LENENGO EKITALDIA (Antzeztokiak itxoin-gela bat bear du izan oi diran tresnekin, bereziki ixpillu bat.) LENENGO IRUDIA SISSY: (Oiala igotzean ixpillu aurrean inmintzioak egiñaz ixpillu aurrean apaintzan ariko da.) Ondo gelditu naizela, uste det. Bai, apain nago. Illetxo au... Eta espaiñ auei gorri geixeago emango ba-nie... Ia, orain.... Izan ere emakume apaiña mundu erdiaren jabe da... Betilleak ongi beltztuak dauzkat... Emakumea, gizonaren erregin osoa da... Eta, jantzi auetaz... GEORGE: (Liburu bat eskuetan duela) Liburu guztia irakurriko det eta bukatzeko dituzu zure apainketak... SISSY: Ez al dezu nai zure emaztea eder azaldu dedin? GEORGE: Bai, noski! Bañan orrenbeste apainduri... Ez da England, eko erregeak etortzeko ba-lira ere. SISSY: Geok konbidatu ditugu guateke onetara, gizona. GEORGE: Ori egi borobilla da. Ez da egi txikiagoa gauzak ere bere neurria ba-dutela. SISSY: Bere neurri ta guzi ez det iñor baño gutxiago azaldu nai edozertan. Apaintze ortan Alice eta Jenny ez dirala atzean gelditzekoak, ba-dakizu. GEORGE: Atzean gelditzekoak ez ba-dira ere, zure aurrean bearko gelditu. SISSY: Arrera onena egin bear diegu. GEORGE: Ez noa orren kontra... SISSY: Orduan zer? Eta gañera, ene potxolito orrek, ez al dezu nai emazte eder baten jabe izan? GEORGE: Bai, bai, nola ez. Eder nai zaitut. SISSY: Eta lilluragarri izan nadin ere ez? Bai noski... Emen etxean eta kanpoan ikusi nazatenean nigan jarriko dituzten begiak zureganako inbiri aundi baten eraille izango bai-dira. GEORGE: Sortu dezakete baita ere zureganako zalekeri itxuragabekoa, eta zugan arrokeri indartsuegia. SISSY: Zure erregin izateko beste arokerrik ez det. Nitzaz gero ta geiago lilluratu zaitezen, gero ta geiago adoratu nazazun. GEORGE: Nere erregin bezela zaitudala, ba-dakizu. Neurri ortan maite zaitudala ere bai. Zaitez, beraz, nere etxeari dagokion erregiñaren neurrian. Erregintzak, neretzako... SISSY: Ene, potxolito orrek! Zeloak al dituzu? Millar bider esan izan dizudalako, lenago ere ba-dakizu zuretzat apaintzen naizela. Neri begira txoratu zaitezen... GEORGE: Lilluratuta, zure mendean eduki nai nazu sugeak txoriak bezela. SISSY: Bañan sugeak bezela etzaitut ozkatuko. Nere besoetan artuko zaitut eta zenbat eta nigan lilluratuagoa egongo zeran, orduan eta maitasun aundiagoa emango dizut ordaiñez. GEORGE: Nere zureganako maitasunak morroi beartu naula, ba-dakit. Zurea naiz, osoro... SISSY: Oraindik ere maitaleagoa izatea nai nuke. GEORGE: Geiago oraindik? Ez dakit zer egin nezaken geiago. SISSY: Bada, emaztea ziñez maite duen senarragan gauz asko gelditzen dira egiteko. GEORGE: Bearbada alambrean komeriak egitea, edo-ta arkume biurtu. SISSY: Ez ori eta ez ere sukaldeko ontziak garbitzen jardutzea. GEORGE: Ah, bueno... alare! SISSY: Ene senartxo. Konturatu gabe sartuko zera maitasun bide jatorrean. Bañan oraingoz, zoaz zure gelara. Eta liburua irakurtzen jarraitu. Nere lantxoetan jarraitu bear detalako otsegingo dizut garai egokia danean. Ia, bada, maitetxo... GEORGE: Ai! emakumeen loxintxakeria! (Bijoa). SISSY: (Berriro ixpillu aurrean) Ez nago ain gaizki. Kollare au... Neskamiari otsegin dezaiodan. (Ate ondora