxe jauntzarik ez dakarrelako Elixabete'rentzat laingo ez dala; baña senar on-on bat ukatzen dio.

ANA JOXEPA: Eta aberatsa! Irabazpide aundi ta onak ditula esaten dute ezagutzen dutenak...

ANDER: Baña... ez al dezu ezagutzen Antxeta jauna, ama?... Aundiki utsa da; diru bearrik ez du; anderetxoak, gurasoenak eta guraso-ordezkoenak, guziak beretzat ditu. Jauregin, geroko nagusia ere, aundiki izan dedilla, ta ez dute besterik bear.

ANA JOXEPA: Anderetxoarentzat baña, ez dago ludian Lizarbe, jaun on, azkar, bikain eta atsegiña baño gizonezko andikiagorik...

ANDER: Eta... bereaz aterako da.

ANA JOXEPA: Beintzat, maite duan ori, edo besterik ez; esaten du.

ANDER: (zutinduaz) Orretan ei da, bai. Baña ba-noa. Atzo Peli'k eman zizkidan lore-azi batzun billa etorri naiz. Emen arasan utzi nitun, eta orain ez daude. Jaso egin al dituzu?

ANA JOXEPA: Bai. Ortik galdu litezkelako, mai-kutxan jarri ditut. (Ana Joxepa, maiko kajoean begiratzera dijoa, ta Ander bere ondoren. Goiko atean Antxeta jauna agertzen da).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, Ander eta Antxeta jauna.

 

ANTXETA: (atean geldituta) Arratsalde on ama-semeoi.

ANDER: (itxumustuta) Nagusia!

ANA JOXEPA: Jauna!... Arratsalde on dezazula zuk ere. Ongi etorri.

ANTXETA: Sartu alba'nindeke...

ANA JOXEPA: Zure etxean zaude. Aurrera. (Antxeta aurreratzen da. Ana Joxepa mai ondoan dagon alkia eskeintzera dijoa).

ANDER: (Antxeta'ri, aitzaki-naiez) Lore-azi batzun billa etorrita nengon...

ANTXETA: Etzendun esan bearrik. Badakizkizu nere etxeko zure bearkunak. Oiek bete ezkero...

ANA JOXEPA: Bidezko da nagusiari atzalpen ori egitea.

ANTXETA: Ander'gan uste osoa det.

ANDER: Eskerrikasko jauna.

ANA JOXEPA: (alkia eskeñiaz) Atsegin ba'zaizu gure sukaldean esertzea...

ANTXETA: (alkia artuaz) Badakizu baietz, Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Bai. Ez dezu lenbizikoa... (Antxeta esertzen da)

ANDER: (Antxeta'ri) Zure baimenaz, nere lanera noa.

ANTXETA: Ez, Ander; geldi zaite emen unetxo baten. Ama-semeoi itz egin bearra det...

ANDER: Menpeko nau.

ANA JOXEPA: (beretzat) zer ote dakar onek!

ANTXETA: (ixil-une baten ondoren) Egun abetan, erbesteko jaun bat ikusten det emen sartzen.

ANA JOXEPA: (Ander'i begituta) Emen esaten danik... errikoa ez dana beintzat... Lizarbe jauna...

ANDER: (Ana Joxepa'ri begituta baita) Bai...

ANTXETA: (ixil-une baten ondoren) Bera. (nausitasunez) Zertara etortzen da?

ANA JOXEPA: (arrituta) Jauna...! Aldia igarotzera edo...

ANDER: Lendikako ezaguna detanez...

ANTXETA: Lendikako ezaguna zuk? (nardaz) Kidea al dezu?

ANDER: (era onez) Kidea ez. Bera jaun aberatsa; ni langille txiroa. Baña Lizarbe jaunak, bere kistar-izate ta zindotasunaz, beeragokoa aintzat artzen daki. Orrela artu nindun ni ere.

ANTXETA: (ben) Ez dituzu kistar-izate ta zindotasuna, gerekoitasunaz nastu bear, Ander.

ANDER: Ez dakit zer esan nai dezun, jauna.

ANTXETA: Lizarbe jauna, zure bear da noski...

ANDER: Ez dakit zertako. (ixil-unea)

ANA JOXEPA: Azketsi, nagusi jauna; baña dirudinez, oker uste dezu.

ANTXETA: Ez zaite nere usteak aztertzera sartu, Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Aztertzera, ez; baña ageri daude.

ANTXETA: Zer esan nai dezu?

ANA JOXEPA: Argi itzegin banezake...

ANTXETA: Ori nai det.

ANA JOXEPA: (ixil-une baten ondoren) Ageri danez, Lizarbe jaunak, alabatzako dezun zure illobatxoaz ezkondu nai du. Baita illobatxoak, Lizarbe jaunaz ere. Zu ezkontze orren aurka zaude... Morroi gaituzu... ta zure jauregi barrutian bizi gera... Maitaleai elkar-ikusi ta aitzea erraztu lezaiokegu... Ori da zuk uste dezuna nagusi jauna. Baña berriz diot: oker zaude.

ANTXETA: Ez det nere usterik azaldu. Zuk diozu. Zerbaitek gogora dakarkizu.

ANA JOXEPA: Bai... egin dezun galdeak...

ANTXETA: Etxe ontara zertara etortzen dan besterik ez det galdetu.

ANA JOXEPA: Egia. Oraindik ez diogu zure galdeari erantzun. Baña edestuko dizut zerbait.

ANTXETA: (zutinduta, nagusitasun aundiz) Ez det edesti bearrik. Nere agindu bat eraztera natorkizute: Ez dot nai Lizarbe jauna etxe ontan sartzerik. Ama-semeok dakizute ortarako zer egin. (abiatzen da).

ANA JOXEPA: (Antxeta geldi-arazi ta lengo alkia berriz es-kañiaz) Arren, ez zaitez orrenbestez joan, nagusi jauna. Entzun gurea ere. Berriro eseri zaite. (Ander'i) Itz egin zak, mutil.

ANTXETA: Zertako? Ez det ezer entzun bearrik. Nere agindua bete zazute ta asko det.

ANDER: Bete eziña bada?

ANTXETA: (arrituta) Bete eziña?...

ANA JOXEPA: (Antxeta'ri) Entzun jauna. Arren eseri zaite. (Ander'i) Itz eginzak, mutil. (Antxeta esertzen da).

ANDER: Gudaritzan ezagutu nuan. Garai artan jaun ori, españar gudalostekoa zen; morroitzan gerta zitzaidan euntzako buru. (ixil-unea) Oroituko zera noski, jauna, erderaz jakiñezagatik gerta zitzaidanaz, nere amak edestua zizun ba. (Antxeta'k buruaz baietz dio) Oroituko zera nere erru-egiteaz, eta gudari-legez zegokidan zigorretik, euzkeldun nere kapitanak gaizkatu nindula ere...

ANTXETA: Bai... bai...

ANDER: Note gaizkale ura, Lizarbe jaun auxe zan ba.

ANA JOXEPA: Asko zor diogu Antxeta jaunari.

ANTXETA: Bai. Ez nekian... (ixil-unea).

ANDER: Bost urte igaro dira ori zanetik. Bitarte ontan, ez det iñun ikusi, ezta bere berririk jakin ere, orain Ibargain'a etortzen asi dan arte...

ANTXETA: (nardaz) Eta jakiña; orain emen beste morroitza berri bat egiten asiko zintzaion.

ANDER: (era-egokiz) Ez dirudi ezertako nere bear danik. Beintzat ez dit oraindaño ezer eskatu.

ANA JOXEPA: Len ere esan dizut jauna...

ANTXETA: Esan dezu; baña jaun orrek etxe ontara egiten ditun ikerpenak, besterik esaten dute.

ANA JOXEPA: Orrela uste ba'dezu... Baña bere asistente izanaren amaz izketaldi bat egitea beste ziorik ez du onara ekartzen.

ANTXETA: (burutsu) Etzera gezurti Ana Joxepa; sinisten dizut. Baña nere etxe-barrutian nerau nagusi, ta esan det: Ez det nai etxe ontan jaun ori sartu dedin.

ANA JOXEPA: Jauna...!

ANTXETA: Esan det. (zutintzen da).

ANDER: Eskubide osoa dezu agindu nai dezuna erazteko; menpeko nazu ta zure etxean gaituzu... Beteko det, eta nere amak ere orrela egin naiko du... (Ana Joxepa buru makur sutondora baztertzen da) Baña ez diot ongille aundi zaidanari nene etxera sarrera ukatu nai, eta zure jauregi barrutitik at bizi lekua billa bearko det. (Ana Joxepa arrituta bezela, Ander'i adi-adi begitzen dio).

ANTXETA: Ander! Zure nagusi jaunaren aurka jeikitzen al zera?

ANDER: (era-onez) Morroi nazunez, menpeko ere bai, ta aurrera ere orrela jarraitu nai det zure menpe; baña... jopu, iñoiz ez!

ANTXETA: (zorrotz) Arrokeriak zure nagusiaren aurka jeiki arazten zaitu, Ander!

