|
BIGARREN EKITALDIA Lenengo ataleko agertokia bera. Ordu batzuek igaro dira. Laratzean eltzeak. Aldaketarik egin bearrik eztagolako lenbaitlen jaso diteke oiala, txiliñaz adierazitakoz. Ana Joxepa eltzekariari begira ta beste eginkizunetan. Joanes aulki batean jarrita sukalde inguruan. JOANES: Bai, bai... Samingarria da Azkarraga'n gertatzen dana. ANA JOXEPA: Izan ere, maiztarren eskuetan dabillen lurrak irabazi gutxi ematen baitu. JOANES: Batez ere, nork begiraturik ezean... Joxe Anton zaartu zan.., indarrak joan zitzaizkion... ta an eztago gizonik. Gure Inazio Mari buru ariñegia atera zaie. Zeregiñik aundienak jolas-demetan dauzka... Eztago atarramentu onik! ANA JOXEPA: Egia; baña betiko leloa dezu ori. Edozeñek esango luke, zuri entzunaz, gure semeak ondatu duala Azkarraga. Gure Inazio Mari jokuzalea da, bai. Baña jokutik, galdu baño geigo irabazi du. JOANES: Baleike... Baña joku-zale oik, erdi-lanean edo alperkeri osoan bizitzeari ematen die. Etxeko eginkizunetatik aldegiteko beti dute aitzakiren bat. Eta oietakoa degu gure semea. Ezkondu baño lenagoko jokurako griña txarra!... ANA JOXEPA: Ez nere esanak aditu ba zitun! JOANES: Zure esanak eta atariko aizea... ANA JOXEPA: Zureak baño zorrotz eta garratzagoak! JOANES: Baña jokuren bat irabazi oi zuanean, poza agertu izan diozu beti. Ta, jakiña, zure esanai ajola gutxi... Ni ez ninduten Inazio Mari'ren garaipenak poztutzen, ez arrotzen. Mindu egiten ninduten!... Jokua ezta errenta... Orrela dago Azkarraga, alperkeriaren pipiak abe nagusia marraskatuta, erdi lur-joan... ANA JOXEPA: Ezta orrenbesteraño, gizona! JOANES: Ezetz?... Beldur naiz ba... Orain baño gutxigo azaldu bearko du azoka ta dema tokietan. Gaizki dabil!... Saltzalle asmoan edo erosle ustean; jokatu naiean edo erakutsi bearrean, aizkora jokua dala edo sega-apustua, beti du aitzaki-maitzakiren bat. Ta an azalduko da gure Inazio Mari azoka-plazan arro, arro..; an aterako da gure semea dema-zalien ondoan, gizonik oituena, aukerakoena beerrezkoena, bezela... ANA JOXEPA: Joxerramun ere izaten da, baña onek eztu Zabaleta'rik ondatu, ba. JOANES: Batetik bestera alde aundia dagolako... Egia, Joxerramun ere geitxo joaten da dema-tokietara: Baña onek lanean ere badaki.., eztu bururik galtzen ta zintzoa da. ANA JOXEPA: Ezaun du zure begiko semea dezula... JOANES: Etzazula orlakorik esan, Ana Joxepa! Seme guziak berdin maite ditut nik. Orregatik zait mingarri Inazio Mari'ren bizikera: ongi ikusi nai nukelako... Ta bere semea ere.., eztakit bere antzekoa ez ote dan. ANA JOXEPA: Zer du Martiñ'ek?... Martin zintzoa ta langillea da! JOANES: Ta zertara etorri da? ANA JOXEPA: Orra ba, etzan beti Somorrostro'n izateko joan-da... Iru urte eman ditu ango meatzetan lanean... Noizpait etorri bear!... Diru mordoxken bat ekarria izan bear du... JOANES: Dirua!... Ezta gauz aundia... onbidez ez badatorkigu! Ta