UXOLA'REKIN ELKARRIZKETAN ANTZERTI: Zuk, 49 antzerki idatzi dituzun horrek, idazgintzarako erreztasun berezia duzula aitor beharko dugu. Noiztikakoa duzu zaletasun hori? UXOLA: Ttiki-ttikitandikakoa dut gaztelerazko ipui eta olerkiak idazteko zaletasuna. Amalau urteko mutikoa nintzelarik eta mekanografia ikasten ari, bapatean asma oi nituen ipuiak eta aldamenekoari esan, ark idatz zitzan. Ustekabean urbildu zitzaidan, beingo batez, irakaslea eta ipuia kendu. Neri kendu zidan ipui uraxe izan zen urrengo egunean takigrafia ariketarako gai, eskolako gaztetxo guztiak farrezka zirelarik. Auxe izan zan nere lenengo literatur-saria. ANTZERTI: Zenbat sari lortu dituzu? UXOLA: Zenbat eztakit baiñan literatur-mota guztietan lortu ditudala bai. ANTZERTI: Zergaitik lotu zatzazkio antzerkiari eleberriari baino geiago? UXOLA: Asieran eleberrigintzari ekin ba'nion ere, antzerkiagana itzuli nintzan gero. Eleberriak argitaratzea baiño antzerkiak antzokietan agertzea errezago data badakizu eta gure izkuntzarentzat ongarriago ere bai. ANTZERTI: Oztopo ala laguntza izan duzu idazkintzarako abertzale giroan murgildurik ibiltze hori? UXOLA: Ene abertzaletasuna izan da neretzat ezten eragillerik zorrotzena. Abertzaletasuna nigan nabaitu nuenean asi nintzen euskeraz idazten, izkuntzarik gabe ez bai da erririk. ANTZERTI: Zenbaiterainokoa izan zen guda osteko eragin hura zure bizikeran eta idatz-lanetan? UXOLA: Ez makala, iñolaz ere. Urtez-urte muturrekoak artzen ibiltzeko, iñoren laguntzarik gabe, eta idazle bati zor zaion begirunerik gabe aurreraka irauteko ez da eragin makala bear, ez, arnasik ere opa etzaizun lekuan. ANTZERTI: Nortzuk izan dituzu lagunik onenak? UXOLA: Gudan, nere kronikak irakurtzen zituzten guda-lagunak. Espetxean, olerkiak idaztarazten zizkidaten espetxe-lagunak. Ortik at, utsaren urrengoa. ANTZERTI: Zer irudi ezarri zizun espetxeak etorkizunerako? Zer duzu gogoan? UXOLA: Larrinaga'n geundelarik, «celdas de castigo» batera sartu ginduten, Aberri Egun batez (1938), alai geundelako, amabost egunetarako. Arriaga musikalari ospetsuaren illoba batek sortzen zuen musika, Amezola olerkariak erderazko olerkiak, nik euskerazkoak, eta bagenuen gure artean marrazkilari bat ere. Sei edo zazpi geunden eta antzeztu ere geurok egiten genuen. Bazan an umorerik eta... zerbait geiago ere bai. Goi-mallako militar bati egin ziotena, negargarriena: zearo makildua utzi zuten, fusilatzera zeramatelarik, deadar egin zuelako. Nere azpian zegoen gaxotegira eraman zuten berpiz zedin. Lasta-fardoa zirudin gizagajoak, berriro eraman zutenean. ANTZERTI: Antzerkigile sutsu zeralarik, antzezlaritzarako doarik izan al'duzu? UXOLA: Ez. Antzezle baiño naiago dut entzun-ikusle, nere lantxoak ematen dituztenean, batez ere. Eta antzeztuak izan dire nere 18 obra, Euskal-Erri osoan zear. ANTZERTI: Klandestinidadean, atzerrian eta espetxean egoteak laburtu ala ugaritu egin du zure ekintza literarioa? UXOLA: Ezkutan eta isillean ibiltzeak laburtu egin du nere lana baiñan espetxeek eta atzerria lagungarri izan ditut nere lanerako, edozein leku bait'da egokia lan egin nai duenarentzat. ANTZERTI: Bere obrak antzeztu gabe baztertzean zer nabaitzen du egileak? UXOLA: Begira: Billabonan, elkar ikusi genuen egun batez auxe esan zion Olarra Karraskedo jaunak bere emazteari: «Este señor es uno de los que todavia le quedan ganas de escribir teatro vasco». Nik, ordea, gogor eutsi izan diot nere lanari, buru-gogorra eta setatsua naizelarik, bañan... aspertzen asia nago, oraintxe. ANTZERTI: Zer ikuspegi du zuretzat gaurko euskal-antzerkiak? UXOLA: Norbaitek antzerki-mota bat sortzen ba'du, bereala asiko zaizkitzu gaurdañoko antzerki guziak gaueko auntzaren eztula bezelakoak dirala esanaz. Atzerakoiak eta gaurkotasun-izpirik ez dutela, alegia, «berri» oiek nola-alakoak ba'dira ere. Orretxek dakarrela uste det gaurko euskal antzerkiaren il-zoria. «Ori txarra da» esatea, obeagorik ez dan bitartean kaltegarria da, benetan. Ikusle-entzulea dugu epailerik onena eta berak esango du zein zaion atsegin eta zein ez. Ametslari eta igerleak ez dira izan oi, sarritan, bideerakuslerik iaioenak. Entzulea alaitu eta zerbait irakatsiko diona izan bear luke antzerkiak eta... euskeraz. Eta, euskerarik gabe (goikoek eta beekoek) iñoiz aberririk ez dugu izango, zenbaitzuk bere jokaerarekin alderantzia erakus nai ba'digute ere. |