joanik) Kitty! Kitty! BIGARREN IRUDIA KITTY: Zer nai du, etxekoandre? SISSY: Nolatan zoaz zure lanetan? KITTY: Gerturik dago guzia. Maia jarrita dago eta maiean bear diran gauzak guziak ere. SISSY: Ederki! Etziñan aaztuko txanpan botillak izotzetan ipintzen. KITTY: Dan-dana gertu dago. SISSY: Ni bakarrik nago, orduan antolatu gabe! (Ixpilluari begiratuta). Zer derizkiotzu, Kitty? KITTY: Panpox eta zoragarri iñoiz ez bezela zaudela. SISSY: Gizonezkoak engañatzeko egiten degun guzia gutxi da. Sorginkeri ontan zer ikasi ba-dezu zuk ere. KITTY: Gizonezkoak zoratzen, errexa al da? Besterik dirudi bada... emen bai-nago iñor ez datorkidala. Santuak jantzitzen asi bearko detan ere pensatzen det sarri. SISSY: Nai dezulako gertatzen zaizu ori, Itxoin ez, joan beroiengana. Nik bezela egin eta ikusiko dezu zeiñen errexa dan gizon bati sarea botatzen... KITTY: Aizea besterik arrapatzeko maizegi bota oi det. SISSY: Zure edertasunak jarri sarean nabarmendurik, eta ikusiko dezu nola inguratuko zaizkitzun. KITTY: Ikusi ez dakit ikusiko ditudan, bañan arrantzan ikasi bearko detala, ba-dakit. Ez bai-zait atsegin neskazar gelditzea. SISSY: Eta bein sarean erori ezkeroz, errexa da gizona menderatzen. Ba-dakizu ongi senarrak zenbat maite naun! KITTY: Asko, txit asko maite zaitu. SISSY: Bada, oraindik geiago maite bearko nau. Ez naiz geldituko neretzat bakarrik bizitzen jarri arte. Artu bearko bai-nau bere emazte, bere erregin eta bere Jainko bakarra bezela. KITTY: Ortatik, gertu xamarrean dabiltzu. SISSY: Geiago oraindik. Nere oiñetan ikusi nai det. Ez al naiz eder? KITTY: Loxintxakeririk gabe, gutxik bezelakoa. SISSY: Orduan, zer? Ia, bada... eskarrikasko Kitty! Zoaz zure lanetara eta ernai egon, laister bear dutelako emen izan gure lagunak eta. Iritxi-ala onaiño erakarri. KITTY: Ala egingo. SISSY: (Apaintzen diardula) Bai txori gaixoak gizonak bere burua apaindurik, bere buruarentzat bakarrik bizi diran emakumeak dauden tokietan. Emakumeen lillurak indar aundia bai-dituzte. (Ateko txirriña entzun bedi). Or datoz. Nijoan gelara eta bat-batean azalduko natzaie, efekto aundiagoa egiteko. IRUGARREN IRUDIA KITTY: Sartu, sartu barrura eta exeri etxekoandrea bereala dezute zuekin-eta. BERNARD: Eskarrikasko, lili eder. JENNY: Eskarrikasko! KITTY: Esango diot emen zaudetela. BERNARD: Zoaz lili eder, zure gozoa emen geldituko bait-da. (Bijoa neskamea). JENNY: Ez al-dakizu neskatxari pakean uzten? Edan bear es dezun ura laga uxolan dijoan arru beetik... BERNARD: Al-banuke baxokada bat edan... JENNY: Lotsagabea! Ez al zaitut naiko? BERNARD: Bai, bañan... nere maitasun aundia? Mundu guzia maite det nik neurri gabe... JENNY: Edo zure burua bakarrik maite dezu? BERNARD: Esi gabeko landa luze bat da nere maitasuna. Zer daba-ta ez maitatu neskatxori? JENNY: Maite zaitun emazte bat ba-dezulako. BERNARD: Orregatixek, bada. JENNY: Orregatixek? Zer ari zera berritsukeritan ez dizudala ulertzen. BERNARD: Begira. Ez al nazu maite? JENNY: Bai, eta merezi dezun baiñan geiago. BERNARD: Tira, merezi dedan edo ez laga dezagun alde batera. Diozunez maite nazu beste ezeri baño geiago. JENNY: Sarri esan dizut ori. BERNARD: Eta