IRUGAREN EKITALDIA Antxeta jaunaren jauregia. Loretegi zaindu ederra. Eskuitik jauregi-atartea ageri da, malladi zabal laburra loretegira dala. Beronen aurrean, ezkerrera, egontoki egoki bat, loretegietan oi bezelako mai ta eserlekuak inguruan dituala. Eskuitik ezkerrera, lenengo aldetik, jauregi ondoan ziarego-tokitik aurrera, bidea. Beste bidea jauregiaren goiko-aldean aienatzen dala. Txori abesti ta eguzkiaren alaitasunak alaitutako goiz lilluragarria. LENENGO AGERRALDIA Elixabete ta Lizarbe. (Elixabete malladian zerbait igota, ELIXABETE: Zoaz, Andoni, zoaz... Nere osaba goizeroko bere ibillaldia eginda laister da emen, eta ez det nai bertan arkitu zaitzan. LIZARBE: Ez dezu esaten, lendik aldakuntz aundia eginda dagola?... ELIXABETE: Aundienetakoa!... Ez litzake aserretuko zu emen arkituko ba'zindu... Baña... bere samiñari itzal-artu nai diot, eta... zoaz, Andoni; zoaz... LIZARBE: Ezin aitu zaitut, maitetxo. Zure osaba ez litzakela aserretuko orain, ni emen arkitzeaz..., lendik aldakuntz aundia eginda dagola diozu... baña bere samiñari itzal-artu nai diozula-ta, bidaldu egiten nazu. Ulergaitza guzi au neretzat Elixabete. ELIXABETE: Bai neretzat ere Andoni... Osabaren oraingo aldakuntz ulergaitz eskutu au, lengo bere aurka-egite gogor guzia baño mingarriago zait. (ixil-unea). Len, ez zuan zure izenik entzun ere nai. Elkarrekin nabaitzen gindun bakoitzean, bere aserre gogorraz atsekabe izugarriak ematen zizkidan. Orain, illabetetik onuzkoan, bera ari zait gure ezkontza aurreratu ta antolatu naiez, maitasun xamurra, dagin guzian agertzen didala... Baña... ain itun!... ezin jasan det, ageri zaion gogo-oñazea! LIZARBE: Orduan... ez det ikusten zure osabaren aldakuntz ori. Edo beintzat, len bezin nere arerio da. ELIXABETE: Ez, Len ez zuan iñola ere nai, ni zurekin ezkontzerik; orain, len-bai-len elkartu gaitezela nai du... LIZARBE: Eta nola zera nerekin emen arkitzeak eman lezaioken samiñaren bildur? Ulergaitza guzi au! (ixil-unea) Nere ustez dizun maitasunak orretara jarri du. Etsi egin du berak nai edo ez ellkarrekin ezkonduko gerala, ta lengo aurka-egite gogor ura utzi du. Nai-ta-ez etsi; baña len bezin nere arerio. Orrek samintzen du. ELIXABETE: (xamur) Ez, Andoni!... Igartzen diot maitasuna artu dizula. Len ezetsi egiten zindun; orain zure ona poz-pozik entzuten du. Len, zure guzia txar arkitzen zuan; orain berak ontzen du... LIZARBE: Ala ere ez nau ikusi nai! ELIXABETE: Nai ez... LIZARBE: Berak orain onetsi duan gure maitasuna mingarri zaio... ELIXABETE: Gure zoriona mikaztera datorren eskutu ituna! (ixil-unea) (itun) Ezin ulertu det beregan gertatzen dana!... Atzo, esan zidanez, ezkontzen geran egun berean gugandik betiko aldenduko da, izebarekin atzerrira joanaz... (negarrez) Nik ez dakit zer oldoztu, ez dakit zer esan nere osabatzaz! LIZARBE: (itun) Senartzat artzera zuazenaren jatorri eskutuak ematen dion igiña aundia dala. ELIXABETE: Ez orrelakorik uste-izan, Andoni! LIZARBE: (gogo-oñazez) Ezin nezake besterik