|     47-48 zenbakiak, 1935eko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        Baserri atadian. Inazio Mari, zugaitz-enbor gañean zutik, aizkora-saiaketan. Baserritar lagunak-eta berari begira inguruan.

 

BASERRITAR BATEK: Bejondeikela Inazio Mari!

BESTE BATEK: Ori dek aizkoran egitea ori!

JOXERRAMUN: Tira, ez adi alperrik nekatu. Aurki diagu joku-zelaira joateko ordua. (Inazio Mari'k saiaketari uzten dio)

MOXOLO: Gerri ta besoan nagia kentzeko aña saio egin dek.

PELLO ODOLKI: (Bizkarrean maiteki joaz) Bapo, Inazio Mari! Bapo!... Eu bezelakorik munduan etzegok! (Musu-zapi batez izerdia legortzen dio)

MOXOLO: Zer deritzok? Ongi arki al aiz?

INAZIO MARI: Bai, Moxolo: oso sendo, orain urrena jokatu nikenian baño sasoi obearekin.

MOXOLO: Ori bear diagu ba, ori! Tira, Odolki, emanakiok igurtzi-aldi bat gantzura-olioz. (Odolki'k igurtzi beza besoan-eta Inazio Mari)

PELLO ODOLKI: Gaur ere eman bear ditek petardo ederra abadiñotarrak.

BASERRITARRAK: Bai, arranoa!... Jipoi galanta!...

JOXERRAMUN: Ori ikusteko zegok, mutillek!... Ez gaitezen geiegi arrotu...

PELLO ODOLKI: Arrotu?... Orren seuru balitxok... Nik jokatu bear diat... baita nere lepoa're!

MOXOLO: Baña ire lepoak zer balio dik?... Zintzur gabe oraindik... Baña ire zintzurrarekin... a ze irabazia! zagiren bat inguruan ba da. (Par dagite)

PELLO ODOLKI: Ba, ba... Eu betikoa! Eure ontzakurreak izanda ere ez nizkikek ba, ba-ezpadan, neure lepoari jokatuko. Baña besterik ezean, bai arraioa! Galtzeko beldur gabe jokatu ere!

INAZIO MARI: Orren seuro al ago, Pello!

PELLO ODOLKI: Ire oñazpirako ere eztek, motel.

INAZIO MARI: Orain urrena ez niokan orren aixa irabaziko gero.

JOXERRAMUN: Seurantzi geiegi txarra dek.

MOXOLO: Beldurra txarragoa. Jokalariak eztik iñoiz beldurti azaldu bear.

INAZIO MARI: Nik eztiat beldurrik!

MOXOLO: Joxerramun'engatik esan diat. Egundaño baño sasoi obea ba-daukak, beldur bearrik eztiagu.

INAZIO MARI: Egia.

JOXERRAMUN: Eta Abadiño'ko Joxe Domingo?... Nola datorren etzakiagu!

INAZIO MARI: Zeren beldur aiz? Len irabazitakoai gaur ere lur-jo eraziko zioat.

JOXERRAMUN: Nik, ba-ezpada ere, ez diat geiegi jokatuko. Dirua bizkaitarraren alde zegok. Orrek zeozer esan nai dik.

PELLO ODOLKI: Bizkaitarrak diruz gu baño geigo dirala. Baña aizkora jokoan ez!

BASERRITAR BATEK: Ezta ezertan ere!

MOXOLO: (Gilbor-gañeko ontzakurrea ikutuaz) Diruz ere naikoa lan!

PELLO ODOLKI: Nik eztiat arditik ba.

BESTE BASERRITAR BATEK: Diruz ezta irabazten. Aizkolaria, aizkolaria bear da iaioa. Ta Inazio Mari bezelakorik ez iñungo bazterretan!

BESTE BATEK: Inazio Mari'k irabaziko duela ezta zalantzik ere. A ze arpegia jarri bear duten bizkaitarrak gaur ere entzuten didatenean: Datorrela Inazio Mari'ren aurrerako iñor, munduan ba da!

BESTEAK: Ori, ori!...

 

(Ana Joxepa agertzen da, otartxoa besoan,
jokua ikustera joateko gertututa)

 

ANA JOXEPA: Zer da zarata au?

PELLO ODOLKI: Utsa, Ana Joxepa. Berorren semeari irabaziko dion beste amaren semerik mundun eztala.

ANA JOXEPA: (Pozten dan arren, asarre agertu nairik) Ago ixillik, Odolki! Etzakela iñoren amik aitatu! Gauz itsusia dek ori.

JOXERRAMUN: Tira, naikoa diagu!... Geiegikeririk eztiagu bear. (Baserritarrai onean) Jeistea obe dezute. Gu Patxiku arakiñaren automobilean jeistekoak gera. Berorri ere joan bedi, ama.

MOXOLO: Obe du automobillean jetxi, Ana Joxepa.

