|     81 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LEHEN ZATIA

 

 

I. GERTALDIA

 

(Iturrian)

(Mihise urdin bat lurrean, hiru latsa-harri).

 

KOXEPA

 

(Ezker aldean dagoen latsa harriaren gibelean, KOXEPA, mihise baten xuritzen ari da, belaunikaturik. Ezker eta eskuin begiratzen du, aspertua dela erakutsiz eta bereziki sendi-araziz norbaiten aiduru dagoela. Bultaño baten buruan emazte bat sartzen da, saskia sorbalda gainean... IXABEL ere belaunikatzen da. Bien artean uzten dute latsa-harri bat hutsik).

 

KOXEPA-IXABEL

 

KOXEPA: Azkenean! Ez da goizegi... Uste ez banuen goiz guztia bakarrik iragan beharko nuela...

IXABEL: Ah... Gaixo Koxepa... Ba zeneki zer gaua pasa dudan... Zer gau izigarria!

KOXEPA: Zer zenuen ba... Ixabel?...

IXABEL: Akerra!

KOXEPA: Akerra?

IXABEL: Bai, Koxepa, bai! Akerra eztulka...

KOXEPA: Akerra eztulka? Nongo akerra? Ez duzue zuek akerrik...

IXABEL: Guk, ez... Harrixiloko akerraz naiz mintzo... Harrixiloan orain, fantesia haundian, erosi bait dute akerra, zazpi ahuntzekin...

KOXEPA: Eta Harrixiloko akerraren eztula entzuten zenuen zuk?

IXABEL: Bai Koxepa, bai! Gau guztian...

KOXEPA: Ez da posible... Harrixiloa zuen etxetik biziki urrun da... Zaude, zaude...

IXABEL: Ez du balio... Ni segur naiz Harrixiloko akerra zela...

KOXEPA: Non zabiltza, Ixabel... Akerraren eztula biziki bortitza izanagatik... ez zenuen halere zuk, hiru kilometrotan adituko...

IXABEL: Haizea...

KOXEPA: Haizea?

IXABEL: Eta bai Koxepa... Haizeak ekarri dit Harrixiloko akerraren eztula belarrietara!

KOXEPA: Hum... Ba da hor besterik...

IXABEL: Zer ote?...

KOXEPA: Nork daki... Zu oraino ezkont gabea izanki eta... behar bada zure leiho azpira norbait etorri daiteke...

IXABEL: Jainkoaz, zaude ixilik... (Eta brau xutitzen da).

KOXEPA: Eta zuri, han zela konpreniarazteko, delakoa... eztulka ari izan da... Eta zuk uste ukan, gaixoa, Harrixiloko akerra zela...

IXABEL: Iziarazten nauzu... Ene leiho azpian... (Durduzatua). Gizon bat... Uiuiuiuiui! (Bortizki). Ez, Koxepa! Harrixiloko akerra zen! Hortaz segur naiz!...

KOXEPA: Ni, ez ba... Preseski, egun hauetan, Elizanburuko Pilale biziki marranta da... mafrundi... Eta...

IXABEL: Eta?

KOXEPA: Eta beraz eztula merke dukeela...

IXABEL: Pilale bego Elizanburuan... bere zango motzarekin... Zangoa moztu aitzin hasi balaut eztulka, ez dut erraiten... Baina orain, berantegi da. Berantegi... Eta egia deblauki jakin nahi baduzu, erranen dizut ahoan bilorik gabe: hautatu behar eta, nahiago nukeela oraino Harrixiloko akerra, Elizanburuko Pilale baino...

KOXEPA: Baina Ixabel, zure arrazoinamendua akerraren adarrak baino makurragoa da! Pilale mutiko plantakoa da...

IXABEL: Behar bada... Baina haren usainaren aldean, Harrixiloko akerrarenak... (Gizon bat sar bedi. Hura ikusi orduko, bi emazteak net kalakatik gelditzen dira eta lanari lotzen).

 

KOXEPA - IXABEL - KALIXTRO BIXOK

 

(KALIXTRO BIXOK bi emazteen erdian belauniko plantatzen da deus erran gabe. Ez dute elkar agurtzen. Zare ttiki batetatik, lehenik, galtzerdiak ateratzen ditu eta haien xuritzen hasten da. Bi emazteek, diskretuki, noiz behinka, elkar begiratzen dute, irri trufari bat ezpainetan...)