uste izan! ELIXABETE: (arrenez) Andoni!... LIZARBE: Dizudan maitasun aundi-aundiak, zugana ain lotua ez ba'ninduke, ni izango nintzake zure ondotik betiko alde-egingo lukena! ELIXABETE: (samin aundiz) Zer esaten didazu? LIZARBE: Ez da neretzat ezer ain mingarri, zure zoritxar-zio naizela ikustea baño. ELIXABETE: Zu gabe ez neukake zorionik... LIZARBE: Ezta nerekin ere. ELIXABETE: Zurekin, osoa. LIZARBE: Ez da zoriontsu, biotz naigabetua. Zure osabaren oñazeak samintzen zaitu. Bidezkoa da... ELIXABETE: Eta zure maitasunak samin ori jasankor egiten dit... LIZARBE: Ni gabe izango ez zenduken samiña... ELIXABETE: Zu gabe, bizitza bera litzaket samingarri... LIZARBE: (atsegiñez) Elixabete!... maite!... Zu bai zerala nere gogo oñaze larriaren gozagarria!... nere bizitz ituna alaitzeko Jaungoikoak sortu zindun gotzon zoragarria!... Zer ez nuke egingo zure zoriona lortzeagatik! ELIXABETE: (xamur-xamur) Eta nik zureagatik...! LIZARBE: Elixabete!... ELIXABETE: Andoni! (ixil-aldi xamurra) Baña... zoaz, Andoni; zoaz... Gero ikusiko gera... LIZARBE: Bai... bai... ba-noa... Zurekin orain egin detan egonaldi onetzaz oldoztuaz nere baitan atsegin artzera... Gero egingo degunaz ames egitera... ELIXABETE: Maite!... (eskua emanaz) Zoaz, zoaz... LIZARBE: (eskua estutuaz) Bai noa... bai noa... Agur... (abiatzen da ezkerrerontz, urratz batzuk emanda berriz Elixabete'ri begira geldituaz) Agur maitetxo! (bat-batean eskuian lenengo aldera begira) Zure osaba dator! (joaten da ezkerretik) (Elixabete laisterka etxean sartzen da) BIGARREN AGERRELDIA Antxeta jauna bakarrik. ANTXETA: Sartzen da eskuitik adi-adi ezkerrera begira (geldi-geldi ta biotz ikaraz) Nere semea!... Nere oben izugarriaren ondore oroigarria!... Aintzat artzea ez dagokidan seme, neretzat orain maitagarria!... (ixil-unea adi-adi begira) (zerbait atsegiñez) Gizonezko bikaña... Eta ikusten danez, zindo, azkar, jakintsua... (bat-baten bira eman eta ezkerrerontz exerlekua artzera dijoala) Josu! Josu!... Igerri gabe, beregana zaletzen dijoakit biotza... jaungoiko maitea!... Azketsi!... Ezkontza loituaz izan nuan seme ori, ezin nezake nere emazte on-ona iraindu gabe aintzat artu!... Ezin... ezin!... Ene!... Ene Jaungoikoa!... Zuk dakizu ondo beste seme-alabarik eman ez diozun errukarri oni, nai-ta-ez dijoakidala biotza oben-bidez sortutako semearengana!... Azketsi!... azketsi!... (naigabe aundia ezagun duala, itun exertzen da) (ixil-aldi laburra). Arrigarriak dira zure erabakiak Jauna!... Zanik ere oroitzen ez nintzan semea dakarkidazu etxera, nere alabatzakoaren senar...! Jauna! Jauna!... Ezin nezake seme bezela aintzat artuaz berekin nere biotzik gozatu, eta semetzako ematen didazu?... Zuk dakizu zergatik! Baña... nere emazte gaxoa! nere Teresa maitea!... Nola nezake seme orrekin bizi nere emazteari irain egin gabe?... Iñola ere ez!... Jauna! Jauna!... Ai au nere gogo-oñaze larria!... Nere oben gaiztoaren nekea! Lagun zaidazu!... (ixil-unea) Iñork ez ba'leki!... baña jauregi barrutian