beldur naiz!... Azkarraga'n ere bazitukean irabazpideak... Etxeko lurrak landu bearrean, naigo meatz-zuloetan sartuta ibilli... Diru-pixkat irabazteagatik!... Ta baserriko lanetarako gizasemerik ez... Eskerrak Manttoni ta Paula'ri!... ANA JOXEPA: Zer egingo diozu!... Nekazaritzarako gogorik ezpadu... JOANES: Bai, bai!... Utzi ditzagun burutasun illunak! (Barrurako atetik joaten da) ANA JOXEPA: (Maigañean-edo agiri dan «esnalea'ri» begira) Jesus! amaika terdik joak!... Aurki emen ditugu... (Sua astindu, eltzeak «proatu»...) Gatza pixkat... (Eta sutondoko leiotik begira) Nor degu aldatz gora!... Mari Batista dirudi... Mari Batista da, bai... Ederki zatoz!... Atarira irtengo natzaio!... Ea gure Patxirentzat... (Ataritik agiri eztan Mari Batista'ri) Agur, Mari Batista... Zer zabiltza?... Ederki... Ez al dezu sartu nai?... MARI BAUTISTA: (Ateaurrean agertuz) Beta gutxi det, Ana Joxepa. ANA JOXEPA: Atoz, emakumea!... Aldatz gora nekatuko ziñan da, etzaizu gaizki etorriko... MARI BAUTISTA: Sartu-ateratxoa, e?... (Sartzen dira) ANA JOXEPA: Erritik al zatoz? MARI BAUTISTA: Bai. Ta zu nolaz etzera agertu mezetan? ANA JOXEPA: Goiztar ibilli naiz ni. Lenengo mezetan izandu nazu. Ta zure alabarekin etorri naiz bidean... Ondo neska ederra dago bera! MARI BAUTISTA: Gure Mikela? Bai orixe. Aren garaian gu ere bagiñan zerbait baño... ANA JOXEPA: Zenbat urte ditu? MARI BAUTISTA: Datorren ilbeltzean ogeitazazpi. ANA JOXEPA: Ona dirudi. MARI BAUTISTA: Oso da ona, etxekoia ta maratza. Ez neurea dalako, baña eztago bera bezelako beste bat Uribarri osoan. ANA JOXEPA: Zer ezkontsari emango ziñoke? MARI BAUTISTA: Ja, jai!... Orixe da galdera polita, Ana Joxepa. ANA JOXEPA: Ia ba, nik ere ezkongaiak dauzkat-eta... MARI BAUTISTA: Bai, bai, guraso geran aldetik gure umien onari begiratu bear diogu-ta... Baña gurean eztago zuenean ainbeste diru. Mutil on baten bearra bai. Aurten ere ler egin degu garia jotzen ta iñaurkiñak ekartzen. Bai ba, zaartu egin gera-ta... Gure Pello Mari'k ere, onezkero irurogeitabosten bat urte izango ditu. Senar emazteak eta alabatxo bi bakarrik gaude etxean, ta lanak dira gurean. ANA JOXEPA: Orduan ez litzake gaizki etorriko zuentzat gure Patxi. MARI BAUTISTA: Ez orixe, ez, Ana Joxepa; ta biok ulertuko bagiña... ANA JOXEPA: Uler gaitezen. Tira, zenbat emango diozute zuen alabari? MARI BAUTISTA: Baña gure etxerako. ANA JOXEPA: Bai ba, zuenerako. Zenbat? MARI BAUTISTA: Eztakit ba nik, ba... Bosteun dukat edo. [Dukaten orden errealka mintza ditezke; eunka ordez millaka; «Bost milla erreal edo»] ANA JOXEPA: Zer diozu, emakume? Bosteun dukat Atatzain'go alaba zarrenari? Ikatzaga'koak ere badu orrenbeste, maiztarrak dirala gero. MARI BAUTISTA: Ia ba, besteak ere, ezkontzen danean, zerbait izan bearko du-ta... Zeuek zenbat emango diozute mutillari? ANA JOXEPA: Guk zortzireun dukat eta bi etxe-bizitza. MARI