ANDER: Ez! Zure agindua beteaz, nere eskubidea zaintzea beste okerrik ez dagit.

ANTXETA: (nausitasunez) Ongi da. Baña ez aiztu zure nagusiak beste eskubide batzut ditunik.

ANDER: Ez, jauna. Eta dezun eskubidez ogi gabe utzitzen ba'nazu... Jaungoikoa errukiorra da, ta ez nau nere amakin goseak iltzen utziko.

ANA JOXEPA: (bat-batean Ander besarkatuaz) Ondo erantzuna seme! Jaungoikoagan ustea jartzen dakien gizonak, ez dik ludikoen azperkeri bildur izan bear!

ANTXETA: (une baten Ana Joxepa'ri adi-adi begira egonda) Ana Joxepa! Zu ere nagusiaren aurka?

ANA JOXEPA: Ez jauna! Zuzen dabillenaren alde! (Antxeta aserre antzez goiko aterontz joaten da).

ANTXETA: (atetik) Ondo oldoztu egitera zoaztenaz! (joaten da malladian bera)

ANDER: (eseri ta bere maigañera botiaz) Ezin izan besterik, ama!

ANA JOXEPA: Ondo mintzatu aiz seme. Baña ez orain emen eseri. Ua oraindaño bezela eure lanera... Eskubideak, zaindu; ta bearkunak, bete.

ANDER: (zutinduaz) Entzun dezu Antxeta jaunak ere bere eskubideak ditula. Ez naiz luzaroko bere jauregiko lanean.

ANA JOXEPA: (bere buru jabe) Ez kezkarik izan. (jostari) Eta, zer diok orain ire amari. Ez lanik egiteko?... Ai mutil! Aberats etxetako malladiak, labañak oi dituk, eta errex irrist egiten da.

ANDER: (oldozti) Bai... bai... bai...!

ANTXETA: (mai-kutxatik zerbait artuta) Tori lore-aziok. Ua eure lanera. (joaten da Ander goitik malladian bera aienatzen dala).

ANA JOXEPA: (Ander'i jarraituta atean malladi buruan baratzara begira) A jauregiko nagusi arroa!... Jaungoikoak lagun dagidala, ire asperkeriari nereaz erantzun ez dagiodan! (une ontan, Marixabel'ek eskui aldeko barrutik deika:) «Ana Joxepa!... Aaaaana Joooooxepa!»

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa ta Marixabel.

 

MARIXABEL: (ojuka) Ana Joxepaaaa!...

ANA JOXEPA: Ara! Emen da bere etxean egon ezin dan bat!... Aurrera Marixabel.

MARIXABEL: (eskuitik sartuaz) (aur jaio berri bat dakar besoetan) Arratsalde on Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Zuri ere Jaungoikoak orrela deizula.

MARIXABEL: Garai ontan etxean egongo zerala-ta nere buruari esan diot: Noan pitin baten Ana Joxepa'gana, nere umetxua artuta; ura ere bakarrik arkituko da, ta... laguna ez zaio gaizki etorriko berriketa aldi bat eukitzeko.

ANA JOXEPA: Badakizu berriketa-zale ez naizela. Laguntasuna, atsegin zait; baña berriketak, ez... (alki bat eskañiaz) Tori, eseri zaite.

MARIXABEL: (exeriaz) Esate bat da. Neri ere, ez da ezer emakume autu-jario kale-zaleak baño amorru geiago ematen ditanik. Ezin ditut ikusi!

        Onera natorrela, Pillota'eneko Iñaxi arkitu det, eta... ara! aren jarduna beko Antoni dala-ta-ez-dalal Ura gaizki esatea!

ANA JOXEPA: (ziriz) Eta zuk, gaizki esaten ez entzutearren, ixil-ixilik alde egingo ziñon, ezta?

MARIXABEL: Alde... Egon naiz ori egiteko ere, bai; baña badakizu: adiskide bati ezetsi ori ez egitearren berakin iraun det; beti da orrelakotxea-ta... Esan diot: Zertan orrela aintzat artzen ditun Mari-lotsagabe orren gauzak? Ez al zekiñagu guziok ori nor dan? Beti gangar, alper, zikin bat izan den ori, ta orrelakoaz eure burua bat-egin? ez nik beintzat!

ANA JOXEPA: (ixekaz) Orra zein era onez mintzatu zeran!

MARIXABEL: Noski. Baña Iñaxi bera ere, bestea bezin nolabaitekoa da, bata bestea baño gangar, mataxa-jario kale-zaleagoak, eta etxepe baten ezin elkar ondo aitu. Biak ere, bakoitza bere tokian sukalde baztarrak txukuntzen egongo balirake, ez luteke orrenbeste naspil erabilliko. Baña... utik! elkarren antzekoak dira, oien artean sartu...! ez ni beintzat!

ANA JOXEPA: (ziri-geiagoz) Ikusten det bai; ikusten det...

MARIXABEL: Bereala alde egin diot. Ez nintzan aren berriketak entzun gura-ta. Or konpon!

ANA JOXEPA: Ondo egin dezu.

MARIXABEL: Nik? Bai orixe! Geienez ordu-bete egingo nuan berekin. Aize bat prexkuago zegon kale-mutur artan! Alde egin bear izan det. Bestela... nere senarrak arkitu ba'nindu an aur txikia besoan detala...! ez det oldoztu ere nai nola ekingo zidan etxean! Bai...! or konpon! egin, eta emen etorri natzaizu.

ANA JOXEPA: Zure senarrak arrazoi du. Ez dira onen aur txikiak orrela erabilli bear. Aulak izaten dira-ta, ardura aundia bear izaten dute.

MARIXABEL: Aulak?... Au ez beintzat. Arri koxkorra baño gogorragoa dator.

ANA JOXEPA: (aurrari begituaz) Obe... obe... Ederra dago!... Ain lo ederra dauka! Ai ene Marixabel! Nolako atseden ederra eukiko luken onek orain bere seaskan etzanda!...

MARIXABEL: Nere magalean ere ez dago gaizki.

ANA JOXEPA: Baña, aurra seaskan dala, norberak lan asko egin dezake etxe-aldean, nik beintzat ala egin oi nuan...

MARIXABEL: (entzungor eginda, aurra esnatzera balijoake bezela, lotaratzeko bere burua atzera ta aurrera igitzen du, zutinduta) Looo... looo... looo! (goiko atean geldituta kanpora begira) Au baratza alde ederra daukazu Ana Joxepa!... Etxe-inguruko au izango da zurea?

ANA JOXEPA: (sutondoan zerbait egiten dabilela) Bai. Guretzat lantzen deguna.

MARIXABEL: Eta ezitik aruntzkoa nagusiarena, ezta?

ANA JOXEPA: (itun) Guzia nagusiarena.

MARIXABEL: A! Jakiña! Baña nagusiarentzat lantzen dezutena.

ANA JOXEPA: (oarkabe) Baita.

MARIXABEL: Abek sail izugarriak ditu Jauregi'k!... Abek loretegi ederrak! abek zuaiztiak!... Ikusgarria!... Ez du lan gutxi egiten Ander'ek!

ANA JOXEPA: Bearko, ogia irabazi nai ba'da...

MARIXABEL: Ain txukun dauka guzia!... Bai Jauregi'tik onarako bidetxigorra ere apain daukala!... Ezagun da bertatik nagusiak ibiltzen dirala...

ANA JOXEPA: (bere lanari jarraituaz) Baita... baita...

MARIXABEL: (Ana Joxepa'gana urbilduta) Entzun detanez, naigabe aundia du nagusiak bere illobatxoak egin nai duan ezkontzaz, e?

ANA JOXEPA: (ben-ben) Ta zuri zer?

MARIXABEL: Ezer ez baña; Ibargain guzian aoz-ao dabillen kontua da-ta...

ANA JOXEPA: Zertzaz jarduna ere, bear izaten da.

MARIXABEL: Zu ere, aoz-ao zabilz...

ANA JOXEPA: Ni?... Zer dala-ta?

MARIXABEL: Alegia... senar-gaia egunoro emen izaten dezula...; maiteok zure bidez elkar-aitzen dirala,..

ANA JOXEPA: (zorrotz) Berriketak!

MARIXABEL: Ain berriketak...! Esaten jardun nintzan Kontzez-Odolki'ri ni noiz-nai emen izaten naizela baña, oraindik ez zaidala egokitu ez mutil, ez nexka emen arkitzerik...

ANA JOXEPA: Zerbaiten jakin-miña erabiliko dezu bai zuk, zabiltzan tokian.

MARIXABEL: Ez ba! Ez det onara etorri bearrik oiek ikusteko. Goizean goiz elizatik etxera nere atari aurretik igarotzen dira.

ANA JOXEPA: Ortik oldoztu ba bitarteko bearrik ez dutela elkar aitzeko.

MARIXABEL: Ez dirudi. Baña badakizu: eragozpenak dituzten maitaleak laguntzalle bear izan oi dira.

ANA JOXEPA: (bere arteko arrotasunaz) Bai ta orrelako aundiki batzuk ni bezelako baten bear!