det guziaren berri dakiena: Ana Joxepa... Oraindaño ixilpean ain zintzo gorde izan du, ta aurrera ere gordeko du... Baña... bere begietan nere emazte gaxoa burbeituta, irainduta, agertzen da, ta ez det iñola ere ori egingo. Ez... Ez...! ... (ixil-unea) Ez diot nere seme errugabeari zoriona galerazo nai; ezta baña nere emazte onari, agerian naiz eskutuan zor diodan lotsa ona galdu nai ere... Berekin joan, joan egingo naiz, urruti... urruti... betiko... betiko... nere semearen igesi... igesi... (buruz-bera gelditzen da) (ezkerretik sartzen da Ander baratzetan oi bezelako burpil bakardun esku-burditxo bat dakarrela) IRUGARREN AGERRALDIA Antxeta, Ander, ta bereala Terese ta Elixabete. ANTXETA: (Ander ikustean) On iristen al dezu belarra mozteko tramankulo berria, Ander? ANDER: Guztiz ona, jauna. Goiko zumardian det, ara noa ba, bertan moztu-aldi bat egitera. (beretzat) Au adizkide aldia du berriz nagusiak neretzat. ANTXETA: Ona da beraz? ANDER: On-ona. Berdin ta aguro mozten du. ANTXETA: Tira ba... txindia kosta dan ezkero ondo kostea izan bedi. ANDUAGA: Ala da ba. Pozik naiz berekin. (jauregiko malladi buruan Teresa ta Elixabete azaltzen dira) ELIXABETE: (malladi goitik) Nik agindutako lora-sorta bidaldu al dezu, Ander? ANDER: (eskuiko goiko bidera dijoala) Bai, anderetxo. ELIXABETE: Eskerrikasko. ANDER: Ez da zergatik. TERESE: (malladian bera datorrela) Arte aundiaren azpiko eserlekuan txakurrarentzat utzi dizuten lepoko berria jaso al dezu? ANDUAGA: Jaso det, bai andrea. (joaten da) (Terese andrea ta Elixabete jeixten dira Antxeta'gana inguratuaz) LAUGARREN AGERRALDIA Antxeta, Terese ta Elixabete. TERESE: (bigun) Ezagun da goiz alai atsegiña dagola gaurko au, senar maitea. Goizoroko ibillaldia eginda ere etxeratu gabe zabiltz. ANTXETA: Eguraldi ederrak, berentzat gozartu gaitezen ematen dizkigu Jaungoikoak. TERESE: Ondo ikasia dezu zuk ori, bai... ELIXABETE: Bizitzen jakitea da-ta... ANTXETA: (Elixabete'ri xamurtasun itunez) Ni baño obeto gozartu zera zu, goiz alai onen lilluraz... ELIXABETE: Obeto... Ezin neurtu lezaken gauza da ori, osaba. Bakoitzak, bere berri bakarrik, daki. ANTXETA: Norberea, nabaitu egiten da; iñorena igerri; orrela norbera ta iñoren berri jakiten da. ELIXABETE: Ez da beti zuzen igerri oi... ANTXETA: Zuri zuzen igertzen ez dizunak, Elixabete, ez du ezagumen argi-argia... ELIXABETE: Ja, ja, ja! (Antxeta'ren ondoan esertzen da, baita Terese ere zumezko besaulki bat urbilduta) (Antxeta zutindu egiten da) ANTXETA: (itun-itun) Ni orain etxe-aldera noa. Badakizute gosaldu gabe nagola-ta. TERESE: (arrenez) Bertara ekarriko dizute! ANTXETA: Ez. Naigo det etxean. TERESE: Ara...! Gu etorri geran orduko ba-zoaz... ANTXETA: Bereala nazute emen. TERESE: Bai... bai! ELIXABETE: (zutinduta) Nik lagunduko dizut... ANTXETA: (esertzeko keñu egiñaz) Ez, geldi zaite izebarekin. (Terese'ri) Laister nazu emen Terese. (joaten da malladian gora). BOSGARREN AGERRALDIA Terese ta Elixabete. TERESE: (Antxeta'ri begira ixil-aldi