BAUTISTA: Ezkabiltz ondo, Ana Joxepa. Zabaletako mutillak nai lituke gutxienez milla dukat eta berak ikazkintzan irabazitakoak, bi etxe-bizitza, ogei bat ardi, gurdi bat... ANA JOXEPA: Ezin ulertu geinkez, Mari Batista. MARI BAUTISTA: Ez al dezu nai? ANA JOXEPA: Nai izatearekin zer daukagu? Milla dukat eta eztakit zenbat ondasun gañera eman bear guk. Eta zuek bosteuntxo... Izango du gure Patxi'k milla dukatekoa, berak zortzireun eraman da ere. MARI BAUTISTA: Ezta ba zuentzat gauz aundia milla dukat... Ara, zuek milla ta guk zazpireun. Gero ere, zuen mutil ori Arratzaiñ'era badatorkigu, etxean geldituko dira gure puskak. Eztago geiago zer esanik. ANA JOXEPA: Zer esanik ez, ostera? Bai, Mari Batista, bai... Au ezta asiera baño besterik. Eskribauak gure paperak egin orduko zer esan aundiak emango dizkigu gaur asi degun izketak. Gañera gure Joanes'ek ondo jakin, ondo ikusi ta ondo neurtu nai izaten ditu seme-alaben goraberako gauzak. Ni naiz Zabaleta'ko etxekoandre, baña nere senarra beti etxeko jaun, ta berari dagokio Zabaleta'ko gauz guztien erabakitzea. MARI BAUTISTA: Ba, Joanes'ek, zuzenezko gizona da-ta, milla dukat emango dizka semeari. ANA JOXEPA: Berriz ere? Gogoan artu dezu zure eskabidea. Baña alperrik zabiltz nerea aztutzen bazaizu. MARI BAUTISTA: Guk al degun aña, al degun guzia emango diogu, orra. ANA JOXEPA: Ezta gaizki esana. Zer meza entzungo dezu datorren igandean? MARI BAUTISTA: Zortzitakoa nik. ANA JOXEPA: An izango naiz ba ni ere. Jainkoak nai ba-du. MARI BAUTISTA: Iganderarte beraz? ANA JOXEPA: Bai, zortzitako mezetan. MARI BAUTISTA: Agur, Mari Batista. (Mari Batista joaten da) ANA JOXEPA: (Berekiko) Ea, ba, ea, Jainko maitea!... Urteak ere aurrera dijoazkio-ta.., nonbait sartu bear nuan nere semea. Etxe ona ta andregai obea izango ditula deritzot... Baña naiko ote du gure Patxi'k?... Arantzazu'ko Amari Salbe bat gure Patxi'k nai dezan: «Agur Eregiña, erruki biziaren Ama, gure bizitz, gozotasun ta itxaropena»... Aspalditik neukan nik begiz jota Arratzaia'go neskatx zarrena. Eztet beraganako gaur goizeko ametsa! Ta nola erantzun dit Mari Batista'k! Biguñago zegon sasiko masustarik elduena baño. Bai ba, Patxi bezelako mutillik ezta soro baztarrean billatzen ere-ta!... «Zuri deiez gaude Eba'ren ume erbestetuok...» Damu det zerbait geigo eskatu eza, baña ezta oraindik berandu... Eta ondo garbi ipiñi bearko da paperean beste alabari zer agintzen dion, biar edo etzi nasterik sortu eztedin... «Zuganako suzpirioz ta negarrez gaude...» (Moxolo sartzen da: kaletar eiztaria, zakur ta guzi) MOXOLO: (Atetik) Eup!... Egun on, andre Joxepa. (Sartu bedi) ANA JOXEPA: Oi! eu alaiz, Moxolo? Zer abil?... Eizean?... MOXOLO: Bai, Andre Joxepa: eizean, erbitan... ANA JOXEPA: Ta ezer arrapatu al dek? MOXOLO: Ezta aztarnik ere. ANA JOXEPA: Eiztari geitxo zabiltzate-ta... Inguru auetan entzuten dan