|
LENENGO EKITALDIA Baserrian. Agertokiak atze-aldean bi zati ditu. Zatiketa ori, metro bat-edo aurreratzen dan ormatxo batek egiten du. Ezker-aldeko zatian sukaldea dago; eskui-aldekoan, eskaratza. Aurre-aldea zati bat baizik ezta ordea. Sukaldea dan zatiko atze-aldean, pazi bat laratzean, eta leiotxo bat orman. Ezker-aldean ate bat (barrurakoa) eta orman txutik jarrita jeistean mai biurtzen dan ol bat, oin da guzti. Aulkik, eta sukaldeari dagozkion beste zenbait tresna. Eskaratza dan zatiko atze-aldean, ate-zabaletik, lurraldeak ikuskizun. Ate au barru-aldera irikitzen da ta ate-buru gañean erramu ezpelez egindako gurutze bat agiri da. Eskui-aldean ukullurako ate bat dago eta itxeskak ikusten dira, bei-buru-zulo ta guzti... (Oiola jasotzean, sukaldeko eginkizunetan Ana Joxepa: LENENGO AGERRALDIA ANA JOXEPA: «Gurutze santuaren señaleagatik, gure etsaietatik» (Joxe sartzen da eskaratzean atariko atetik. Garo pilla dadarki: sardez. Ana Joxepa'k eztu ikusten nor sartu dan, dagon sukalde atzealdetik) I al abil or, Joxe?... JOXE: Ni naiz, bai... ANA JOXEPA: Abereai jaten emaiek lenbaitlen... JOXE: Eman diet. ANA JOXEPA: Ia ba, abil...; artaldera igo adin. JOXE: Laister. (Ukullura sartzen da) ANA JOXEPA: Ia ba... «libra gaitzatzu gure Jauna ta jaungoikoa!»,.. Kataliñe'k zer egiten du baña? (Barrurako atetik deadarka) Katalin!... Katalin!... Entzun al den?... KATALIN: (Barrutik) Bai, emakumea!... ANA JOXEPA: Etzirudin be... Abil azkar!... «Aita gurea, zeruetan zaudena, santifikatua izan bedi zure izena»... (Billa) Nun demontre gorde ote dute auspoa?... «betor gugana zure erreinua»... Jesus maitea!... (Deadarka) Baña Katalin!... Nun demontre sartu den auspoa? (Katalin sartzen da, barrurako atetik) KATALIN: Zer du, emakume? Zeren billa dabil? ANA JOXEPA: Zeren billa ibiliko naun... auspoarena. KATALIN: Ondo agirian dauka ba. ANA JOXEPA: Agirian?... KATALIN: Ara or alki gañean, emakume. ANA JOXEPA: Bere tokin utziko bai zenduteke... (Katillua maian jarriaz) No, artzan kapesne pixkat, barau austeko bederen. KATALIN: Kankarroak bete al ditu? ANA JOXEPA: Asto gañean ditun aspaldian. Abil azkar!,.. (Ixillunea) KATALIN: Ama, dirua bear degu ba orain ere... ANA JOXEPA: Dirua? Beti dirua!... Zertarako baña?... KATALIN: Tomax'i galtza batzuek eta abarketak erosteko. ANA JOXEPA: Egingo zizkionat nik aitonaren galtza batzuen gaiaz. KATALIN: Jai egunetako ere bai? ANA JOXEPA: Baita. Ondo ederrak zauzkan, jantzi nai ezta, ganbarako aga zarrean zintzilik. KATALIN: Ederrak, ama... atze ta aurre arabakiz beteak daude-ta? ANA JOXEPA: Etzion ajolik!... KATALIN: Ta abarketak? ANA JOXEPA: Etzeuzkan oraindik ain zaarrak. KATALIN: Zaarrak eztauzkala?... (Tomax sartzen da) Ona bera. Ator Tomax. Begira beio. Ara, beatzak ere agiri zaizkio-ta... ANA JOXEPA: Josiko zizkionat gero... KATALIN: Beatzak?... ANA JOXEPA: Ara beste... argi iturri! KATALIN: Txapela're bear du ba. ANA