bat eman ondoren) Au da au!... Gu nora, bera beste aldera. Esan leike gure igesi dabillela beti... ELIXABETE: Illabete ontan orrela dirudi. (Terese'ren ondoan eseriaz) (samiñez) A izeba, izeba! Ez det samin aundiagorik osabaren uzkurtasun orren zio, ni naizela oldoztea baño! TERESE: Zu bakarrik ba'ziñake, ez luke nigandik ere alde egingo... ELIXABETE: Nerekin zaudenean izango da... TERESE: Ez, maite. Zurekin ba'nago, ta ez ba'nago. Berdin. Badirudi nere aurrean ikara sortzen zaiola, bildurtu egiten dala... (itun-aundiz) Ez dakit, ez dakit...! Nere senarra ez dago ondo..., ez dago ondo..., gogo-gaxoa edo du... Bildur naiz... bildur naiz... ELIXABETE: Ala ere, ni ez ba'nintzake gaxo orren zio!... TERESE: Ez dirudi. Esan dizut... Baña bai zure ezkontza dala-ta, bere izakera len ez bezela ulergaitza ageri dala... Lenengo ez zuan entzun ere nai Lizarbe'tar ori zure senartzat. Izugarri aserretzen zan, eta orretarako zitun zioak, on iritzi arazi zizkidan neri ere. Orain... guztiz bestera dago, edo beintzat, ez dizula zoriontsu izatea galerazo nai-ta, bare-bare, zure naira jarrita, ezkontza aurreratu ta antolatu naiez dabil. Baña... ain itun!... ain aldakuntz aundia egin du bere izakeran, ain dago berez oi ez bezelakoa, ezin igarri det gertatzen zaionik... ELIXABETE: Badirudi nai-ta-naiez onartzen duan nere ezkontz onen samiñak burua nastu bear diola edo... Nik ez dakit... ez dakit...! TERESE: Orrela izanda, baña zergatik nitzaz ain uzkur? ELIXABETE: Egia...! (ixil-unea). TERESE: (aldaketa egiñaz) Baña... bai, bai! Zure ezkontzak naztu du!... Elixabete!... Ezin al dezakezu maitasun ori utzi? ELIXABETE: (bereala) Ene, izeba! Nik Andoni utzi?... Orrela uste dezu biotzaz nai dana egiten dala?... TERESE: Ez...!... Badakit biotzaz nai danik egin ezin dala. Baña maitasun bat beste maitasun aundiago bateri opaldu lezaioke... Ez al dezu Andoni baño geigo maite, alaba izanda bezin maite azi zaitun zure osaba, zure aitatzakoa? ELIXABETE: (larri) Izeba! Nik baño lenagotik dakizu-ta, bat da gurasoari oi zaion maitasuna, ta beste bat gure betiko lagun izango danari artzen zaiona. Zio artez eta zuzen batengatik ez ba'da, gure burua ukatu bear ez diogun maitasuna. TERESE: (bere buru jabe) Uste dezu, zure osabak ditun zioak, zuzenak ez dirala? ELIXABETE: Len zitunak baldin ba'dira, nere ezkontza samingarri dagiotenak, osabaren zioak, ludi ontako arrokerietan oñarria dute. TERESE: Arrokeria deitzen diezu, zuretarikoai dagokien omenari? ELIXABETE: Ez dizut ukatuko. Zerbait orrela irizten diot-eta... Nik baña, omen guzien gañekotzat daukat bakoitzaren zindotasuna. Ludiko izen aundiki ta ospatsu guzien gañetik, Lizarbe'tar Andoni'ren kistartasun eta zindotasuna. TERESE: (itun) Ez dago zuretik aterako zaitunik... (ixil-unea) Zure lengoari beste izen aundiki bat ezarri lezaiokezuna... Josu! Josu!... Ez daude gure aurretikoak begira!... sasiko gizajo batena ezartzera zoaz! ELIXABETE: (Terese limurtu nairik laztanduaz) Izeba!... Euzkotarra