aña tiroz garbitu bear bazterretako pizti guziak... Baña eu, erbitan ezik, ez ote abil «erbiñuderen» baten atzetik?... MOXOLO: Orra ba..., ez dakit erbiñude atzetik ote nabillen, baña berorrekin itzegin nai nuke beintzat. ANA JOXEPA: Kontxo!, etzeok gaizki. Ni nauk beraz eiza?... MOXOLO: Eiza ez baña.., eiza-jabea-edo bai... Baña... egarri naiz. Ur pixka bat emango al dit? ANA JOXEPA: Ura besterik eskatzen ezpadek... Sagardoa obe dek. MOXOLO: Ez ura naigo det. ANA JOXEPA: Tira ba... (Ura ematen dio) To!, ekarri berria dek. MOXOLO: (Erandakoz) Prexkua dago... Itz bat esan nai nioke. ANA JOXEPA: Ea ba... Zer dek? MOXOLO: Berorren illobak itxuturik nauka. ANA JOXEPA: Zeñek? MOXOLO: Malen'ek. ANA JOXEPA: Itxuturik? Eztek orduan ezer ikusten. MOXOLO: Gauz aundirik ez, baña zoriona non dagoan badakit eta zorionaren billa nabil. ANA JOXEPA: Berandutxo abillela uste diat. MOXOLO: Nola? ANA JOXEPA: Zoriona beste batentzat dalako. MOXOLO: Martiñ'entzat? ANA JOXEPA: Martiñ'entzat edo. MOXOLO: Etzaio aztuko orratik Martiñ'ek dirurik eztuala. ANA JOXEPA: Ik eztakik ori. MOXOLO: Ba-du ere, nik aña ez beñepein. ANA JOXEPA: Zer deken guk etzekiagu; baña ontzurre ori erakusten dek, beintzat, txilbor-gañean. MOXOLO: Bat erakutsi ta asko gorde, asko; ontzurreak eta «librak», Ana Joxepa. ANA JOXEPA: Urretan? MOXOLO: Urretan. ANA JOXEPA: Jeesus! Libraka urrea! Orratik ori ikustekoa izango dek. MOXOLO: (txilbor-gañekoatzat) Ona bat emen. ANA JOXEPA: Ori al-dek libra bat? MOXOLO: Bai, «libra esterlina». ANA JOXEPA: «Eskerliña, eskerliña»... Ori, mutil, eun errealekoa Oñati'n. MOXOLO: Baña libra esaten zaio. ANA JOXEPA: Ai, enetxoa! Esatetik izatera bide aundia zeok. Orrelako asko bear dituk libra bat egiteko. MOXOLO: Baño au ezta bakarra. Etxean ere ba'ditut eta «Bankoan ere korrituan»... ANA JOXEPA: Danetara, zenbat izango dituk ba ire diruok? MOXOLO: Danetara, laurenbat milla ogerleko bai neureak, eta gero aitarenak. ANA JOXEPA: Geigo uala uste nian, ainbeate arrokeri jotzeko. MOXOLO: Gutxi al da ba? ANA JOXEPA: Ez, gutxi ez; nekazari baten alabarentzat... (Urre pillaren poza arpegira) MOXOLO: Ba'nekian nik, ezetzik erantzungo etzenidana. ANA JOXEPA: Eztiat ezer agindu, mutil. Berandu etorri aiz. MOXOLO: Lendik det eskabidea egin-da. ANA JOXEPA: Zeñi? MOXOLO: Malen'i. ANA JOXEPA: Noiz? MOXOLO: Zortzi illabete ba'da. ANA JOXEPA: Ta zortzi illabete aundian ez al dik ezer aditzen eman? MOXOLO: Ez, lotsatia da-ta. ANA JOXEPA: (luzapena emanaz) Bada orduan... MOXOLO: Orduan zer? ANA JOXEPA: Astia ba'dagola-ta... ez gaitzakela ito. MOXOLO: «Bien, bien», baña gogoan euki Martiñ'ek eztiotela ezer emango. ANA JOXEPA: Berriz ere? Gizona, ire dirurik izan ezarren, baburrunak jateko lain badiagu. MOXOLO: Ala da, bai; baña ezta gaizki Martiñ'ek baburrunak bear ba-ditu, ni eznatorrela baburrun-bila oroitzea. Nik Malentxo nai