JOXEPA: Zer? txapela?... Aita ta semea...! Noiz erosi nion nik azkenengoa? KATALIN: Orain bi urte. ANA JOXEPA: Orain bi urte... ta ostera txapel berria? Ondatuko zenduteke zuek Drotsillen aberastasuna're! KATALIN: Ez beorren eskuetan ba lego... TOMAX: (Negar muxinka) Erosi beit, amona... Zazpikiñeko mutillak berri berria dauka, ta nik zar zarra. Erosiko al dit? ANA JOXEPA: Ez, ez; eztiat erosiko... Alperrik abil! TOMAX: Erosi beit, amona... ANA JOXEPA: (Kataliñ'i) Zenbat bear den ba? KATALIN: Eztakit ba... duro pare bat edo. ANA JOXEPA: Ez, ez; geitxo eskatzen den. KATALIN: Bekait, emakume! ANA JOXEPA: (Emanaz) No, ta etzanala alperrikako gauzetan ondatu... Ta oa azkar!... garaia ere be den-da. Eu errira jeixterako orduk izango ditun! Abil, abil!... KATALIN: Len azkatu ba zun... ANA JOXEPA: Oa ba orain azkartxo. (Katalin atzealdeko atetik joaten da, ta Tomax'ek, atzetik darraikio) (Tomax'i) Nora oa i? TOMAX: Zazpikiñera. ANA JOXEPA: Ator! (Amonarengana joaten da Tomax) Txukuna ago iñoren etxera joateko. (Aurpegia garbitzen dio ta txukuntzen du pixkat) Oa orain, baña abil gero kontuz!... Bestela eztek galtza berririk izango, ez albarketa ez txapel. (Tomax joaten da) Errez kupitzen ezpanaiz ba... Premiña ere bai al du...Jesus maitea!... Eztago gauz onik umeakin... (Joxe ukullu aldetik sartzen da) JOXE: Orain ere ari al gera, amona? ANA JOXEPA: Eta zuek nere esanai ajola gutxi. JOXE: Ez beza ori esan. ANA JOXEPA: Ator gosaltzera, Joxe. Badakik: ardik zaintzera igo bear dek. Ukulluko egitekoak bukatuko ituan noski? JOXE: Bai. ANA JOXEPA: (Gosaria maian jarriaz) Gosaldu zak ba. Ni bitartean txerrijanakin niak, aspaldian kurruxkan ari dituk eta. (Ixillunea) Baña zer dek? JOXE: Nik?... Ezer ez. ANA JOXEPA: Gotillun agola esango nikek gero... Ea ba! Gosaldutakoz gerta adi artaldera igotzeko. JOXE: Joanes jetxi al da? ANA JOXEPA: Ez, eztek etorri oraindik. JOXE: Igo baño len itzegin nai nioke ba... ANA JOXEPA: Zertaz? JOXE: Utsa, badaki... ANA JOXEPA: Utsa ba da, neri esatea ez al dek berdin? Nik esango zioat Joanes'i. JOXE: Orra ba, neronek esan nai nioke-ta... ANA JOXEPA: Ixilpeko kontuk al ditugu? JOXE: Ez, baña... ANA JOXEPA: Bai, bai... Zedozer igarri diat, Joxe... Ta ala're uka egin bear! Ire begitarteak adierazten zidak... Arazo aztunen bat darabilk aspaldian buruan. Besteren buruan ernetzen diran iritzien berri jakiteko almenik eztiat ordea. Bakoitzak bere gose ta egarriak izan biotzean...! JOXE: (Ixilik egoteko bezela) Ba, ba... ANA JOXEPA: Eregain jarri nai al dek? Etxekoa naikoa ezta, ere eltzeari su eman nai ote diok? JOXE: Ez bezait ori esan, Ana Joxepa! ANA JOXEPA: Edo mutiltzar gelditzeko beldur al aiz? JOXE: Umm!... ANA JOXEPA: Geldi adi ba ire burutasunean. Nik jakitekoak ez dituk nunbait eta, ez natzaik aspergarriz jardungo. (Txerri-jan paziarekin ukulluko atetik joaten da) JOXE: (Urduri xamar) Igarri dit!... Nai ta're ezin izkutatu nere