|     44-45 zenbakiak, 1935eko abuztua-iraila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EKITALDIA

 

        Iruditegiak gela-nagusi, aundiki, apain bat aurkestatzen du. Atzean erdi aldean, itsaz aldera ematen duen balkoi bat. Bere esker-eskuitan eskutarmak. Iruditegiaren ezker-eskuitan ateak. Erdian, ondo antolatutako mai bat, gañean, idazteko tresnekin. Alki ta esertoki antziñako ta apañak.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Aita Inazio ta Manuel jauna.

 

(Ezkuta-zapia jasotzeakoan Manuel jauna mai ondoko alki apañean eserita agertuko da. Aita Inasio berriz inguru. ko beete alki batean eseria. Gero, izketari dagokion unean, beta ta bestea altxako dira).

 

AITA INAZIO: Beñere aztuko etzaidan gertaera tamala!

MANUEL JAUNA: Bastiñoi aldean jende pilla aundia bildu zan...

        (Balkoia erakutsiaz)

        Emenditxek ikusten genuen.

AITA INAZIO: Alaxen da.

MANUEL JAUNA: Jende pilla aundia dan tokian, deadarrak ez dira txikiak izaten, eta garai artan ere, nunaitik entzun zitezkenak ziran.

AITA INAZIO: Emenditxek entzun genituen.

MANUEL JAUNA: Denbora aurrera zijoan bezela, jende zalla geroago ta aundiago zan, eta oju, karraxi ta orruak ere bai. Zer gertatzen zan ordia? Zergatik deadar eta karraxi aiek? Arrantzale batzuek, itxasoan, itxasoaren mende utzia, batel bat arkitu zutela, ta bere barrenen gizon gazte bat erdi illa zegola.

AITA INAZIO: Bai; ta gaztearen itxura ta jazkera ikusitakoan, prantzesa zala ezagutu zuten.

MANUEL JAUNA: Beren ustietan.

AITA INAZIO: Beren ustietan. Eta azkeneko gudaldian, prantzesak, emen sartu ziranian egin zituzten zitalkeriak gogoraturik, prantzes ganako gorrotoa bizitu, sutu zan, ikusi zutenian gazte arrotz ura, gazte arerio ura.

MANUEL JAUNA: (Altxiaz) Arerioa, Gazteluzar jauregiko zaldun ospetsua! Arrotza, Deba'ko urian, Bidarte'ko seme leñargia!

AITA INAZIO: Zer nai dezu, Jaungoikoak orrela erabakia dauka ta...

MANUEL JAUNA: Erabaki ori ez da Jaungoikoarena, gizonena baizik.

 

(Manuel jauna batera ta bestera dabil. Ixil-aldi laburra)

 

AITA INAZIO: Nolanai dala ere gorrotoaren griña sumindua, biotz guzietan gazte aetan kalte sortu zan, eta eriotza egiteko guztiok batean zeuden. Bakarrik nolako eriotza eman ezin erabakirik zebiltzan; bada batzuek bizirik erre nai zuten, besteak berriz, urkatu.

MANUEL JAUNA: Ta batzuen eta besteen buru, Kilimon eta Peru Sendo. Errian onenentzat eta zintzoenentzat genekazkien bi gizon oiek ziran erailtzalle gogorrenak.

AITA INAZIO: Gorrotoak orrelako indarrak ditu. Gogora zaitea gañera, Kilimon'ek etxe ta ontasun guziak prantzesen eskuetan galdu zituela; Peru Sendo gizarajoa berriz, orduan semerik gabe gelditu zala.

MANUEL JAUNA: Oroipen tamalgarriak dira; bañan, nor da gure artean orrelako oroipenik ez duena?

AITA INAZIO: Egia diozu. Samintasun eta oñazeak gure obenen zigorkadarako sortuak dira; ta batzuentzat lenago, besteentzat geroago guztientzat irixten diranak.

MANUEL JAUNA: Ezpairik gabe.

AITA INAZIO: (Altxiaz) Etxe altsu ontan bertan, Zubelzu'ko jauregi omengarri onetan, ikusten degu, Andre Madalen gurgarria, samintasun ta oñazeak guztiz azpiratua.

MANUEL JAUNA: Nere arreba gajua...

AITA INAZIO: Ardatzerako duen zaletasuna alde batera utzi ezkero esan liteke ez dala bizi, ez badago bere alaba bakar Katalintxo zaitzeko ta besteren gaitzaz kupiturik, esku zabalez danai on egiteko.

MANUEL JAUNA: Askotan esker txarrak jaso arren.

AITA INAZIO: Orain gogoratzen genuen garai tamal artan ere, gizaseme gazte ura, andre Madalenek eriotzaren atzaparretatik gaizkatu zuen.

MANUEL JAUNA: Ez lenbiziko saioan.

AITA INAZIO: Egia da lenbizikoan, arro ta kaskar, gorrotoak itxuturik zeuden gizon aiek guztiz ukatu zirala; bañan, azkenean Andre Madalenen ongiegiñak gogoratu ta ezaguturik, utzi zioten; eta gizon gaztea erdi-illa, etxera ekarri zuen.