MARIXABEL: Nor zu baño artuago uri ontako aundikiaz? Gauz guzietarako zu bear zaituzte. Antxeta jaunaren jauregian, zer esanik ez.

ANA JOXEPA: Oiek ez dira nere bear-ta...

MARIXABEL: (jardun-aldakera) Leiotik goizero beroiei begira egoten naiz. Ura bikoitz ederra! Anderetxo Elixabete bera ain lirain ederra, eta senar-gaia baita ain gizaseme bikaña! Ona ta aberatsa dala dasate guziak... Zergatik ba Antxeta jauna eskontza orren aurka?

ANA JOXEPA: (aserre) Ez daukat berriketako betik, eta ez neri orretaz ezer galdetu. Ez beste ezertaz ere.

MARIXABEL: Ez... ez... ez... (aurrari begitu, ta bere soñari eragiñaz) Loooooo! (goiko atealderontz joanda baratzarontz begira) Auxe da porru-salla daukazuna Ana Joxepa!... Gurean ere artuko litzake.

ANA JOXEPA: Ba-dezu baratza, zertan zuk ere sail on bat jarri ez?

MARIXABEL: Nere senarrak astirik ere ez du izaten-ta!

ANA JOXEPA: Eta zuk atxurrerako gogorik ez, Marixabel.

MARIXABEL: Gogorik ez edo... Artuko nituzke ba eder-eder batzuk...

ANA JOXEPA: (entzungor eginda beretzat) Beti eskea.

MARIXABEL: Jan ezin dezakezuten beste daukazu. Alperrik galtzeko... (Ixil-unea). (Eskuiko atean Lizarbe jauna agertzen da) (Marixabel'ek ikustean) A!

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, Marixabel eta Lizarbe.

 

LIZARBE: (atetik) Arratsalde on, Jaungoikoak deizutela.

MARIXABEL: (uzkur) Oi...!

ANA JOXEPA: (atsegiñez) Baita zuri ere, Lizarbe jauna.

LIZARBE: Deitu gabe sartu natzaizute...

ANA JOXEPA: (bereala) Ala bear ere.

LIZARBE: Zuen artekoa etentera etorri ote naiz?

ANA JOXEPA: Ez orixe!

LIZARBE: Ez nuke nai beintzat...

MARIXABEL: (uzkur) Ez jauna; ez.

ANA JOXEPA: Marixabel alditxo bat igarotzera etorrita zegon emen; eta etxera joan bearra du garaia eldu zaio-ta. (joaten da ezkerreko atetik).

MARIXABEL: (beretzat) Bidaldu egin nai nau.

LIZARBE: (Marixabel'i) Aur-zai?

MARIXABEL: (atseginduta) Bai, jauna; jaiotzen diranak azi ta zaindu egin bear.

LIZARBE: Jaio-berria edo dezu...

MARIXABEL: Bai jauna; illabete besterik ez du.

LIZARBE: (arrituta) Oi! Gaxoa!

ANA JOXEPA: (porru batzuk eskuan ditula ezkerretik irtenaz) Gaztetxoegi luzaroan etxetik kanpoan eukitzeko (Marixabel'i porruak emanez) Tori Marixabel, eder-ederrak dituzu. Zoaz etxera ta aur ori seaskan ipiñi.

MARIXABEL: (porruak artuaz) Eskerrikasko.

ANA JOXEPA: (aurrari pa-eman, eta Marixabel'i leun-leun eskuiko aldea erakutsiaz) Zoaz ba, eta urrengo nai dezun arte.

MARIXABEL: Bai... bai, banoa (Lizarbe'ri) Agur jauna.

LIZARBE: Agur.

MARIXABEL: Agur, Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Agur. (joaten da Marixabel eskuitik).

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa ta Lizarbe.

 

LIZARBE: (arrituta) Baña; Ana Joxepa! Andretxo ori etxetik bidaldu egin dezu!

ANA JOXEPA: (Lizarbe'ri maiondoko alkia eskeñiaz) Ez da ala ere asarretuko. Eseri zaite... Bidaldu ez ba'neu, ez zan joango...

LIZARBE: Eta ni etorri naizelako bidaldu dezu?

ANA JOXEPA: Jakiña. Ez zuan emen zertan egonik.

LIZARBE: Asarretuko da.

ANA JOXEPA: Bai obe.

LIZARBE: Orduan...

ANA JOXEPA: Ez zazu kezkarik izan. Udazkeneko euli makala baño itsaskorrago da gaxoa. Ezin gañetik kendu det...

LIZARBE: Orain bezela eman egingo diozu-ta!

ANA JOXEPA: Gutxitan emendik utzik ateratzen da, bai... Baña eseri zaite.

LIZARBE: (eseriaz, alai) Ez al nazu ni bidaldu nai?

ANA JOXEPA: Ez orixe!... Zu emen ikustea bearreko egin zait. Bi notin berdiñezak maite izan ditut zugan: Jaungoikoak ala naita, notin bi oiek bat eginda arkitu ditudanean, maitasun biak ere bat eginda nere biotz gaxoa zuganako samurtasunez irazeki dute; ta... azketsi ausardia ba'da, baña seme ba'zinduzket bezela nere ondoan eukitzeko yoranez nauka beti... Gaur nor zeran oldoztean, ori, atso txiro onentzat ausarkeria ote dan ustez gelditzen naiz baña...!

LIZARBE: (bat-baten sutinduta) Ez Jaungoikoarren orrelakorik uste-izan, (Ana Joxepa'ri itzal eta samurtasunez bekokian muxu-emanaz) Maitasunak, maitasuna sortzen du, zureak ere bai nigan; eta ezin zait egunik igaro zurekin egonalditxo bat egitera etorri gabe... (samur) Ludi ontan danik andre maitagarriena zera neretzat Ana Joxepa... Nere lenengo intziriaz errukitu ziñana... nere lenengo irripartxuaz atsegin artu zenduna... Eta... ai!... baita... nere ama errukarriari itxaropenezko itz pozkarriz bere zoritxarra arindu, ta il zanean, begi eder eta gozo iduritzen ditudan aiek betiko itxi ziñizkona...

ANA JOXEPA: (yoranez) Orduan, azketsi didazu jakin nai zendun zure jaiotzaren eskutua azaldu nai eza?

LIZARBE: Zergatik ez, eziña ba'da?

ANA JOXEPA: Iñoiz ere baño eziñago gaur.

LIZARBE: Eta ez daki iñork?

ANA JOXEPA: Ni besterik ez da iñor ludian nor zeran dakienik.

LIZARBE: Neronek ezin nezake jakin?

ANA JOXEPA: Ezin nezakezu esan.

LIZARBE: Orduan, gorde zazu maiteki zure ixilpeko ori; eta iltzen zeranean, ni baño lenago ba'zera, eraman zaiozu Jaungoikoari, ni ere Bere altsora naizenean orren jakitun egin nadin.

ANA JOXEPA: (biotz-ukituta) On-ona zera jauna!

LIZARBE: (bareago) Baña... zergatik «jauna» deitzen nazu?... Ez ba-det ludian gurasoaren itzal eta maitasuna zor dagionik zu besterik?

ANA JOXEPA: (asnaz-luzez) Geroko nagusi-gai zaitut... itzala zor dizut...

LIZARBE: (itun) Zure nagusi-gaia!... Ortik nere zoritxarra!... Ai Elixabete nere-tarikoa ba'litz!... (ixil-unea) Nor zanik jakin gabe, ezagutu ordutik maite det... Geroago ta eziñago uste deten maitasuna...

ANA JOXEPA: (zerbait azaldatuta) Zer? Inki-manki nabaitzen al dezu bera?

LIZARBE: Ez orixe!... Elixabete'k maitasun sendoa dit...

ANA JOXEPA: Orduan...

LIZARBE: Nik baño obeto dakizu edo, Antxeta jauna nor dan. Beren artatik ezerk eta iñork ateratzen ez ditunetakoa. Zioak aldatu, edo aurka ditunak makurtu bearko; bere erabakiak lenean zutik jarrai dezaten... Bere illobaren senartzat ni nai ez izateko ditun zioak, badakizu: nere izatasunaren zergatian irasi ditu; eta oiek aldatu-eziñak dira.

ANA JOXEPA: Maitasunak al aundia du, Lizarbe Jauna.

LIZARBE: Deitu nazazu Andoni, orrela legor: Andoni; iñork baño lenago ikasitakoa dezu-ta...

ANA JOXEPA: (pozarren) Orrela nai dezunez... Andoni ba. Baña eseri gaitean. (esertzen dira) Maitasunak al aundia du, Andoni. Ez da ez dezakenik. Zure maitea berean sendo ba'da: Zergatik itxaropena galdu? Nork esan dizu Antxeta jaunak amoregin ez dezakela, bere alabatzako illoba maiteak dizun maitasunari? Jaun ori biotz-gea ote?...

LIZARBE: (siñizgogor) Aundikiak, beren izen aundiak eskatzen duanaren aurrean, biotzari entzungor egiten diote.

ANA JOXEPA: Orrela ba'da ere, beste eraz ezin danean, Elixabete'k bere buruaz agindu lezake nai duan zoriona lortzeko.