neretzat bakarrik bizi zerala esan didazu... JENNY: Baita ere. BERNARD: Eta nik pozik edukitzearren edozein gauza egingo zenukeala ere amaika bider esan didazu. JENNY: Egi, egia da. BERNARD: Lan beartsuena egitera makurtuko ziñakela ni dirutan edukitzearren esan didazu. Izen ona galdu ere bai, artara beartu ezkeroz... JENNY: Bai, zuretzat bizi nai-naiz. Ain maite zaitut sakrifiziorik aundiena egingo nuke. BERNARD: Ikusten? Eta lore bat esan diotalako askar aski muturrera bota didazu. Ez egiz maiteko ba-ninduzu, ala diozun arren. JENNY: Maite zaitut. BERNARD: Maite ba-nazu zertarako ari berriketan? Sobra ere ur ortatik ez det edango bañan edango ba-nu ere zuretzat ez letorke kalterik. JENNY: Puzkarik etzenidake kenduko beñepein. BERNARD: Zure neke eta sakrifiziorik eskeñi bearrik ere ez. JENNY: Obe genuke beste era batera ibili, bañan ori ta guzi... BERNARD: Biok pozik, ez da ala? JENNY: Ni bai pozik, zu pozik izanik. BERNARD: Onela obe. Arrazoietara urbiltzen ari zera. Onelaxe maitatzen ba-nazu nere maitasuna ere alakoxea izango da. JENNY: Senarraren morroi biurtzen ba-gaitu ere maitasunak, gu pozik. BERNARD: Egon! Batedonbat ba-dator. LAUGARREN IRUDIA SISSY: Ongi etorriak gure etxera datoztenak! JENNY: Eskarrikasko, Sissy. BERNARD: Eskarrikasko, bai. Arrera onena egiteko asmoetan zabiltzala ezin ukatu. Beti eder, bañan gaur iñoiz baño ederrago zaude. SISSY: Ala al derizkiotzu? BERNARD: Emakumerik zoragarriena baño zoragarriagoa zaude gaur, egia. SISSY: Etzazula esan... ez da ainbestetarako izango. BERNARD: Benetan andre, benetan. SISSY: Apur bat saiatu naiz apaintzen, bai... zuengatik. Konbadituok zaudetenoi arrera onena egitearren. Ori ta geiago merezi bai-dezute. JENNY: Eta gu txit ezkertuak gelditzen gaituzu. SISSY: Zaudete patxaran. Senarrari deitzera noa (bijoa). BERNARD: (Emazteari.) Errepara al dezu? Au mirabea! Bai omen dira, bizitzeak pena balio ez dula, esaten dutenak. Lerdo alenak! JENNY: Zu beintzat bestetzaz gustatzen zera beti. Zertarako naukazun ere ez dakit... BERNARD: Lengora ara berriz etorri! Eder dan guzia atsegin azit; ederdan guzia maite det. Zureganako detan maitasunak ez dit biderik ixten besteak maitatzeko. Orrenbeste maite ba-nazu zoriontsu bear zenuke ni pozik eta umoretsu ikusirik. JENNY: Esanak esan, alaxen da. Zure poza irixtea da nere elburu guzia. BERNARD: Izan ere begietan jaiotzen dan poza biotzean maitasun egiten da. BOSTGARREN IRUDIA SISSY: Ara emen auek ordurako txintxo aski etorriak! Besteak ere eldu ez eldu izango ditugu. GEORGE: Ongi etorriak! Umoretsu al zatozte, edo? BERNARD: Mundu ontako poztasun bakarra jolasa baldin ba-da, biotz alai etorri bear guateke onetara. JENNY: Nere senar onek nun dan jaia an du zankoa, eta nik bere pozaren eguzkiari ez diot jarri nai izaten lañorik. GEORGE: A, zer bikotea osatzen dezutena! Alako beatzari alako erraztun. BERNARD: Ori, ori! Ja, ja, ja! Ikusten dezu emaztetxo, gure zorionara nolaz oartu diran? SISSY: Izan ere, bai ote da zoriontasun aundiagorik Senar-emazte ondo alkartu bat baño? BERNARD: Orixe ber-bera esaten diot Jenny'ri. Emaztea senarraren gogora ibili bear duela... SISSY: Ez, ez. Iñolaz ere