MANUEL JAUNA: Eta marmarizoka gelditu ziran, esanaz: «Emakume orrek nai duen guzia egiten du gugandik».

AITA INAZIO: Baña, aro berian zioten: «Emakume orrek zer egiten ez du gugatik!»

MANUEL JAUNA: Guzia esan al baledi.

AITA INAZIO: Gertaera errukarri ura zanetik ogei ta amar egun igaro dira. Andre Madalen eta Katalintxoren laguntza xamur eta laztanari eskerrak, gizon gazte ura oso sendatu da.

MANUEL JAUNA: Baña, garai ortan, Katalintxo ta gizon gaztearen artean, maitasunezko su gartsua sortu da; ta orra nondik datorkigun ixtillu berria.

AITA INAZIO: Jakiñan gañean nago.

MANUEL JAUNA: Katalintxo'k, zorionez, ama badu...

AITA INAZIO: Zubelzu'ko andre gurgarria.

MANUEL JAUNA: Gizon gazteak ere, badu bere ama.

AITA INAZIO: Gazteluzar'ko andre altsua.

MANUEL JAUNA: Eta bi amak beren biotzeko puskak maitatzeko bakarrik bizi diran bi ama oiek, batean daude erabakitzeko: Deba'ko alaba liraña ta Bidarte'ko seme zintzoa beren artean arrotzak dirala; zorionaren itzalpean maitasunak batu dituen bi biotz oiek beren artean arerioak dirala.

AITA INAZIO: An eta emen ikusi diran gertaera odoltsu ta samingarriakin, ez da arritzekoa, buruak eta biotzak illunpean arkitzea.

MANUEL JAUNA: Illunpe ortan argia sortzeko, noiznai ordu dala, iduritzen zait.

AITA INAZIO: Jaungoiko, gure Jaun errukitsuak argitu ditzala guztion adimenak. Ala izan dedin, otoi bero gogatsuak, guzia lezakenaren oñetara igo aratzi ditzagun.— Ni, orain, nere otoitzetan jarraitzera nua, ta ez naiz aztuko beartasun onetaz.

MANUEL JAUNA: Guzian bearrean izango gera.

AITA INAZIO: Gero arte, bada.

MANUEL JAUNA: Zuaz ondo.

 

(A. Inazio eskuiko bigarrenetik juaten da)

 

        Seme alabak lotu duten zorionezko korapilloa, bi amak azkatzen leiatzea, zein tamalgarria dan!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Manuel jauna Gazteluzar'ko Yan Luis.

 

(Gazteluzar oso tamal ezkerreko lenengotik ateratzen da)

 

GAZTELUZAR: Ungi zare, yauna?

MANUEL JAUNA: Ondo. Ta, zuk... zer diozu?

GAZTELUZAR: Zer nai duzu erratia? Naigaben astuntasunak, ene adimena arras naasi didate. Iya burua galdu dut.

MANUEL JAUNA: Ez da gutxiyagotako.

GAZTELUZAR: Gizonen bizia nigarrez amaitzen da. Ene etxe untako egoera berdina izan da. Gorputza erdi ila sartu nintzen, arima arras ila irten bear dut.

MANUEL JAUNA: Ez dezu geyegi larritu bear.

GAZTELUZAR: Korderik gabe ekarri ninduten; eta ezaguerara biurtu nintzenian, xamurki sendatzen nindutela ezagutu nuen, eta eskual-itz maitekorrak entzun nintuen. Zenbat ene biotza itz aiek poztu zuten. Ez da eskualdunentzat sendagairik, bere mintzoera ezti eztia entzutia alakorik!

MANUEL JAUNA: Gure izateari bizia ematen dion izkera gurgarria!

GAZTELUZAR: Gainera, arrotz artian ez nintzela ezagutu nuen. Etxe untan, Yinko bera ta ene mintzaera bertan gurtzen zen; beaz, anai artian nintzen.

MANUEL JAUNA: Eta anai bezela, etxe ontako guziyak euki zaitugu.

GAZTELUZAR: Ala da, seurki; ta millaka eskerrak ematen ez naix inoiz aspertuko.

MANUEL JAUNA: Ez daukazu ezertaz aspertu bearrik.

GAZTELUZAR: Sendatzen ninjoan bezela, gauzen berri egiten gan nintzen. Emendik agiri den itxaso zabala, begiak bizira zabaldu nintuanean ikusi nuen itxaso bera da; umetan ainbertze aldiz aldiz jostatzen nintzen baga berek, lurra leunki milixkatuaz emengo ondartzan deusezten die.

MANUEL JAUNA: Gauza bat, bi puska egin arren, bi puskak beti, gauza bat izango dira.