ANA JOXEPA: Ez orixe! Oñez ibiltzen ba zekiat.

MOXOLO: Eta Joanes?

ANA JOXEPA: Joanes asarre ziok. Eztik jetxi nai. (Inazio Mari'ri) Eta Martin-da?

INAZIO MARI: Beian dira.

ANA JOXEPA: Ni ere asarre naukak, seme. Eznikek jetxi bear, baña... Aizkeneko jokoa izango al dek!

JOXERRAMUN: Bijoa, ama. (Basetitarrai) Zoazte. (Ana Joxepa eta baserritarrak abitzen dira)

BASERRITAR BATEK: Ea Inazio Mari! Jo ta kea!

INAZIO MARI: Alegiñak egingo dizkiat.

BASERRITARRAK: Ea ba! Ea ba! Jo ta kea!... (Bijoaz)

JOXERRAMUN: Oa aldatzera Inazio Mari. (Pello Odolki'ri) Eta euk, Pello, jaso itzak aizkorak-eta.

MOXOLO: Ara, emen diagu Patxiku. (Patxiku'ri) Garaia dezu, gizona!

PATXIKU: Zer ba? Esandako orduan ni beti. Kaixo, Inazio Mari. Bizkor?...

INAZIO MARI: Bai, Patxiku.

PATXIKU: Ederki, ederki... Zer da be-alde ortan, mutillek!...

JOXERRAMUN: Jende asko bildu al-da?

PATXIKU: Gizaldi ikaragarria! Erruz da jendea! Aspaldiko demarik aundienera nola ez bildu gero? Bi aizkolariak izan aundikoak zerate. Biok zerate trebeak, iaioak... Ori, guziak zekitek! Eta baita ere, illabete ta geigoan jaten da edaten, arrautzez eta aragiz asetzen egonak zeratela... Orrela bildu da jendea!

PELLO ODOLKI: Bai zera!

PATXIKU: Nola, bai zera? Egia esaten diat nik!

PELLO ODOLKI: Ezetzik ez diot.

PATXIKU: Bai, jakiña.., baztar guzietatik bildu da jendea. Bizkai aldetik: Durango dala, Zaldibar dala, Garai, Berriz, Elorrio, ta Abadiño bertatik zer esanik ez, erruz da jendea; automobil guziak bete beteta etorri dira. Eta Gipuzkoa'tik!... Inguruko errietan ezta automobillik gelditu. Emen dira danak. Eta ordu betean oñez ibiltzeko almena zuten gizon guziak ere bai. Eta baita Donosti bertatik ere! Ona ni emen bat. Zuen lengo aizkora-joku eder ura gogoan ez-badegu ba danok!...

JOXERRAMUN: Egia al-da bizkaitarraren alde dagola dirua?

PATXIKU: Bai; berrogeitamar berrogeiri bizkaitarraren alde.

JOXERRAMUN: (Burua beazkatuz) Umm!...

PATXIKU: Ta diru obea egongo dan zalantzan guziak.

MOXOLO: Gu jeistean kenduko zaie diru-arrokeri ori. Guk ere ba degu dirua!

PATXIKU: Kementsu beraz, Inazio Mari?

INAZIO MARI: Bai. Zu etorri baño lentxego saiaketa txiki bat egin det... Nagia kentzeko, badakizu... Ta beñere ez bezela, egundaño baño kementsuago nagola, esango nuke.

PATXIKU: Ori bear degu ba... Asko jokatzen al-dezute?

INAZIO MARI: Nik, ditudanak eta ez ditudanak... Barkatu; aldatzera noa.

 

(Inazio Mari ta Pello Odolki batuta joaten dira)

 

PATXIKU: Eta Joanes nun degu? jetxi al-da?

JOXERRAMUN: Barruan izan bear du.

PATXIKU: Esaiozu emen naizela, gizona.

JOXERRAMUN: Orra ba, aizkora jokoagatik asarrealdiak izan ditugu-ta.., zeorrek deitzea obe litzake.

PATXIKU: Orrenbeste beldur!... Esaiozu emen naizela, gizona; Patxiku arakiñak agurtu nai duala.

JOXERRAMUN: (Atetik begiratuaz) Emen dago... Deitu zaiozu zeorrek. Barrura goaz gu bitartean. (Joaten da; Moxolo ere bai)

PATXIKU: (Atetik deika) Joanes! Joanes!... Ni naiz, gizona. (Ate aurreen agertzen da Joanes. Lenengo ekitalditik asko makaldu da)

JOANES: Zer zabiltz, Patxiku? Atoz barrura.

PATXIKU: Atadian giro dago.

JOANES: (Atadira etorriaz) Tira ba... Nai dezun bezela.

PATXIKU: Orain urrena baño obeto arkitzen zaitut, Joanes; zorioneko.

JOANES: Baleike. Orduan gaxoalditik atera berria niñuzun. Baño zoritxarrago arki nazula, esango nuke nik.