 

KOXEPA: Zer denbora...

IXABEL: Zuk errazu... Jainkoai esker ez dugu arrenkuratzekorik...

KOXEPA: Eta gure gizonak dionaz...

IXABEL: Berdin segituko duela?... (Burua igitzen du, batean, gizonaren aitzinetik mintzatzeko, bestean atzetik).

KOXEPA: Bai, bai... Hiruzpalau egunez aro bera ukanen omen dugu...

IXABEL: Hobe... Hobe...

KOXEPA: Ba araiz... Gure xuriketak, horrela, laster idortuko zaizkigu... (Galtzerdien ondotik, galtsun luzeak ateratzen ditu KALIXTRO BIXOKek).

IXABEL: Denbora ederra baina, frango frexko halere...

KOXEPA: Bai, bai... Bultaka... Zer nahi duzu... Negua heldu, ori... Negua heldu...

IXABEL: Bai... Eta batzuek, besteak baino goizago senditzen negua...

KOXEPA: Dudarik gabe... Bereziki ofizio geldi bat dutenek... Edo bestela, berenaz doi bat delikatuak direnek... Jakizazu gure gizonek segurik ez dutela neguaren beldurrik!...

IXABEL: Zenbait eztul goiti-beheiti joanen da ba negu hau ere... besteak joan diren bezala...

KOXEPA: Bai, bai... zenbait eztul goiti-beheiti.

IXABEL: Eztula baizik ez bada...

KOXEPA: Hori, hori... Jakitea da haatik, delako eztulak zenbat iraunen duen... (KALIXTROk atorra kentzen du eta larru-has dagoela atorra xuritzen du. Emazteek begiak hesten dituzte. Xuritu ondoan, hiruzpalau zafraldi ematen ditu, eguzkitara xuka arazi nahi balu bezala eta gero berriz soinean ezartzen du... Zareñoa hartzen du eta ba doa, sudur mintzo eskerniolari batekin erranez):

KALIXTRO BIXOK: Zer denbora... Zer denbora ederra! Akerrarendako!...

 

KOXEPA-IXABEL

 

IXABEL: Aditu duzu Koxepa... Aditu duzu bihurri horrek zer erran duen...

KOXEPA: Bai. Akerrak aipatu ditu.

IXABEL: Segur naiz gure solasak entzunak zituela. Iturrira jin aitzin, gure barrandan egona zitakeen, zirtzil hori!

KOXEPA: Uste duzu?

IXABEL: Bixtan da baietz. Funtsean ez naiz harritzen... Gizon hori lanjerosa da. Ni betitik mesfidatu naiz hortaz... Beti... Ez da besteak bezalakoa hori... Burutik maingu da. Edo izaitekoz, burua hutsa du horrek. Zeren, guk bezala, burua betea balu, ez lezake egun osoa irakurtzen pasa... Uste du liburuek tapatuko diotela buruan daukan ziloa! Gaixo mintsa... Gaixo xoxoa! Eta ikusi duzu... gainera, ez duke atorra bat baizik! Trixte horrek!

KOXEPA: Emeki, emeki lxabel... Biziki jakintsuna omen da gure Kalixtro Bixok. Filosofia zer den ba omen daki... Badakizu zuk lxabel... zer den filosofia?...

IXABEL: Bai, badakit!

KOXEPA: Zer da? (Ondo-ondora hurbilduz).

IXABEL: Akerraren eztula!

 

(MENANE sar bedi, zakur «faltsu» bat besoetan)

 

KOXEPA-IXABEL-MENANE

 

(Ez du hanbat beste bi emaztei kasu egiten. Burua beti mugika ari zaio. Arrunt bitzia da).

 

MENANE:

                Zakurra

                Pin patapun pin pun pan

                Zakurra eskaleeretan

                erori...

                Pin patapun pin pan

                Zakurrak

                Eskaleerak

                Itzulikaka jautsi

                Eta ixterra hautsi!

                Auu Auu Auu Auu...

                Gaixo Kiki...

                Zakurra erori,

                Zakurra eri...

 

                Zakurrak buruan

                Bi ban bum bin

                Zakurrak buruan min!