GAZTELUZAR: DebA'ko menditto alai orlegiz apainduak, beren landa ugaritsuekin, beren zuaitz itzaltsuekin; Bidarte'ko menditto, landa ta zuaitzek iduritzen zitzaizkidan. Emengo artaldeak angoen berdinek ziren; eta bildotx gaizoak ezagutzen banindute bezela laztanik bagiratzen ziden, eta beren bee xamurrekin maiteki agurtzen nindutela zirudien. Emengo lore pinpirinduak, beren margo ikusgarriekin, angoen usain zoragarria ematen ziden. Bainan loreetan maitatiena, txarmangarriena, etxe untako alaba arkitu dut.

MANUEL JAUNA: Bai; badakit Katalintxo'tzaz zaletu zerala.

GAZTELUZAR: Zaletu, ez; arras: bainan arras zoratu.

MANUEL JAUNA: Katalintxo'k ere ordaintzen zaituela uste det.

GAZTELUZAR: Maite nau, aingeruak izan lezaketen maitasun garbi ta sendoenarekin.

MANUEL JAUNA: Ala igarria nago.

GAZTELUZAR: Eta maitasunak, ene biotza, atseginez beterik, zoriunaren maila goienekora xamurki igo arazi nau.

MANUEL JAUNA: Orrela da egiazko maitasuna.

GAZTELUZAR: Pozaren pozaz ene amari idatzi nion bereala. Autatu dut erraten nion, emazteki bat superra. Amatto, zu bezela Yinko bildurrekoa da, zu bezela ona ta zintzoa, zu bezin eztitsu eskuaraz mintzatzen da, ta, zu, Gazteluzarko etxeandreba zare, au Zubelzu'ko alaba da.

MANUEL JAUNA: Bi jauregi ospetsu, biyak leñargiak, bata bestearen lotsik ez dutenak.

GAZTELUZAR: Ba, yauna. Ene berriak, ene ama loriatuko zutela uste nuen; baiña, zorigaitzez, trunfatua negon. Apantziaz lengo gertaeren batzuek burua naasi zioten, eta erri-aldi au begi txarrez ikusten zuen. Ala erraten zidan: angoek... angoek zirala; emengoek berriz... ez dakit nongoek.

MANUEL JAUNA: Anguak eta emenguak euskaldunak ez bagiña bezela.

GAZTELUZAR: Berriz ere idatzi nion, eta, berriz ere erantzun zidan; baina len baino ere miñago, len bainore garratzago. Azkenik, beinere antziko ez zaidan eskutitz batean, erraten nion:

        «Amatto: gu biyoi gaur izar bereziak argi egiten digu. Zere sorteri izenekoaz oldoztuta idatzi duzu; ta, nik, berriz, Katalintxo'z oroituaz irakurtzen dut. Uni ta bere amari guzia zor diet. Oek izan ez baziren, gaur etzenuen semerik. Orrengatik ene Katalintxo ain maite dut. Ene maitasun au aantzi aratzitzeko, gere aita ta aitonen odolarekin lur au ureztua dagola, erraten didazu... Gurea ere, emengoei ixuri arazitakoekin dago. Zoritxarrez, batean eta bestean, eskualdun odola alperrik, ez da gutti ixuri. Ene zai zaudela, ta bereala gateko erraten didazu; ta semeak gurasoen erranak beti egin bear dituela, etxean, eskolan eta eleizan erakutsi zenidaten. Egin bedi bada, zuen naia. Bainan, garbi erranen dizut, denbora guttiko izanen duzula semea... Itxasoan izanen dut ene obia; ta nai ez baduzu ere, ene azkeneko itzak eta oldozpenak, ene Katalintxotzat izanen dire, ta ene unekin zeruan alkartuko naiz...»

MANUEL JAUNA: Eta, amak, zer erantzun dizu?

GAZTELUZAR: Amek?... Zato.

 

(Balkoira eraman eta kaia erakutsiaz)

 

        Ikusten duzu kaiaren erdian, oyalez afaindutako gudontzi bakarra? Ene bila dator.

MANUEL JAUNA: Zure amak...

GAZTELUZAR: Orrekin batian igorri dit bertze eskutitz bat biotza lantuz bete didana.

MANUEL JAUNA: Beraz, uzten gaituzu?

GAZTELUZAR: Gorputza erdi ila ekarri ninduten, arima oso ila naramate.

MANUEL JAUNA: Eta Katalintxo'ganako maitasuna orrela purrukatu bear dezu?

GAZTELUZAR: Katalintxo'ganako maitasuna enekin eramanen dut! A! Bera ere eraman al baneza!

MANUEL JAUNA: Zergatik ez! Biyok alkarrekin ikusi ondorian zure ama limurtuko litzake biar bada; ta oraingo garraztasunen ordez, bayezko pozgarri bat eman lezaizuke. Katalintxo, bere amarekin juan liteke.

GAZTELUZAR: Etzazula uste. Ene amak alderdi arri atxikitzen dio: Katalintxo'ren amak alderdi uni. Seme alabak alkar artu dugu, gure amek ez dute beinere alkar artuko.

MANUEL JAUNA: Ori, ikusiko degu. Neronek itzegingo diot, eta aleginduko naiz, ia era ortan atsekabeko izaera au zuzentzen ote degun.