da!... Gure abizenak, orrela izatez beste gabe dira andiki. Abendaren andikitasuna dute berentzat guziak... Arro-arro egotziko diot nereari Lizarbe'rena! TERESE: Ustekeri berriak. Zure senar-gaiak egotziko zizkitzun ezta? ELIXABETE: Ez, izeba! Naigo nuke orrela ba'litz! Nere izen andikiari, bere izen andikiago bat opaldu eziña da bere samiña... TERESE: A! Ikusten dezu nola duan aintzat zure senar-gaiak jatorriaren andikitasuna? ELIXABETE: Baña, bere jatorri illuna, gure zorionaren eragozpen jarri zaigulako... TERESE: (Sinisgor) Ez dakit... ez dakit... zureaz berea anditzearren ez ote dan ibilliko! ELIXABETE: Ez, izeba! Nor nintzan jakin baño lenagotik maite nindun... TERESE: Ori... esan egiten da... ELIXABETE: Ez, izeba. Ondo dakit orrela dala. TERESE: Baleike... baleike... Beintzat, bera dala-ta, gure jauregian gendun zorionak betiko alde egin du... ELIXABETE: (negarrez) Ez orrelakorik esan, izeba!... TERESE: Nola ez?... Badakizu, zure ezkontz eguna baño len, betiko elkarrengandik aldendu bear gerala. Osabak orrela nai du. Berarekin atzerrira narama betiko... betiko!... (negarrari ematen dio). ELIXABETE: Ez izeba, ori ezin diteke!... Ni naiz emendik alde egitea dagokidana, ta ni juango naiz!... TERESE: Ez dizu osabak laketuko. Zurea da jauregia. Bertako alaba naiz, zure ama zan bezela; baña ni baño nagusiago zan, eta gure gurasoak bera oñordetu zuten. Zuri dagokizu ba, emen jarraitzea. Zuri zure senarrez jaio nintzan jauregian zorionak irripar dagizun bitartean, atzerriko bakartasunean, naigabe itunak begiak betiko itxiko dizkit. (negarrez jarraitzen du). ELIXABETE: (negarrez baita) Ez ori! Nere zoriona jauregi ontan, zuenaz batera gozartu ezin ba'det, untz eta larrak estaldu dezan utziko det. Zuek gabe, Lizarbe'tar bateri dagokion etxe apal baten ezkutatuko det nere zoriona! (Terese'k negarrez besarkatzen du) O!..., O!... Milla aldiz naigo nuan nere osabaren lengo aurka-egite gogorra, oraingo onartze itun au baño! (ixil-une luzea) (Jauregi'ko malladi-buruan Antxeta agertzen da) (ikustean) Osaba dator...! TERESE: (urduri, malkoak legortu ta bere burua bare agertu nairik) Orain, ixo! Ez deigula igerri! ELIXABETE: (bere buru-jabe) O, ez! ez!... Ezin genezakegu onela jarraitu! Nik osaba nereratu nai det! Maite ba'nau: zergatik ez? SEIGARREN AGERRALDIA Terese andrea, Elixabete ta Antxeta jauna. ANTXETA: (malladian bera datorrela, beretzat) Badiruri nere emazteak negar egin duala. Josu! Josu! Ba det orain ere, iñola ere erabaki ezin nezaken autuatzaz zerbait!... Jauna! Jauna!... ELIXABETE: (negarrez. Antxeta'ri elduaz) Osaba!... Osaba!... atoz, atoz! ANTXETA: (biotz-ikaraz) Zer dezu, Elixabete?... Zer dezute, Terese? (Terese arpegia estalduta, buru makur negarrez gelditzen da) ELIXABETE: Ezin genezakegu onela jarraitu! Lertu bear du nere biotzak! ANTXETA: Zer dezu? ELIXABETE: Oraintxe izebak esan dit, nere ezkontza baño len, nigandik betiko alde egin bearrez zeratela... ANTXETA: Atzo esan nizun beste orrenbeste. ELIXABETE: Baña