LAUGARREN EKITALDIA (Lenen ekitaldiko gela ber-bera. Zapia altxatzean Kitty, neskamea, sal-erosketara ateratzeko asmoz apainduta agertuko da.) LENENGO IRUDIA KITTY: Noan lenbaillen dendetara. Azkenean ere espetxetik irten eta laister da etortzeko nagusia. Baldinbait ere ez al zaigu etorriko kalean naizenan... Ai, ai, ai! Eta karta? Atzo eta gaur ainbeste jira-bira emandako karta auxe! «Berari eman gero, e», eun bider berritutako izkera, eta beste eun bider tokiz aldatutakoa. Orain, beñepein, etorriko ba-litz ere beriala topa dezan mai gañean lagako det. Susmo txarra ateratzen dioten karta auxe... Etxekoandrea ere aldakor, keskati eta ezberdin aspaldi ontan dabillela, antz artzen diot... Ez dakit, ez dakit, aspaldi ontan Port Lainge erri polit au lagata maizegi dabil Dublin iriburuan... (Maietik ostera idazkia jaso eta irakurririk) «George O'Higgins jaunari». Orla, besterik gabe. Elkor, garratz, aztun... Or gelditzen aiz, kartatxo... eta ia ire barruan izpar onak ditukan. Noan... (Irten bedi) GEORGE: (Ate joka aritu ondoren, sartu bedi eskuetan giltza) Azkenean nere etxean! Nerean! Nere maitasun osatu zan txokoan! Nere kabi goxoa! Bizi izango naizen artean nere maitasun beroaren berri jakingo duena... Espetxetik libra, eriotzatik libra eta ene emazteaz bizitzera etorri naizen etxea! Bañan nun da ene emaztetxoa? (Bi eskuz igurtzi eta begiak zabaldurik) Ez da agiri! Itxuragabeko gauza! Nun, nun da? Ez da agiri! Etzait atera besarkatzera! Ai!... gertakizun zenbaitetan dabillelako izango... edo txantxaren bat, jolasen bat. Bear ba-da gelaren batean egongo gordeta... (Sartu bedi eta entzun bedi ots au: «Si-ssy, Sissy») Etxean ez dago! Kitty ere ez! Zerbait txar pensatzen... Ea, ziur dendatara atereak izango dira (Leio batera urbildu bedi eta begiratu beza) Nere Port Lainge, zoragarria! Nere jaioterria! Ba-niken gogo nere begiz ikusi eta nere izatez gozatzeko! Nere emaztearekin! Nere Sissy zoragarriekin! (Aruntz-onuntz batzuk eman bitza) Ara eta! Eskutitz bat emen! Neretzat da... neretzat... eta nere Sissy'k idatzitakoa! Au takakoa biotzak! Ba-nengoan, bada, nitzaz aazturik ote zegoan! Iriki dezadan... (Iriki eta irakurtzean) Bañan... bañan... zer dio... au, au ezin leike... nere, nere... Erotu egin bear ote naiz... Nota, nola liteke ordea? Irakurri dezadan berriro... «George O'Higgins ene senarrari: Nere baitan milla burruka izan ondoren, gauzak garbi eta zeatz azaltzea erabaki det. Bein maite izandu nizun leialtasun ber-beraxek esan arazten dit etzaitudala engañatu bear, egia azaldu bear dizudala latz eta minkorra izanik ere. Gaur etzaitut maite. Garbi ikusi bai-det etzerala nere gogoa eta nere izatea ase dezazukena. Beste bat maite det, erregin bezala tratatzen nauena, ziñez maite nauena. Bizia salbatu dizut. Eta bizitz orretan zoriontsu izan zaitezela opa dizut. Bañan nerekin ez! Aaztu nazazu, beraz, eta barka nazazu pentsaturik alkarrekin gezurretan bizitzea okerragoa izango zala. Agur! Betirako agur dagizu, Sissy'k». Ene! En bada! Amets egiten al det! Ez, ez, ez nago lotan! Begiak txit zabalik dauzkat! Eskutitza eskuetan daukat! Bai! Ene emazteak beste bat maite du! Eta ontarako askatasuna eman al didate? Obe nun, askoz obeagoa eriotzara eman ba-ninduten! Obe, beti azkatasun garratz au baño! Nola bizi