 

(Ezkerreko bigarren ate aldera egiñaz)

 

GAZTELUZAR: Alperrik. Ez duzu deusik eginen.

MANUEL JAUNA: Ori gero esango dizut.

GAZTELUZAR: Ez duzu funtsik aterako.

MANUEL JAUNA: Saiatuko naiz beintzat.

 

(Ezkerreko bigarren atetik juaten da)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluzar'ko Yan Luis.

 

GAZTELUZAR: (Eseriaz) Manuel Yaun, biotz andikoa! Bere adimenaren argi diztikorrari, bere biotzaren alegin sutsuak laguntzen dio; ta zuinen ederki gure naigabeak ezagutzen dituen; zuinen gogotsu zuzendu nai lituzken. Zoritxarrez, bertzeen adimen eta biotzak ilunpe kaltegarrian naasiak daude, ta ene itxaropenaren ate amestiak betiko itxiak gelditzen dire.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluzar'ko Yan Luis eta Katalintxo.

 

KATALINTXO: (Ezkerreko bigarren atetik ateriaz) Yan Luis; zer gertatzen da? Egun guzian etzaitugu ikusi.

GAZTELUZAR: (Altxa ta bere ondora juanaz) A, Katalintxo! Geiago ikusiko ez nazutela, ta geiago ikusiko ez zaituzteala oldoztiak, biotza bi puska egiten dit.

KATALINTXO: Nola? Azkenean ere?

GAZTELUZAR: Bai, Katalintxo gan bear naiz.

KATALINTXO: (Negarrez alki batean eseriaz) Au zorigaitza!

GAZTELUZAR: Eriotza bera baso negargarriagoa.

KATALINTXO: Ta nai ta naiezkoa al da?

GAZTELUZAR: Ene amak ala dio. Unureak orrela agintzen didala. Nik zer erran ere ez dakit.— Eta zuk, ene Katalintxo; zuk, ene arnasaren arnasa, ta ene biziaren bizia: errukigarri uni, zer erraten diozu?

KATALINTXO: Nere erraietako Yan Luis: zer nai dezu nik esatia, atsekabetzen eta negar egiten besterik, ez badakit une ontan.

GAZTELUZAR: Baina, maitetto, zer den zere iritzia ezin liteke yakin?

KATALINTXO: Nere iritzia... zure amak eta neriek, gu uztera onoreak beartzen zaituela diote... ta bi amak era berean oldozten dutenian...

GAZTELUZAR: Zaude ixilik, Katalintxo... Zere burua nasi nai zinduke ta ezin duzu.

KATALINTXO: Ez, Yan Luis; egiya esaten dizut.

GAZTELUZAR: Nola ni gabe bizi zintezke?

KATALINTXO: Zu gabe biziko naizen?... Ez dakit... Ez det uste.

GAZTELUZAR: Nola zu gabe bizi ninteke?

KATALINTXO: Ni gabe...

 

(Bat batetan altxatu ta lepoan daukan
gurutzedun urrezko katea erantzirik.
Gazteluzar'i lepoan ipiñirik)

 

        Ni ez banazu, nere oroipenik xamurrena, ar zazu. Nere aita zanak lenengo jaun-artzean egin zidan emaitza da. Beti nerekin euki izan det. Poztazunetan nere musuak gurutze orretxentzat izan dira; naigabetan nere malkoak gurutze orretan ixuri izan ditut. Ez da gauzik ori ainbeste maite izan detanik. Ni ez banazu, nere oroipenik xamurrena zeorrekin daukazu.

GAZTELUZAR: Ene biotzean josia ez ba zeunde (Guretzeari muñ emanaz) gurutze unetan gogoratuko zinduzket.

KATALINTXO: Zoritxar negargarria gure gain etorri da...

GAZTELUZAR: Ikaragarria!

KATALINTXO: Baña, Yan Luis, kemena izan zazu, ta Jaungoikoak gure otoitzak entzungo ditu.

GAZTELUZAR: Ez dakit kemenik izanen dudan.

KATALINTXO: Orain arte bezela, aurrera ere ona ta zintzoa izan zaite; ta ludi ontan ezin bada, gure eztayak goiko zeru eder artan izan ditezela.

GAZTELUZAR: Gan diren egun labur oietan, ene arimak eta zuriak izan dituzten amets pozgarriak, gure izaera urreztu daben pake ta alaitasun bizikorrak, ene biotzari erraten diote, zenbaterañoko maitasuna izan didazun.

KATALINTXO: Geyago ezin alakoa.

GAZTELUZAR: Erraten diote zureari nola ene biotzak gurtzen zaituen.

KATALINTXO: Ori, ondo dakit.

GAZTELUZAR: Baina, gere maitasuna, gere izate guzia urrela purrukatzia ezin liteke, ez du izan bear.

KATALINTXO: Ez luke izan biar, baña...

GAZTELUZAR: Ni gabe, zu ilko zare.

KATALINTXO: Nola ez.

GAZTELUZAR: Eta, ni, zu uzten bazaitut erotu eginen naiz.

KATALINTXO: Yan Luis!