nuke, Malentxo bakarrik. Neuk emango diot jaten, neuk jantziko det, neuk ekarriko dizkiot arri pitxirik ederrenak, neuk eramango det errri aundietara, neuk... ANA JOXEPA: Ba, ba... Tira, joadi Oñati'ra, naikoa dek-eta. Ez adi alperrik agortu. Ire jarduna, ezkongai guztien jarduna dek. Jardun ori gora bera, egin bear dana egingo diagu Zabaleta'n... MOXOLO: Ba, neuk deritzadana ezpada... ANA JOXEPA: Ik deritzakena ezpada zer? MOXOLO: Zer? Nere burua Urrejola'ko arkaitzetatik bera botako detala. ANA JOXEPA: Mutil.., bota zak nai ba-dek. Txorakerik...! MOXOLO: Ezta txorakeria ez. (Manuel sartzen da. Eizetik au ere. Erbi bat dakarki) MANUEL: (Sartuaz) Kaixo, Moxolo? Eu emen? MOXOLO: (Jaramon aundirik egin gabe) Bai, emen... ANA JOXEPA: (Manuel'i) Zer dakark, mutil! MANUEL: Erbi bat. MOXOLO: (Arretaz) Erbia? Erbia? Euk il al-dek? MANUEL: Nork ba? MOXOLO: Eta nun? MANUEL: Pagoetako bide-kurutzean. MOXOLO: Inguru aietan ibilli nauk ba ni ere... Eta eztiat aztarnik ere somatu. ANA JOXEPA: Nere illobak euk baño ausnar obea dik, Moxolo. Erbitara ateratzea eztek aski. Nora joan jakin bear dik eiztariak. MOXOLO: Bai, bai... Neuk baño suerte obea izan du. (Erbia eskuan artuaz) Eta ederra benetan! (Manuel'i) Salduko al iakek?... MANUEL: Zergatik ez?... Ondo ordaintzen ba-diak... MOXOLO: Zenbat nai dek? Bi ogerleko? MANUEL: Gutxitxo eskeintzen dek. MOXOLO: Bueno. Iru emango dizkiat, baña iñori ez esatekotan gero... Nai al dek? MANUEL: Konporme. (Erbiaren truke dirua jasotzen du) ANA JOXEPA: (Moxolo'ri) Zer? besteren eizakin arro azoldu nai al dek lagun artean? MOXOLO: Al duanak... (Maliziz) Dirua dirua da, Ana Joxepa!... ANA JOXEPA: Entzun diagu, motel... Baña ori, eure buruari engañu egitea dek. Dirua eztek guzia. MOXOLO: Baleike. (Patxi sartzen da) PATXI: Egun on. Eiza ederra egin dek, Moxolo. ANA JOXEPA: Bai.., iru ogerlekokin. (Par Menuel'ek) MOXOLO: Ori ezta emandako itza. ANA JOXEPA: Nik eztiat itzik ez mitzik eman, gizontxo. MOXOLO: Ba, ba... Noan, geiegikerien bat esan baño len... Baña ez aztu nitzaz, Ana Joxepa. ANA JOXEPA: (Irriparrez) Ez aukat ortakoxe!... Oa Jainkoarekin, moteil. Errukarri uke eu bezelako mutil polit bat galtzea-ta. (Par dagite) (Moxolo atariko atetik eta Manuel barrukotik joaten dira) (Patxi'ri) Baña ze arlote itxura dakark, seme!... Ai Patxi, Patxi!, etzekiat eure buruari noiz begiratu bear diokan... Txukuna ator!... PATXI: Andregaia billa asi nadinean, ama. ANA JOXEPA: Ain txuxen ere, nik begiz jota zeukat iretzat neskatx eder bat. PATXI: Bat bakarrik?... Ez ote degu oraingo au amargarrena gutxienez? ANA JOXEPA: Baña, Patxi... (Batpatean ixiltzen da, Joanes sartzen dalako) JOANES: Zer dezute?... ANA JOXEPA: Zer izango degu.., txukunago ikusi nai nukeala gure semea... JOANES: Zera, ikazkintzatik illea koipetuta etorriko zaigu. (Patxi'ri) Joxe igo al-da? PATXI: Bai; Joxe igo danean jetxi