|
BIGAREN EKITALDIA Iruditegiak lengo gela nagusi bera aurkeztuko du. LENENGO AGERRALDIA Manuel jauna, ta Aita Inazio. AITA INAZIO: Nik emen, erortzen, itxura artan ikusi nuenian, il zala uste nuen. (Balkoian, aurreroko Ekitaldian MANUEL JAUNA: Ez; ondo-ez bat besterik etzan. AITA INAZIO: Gure Jaungoiko on, errukitsuari eskerrak. Bañan, urrengo egunetan ere, oso makal egondu zan. MANUEL JAUNA: Bai, urrengo amabost egunetan, Katalintxo gaxuak, ikaragarrizko guda bere buruarekin eraman bear izan zuen; eta ez da arritzekoa oso eroria, auldua, kemenik gabe arkitzea. AITA INAZIO: Katalintxo gaxoa! MANUEL JAUNA: Izan ere, bere gazte aroaren indar sutsuarekin, bere biotz garbiaren kemen pizkorrarekin, bere adimenaren amets gozotsuarekin gizon bategaz itxutu, maitasunezko zoramenean elkartu; ta ez bat eta ez beste, ango ta emengo, eztabaida itxura gabeko batengatik guzia galtzea; ez Katalintxo'k, edozeinek ere naikoa luke, burua, osasuna ta bizia bera galtzeko. AITA INAZIO: Bizia galdu? Orrelakorik etzazula aitatu ere. MANUEL JAUNA: Ezetz, uste duzu? AITA INAZIO: Noski... Orren gaizki al dago bada? MANUEL JAUNA: Gaizki... Berari begiratu besterik ez dago; lengo ants izpirik ere ez dauka. Kupigarria dago gaxoa. AITA INAZIO: Egun abetan erori xamarra iduritu zait; baña onera emana zala, uste nuen. MANUEL JAUNA: Zoritxarrez, ez da orrela. Yan Luis'ek alde egin zuela bi illabete igaro dira. Lenbiziko amabost egun txar aien ondoren, zerbait onera eman zuela zirudien; baña, alperrik: berriro erori da, ta beñere baño makalago dagola ezagun da. AITA INAZIO: Gaizki-aldi au ere, lengoa bezela igaroko al zaio. MANUEL JAUNA: Orrela gertatuko ez ote dan, bildur izan bear. Sendatzeko, Yan Luis' tzaz aztu bear luke, ta egunetik egunera geyago gogoratzen dala iduritzen zait. AITA INAZIO: Neroni ere orretan nago. MANUEL JAUNA: Susper aldia izan zuen artan, etxetik atera azi nuen, eta bigaldu nuen zebillela emengo inguru alai, zoragarrietan, ia bere buruarentzat zerbait pozgarri arkitzen ote zuen. Guziya alperrik izan da. AITA INAZIO: Bai; zuk bigaltzen zenuen... Baña, nora joaten zan? Bere ama gajoa ondotik zuela, lenago Yan Luis'ekin joaten zan tokietara, an bere oroipena berriturik, samintasunari indar geyago ematera. MANUEL JAUNA: Orrek ondatzen du bada Katalintxo'ren osasun eroriya. AITA INAZIO: Talaja'ko gora, lenago Gazteluzar'ko zaldunarekin bezela, iya egunero igotzen ziran; ondartzan, zugazpeko ibiltokietan, beti buruan gauza berarekin an zebillen; eta zenbat eta zenbat aldiz Arrangatziko gañean, amaren oñetan exeria, amaren belaunetan burua etzana, ordu osoak igarotzen zituen Bidarte'ko itsasertsera begira, bere biyotzaren bizia an balego bezela. MANUEL JAUNA: Ta, egiyaz, orrela da: bere biyotzaren bizia ta bere osasunaren sendagaia an dago. Aro berean ordea, ezin iritxi lezaken amets orretaz, egunak dituen ordu guzietan eta gabekoetan ere bai, beti oldozten egotea, izan lezaken kalterik aundienekoa da. Orrek osasuna oso galdu arazitzen dio. AITA INAZIO: Beraz, zure iritzia da... MANUEL JAUNA: Burutik oldozpen oiek kendu arazitzen ez bazaizkio, ta ori gauza zalla iduritzen zait... AITA INAZIO: Zalla bañore