GAZTELUZAR: Ene unore ta jaioterriko zorrak, sorterriaren gana lotzen banaute, zu ez zaituzte lotzen. Zertako ez duzu, zere amarekin Bidarte'ra etorri bear, an ene emazte izateko?

KATALINTXO: Nere amak...

GAZTELUZAR: Aistiyan, zere osaba, yaun prestu urrek, ori bera erraten zidan.

KATALINTXO: A! Nere amak nai balu...!

GAZTELUZAR: Etorriko ziñezke?

KATALINTXO: Jaungoiko maitia!... Ez nuke esan biar, baña... a! nere sorterritik ederrena, zu bizitzen ziñakena izango litzake!

GAZTELUZAR: Zere aitorpen zoragarri urrek, ene biotza....

 

(Ezkerreko bigarren atia irikitzen da)

 

KATALINTXO: Ixo, emen da bera.

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Andre Madalen ta Manuel jauna.

Gero Morroia.

 

ANDRE MADALEN: (Ezkerreko bigarren atean azalduaz) Zubelzu'ko aitonaren izen ospetsua loitu... ori beñere ez.

 

(Gazteluzar eta Katalintxo, eskuian, aurre aldian,
zutik jartzen dira. Andre Madalen, bere ardatzarekin
aurreratzen da, ta Gazteluzar agurtzen du.
Manuel jauna ondoren sartzen da, ta ezker aldian gelditzen da)

 

ANDRE MADALEN: Agur, Yan Luis.

GAZTELUZAR: Ungi etorri, Andre Madalen.

 

(Andre Madalen, erdiko alkian esertzen da)

 

ANDRE MADALEN: On egitia, nere zalerik, nere gogorik biziena da, ta on egitez aspertuko ez nitzake. Nere alarguntzako soñeko beltz aben barrenen, on egitia bestek poztutzen ez nau. Baña, nere egipen guziak, Zubelzu'ko guraso zarren oroipena goitzeko dira, ez ayen izen ona beztutzeko.

MANUEL JAUNA: Guraso zarraz geyegi gogoratzen zerala iduritzen zait; eta nork daki, une onetan ez ote zeran biar aña gogoratzen... zure alabaz.

ANDRE MADALEN: Nere alabaz, une onetan eta guzietan gogoratzen naiz. Berari begiratzeko, bera zaitzeko bakarrik bizi naizela badakizu. Baña, ezin aztuko naiz, gaur Zubelzu'ko alaba dana, bigar Zubelzu'ko etxekoandre izango dala, ta Zubeltzutarren izaerari jarraitu bearko diola.

MANUEL JAUNA: Ta orretarako, biotzaren naikunak purrukatu bear dituzu.

ANDRE MADALEN: Orretarako zer egin bear dan, orain ikusiko degu (Gazteluzar'i) Yan Luis: amaren eskutitz berri bat izan dezula esan didate.

GAZTELUZAR: Bai, andre. Egia da.

ANDRE MADALEN: Jakin al genezake zer esaten dizun?

GAZTELUZAR: Seurki. Emen dut eskutitza.

 

(Txamarretik eskutitza ateriaz)

 

ANDRE MADALEN: Irakurri nai bazendu...

GAZTELUZAR: Kuxian.

 

(Gazteluzar'ek eskutitza irakurtzen du,
ta bitartian Andre Madalen ardatzean ari da)

 

        «Ene biotz eta erraietako semea: Ungi-yarri zarelako berriak baditut,... bainan, ala ere, zu ez zatoz. Iru aldiz idatzi dizut, bainan alperrik. Urrek adieraztera ematen dit, lur arerio orretaz zaletu zarela...»

MANUEL JAUNA: Arerioa....

ANDRE MADALEN: Ixo.

GAZTELUZAR: Zere aita ta aitonen odolarekin lur ori ureztua dagola, ezin antzi zenezake. Zere leialtasun eta zintzotasunaren eskuetan, gere erregeak yarri zituen itxas-untzi ta lagun kementsuak zere billa dijoaz. Ama, zai daukazu. Bainan, a! uste ez dudan bezela, zere abendaz ernegatuko bazindu....

        (Manuel aserre mugitzen da, bañan ez du itzik egiten)

        nik, prantzesa naizen aldetik, zere izenaz erneatuko nuke... ama naizen aldetik, ene biotzak ezin ernegatu lezake, bainan ene sorterriari seme salkindari bat eman diotan lotsarekin ilen nintzake».

MANUEL JAUNA: (Ixil-aldi txiki baten ondorian) Eta orain zer esaten diyozu?

ANDRE MADALEN: Yan Luis: zure amak sorterrira deitzen dizu... onoreak, zure tokira.

        (Mai gañean ardatza utzi, ta Yan Luis besotik eldu ta balkoira eramaten du. An, besoarekin eskui aldia erakutsiaz dio:) Zure sorterria, an dago... zure tokia an daukazu.

        (Gero barrenera biurtuaz)

        Gure sorterria, au da.

MANUEL JAUNA: Eta neria, puska bat, an, eta bestia emen.