gogoa. (Oldozki gelditzen da) (Malen sartzen da: barruko atetik) MALEN: Egun on, Joxe. Zer, logale?... ala oraindik etzera esnatu? JOXE: (Amets-lotik esnatuaz ta lasai agertu nairik) Lorik egin al detan galdetu bear zenidake. Baña zuk ederki egin dezula dirudi... Ta egun on! MALEN: Egia; oso ederki. Bakarrik al zaude? JOXE: Ez, amonarekin... Bakarrik bai... Txerri-janakin oraintxen atera da-ta. MALEN: Eta beste guztiak? JOXE: Manuel eizera atera berria da. MALEN: Eta aita? JOXE: Badakizu: Joxerramun Inazio Mari'kin-da errira jeistekoa zan. MALEN: Bañan onen goiz?... JOXE: Goiztar ibilliak izan bear dute, bai. Bostetako txutik nintzan, bañan ez ditut ikusi. MALEN: Zer darabilte? JOXE: Eztakit... Inazio Mari alzkora-dema berrien bat egitekotan ote dabillen-edo... Zuzmurrak ala dira beintzat. MALEN: Berriz ere dema kontuak?... Joanes Aitonak jakiten duanean, berriz ere esango du... Asarretuko zaigu. Ta arrazoi izango du! Etxeko eginkizunetan ardura jarri bearrean dema liskarrean sartuta beti beti... JOXE: Etzaiozula, Jainkoarren!, ezertxorik esan gero... MALEN: Ez, orixe! Eta ez al da oraindik etorri? JOXE: Ez. Zai nagokio. Oraintxen laister izan bear du. MALEN: Arantzazu'n meza entzuten gelditu ezpada... JOXE: Jakiña, meza entzunda etorriko da. Bestela emen bear zuan aspaldian. MALEN: Eta Martin? Ez al da emen? JOXE: (Asarre xamar) Eztakit, eta ezta jakiteko gogorik ere, MALEN: Zuk nere lengusuari ezin ikusia diozu. JOXE: Bai, lotsagabe ori, gogaikarri zait... Ni etxe ontako morroi baizik ez-banintz, ez luke lotsagabekerirako biderik. Kontuk artuko nizkioke! Egiteko ori, baña, ez izan morroiarena... Ta, amorruz bederik, arren zabarkeriak ixillean eraman bear ... MALEN: Etzazula ori esan, Joxe. Etxekoa etzerela?... Joanes Aitonak ori entzungo ba'lu... Ori ere esan! Nik anaitzat zauzkat beintzat. JOXE: (Itun xamar) Anaitzat, bai... MALEN: Bai, orixe! Bai, orixe! Alkarrekin aziak gera txikitandik... Ta biok urtetan kidakoak izanik, zu izan zaitut beti nere legun, nere anai... JOXE: Bai, bai... Aurtzaroa!... Aiek urte pozgarriak!... Etxe ontako maitasun gabe umezurtz izango nintzan... Pozik oroitzen naiz nere aurtzaroaz!... Pozik eta eskar-onez!... Bañan orain morroi baizik ez izateak... MALEN: Orrela itzegiteko eskubiderik ez dezu, Joxe. Zeren min zera?... Etxekoa zera'ta morroi zerala esateko eskubiderik ez ziorik ez dezu. JOXE: Ez nun ori esan nai... Ez didazu ulertu. MALEN: Gaizki aditu ba det, obe. (Xamur) Etzazula, ba, morroi zeranik geigo aitatu. Aserretuko natzaizu bestela... (Ixillunea) Artaldera al zoaz? JOXE: Bai. MALEN: Bigar jeixteko? JOXE: Eztakit. (Ana Joxepa sartzen da ukulluko atetik) ANA JOXEPA: Aiteren ta semearen!... (Joxe'ri) Oraindik emen al aiz, mutil? JOXE: Joanes ezta oraindik etorri-ta... ANA JOXEPA: Ta ain bear aundiko gauzak al dituk astia orrela galtzeko? Tira, tira, igo adi Aloña'ra azkar... Gero ere, izango dek Joanes'ekin