ez nuan guztiz aintzat artu. Izebaren esanez etsi det. ANTXETA: Orrela da ba... ELIXABETE: Zergatik, osaba, zergatik?... ANTXETA: (itun) Jakitea ez dagokizunik ez zazula galdetu. ELIXABETE: (negarrez) Baña... ANTXETA: Ez dizut ba orain ontzat ematen, egin nai dezun ezkontza? ELIXABETE: Egitera zuazenak, besterik esaten du... ANTXETA: Ez du baña besterik esan nai... ELIXABETE: Azalpen geiago gabe, ezin nezake besterik uste izan. ANTXETA: (naigabe aundiz) Egiz... dirudina usteko dezu... Baña Elixabete: Ez al nazu ikusten zure zorion aldez arduratuta?... ELIXABETE: Ez det zorionik, zuen zoritxar bidez... ANTXETA: Zeri deitzen diozu zure zoritxarra? ELIXABETE: Nigandik alde-egitera beartzen zaituzten zioak sortu dizuten gogo-oñazeari... ANTXETA: Arindu ezin dezakezun oñazea... ELIXABETE: Bai: nere zoritxar-bidez... ANTXETA: Zure zoriona, gaur zerbait pozkarri zait. ELIXABETE: Zerbait... bai; ikusten det maite nazula-ta... Orren aurka baña, andiki izateak ezartzen dizkitzun bearkunak dituzu... Jarri zera nere ezkontza onartzeraño, didazun maitasunak nere zoriona nai arazten dizulako; baña beste bearkun luditar oiek, zure sendiaren izen aundikia, beste illun, loitu batez lotzera dijoan zure alabatzakoa betiko uztera beartzen zaitu... Orrela bakarrik aditu diteke nitzaz egiten ari zerana. ANTXETA: (naigabe aundiz) Nai dezuna uste izateko eskubidedun zera Elixabete, beste azalpenik egiten ez dizudan bitartean, baña... arren eskatzen dizut, maita zazu orain arte bezela zure osaba errukarria! ELIXABETE: (larri) Eta... utzi egingo al nazu? (erotuta bezela) Ez, arren! ez, arren orrelakorik! (Terese laztanduaz) Izeba! Izeba maitea! zuk ere utzi egingo al nazu? TERESE: (naigabe aundiz) Zure orretan jarraitzeak guzion zoritxarra dakar, eta... ez dezu ain maite azi zaituzten gurasotzakoen errukirik. ELIXABETE: (negarrez) Utzi egiten nazute! TERESE: Bear ez zenduken ezkontza egitera zoazelako... ELIXABETE: Baldintz on guziak ditun gizona da senartzat artzera nuana! TERESE: (errukiz) Bai, bai!... Bai, Elixabete! Zure ezkontza onetsi egiten det!... ELIXABETE: Baña ori dala-ta betiko jaurtitzen nazu zure altzotik! (samin aundiz lurrera begira) Ama!... Amatxo!... Aita!... Aitatxo!... Zeruan zaituztedan nere aita-ama maiteak!... Zuek ez zenduten orrela utziko zuen alabarik...! ...zuek maiteago izango ninduzuten!... Aitatxo...! ...A... ma... txo... TERESE: (erotuta bezela Elixabete bat-batean besarkatuaz) Elixabete! Elixabete! Ona emen zure ama! Ona emen zerukoak bere ordez utzi zizuna!... Berak egingo zuan ori, egin nai detana... Artez diozu: ez zindun arek iñoiz utziko ta. Ez nik ere!... Ez!... ez!... ez!... (besarkatuta gelditzen dira Terese ta Elixabete). ANTXETA: (ikaratuta, dar-darka, zer dagin ez dakienak bezela) Zer..? zer...?... Terese!... Zu...zu...zu... ELIXABETE: Ni, bai, ni nere alabarentzat izango naiz. Nere Elixabete'rentzat! ANTXETA: Zu... baña... zu... Josu! Josu!... Jauna! jauna! zer da au?... Zer...? ni... (ezkerretik