naiz neu. JOANES: (Ana Joxepa'ri) Bazkaria nola degu? ANA JOXEPA: Etzaude bazkari zai, gizona. Etxekoen zai zaude. JOANES: Soro bazterrak ikustera noa bitartean. (Bijoa ataditik) PATXI: Noan ba pixka bat txukuntzera. ANA JOXEPA: Ago, Patxi... Jardunean asi gaitukan ezkero... PATXI: Zer degu? ANA JOXEPA: Badakik.., zera.., Arratzain'go Mari Batista'kin egon nauk arestian... Eta, jardunean jardunean.., badakik, Arratzain'en gizaseme baten bearren arki dirala-ta... PATXI: Ta zer? ANA JOXEPA: Alegia, beti mutilzar egon gabe, ik Mikela'kin... PATXI: Baña, benetan ari al-da?... Utzi beit neri pakean, ama! Mutilzar ondo nago! (Abitu bedi barruruntz) ANA JOXEPA: Mutilzartzatik aterako dek protxua!... Badakik: beste munduan neskazar bat lepotik dekala ibilli bearko dek. PATXI: Txorakerik... (Bijoa) ANA JOXEPA: (Bakarrik) Buru-gogorra aiz, baña ikusiko diagu. Jainko maitea!... Samurtuko al diozu biotza gure Patxi'ri! Jesus! Jesus!... (Katalin sartzen da atadiko atetik. Pakete bat eskuan) KATALIN: Zeñekin ari da? ANA JOXEPA: Zerakin... katuarekin! KATALIN: Orain ere arrapatu al dio zerbait? ANA JOXEPA: Bai, mingaña. Tratu ona egin al den? KATALIN: Eztakit; nere ustez bai. Beorren gogozko gauzak erosten ezta errex errexa baña. Asmnatu ote degu gaur! ANA JOXEPA: Zenbat diru txautu dian? KATALIN: Begira zein galtza politak erosi dizkiotan Tomax'i. ANA JOXEPA: Bai, baña zenbatean? KATALIN: Iru peseta ta iru erreal. ANA JOXEPA: Alajaiña! Politak dion?... Diru mordoxka ederra balio diñe orratik! KATALIN: Txapela bederatzi errealean; abarketak laubean. ANA JOXEPA: Lau erreal abarketak?... Noiztik balio diñe orrenbeste arrabeteko abarketak? Gure denboran amaika ontzakoak zazpi txakur aundi... Geigoan ez genizkiñan erosten. Ta onelako txapela berriz, bost errealean geienez. Ia ba, ekaizkidan gelditu zaizkiñan txanponak. KATALIN: Zer ematea nai du, amona? Zenbatzen aaztu altzaio? Galtzak sei peseta ta iru erreal: ogeita zazpi erreal. Txapelak bederatzi... Ona ogeita amasei. Ta abarketen laukin, guzira berrogei erreal. Zer eman bear diot beraz? TOMAX: (Laisterka sartuaz, amari) Ea zer ekarri didazun, ama? KATALIN: Ikus, seme. TOMAX: Bai ederrak!! ANA JOXEPA: Ire negar-muxingaz ez nauk geigo kupituko, Beatzak agirin ta ipurmami gorrian ibili aikek. (Joxerramun eta Inazio Mari sartzen dira. Kaletik datoz. INAZIO MARI: (Atetik) Eup!... ANA JOXEPA: Emen al zerate! (Aizkoratzaz) Zer dakark, Inazio Mari? INAZIO MARI: Aizkora berriak. ANA JOXEPA: Ikusten diat. Zer ote zabiltzate orain ere!... TOMAX: (Joxerramun'i) Begira, aita, zer ekarri dizkidan amak. JOXERRAMUN: Oraintxen, galtza luze oiekin, gizontxo egiñik agertuko aiz. KATALIN: Jantzi nai al dituk? TOMAX: Bai, ama! KATALIN: Ator ba barrura. (Bijoa barrura semearekin) ANA JOXEPA: Aposturen bat al darabilzute? Aizak, Inazio Mari: gurean etzeok jokurako dirurik... Kontuk