ANDRE MADALEN: Beti itxura gabeko gauzaren bat esan biar dezu. (Berriro eserita ardatzean asten da)

GAZTELUZAR: Beraz, zere iritzia da...

ANDRE MADALEN: Amaren agindua egin bear dezula; zure sorterriaren deiari erantzun biar diozula; zure tokia gorde bear dezula.

GAZTELUZAR: Ori, niri dagokidana izanen da noski...

ANDRE MADALEN: Zuri dagokizuna.

GAZTELUZAR: Bainan, Andre Madalen, lur unetara lotzen nauen maitasunaren berri baduzu. Badakizu, ni unela gatia, bi gazteren bizia arriskatzia izanen litzakela. Zuk, zere alaba maite duzu...

ANDRE MADALEN: Nere erraietako puskik laztanena bezela.

GAZTELUZAR: Nitzaz, ez dut uste, gaizki nairik izanen duzunik.

ANDRE MADALEN: Ez, orixe; etorri ziñanetik, zaldun zintzo, gizontsutzat euki zaitut.

GAZTELUZAR: Bada, bien zori una egin zenezake. Ni, unureak gatera biartzen banau, Katalintxo ez du gelditzera biartzen.

MANUEL JAUNA: Nik len esan dizudana.

GAZTELUZAR: Zuk nai bazindu, Katalintxo ganen litzake.

ANDRE MADALEN: (Katalintxo'ri begiratu ondoren) Ondo da. Berak orrela erabakia badauka: dijoala. Jaungoikoak lagun dezaiola. Jaunari zuen onerako otoitzen, emen geldituko naiz ni.

KATALINTXO: (Amaren gana juan eta maitetsu besarkatuaz) O, zer eskertxarrekoa naizen! Beorri utzi ta, juateko kemenik izango nukela uste al du! Ez, amatxo maitia! Biziya galduko badet ere, ez det beñere beorri utziko!

GAZTELUZAR: (Andre Madalen'i) Zato zerorri ere gurekin.

MANUEL JAUNA: Ori da; juan zaitia zeorri....

ANDRE MADALEN: (Altxatuaz) Beñere ez. Ori ezin liteke. Nere Jaungoiko ta nere onoreak galerazten didate.

MANUEL JAUNA: Iduripenak.

ANDRE MADALEN: Ez. Emen, lur ontan, bizitu ta il ziran nere guraso zarrak; emen nere senar, nere aur eta senide maiteak. Emen daude ayen azken-autsak, emen gelditu bear dute neriak; bada emen, lur ontan berean, il nai det. Zuk, zure sorterriari salkeririk ez diozu egin nai. Zurekiko zorra da ori. Utzi nazazu, nik ere bear bezela nereari jarrai dezaiodan.

GAZTELUZAR: Ikusten dut, andre Madalen...

MORROIA: (Eskuiko lenengo atian azalduaz) Yan Luis, jauna.

GAZTELUZAR: Zer da?

MORROIA: Bizendoritz, gudontziko bigarren buru jauna, beorren galdezka da.

GAZTELUZAR: Pitin bat itxodon dezala.

 

(Morroia juaten da)

 

GAZTELUZAR: Ikusten dut ene Katalintxo eramaten uzten ez didazula; bainan, bere maitasuna eramanen dut, eta maitasun urren suan kiskaliko du ene bizia.

KATALINTXO: Bai, ama; eriotzaraño maitatzia, ta bere emazte izatia zin egin nuen, eta nere itzari eutsiko diot. Nere barrenak esaten dit laster zorionekoak izango gerala; emen ezin bada, Jaungoikoaren jarleku ondoan alkartuko gerala.

ANDRE MADALEN: Zuen maitasunaren kalte ez naiz ni beñere izan, eta Jaungoikoak onetsi dezala nik onetsi deten bezela.

KATALINTXO: Orduan, amatxo...

GAZTELUZAR: Andre Madalen...

ANDRE MADALEN: Bañan, orrek ez nau itxutu aziko, Zubelzu'ko etxekoandreari dagozkion egin-bearrak betetzeko.

MANUEL JAUNA: Naiz amaren egin bearrak ez bete.

ANDRE MADALEN: Zubelzu'ko amak, Zubelzu'ko alabarekin dituen egin-bearrak betetzen ditu beti.

MANUEL JAUNA: Beste amak, semearekin bezela.

ANDRE MADALEN: Ayek angoak badira, tu emengoak gera.

MANUEL JAUNA: Eta angoak eta emengoak besarkada zorioneko baten bitartez alkartze pozgarri bat eskeintzen dizutenian, bi amak eragotzitzen dezute. Esan zazu zuk ere, arrotzak, arerioak dirala.

ANDRE MADALEN: Esan biar detana, esan det. Zubelzu'ko izen leñargia itzaldu lezaken gauzik, ezer ez.

 

(Ardatza artu ta ezkerreko bigarren ate aldera juanaz)

 

        Guazen, Katalintxo.

 

(Katalintxo'k ate ondoraño jarraitzen dio,
ta orduan bat batean biurtzen da)

 

KATALINTXO: Yan Luis; il arte, zuria izango naiz.

