|     81 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        Zazpi-zortzi urte nituzkeen, igande goiz batez, apezak, aldare gainetik, predikua bururatzean erran zigularik, arratsaldean, bezperetarik landa, herriko gazteek, Jauregiko sabaian komedia bat eskainiko zigutela, eta... bixkotxak ere erosten ahalko genituela.

        Berri on hori entzutean loriatu ginen... gure herri ttipian ez baitzen segur gauza haundirik iragaiten eta begiak zurituak ginauden, zer izanen zen ote, delako komedia...

        Beti oroituko naiz... Halako besta giro bizi bat ba zegoen gure herrian. Nik, egia errateko, ez nekien zer zen ere, xuxen, komedia, baina zerbait berezi, zerbait eder, zerbait lilluragarri zatekeela, hori bai, zinez sentitzen nuen.

        Bezperetatik jalgi orduko, ondo-ondoan zegoen Jauregiko bidea hartu genuen. Sabaiko ate ondoan, mahai luze baten gainean... seroek apailatu «Choux à la crème» delakoak, han zeuden, gure zain. Haietatik bizpahirur jan nituen, ikilimiliklik. Gero, adin bereko lagunekin batera, sabaian sartu nintzen eta aitzin-aitzineko aulkian jarri.

        Bere harri zaharrak agerian, sabai zabalak itxura ospetsu bat zeukan, eta belar usain bero batek gogoak doit bat kaldan ezarri zizkigun. Zer ikusi behar genuen bada? Sukar saminenak hartua, mila pentsaketetan ari nintzen, gauza zoragarrienak asmatuz eta bihotz-bihotzetik gutiziatuz.

        Luzaz itxoin genuen... baina ez ginen segur aspertu. Merkatuan bezala, emazteak, mihi azpiko zeina zalu, arras gora mintzo ziren; haur ausartenak aldiz, aulki tartean, tira ahala jostetan ari zirelarik... Azkenean, gizonak sartu ziren, banazka edo multzoka, beren bixkotxa partea janik, eta bereziki, beren baso arno xuria klikaturik.

        Orduan, gauzak seriostu bezala ziren eta hiru tanka bortitzak jo zituztelarik, oihala bri-brau zabaldu zen. Taula gaineko bi jokolariak ikustean berean, jendea irriz karkailaka hasi zen, eta komedia denboran entzunari, noiz behinka, batak edo besteak erantzutzen zuen, berdin zirto bipil bat gora-gora botatuz.

        Bi komedia ikusi genituen. Lekenean, bakarrik neskatxek parte hartu zuten. Bigarrenean, bakarrik mutikoek. Eta gertatu zen ere, neska batzu gizon jantzitan agertu zirela, halaber mutiko bat edo beste, emakume arropetan.

        Zer gai aipatu zuten, ez otoi eni galda, baina arratsalde goxo eta airos bat iragan nuela, horretaz bai, oroituko naiz, beti! Hastetik buru, hantxet egon nintzen, ahoa xabal-xabala, deblauki bestelakatuak ziren eta gehiago ezagutzen ez nituen herritar laborari gazte haien urrats pisu eta jestu herabe bitziei begira, inuminixtante beste mundu batetan sartu banintz bezala!

        Orduan sortu zena ote, ni baitan antzerkirako tirria? Nork daki? Ala, amatxiren altzoan entzun Testamendu zahar eta Testamendu berriko hainbeste eta hainbeste ixtorio harrigarriek zidaten gogoa antzerki ildoan finkatu? Ez dakit. Biek, beharbada... Edo, beste zerbaitek oraino? Zoaz zu, jakitera!...

        Dena dela, hamasei urtetan hasi nintzen jokolari edo antsezle gisa, Janamari Malharin andereak zuzentzen zuen Mugerreko taldean eta horrelaxe, Ernest Bidegain eta bereziki Piarres Larzabalen lanak ezagutu nituen. Ezagutu eta errotik maitatu.

        Antzerkian aritzea oso gustatzen zitzaidan eta frango laster erabaki nuen sail horretan trebatu behar nuela, zinez sartu. Eta polliki polliki, idazten hasi nintzen, ber-denboran, ahal bezainbat antzerki liburu irakurriz eta hemen gaindi antseztu teatro obra guziak ikusiz.

        Alegia deusez eta inori deus salatu gabe, zazpi antzerkino moldatu nituen eta bi itzulpen antotaketa ere bai. Zazpi horietarik bat «Hilak hil», Donoztirin, neure sort-herrian emana izan zen, «Herra eta nigar» deituarekin aldiz, «Eskualtzateen Biltzarrak» eskaini saria irabazten nuelarik.