PATXIKU: Nekeren bat al dezu?

JOANES: Naikoa neke ta naigabe... Joku madarikatua!...

PATXIKU: Zaude ixillik, Joanes; itz zaparrada samiñen bat entzun nai ezpadidazu beintzat. Noiztik da madarikatua aizkora-jokua? euzko kementasuna agertzen duten gure jolasik bikañenetakoa izaki?

JOANES: Ez genuke galera aundirik olako joku guztiak galdu arren.

PATXIKU: Tximista gorria! Etzaidazula orren arpegi beltzaz orrelakorik esan! Neri oso atsegin zaizkit ba, baserritar joku guziak. Euskal-kutsua baserrietan dago, erri txikietan...

JOANES: Joan ituan orduan pikotara gure oitura onak! Baserriak ez dira lengoak, Patxiku.

PATXIKU: Ni poz-pozik etortzen naiz ba baserrietara.

JOANES: Tratu onak egiten dituzu nunbait baserritarren bizkar.

PATXIKU: Ori esan! Baserritarrak etzerate errez engañatzeko gizonak. Baña gaur ez natorkizu arakin bezela. Patxiku naizen bezela itzegiten dizut, bene benetan.

JOANES: Ori da; zuk bi Patxiku dituzu beraz? Bat benetakoa ta bestea gezurrezkoa. Ta «gezur-zulo» Patxiku arakiña izan.

PATXIKU: Ezta ori. Nik beti benetan itzegiten det.

JOANES: Bai, bai, alperrik ari zera.

PATXIKU: Orren gezurtitzat al-naukazu?

JOANES: Ez, zu baño gizon txarragoak ba dira bazterretan.

PATXIKU: Ba-nengoan ba... Lengora noa. Neroni ere baserrian jaioa naizelako-edo, atsegin zaizkit baserritar jokuak, oiturak... Urietatik joan zitzaizkigun, Joanes, gure oitura zarrak. Ta zer ekarri digute berriak? Txankamekeria ugari: biraoa ta nasaikeria...

JOANES: Baserrian ere baditugu olakoak gero...

PATXIKU: Jakiña, baserritarrak ere eztira aldarean jartzeko gizonak, ez, bai zera! Orraztu bear aundia dute askok. Akerraren adarra baño okerragoak diran batzuek ere ba dira, bai... (Esku-makilla jasoaz) A ze nolako astiñaldiak emango nizkieken poz-pozik gorosti makillaz! Baña alaz ere, baserritar artean dira euskal-erriko euskaldunik egizkoenak. Abarkadun gutxi ikusten dira erderaz mintzatzen ta arrotz dantza nastuan. Ortarako abarkak kendu bear dira lenbizi.

JOANES: Bai, bai, baserritarrak...

PATXIKU: Ni aldetan guzian etortzen naiz, ba, abarkadunen jai ta jolasetara. Astakerien batzuek egingo ezpalituzkete!... Aitzen dituzte ba bereak eta bi! Dana dala, ni beti izango naiz abarkadunen maitale. Ze arraio! Nork eztu noizean bein astakerien bat egiten? Baña... Emen ditugu. (Inazio Mari, Joxerramun, Moxolo ta Pello Odolki zelai-jokurako gertu) Zer? zu ez al-zatoz, Joanes?

JOANES: Ez; neri etzaizkit atsegin dirua bitarteko duten jolasak.

PATXIKU: Ogei durotxo bederik jokatu bear ditut bada nik zure semearen alde. Poz aundia izan det zurekin egotea. Agur, Joanes, beste bat arte. Txokorren bat-edo izango dezu neretzat, ezta?...

JOANES: Ondo ordaintzen ba dezu.

PATXIKU: Agur. (Joaten dira Joanes ez beste guziak)

JOANES: Agur. Atera zaitezte onik guziok.., ori komeni ba-zaigu... (Oldozki) Baserritarrak... Abarkadunak... Gure oitura zarrak... Samingarri guzia!... Ai! Euskal-erri maitea!... Etzaitut len bezin eder ikusten! Dana latz..., dana baezpadako; gizonak eta lurra bera ere bai. Gure mendiok ederragoak ziran len, milla bider ederragoak... Irudipena ote da? Ez ez!... Azpitik zulatu dizkigute alderdi batetik besteraño; beren egaletatik zear bide-zabalak ... Zertarako? Gure semeak badijoaz eztakit noraño; badatorzkigu eztakit nongoak gure gallurretaraño... Eta len naiko gaizto ez bagiñan... Ezta ori, ez... Gizonak berarekin eraman oi ditu bere oiturak, onak eta txarrak. Gugan dago iñoren oitura txarrik ez ikastea. Gugan bakarrik... «Dantza nastuan egiteko abarkak kendu bear dira». Zoritxarrez, batek baño geigok kentzen dituzte. Eta nundik datorkigu jokurako griña?... Bai, bai, onak gaude gu ere!...