zallagoa. MANUEL JAUNA: Bada, orduan, sendagai bat besterik ez dago. AITA INAZIO: Ta, da? MANUEL JAUNA: Datorrela Yan Luis, eta Katalintxo'rekin ezkon dedilla. AITA INAZIO: Ori ordia, ez da gure eskuan dagona. Ori, Jaungoikuak bakarrik egin lezakena da. MANUEL JAUNA: Bada ori ez dala, ez alperrikako itxaropenik izan. Lentxiago edo geroxiago Katalintxo'ren azkena ikusiya dago. AITA INAZIO: Gizona... izoztua uzten nazu. MANUEL JAUNA: Ta ori, aundiagorik ikustera irixten ez bagera. AITA INAZIO: Aundiagorik...! MANUEL JAUNA: Bai. Katalintxo'ren ondoren nere arreba galduko ote dan, buru-auzte aundia ematen dit. AITA INAZIO: Andre Madalen gurgarria! Bañan ori ezin liteke. MANUEL JAUNA: Bere senar eta aurren eriotzak osasun guzia maskaldua utzi zioten. Bakarrik, bere alaba bakar orri begiratu nayak, etzituen indarrak azaldu azitzen zizkan. Orain alaba erortzen dijoan bezela, ama ere erortzen dijoa. AITA INAZIO: Etzait iduritzen. MANUEL JAUNA: Madalen ez da lengo emakume bulartsu ura. AITA INAZIO: Oker zaudela uste det... (Ezkerreko bigarren atera begiratuaz) Baña, zaude, onera ote datozeno. MANUEL JAUNA: Gelditu zaitia bada berakin. Ni beriala emen natzaizute. (Eskuiko lenbiziko atetik juaten da) AITA INAZIO: Katalintxo! Andre Madalen. Ez, ori ezin liteke; gure Jaungoikoa biotz-berak ez ditu orrelako atsekabeak etxe onetatara ixuriko. Gure naigabez, kupi zaite Jaun errukitsu ori! BIGARREN AGERRALDIA Aita Inazio, Andre Madalen eta Katalintxo. (Andre Madalen, Katalintxo besotik duela, AITA INAZIO: Ongi etorriak. Zer diyo Katalintxo zintzoak? KATALINTXO: Aita Inazio... ANDRE MADALEN: Onena, jakiña da. (Andre Madalenek ardatza mai gañean uzten du, ANDRE MADALEN: Egun tamalak damazkigu, Aita Inazio. AITA INAZIO: Gure Jaungoiko Jaun onak, gure obenen zigorkadarako bigaltzen dizkigunak dira; ta naiez abek guztiak ondo eramatiak, irabazi aundiak ematen dizkigu Jaunaren aurrian. ANDRE MADALEN: Gazteluzar! Gazteluzar! Zertarako ezagutu genuen zure semea! KATALINTXO: Ez beza orrelakorik esan, ama. Berriz ere, len bezela arkituko banitz, eta ikustera iritxi; naiz nere bizia bere maitasunagatik galdu; berriro, nene biotzak zoratzeraño maitatuko luke. ANDRE MADALEN: Baña... itxaropen gabeko maitasuna, erotasun bat da. KATALINTXO: Ta, zer da maitasuna, biotzaren erotasun bat baizik. AITA INAZIO: Zure ama gurgarriak esaten dizun guzia, zure on biarrez da, ta bere oarpenak gogotsu artu biar dituzu. KATALINTXO: Orrela artzen ditut. ANDRE MADALEN: Bai, nere alaba laztana, aztutzea bear bearrekoa dezu. KATALINTXO: Yan Luis'tzaz aztu? Beñere ez, ama! Naiago det bere oroipenarekin il, bere maitasunik gabe bizi baño. AITA INAZIO: Baña, zure buruari bakarrik ez diozu begiratu bear. Gogora zaitea zure ama kupigarriaz. Zu galdu ezkero... zertan legoke gajoa? KATALINTXO: A! Bai! Nik erregutuko diot gure Jaun eta Jabeari beorri lenbailen zerura nere aldamenera eraman dezala; emen galdutako zoriona, an arkituko degu. Biyok beti alkarrekin izango gera. ANDRE MADALEN: Bai nere alabatxo. KATALINTXO: Biyok, amatxo. ANDRE MADALEN: Bai. KATALINTXO: Biyok... Yan Luis' ekin. ANDRE MADALEN: Baña... KATALINTXO: Nola nai du nik, Yan Luis'ik gabe