 

                Kiski kaska koska

                Zakurrak begian maska...

                Kokarra,

                Okerra...

                Beste begia nigarrez

                Buztana beldurrez...

 

                Gaixo Kiki!

                Zakurrak sukarra...

                Galdua indarra,

                Ezin egin lasterra!

 

                Pin patapun pan pun

                Nor da hobendun?

                Aita!

 

                Aitak zakurrari

                Ostiko bat igorri...

                Zakurra erori

                Eskaleerak jautsi

                Pin patapun pin pun

                Eta ixterra hautsi!

 

                Burua kaskatu,

                Begia okertu...

 

                Gaixtoa, aita!

                Nik emanen aitari

                Aitak zakurrari

                Eman diona:

                Pin pan

                Ipurdian

                Ostiko bat ona! (Jestua eginez)

 

(Eta MENANE ba doa)

 

KOXEPA-IXABEL

 

KOXEPA: Zakurra erori, zakurrak buruan min... berak bai, noizbait, kaska on bat bildu...

IXABEL: Gaizo Menane... Zer trixtezia bestenaz, holako jaun auzapez argiaren alaba bakarra gisa hortan ikustea!... Arrunt zozoa...

KOXEPA: Mintzo baita bederen...

IXABEL: Mintzo, mintzo... Zeren erraiteko?!

KOXEPA: Hori ere, alta, hala da bai... Beti oroituko naiz... Bazko arratsalde batez... gure Maitexaren ondoan zen eta...

IXABEL: Maitexa, zuen seigarrena da, ez?

KOXEPA: Ez. Azkenaren aitzinekoa. Zazpigarrena...

IXABEL: Zenbat urte ditu, orain?

KOXEPA: Kasik hogei... Beraz, segi dezadan... Bazko arratsalde batez, tira ahala kantuz ari zen: Hik eta nik piztu Jauna... (kantatzen du, bietan). Hik eta nik piztu Jauna... Hiletarik piztu Jauna erraiteko partez...

IXABEL: Konprenitua nuen, bai... Gaizo trixtea... Fitxitako ez omen da on... Fitxitako...

KOXEPA: Ez eta aker zaintzeko ere!...

IXABEL: Alta, ez du eztulik ori, horrek!

KOXEPA: Eta bi zangoak, ongi...

 

(Sala atzetik gizon bat oihuka eta lasterka agertzen da eta ikuslarrien erditik pasatzen).

 

KOXEPA-IXABEL-TARRAPAT

 

TARRAPAT: Eh... Eh... Errazue... Errazue, emazteak... Jaun auzapeza ikusi nahi nuke...

KOXEPA: Jes, nor dugu hori? (Erdi ahopetik).

IXABEL: Ez dut ezagutzen...

TARRAPAT: Non bizi da auzapeza? Eh—. Errazue... Ba dakizue zuek, non bizi den herri hontako alkatea?

KOXEPA: Bixtan da ba dakigula... Zer nahi diozu?

TARRAPAT: Ikusten ahalko dut? Segidan mintzatu nahi nioke...

IXABEL: Hortxe bizi da, ondo ondoan...

TARRAPAT: Zoazte otoi haren bila... Eta erraiozue izigarriko, harrigarriko, ezin sinetsizko berri batekin natorrela...

KOXEPA: Zer da? Zer da?

TARRAPAT: Ez dizut salatzen ahal. Zoaz auzapezaren bila... Segidan... Segidan...

KOXEPA: Ba noa. Ba noa. Jainkoa! Ez al da zerbait deabrukeria bederen... (eta zeinatzen da).

TARRAPAT: Ez duzu asmatzen ahal. Norbait etorriko da.. Egundaino munduak ikusi ez duen norbait...

 

(Eta ezin konprenituzko jestu haundi batzu egiten ditu).

 

IXABEL: Zoaz, Koxepa, Klemente Zingil gure auzapez onaren bila... Ni, baleki bale, apezaren abisatzera noa... (Eta biek betan derasate):

KOXEPA eta TARRAPAT: Ez baginu bederen... Ez baginu... akerra hain usu aipatu !... (Eta bi emazteek beren xuriketak biltzen dituzte eta beste deus erran gabe jalgitzen dira).