 

(Andre Madalen'ek Katalintxo sartu arazten du)

 

ANDRE MADALEN: Guazen.

 

(Biyak ezkerreko bigarren atetik juaten dira)

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Manuel jauna ta Gazteluzar. Gero Morroia.

Geroago Bizendoritz.

 

GAZTELUZAR: Ikusi duzu...

MANUEL JAUNA: Anguak eta emengoak iduripenetan bat egin dute. Orra hola, maitasunaren elkartze zoriontsua ikusi nai ez dutenak, zoriontasun ori purrukatzeko zein ederki alkar artzen duten.

GAZTELUZAR: (Mai gañeko txintxarria joaz) Ala da; ta egin bear dana kuxian egin bear da.

MANUEL JAUNA: Zer zuaz egitera?

GAZTELUZAR: Yakiñen duzu.

MORROIA: (Eskuiko lenengo atian azalduaz) Deitu al du?

GAZTELUZAR: Be. Bizendoritz yaunari eldu dedilla erraiozu.

MORROIA: Ondo da. (Morroia juaten da)

MANUEL JAUNA: Zertara zuaz?

GAZTELUZAR: Zoriuna ezagutu nuen etxe unetan itotzen naiz samiñez. Aidea bear dut. Aidearen billa noa.

MANUEL JAUNA: Bañan...

 

(Eskuiko lenengo atian Bizendoritz azaltzen da.
Morroiak ateraño lagundu ta alde egiten du)

 

BIZENDORITZ: Baimenik bada?

GAZTELUZAR: Aurrera.— Bizendoritz yauna, gertu al zaizte?

BIZENDORITZ: Bai yauna.

GAZTELUZAR: Ungi da. Aingurak yasu itzazue, ta bakotxa bere tokian ipiñi dedila. Ta, entzun ungi. Ni gudontzian sartzen naizen une beren alde egin bear dugu.

BIZENDORITZ: Zuk erran bezela eginen da. Ez duzu bertzerik agindu bearrik?

GAZTELUZAR: Deusik. Gan zintezke.

BIZENDORITZ: Agur yaunak.

GAZTELUZAR: Agur.

 

(Bizendoritz eskuiko lenengotik juaten da)

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Manuel jauna, Gazteluzar eta Aita Inazio.

 

MANUEL JAUNA: Beaz, bereala zuaz?

GAZTELUZAR: Ama alabek gelan diren bitarten. Ixil ixila gan nai dut. Zertako beren samintasuna berritu!

 

(Aita Inazio eskuiko bigarren atetik sartzen da.
Otoitza amaitzen du sartu ta gero,
ta ondoren Aitaren egiten du)

 

AITA INAZIO: Ba al zuaz?

GAZTELUZAR: Gan bear. Garraztasuneko untzia azkeneko tantoraño bete da; ta azkeneko au irentzitzeko garaia eldu da.

AITA INAZIO: Biotzaren naigabe abetan Jaungoikoagan igo dezagun gure oldozmena; lurreko gaizki-nai ta gorroto-griñak bazterreratuaz.

GAZTELUZAR: Gaizki-naiak, gorroto-griñak! Noren kalte ordia?

MANUEL JAUNA: Ez da ori.

AITA INAZIO: Esan nai nuen...

GAZTELUZAR: Gere barrenen, samintasuna sortzen digun zitalaren kalte, gorrotozko griña sutsua jaiotzen denian; besteen gaizki-naia apurtzeko, txetzeko gure izate guzia pizkortzen denian, samintasuna bera guttiten dela dirudi, gorrotoak lasaitasun bat ematen digula.

AITA INAZIO: Ez dezu orrela oldoztu bear.

GAZTELUZAR: A! Ene garraztasun ikaragarri unetan norbaiten kalte ausartu al banedi! Nola ordia, guztiak maite banaute!

MANUEL JAUNA: Etxeko guztiak.

AITA INAZIO: Eta guztiak zure naigabez errukitzen gera.

GAZTELUZAR: Katalintxo'k, aur zoragarri urrek, bere naikun xamurrenak eskeñi dizkit; Andre Madalen, emazteki zintzo ta umengarri urrek, ardurik biguinenak enetzat izan ditu; ene amatto gaizoak berriz, zunbat eta zunbat maitatzen nauen. Orra guztiak maite ta maitasun orren guzien bitartez, zoritxar ikaragarri au eni sortu. Oldozpen auek burua naasitzen didate. Ez dakit zer egitera yartzen nauten... Ba... azken ordu auek alguzian laburtzea, ene biotzarentzat atsegingarri izanen da.

        (Manuel jauna gana juan eta besarkatuaz)

        Manuel yauna...

MANUEL JAUNA: Bulartsua izan zaite.

GAZTELUZAR: (Aita Inazio besarkatuaz) Aita Iñazio....

AITA INAZIO: Jaungoikoagan izazu itxaropena.