atera aurretik. Alperrik dituk geroko negarrak... (Joxerramun barrura joaten da) Bai, obe dek ik ere aldegin, Joxerramun... Egiak min ematen!... INAZIO MARI: Baña, ama, sermoia baño goxogorik ez al-du? Lukainka-muturtxo bat-edo... ANA JOXEPA: Ezaiz ezer artu gabea izango, ez. Izango itzan trabenen batean Peru Odolki'rekin. Arrek emango dik kauka. Amaika bider jan dik ire umien ogia, txotxolo, arloteak alakoak!... (Malen, Paula ta Martin sartzen dira.) Martin zuekin?... Alkar arkitu dezute orratik. MALEN: Gurekin eman degu mezetara. ANA JOXEPA: Ederki! Ederki!... Ik zuzenduko den bai, iñork zuzentzezkotan, gure Martin! MARTIN: Ain da zoragarria Malentxo! Inpernura ere jarraituko nioke. ANA JOXEPA: Aitaren ta semearen!... Etzak orrelakorik esan, mutil!... INAZIO MARI: Ni banoa.., Azkarraga'n zai egon ez ditezen. ANA JOXEPA: Ajola dik iri iñoren zai egoteagatik. PAULA: (Inazio Mari'ri) Goazen bai, aita. (Malen'i) Artsaldean... badakin... MALEN: Bai, artsalde arte. INAZIO MARI: (Martiñ'i) I ez al ator, seme? ANA JOXEPA: Ez; gurekin bazkalduko du. INAZIO MARI: Tira ba; goazeman, Paula. (Inazio Mari ta Paula joaten dira) ANA JOXEPA: Oa aldatzera, Malen. Ta jar zan lenbaitlen maia. (Barrura joaten da Malen) Mezetan izan aiz beraz, Martin? MARTIN: Bai, Maleñ'engatik. ANA JOXEPA: Ederki! Ez adi aztu ori dala Malentxo'renganako biderik onena. MARTIN: Eta Malentxo'rengatik nik guzia!... (Joanes sartzen da. JOANES: (Martiñ'i) Emen al degu gure ardi galdua! Bildu aiz orregatik artaldera. Poz artzen dik artzai zaar onek. MARTIN: Ta ni asarre artuko niñun bildurrez... Baña, aitona, zergatik naiz ni ardi galdua? JOANES: Gure eskortatik aldegin oalako, euskal-erritik joan intzalako... Somorrosto aldera. MARTIN: Ori ere ba'degu, aitona?... Ta noiztik ezta Somorrosto euskal-erri? Ezta beorri onen ez-jakiña. JOANES: Somorrosto'n euskerarik entzun al-dek? MARTIN: Ez; bat-edo-bati bakarrik. JOANES: Ta nola litekek euskerarik egiten eztan erria euskal-erri? MARTIN: Izkuntza da gutxienekoa. Bat bakarrik balitz obe. Euskaldun izateak eznau batere arrotzen. JOANES: Zerk errotzen au ba? MARTIN: Lurbiratarra izateak. Munduko erri guziak bat bear luteke. Nik erderarik ikasi ezpanun ez nekike ezertxo, ez nekike dakitan guzia. JOANES: Ta nun ikasi dek orrenbeste? Eskuan dakarken paper ortan agian? Zer dek ori? MARTIN: (Atokeriz) «El Rasero». JOANES: Gauz onen bat bai. MARTIN: Onenetakoa. Emen egi aundiak esaten ditu. JOANES: Ebanjelioa izango dek. MARTIN: Obea. JOANES: Ago ixillik, astoko. (Parra, Patxi'k eta Manuel'ek) MARTIN: (Par egin duenai begiratutakoz) Beok illunpean daude. PATXI: Ta i eguzkitan? Eguzkia iretzat bakarrik egiña dala uste al dek? MARTIN: Ez, danentzat egiña dek, eta danok artu bear genikek. JOANES: Guk, ertetzen dan guzian artzen diagu ederki. MARTIN: Baña nik ez. JOANES: Eu aiz ordun illunpekoa. MARTIN: Ezta orrela. Lur azpian ere argia izan geinke. JOANES: Kriseilluena? MARTIN: Batere kriseillu gabe. Lur azpian ta lur gañean; eguzkirik eztan orduetan, gabaren erdian... MANUEL: Ipurtargia. (Algarak) MARTIN: Zeni egiten diozute par? Nitzaz etzerate txuleatuko. Adi zaidazute benaz: Egiaren argiak egiten dio gizonari argi... nunai ta edonoiz. JOANES: Ta nork emango dik iri argia? JOXERRAMUN: Paper orrek agian. MARTIN: Bai, paper onetxek. JOXERRAMUN: Ba ba... Albistari orren egia ta astoaren arrantza or nunbait dituk. MARTIN: Astoaren arrantza? Nor ote da astoa? Beleak zozoari ipurbeltz. Beok oso atzeratuak bizi dira. JOANES: Ai! Salomon, Salomon kaiku! Obeto egingo uke paper likits oriek irakurtzeari utzita, batetik bestera ibilli gabe, etxeko lanetara lotuko ba'itzake. MARTIN: Gizonak eztu lokarririk bear. Ez etxeko, ez kanpoko. Gizonak lotzeko eskubiderik iñork ez du. JOANES: Ta ori nai ik.., ez lokarri, ez lege. MARTIN: Eztegu lege bearrik, geok egiñak ez izanik. JOANES: Goiko Jauna'ren legerik ere ez? MARTIN: (Irriparrez) Goialdeak utsik daude. Gure gañean ez da iñor, ez erregerik, ez Jainko'rik... JOANES: (Asarre) Naikoa diagu, Martin! Gurutzearen itzalpean zegok Zabaleta baserria, ta baita iraungo ere. Ona emen sarrerako ate-buru gañean gurutzea, egiazko maitasuna erakusten. Ezin uka ordea, emen, baserritarren artean ere, badirala argaltasun ta griña batzuek... Non ez? Baña Jaunaren legea diagu Zabaleta'ko argaltasunen sendatzalle ta giriña gaiztoen lokarri, euskal-basetxe geinetan bezela... Ai! zer zitzaizkigukek gure baserriok, Jauna'ren ezi biguña urratutakoz? Ik ere, gure etxean izango aizen artean, Jainkoa'ren legepean bearko dek! Badakik! TOMAX: (Aitonarengana joanaz) Asarre al da, aitona? JOANES: Ez, Tomax. TOMAX: Apain al nago? JOANES: Oso apain. Gizontxoa dirudik. ANA JOXEPA: Tira, maira danok. (Danak, ixillik, maira jartzen dira) JOANES: Nori tokatzen zaio otoitz egitea? MARTIN: (Irriparrez) Otoitz?... JOANES: (Asarre) Zeri egiten diok par? MARTIN: Oitura au, jakiña..., par egin bear... JOANES: Otoitzari par? Zergatik? MARTIN: Txorakeria dalako. JOANES: Noiztik da txorakeria? MARTIN: Aspalditik. Orain ezta iñun otoitz egiten. JOANES: Ainbat gaiztoago. Orregatik zeudek gizaldiak dauden bezelakoak... Bada jakin ezazute guziok: nere baserrian beti egin izan da otoitz, beti egingo da, ni bizi naizen artean beñepein... ta gero ere baita uste det. ETXEKOAK: Bai, jauna! Bai, jauna! Ezkenduke besterik bear! MARTIN: Ondo da, ez bedi asarretu... Bakoitzak bere ideak ditu... ANA JOXEPA: Gaztien gauzak... KATALIN: Gazte gaiztoenak. JOANES: Gure ondorengo batek onelakoa izan bear zuanik ez nuan usteko!... ANA JOXEPA: Tira, tira, naikoa da: aztu ditzagun aztu bear diranak. JOANES: Aztu!... Nork aztu biotzaren erdian eman zaion sastada zauria barruan ba dago?... (Guziak naigabe arpegia. OIALA |