itzegiteko beta egokia. JOXE: Eztakit noiz... Gaztagintzarako tresnak-eta artzera noa. (Barrurako atetik joaten da) ANA JOXEPA: Ta ik zer egiten den? Gosaldu al den? MALEN: Ez. ANA JOXEPA: Zeren zai ago ba? Jesus maitea!... (Katillu bete esne maian jarriaz) Aurreko aurrean jarri bear zaizute dena. (Joanes sartzen da; atariko atetik. JOANES: Jainkoak dizutela egun on. ANA JOXEPA: Ala're!... Egun on, egun on!... Garaia dezu, gizona!!?, Etsipeturik nengon zedozer gertatu ote zitzaizun-edo... MALEN: Egun on, aitona. JOANES: Orren berandu ote gabiltz gero?... Etxera sartzekoan entzun ditut orduk. Gaizki entzun ez ba ditut eta nere ordularian (erlojuari begiratuaz) oker ikusten ez badet, zortzik zirala, esango nuke. ANA JOXEPA: Besterik ez? Jesus!, ta ni amarrak gañean genitulakoan... MALEN: Ez al daki meza-nausira jetxi bear degula Paula'k eta nik? ANA JOXEPA: Bai, bai... A zer bi zuek!... Etzerate asko estutuko, ez. Meza erdirako jeixten ere naikoa lan. MALEN: Jan gabe geldituko nintzake, baña mezik gabe ez. Eta ori ongi daki. JOANES: Egia dion, Malen. MALEN: Astea ondo igaro al du mendi-aldean, aitona? JOANES: Be-aldean baño obeto, noski. Arantzazu'n jakin detanaz, Arrasate ta Eibar aldean iskanbilla gorriak izanak dira. ANA JOXEPA: Ori esan, Jesus! Emen ere ikusi ditugu, goi xamarrean bizi geralarik gero, itxura txarreko batzuek. MALEN: Bai, aitona; igesi zijoazten batzuek. Ura beldurra!... Eta berorri ez al da beldurtu mendian bakarrik? JOANES: Zeren beldur izan bear diñat Jainkoarekin ondo ba natxon?... Gañera etzatorren iñor Aizkorri gañera, mendigoizale antzeko batzuek ez badira. Ta mendigoizaleak ez ditun artzaia mendian ikaratzeko gizonak. Gaiztoak or be-aldean bizi ditun, diotenez. Zenbat eta berago gaiztoagoak; zenbat eta erri aundiago, okerragoak eta ugariago. Etzekiñat nik nola dan, baña gizon txarrak gutxitan oi ditun mendizale... Gañera ez naun bakarrik egon. Gure Patxi-eta inguru xamarrean ari ditun ikazkintzan. MALEN: Zer ote da inguru xamar ori. JOANES: Ordu beteko bidea geien bat. Eta alkar ikusten geniñan. ANA JOXEPA: Obe luke orrek ere baserriren batera ezkonduko balitz. Mutil-zar gelditzeko itxuran dijoa. Bañan eztakit, eztakit... JOANES: Orain ere bai al darabilzkizu ezkontz-tratuak norbaiterekin? Bañan alperrik zabiltzala esango nuke. Patxi'k eztu naiko. MALEN: Ori deritzait neri ere: mutiltzar geldituko zaigula, amonak andregaia billatu nai lioken arren. ANA JOXEPA: Nork zekin, nork zekin... Ez unake nik antolatutako lenengo ezkontza izango. MALEN: Ez, orixe! ANA JOXEPA: Gañera ez nitxonake nolanaiko andregaia billatuko. MALEN: Zein inguruko neskatxa jo ote du begiz amonak bere seme Patxi'rentzat? ANA JOXEPA: Geitxo jakin nai den. Bere garaian eltzen ditun intxorrak, eta orduan jakingo den. Gañera bazekiñat nik begiz jotakoa gure mutillari atsegin zaiola. Ala adierazten zidane nere belarrietara iritxi diran albisteak. MALEN: Bai, beorren intxorrai ere gertatuko zaie alako ura: urrutiko intxorrak amalau, bertara joanda lau. JOANES: Beste konturik ez al-dezute? ANA JOXEPA: Martin ere etorri zaigula. Somorrostro aldean egun gorriak ikusita, noski. JOANES: Ez ote zitzaigun berori ere iztillu gorrian naastuta ibilliko gero? Ez naiz ni orrekin asko pio. ANA JOXEPA: Gure illoba ezta zuk uste bezin biurria. JOANES: Ezta, ordea, nik nai nukean bezelakoa... Ezta guraso euskaldunen ondorengo jatorra. Batez ere, kaletar kutsuak jo zuanez geroz. MALEN: Kaletarrak entzungo ba lizute... JOANES: Ta zer? MALEN: Entzungo zenituke zereak eta bi! ANA JOXEPA: Baña gure Joanes'ek ezpañean liken erantzun zorrotza. JOANES: Ez det esan nai, kalean guziak gaiztoak diranik. Ori banio, ez nuke egirik esango-ta. Baña kaletik etortzen zaizkigun gure baserritarrak ez dute bertatik onbide aundirik ekartzen. ANA JOXEPA: Zer ba? JOANES: Ez dakit. Baña nunbait, ango jakintsu izeneko zalduntxoakin biltzen zaizkigu. Irakurtzen dizkigute nolabaiteko albistariak, eta, arropuzturik, jakintsu guzien gañetikotzat daukate beren iritzia. Eta zalduntxo egiñik agertzen zaizkigu: illea koipe leunez betea, usai gozozko urez bustia... Eta aiek bezela, arro aña lotsagabe; gauz okerrari txalo ta egintza onari parre; mendeko gaixoai ziri ta errigizon zintzoai ezetsia, bertako lagunagatik ijiji ta aldameneko ezagunagatik ajaja... eztiote ezeri pakean uzten. ANA JOXEPA: Gurutze santuaren! Sermolari sartu zaigu gure Joanes! (Joxe sartzen da: artzaintzako tresnakin) JOXE: (Joanes'i) Etorri al da? JOANES: Goruntz egiteko gertu al aiz? JOXE: Bai, baña len... ANA JOXEPA: Zurekin itzegin bear omen du. JOANES: (Joxe'ri) Asi adi ba... ANA JOXEPA: Gure aurrean ez dizu esan naiko. Tira, mezetarako gertu adi Malen. Noan ni gelak txukuntzera. (Ana Joxepa eta Malen barrura joaten dira) JOANES: Ea ba, entzuten diat. JOXE: Galdera bat egin nai nion... Bai al daki Juan Andres zein erritan dagon? JOANES: Ez; aspaldian eztiagu eskutitzik izan. Zergatik galdetzen diak? JOXE: Eztakit ba... Neroni ere beregana joateko-edo... JOANES: Juan Andresegana joateko? Zentzun obekoa intzala uste nian, Joxe. Naiko ogirik ez al dek? JOXE: Orain artean naikoa ta geiago izan det. JOANES: Biguñagoa nai al eukek? JOXE: Eztet nik biguin ta gogozkoagorik idoroko. JOANES: A! orduan... Bai, diru billa joango aiz. Asko naikoa izan i ere. JOXE: Gipuzkoa guztiko diruagatik enitzake Oñati'raño ere jetxiko. JOANES: Ba, zer dekan etzekiat. Baña, dana dala, eskergabea arkitzen aut. JOXE: Eskergabea ni! JOANES: Aundienetakoa, Joxe... Ta ez nian uste, ez nian esango... JOXE: Aitona, ni ez naiz eskergabea! Nere zañetako odol guzia eskatu bedit esker onaren agergarritzat eta dena emango diot, dena zor diot eta. JOANES: Mutil, ezin ulertu diat... Len baño okerrago jartzen nauk. Zer darabilk igarotako illabete bi auetan? Esan zak garbiro... Biotza zabaldu ezak. JOXE: Esatekoa balitz, edo esan al banezakio... JOANES: Oraindaño ez aiz ba motela izan... Tira, asi adi. JOXE: Ara... zerbait «zertzeko» urtietan nago-ta... JOANES: Zerbait zertzeko urtietan?... To, to, to!,.. Andregaia nai al eukek? ta urrutikoa?! nola aizen urrutietan obeto al zekitek? JOXE: Nik ez dakit zer nai detan ere. Orain artean euskal-errian bizi ta iltzeko asmoetan izandu naiz. JOANES: Ta orain ez? Mutil, ezkondu naia baño besterik ezpadek, etziok gaztelerrira joan bearrik. Askotan gogoratu zaidak urtietan aurrera oala, ta Manuel'ek emazteren bat arkitzen duanerako iretzat ere aukeratua zeukat norbait. JOXE: Eskerrik asko, aitona; milla ta milla esker... Baña norberak autatzea ez al da obe? JOANES: Bai, beti obe..., zentzunezko gaztien artean ta gurasoen baimenaz ba da. Baña nik eznian uste ik begiz jota eukakenik. Gañera, emaztegaia bestek aukeratu ta eskeintzea, eztek nai ta naiz artzeko esatea. Ongi badator, artu egiten dek; gogozkoa ezpada, utzi. Alegia, ezlitekek danak orrela utziko gure Malentxo; ez niokek neuk ere edozeñi emango. JOXE: Malentxo? JOANES: Malentxo. JOXE: Zer esan du, aitona? JOANES: Gaizki al derizkiok? JOXE: Gaizki? Nola irudituko zaio gaizki gaixoari sendakaia? O, nere ametsak egi balira! JOANES: Ori egin al dek amets? JOXE: Orixe ber bera. JOANES: Banintxon ba, banintxon... Nola ulertu ez i ta Malentxo? JOXE: Baña, aitona, Malentxo'k zerbait igarri ditan ezkeroan ez jakiñean bezela iges egiten du nigandik? JOANES: Ondo egiña: suaren ondotik ardagaia kendu egin bear baitek. JOXE: Eztu naiko nerekin «zertu». JOANES: Ikusiko diagu. JOXE: Amonak ere ez. Diruduna banintz baña... JOANES: Manuel'ek ainbat ezkontsari izango dek, etxekoa aiz ta. JOXE: Jainko maite, maitea! Au atsegiña damait! Au da aztuntasuna kentzen ditana! Neuk bakarrik dakit barruan nerabilkin arantzaren samiña! JOANES: Arantzak eta naigabeak beti izango dituk, gizon guztiak dizkiagun antzera. Ara, Joxe; nik eztiat nai etxean gaztien arteko kiñurik ez eta txutxuputxurik. Orain dakitana ikasi diatelako, gaurtik aurrera uda ontan beintzat eta gerora ere bai gauzak zuzendu arteraño, Aloña'n bizi bearko dek geienbat. Eure gain gelditzen dituk artaldeak, eta larrabeiak; beortegiak, esparruak, eskortak eta saletxeak. Mendietako errege bezela biziko aiz. Bertara emango diat bear dekan guztia, edo euk artuko dek mezetara jeiste aizenean. JOXE: Edonun biziko naiz ongi..., edonun biziko naiz orain doatsu. Nere buruan bai daramat alaitasun-iturri gozoa. (Ana Joxepa sartzen da) ANA JOXEPA: Jesus! Zer du mutil onek? Txarranpiñak erten bear diola esan leike. JOANES: Erten dio. ANA JOXEPA: Bai, ta neu izan naiz sendatzalle. ANA JOXEPA: A ze nolako Petrikillo zu! Jolaserako gogoaren bizarra dakartzu zuk. JOANES: Ea ba, Joxe, igo adi orain. JOXE: Agur ba. (Atariko atetik joaten da) ANA JOXEPA: Zer zuan? JOANES: Utsa... Artzaingora igo baño len, ango eginkizunen goraberak