onela? Erotuko naiz! Jendeak izeka egingo didate... Ez, ez, ez! Naiago det il! Nere burua il... eta pakea! Egon! Ba-nun... oraindik gordeta egongo da nere pistolatxoa... (Silloi baten zirrikiturik atera beza pistola bat) Lotsakizunez ilko naiz, eroe bat bezela il nindekeana nere espetxeko lagunekin! Jakingo ba-luteke ainbeste defenditzen nuen emaztearen jokabidea! Au lotsa! Bañan seriotu nadin. Egin dezadan zirt edo zart, zerbait. Ene pistolatxoa! Orain... (Izkillua kargatzen asiko da) BIGARREN IRUDIA GEORGE: Atea! Nor ote? Zer ote dakar? Zer nago ikusteko! Joan irikitzera... Ongi etorri! Sartu, sartu... ALICE: Ongi arkitua George! GEORGE: Ongi etorri, Alice! Eskarrikasko... eskerrak emateko ote nagon ez ba-dakit ere. ALICE: Zer, bada? Bizirik zatozenian... GEORGE: Bai, bañan... ALICE: George, bañan, bañan zer dezu eskuetan? Pistola... Bañan zer dezu? Arpegia beltz dagerzu. Begiak dirs-dris. Pultsoa dar-dar. Pozez lertzen bear zenunean, zer dezu bañan? GEORGE: Zer detan? Iltzeko gogoa... ALICE: Egiz ari zerala diote zure begiak. Ez det konprenitzen. Bizia salbatu dezu. Zurea da azkatasuna... GEORGE: Azkatasun garratza! Eriotza ber-bera baño txarragoa! ALICE: George, baretu zaitez, lasaitu... Zer dezu? GEORGE: Toizu, eta irakurri... (karta eman bezaio) ALICE: (Irakurri ondoren) Beldur nintzana ara egiztatu. GEORGE: Zer? Zertaz ziñan beldur? Esan! Esaidazu, arren... ALICE: Ez dakit bada, oker ez ote nagon ere! Ain txar derizkiot gaizki pensatzea... GEORGE: Zerbait ba-zenekizun! Zerbait usaituta zeunden! Otoi! Esaidazu zure burutapen ori... ALICE: Ezin det... Oker egon ninteke... GEORGE: Eskuetan pistola duen batek dagizu otoi! Bizia maite ez duen baten eskea da. Ezazu errespeto eriotzarentzat... ALICE: Makurtzen naiz. Pistola ori nunbaitean utzi zazu. (George pistola gordetzera dijoan bitartean, Alice'k berekixa) Nere itzak gizon bat salba lezateke pentsamentu txar oiek aaztu arazi ondoren. GEORGE: Mintzatu, mintzatu beriala! ALICE: Zure bizia eta azkatasunaren prezioa dala iruditzen zait... GEORGE: Nere emaztea orretara prestatu ote da? Nitzaz kontatu gabe? Nitaz ez zun konsultarik egin! Inkomunikatuta geundelako ez genun itzegiterik izan! Ez nintzan makurtuko orretara! Eta gutxiago gure menperatzalle baten gozamenerako! Urkamendiko oriotza lenago! ALICE: Sinisten dizut. Eta zure bizi-naia baño zure abertzaletasuna indartsuago dala ikusirik, poz artzen det. GEORGE: Ai! il izan ba-nintz abertzale! ALICE: Obe dezu abertzale bizi, zure eriotzaz ez ba-diozu mesederik egingo Aberriari. Bizitzearekin, bai! GEORGE: Arrazoi dezu! Bañan nere biziaren prezio ortaz, esaidazu dakizuna, arren! ALICE: Mac Swiney iturritik ateratako urak diralakoan nago. GEORGE: Bañan zer ikusirik du Mac Swiney'ek gauz ontaz? Berarekin joan dala edo... ALICE: Ba-du ikustekorik, ez bañan ori. Zeiñen berekoi eta griñatsu ajolakabe dan Bernard, ba-dakizu. GEORGE: Anka ortatik erren ibili oi da, bai. ALICE: Matxinada etorri zanean, ezin bizia sortu zan. Lanak izaten genuen sabelak betetzen eta bizioak aberats batzuentzat bakarrik zeuden libre. GEORGE: Eta ark len bezela bizi nai... ALICE: Orregatik Dublin'go gobernadorearen kutisira irauli zuan bere emaztea, bera ondo bizi zedin. GEORGE: Urdea! ALICE: Onelako batean pentsatu gabe, Jenny'ren