ez. Zenarrak bear du emaztearen gogora ibili. BERNARD: Ez aaztu paradisutik datorrela... SISSY: Munduaren aldatzea. Eba baten eskuetan jarri zuten aldaketa orren giltza ere... (Atean txirrin otsa nabaitzen da.) SEIGARREN IRUDIA (Patrick eta Alice sartuko dira, ark izparringia patrikaran ageriaz.) KITTY: Sartu, sartu etxera. Ementxen daude guziak. (Bijoa). PATRICK eta ALICE: (Batetsu.) Gure adizkideoi arratsalde on eta berezi bat. BESTEAK: (Batera ere.) Orobat zuei. PATRICK: Gu noiz etorriko itxoiten al ziñaten? SISSY: Ez, bada, zuek bakarrik falta ba-ziñaten ere. Gañera, garaiz zatozte. ALICE: (Erlejuari begiratuta.) Egiz, ez gera askorik atzeratu. GEORGE: Alaxen da. Bañan, ala bearrik, lagunei bear dan guzia itxoin bear zaiete. SISSY: Olakoetan bear-bearrezkoenak jai gogoa eta umorea izan oi dira. GEORGE: Eta uste det, ba-dakarkizuela... ALICE: Ez dakargu, bada, guk nai ainbatekoa... SISSY: Orain ere ba-dezute asarreren bat... PATRICK: Etzazula ori uste izan. ALICE: Kontu traketsa idurituarren, gure umoria jetxi danean gure alkartasuna indartu da. GEORGE: Tautik ere ez dizutet konprenitzen. Garbiago mintzatu bearko zerate. PATRICK: (Izparringia atera eta George'ri emanaz.) To, George, eta dakarzkin berriak alaitzekoak ote diran, esaidak. GEORGE: (Mots zoliaz irakurriko du.) Dublin, en burruka latza asi da azkatasunaren alde. Bat egiñik irlandarrak, ingelesen erasoari su eta gar erantzuten diote. Irlanda guzian zabalduko ote dan beldurra dago eta erriari, erri guziari Irlanda'k bere laguntza eskatzen dio. PATRICK: Itxoiten genuen eguna etorririk laguntza eskatzen digute! Guda gañean degula goitik bera dator umorea. Biar, bai ziur, naspilla orretan suntsituak ibiliko bai-gera... SISSY: Agur gure jaiari! BERNARD: Jaiak beti izango dira! Baita guda barruan ere! Burrukatu ditezela batzuen-batzuk. Bedi guretzat elburu bakarra: jolasa. PATRICK: Ez, irlandar jator ba-gera! Gure eginkizun nagusienak bitez idealak. Bai. Bañan gaur, onuzkeroz, al degun ondoen jolastu gaitezen, eta biar, beartzen gaituzten eskeroz, goazen burrukara gure irlandar elburuak lortu ditzagun. BERNARD: Idealak! Elburuak! Ez, ez! Bizi egin bear degu, eta ondo. Ondo bizitzeagatik bakarrik egin dezagun lan. Lenen gu, gero gañerantzekoak... Ez al da ala, emazte? JENNY: Nere ideal guzia nere senarra da. Bera ondo izateagatik edozer gauz egingo nuke. SISSY: Nere iritziz familia da idealik aundiena, eta familian aundiera emakumea. Ez al da onela, senartxo? GEORGE: Emaztea gauz aundia izanagatik, beste elburu batzuek ere badira biotzera deitzen digutenak. SISSY: Bada, utzi itzazu elburu oiek eta bizi zaitez emaztearentzat. Emaztea pozik, etxea pozik. PATRICK: Emazte pozkiratua gauz eder da, bai. Bañan erri baten alde jokatzen degunian erria bakarrik ez da gure elburu, erri ortan eta txit urbil, gure erritarrak ikusten bai-ditut, gure lagunak, gure sendikoak, emaztea, seme-alabak... ALICE: Gure senarrak! Gure ondorengoak! Nik asko maite det senarra, eta bera il-bidera joango ba-litzaida ni ere il-bidera joango nintzaioke. Nere senarraren gorputza nerea bai-da, bere biotza nerea bai-da, bañan nereak dira ere bere elburuak, bere