LIZARBE: Ori da samingarri zaidana!... Ain maite duten gurasotzakoen aurka egin-arazi bearra!... Eta besterik ezin!... Nere zoritxarra!... (ixil-unea).

ANA JOXEPA: Ez zazu Jaungoikoa'gan usterik galdu. Berak ez lezakenik ez da...

LIZARBE: Itxaropen ori det...

ANA JOXEPA: Etzaitu Berak utziko... (goitik baratzako malladian gora datorren norbaitek: «Agur Miren garbi-garbia»)

ANA JOXEPA: (bat-batez zutindata) Orban gabe sortua! (Lizarbe'ri) Elixabete dator.

LIZARBE: (bat-batez zutinduta baita) Elixabete? (agertzen da au goiko atean).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, Lizarbe ta Elixabete.

 

LIZARBE: (Elixabete ikustean) Maite!

ELIXABETE: (Ikaratuta) Andoni!... Zu emen...

LIZARBE: (maiteki) Ni emen, Elixabete!

ELIXABETE: Ez nuan uste...

LIZARBE: Orrengatik egokitu zait, zu berriz ikusteko poza...

ELIXABETE: (tamal) Eta neri, ikusi ta alde egin bearraren naigabea...

LIZARBE: (arrenka) Ez zaite juan, Elixabete.

ELIXABETE: Zu emen zaudela, ezin nindeke bertan egon.

LIZARBE: Orduan... ni joango naiz!

ANA JOXEPA: Orrenbestez, ez dago ziorik.

ELIXABETE: Bai, Ana Joxepa...

ANA JOXEPA: Zuek emen egoteaz geien bildur bear dana, ni naiz; ezta baña orrenbeste. Atoz aurrera anderetxo; eta une labur baten bederik, exeri zaite.

LIZARBE: Artez ari da Ana Joxepa; Jaungoikoak nai izan du guk orain emen elkar arkitzea. Bera gure maitasunaren laguntzalle degu.

ANA JOXEPA: (Jostari) Elixabete'ri dagion sari bat da. Orain ere, onegitera zetorren noski.

ELIXABETE: Ia okerruste dezun.

ANA JOXEPA: Oi-eza litzake. (Lizarbe'ri) Zure maitetxoaren goimaitasun eta eskuzabaltasunari eskerrak, Ibargain'go sendi errukarri guziak ia-ia poztu ditut.

ELIXABETE: Asko maite nazu-ta, dagidan guzia on eta aundi arkitzen dezu.

LIZARBE: Ez da orrengatik bakarrik izango. Ana Joxepa'k ezagumen ona du, ez da zalekeriak itsutzen dutenetakoa.

ANA JOXEPA: (jostari) (Lizarbe'ri) Aizu: ez da iñor Elixabete ezagututa beregana zaletuko ez danik.

LIZARBE: (Jostari) Beztela... galdetu neri. Ezta?

ANA JOXEPA: Ziñaldari jartzen zaitut...

ELIXABETE: (atsegiñez) Ara bi emen!...

ANA JOXEPA: Nere bizi guzian etxerik-etxe gaixozai eta abar nabillela, amaika zoritxar, bear-izan, eta landerreri ikusi izan det. Al nuana egiten nuan, baña, diru bearra zegon tokian nik ezin ezer egin; nerau naikoa txiro-ta. Orrela, zenbaiten bear-izanak ain urbilletik nabaituaz nere biotzak igaro izan ditun naigabeak zenbatu eta edestu eziñ ala dira... Zenbat aldiz nere-artean oldoztu izan det: «onelakoren diruak ba'nituzke bestelakori emango nioke poza, bear duan gauz artarako eramanaz!» eta abar... Beti orrelakoxe ametsetan, poztu bearrez, mikaxtu editen nuan nere bizitza...

        Jaungoikoaren errukiak azkenik ez du-ta, sortu zuan Jauregi'n emakume antzeko aingerutxo au, eta orra nun detan bear guzirako beronen sakela sabalik...

LIZARBE: (pozetan) Sakela, ta biotza ezta?

ANA JOXEPA: Ongi diozu: sakela ta biotza.

ELIXABETE: Zuek ezin ezer txarrik nigan arki... Ori da guzia.

LIZARBE: Ez dagon tokian, ezin arki.

ANA JOXEPA: (berean) Ibargain'en ez da iñor gaur, jakiñean ba'naiz beintzat, zoritxarrean nor lagundua ez duanik. Anderetxo, —esaten diot— onlako, osagai bearrean dago, ta nundik ez du. Beste olakok, zer jantzirik ez du... Angoak, zer janik ez dute. Beste artakoak, landerreriak jota daude... Guzientzat zerbait ematen dit, eta guziak poz eta eskerronez beren aingeru ongilletzat onesitzen dute...

ELIXABETE: (bereala) Zer ba?... Esan egiten al dezu ortarako nork ematen dizun?...

ANA JOXEPA: Batzutan esan; eta, beste batzutan... esan bearrik ez. Ez al daki ba Ibargain guziak Ana Joxepa Xalxape'k beretik ezin egin ditezkela diru emate oiek?... Ez aldakite ba, emengo txiroak, beren naigabe-aringarri sortu zindula Jaungoikoak?... Bai orixe!... (alki bat eskeñiaz) Tira, tira eseri zaite; txiroak zure zorion-eske egiten dituzten otoitzak, usterik gutxien dezunean berau ekarriko dizute-ta. (Elixabete esertzen da).

LIZARBE: Zorion ori, Elixabete'rentzat bakarrik izango ote da?...

ANA JOXEPA: (beste alki bat Elixabete'ren ondoan ipiñiaz) (parrez) Orri... beronek erantzun lezaioke, nik baño obeto. Eseri zaite.

ELIXABETE: (zutinduaz) Eseri... ez. Joan egin bear naiz...

ANA JOXEPA: Joango zera! (sutondora joan, eta zerbait antolatzen ekiten dio).

LIZARBE: Joan...! (maiteki) Elixabete...! Zeren bildur zera?...

ELIXABETE: (maiteki, baña itun) Ain samingarri zaidanaz mintzatzen jarri nai al nazu?

LIZARBE: O! ez! maite!... Samingarri zaizun guzia zugandik alde-araztea nere gain balegoke...! (ixil-une laburra).

ELIXABETE: Ana Joxepa'kin egonalditxo bat egitera nentorren... Ez nuan uste zu emen arkitzerik...

LIZARBE: Badakizu sukalde ontan ditudala Ana Joxepa'ren aoan, nere ama errukarriaren maitasunez igurtzitako itz gozo estitsuak, damaten bizitz-mingotzaren gozagarri... Baita zure gogo aratzak emen utzitzen duan onoimen usai ederretan biotza gozatu zale naizela ere...

ELIXABETE: (xamur) Andoni...!... (ixil-unea) (Elixabete oarkabe eseri egiten da, bera begira geldituaz).

LIZARBE: (exeriaz baita) Egingo ote nau Jaungoikoak izate guzia zeru antzekoa eman dizun aingeru maite orren jabe?

ELIXABETE: Ez diot besterik eskatzen. Bereganako bide dan bizitz au biok elkartu ta igarotzea baño...

LIZARBE: (Elixabete'ri eskuak artuaz) Ain zoriongarri zaizkit zure maitasun-itzak. Elixabete!...

ELIXABETE: Naigabe samiñetatik ito-arazi nai didaten maitasuna...

LIZARBE: (biotz-beraz) Gaxoa!... Ez da neretzat neke larriagorik, zure naigabe zio naizela oldoztea baño.

ELIXABETE: Zure maitasuna nere biziaren zergatia da, Andoni.

LIZARBE: (zorionez) maitetxo!... (ixil-unea maiteki alkarri begira)

ANA JOXEPA: (beretzat) (arasatik otarrtxo bat ateriaz) Lusagarrik ez emen... Sapaira billa joan bearko... (abiatzen da ezkerrera) (Lizarbe ta Elixabete'ri begira geldituaz) Bikoitz zoriontsua... Ez ditu Antxeta jaunak ikusten!... (joaten da ezkerretik).

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lizarbe ta Elixabete.

 

ELIXABETE: Gaur gogor eraso didate osaba-izebak zure maitasuna ezintzat utzitzeko eskatzen...

LIZARBE: (urduri) Eta, zer erantzun diezu?

ELIXABETE: Ez naizela nere biotz jabe ori egin al izateko.

LIZARBE: (zorarazia) Ene kutuna!... (ixil-unea) zer adibide zizuten gaur?

ELIXABETE: Betikoa. Aundikitariko izateak ezartzen dizkidan bear-izan arroak...

LIZARBE: (itun) Iñoiz osatu ezin nezaken akatza...!

ELIXABETE: Zugan akatz uste ez detan zioa...

LIZARBE: (pozez) Ain ona zaitut Elixabete!... Esan: Biotza alde-utzi eginda, otz-otz iraditu al ba'zeinke, zer usteko zenduke zure osaba-izebaen adibide orrezaz?