laisterka estu-estu, larri aundiz Marixabel agertzen da). ZAZPIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Marixabel. MARIXABEL: (larri-larri ojuka) Jaunak! Jaunak!... Ander! Ander!... nun da Ander? (Antxeta, Terese ta Elixabete izututa bezela gelditzen dira Marixabel'i begira). TERESE: Zer da? zer da? ELIXABETE: Zer gertatzen da? MARIXABEL: Ana... Joxepa... il! IRURAK: Il?... TERESE: Josu maitea! ANTXETA: Ene Jaungoikoa! MARIXABEL: Il... edo... bai, bai! Ilda dago ura!... Nun da Ander? Bere billa bidaldu nau... ANTXETA: Ander'en bila?... MARIXABEL: Bai, Lizarbe jaunak bidaldu nau. ELIXABETE: Bertan al dago? MARIXABEL: Bai. Nik oraintxe etortzea egin det egunoro bezela Ana Joxepa'gana, eta bertan arkitu det Lizarbe jauna Ana Joxepa illik besoetan duala, iñoren laguntasun gabe... Sukaldeko atetik onera deika jardun omen du... baña alperrik, ez diozutela entzuten, eta Ander'en billa bidaldu nau... Josu!... ELIXABETE: Jaungoiko aundia! Ana Joxepa il dala! TERESE: Ni joango naiz bere etxera, Andoni'ri laguntzera, ta zoaz zu Ander'en billa. ANTXETA: Bai, bai! goiko zumardian dago, zoaz, zoaz... Jaungoikoa! TERESE: Goazen Marixabel! (joaten dira biak ezkerretik laisterka) (baita Elixabete ere eskuitik, goiko bidetik). ZORTZIGARREN AGERRALDIA Antxeta bakarrik. ANTXETA: (ixil-une baten ondoren, arrituta, nun dagoen ere ez dakienaren antzez) Zer da au!... Ana Joxepa il!... il! Jaungoiko maitea! zer da au?... Une larri ontan, zer egin ez nekien, nere semearen berri zekien notin bakarra zereganatu dezu? ... Jauna!... Jauna!... Zer adierazo nai didazu onezaz?... Jauna!... Jauna!... Ene Jaungoiko errukiorra!... Zer nai dezu nitzaz........ (ixil-unea) (beretzat) Ana Joxepa il!... gaxoa!... Jaungoikoak artu dezala bere altzo gozoan!... Ona, ona izan da neretzat, nere obenaren ondore ituna, ain zintzo gorde du ba!... gaxoa... (ixil-unea) Il da... il da... berekin eraman du ludi ontatik nizaz zekien guzia... Jauna! Zure begietan bakarrik da orain Lizarbe'tar Andoni nere semea... Niganatu nezake, iñoren begietan nere emazterik iraindu gabe... Jauna!... Azketsi nere lengo obena ta ontzat artu nere gaurko erabakia!... Zuk bakarrik, zuk bakarrik dakizu, nere ondora artuko deten alabatzakoaren senarra, seme detanik... Zuk bakarrik... Nizaz erruki zeran Jaun maitea. Onetsi nere erabakia... onetsi... bai... onetsi... Zuk, orrela nai izan dezu, nere seme errugabearen maitez... Zuk... zuk... nai dezu orrela... bai,... bai... bai... (sarten da Lizarbe ezkerretik.) BEDERATZIGARREN AGERRALDIA Antxeta ta Lizarbe. LIZARBE: (apal) Jauna...! ANTXETA: (urduri) Zer?... LIZARBE: Azketsi, zuganaño ba'nator... ANTXETA: Nere etxea, zure dezu... LIZARBE: Eskerrikasko jauna... Ander'en bila nendorren... ANTXETA: Ain zuzen, goi-xamarretik da gaur lanean, eta bereala da emen. Elixabete bere billa juana da... LIZARBE: Bere amaren il-berria itunak emango dion zarrazta samiña zerbait arindu ote nezaioken edo... Gertatzen dana esan al diozute? ANTXETA: Ez