zorionik izatea. AITA INAZIO: Gauz oyek ez dira orren arin esatekuak. KATALINTXO: Biar ez bat, esan badet, azketsi. AITA INAZIO: Zerurako zalea izatia, aintzagarria da. Zerua, Jaungoiko gure Jaunaren eskuzabalak guretzako sortua da, ango azken gabeko zorionak guztioi eskeñiaz. Baña, zorion neurrigabeko ura, bizia amaitzen danerako da; ta bitartean, arako ongaiak egiñaz, emengo eginbearrai aurre eman bear diegu. Zure, oraingo eginbearrik arduratsuena, zure osasunari begiratzea da. ANDRE MADALEN: Ori da nik esaten diodana. (Ixil txiki baten ondoren) KATALINTXO: Eginbearrak aitatu dituzten ezkero; ama, gauza batek nauka gaur oso arritua. ANDRE MADALEN: Zer bada? KATALINTXO: Nere bizi guzian, gaur arte, ez det beorri ardatzik gabe, beñere ikusi. Zer gertatzen da? ANDRE MADALEN: Zer gertatzen dan? Ez dezu ikusten nere kezka? Nere amaigabeko larritasuna? KATALINTXO: Zergatik ordia? ANDRE MADALEN: (Katalintxo'ri musu eman ondoren) Katalintxo nerea: ludian ez ote da ezer, zure naigabeak limurtuko litukenik? KATALINTXO: Ezertxo ere ez, ama, ezertxore ez. ANDRE MADALEN: Au zorigaitza! Gaxo arkitzen al zera? KATALINTXO: Bai, ama: nere barrena illa dago, ta bakarrik... A! Zerua aitatzera nijoan, baña... Aita Iñazio aserratu egingo da. AITA INAZIO: Zerua aitatzeagatik, ez da Aita Iñazio'rik aserratzen. ANDRE MADALEN: Zure barrengo illuntasuna, zure aztuntasun ezin eramana, zer diran ondo dakizkit. Zoritxatez, zure aita ta zure senideak galdu nituenean, ikasi nuen. Atsekabe ikaragarria izan zan, eta nola erotu ez nitzan ez dakit. Zu, bakartasun tamalean, nere ondoan ikusi ez bazindutan, ilko nitzan. KATALINTXO: (Ama besarkatuaz) Amatxo maitia! AITA INAZIO: Jaungoiko gure Jaunak sarituko ditu zure egipen omengarriak. ANDRE MADALEN: Zure bizia da neretzat, beste gauza guziak baño bearragoa. Zu gabe ezin bizi niteke; ta zure atsekabeak amaitzeko, zu, berriro osasunera biurtzeko egin liteken guzia egiteko, gertu nago. KATALINTXO: Egiten du amatxo, egin lezaken guziya. AITA INAZIO: Bai, noski. KATALINTXO: Beorrek eta nere osaba maitiak ere neri begira zenbat egun eta gau txar igaro dituzten. Guztiyai nola eskerrak eman ez dakit. AITA INAZIO: Bada, zure aldetik ere alegiñak egiñaz. KATALINTXO: Ez al ditut egiten? ANDRE MADALEN: Gogoratuko zera orain bi illabete, nola Bidarte'ra joan naya azaldu zenidan. KATALINTXO: Zer oroipena berritzen didan orain! ANDRE MADALEN: Nik ez nizun orduan lagundu izan nai. KATALINTXO: Egia da. ANDRE MADALEN: Zu, joango ziñan... KATALINTXO: Bai, baña, beorrekin. Beorri utzi, beñere ez! ANDRE MADALEN: Ondo da. Bada, zure atsekaben azkena, zure gaxotasunaren sendagaia Bidarte'n badago, Bidartera juango gera. Nik lagunduko dizut. KATALINTXO: Zer entzun det! Ama!... Zer esaten duen ba al daki? AITA INAZIO: Bere maitasunaren agiririk aundiena une onetan ematen dizut. KATALINTXO: Baña... ANDRE MADALEN: Zer esaten detan badakit. Ondo oldoztu ondoren, nere asmoa agertu dizut. Len ere esan det eta zure osasunerako egin liteken guzia egiteko gertu nago. KATALINTXO: Ixilik bego... ixilik bego... ANDRE MADALEN: Ez, ez; egin bear dana, egin bear da. KATALINTXO: Maitasunak itxutzen du. Gure sorterria ezin