 

(Bidetik gora Austin agertzen da)

 

AUSTIN: Egun on!

JOANES: Jainkoak digula egun on!

AUSTIN: Barkatu... Joanes al zaitut?

JOANES: Bai.

AUSTIN: Antzeman dizut orratik.

JOANES: Ez naiz ba zutzaz oroitzen.

AUSTIN: Orain dala ogeitamar urte alkarrekin jan genuen Urkiolan arrautzopilla.

JOANES: Izan leiteke.

AUSTIN: Ala da, ala da... Ez al zera nor naizen konturatu oraindik?

JOANES: Ez ba.

AUSTIN: Bergara'ko azokan esne-bai eder bat saldu zidazun. Ederra alare!

JOANES: A! bai! Aingeru jaola! Austin zera zu, elgetarra!

AUSTIN: Elgetan jaioa, igarotako berrogeitamar urte auetan Arriola'n bizi naizena.

JOANES: Aspaldiko Austin! Urteak dira alkar ikusi eztegula.

AUSTIN: Esan det: ogeitamar.

JOANES: Ez al gera geigo iñun ikusi?

AUSTIN: Nik etzaitut geroztik begiz jo. Lenago bai, lenago sarritan ikusi oi giñan. Bata-besteaz artu-eman asko erabilli oi genduan; alkarri ondo lagundu oi giñon.

JOANES: Bai orixe, bai anbat!... Zuk eta nik, Azurtza'ko Militon'ek eta Irigoien'go Kaispar'ek alkar billatzen bagenkian. Zer egin zuten adiskide aiek?

AUSTIN: Il ziran.

JOANES: Il ziran?...

AUSTIN: Bai, antziñatxo. Baita Zezeaga'ko Turibio ta Eguzkitza'ko Txomin ere.

JOANES: Gizon zintzoak.., gizon maitagarriak...

AUSTIN: Gaurko egunean gutxi bezelakoak, Joanes.

JOANES: Gaurkoak ere gure ondorengoak dira, Austin.

AUSTIN: Bai, baña gugandik etenak. Zuaitzetatik ebakitako adarrak dirudite; adar igarrak. Galeran dijoaz euskaldunak eta bazter auek berak ere galeran dijoazela deritzot. Aramaio'n ezkonduta bizi dan seme batek ekarri nau. Aizkora-jokura etorri da. Zure semea ez al da emengo jokalaria?

JOANES: Bai, nigandik etendako adar bat...

AUSTIN: Jende asko bildu da errian, baña bereala gogait egin zait, ango guzia. An eztago adiskide on bat. Ezagun batzuek ikusi ditut, baiia ezpañetatik ezpañetarako izketarte otza izan degu alkarrentzat. Biotzetik biotzera itz egiteko, egizko adiskidea bear da, antziñako lagun zarra. Nere aitak esan oi zuan bezela: «urdai ta ardoa urtekoak; adiskideak urtetakoak» Eta ez det aizkora jokua ikustera joateko gogorik izan. Eta bazter auek ikustera igo naiz tapa-tapa.

JOANES: Ederki egin dezu.

AUSTIN: Eta poz aundi bat artu det zu emen ikusteaz. Biotzak ematen zidan zu etziñala jetxiko.

JOANES: Eskarrikasko, Austin, eskarrikasko... Ola ba, neroni ere zerbait gogoratzen ari nitzan, ta zure itzak nere usteen oiartzuna dirudi. Ala ere zalantza pixken bat ba det. Gu zarrak gera, Austin; naigabetuak gaude, ta biotz naigabetuak itz garratzegiak oi ditu... Gure gaztediko egun alaiak joan zitzaizkigun, ta egun aientzat gordetzen degu oraindik animetako maitetasuna. Nork daki bada, gure ustea zuzena ta ziurra dan ala ez?

AUSTIN: Neuk dakit zeuk ere jakin bear zenduke. Oraingo gizaldia ta gure gaztetakoa eztira berdiñak. Ordukoa obea zan.

JOANES: Oraingo eguzkia ta nere umetakoa berdiñak ziran; gaurko lorea ta ordukoa berdiñak. Baña gaurko eguzkiak ezin poztu nau; gaurko liliari eztiot usairik artzen; lurraldeak itxusiak daudela derizkiot. Gu gaude gu alperrik galduak, Austin.

AUSTIN: Joanes, edo ez naiz ni zure oiartzuna, edo, ni txurikatzeagatik, zure iritziaren atalen bat barruan gordetzen dezu. Nik badakit gure zentzunak alperrik galduak ditugula, baña ez gure animak... Aitortzen det lengoak dirala eguzkia, loreak... eta lurraldeak. Baña ezin ukatuko dezu au eztala lengo euskal-erria. Len euskal-usaia, garo-usaia nabaitzen zan edonun; gaur mendiko egurats garbia ere kiratzak ez ote digu jo?