ELIXABETE: Adimena biotzari lotuta uste detana, ber-bera; orretxek lotu dit-eta... Dizudan maitasunaren zergatia, zure izakera kistar erazko on atsegiña da. Zure zindotasun eta jakintza. Zeran guzia. Bizitz ontan Goikoa gana bidean bear detan laguna... zugan arki det, eta ez det besterik nai.

LIZARBE: (biotz-ukituta) Elixabete! Maitetxo! Jaungoikoak betiko lokarriz lotuko du, bekoak azkatu nai dutena!

ELIXABETE: Orrela uste det. (ixil-une luzea) (sartzen da Ana Joxepa ezkerretik).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lizarbe, Elixabete ta Ana Joxepa.

 

ANA JOXEPA: (eskuan dakarren otartxoa arasa-gañean utziaz) Andoni: uste det, orain zuk emendik alde egitea, on litzakela. Ez asko luzatu... (bat-batean oartuta bezela zutintzen dira biak.)

LIZARBE: Egia. Norbait letorke, ta gu biok emen arkitzetik, zuretzat kaltea etorri.

ANA JOXEPA: Zuengatik letorzkidan kalteak pozik artuko nituzke. Ez da neregatik...

LIZARBE: Zure biotza beti gure alde...

ANA JOXEPA: (erdi-parrez) Artez, edo ez; biotza geienean oi da maite ditunen alde. Nerea baña, oraingoan artez. Zuaz ba, Elixabete'n gatik.

ELIXABETE: Ez. Neu noa.

LIZARBE: Ni.

ANA JOXEPA: Zu, bai, Andoni. Zoaz... Zure biotz ederrak atso txiro onengana seme-maitasunez ekarri zaitu; eta orren sari, Jaungoikoak, Elixabete emen arkituaz, gerora eman nai dizun zoriona bein berriz nabai-arazi dizu...

LIZARBE: (Ana Joxepa'ri bekokian muxu-emanaz) Tori... nere ama gaxoari eman nai niokenaren ordañez! (Elixabete'ri esku biak artu, ta maite-maite begira egon ondoren) Agur maitetxo. (joaten da eskuitik) (Elixabete ta Ana Joxepa'k ateraño jarraitzen diote) (biak atetik kanpora esanaz:) Agur!

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Elixabete ta Ana Joxepa.

 

ANA JOXEPA: (barrura datozela, malkoak igurtziaz) (biotz-beraz) Ain ona da!

ELIXABETE: (Larritasun zartada baten Ana Joxepa besarkatuaz) Ain zoritxarreko naiz!

ANA JOXEPA: Baretu zaite, anderetxo. Jaungoikoak guzia lezake, ta Bere esku utzi dezun gauza, berak zuzenduko dizu...

ELIXABETE: Itxaropen orrek nere gogoa indartzen du. Baña... (tamal) geruago ta zaillago nere begietan agertzen da...

ANA JOXEPA: Beste orrenbeste gertatzen zait. Ez det sumatzen zure osaba jaunak zuen eskontza ontzat artzeko, zerk beretik atera lezaken...

ELIXABETE: Ene!... Egunetik-egunera berean sendoagotzen da... Au da eguna gaur ematen ari zaidana! Ez det nai-izan lenaz gañera Andoni naigabetu gertatzen zaidan guzia edestuaz... Nere gogo-oñazea zuri azalduta zerbait agindu naiaz netorkizun!...

ANA JOXEPA: Gaxoa!... Arestian, zure osaba jauna izan degu emen, zerbait aserre-xamar agindu bat ematen.

ELIXABETE: Zer zan?

ANA JOXEPA: Ontzat artu ezin dezaiokegun agindua: Andoni'ri onara etortzea, guk galeraztea nai du... Ez duala nai berea dan etxean Andoni sartu dedin.

ELIXABETE: Eta...? Zer erantzun diozute?

ANA JOXEPA: Ander emen zegon; eta, agindu ori bete al izateko, beste etxe batera joan bear gerala bizitzera, erantzun dio; ez duala nai ain ongille izan zaio jaun orri bizi geran etxean sarrera ukatu.

ELIXABETE: Ander'ek zuzen erantzun dio... Aserretuko zan nere osaba?

ANA JOXEPA: Guztiz... Zemaiez mintzatu zaigu joatean.

ELIXABETE: Auek naigabeak!...

ANA JOXEPA: Guziak amaitu dira!...

ELIXABETE: Ala bitez...!... Andoni'ri esan egin al diozu gerta zaizutena?

ANA JOXEPA: Ez, ez, ez! Ez nioke orrelako naigaberik eman nai!... Ezta nere buruari ere, bera gurean ez ikustearen atsekabea...!

ELIXABETE: (naigabez) Josu!... Josu!... Nere maitasunak zuentzat ondore txarrak ote dakarzki?... Zer neretzat samin aundiagorik?

ANA JOXEPA: Ez zaite estutu, anderetxo, Jaungoikoak lagunduko gaitu!... Ez al nazu ikusten zein bare nagon gerorako ikuspegia gaur beltz azaldu zaidan arren.

ELIXABETE: O! Ez!... Nik al detan artean, ez dezu gerokoaren bildurrik... Baña, Ana Joxepa: nere osaba-izebaen itsukeriak, biotza zatitzen dit... Guraso ba'nituzke bezin maite azi naute; nere bizian auen utsunerik ez nabaitzeraño... Oraindaño ez det iñoiz ezertan umezurtzaren samiña zer dan igerri, eta nere biziko une garrantzitzuenean, lortu nai detan zorion aurka jarri zaizkit!...

ANA JOXEPA: Ez da len bezin maite ez zaituztelako, Elixabete. Ez orrelakorik uste-izan. Gizartean dezun izen aundikiaren eraspena da, zure maitasun aurka jeiki dana.

ELIXABETE: Orrek dakar nere zoritxarra!... Orrengatik nabaitzen det gaur umezurtz izatearen utsunea biotz barruan!

ANA JOXEPA: Zergatik ba?

ELIXABETE: Nere amaren biotzak, nere biotzaren samiña adituko zualako.

ANA JOXEPA: (ezpaiez) E...! Amak ere, bizitz ontako eraspenen alde biotzari uko egiten ba-dakite. Beintzat, zuzen ustean...

ELIXABETE: (urduri) Ez baña nere amak!

ANA JOXEPA: (errukiz) Gaxoa! Naigabeak edozer esan-arazten dizu...

ELIXABETE: Nola edozer?... Ez dezu on-ustean nere ama zana?

ANA JOXEPA: Guztiz on-ustean... Baretu zaite Elixabete. Ez da maite ez zaituztelako. Zuretarikoen artean, bearkun deuna da sendiaren izen andikiari iraun araztea...

        Arazo ori da zure maitasuna galerazten datorrena... Eta, ez zaite ainbeste maitatu zaituztenen aurka jarri. Oker daude, baña on-ustez...

ELIXABETE: (oartuta) Artez mintzatzen zera Ana Joxepa. On-ona zera... Baleike neri naigabeak erokeriak esan-araztea... Maite ditut nere osaba-izebak, eta ziñez maite naute...

        Zure ondoan, nere ama zanaren oroipena maitagarri datorkit... Beratzaz mintzatzen zeran bakoitzean, zuri entzunaz iduritu detan bere antz eder zoragarria, nere pozik xamurrena da... (alkiak artuaz) Atoz ba, ta eseri nere ondoan... (exertzen dira) Esan... esan... Baleike ama bat bere alabaren zorion-aurka jartzea?...

ANA JOXEPA: Batak zoriona arkitzea uste duan gauzan, besteak zoritxarra edo uste baleu, biek artez elkarren aurka lirake...

ELIXABETE: Adibidez: nere ama ta ni...

ANA JOXEPA: Baleike...

ELIXABETE: Nola ba zu auzi ontan nere alde zaude?

ANA JOXEPA: Ez dakit ba... Dizudan onginaiak zuganontz gainberatuko nindun edo...

ELIXABETE: Didazun onginaiak..., ori, nere ama izan ezta. Zenbat beartuko ez ote leuke ama bat alabaganako onginaiak!

        Orrengatik nere naigabeak, zure ondoan iduritzen ikasi detan ama xamurraren utsunea gogo barruan itun nabaitzen du, eta bizi guzian lenengo aldiz orain, umezurtz naizela konturatu naiz... Eta zure sukaldera nator, nere jauregian ezin arki detan poz amatar billa...

ANA JOXEPA: Gaxoa!... Zergatik oraindaño bezela ez zera ixurtzen alaba-xamurtasunaz zure izebaren biotzean?

ELIXABETE: Alperrik da!...

ANA JOXEPA: Alperrik ez. Ez etsi, ta jarraitu oraindaño bezela, zeruan daukazun ama zure izebagan ikusten... Ez aztu baita Antxeta jaun zure osabak maite zaitunik, eta ez zatzaio adipetu nairik joan alperrik da-ta. Jo biotzera maitasunak beartzen ez duanik ez danez... (ixil-unea) .

ELIXABETE: Zuri entzunda igartzen det, ezin nezakela artez nererik lortu, gurasotzakoen biozkada bat bide baizik...