idealak... PATRICK: Anitz ezker, emazte. ALICE: Ez nuke nai bera nere pozara makurtzea, alik eta gutxiago ni makurtzea berera. Poz bat bear degu izan biok ala dagokigunean, eta samintasun bat biok samindurik gaudenian. PATRICK: Senar-emazte artean ez garaitz aldian, ez menderaturik gaudenean ez du nagusirik bear, baizik, berdiñean biok alkarrenganako laguntzalie. SISSY: Ikusten detanez, zuek kapaz zerate burrukaran sartzeko? PATRICK: Ortan zalantzarik ez izan. SISSY: Ez det uste nere senarra ortara joango danik. Neretzat bizi bear du... GEORGE: Zuretzat bizi ninteke Patrick bere emaztearentzat bizi dan bezelaxe... SISSY: Nerekin nai zaitut... BERNARD: Eta zu, Alice, nerekin... GEORGE: Ez dakit, ez dakit. Elburu bat zaitut, maite. Bañan nere erriaren naigabeak minberatzen naute... SISSY: Erriari begiratu egiozu gure maitasun gelatik... GEORGE: Burrukan ixuritako odolak itxutzen ez ba-nau... BERNARD: Ni ez nau bada itxutuko. Burruka nai duenak burrukatu dedilla. Burruka etortzen ba zaigu ere ni burruka ortan al dan ondoen bizitzen saiatuko naiz. Jainkoak ere lendabizi bere burua egin omen zuan, eta gero besteak. Ni ondo nadilla eta ortik aurrekoak or-konpon. Eta, ortan, nere emazte maitagarriaren laguntz osoa izango detala iduritzen zait. JENNY: Zuk eman ibillerak emango ditut, zuk eskatzen didazuna egin. Ez da neretzat elbururik zu besterik. SISSY: (Senarrari.) Aditzen dezu? Ikasbide ederra ematen dizuna... GEORGE: Emaztea makurtu da. Zuk dezu ontan ikasi bearra. SISSY: Zaude ixilik, George! Etzazula lurperatu zure emaztia! GEORGE: Etzaitut lurperatu eta asmorik ere ez nuen. Zure esanari oiartzun txiki bat besterik ez diot jarri. SISSY: Oiartzuna... ezkergabearen oiartzuna! PATRICK: Zertarako asarretu? Zer jan eta zer edan gertatu dituzute gau ontarako. Goazen orain alai, gure pestara, eta gaur beñepein poz izan gaitezen. Egun batzuen ondoren, bearbada burrukaren ekaitzak banatuko gaitu milla bideetan, batzuek eriotz bideetan, besteak zoriontasun bideetan, edo aberastasunetakotan. Gaur kantatu dezaiogun bizitzari, eta biar, ala beartzen ba-gaituzte, eriotzari. ALICE: Nolatan arkituko ote gera emendik illabete batzuetara? Nolaz? Bañan nere senarrak eriotza arkituko ba-lu berarekin nai nuke eriotz izan... BERNARD: Tira, tira utzi negargarrikeri oiek eta goazen guateke orretara tristurak il ez gaitzan. SISSY: Egia. Gaurkoz gauzok aaztu ditzagun. Neskatxari otsegitera noa. (Ate ondora joanik.) Kitty! Kitty! KITTY: Zerbait bear al zuen? SISSY: Gerturik al dago guztia? KITTY: Bai, eta nai dutenean sartu ditezke. SISSY: Goazen bada. (Sartzen aazten dira eta Bernard, Jenny eta Kitty gelditzen dira.) BERNARD: Zoragarria zaude, neskatil! KITTY: Berritsua, zu berriz! Ez al dezu naiko zure emaztea... ALICE: Ori esan! Euliak baño golosogoak dituzu gaur eguneko gizonok. BERNARD: Goxoa beti da goxo! Paregabeko neskatxa zaude, lirain, polit, eder, zoragarri... ALICE: Naikoa degu! BERNARD: (Emazteari jaramonik egin gabe.) Eta panpoxa! Milla bider panpoxa? (Bernard sartzerakoan neskamiak izeka-keñu egingo dio esanaz.) KITTY: Astoentzat ez dituk egin konpiteak! Galtza-plost, ajolakabea! Zapia |