JOANES: Bai ote?

AUSTIN: Makilla eskuetan daukaten bezela.

JOANES: Zeñek kirastu du?

AUSTIN: Zeñek?... Gaitz da erantzuten... Uri aundietako aizeak, basetitarraren griñak, gizon batzuen siñiste otzak, askoren nasaikeriak; arrotzak eta euskaldunak, danak eta danok. Zu pekataria esaten ba-dakit, baña ni pekataria etzait aztu.

JOANES: Ederki mintzatu zera, adiskidea. Atoz etxe-barrura, zerbait artuaz eta pipakada bana erreaz, gauz oek obeto argitaratu ditzagun. (Ate-aurrean) Aurrera, aurrera, Austin...

 

(Paula agertzen da. Erritik dator. Otar bat buruan)

 

PAULA: Agur!... (Joanes ta Agustin'ek burua itzuli bezate) Jainkoa'k diela egun on!...

JOANES: Eu al-aunagu, Paula!... Jainkoa'k digula egun on guzioi.., Erritik al-ator?

PAULA: Bai, aitona.

AUSTIN: Illoba al dezu?

JOANES: Bai Inazio Mari'ren alaba.

AUSTIN: Orra beraz!... Urte askoan...

PAULA: Berorri serbitzeko. (Aitona'ri) Etxean al-da Malen?

JOANES: Bai, barruan izan bear din nunbait. Sartu nai al den?

PAULA: (Zalantzan) Eztakit ba... Etxera ere lenbaitlen joan nai nuke-ta.

JOANES: Esan zan egia. Ixilpeko kontuen batzuek, ezten ala?

PAULA: (Irriparrez) Baleike...

JOANES: Tira ba... Esango zionat... Goazen barrura gu, Austin. (Ixil aldi bat eta Malen agertzen da)

MALEN: Zer abil, Paula? Erritik?...

PAULA: Bai, merkatutik.

MALEN: Nola ezaiz aizkora-jokua ikusten gelditu?

PAULA: Ez diñat ortarako biotzik izan.

MALEN: Ire aitak galtzeko bildurragatik?

PAULA: Galtzeko bildurragatik eta jokuari diotan gorrotoagatik. Eta eu nolaz ezaiz jetxi?

MALEN: Norbait etxean gelditu bear, bakin... An ditu etxeko guziak. Aitona ta biok gelditu gaitun etxean. Etzaigun guri ere atsegin jokurik.

PAULA: Amonakin arkitu diñat bidean. Etzeonan gure amona, jokua ikusi gabe gelditzeko. Arin asko zijoanan...

MALEN: Ortan gelditzen ditun gure amonaren sermoiak.

PAULA: Ire ama ta nerea ere joatekoak itunan. Baña an utzi dizkiñat txutxupuka Odolki'enean. Arazo aundien bat zarabilkitenan noski.

MALEN: Bai, aspaldian ba zerabiltzkitene zedozer. Egingo niken, ezkontz-kontuak zarabilzkitenala.

PAULA: Bai zera?...

MALEN: Ik eztakin: ire anaiak nere eskabidea egin din.

PAULA: E? Martin'ek?...

MALEN: Bai, ta nere gurasoak baiezkoa erantzun zione, edo itxaropena eman gutxienez.

PAULA: Malen, nere anaia gaiztoa den. Neuk zekiñat ondo... Gaiztoa den ta etzatorkin egoki. Joxe balitz eztiñat esaten... Joxe bai aukerakoa!

MALEN: Ori zion aitonak ere. Ura bezelako mutillik etzegola-ta jardun ziñan atzo.

PAULA: Ez, etzegon, ta maite au, asko maite au.

MALEN: Baita ik ere bera.

PAULA: Ezin ukatu niñeken, egia... Barkatu bear dian.

MALEN: Zergatik barkatu? Maitasun ori nere gogobetekoa den, Paulatxo.

PAULA: Ire gogobetekoa!

MALEN: Bai.

PAULA: Bada orduan... nere burua itzuli bear diñat, lertu baño len. Egia den, Malentxo; maite diñat!... Nere ama beste diñat maite, edo etzekiñat nik geiago bada ere. Iturraldeko Joxe animaren erdian, biotzaren txokorik ederrenean zeukanat... Bere izena entzuteak atsegin ematen zidan... Bera ikusteak alako satastada bat... Baña benetan al abil?... Ez al den iretzat bear?...

MALEN: Ezten neretzako egiten dana.

PAULA: Ta Martin?

MALEN: Gutxiago.

PAULA: Moxolo?

MALEN: Gutxiago.

PAULA: Baña nolako emakumea aiz i? Ezten iñor ere maite?...

MALEN: Bai.

PAULA: Aundikiren bat?

MALEN: Aundiena!

PAULA: Aberatsen bat?

MALEN: Aberatsena!