 

TARRAPAT

 

TARRAPAT: Eskua altxatu du. Altxatu. Eta mendia... Animaleko mendi bat kurri abiatu da. Kurri. Eta mendia tokiz aldatu du!... Mendia tokiz aldatu!... (Bi besoak airean eta postura bitzi batetan tanpez gelditzen da).

 

(MENANE agertzen da, bere zakurra besoetan).

 

TARRAPAT-MENANE

 

(MENANE lehenik burua apalik zakurrari so, gero TARRAPAT ikusten duelarik):

 

MENANE: Kiki... Huia, huia, Kiki... Arrotza dun hori... Huia, huia. Ausikan. Ausik! Ez dun hemengoa. Xanpa. Xanpa! Are, are! Naka... Naka... Ez. Ez. Geldi, Kiki. Geldi. (Gizonari gainetik behera begiratuz). Ederra. Bai, bai, bai, bai, bai... ederra. Mutua baina ederra... Doi bat kainkaila... zingila... Bai, haundixkoa... baina aurpegi gozoa... Eh... Kiki?... Gustatzen zain? Bai?! Eh zu... Gizon... nahi zenuke ene Kikirekin ezkondu??! (Auzapeza sartzen da, urrats haundi).

 

TARRAPAT-MENANE-KLEMENTE ZINGIL

 

KLEMENTE ZINGIL: Mename! Menane! Zer ari zara hor? He! Zer ari zara! Zoaz berehala! Zoaz hemendik etxera! Aditzen duzu! Joaiteko!

MENANE: Ausikan, Kiki! Ausikan!

KLEMENTE ZINGIL: Menane! Kuku zaitez, kuku! Gorde! (Eta MENANE urruntzen da, baina arrunt atera aitzin jestu bat egiten du aitari ostiko bat ematen balio bezala...).

 

TARRAPAT-KLEMENTE ZINGIL

 

KLEMENTE ZINGIL: Zu zara delako mezularia?

TARRAPAT: Ni naiz, bai...

KLEMENTE ZINGIL: Xuxen nor zara eta zer berri ekartzen diguzu?

TARRAPAT: Ni Jauna, bidez bide nabila, mendiz mendi, itsasoz-itsaso... kurritzen ditut herriak, hiriak, erresumak... Horrela berriak jakiten ditut. Eta berriak zabaltzen... Jakin nahi dituztenei...

KLEMENTE ZINGIL: Eta zein da gaurko zure berria?

TARRAPAT: lzigarria da. Egundaino...

KLEMENTE ZINGIL: Erradazu bada...

TARRAPAT: Erranen dizut... Baina lehenik ordaindu behar nauzu. Ni berriketarizatik bizi naiz... (Eta eskua luzatzen du. Jaun auzapeza dudan dago ordaindu behar duenetz ala hortik alde egin). Zure beharriek ez dute inoiz horrelakorik entzun... Funtsean ene begiek ere ez zuten egundaino horrelakorik ikusi... Sinets nezazu, Jauna. Sinets. Eta jakin ezazu, ez zaizula dolutuko eni bi sos emanik! Harrigarria. Sekulan ez gertatua... (Lerro hauek, kasik oihuz erranen ditu, hirietako kaseta saltzaleek egiten duten bezala).

KLEMENTE ZINGIL: Ori... Eta orain konda iezaidazu!

TARRAPAT: Herriz herri dabila delakoa... Sekulakoak egiten ditu... Ezin sinetsiak... Azkenik, azkenik ikusi dudan gauza...

KLEMENTE ZINGIL: Zer da?

TARRAPAT: Mendi bat tokiz aldatu du!

KLEMENTE ZINGIL: Zaude isilik!

TARRAPAT: Egia baietz! Berriz ere diot, nihauren begiz ez banu ikusi, nik ere ez nuela sinetsiko baina egia bait da! Garanti! Garanti!

KLEMENTE ZINGIL: Mendi bat? Nitaz trufatzen zara!

TARRAPAT: Ezetz! Funtsean zuhaurek jujatzen ahalko duzu, herri honi buruz heldu da...

KLEMENTE ZINGIL: Ez dut nahi honara jin dadin! Ez dut saltsarik nahi! Gu, hemen, bakean bizi gara. Bakean! Aditzen duzu? Ez dugu hemen deabru beharrik!