jakin naia bakarrik. ANA JOXEPA: A ze gezur biribilla! Len ere ez al dakizki? JOANES: Bai baña, orain an gelditzekotan joan baita. ANA JOXEPA: Nola? Ez al da bigar etortzekotan igo? JOANES: Ez. Neu gelditzen naiz emen. Udaberri ontan neuk egin nai ditut etxeko lanak. ANA JOXEPA: Zeuk? JOANES: Zerk atitzen zaitu? ANA JOXEPA: Zeu ain mendizale izanik... JOANES: Orain etxe-zale egin naiz, ta kito. (Irriparrez) Senarra etxean gelditzea ez ote zaizu atsegin? A ze maitasuna! ANA JOXEPA: Ez daukat jolaserako gogorik gizona. (Paula sartzen da atariko atetik: mezetarako jantzita) PAULA: Egun on! ANA JOXEPA: Ona zein etorri zaigun, Joanes. PAULA: Aitona ere etxean al degu? Poztutzen naiz!... JOANES: Zer abil, Paula? PAULA: Ementxen.., mezetarako asmoz. Ondo al dira? JOANES: Ondo gerala esan bearko, Jainkoari eskerrak. Eta zuek? PAULA: Bai, ongi.., osasunez beintzat... (Zedozer adierazi nairik) JOANES: Tira ba... ANA JOXEPA: Eu etorri aiz, baña Malen'ek etzekiñat zer egiten duan. PAULA: Ezta berandu.., beta dago oraindik. ANA JOXEPA: Onuzkero bederatzik gañean dizkiñagu... Ordu bete bear dezute zuek errira jeixteko. PAULA: Bai zera! Orduerditxo bat... ANA JOXEPA: Orduerditxo bat? Bizkor ibillita're... Eta zuek txutxuputxuka jetxiko zerate. (Barrura joaten da) JOANES: Azkarraga'n onik zerate beraz? PAULA: Esan diot, aitona: osasunez bai, baña... JOANES: Zer dezute? PAULA: Badaki: betiko leloa gurean... JOANES: Inazio Mari'gatik al dion? PAULA: Bai; aitarengatik... Baña Martin ere... JOANES: Esan zidane etorri dala. PAULA: Etxera ez askorik... Emen sartuta dute geienean. Amonak ondo artua izan bear du. Diru pixken bat ekarri dula-ta... Baña lanerako gogo gutxi. Alperkerirako len ere bagiñan; lanerako iñor gutxi. JOANES: Bai, bai... Betiko bizikera al daramaki Inazio Mari'k? PAULA: Egunetik egunera okerragoa. Gaur ere goiz asko norabait joana da. Izango dute dema kontuen bat edo... (Ana Joxepa sartzen da. Esnale bat dakarki) ANA JOXEPA: («Esnalea'gatik») Orain ere geldituta daukagu. Jartzazu orduan, Joanes. (Joanes «esnalea» orduan jartzen asten da) (Paula'ri) Bazetorren. («Esnalea» zaratan asten da) (Malen sartzen da, mezetarako jantzita) MALEN: Zer da zarata au? Nor esnatu nai dezute? ANA JOXEPA: Euk beintzat ba den esnatzeko bearra («Esnalea» ixiltzen da) MALEN: Egun on, Paula. PAULA: Egun on, Malen. ANA JOXEPA: (Joanes'i) Zer ordu degu? JOANES: Bederatzik amar gutxi. ANA JOXEPA: Ene bada!... Zoazte azkar! MALEN: Bego pixkat, emakume! ANA JOXEPA: Ez, ez!... Mezatara azkar!... Zuen patxadak geigo balio din! Bederatzik... eta oraindik emen. Jainko maitea! Zoazte!... Zoazte!... MALEN: Goazeman, Paula, amona ixildu dedin. PAULA: Gero arte. (Malen eta Paula atariko atetik joaten dira) ANA JOXEPA: (Joanes'i, ukullu aldera abitzen danean) Nora zoaz? JOANES: Ukullura.., ganaduk-eta ikustera. ANA JOXEPA: Buka-itzadan, orduan, barruko egitekoak. (Joaten dira) OIALA |