PAULA: Aitaren, semearen... Jakin al-liteken zein dan?

MALEN: Jakingo den. Ago ixilik... Joxe zetorren.

 

(Joxe agertzen da mendi aldetik)

 

JOXE: Egun on. (Barruna sartu edo ez zalantzan)

MALEN: Zer zabiltz, Joxe? Nolaz jetxi zera gaur?

JOXE: Ez nintzan beti Aloña'n izateko igo.

MALEN: Bai baño... ez genekin gaur jeistekoa ziñanik.

PAULA: Aizkora jokurako asmoz ba zatoz, berandutxo.

JOXE: Ez, ez nator aizkora apustura... Ezta ori, ez... Beste zerbait det.

MALEN: Ez bearren bat?...

JOXE: Naikoa ezbear-edo.., Ori jakin nai nuke.

MALEN: Zuk ez-badakizu...

JOXE: Ez naiz beti zalantzan, beti kezkapean egotekoa... Bost illabete aundi dira Aloña'ra igo nintzala eta oraindik ez dakit ezertxo ere... Ba dakizu!...

MALEN: Nik?... Zer jakin bear det nik? Ez dizut ulertzen, Joxe.

PAULA: Zedozer esan nai diñala, uste diñat. Beraz, geldi zaitezte bakarrik.

JOXE: Berdin zait zuregatik, Paula. Len ere ba dakizu zuk nere asmoaren berri.

PAULA: Ez, ez; barrura noa ni. (Joaten da)

MALEN: I bakarrik? Gu ere bai, Malen. (Joxe'ri) Ez al zatoz? Aitona barruan dago... (Barrura abitzen da)

JOXE: Ez; zaude apur batean, Malentxo... Zaude Jainkoa'ren izenean. Izketan asi geran ezkero, gauzatxo bat esan nai neukizu.

MALEN: Zuk?... Arritzen naiz.

JOXE: Bai. Aspaldian daukat nik zuri agertzeko uste bat, amets bat...

MALEN: Zaude ixillik.

JOXE: Ixillik, beti ixillik!... Ito egin bear det beraz nere gogoa.

MALEN: Ba dakit zer esan nai zenidaken... Badakit; maite nazu, baña ez itxaron nigandik ezer.

JOXE: A!... zure itzala izateko ez naiz duin!

MALEN: Ezta orregatik.

JOXE: Bai, biotzak adierazten zidan... Utsa naiz..; oinpean darabiltzun autsa bezela naiz... Zabaleta'ko morroia!...

MALEN: Ezta ori. Lendik ba-dakizu; Zabaleta'n morroirik eztago. Zu ta ni anai-arrebak gera...

JOXE: Baña, Malen!...

MALEN: Jakin zazu bein zure barruko arra kentzeko; iñorekin izatekotan zurekin izango naiz. Baña ez itxaron, Joxe; ez alperrik itxaron... Billatu zazu beste bat... Zure idakoa... Neskatx on bat opa dizut... Ni baño obea opa dizut...

JOXE: Baña, Malentxo!...

MALEN: Ixo! Naikoa esan didazu; Geiegi entzun dizut. (Malen etxe barrura) Or gelditzen al-zera?

JOXE: (Berekiko) «Or gelditzen al zera!» ... Zer egin?... Ai Joxe, nora joan dituk ire amets txoroak!... Amets txoroak, bai!... Ire buru arloteari begiratu besterik etziok... Ta Malentxo'ren diña itzala uste!... Usteak erdia ustel,.. Eta utsean gelditu dituk ire amets gozoak... Ireak eta aitonarenak... Bai dala maitagarria Zabaleta'ko etxejauna!... Zorikaldua ni...

 

(Paula agertzen da)

 

PAULA: (Xamurki) Zer dezu, Joxe?

JOXE: Nik al dakit!...

PAULA: Gotillun zaude... Naigabeen bat dezu.

JOXE: Naikoa naigabe. Ezezkoa eman dit.

PAULA: Ezezkoa?

JOXE: Ezezkoa Malentxo'k!...

PAULA: Bai zera! Zure irudipena izango da.

JOXE: Ezta nere irudipena, ez. Malentxo'k zer duan eztakit ordea. Ez det ongi ulertzen. Iñoren izatekotan nerekin izango dala esan dit.

PAULA: Orduan... Ondo itz ederrak esan dizkitzu... Ortan ez dago ezezkorik.

JOXE: Egia, Paula; ortan ez dago ezezkorik. Itxadopen itz pozgarriak!... Itz gozo ta xamurrak!... Biotza lertu bear zitzaidan pozaren pozez... Baña gutxi iraun dute nere poz atsegiñak... Begira zer geigo esan didan: «Maite nazu, baña ez itxaron nigandik ezer...»

PAULA: Ori esan al dizu?

JOXE: Bai ori esan dit... «Ez itxaron, Joxe; ez itxaron alperrik...» Ta beste bat billatzeko... Nere idako beste bat noski...