TARRAPAT: Ez du deus kalterik egiten... Herri guzietan haren beha daude...

KLEMENTE ZINGIL: Ez dut nahi gure mendi bakarra tokiz alda dezan... Ontsa da den tokian!...

TARRAPAT: Herri bakoitzean gauza bereziak egiten ditu. Eta auzo-herrian, mendia tokiz aldatu badu, ez du, horrela, burutik pasa zaiolako egin... Herritarren izenean auzapezak galdegina zion... Mendia toki hartan, poxulu zutelakotz...

KLEMENTE ZINGIL: Ah... hola ba... Errazu eta... delakoak, eriak sendatzen ditu?

TARRAPAT: Bixtan da baietz...

KLEMENTE ZINGIL: Zozoak ere?

TARRAPAT: Dudarik gabe...

KLEMENTE ZINGIL: Errazu eta... delakoa, zer gizon mota da?

TARRAPAT: Gizon mota... Gizon mota... Delakoa... emazte bat da...

KLEMENTE ZINGIL: Emazte bat? Jainko ona! Eta sinets arazi nahi ukan didazu mendia tokiz aldatu duela! Emazte batek?! Oraino, gizona izan balitz!

 

(Eta urrats haundiz abiatzen da, TARRAPAT ondotik segitzen zaio...)

 

TARRAPAT: Eh, eh... Jaun auzapeza, zaude... Zaude... Beste xehetasun batzu ba ditut... Eh... zaude...

 

(Eta biak jalgitzen dira. Haiek atera orduko, MENANE berriz agertzen da, aldi hontan zakurrik gabe).

 

MENANE

 

MENANE: La la la... ni ezkonduko naizela...

        La la la... ni ezkonduko naizela... La la la...

 

(Lerro hori asko moldeetara erranen du. Eta hor erdi jauzika, josteta ari delarik, alegia deusez, hiru latsa-harriak elgarren gainean ezartzen ditu; mihise urdina hartzen du eta bizkar gainean ezartzen; gero gaintto hortara hupatzen da eta irudi luke... Ama Birjina!).

 

 

II. GERTALDIA

 

(Elizan)

 

DON IPOLIT

 

(Apeza sartzen da, kurutzearen seinalea egiten du, belaunikatze labur bat aldarearen aitzinean eta gero «Ama Birjinaren» ondoan deblauki belauniko, burua bi eskuen ahurrean).

(Geroxago IXABEL sartzen da).

 

DON IPOLIT-IXABEL

 

IXABEL: Don Ipolit. Don Ipolit... (Apeza ez da mugitzen...) Don Ipolit... Ni naiz, Ixabel...

DON IPOLIT: Kofesatu nahi baduzu, zatoz arratsaldean... Orain, nik, debozioneko ordua dut... (Burua beti bere bi eskuen barnean).

IXABEL: Don Ipolit... Ez da kofesatzeko... (Apeza brau xutitzen da).

DON IPOLIT: Zertako beraz?

IXABEL: Iturrian nintzelarik... Goiz huntan... Oh, Jauna, ez dakit nola has... Goiz huntan... lturrian nintzelarik... (Jestu bitzi bat egiten du).

DON IPOLIT: Segi lxabel, segi...

IXABEL: Ez dakit erran behar dizudanez... Zeren gero, ez nuke nahi... Gaizki... Ba dakizu... Gauza hori... Ez baita... Ondorioak ukaiten ahal ditu... eta beraz... Ez dakit... (Jestuak emendatzen ditu...).

DON IPOLIT: Zer derasazu?

IXABEL: Oh! Don Ipolit... ez da erraz mintzatzea... Eta futxo, nola egon fitxik erran gabe... Alta, behar bada, hobeki egin nezake isiltzea... Baina orain hasia naiz eta ezin geldi... Konprenitzen nauzu?

DON IPOLIT: Batere! Ez dut deus konprenitzen! Eta utz nezazu bakean! Debozioneko ordua dut!

IXABEL: Otoi Don Ipolit adi nezazu. Ez nuke ondoko urrikirik nahi...

DON IPOLIT: Mintza zaitez, beraz! Eta klarki!

IXABEL: Horra beraz... Goiz huntan iturrian nintzelarik...

DON IPOLIT: Hori ba dakit!