        Ondikotz, Iparraldeko euskal talde «amateur» guziak ezagutzen nituen eta federakuntza baten egitea beharrezkoa zela ikusirik, «Antzerkilarien Bittzarra» montatu genuen, Baigorrin, 1967an. Elkarte horri esker, antzerkitariek berek elgar hobeki ezagutu zuten, eta erraten ahal dut, halako giro berri sortu zela teatro munduan, antzerki lanaren hobetzen hasi ziren talde gehienak.

        1968an, Baionako Herri Antzokian, oraino denek gogoan dugun Larzabalen «Matalaz» obraren aurkeztea, gertakari arrado eta itxaropentsu bat izan zen. Azkenean antzerki euskalduna hupatu zen iparraldeko hiri nagusira. Funtsean, garai hartan, euskal kulturak hats bizkor indartsu bat ezagutu zuen. Alabaina, ez zirena, urte haietan, lehen ikastolak ere sortu?

        Eta euskal kontzientzia bera haize firfira ezti baten pare, edo batzutan frango bortitz, herriz herri hedatzen ari zen, ezazol eta tunante askoren gogo nagiak deblauki inharrosiz. Lehen abertzaleen su karsuak denak berotu nahi zituen, sail orotan ikusmolde berriak agertuz, ohidurak gutiaski zangopilatuz eta zuzengabeziak ozenki satatuz!

        Horra, gutti gora behera, 1970ean, 22 urtetan, idatzi nuen «Bai ata ez» antzerkiaren gaia, mamia, eta erraten ahal dizuet ukan zuela aipaldi, gure Euskal Herriko subazter... edo beste edozein tokitan!

        Antzerki horretan, ausartzia haundienarekin botatzen nituen golkoan nituenak oro eta ez da harritzeko beraz, batzuek, -apezek bereziki- gain-gainetik kondenatu bazuten. Hala ere, arrakasta haundia bildu zuen. Emanaldi bakoitz, antzokiak tanpez betetzen ziren, eta jende xumea loriatuki zegoen.

        «Bai ata ez» bezala beraz, beste antzerkiak ere berdin idatziko ditut, bihotza utziz lehenik mintzatzera, baina gatz biperrak emateko ahantzi gabe. Egun guzietako bizian entzunak, ikusiak, sendituak, edo berdin doi bat asmatuak, ahal bezain polliki itzulikatuko ditut, kontatu nahi dudan ixtorioak ukan dezan hastapen bat, korapilo bat, eta azkenean, bururatzapen bat; eta beti, entseatuko naiz, antzerkiaren ideologiarekin ados ez direnen ere poxi bat ene alde biltzerat, irria nasaiki sartuz. Irria bait da, antzerki batetan, harmarik hoberena.

        Garbiki aitortzen dut beraz, ene antzerkien bidez, ideia bat, ikus molde bat pasa arazi nahi ukan dudala, edo bederen, ikusliarren baitan, gutienez, duda, kezka bat portarazi; ideia inapresten aurka altxatuz.

        Baserritar xume semea izanez eta esku-langile, jende xehearen buruhauste eta eguneroko borroka idor higagarriak ezagutzen ditut, sentitzen, eta hor aurkitu dut, hain xuxen, ene teatro lanen mitxa, zinezko funtsa.

        Horrelaxe, urtez urte eta antzerkiz-antzerki, «Bai ala ez»-en ondotik, hemengo jendea errotik hunkitzen zuten-edo hunki behar zuketen-gaiak aipatu eta ikertu ditut, eta hori, beti abertzale ikuspegi batekin. Bide harriskugarria segur! Zeren ordu arte, jendea, komedietara, bakarrik irri egiteko bait zoan, jostatzeko, eta horra non, irriarekin batera -nik ere, lehenago erran bezala, irria brauki sartu dut- ahorra beraz, orain irriarekin batera, ordu arte antzerkietan ez entzun ahopaldi bipil, bortitz batzu aditzen dituztela. Eta ikusliarrek diote, nahitez, antzerki berri horiek gehiegi politizatuak direla. Dena politika dela hori.

        Egia da -eta ez dut batere horretaz dolurik- antzerkiaz baliatu naizela, ikusmolde politiko batzuren deblauki agertzeko eta ahalaz ideia horien pasa-arazteko, ene ustez euskaldun gogoen argitzeko, aitzina-arazteko, hots, gure gizartearen aldatzeko. Ez naizela aski abilki jokatu eta hobeki eginen nuela, gauzen goragotik hartzea eta metaforetan dantzatuz ibiltzea? Berdin bai. Hori, beharbada, geroxago ikusten duzu, adinarekin, baina berriz ere diot: pentsatzen nuena, barne barnetik sentitzen nuena idatzi dudala, herrikoi mintzaira aixit baina ahal bezain garbian, eta horrelaxe, nere gisan, parte hartu eta hartzen dudala euskal populuak, gure herriak daraman borrokan.