utzi genezakela, beorrek erakutsi zidan.. ANDRE MADALEN: Sorterria... Sorterriaz jakin biar dezuna, zure osaba Manuel'ek erakutsiko dizu. KATALINTXO: Onoreak eragotzitzen zigula... ANDRE MADALEN: Onoreak... ez dakit. Dakidana da, zu gaxo zaudela, ta gaxotasun orren ondorena, eriotza izango litzakela; ta orrelakorik gertatu ez dedin, alegin guziak egitera biartuak gaudela. KATALINTXO: Baña, Zubeltzu'tarren izen ona illuntzen zala, beztutzen zala... ANDRE MADALEN: Ori Zubeltzu'ko etxekoandreak esan zizun, eta orain Katalintxo'ren amak itzegiten dizu. Etxekoandrearen ordez, amak itzegiten du orain. AITA INAZIO: Eta gurasoen itzak, seme-alabak, Jaungoikoaren itzak bezela jaso bear dituzte. KATALINTXO: (Altxiaz, Andre Madalen ere altxatzen da) Ama, zoratu biar naizela iduritzen zait. Itxaropen izpi onek nere biotza indartzen duela... Baña, amatxo... Gazteluzarko etxekoandreak naiko ote du? ANDRE MADALEN: Ori, ez dakit. KATALINTXO: Beorri bezela, ura ere, ama dala gogoratuko ote da? ANDRE MADALEN: Ikusiko degu. KATALINTXO: Itxaropenaren asnaz bizikorrak nere izate guzia poztazunez betetzen duen garai ontan, zer zoritxarra izango litzaken beste amaren ukapenak guziya lurperatzia! ANDRE MADALEN: Orrela gertatu ez dedin aleginduko gera. Orretarako zure osaba Manuel'ekin itzegin biar det. AITA INAZIO: Eta biotzaren aldarte kezkatsu abetan, ainbeste aldiz aitatzen dezun zeru eder artara begiak jaso bear ditugu, ta begiakin batean, biotzaren otoitz xamurrenak. KATALINTXO: Ori da! Iziar'ko Ama laztanari otoitz egingo diot, eta lurreko amak laguntzen badit, Zeruko Amak... MANUEL JAUNA: Bi bider lagunduko dizu. (Katalintxo'k ezkerreko bigarren ate aldera egiten du) ANDRE MADALEN: Banua zurekin. KATALINTXO: Ez, ama; geldi bedi. Itxaropenaren arroaldi pozgarriak oso indartu nau (Aita Inazio'ri) Ta indar orrekin guziarekin Iziar'ko Ama errukitsuari otoitz egingo diot. AITA INAZIO: Ez da orretarako indarrik, biotzaren garbitasun eta ontasuna bezelakorik. (Katalintxo ezkerreko bigarren atetik juaten da) ANDRE MADALEN: Eginkizun au tajutzeko nere anai, Manuel'ekin itzegin nai nuke. Non ote dabil bera? AITA INAZIO: Bereala etorriko dala esanda, alde egin du. Nai badezu billa juango naiz. ANDRE MADALEN: Eskertuko zinduket. AITA INAZIO: Berealaxe emen dezu bada. (Aita Inazio, eskuiko lenengo atetik juaten da) IRUGARREN AGERRALDIA Andre Madalen. ANDRE MADALEN: Nere alabaren osasuna! Nere alabaren bizia! Jauna, ama atsekabe oni ez zayozula ukatu! Ori irixteko nere aldetik alegiñak egingo ditut... bañan, zure laguntzaren biarrian naiz. Nere alabaren bizia, nere bizia da! Jauna, alargun atsekabe onetaz, kupi zaite! LAUGARREN AGERRALDIA Andre Madalen eta Manuel jauna. (Manuel jauna eskuiko lenengo atetik sartzen da) MANUEL JAUNA: Nere zai zaudela, Aita Inazio'k esan dit. ANDRE MADALEN: Bai zurekin itzekin nai det. MANUEL JAUNA: Tira bada. (Maiaren ondoko alkietan esertzen dira) ANDRE MADALEN: Katalintxo gaxua, egunetik egunera eroriyago dagola, ezagutuko zenduen noski. MANUEL JAUNA: Ori ikusteko ez da argi aundirik bear. ANDRE MADALEN: Nere alabaren gaitz tamal ikaragarriarekin, ni ez naiz bizi. MANUEL JAUNA: Ori ere igarria