ANA JOXEPA: Ez det ori esan, era ortaz onu eman, besterik ez... Zu zera oarkabe orrela uste dezuna, ta aldeztuko zaituzten biotz billa zabiltz...

ELIXABETE: (bere onetik at) Ez dakit zer nai detan; ezta zer uste detanik ere: Andoni maite det, eta nere osaba-izebaen aurka joan bearra, mingarri zait. Baña ezin nezake besterik: Andoni!... Andoni!... Andoni!...

ANA JOXEPA: (errukiz) Gaxoa!

ELIXABETE: Erotu bear naiz.

ANA JOXEPA: (maiteki) Elixabete!... Jaso goruntz zure biotza, ta Jaungoikoa'gan itxaron... Zure maitasuna zuzen aratza da, ta Berak onetsiko du.

ELIXABETE: (ixil-une baten ondoren) Zure itzak baretu ta sendotu egiten naute erabat. Nai ez baneu ere, zugan nere amaren gogoa arkituko nuke. Zuk bakarrik nere inguruan biotz-ondora jausten zaizkidan itzak dituzu. (gizaseme abotz batek eskuian barrutik: «e...up! Ana Joxepa»!)

ANA JOXEPA: Norbait dator.

ELIXABETE: Joan egingo naiz.

ANA JOXEPA: Ez origatik.

ELIXABETE: Bai. Bakarrik egon-gura naiz. Banoa. (abotzak: «Ana Joxepa!»)

ANA JOXEPA: (abotzari erantzunaz) Aurrera!

ELIXABETE: Gero arte, edo biar arte; Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Nai dezun arte... Baña ez zaite joan bakarrik egotera. Zoaz, zeruan dezun amatxo maitea, Jauregi'n izebaren biotzean billatzera. Bertan arki dezakezu.

ELIXABETE: Bai. Baña lenago, zeruan detanari eman nai nioken muxua zuri eman nai dizut baita. (laztantzen du) (eskuiko atean Azpeiti agertzen da) Agur!

ANA JOXEPA: Agur, anderetxo! (joaten da Elixabete goiko atetik).

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa ta Azpeiti.

 

AZPEITI: (atetik) Noiztik dira aberats jauregietako anderetxo eder zoragarriak, txiro etxetako atso zar zimelak muxuka jan zale?

ANA JOXEPA: (parrez) Ara bestea!

AZPEITI: (sartuaz) Noiztik baña, noiztik?

ANA JOXEPA: Mutil... ez al dakik orrenbeste?... Gure Jaun Gurutziltzatuak ludian goi-maitasuna erein zuanetik.

AZPEITI: Ez da ba, azi eder ori iñork erein zuan antz aundirik arkitzen batzutan.

ANA JOXEPA: Beste batzutan bai baña... Ikusi dek, Azpeiti.

AZPEITI: Ikusi det, bai... Izan ere zuk Ana Josepa, aparteko era dezu aberats eta txiro, goiko ta beko guziak zureganatzeko!

ANA JOXEPA: Geiegi batzutan...

AZPEITI: Orain bezela: ez dezu nere bearrik, baña, etorri natzaizu.

ANA JOXEPA: Zer dakarrek?

AZPEITI: (Jaka jasota besamuturra erakutziaz) Ara: erlekizten zital bat atera zait emen, eta miñez nauka.

ANA JOXEPA: (eskutik elduta begituaz) Baita zitala daukazu ba... Enplastutxo bat egingo diot.

AZPEITI: Nai dezuna egiozu. Atxurraz kendu nai badidazu ere, berdin zait, kendu ezkero.

ANA JOXEPA: Au astakirtena!

AZPEITI: Egia da-ta...

ANA JOXEPA: (obeto begituaz) Enplastua edo... Eldu-xamarra daukak... zulatuta ere bazegok.

AZPEITI: Ai, ai, ai, ai, ai, ai, aaaa...i! Arrayea! Oiek dira beatzak!

ANA JOXEPA: Muti!...! Ikutzea besterik ez diat egin! Ona ago i atxurraz kentzen uzteko.

AZPEITI: (asnaz luze artuaz) Min eman diazu ba!

ANA JOXEPA: Izan ere, gizonezkoa baño gauza makalagorik ezda!...... Orain tirakillo pixka bat jarriko diat, ia zertara dan. (eskui aldetik barrunan ume abotz batek ojuka «Ana Joxepa»)

AZPEITI: Aurreraaaa!...

ANA JOXEPA: (jostari) Ik zer dakik nai detan edo ez?

AZPEITI: Onuzkero alperrik da ba. Dana-dala artu egin bear dezu. (eskuiko atean Pepitatxo agertzen da. Baldan jantzita dator bi akerra-mototz belarri gañetan kalartsu gorriaz lotuta zut-zutik ditula).

AZPEITI: (ikustean, eta abotz me-meaz ixeka-antzez) Oooooo... iiii! Pi... pi... tatxo!...

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, Lizarbe ta Pepitatxo.

 

PEPITATXO: (uzkur) Amak... esan... dit... umea ao-eriz daukagula-ta, ezti pixka bat emateko.

ANA JOXEPA: Eta ez al dakin iñongan sartzean, «Agur Miren», «egunon» «arratsaldeon» edo zerbait esaten? Txakurren antzera iñor agurtu gabe? Esaten diñat ba nik, baña alperrik! Beti berdin!... Ez al dakarren eztia eramateko ontzirik?

PEPITATXO: (sakaletik kikara bat ateriaz) (uzkurrago) Bai... emen... (artzen dio).

AZPEITI: Oi! Lotsagabe lotsatia!... (joaten da Ana Joxepa ezkerretik)

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Azpeiti ta Pepitatxo.

 

AZPEITI: (Pepitatxo gana urbilduta, oni akerra-mototz batetik elduaz) Deitu nazan orain kalean bezela: «Xapu, xapu, xapu»... Tira: deitu nazan!

PEPITATXO: Ez det nai!

AZPEITI: (teink-egiñaz) Deitu nazan ba!

PEPITATXO: (erdi-negarrez) Ez det nai!... Ai, ai, ai, ai, ai!

AZPEITI: (teinkaka) Deitu ba; deitu...

PEPITATXO: Ai, ai ai, ai, i!... Amari! (sartzen da ezkerretik Ana Joxepa, esku baten kikaratxua, ta bestean kaxatxo bat ditula).

ANA JOXEPA: Zer dabillek, mutil? Utzi eiok pakean! (Pepitatxo'ri kikara emanaz) Tori: eraman.

AZPEITI: Ez baña bidean jan e?... (joaten da Pepitatxo eskuitik).

ANA JOXEPA: Ori ere... baleike!

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Azpeiti, Ana Joxepa ta gero Pepitatxo.

 

ANA JOXEPA: (kaxatxua mai-gañean utziaz) Tira ator i ere zerbait egin dagiogun besa mutur orri. (ateratzen ditu kaxatxotik eun zirrinda batzuk eta beste kikaratxo bat. Eun puxka txikitxo batekin kikaratik osagaia artu ta Azpeiti besamuturrean jartzen dio; gero zirrindaz lotuaz. Bitarte guzian izketan jarraitzen dute).

AZPEITI: Nun dezu semea?

ANA JOXEPA: Esan bearrik ez; Jauregi'ko loretegiran edo... Or nunbait lanean.

AZPEITI: Lanari utzitzeko ordua ere badator ba...

ANA JOXEPA: Illuntzen asi da bai... (ixil-unea Ana Joxepa'k bere lana amaituaz) Onek asko gozatuko dik orain, ta biar ikusiko diat...

PEPITATXO: (eskuiko atean eskutuka agertzen da) (amorru biziz) Xapu, xapu, xapu, xapu! (juaten da igesi)

AZPEITI: (ate ondoraño jarraitu ta bertan jarraitzen ba'lijoa bezela ankak erabilliaz) Nik arrapatuko aut!

ANA JOXEPA: Ori nexka-koxkor lotsagabea!

AZPEITI: Ez da Ibargain'en berdinduko duanik. (goiko atean gelditu ta Baratzar'ontz begira) An... Ander! (beatzak aoan sartu ta txistu joaz) Fiiiiiii... it!

ANA JOXEPA: (larrituta) Zer egiten dek, mutil!

AZPEITI: Ander'i deitu...

ANA JOXEPA: Jaungoikoarren! Utzi zaiok pakean! (bere-artean) Jolaserako onak gaude gaur!

AZPEITI: (eskua jasota norbait agurtuaz) An! Ikusi nau!

ANA JOXEPA: (Azpeiti'ri eskutik teintaka) Alde zak ortik mutil barrabasa! Ez dakik nagusia begira legokena?

AZPEITI: Ta zer?... Ez litzaioke ezer gertatuko. (beatz puntak batuta eskua jasoaz) Zuek Jauregi'n, gaur onelaxe zaudete: Goi-goian.

ANA JOXEPA: Bai uste.

AZPEITI: Uste ta izan... Ikusi egin bear da geroko nagusi gaiak zenbat maite duan!

ANA JOXEPA: (pozik) Lizarbe jaunak?