dakit. Juan zan Elixabete bere billa esan dizudan bezela... LIZARBE: Zure emazte andereak ere orrela esan dit ara etorri danean... Berekin eta Marixabel'ekin utzi det ba il dan gaxoa... ANTXETA: Nola izan da?... LIZARBE: Berekin aldia igarotzen nengon, orretan nuan ba nere atsegiña, batez ere, ludi ontara errukarri jaio nintzanean, bere besoetan artu ninduna bera zala esan zidanetik... ANTXETA: (zerbait urduri) Bera zala?... LIZARBE: Bai. Azketsi, baña alabearrak zureganatuta naukanez, ordu samin ontan, ezin gordeko dizut, andretxo txiro orretan jarrita neukala, guraso bati, oi zaion maitasuna... Ez dit iñoiz esan nai izan gurasoak nortzuk nitunik, baña, nigan berentzat gorroto zana, Ana Joxepa onak, maitasun biurtu dit... ANTXETA: (zerbait lasaituta) Gaxoa! On-ona zan!... LIZARBE: Eta on-egiten il da... Bere ondoan exerita nengon, orduantxe ari zitzaidan bereustez nere gurasoen obena nere begietan arindu nairik, aientzat oroipen maitaria nigan ikusi nai zuan ba, ta,... onginai orren biotz-ikutzea jasan ezinda bezela, bat baten nere besoetara illik erori da... ANTXETA: Gaxoa! LIZARBE: Berekin eraman du Jaungoikoagana, jakin nai nuken, nere jaiotzaren ezkutua... ANTXETA: Zertako dezu ori jakitea? LIZARBE: Zuk galde ori, jauna? ANTXETA: Bai...! zertako...? LIZARBE: (ixil-une labur baten ondoren) Egia...! Zertako!... Jakin edo ez, beti izango naiz... naizena: sasiko errukarri bat... ANTXETA: Eta nor diran ez dakizun zure aita-ama oien ordezko maitasuna ain maite zaitun zure Elixabete'ren gurasotzakoak eskeintzen ba'dizute, sasiko errukarri nabaituko al zera? LIZARBE: (arrituta) Jauna!... zer esan nai didazu?... ANTXETA: Gure Jaungoiko onak, guraso bezela maitatu dezun andre txiro gaxoa Bere'gana eraman dizun ordu berean, maitasun orren sari, Antxeta'tar Endika ta bere emaztearena ematen dizula, beren ondoan, zure emaztetxoaz zoriontsu izan zaitean. LIZARBE: (arrituta, zer egin ez dakiela) Jauna! ANTXETA: (besarkatuaz) Andoni!... Seme! (goitik, ezkerretik Elixabete agertzen da) AMARGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Elixabete. ELIXABETE: (besteak besarkatuta ikusteaz arrituta) Jaungoikoa! zer da au? ANTXETA: Elixabete! atoz! ELIXABETE: (zer esan ez dakiela) Ander'en billa nintzan... LIZARBE: Bere billa etorri naiz ni ere! ANTXETA: (Elixabete'ri) Ander'en billa etorri da zure maitea, gurasotzat maite zuana il zaion ordu ontan, Jaungoikoagana joan zaionaren ordezkoa, nigar aurkitu du... ELIXABETE: Osaba! ANTXETA: Osaba, ez; zuen ondoan bizi ta il nai duan zuen aita! (besarkatzen ditu biak) (Ezkerretik Terese azaltzen da) AMAIKAGARREN AGERRALDIA Lengoak, Terese, bereala Ander. TERESE: (besteak elkartuta ikustean) Zer...? ANTXETA: Ezer ez. Zuk bezela, zeruan diran Elixabete'ren aita-amak egingo luketena egin nai detala! TERESE: Jaungoikoari eskerrak! ANDER: (eskubitik, goitik larri sartuaz) Ama!... Nere ama!... (oñaze aundiz) nere ama?... LIZARBE: (Ander'gana joan eta besarkatuaz) Zure ta nere ama zana! AZKENA |