nago. ANDRE MADALEN: Ta orrela bagoaz, ez dakit zer ikusteko gauden. MANUEL JAUNA: Gauz onik ez beintzat. ANDRE MADALEN: Ala bada, atzera edo aurrera egiteko garaya iritxi dala uste det. MANUEL JAUNA: Gaur, bigar baño obeto. ANDRE MADALEN: Nik, nere alabaren osasuna biar det, eta orretarako egin liteken guziya egiteko gertu nago. MANUEL JAUNA: Ez da gaizki esana. ANDRE MADALEN: Aistiyan Katalintxo'ri esan diyot eta sendatzeko Bidartera juan biar biar badu, Bidarte'ra juango da. Neronek lagunduko diot. MANUEL JAUNA: (Altxiez) Azkenian ere erori zera. Bai, Madalen, Katalintxo sendatzeko ez da beste biderik; ta lentxiago edo geroxiago orretaratuko ziñala, banekien. ANDRE MADALEN: Orretaratzeko indarraldi gogorra nere buruari egin biar izan diot; baña, zer egingo ez luke ama batek bere alabaren osasunagatik. MANUEL JAUNA: Orain artu dezun asmoaz damutuko etzaizula ziur egon zintezke. ANDRE MADALEN: (Altxiaz) Gure sorterriaz aztu.... gure aurrekoen egipenak zokoratu... Zubelzuko izen leñargia illundu... MANUEL JAUNA: Ez da batere: gure sorterriaren oldozkaia sendotu, gure aurrekoen egipenak bear dan eran zuzendu, ta Zubelzu'ko izen leñargia geyago goitu; ta aro berian, amaren egin bearrak beterik, alabarentzako sendagaia arkitu.... ori da, zu egitera zuazena. ANDRE MADALEN: Ta gero, ezagutzen ez degun toki batera juateko... MANUEL JAUNA: Ori, bai; ludiko lau aldian berri izango degu, bañan, ez dakigu, or, Arangatzi'ko muturretik ageri dan itsaz ertzian bizi dala erri bat, gure odol berekoa, gure sinispen berekoa, gure izkera berekoa, gure oitura jator, garbi, txukun berekikoa; ori... ondo esan dezu, erri ori, ez degu ezagutzen. ANDRE MADALEN: Eta ara juan da ere, Gazteluzar'ko etxekoandreak zer arrera egingo ote digun... MANUEL JAUNA: Arrera ona. Ura, zu bezela, ama da; zu bezela euskalduna. Zuk, alabagatik izan dituzun naigabeak, arrek semeagatik igaro bear izan ditu. Zu sumindua bazaude, ez da ura gutxiago egongo, ta zuk egiten dezun aurrerapena pozik eta pozik artuko du. ANDRE MADALEN: Beraz, zure iritzian... MANUEL JAUNA: Gauza nai baño obeto aterako da. ANDRE MADALEN: Jainkoak entzun dezaizula! MANUEL JAUNA: Ortan, ez ezpairik izan. ANDRE MADALEN: Eta noiz joan gintezkela uste dezu? MANUEL JAUNA: Noiz? Orain bertan, bere-bereala, unerik galdu gabe. ANDRE MADALEN: Orain? Nola, ordia? MANUEL JAUNA: Esan dizut, zu ontaratuko ziñala banekiela; ta esan ez dizudana da, nere uste sendo orrekin, juan bear danerako biar dan guzia gertu daukatala. Itz bat esatia naikua det bidian jartzeko. ANDRE MADALEN: Orduan, bereala... MANUEL JAUNA: Bere bereala. Gaur, gaba, Zarautzen egingo degu. Bigar gaberako Bidarte'ra iritxiko gera. ANDRE MADALEN: Bañan, orren laster... MANUEL JAUNA: Alaba sendatzia nai badezu, zenbat eta lasterrago obe dezu. ANDRE MADALEN: Ta sendatuko dala ziur al zaude? MANUEL JAUNA: Beste sendagairik ez dala beintzat bai. ANDRE MADALEN: Orduan gertutzera nua ni ere. MANUEL JAUNA: Bai, ta azkar ibili ANDRE MADALEN: Bereala, bereala. (Ardatza artu ta ezkerreko bigarren atetik juaten da) MANUEL JAUNA: Azkenean ere, zerbait egiteko eran jarri gera! (Mai gañeko txintxarria jotzen du) BOSGARREN AGERRALDIA