bitartez Dublin'go gobernadore orrengana jo genduen zuen biziak salbatzearren... GEORGE: Orain ari zaizkit begiak zabaltzen... eta beste urde aundiagoak... ALICE: Prezioa ipiñi zigun. Zuentzat bizia, eta guretzat bizitz oparotsuagoa... GEORGE: Arrotz madarikatua! Besteen desgraziatzaz baliatzen dan maltzur paltsoa! ALICE: Jenny'k bizia eman zizun. GEORGE: A zer bizia! Milla bider iltzea naiago! Ai! Pozik ote dabil arrotz orrekin! ALICE: Bere kutisiak bete, erregin bat bezala bizi, irlandarra danik ere aaztu zaio. GEORGE: Nik det erru aundien. Itxu bizi nintzan bere aundinaikeria ikusi gaberik. Neronek ematen nion eder zalako arrokeri. Zeiñen zorigabea naizen, Alice! ALICE: Zorigabeak izateko jaioak gera. Neronek ere nere senarra... GEORGE: Barkatu! Nere naigabe orretan galdetu ere ez dizut egin nere adizkide aundi Patrick'engatik. Zer dagi? Zer dio? Zer?, zer?... ALICE: Zure azkatasunaren uneak aren eriotzarenak izan ziran. Irlanda aotan zuela il zan. GEORGE: Nere aldean, kementsu il da! Bizi izan zan bezela! Eta ni, emen... Jauna, jauna! Zergatik ez ote nazu berarekin eraman? ALICE: Irlanda zure bearrian arkitu leikealako, agian. GEORGE: Poz damaidazu, bañan poz aundi, berebizikoa! Zuk piztutzen nauzu! Ikasbidez, zu ez ziñan makurtu, ez zenun arrotzaren jostaillu izan nai izandu! ALICE: Orregatik alargun gelditu nintzan. GEORGE: Patrick, zerutik begira egongo da eskerrez beterik. Ez bai-zun ark bere bizia salduko prezio orretan: Ai! zu bezelako emazte bat izan ba-nu! Ai!, biok eskonduko ba-giña... ALICE: Bizirik-alargun zaude. Katolikoak gera! GEORGE: Alice, barka zaidazu! Nere zoritxarrean zoratzen ari naiz! Zerutik begira dagoen Patrick ez luke nai orrelakorik! ALICE: Barkaturik zaude: Ez aaztu gaur ori ezin litekeala... Eta, ba-noa... GEORGE: Alice... (Eziñegonez eta pentsakor dabil ate soñua nabaitzen danean) IRUGARREN IRUDIA GEORGE: Norbait da or! KITTY: (Oso alai) Nagusi jauna! GEORGE: Oi, Kitty! Zer moduz? KITTY: Ondo, txit ondo nagusi jauna! Eta zu? GEORGE: Osasunez ondo. Gaizki bestela... KITTY: Gaizki? Azke zatozenean? Gaixorik al zatoz edo? GEORGE: Osasuntsu nator, bañan berri txarrak jaso ditut ona etortzean. KITTY: Atzo emazteak utzitako karta irakurri al dezu? GEORGE: Emaztea izandakoaren karta irakurri det. KITTY: Izana? Nagusi jaunak, zer dio bañan? GEORGE: Kartak diona. Bai omen du beste bat ni ez bezelakoa. Ezer ez al zenion igarri? KITTY: Dublin'en aste osoak pasatzen zituala-ta gaizki pensatzen asi nintzan. Bañan ortaraño jetxi bear zuenik ez nuen uste, egia. GEORGE: Egia, bai, garratza baldin ba-da ere. Ez dakit oraintxe, ez dakit nere buruarekin zer egin. Laister... KITTY: (Exerleku gañean pistola ikustean) Ene jauna! Zer ikusten det? Ez zenuen asmo txarren bat artuko... GEORGE: Asmo txarrak neronekin nitun... KITTY: Eutsi ekaitzari! Burua nekatua daukazu. Garbitu, txukundu eta deskantsu pitin bat ar zazu. Biziari gogor egin. Danentzat zabal dago mundua... Mesedez, gela antolatua daukazu eta zoaz... GEORGE: Ba-noa! Bai, ba-noa! KITTY: (Pistola artzera dijoala ikusirik) Orren bearrik ez dezu. (Eskuetan artzen du) Nere eskuetan dago ondoen. (Bijoa George) LAUGARREN IRUDIA (Atea jotzen dute eta Kitty'k iriki ondoren) BERNARD: Nun da gure nagusi jauna? KITTY: Garbitu eta txukuntzen. Itxoin zazu pittin bat. BERNARD: Zurekin itzegiñaz, majo! Ba-dakizu Kitty iñoiz baño ederragoa zaudela? KITTY: Ez nago zure lelokeriak entzuteko. Gorde lore aiek zure emaztearentzat. BERNARD: Alargun nago. Ba-det zerbait zuri esateko... KITTY: Aizeak aiña balioko al du... BERNARD: Ezkonduta bizitzeko jaioa naiz. Nerekin ezkondu nai ba-zenu... KITTY: Ederki eman ere! Zurekin ez da, ez da... BERNARD: Txantxeta artzen dezu, bañan egia da alargundu naizela. Zu zaitut emazte bikaña, neretzako modukoa. KITTY: Naikoa degu! Emen zaudela nagusiari otsegitera noa. BERNARD: (Bakarrik) Ez det emazterik gabe nai detan bezela bizitzerik. Jenny berebizikoa nuen. Arekin bai ederki nere kutisiak egiñaz. Ura bezelako bat arkitzen ez ba-det (pistola artuaz) ipum! ara akabo. KITTY: (Itzuliaz) Berialaxe emen da. BERNARD: Lenen baietz esaidazu. KITTY: Ezetz eta ezetz. (Auek oartzeke, George sartzen da) BOSTGARREN IRUDIA BERNARD: Ni bezelako gizon bat... KITTY: Zu bezelako gizona... gizonagoa bear luke, fiñagoa, idealistagoa. BERNARD: Txorakeriak! Bizitz bat degunez ondo bizitu bear gera! GEORGE: (Bien izketaldia etenaz) Besteren bizkarretik ondo bizi! Emaztea lokatztuaz! Aberria salduaz! Lagunak eta bere emazteak galduaz! BERNARD: George! GEORGE: Ni naiz, bai! Zer nai dezu? Beste emakume bat galdu zure eta nere emaztea bezelaxe! BERNARD: Laguntzeagatik ibili naiz... GEORGE: Laguntz ederra! Zure griñak aurretik zenituala! KITTY: Ederki esana! Orain nerekin ezkondu nai omendu alargun gelditu dalako. Gezurretan, zimaurretara jaurti nai nau. GEORGE: Beste gezur bat ori ere! Bestek alarguntzeko obea da. BERNARD: Egi-egia. Entzun zaidazute. KITTY: Ez! Eta berriro ikusiko etzaitudan lekura zoaz! BERNARD: George, neri zor didazu bizia! Eskerrik ez dizkidatzu ematen? GEORGE: Bizia! Zein bizia izaki! Emaztea eta nion maitasuna galdu arazita! Neretzat, zer sentidu du orain biziak eta azkatasunak! Obe nuen eriotza arkitu ba-nuen! Bai, zoaz, zoaz betirako, bañan lenen erabilli zazu nerekin eskuetan darabilkizun izkillua! Il nazazu! Eta alaz ordainduko dezu zerbaitetan egin didazun kaltea». KITTY: Ez, ori ez! Bere burua il dezala, nai ba-du! Bizi zindezke jatorrian, nagusi jauna! Bizirik aberriarentzat frutu onik asko eman ditzazkezu. Makal, maltzur eta alproja onek emango ez dituan bezelakoak! BERNARD: Kitty, egiz ari nintzaizun... KITTY: Bai ni ere! Zoaz betirako! Eta zure griña mantendu nai duen emazterik arkitzen ez ba-dezu, zedorrek pentsa zer egin... GEORGE: Jenny bezelako xinplerik ez du arkituko... BERNARD: Egia! Jakizue pentsatu detala zer egin! (Ateruntz abitzen da oraindik pistola eskuetan. Irten baño lenago atean jotzen dute) KITTY: (Atea zabaldu ondoren) Alice degu! Sartu... ALICE: (Bernard irtetzen ikusi gaberik) George! George! GEORGE: Bañan, zer dezu? Zer gertatzen da! ALICE: Ikaragarria da! Oraintxe etorri da gabeko izparringia... Ikaragarria da! KITTY: Zer da ikaragarria? ALICE: Dakarkina! (Bernard bertan dagoala oarturik) Au ere emen al zan? KITTY: Etxetik oraintxe bidali degu. Alargundu egin omen da eta nitzaz ezkontzeko gogoz etorri da gezurti zar au. GEORGE: Gezurrarekin beste emakume bat galdu nai. ALICE: Egia da alargundu dala. Bañan egia gezurra baño txarragoa da. Bere emaztearen gorputza oraindik bero dagoala onelako