AZPEITI: Bai.

ANA JOXEPA: Urruti-xamar zegok jaun ori Jauregi'ko nagusi izatez...

AZPEITI: Antxeta jaunak ezkontza ori ontzat artu nai ez dualako?

ANA JOXEPA: Jakiña...

AZPEITI: U...! Orrelako eragozpenen ondorea, ezkontza segurua.

ANA JOXEPA: Bai ote?

AZPEITI: Bai enetxua bai...

ANA JOXEPA: Ala gerta dedilla ba.

AZPEITI: (eskuak sakalean zerbaiten billa dabilzkila) Zuk ori nai, e?... Artez zabiltz... Eta zertako esatea! Lizarbe jauna, ez Jauregi'ko anderetxuaren lain errege-alaba baten lain da... Ori da gizona! Ori!... Ez beste andinaiko, buruarin, nolabaiteko asko... Orrek ez dio, zenbait, aberatsek bezela, langille txiroari goitik beera destañez begitzen... Guretakoaz itz-egin zale da guztiz... Eta nolako arduraz guretarikoen gora-berak entzun, onu-eman, eta erabakitzen ditu!... Ezagun du asko jakiña dala...

ANA JOXEPA: Bai orixe!

AZPEITI: Eta... zer naizu! Orrelakoai onginaiz begitzen zaie, ta itzal-onez baita. Baña... beste, zenbait arro, andiustez aizatutako kalder oiei... naita ere ezin beakurtu!... Beren arrokeriak gorrotagarri egiten ditu. Ara: nik orrelakoai, atzekaldian... «bonba» jarriko nioteke...

ANA JOXEPA: (bereala) (ikaratuta) Josu maitea! zeee?

AZPEITI: (bare-bare) Bonba bat. Ez det esaten, lertzen danean milla zatitan puzkatu ditzaten, ez naiz orren gaiztoa. Bai baña bere indarrez, batere miñik eman gabe, illargiraño jaurti, ta antxen katigatuta geldi ditezen. Txiroai beti goitik bera begitu nai digutenez, ortaz an aseko lirake-ta.

ANA JOXEPA: Ja, ja, ja, ja! Au Azpeiti au!

AZPEITI: (Ana Joxepa'ri eskupera zerbait emanaz) Tori!

ANA JOXEPA: Zer?... Ez, ez, ez! Kendu akit emendik, nik ez diat uskeri augatik ordaintzerik bear ta.

AZPEITI: Aberats al zaude?

ANA JOXEPA: Aberats ez baña, zer uste dek: tirakillo pixka batengatik laurleko aundia artuko diatela? Merkeak irtengo dik ire erlekistenak!

AZPEITI: Ez dizut esaten tirakillo pizka augatik dala; baita gero ere egin bear dizkidazun enplastuagatik. Ez dezu ba esan...

ANA JOXEPA: Oraindik enplastuak eta... ikutuak egin bear dizkiogu orri sendatuko ba'da.

AZPEITI: E! Ez neri ikuturik aitatu! Tira, artu. Aurrez ordaindu nai zaitut, bestela... illaren azken-xamarrean gaude, ta utzik geldituko zera.

ANA JOXEPA: Gelditu nadilla ba. Nik ez diat iri dirurik artu nai...

AZPEITI: (mai gañean indarrez utziaz) Tori. Lanak bere saria bear du.

 

 

AMALAUGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, Azpeiti ta Ander.

 

ANDER: (goitik sartuaz) Zer dabillek Azpeiti?

AZPEITI: Ementxe, ire amangana etorrita. Pelotarako lagunak irten zidak besamuturrean.

ANDER: Zer dek ba?

AZPEITI: Erlekistena.

ANDER: Lagun ona...

ANA JOXEPA: Bestela ere pelotan gutxi jokatzen dezu zuk. Iñori arazi...

AZPEITI: (Ander'i bereala) Goazemak mutil. Zaparradea zetorrek eta.

ANA JOXEPA: Goazen? Nora orain?

AZPEITI: Eguneko lanaldia egin degu-ta, sagardo pizka bat eratera.

ANDER: Bereala zaizu emen.

ANA JOXEPA: Aparia ere bereala izango da (abiatzen dira biak eskuiko aldera)

ANDER: (atetik) (jostari) Agur Ana... Jo... xe... pa... Xal... xa... pe.

AZPEITI: Zergatik deitzen zaituzte «Xalxape»?

ANA JOXEPA: Eta, zergatik iri «Xapu»?

AZPEITI: Azpeitarra naizelako.

ANA JOXEPA: Eta azpeitiarrai zergatik?

AZPEITI: Oraintzen ari gera orren aztarrena ateratzen; gaurdaño iñork ez daki-ta. (joaten dira eskuitik Ander eta Azpeiti).

ANA JOXEPA: (sutondorotz dijoala) Ori mutil eroa! ja, ja, ja!... Bizitz ontako ordu larriak aztu-arazteko, zer nolako parregarria! (Lusagar zuritzen ekiten dio).

ANDER: (eskuitik berriz sartuta) (izilpeka) Izan al da Lizarbe jauna, ama?

ANA JOXEPA: Bai. Beti bezela.

ANDER: Ez ziñon baña nagusiaz izan dezuna edestuko?

ANA JOXEPA: Ez orixe! Naigabetuko litzake!

ANDER: Orrengatik ba. Zuk kezkatzen nazu ama. Ez dio on andirik egingo zure osasunari nagusiaren ateraldi orrek!

ANA JOXEPA: Ara mutil: egundo baño lasai ta obeto arkitzen naiz. Bestetan ezerez batek makaltzen nau, ta gaur sendo-sendo nago. Joari kezka gabe, nik aparia gertu bitartean.

ANDER: Orrela ba'da, pozik noa. Azpeiti zai daukat. Gero arte.

ANA JOXEPA: Agur seme. (joaten da Ander eskuitik).

 

 

AMABOSGARREN AGERRALDIA

 

Ana Joxepa, berealaxe Antxeta jauna.

 

ANA JOXEPA: (beretzat) Jaunari ezkerrak, nere gaxo ta nekeen aringarri seme on eta maitaria ba-det beintzat. Gaztaroan negar samin ugari egiña naiz. Senar nolabaiteko-xamarra, Jaungoikoak barka zegiola-ta, neronek lan egin bear seme-alabatxoentzat ogia irabazteko, abek azi bear, amaika neke samin igaroa naiz!... Semetxo au geldituta besteak il zitzaizkidan baita... Aiek atsekabeak! Jaungoikoak baña, zartzarorako pozkarri utzi zidan Ander on au. Berari eskerrak nere azken egunak Etxeko zorion eta pake gozamenez ematen dizkit-eta... (ixil-unea lanean ari dala) Ozkirri dago... illuntzen dijoa... baratzako atea itxitzea on izango det. (joaten da goiko atera, ateari elduta itxitzera dijoala) Oi!... norbait dator emen!... (ixil-unea) Nagusia dirudi... Ez?... Bai!... bai... bera da. (atea zabalik utzita barruratuaz) Zer ote dakar onek garai ontan! (malladia igotzeko urratzak entzuten dira) (agertzen da Antxeta jauna goiko atean).

ANTXETA: (atetik) Arratsalde on.

ANA JOXEPA: Baita zuri ere, nagusia.

ANTXETA: Ordu txarrean nator edo..., beintzat, ikusi detanez atea itxitzera zijoazen.

ANA JOXEPA: Nagusia artzeko, ez da etxe ontan ordu txarrik, jauna. Badakizu: zartu naiz, aitzakiz betea bestetik, eta illuntzeko ozkirritik nere burua gorde nairik atea itxitzera ninjoan.

ANTXETA: Ondo egiña. Gure adiñean, ardura guziak gutxi... (Antxeta jaunak itxitzen du atea, ta Ana Joxepa gana urbiltzen da) Ander bere lana amaituta etxeratu danez, berriro biokin itz-egitera nendorren.

ANA JOXEPA: Orra ba! Nere semea egunoro lanaldia egin ondoren, oitura duan bezela, apal aurretik sagardo pixka bat edatera joan da.

ANTXETA: (gogo-biur) Aguro alde egin du!

ANA JOXEPA: Bereala. Ez ditu amar iruroin etxean egin.

ANTXETA: Ez, ez.

ANA JOXEPA: Baña eseri zaite. (alkia eskeintzen dio).

ANTXETA: (exeriaz) Burutik kendu ezinda nago zuen lengo ateraldia...

ANA JOXEPA: (era-onez) Gu ere ba... zerbait gogoan degula gelditu gera...

ANTXETA: Damutu ba'zerate...

ANA JOXEPA: (arrituta) Damutu?... Zertzaz damu-bear gera, jauna?

ANTXETA: (aserre-antzez) Oraindik orretan zera Ana Joxepa?... Ederki!... Ori da zuen nagusi jaunari diozuten itzala! Ez nuan zugandik auxe uste!...

ANA JOXEPA: Ez zuan usteko... eta azketsi. Baña ez nik ere ez nuan au uste berorrengandik.

ANTXETA: (bizi) Erotu egin al zera Ana Joxepa, zure nagusiari orren goitik-bera begitzeko?