PAULA: Ori ere bai?... Zu ez al zera ba bere diña? Geitxo esatea da ori!

JOXE: Ezta ori, Paula. Jakiña, ni ez naiz ezer... Ni morroi baizik ez naiz... Baña ez dit orregatik esan. Neskatx on bat opa ditala; bera baño obea opa ditala, esan ez dit ba... Eta ori neri, Malentxo'ren diña izateagatik Erroma'raño oñutsik eta eskale joango nintzaken arren!...

PAULA: Eta zer asmo dituzu, Joxe?

JOXE: Eztakit, Paula... Aldegin!... Urrutira joan!...

PAULA: Baña noraño?...

JOXE: Aldakit!... Nork jakin non geldituko dan ekaitzak aurrean darabilkin osto legorra?

PAULA: Zuzpertu zaite, gizona, zuzpertu zaite... Zu etzera osto legorraren antzekoa.

JOXE: Or nunbait. Ez aitarik, ez amarik, ez aiderik... Ez eta dirurik, ez zeri eldurik...; goian zerua ta beian lurra...

PAULA: Etzazula orrelakorik esan... Joatekotan ezer eman gabe etzaitu utziko aitonak.

JOXE: Ez det ezertxo ere nai. Batere gabe joango naiz.

PAULA: Baña etzazula orrelakorik egin, Joxe. Joango zaizu oraingo naigabea. Beste norbait izango dezu... Begira, Joxe; zure antzera nago ni ere-ta...

JOXE: Ez, nere antzera eztago iñor.

PAULA: Adi zaidazu, Joxe!... Nik ere ba-ditut nere naigabeak. Gure baserrian oso bearrean gaude... Ba-dakizu. nere aita, bere bizi guzian, ziranak eta etziranak eralgitzen ibillia da. Gaurko apusturako ere besteri kendu diola ba-dakit... Galtzen ba-du egun gorriak dira gurean. Martiñ'ek gaiztakeria baño besterik eztigu ekarri. Ardita zer dan ia eztakigu. Ta nere amak eta gure amonak, etxea zerbait jasotzeko, ni Zabaleta'ra ezkontzea nai luteke.

JOXE: Ta Malentxo Azkarraga'ra.

PAULA: Utzi zaiozu orri. Ni Zabaleta'ra, ni onera Manuel'entzat.

JOXE: Zer gauza oberik?

PAULA: Zer gauza okerragorik esan naiko dezu. Alde ortatik dator nere inka. Ni ez naiz Manuel'ekin ezkonduko, ezta zati-zati agiten banaute ere. Gañera Manuel'ek ere eztu naiko. Zer naiko du! Baña nai balu ere, ez nintzake ezkonduko.

JOXE: Zergatik baña?

PAULA: Zergatik? Nik ere, zuk Malentxo maite dezun bezela... edo geiago, beste bat maite detalako.

JOXE: Erruki zaitut.

PAULA: Bai, erruki nazazu, Joxe.

JOXE: A ze bi gauden gu!

PAULA: A ze bi... bat izan bear gendukenak!

JOXE: Agur, Paula, ikusi arte.

PAULA: Eztirazu ezer geiago esaten?

JOXE: Iñori baño esker obea zuri zor dizutala.

PAULA: Besterik ez?

JOXE: Ezin!... ta agur!

PAULA: Agur ba agur!... (Bijoaz bakoitza bere aldetik) (Joanes ta Austin agertzen dira etxe-barrutik)

JOANES: Ederki, Austin, ederki... Umoreko ba-nengo lagunduko nizuke. Baña ba-dakizu... ez nago ezertarako...

AUSTIN: Bai, bai, ezta arritzekoa... Beste noizpait elkar ikusiko al degu!

JOANES: Nork daki noiz!... Josapateko zelaira arte agian...

AUSTIN: Etzazula orrelakorik esan!... Banoa... Agur, Joanes lagun zarra.

JOANES: Agur, Austin lagun on ori...

 

(Joanes bere lagunari begita une batez.
Azken agura eskua igituz.
Exeri bedi enbor gañean. Ixillunetxoa oldozki)
.

 

OIALA BERA GELDIRO.

 

* * *

 

(Unetxo bat igaro ondoren, oiala gora betiro.
Joanes'ek oldozki jarraitzen du lengo tokian)

 

MALEN: (Atetik) Bañan aitona!... Orduk damazki or! Betor barrura.

JOANES: Ondo nion. Ekaizkidan, Malen, pipa ta toxa.

MALEN: Nun ditu?

JOANES: Barruan utzi dizkiñat: mai gañean. (Malen barrura. Aitona oldozki)

MALEN: (Pipa ta toxa emanaz) Ar bitza. Baña ez bedi emen gelditu, aitona. Oztuko da. Betor barrura.

JOANES: Ondo nion, ondo...