Manuel jauna ta Aita Inazio. Gero Morroia. AITA INAZIO: (Eskuiko lenengotik ateriaz) Ezer egin al dezute? MANUEL JAUNA: Guzia erabakia dago. Beriala irtetera guaz. AITA INAZIO: Jaungoikoak zori on bat eman dezaizutela. MORROIA: (Eskuiko lenengo atetik ateriaz) Jauna: deitu al du? MANUEL JAUNA: Bai; zuaz Xankameneko Tiburtxio gana, jakiñen gañian dago, ta esan zaiozu orain bertan irten bear degula, ta unerik galdu gabe, nik agindu bezela datorrela. Andik zatozenian igo zaite bidaldeko tresnak jeisteko. MORROIA: Ondo da. (Eskuiko lenengo atetik juaten da) AITA INAZIO: Ia orain Katalintxo'ren osasuna, ta Andre Madalen gurgarriaren barrengo pake estitsua irixten ote ditugun. MANUEL JAUNA: Itxaropen betean nago. Gure juate onekin etxe ontako kezka ta atsekabe guziak amaituko dirala uste osoa daukat. SEIGARREN AGERRALDIA Manuel jauna, Aita Inazio, Katalintxo ta Andre Madalen. Azkenean Morroia. KATALINTXO: (Bidaldeko antzera eratua. Ezkerreko bigarren atetik sartzen da) Osabatxo: egiyetan ba al guaz? MANUEL JAUNA: Bai, nere illobatxoa, orain bertan. Juate onek, poztuko zaituela iduritzen zait. KATALINTXO: Poztutzen nauen! Aistiyan, aitatu utsarekin, nere barrenak aldaketa osoa egin du; len samintasunaz iltzen nitzan. orain alaitasunak berpizten nau. Ta barrenak orrelako aldaketa egin badit, inguratzen nauen guzian aldaketa aundiagoa arkitzen det. Gela abek etxeko tresna abek, len illunak, tamalak, eroriak iduritzen zitzaizkidan, orain berriz alai, atsegin, pozgarriak. Eguzkiaren argi bera poztasunaren sortzallea dala derizkiot. MANUEL JAUNA: Eta sendatzeko bidean jarri zerala orretan antz ematen diot nik. KATALINTXO: Bayetz uste det. MANUEL JAUNA: Eta Yan Luis'tzaz, asko gogoratzen al zera? KATALINTXO: Gogoratzen naizen! Lenago ikusten nuen urruti urrutiyan, iya ezkutuan, ezin ikusirik bezela; ta juan bear au adierazi didatenetik nere ondo ondoan agertzen zait, nere aurre aurrean ikusten det. Eta ikuspen onek maitatu bear bat sor aratzitzen dit, nere barrenen ezin gorde detan alakoa. Ez Yan Luis bakarra, guztiyak, guztiyak maitatu nai nituzke. Ala, nere amatxo laztana ganako maitasuna irakiten daukat nere barrenian; beorri, osabatxo, maite det indar sutsuarekin; eta Aita Inazio aserretuko ez balitz... bera maitatu nai azalduko nioke. AITA INAZIO: Egiazko maitasun garbia zerutik datorkiguna da. Gorrotoa da gure griña txarrak sortzen digutena. ANDRE MADALEN: (Ardatza zapi batean bildua besoetan duela, Andre Madalen ezkerreko bigarren atetik sartzen da) Gertu nago bada ni, oraintxe. Bidalde'ko tresnen billa etorri dedila, morroiari esan biarko zaio. MANUEL JAUNA: Esana dago; ta nai dezutenian irtengo gera. KATALINTXO: (Andre Madalen besarkatuaz) Amatxo, amatxo maitia, nere zorionagatik zer lanak artzen dituen. ANDRE MADALEN: Egin al guziak egingo nituela, agindu nizun. KATALINTXO: Au poza! (Manuel gana juan ta) Bagoaz osaba! MANUEL JAUNA: Berialaxe; gaur gaba Zarautzen egingo degu, ta bigar gaberako, Bidarte'ra. KATALINTXO: Bidarte'ra! MORROIA: (Eskuiko lenengo atean azalduaz) Jauna... MANUEL JAUNA: Zer da? MORROIA: Bizendoritz jaunak, sartzeko baimena eskatzen du. MANUEL JAUNA: Bizendoritz! KATALINTXO: Zoritxarra! Yan Luis'en gudontziko bigarren burua! Gure amets guziak lurperatu dira! (Erdi negarrez alki batean etzan da) ANDRE MADALEN: Gauz onik ez degu! AITA INAZIO: Zergatik, ordia? Berari entzun baño len, nondik igarri bear degu, onerako edo txarrerako datorren. KATALINTXO: A! Nere biotzak, argi azaltzen dit, zorigaitz ikaragarria gañian degula! MANUEL JAUNA: Neronek ere ez diot batere itxura onik arkitzen. ANDRE MADALEN: Ez, ez! Gure alegin guziak alperrikakoak izan dira. KATALINTXO: Onetaraño iritxi, ta orain zer ustegabeko minkaitza. AITA INAZIO: Oker ari zeratela iduritzen zait. Txarrerako bezela, zergatik onerako izan ez liteke? KATALINTXO: Ez, aita Inazio, ez! AITA INAZIO: Zuek Bidarte'ra joateko asmoa artu dezuten bezela, zergatik Gazteluzar'ko andre altsuak, onera mandatari bat bidaltzea, erabaki bear ez zuen? KATALINTXO: Baña, Bizendoritzik, ez. AITA INAZIO: Edo bai. MANUEL JAUNA: Zer gerta ere, Bizendoritz emen dagon bitartean, zure gelara joatea obe izango dezu. KATALINTXO: Ai, ez, osaba! ANDRE MADALEN: Ez dakigu zer dakarren, ta Katalintxo, obe izango dezu... KATALINTXO: Ai, ez, ama! Txarra edo ona, dana dala, neronek jakin bear det. MANUEL JAUNA: Zure osasuna ez dago nolabaiteko berriak jakiteko. KATALINTXO: Ex dio ajolik! ANDRE MADALEN: Zer dan, gero esango dizugu. KATALINTXO: Ta kezka orretan egongo nitzakela uste al du? Ez, ez; datorrela onera, emen egon biar det. ANDRE MADALEN: Gure esan guziak alperrik dira. MANUEL JAUNA: (Morroia'ri) Datorrela bada. (Eskuiko lenengo atetik morroia juaten da) ANDRE MADALEN: Bildur naiz Katalintxo, zer entzun bear dezun, ta zure indar aulduak entzuteko kemenik ikango ote duten. KATALINTXO: Nolanai dala re, oraingo kezkak baño geiago ez naute biozminduko. Abek kezka ilgarriak. ZAZPIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Bizendoritz. (Eskuiko lenengo atian Bizendoritz azaltzen da. BIZENDORITZ: Baimenik bada? MANUEL JAUNA: Aurrera. BIZENDORITZ: Yaun, andrek... ANDRE MADALEN: Gazteluzar'ko Yan Luis'en izenian etorriko zera noski? BIZENDORITZ: Bai, andre. KATALINTXO: Eta non dago? Zer diyo. Zer nai digu?... BIZENDORITZ: Andrea... Nik dakarzkidan berriak ez dire pozgarriak. KATALINTXO: Il da! Il da! AITA INAZIO: Ea du orrelakorik esan. KATALINTXO: Bai, bai; nere biotzaren antsiak eta orren ezin itzegiñak garbi adierazten didate il dala... O, Jaungoiko neria! ANDRE MADALEN: Baña, esanarte itxogon zazu beintzat. Oraindik ez du ezer esan. MANUEL JAUNA: (Bizendoritzi'i) Jarrai zazu. BIZENDORITZ: Etxera gan zenetik etzen bizi. Beti atsekabetua, beti tamal zegon. Etzuen bertzerik egiten, ez bada, menditto goiekoetara igo; ta andik, orenetan eta orenetan Deba'ko itsas ertzera begira, nigarrez egon. MANUEL JAUNA: An, ere, emen bezela. BIZENDORITZ: Galtzen zijoen, arras eritzeko gayian zen, eta pizkortzeagatik, angelesen kalte sortu zen gudara gateko baimena eman zioten. KATALINTXO: O, biotz gogorrak! ANDRE MADALEN: Etzaitia geyegi larritu, Katalintxo. KATALINTXO: Ori eriotzara bidaltzia da. ANDRE MADALEN: Zaude... BIZENDORITZ: Gudako ibilerak maitasunaren samiñek antzi aziko ziozkala, amak uste zuen. ANDRE MADALEN: Itxura gabeko usteak. BIZENDORITZ: Bai andre, ala izan die. MANUEL JAUNA: Ta ala ere, gudara bidaldu. BIZENDORITZ: Ba, yauna; buru genuela gan giñen, jasarra gogorra angeles ontziakin izan genuen eta garaile irten giñen. Bainan gere garailtasuna, samingarria izan zen. Gere buruzagi zintzoaren bizia galdu genuen. KATALINTXO: (Karraxika) Ai! ai! Yan Luis, il da! Il da! Banakien... (A. Madalen, Manuel jauna ta Aita Inazio ANDRE MADALEN: Katalintxo, nere biyotza!... KATALINTXO: Il da! Il da! MANUEL JAUNA: Bai, baña, zuk bizi egin biar dezu; ta orretarako zure buruari begiratu. KATALINTXO: Ez! Ez! Nik ere il egin bear det! Yan Luis gana juan biar naiz! ANDRE MADALEN: Nere izarra! AITA INAZIO: Gauz oyek ez dira esan biar. KATALINTXO: Il! Il! MANUEL JAUNA: Tira, Katalintxo, guazen zure gelara; ia, an atseden pixka bat artzen ote dezun. KATALINTXO: Ez! ANDRE MADALEN: Bai, maitia: guazen. KATALINTXO: Ez! Ez! AITA INAZIO: Obe dezu juan... KATALINTXO: Guziya entzun gabe, ez, MANUEL JAUNA: Gero esango dizugu. ANDRE MADALEN: Bai, maitetxo. AITA INAZIO: Guzi guziya. KATALINTXO: Ez, ez, neronek entzun biar det. ANDRE MADALEN: Baña, zure buruari zer estutasuna ematen diozun, ez al dezu ikusten? MANUEL JAUNA: Lertu biar dezula... KATALINTXO: Ez dit ajolik. Yan Luis gaxuak garraztasuneko ontzia azkeneko tantoraño uztu du; nik ere berdin egin biar det. ANDRE MADALEN: Baña, nere biyotzeko Katalintxo... KATALINTXO: Guziya entzun biar det. (Bizendoritzi'i) Esan zazu. (Bizendoritz'ek Manuel jaunari begiratzen dio, BIZENDORITZ: Bere burua eritua ikusi zuenean, oren guttiko bizia zeukala ezagutu zuen. KATALINTXO: Gaxua... ANDRE MADALEN: Katalintxo... BIZENDORITZ: Beregana deitu ninduen eta erran zidan; Badakizu ene biotzak gurtzen duen aingeru zoragarria Deban bizi dela. MANUEL JAUNA: Bizi ez. Iltzen dagoela, egiagoa da. BIZENDORITZ: Nere odolarekin kutsutua dagon gurutze au ar zazu, zuaz gazte arengana, ta erraiozu, une batian enaizela artzaz antzi. KATALINTXO: Ez ni ere beretzaz.. BIZENDORITZ: Eta azkeneko arnasa, bere oroitza ene buruan eta bere izena ene ezpañetan ditudala emanen dudala. KATALINTXO: Nik ere bai. BIZENDORITZ: Erraiozu: ni, il ta ere artzaz enaizela ta bera ere nitzaz oroi dedila. KATALINTXO: Beti ta beti. BIZENDORITZ: Ta otoi egin dezala, biok lenbailen, Betiko zoriontasunean bildu gaitezen. KATALINTXO: Emen ezin egin izan deguna, an egin dezagula. BIZENDORITZ: (Lenbiziko ekitaldian, Katalintxo'k Gazteluzar'i eman zion gurutze kate duna Katalintxori emanaz) Ona emen orain, eman zidan gurutzea. (Katalintxo'k gurutzea artu ta musu ematen asten da; oso gaxo itxura artzen du) KATALINTXO: A!... Bai!... nere... gu... ru... Yan... lu... Yan lu... ANDRE MADALEN: Biyotza! MANUEL JAUNA: Katalintxo! KATALINTXO: Je-sus... Je-sus... Je-sus... (Illa erortzen) MANUEL JAUNA: (Atzeratuez) Il da! (Aita Inazio, Katalintxo'ri alderatzen zaio, onetsitzen du ANDRE MADALEN: E! MANUEL JAUNA: Il dala! ANDRE MADALEN: Nola egongo da illa, ni bizirik banago! (Manuel jaunaren besoetan erortzen da) MANUEL JAUNA: Bidarte'ko semea ta Deba'ko alaba, arrotz eta arerio izango ez diran zeru eder artan alkartu dira. EZKUTA-ZAPIA JEISTEN DA BIGARREN EKITALDIAREN AMAIA |