ANA JOXEPA: (beti era-egokiz) Dagokidan tokitik begitzen diot. Goitik bera ba'da, azketsi; ez naiz orren errudun...

ANTXETA: (urduri zutinduta) Zu ez zaude ondo, Ana Joxepa! burutik edo dagizu!...

ANA JOXEPA: Jaungoikoari eskerrak, sentzudun nago.

ANTXETA: Ez dakit...! ez dakit...! Zuretzat izan naizenaz, itzalik-ez eta biurrikeri au orain?

ANA JOXEPA: Arteza dan gauzan, biurrikeria ikusi nai ba'dezu...

ANTXETA: Zer da ba, ori ezta?

ANA JOXEPA: Jauna: zure agindua betetzeko gertu gaudela ikusi dezu.

ANTXETA: Bete... eta ez. Esan dizutet, ez detala iñola ere nai, Lizarbe jauna nere jauregi barrutian sartu dedin...

ANA JOXEPA: Eta gu bizi geran etxe au, zurea izan-ta, zure jauregi barrutian dagonez, galerazteko jaun orri bertara etortzea.

ANTXETA: (nagusitasunez) Ori da nere agindua.

ANA JOXEPA: Guretzat bete eziña. Esan zazu zergatik.

ANTXETA: Oraindik zurean jarraitzen dezu?

ANA JOXEPA: Nerean ez. Esan dizu Ander'ek: Menpeko gaituzu, ta zure aginduak betetzeko gaude. Orrengatik, ain oparo orain arte eman diguzun bizi-tokia utzi ta beste bat billatu bearrean gera.

ANTXETA: Ez dizutet bizi-tokia ukatzen!

ANA JOXEPA: Ez, jauna. Baña gure bizi-tokian agintzea bai, ukatzen dizugu.

ANTXETA: Eta ezin dezakezute nagusi jaunari zor diozuten itzalez, Lizarbe jaunari emen sartzea galerazo?

ANA JOXEPA: Eskerronak beragana beartuak gauzka, baita. Gertatzen dana ba'leki, gure on-bearrez, bera izango litzake etortzea utziko leukena; baña ori baita ama-semeontzat mingarri litzake; gurekin emen ikusteaz poz aundia degu-ta... Ez degu naigabetu nai zuk dagiozun ezespen berri au aitzen emanda. Ezta ain ongille zaigun notin bat geregandik alde-arazita geure buruai kalte ori egin nai ere. Onela usteko du Ander'ek.

ANTXETA: (batera ta bestera urduri ta aserre dabillela) Zuen jarkerak Ibargain'en atera bear duan iskanbilla zait mingarri!... Oste-xearen mingain likitzetan nere izen garbia ibilli bearra igingarri...

ANA JOXEPA: Uste dezu ori gabe-re ez zabiltzala erriaren mingañean?... Uste dezu Ibargain guziak ez dakiela zure illobatxoak egin nai duan ezkontzari gorroto diozula?

ANTXETA: Zirzil galanta atera zait, alaba ba'neu bezin maite azi detan illoba!

ANA JOXEPA: (minduta) Zirzilla, Elixabete'ri, bera dan bezin on, maitagarria izan-ta!

ANTXETA: (amorru biziz) Ona? ta nolabaiteko ezkontza orretzaz bere sendiaren izen andiki garbia loitu nai du?... Ona! ta beretzat ain guraso-orde maitetsuen aurka jeikitzeko ausardia du?... Ona...? ...Ai Ana Joxepa! Ez nabil urruti egin nai duan erokeri ontara zuk limurtu dezula uste izateaz!

ANA JOXEPA: (minduta) Ori ere ba'dek?... Ez ba uste-izan orrelakorik, oker zaude-ta.

ANTXETA: (aserre) Ukatzen ausartzen zera?

ANA JOXEPA: Ez naiz gezurtia...

ANTXETA: Ez dakit ba egia ukatzen duanari nola deitu lezaioken.

ANA JOXEPA: Badiruri ezagutzen ez nazula... Nere bizi guzian ondo artua izan naiz zure jauregian... On-ustez deitu nazute nere lanegiñen bear izan zeratenean, eta begiko diran notiñai oi bezela oparo ordaindu nazute beti, ta zuen laguntza ta babes errukitsua neretzat izan dira... Zaartu naizenerako, nere semeari eman diozun ogibideaz, atseden ta zoriona ekarri didazu; eta orain, bat-batean orrela gaitzetsitzen nazu?... Gezurti nazpiltzalletzat naukazu?

ANTXETA: (bizi) Bai!... Orrela ordaintzen dituzu, aitor-berri zeran gure on-egiñak! Orrela, ain oparo eman dizugun gaurko biziera kezka gabea! Erokeri batez gurasotzakoen aurka jarri dan gazteari, gaitzbide orretara bultz-egiñaz; gure naigabeari ixeka egiñaz...

ANA JOXEPA: Nik?

ANTXETA: Zuk!...

ANA JOXEPA: Ni zure aurka?

ANTXETA: Bai!... Ni ta nere sendiaren aurka egotea da, jatorri illun eta izengabeko edozein batekin ezkondu nai duan nere illoba buru-ariñari orretara bultz egin eta laguntzea!... Izen loiez kutsutu bat, gure antziñako jatorria naztu ta beeratu nai izatea... zure nagusi jaunai, azpikeria egitea. Itzal aundia zor diozun sendia oñazpiratu nai izatea...

ANA JOXEPA: (bizi-bizi) Naiko da jauna! Naikoa... Ez, geiegi oraindaño esan dezuna. Ez dizut utziko geiagorik esaten... Lizarbe jaunak jatorri illun, loiez kutsutua ba'du, zure erruz du!

ANTXETA: Zer?

ANA JOXEPA: Zer?...

ANTXETA: Zer da esan dezuna, edo esan nai dezuna?

ANA JOXEPA: (sendo) Esan detana!... Zure obenaren kutsua errugabe bere izatean daraman gizajoa ezesitzen ari zera!

ANTXETA: (ikaratuta) Ana Joxepa...!!!

ANA JOXEPA: (otz-otz) Lizarbe'tar Andoni jauna, Errotatxo'ko Katalin gaxoaren semea da...

ANTXETA: (izu) Zer ezarri nai didazu orrezaz?

ANA JOXEPA: Nik ezer ez. Zerorrek zure buruari ezarri ziñona oroi-arazten dizut: Badakizu ludiaren begietan garbi agertzen dezun zure izen aundikia, nere begietan obenduta ageri dala ezkontza loituaz egin zendun oben izugarriaz...

ANTXETA: (ikara biziz, baña arro) Nola ausartzen zera, zure nagusi jaunari orrela mintzatzen?

ANA JOXEPA: (berean) Ondo dakizu zor dizudan itzal ona bear bezela gorde dizudala beti, ez dizut iñoiz aipatu gauza au, ta ez nizun aipatuko ere; baña arrokeriak, errurik ez degunon aurka jeiki zaitu, ta... iñoiz esan nai ez nizuna esatera beartzen nazu: Lizarbe'tar Andoni... zure semea da!

ANTXETA: (dar-dar) Ana Joxepa!!!!...

ANA JOXEPA: Zuk indarrez galdu zendun neskatxa errukarriak, nere besoetan argitara eman zuan semea... Ezarri giñon izenik ere jakin nai izan-ez zendun zure semea...

ANTXETA: (ikaraz-ikaraz) Ene Jaungoikoa...

ANA JOXEPA: Txindiz eztali zendun zure obenaren semea...

ANTXETA: Ana Joxepa!... Ana Joxepa!... Egiz?...

ANA JOXEPA: Egiz, jauna, egiz!

ANTXETA: (apal eta ikara aundiz) Nola baña, nola au?... Zuk... zuk... nola dakizu? Ez zendun ba aur ura erkiko Aur-etxera eraman?

ANA JOXEPA: Bai jauna, baña ugatzatu, ta daukan izena ezarri ondoren...

ANTXETA: Eta... eta... (ikara aundiz) ori... ori berak badaki?... iñork badaki?...

ANA JOXEPA: Une au arte, ez du ludian neronek bestek jakin, orain bere aitak daki: zuk. Besteak iñork ez. Ezta berak ere. Eta... gaurdaño bezela neretzat bakarrik gordeko nuan ixilpean, beste bizitzan Jaungoikoaren magalean utzizeko; baña, ez dizut utzi nai zure erruaren, lotsea bere gain daraman errugabea, dagiozun ezespenak mintzen!... Ez dizut utziko, iraindu nazun bezela iraintzen, ez naiz ezkontza ori egitearen errudun-eta!...

        Ez dizut utziko, Lizarbe jaunaren izen illuna nere aurrean lotsagarri jaurtitzen!... Zure semearen jatorri illuna, aundikiok zuen izenok garbi agertzeko, gizartera aztintzen dituzuten orbanen ikurra da. Bere zindotasuna, izen aundiki guzien gañetik jartzen duan Jaungoikoaren emaitza!

 

ZAPIA

 

aurrekoa | hurrengoa