eskeaz datorrenarentzat asma zazute izen egokia. KITTY: Ez det aorik zikindu nai... ALICE: Bere erruz emazterik gabe gelditu danaren etxera kontu oietaz datorrenarentzat, izen txarrena eztiegia litzake. GEORGE: Emazterik gabe? Zer diozu, Alice? Danok erotu bearrian al zabiltz, edo zer? ALICE: Egia, George! Ziñez, orain alargundu zera izparringiak dionez. GEORGE: (Kolpe batez eskutatik izparringia kenduaz) Ene, Jainkoa! Zer da au? Zer gertatu da? ALICE: Irakurri. GEORGE: (Itz larriz) «Dublin'go gobernadorea il dute». KITTY: Gutxiena ori ajola zaigu. ALICE: Izenburua da ori. Jarrai dezala irakurtzen! GEORGE: «Bart, goizeko ordubietan «Munster Akeitetxean» Mr. Wylliam Baker il dute. Berarekin bere maitale zan Sissy O'Higgins ere. Iltzallea bere izenez Jenny Mac Swiney omen da, eta dirudinez zeloak ereindako gaiztakeria omen da, iltzallea len gobernadorearen maitalea izan eta zapuztu zuelako. Akeita-etxea leporaño betetzen zuten jendeak arriturik ikusi zuten nolaz bikotea tiroz josi zituen eta nolaz, gero, bere muiñetara eraman zuan eta bere burua il.» KITTY: Ikaragarria da! Otzikarak datorzkit! GEORGE: Ez naiz poztutzen, ez iñolaz. Bañan txarkeriak bere barruan izaten du sarri merezitako zigorra. KITTY: Gizon onen odol otza! (Bernard'engatik) Nor ezkondu onekin? GEORGE: Agian, beste Jenny bat arkitu al-ba-leza... BERNARD: Ez det arkituko... (abitzen da burua makur) Ez det arkituko. (Irten bedi) ALICE: Ara emen griñen mende dagoenak zenbaterañoko kalteak egin dezakenaren agerpen bat. (Kanpoan tiro bat entzuten da) GEORGE: Tiroa! Orrek bere burua il du! ALICE: Azkar, goazen! KITTY: Ene! (Ateratzen dira, beriala itzuliaz) GEORGE: Orrenak egin du! Jaunak barkatu dakiola guzi-guzia! ALICE: Negargarria! GEORGE: Bai, negargarria guzia! Eriotz auek, nere azkatasun garratza, gure erriak darabilkin burruka, guzia... ALICE: Konpondu eziñekoak dira eriotzak: Zure azkatasunaren garratza etorkizunak berekixa zerbait arindu du. Eta gañerantzekoak, erriak darabilkin burrukan sartzen zeradenian aaztu araziko dizkitzu. GEORGE: Zuk dezu biotz! Zu bezelako emazte bat bear nuen eta bear det. Zea, biok orain libre geran ezkeroz... ALICE: Eskarrikasko nitzaz dezun iritzi onarengatik. Bañan nere Patrick'eren oroitzapenez bizi nai det. Eta bera bizi zanean bezelaxe Irlanda'rengatik burrukatu. Ideala gauz aundia da... GEORGE: Idealarekin emazte on bat! ALICE: Gizaki batek engañatu gaitzake. Idealak ez. Ideal baten billa dabillenak, bere asmoak lortu edo ez lortu, ibiltze ortan arkitzen du poztasun aundiena. Ideal batengatik bizi nai det edozer gauz baño maiteagoa detalako. GEORGE: Zure Patrick añako ba-zera, Alice. ALICE: Ez dakit, bañan berea izango naiz bakarrik. George, emazterik nai ba-dezu ara emen Kitty. Ez du senar fusilaturik... GEORGE: Berak ere izango ditu eragozpenak... KITTY: Ez nizuke ba-da ezetzik esango. GEORGE: Orduan, alkarrekin... KITTY: Biok alkarrekin, bai gauz ederra! GEORGE: Senarra ez ote zenuke engañatuko? KITTY: Ez orixe! GEORGE: Eta ez ziñake aberriatzaz aaztuko? KITTY: Zein baño zein maiteago biotzean sartuta eramango nituzkea. Naiko biotz ba-det ortarako. ALICE: Orduan laister zerate famili batean bildurik familia maitatuz batera, odol uztutzen ari dan gure Irlanda gaxo onen aldez zintzo jokatzen... AMAIERA |