MALEN: Ondo?... Eztakit ba... Beon gaztetako oroipenak biotza samurtu diola dirudi... Oldozki jarri dute beintzat.

JOANES: Egia dion. Gaztetako jardunaldiak... Austin lagun zar orrek... biotza... pixkat samurtu zidan, bai... Baña eztiñat ori!... Eztiñat ori!... Nola ote ditugu be-alde ortan?...

MALEN: Ez beza ortaz oldoztu... Izan dedilla Jainkoa'k nai duana.

JOANES: Egia dion... Jainkoa'ren naira egon bear diñau beti... Berak zekin zer on zaigun... Berak bakarrik!... (Ixillunea) Eta ik zer den, Malentxo? Ez al daukan zer esanik?...

MALEN: Nik?... Ez, ba...

JOANES: Aspaldian zeozer esan nairik abillela esango niñake gero...

MALEN: Egia da.

JOANES: Zer den ba, enetxo orrek? Ator... Jarri adi nere alboan eta esan akidan. Agertu eidan ire gogoa. Zer den?...

MALEN: Zer?... Gauz bat, gogo bat, ioran bat...

JOANES: Ezin iritxi al diteken?

MALEN: Iritxi bai, danok batera etorriko bagiña...

JOANES: Aitor zaidan.

MALEN: Min emango diot.

JOANES: Aitor zaidan: eu poztutzea den nere poza.

MALEN: Nik... mojetarako ustea darabilt.

JOANES: Neskatxo!

MALEN: Bai, antziñatik, oso antziñatik... Al detan guzian Bidaurreta'ko elizara noa. Bertan, nere arrenak egiteko txoko jakiña daukat... Eztitan bezela egoten naiz barrukoen otoitzak entzuten... Zerua deritzait aien artean bizi al-izatea... Ta gauz guztien gañetik orixe nai nuke.

JOANES: Au albistea!

MALEN: Txarra?...

JOANES: Txarra ez, txarra ez... Baña eznekiñan, ezniñan uste, etzaidan bururatu... Bai al-daki bestek?

MALEN: Jainkoa'k eta Bidaurreta'koak.

JOANES: Aditzen eman dien beraz?

MALEN: Bai, Jauna.

JOANES: Zer zione?

MALEN: Tokia badagola.

JOANES: Nik Joxe'rentzat nai iñutanan.

MALEN: Amonak ostera Martiñ'entzat.

JOANES: Ori ez! Martiñ'entzat ez... Eznionan nere baimenik iñola ere emango.

MALEN: Baña, Jesus'i bai, aitona; Jesus'i bai, ezta?

JOANES: Jesus'ek berea au... Alabatxoa: zarra nion eta eu aiz nere samiñen eztia, eu Zabaleta'ko zuaitz zarraren kimu berri maitea... Baña neuk ere, nere antzera, Jainkoa'ri eskeñia aukanat eta Jainkoa'k ondo artu bear izan din nere oparia. Bere naia egin bedi!

MALEN: Eskarrik asko, aitona, eskarrik asko!...

JOANES: Asma ori denan ezkero, oa lenbaitlen. Neuk lurrean maite detan izatea eman nai zionat Jesus'i. Naiz eta, eu etxetik ateratzean, nere biotza zauriturik odola dariola gelditu... Ta Joxe'rena? Joxe gizagaxoa! Jaungoikozkoa den mutilla ta orri eskerrak...

MALEN: Bai ona zerala, aitona! Egunero otoitz egingo det berorren alde.

JOANES: Bai, egin otoitz nere alde, zure aideen alde, Euskalerri guziaren alde...

MALEN: Baña-ta, nork esango dio amonari nere asmoa?

JOANES: Neuk: nere gain utzi zan.

 

(Ana Joxepa ta Katalin agertzen dira: larri ta urduri)

 

ANA JOXEPA: Au zoritxarra! Au zoritxarra, Joanes!...

JOANES: (Zutiturik) Zer? galduta?

ANA JOXEPA: Galduta!... Galduta!... Gure mutillak galdu du.

JOANES: Galduta!... Ez al dira etorri?

ANA JOXEPA: Errin gelditu dira. Au lotsa! Patxiku'k ekarri gaitu. Au lotsa!...

JOANES: Ikustera joateko bear zenduen lotsa. Ez orain.

ANA JOXEPA: Zoritxar aundiagorik! Jesus maitea! (Barrura joaten dira Ana Joxepa ta Katalin)

JOANES: (Malen'i) Zeni egiten dion negar?... Etzan negarrik egin, Malen... Begira: ni lasai nion... Len larri nindunan, baña orain ez... Ori on izango zaigun... Tira, ixildu adi!... Goazeman barrura... Egin zan kontu, Jainkoa'ren naia dala guzia... Gaizki dabiltzanak beren zigorra jasotzen diñe... Beren zigorra! (Barrura joaten dira)

 

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa