|     65 zenbakia, 1984ko martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

MARZELIN HEGUIAPHALEKIN SOLASEAN

 

        Mauleko Bidegain ostatuan untsa bazkaldu ondoren, elkar ikusteko jarririk genuen tenorean iritsi ginen Xohutara. Hantxen zegoen Marzelin atarian gure zain. Fotografia batzu hartu eta, hain eguzki goxoa zegoen Txahoenera joan ginela Jon Miranderen familiaren baserriari ikustalditxo bat ematera. Hura bai euskal supazter goxoa! Itzulitakoan, ekin genion elkar hizketari.

        ANTZERTI: Ea, bada, kontaiguzu zure bizitza.

        HEGUIAPHAL: Xohutako mendi baten magaleko baserrian sortu ninduzun. Hamalau haurride bagintzun, zazpi anaia eta zazpi arreba, eta saldoa izanagatik orok alkar maite gintzin. Etxean lanean 25 urte arte, eta gero ezkondu. Eta orai sei haur batziu. Hiru haur ttipi utzirik gerralat juna behar ukan nuen, han preso hartu eta handik itzuli, Jinkoari eskerrak. Eta geroztik Xohuetako karrikan bizi nuzu. Orai erretretan edo farrandan, alfer bizi, aberatsak bezala, eta beti guztu ukan dit, etxean ikusi baitut pastorala, maskaradak, eta dantza eta kantuetan. Ene aitañik 72 pastoral egin zizun, ene aitak 30 eta nik 13.

        ANTZERTI: Ze izena zuen zure aitañik?

        HEGUIAPHAL: Jean Pierre.

        ANTZERTI: Eta aitak?

        HEGUIAPHAL: Jean. Eta hamazazpigarren mendean gure etxenko seme bat apeztu zen eta profesor zizun apez eskola handi batetan, eta erreboluzionia jin aintzinainoan arauz ideiak sobera abantzu baitzituen edo dakit ba nik zer, errebokatu zizuen. Eta guk haren ondoarenetik dizugu pastoralkako zera, eta pastoral anitz egin zizun, eta pastorala orai egiten den bezala haren eijean duzu pastorala. Aitzinian pastoralin etzun satanik. Eta hark satanak ezarri zitzin.

        ANTZERTI: Aldaketarik bai lehen eta oraingo pastoralaren artean?

        HEGUIAPHAL: Bai, handi, handi baduzu. Apezak zizun pastoralen egileak. Haietan eskola buxi bat besterik ez zen, eta beste ofizioko jendea izkiribatzaile izan duzu, baina egile guti. Luzaz elizetan jokatiak izan dituzu. Pastorala frantsez izena da, eta maskarada berbergaiza, ordun etzu izugarri zahar gauza horiek, bestela euskal izena bazuketen. Xaribariak, guk astolasterrak erreiten dugu, zaharrago da pastoralak eta maskaradak baino, izena baitu.

        ANTZERTI: Zuk, ikusi dituzu asto lasterrak?

        HEGUIAPHAL: Bai, bai, eta egin nahian nuzu beste bat, orai hanitzek ezpaitute ikusi. 1925.ean Garindainen azkenak izan zitzun. Ta soizu, eta astolasterrak deitzen ziren.

        ANTZERTI: Nola jokatzen ziren?

        HEGUIAPHAL: Grosierki. Ba, ba... trufa gaitza zizun. Ezkondu bat ibiltzen bazen beste ezkondu batekin, konprenitzen zira, hari egiten zizun astolasterrak.

        ANTZERTI: Eta zintzarrotsak?

        HEGUIAPHAL: Soizu, zintzarrotsak etzu berdin. Alargun bat edo alarguntsa bat beharrezkontzen delarik, heben usaia bat zizun gazteriari eman behar batzitzun sosak, haiekin sonu bat egin zizun. Baina alargunak ez bazuen sosik eman nahi egiten, zizun astolasterrak. Nihaurek izkiribaturik badut, inor izendatu gabe.

        ANTZERTI: Baina, antzerki izenak?

        HEGUIAPHAL: Kattalin eta Kaiet.

        ANTZERTI: Noiz antzeztu zenuen zuk lehen pastorala?

        HEGUIAPHAL: 1927.ean. Hamazazpi urtez. Napoleonen pastorala jokatu genuen Xohuetan, eta urte hartan bi eman ziren, bat Napoleon eta bestea, karrikan, Sant Andre. Bost aitaseme bagintzin obran lanean ari.

        ANTZERTI: Geroztik urtero?

        HEGUIAPHAL: Ez, jiten den bezala. Hor eta luzez gerlatik landa egon tzu gabe. 51.ean Garindainen Robert le diablerekin hasi zizun berriro.

        ANTZERTI: Nolako pastoralak ziren?

        HEGUIAPHAL: Pastoral egiazkoak behar likezu sujeta handi. Soizu, behar duzu pastoralan gora behera anitz, batin nigarrez, bestin irriz, bestin hau, bestin hura, jendia atxiki behar duzu nolapait. Gerla, sortze, hiltze, zernahi behar duzu pastoralin.

        ANTZERTI: Eta satanak?

        HEGUIAPHAL: Soizu, ezarriak izan zizun satanak pastoralen politzeko, erdi dantzariak baitira; batere gaiztakeririk gabe. Gorri bat, turk bat hiltzen zelarik hek infernilat biltzen zitzien, izigarri farrabanda, trapa bat, izigarri pollit zizun. Dantzak entraktak bezala dituzu, zerbitzatzen ere badute aktor bat arropaz aldatu behar dizu, eta orduan, arte hartan satanak sartzen zizun eta gibelian bazuen denbora aldatzeko. Pastoraletan eta xaribarietan jenden trufatzez, eta satan beti satan, baina maskaradetan eztuzu satanik.

        ANTZERTI: Zuk maskaradetan parte hartu duzu?

        HEGUIAPHAL: Bai, bi aldiz egina dut txorrotx bezala. Maskarada, soizu, istorio baduzu, batzu Jesukristo baino lehen bazela, eta ene aitañi izanak erraten zizun, eztakit non entzunik Henri IV, hemen izan baitzizun errege on bat, herri ttipiendako erregea baitzen, eta berek ere libertitzia ere maite baitzitzien, permititu zuela gauza hura, eta nik uste dizut orduz gero dela.

        ANTZERTI: Eta Santa Jenebieba pastorala izkiribatzeko zertan oinarritu zara?

        HEGUIAPHAL: Beste batetan. Jenebieba zahar batetan, honek bazizun mila eta berrehun bertso eta nik hirurehunetara laburtu dut, eta berristoria kontatzen duzu. Solamente luzeegi baitzen laburtu dizut, ez dut istoria deusik kanbiatu. Ene kuplet batzu ezarri dizut, bai, kantatzeko, eta jarri dizut dolurusago leheno baino, pena eta bozkarioa handiago.

        ANTZERTI: Eta zein pastoral gehiago izkiribatu duzu?

        HEGUIAPHAL: Santa Helena eta Aymonen lau semik. Horik dira pastoralarik pollitenak. Eta ari naiz beste batekin ere, Abrahanekin lanean.

        ANTZERTI: Eta badituzu pastorale zaharrik?

        HEGUIAPHAL: Bai, bai. Soizu, aitaitaren izigarri adiskide zizun Etxahun, eta gure etxean beti zizun, eta nola prosesetan beti zebilen Etxahun hua, bada galdu eta lau mila libera pagatu behar eta gure etxeak pagatu, eta gure aitaitak etzuen alerik ere entzun nahi Etxahunen gaizkirik. Intresak pagatu behar eta Heguiaphalia saldu zizun, baina erre zizun eta berarekin ehun eta gehiago kaier, eta Etxahunen berrogei kanturik gora. Geroago sosak bildu zituenean etxea beharregin zizun eta Heguiaphalia berriro eraiki, eta hauxe da gure istorioa.

 

aurrekoa | hurrengoa