URRUZOLA ETA BITORIA'TAR 1909gngo. Azaroaren 13an jaio zen, Tolosan. Comercio ikasketak egin zituen Eskolapioetan eta bereala lanean hasi idazkola batean, 15 urte zituelarik. Garai harean, ordea, langile-gai edo meritorioek sosik etzuten irabazten eta etxekoek diruz urri zebiltzalarik, lanean hasi zen. Zudaireko somatenek atxilotu zuten lehen aldiz, 1928gn. urtean, mendian zear zioalarik eta zenbait galdera egin ondoren askatu. Zabal eta zehatz mintzatu zen Bilboko «Excelsior» zeritzan egunkaria gertakizun haretaz. Eusko Alderdi Jelkide egin zen, 1929'garrenean. Errepublika sortu zeneko zipriztiñak ere iritxi zitzaizkion, Donostian soldaduska egiten ari zelarik. Tolosako Uri Buru Batzarkidetzarako aukeratua izan zen 1935gn. urtean eta arreta biziz ahalegindu eta iraun zuen Franco «erori» zen artean. Bere Batzarkide guztiak hilak zirelarik, bera ere baztertua izan zen orduan. Azkoitian, 1933gngo. auteskundeetan «irabazi» zituen lehenengo zigorkadak. Illarrazun ekin zion gudaritzari (1936) eta Loiolako Gudarozte Etxera joan, Tolosa nafarrek «artu» zutenean. Beizama, Mendizorrotz-Oriamendi, Ernio, Elgoibarko San Migel Gaiña... Gero, berriz, Elgeta, Basalgo, Legutiano eta beste zenbait menditan zorroztu zituen ortz eta atzamarrak, fatxisten aurka. Elosu, Nafarrete, Yurre, Artxanda, San Roke eta Laredo; hemen erori zen etsaien eskuetan, «Itxarkundia»ko bere lagunekin. Miranda de Ebro-ko zigor-zelaira eraman zuten eta handik, bere urtebetetze egunez ain zuzen, Bilboko Eskolapios espetxera. Epaitu eta 12 urteko giltzapea ezarri ziotelarik, Larrinagako espetxera sartu zuten. Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten gero eta urte bi iragan ondoren Madrilgo Yeserias ere ezagutu zuen eta bai Balladolidko espetxe probintziala ere. Puerto de Santa Maria zegoelarik, «Euzko-Gogoa» zeritzan isilkako erakundea sortu zen eta hantxe sartu zen Uxola ere, bete-betean. 1946garrenean, San Migel-dik Huarte Arakil-erako bidean lotu zuten berriro eta Tolosara eraman, makildua izan zedin. Donostiako Ondarreta zeritzan espetxera eraman zuten Tolosatik eta 100 egunez eduki, gela itxian, inorekiko har-emanik gabe. Ondarretan ere egin zioten beste epaiketa bat, «traficante de divisas» bezala harturik. Izan ere, 81 laurleko eta urrezko txanpon bat utzi zituen etxean gudara irtetean eta haiek etxean aurkitzean ezarri zioten «traficande de divisas» zelako izena. Azkenean, bizitzen ere uzten etziotelarik, atzerrira joan zen (1947) eta hamabi urtez egon zen han. Isilpeko sindikalgintzan sartu zen 1965garrenean. Bruselas-en ere izan zen (1966) Nazio-arteko Kristau Sindikalisten Batzarrean, euskaldun sindikalisten ordezkari. Gure eleiz-dorreetan eta Burgosko katedralean ikurriñak ezarri zituen eskaladore-taldea aurkitzea ere bere lana izan zen. 1968garrenean, Ernanin atxilotu zuten berriro, 59 urte zituelarik eta bai zigorkada latzak eman ere. Sei ilabete eta multa ezarri zizkioten. Hiru ilabeteko «visita» egina du geroz Martutenera, 1971garrenean. Lanik gabe gelditu zen gero eta Caritas-i laguntza eska beharrean. Geroz ere, sarritan izan ohi ditu polizikoen «visitak», ETA-koek zerbait egiten dutenean, batez ere. Bere den guztia, esan daiteke, irauli duela «Uxola»k aberriaren izan zitezkeen ekintza guztietan, bai jakintza alorrean ere. «Euzkadi» eta «Argia»n hasi zen idazten guda aurretik. Tirotsen artetik igor ohi zituen bere idazkiak guda-garaian, euskera utsez argitaratzen zen eta «Eguna» zeritzan egunkari hartara. Bainan, atzerrian ekin zion literaturgintzari bete-betean, herri-mina bare nahirik bezala. Bertso, olerki, ipui, eleberri eta antzerkiak oparo erne ziren «Uxola»ren hitzkibaratzean. Guatemala'ko «Euzko-Gogoa»n ere agertu zen bere idatz-lanik eta bai «Egan»en ere. Geroz, berriz, «Zeruko-Argia»n, «Goiz-Argi»n, «Agur»en e.a.... Egun haetan euskeratu zituen Simenon'en «Le de pendu Saint Pholis», Edgar Wallace'ren «Iron-Greep», Andreiev'en ipuiak, Andersen'enak eta Dickens'enak. Espetxean euskeratu zuen, geroago, Francois Mauriac'en «Noeud de viperes». Ordurarte lakaripeko lanean ari zelarik, 1956garrenean Arantzazu-ko «Año Jubilar»ean lehenengo saria irabazi zuen «Zotaletxeko artzaiarekin». Bigarren saria irabazi zuen 1964garrenean Donostiako Euskal Jaietan, olerki sailean. Geroztikoak, berriz, Zarautz'ko CIT'en ipui sariketa, Errenderi'n ere ipui sariketa, aur-antzerki, Bilbo'n e.a.... «Xixorien Gertaera» deritzan polizi-eleberriarekin ere aipamen berezia lortu zuen sariketa batean. Oesteko nobelak ere jorratu ditu eta hortxe dago, adibidez, «Pelotariak». Gaur egun, berrogei antzerki ditu idatziak eta bederatzi euskeratuak, eta «Uxola»ren ugaltasun hori ondu duen asko ez dugu Euskal-Herrian. «Lan-Deya», «Gudari», «Redención», «Diario Vasco», «la Voz» eta beste zenbait aldizkari ere ornituak izan dire «Uxola»ren hitzki-jario agorkaitzez, eta oraindik gizaseme gordina dagoelarik, bere luma emankorra saietstuko ez duelakoan gaude. 1978garrengo Lorailaren lehenengo eguneko borroka-agerraldian, honoko hitz legun hauek jaulki zizkion gazte bizardun batek: «KAPITALISTA ZERRIA». |