        Funtsean, Piarres Larzabal ere, jada, bide horretatik ibilia zen. Antzerki arin, irringarrien ondotik, hunkigarriak idatzi zituen, Euskal Herriko gure gizon famatuen bizia kondatuz, eta hor ditugu lekuko: «Etxahun», «Bordaxuri», «Matalaz», besteak beste...

        Eta Larzabalek gizon historiko horien bizitza kontatu digu, Eliza Katolikoan finkatu bere apez ikusmoldearekin, erran nahi baita, haiek aipatzean, ororen buru, beste norbait zuela gogoan: Jesu-Kristo bat, umiliatua, baztertua, eta azkenean sakrifikatua izanen dena.

        Telesforo de Monzon zenaren obretan aldiz, halako giro berezi bat sortzen da, jokolari nagusia lurretik airatzen edo urruntzen da, beti perfekzio haundiagoa bilatuz eta nahitez ametsaren munduan sartuz. Zerutik erori edo itzal bihirik gabeko gizon haren ondotik dabila Monzon.

        Ene antzerkietan, ez da, ez Jesu-Kristorik, ez eta, gizon probidenzialik hanbat agertzen. Denak mundu hontakoak dira, egunero gurutzatzen ditugun jende normalak, gu irudiak, beren alde on eta txarrekin! Erabiltzen dituzten solasak ere, non nahi eta noiz nahi entzun dezazkegu, han edo hemen.

        Nik, bide hori hautatu dut, eta bakarrik, edo jokolariekin aitzinetik hitzartu ondoan, idatzi ditudan hamabi antzerkietan, publikoak bere burua taula gainean ikusten du, jantzi eta mintzatzeko manera berdintsuekin. Beraz, eguneroko biziak eta teatroak bat egiten dute.

        Forma didaktiko horrek ba ditu bere alde onak, baina ere, eta nola, bere alde txarrak. Jendeak dio: -«Ez du segurki balio, antzerki ikustera pagatuz joaitea, teatro mota hori, etxean berean ba dugularik, eta kitorik (debalde) gainera»!

        Horra hor, bi gogoetaren -edo hobeki erraiteko, bi mila gogoetaren- egiteko padara. Eta batzu segurik, nihaurek ere egin ditut, bost urte egonez deus berririk idatzi gabe. Egia da, ideia berak ukanik ere, bizi arau, gauzak aldatzen direla, ikusmoideak halaber. Eta hanbat gaixto, ez baldin badakigu gure iritzien erreberritzen... hobetzen.

        Haatik, ez oraino eni galda, delako egiazko bidea -giltza- aurkitu dudanez... Funtsean, ez dut uste, egiazko biderik ba denik ere! Bideak, ba direla bai. Eta idazle bakoitzak bilatzen eta ahalaz aurkitzen du berea. Horregatik, azken hogei urte hauetan, gauza ezberdinak ikusi ditugu, nahiz, hala ere ez den urradura berezi garrantzizkorik agertu. Obra guziak, orohar, berdintsuak izan dira. Dela irria, dela drama, euskal antzerkia ez da oraindik behar bezala zapartatu. Eta beraz, bidea, enetzat segurik hauxe da: lan egitea! Beti bilatzea. Zilatzea. Barnatzea. Sail orotan. Bai idatz mailan. Bai eta, jokolari gisa. Eta hitz dizuet ba dugula lan egiteko. Nahiz, azken une hauetan, gure antzezleak urrats beharrezko batzuren egiten ari diren, formakuntza serios bat segituz. Baina horrek ez du deus handirik balioko ez badira ber denboran idazle berriak sortzen, zuzendari berriak jalgitzen, eta bereziki, publiko aldetik, jendea ez bada mugitzen, hots, teatroari zinez ohartzen eta agerkizunetara ostean etortzen.

        Teatroa Euskal Herrian, komunikabide haundi bat izan da, gisa askotara, bizi-emaile, eta gaur egun ere berdin izan behar luke. Horregatik, sala barneko teatro tinki, hertsi batetan mugatzeko partez, ongi litzateke, beharbada, gure arbasoen ohidurak berriz agertuz, teatro orokor bat munta bagineza: dantza, soinua, kantua, bertsua, eta bixtan da, elea, (mintzoa) abilki eta izarian nahastikatuz! Alabaina, mila aberastasun ba ditugu ongi baliatzen ez ditugunak!

        Horrelako baten egiteko kapable bagine, hastapenean aipatu bezala, teatroa zinezko besta bat, besta haundi bat bilaka litzateke eta gure euskal antzerkiak, bai hemen eta bai atzerrian, ez lezake irabaz baizik.

Daniel LANDART

 

aurrekoa | hurrengoa