GAZTELUZAR: (Eskuiko lenengo ate aldera juan eta berriro biurtuaz) Ama alabek ez ditut deitu nai izen; pakean utzi ditzagun. Zertako lengo negarrek berritu? Gero ere nigar egiteko naiko asti izanen dute. Zuek, etxekoak zaizte; aingeru auen gozapenakin gozatzen, zaizte zeren samiñekin samindu. Or uzten dizkizutet biak, beren gidari ta atsegingarri izanen zaizte, ta erranen diezue zunbaterañoko garratza izan den ene emendik alde egitia.

        (Manuel Jauna berriro besarkatuaz) Manuel yauna....

MANUEL JAUNA: Zuaz lasai, ta ez emengo kezkik izan.

GAZTELUZAR: (Aita Inazio berriro besarkatuaz) Aita Inazio...

AITA INAZIO: Nere otoitzetan gogoan eukiko zaitut.

GAZTELUZAR: (Eskuiko lenengo ate aldera juan eta batetan biurtuaz) Ene itxaropena, ene etorkizuna, ene biotza ta ene bizia etxe untan uzten ditut...

        (Pixka bat oldozten egon ondoren. Bat batetan)

        Agur.

 

(Eskuiko lenengo atetik laterka joaten da)

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Manuel jauna, ta Aita Inazio,
Azkenean Andre Madalen eta Katalintxo.

 

(Ixil-aldi labur baten ondoren)

 

MANUEL JAUNA: Angoen eta emengoen iduripen eta musinkeriak, orra zer azkena izan duten... Ori, orretan azkentzen bada; oraindik zer ikusteko gauden ez dakigu ta.

AITA INAZIO: Gure Jaungoiko Jaun ona etxe onetaz kupi dedila. Bildur naiz neroni ere. Batibat, Katalintxotzaz.

MANUEL JAUNA: Nere ¡lloba zoritxarrekoa. Gazterik arantza zorrotzen sastada gogorrak eraman bear ditu.

AITA INAZIO: Bere obenen ordaintzarako izan ditezela.

MANUEL JAUNA: Maitasunaren amets zoragarrietan ¡ya txoraturik zegon garai gozatsuan, zer esnatze ikarakorra.

        Neskatxa gajo orr¡ esayozu orain, bere biotzak aukeratu duen zaldun goragarri ori, bere sinismena duen ori, bere izkuntza berean itzegiten duen ori, bere oiturak, bere goguak, bere zaletasunak dituen ori, arrotza, arerioa dala; beste ama orrek oartu duen bezela, esaiozu odol berekua izan arren, abenda berekua ez dala. Esaiozu...

AITA INAZIO: Oldozpen oyek orain, alde batera utzi bear ditugu.

MANUEL JAUNA: Geyegi bazterreratzen ditugu lenago ere.

AITA INAZIO: Ba¡; baña orain, Katalintxo'tzaz oldoztu bear degu.

MANUEL JAUNA: Nere ¡lloba gajua. Bildur naiz Yan Luis'en alde egite onek, atsekabe gogor'en bat ekarriko ote digun.

AITA INAZIO: Orrengatik batetan ezin esango diogu.

MANUEL JAUNA: Ori da. Orain, juan danik ere, ez diogu esan biar.

AITA INAZIO: Ez ta aitatu ere.

MANUEL JAUNA: Gero pixkabanaka esango diogu; bañan, orain, ixilik egon biar degu.

 

(Yan Luis gudontzira ¡ritxi da.
Ontzi gizonak beren ojuakin arrera egiten diote)

 

BARRENEN: Urra!

AITA INAZIO: E! Badijua... Oju oyek...

MANUEL JAUNA: Entzuten baditu, galduak gera.

 

(Batetan ezkerreko bigarren atia erekitzen da,
ta Katalinatxo, Andre Madalen ondotik duela,
karraxika azaltzen da)

 

KATALINTXO: Ama! Ama! Badijua!

 

(Katalintxo balkoira dijoa.
Andre Madalen eta Manuel jauna beregana dijuaz)

 

ANDRE MADALEN eta MANUEL JAUNA: Katalintxo!

 

(Katalintxo'k, erdi zoraturik, balkoitik agur egiten du)

 

KATALINTXO: Yan Luis! Yan Luis!

BARRENEN: Urra!

KATALINTXO: Ai! ai!

 

(Katalintxo, korderik gabe, Andre Madalenen
besoetan erortzen da. Manuel jaunak alki bat eramaten du
ta bertan exertzen dute Katalintxo, alde batean Andre Madalen
eta bestian Manuel jauna dirala. Inguruan Aita Inazio)

 

ANDRE MADALEN: Nere biyotza!

MANUEL JAUNA: Bildur nitzana!

ANDRE MADALEN: Katalintxo!

AITA INAZIO: Jauna, lagun gaitzazu!

ANDRE MADALEN: Nere biziya!

MANUEL JAUNA: Anguak eta emenguak!... Orra zer azkena!

BARRENEN: Urra!

 

EZKUTA-ZAPIA JEISTEN DA

 

LENENGO EKITALDIAREN AMAIA

 

aurrekoa | hurrengoa