IXABEL: Hortan da guztia...

DON IPOLIT: Zer hortan dela guztia?! Goiz hontan iturrian izan zarela... Horren erraitera etorri zaizkit ene debozioneko ordu sakratuenean? Hori da zure berria? Nitaz trufatzen zara, ala? Zatoz segidan kofesatzera! Ofentsatu nauzu!

IXABEL: Otoi Don Ipolit, utz nezazu mintzatzera... Bestela ez dizut sekulan kondatzen ahalko iturrian zer entzun dudan... Zer... (Jestu berezi batekin).

DON IPOLIT: Eta zer entzun duzu... ba?

IXABEL: Fama da... Baizik eta... Izigarriko... Harrigarriko... Ezin sinetzisko...

DON IPOLIT: Trenka erazu! Trenka! Ez naiz goiz guztia zuri beha egoiten ahal, Ama Birjina bera utzirik...

IXABEL: Horra beraz. Norbait abiatua omen dela gure herriari buruz... Norbait...

DON IPOLIT: Eta gero?..

IXABEL: Ez zaizu aski, Don Ipolit? .. Eni, horren aditzeak berak sabela ikaran ezarri dit... Nork daki delako norbait hori nor ditakeen? .. Jaioko ona! Pentsatzeak berak burua itzulika arazten dit...

DON IPOLIT: Ikusten dut. Baina orain aski Ixabel! Kontrizionezko akta on bat errazu eta gero segidan etxera joan! Porru salda bero bat jan eta lehen bai lehen ohean planta! Horra zeren beharra duzun, duk!

 

(KOXEPA sartzen da).

 

DON IPOLIT - IXABEL - KOXEPA

 

KOXEPA: Don Ipolit... Don Ipolit...

DON IPOLIT: Zer duzu zuk ere?...

KOXEPA: Ixabelek jada aipatu dizu, ez?... Ni ere gauza berarentzat heldu naiz... Klemente Zingil jaun auzapezaren etxetik nator... Hura ere, ez dago batere fida, zer igurikatzen ote giatuen...

DON IPOLIT: Zer da komedia hau? Esplika zaitezte bada!...

IXABEL: Jada errana dizut... Goiz huntan iturrian ginelarik...

DON IPOLIT: Baietz! Baina iturrian zer gertatu da? Hori dut jakin nahi...

KOXEPA: Beldur naiz erraiteko...

IXABEL: Ni ere bai...

DON IPOLIT: Mintza... Mintza...

KOXEPA: Entzun dugu... Norbait, gure herriari buruz abiatua omen dela...

IXABEL: Pasatzen den toki guztietan...

KOXEPA: Bazter guztiak xehetzen dituela!...

IXABEL: Beldur naiz, beldur!

KOXEPA: Jainkoak begira gaitzala!...

IXABEL: Gizon bat omen da...

KOXEPA: Animaleko gizon bat...

IXABEL: Bost kintal pizu dituena...

KOXEPA: Zilkorainoko bizar batekin...

IXABEL: Deabru bat! Luzifer bera baino gaixtoagoa!

KOXEPA: Haurrak hiltzen omen ditu... Jainkoa! Nik zortzi ukanki eta...

IXABEL: Birjinak bortxatzen... Jainkoa... Ni, oraindik...

KOXEPA: Ez omen du zorigaitza baizik ekartzen...

IXABEL: Eta behar bada munduaren akabantza...

KOXEPA eta IXABEL: Entzuten gaituzu Don Ipolit? Entzuten gaituzu...

DON IPOLIT: Bai...

KOXEPA eta IXABEL: Eta zer diozu?

DON IPOLIT: Fitxik!

KOXEPA: Bestalde, aitortu behar dizugu...

IXABEL: lturrian ginelarik...

KOXEPA: Maiz aipatu dugula... akerra!

IXABEL: Akerraren eztula...

KOXEPA: Gaizki egin dugu, ez?

IXABEL: Erraguzu gaizki egin dugula!

DON IPOLIT: Bai! Gaizki egin duzue! Emazteek ez dute sekulan akerrik aipatu behar! Bekatu mortala da hori!

KOXEPA eta IXABEL: Bekatu mortala?

DON IPOLIT: Mortala!

KOXEPA: Ez nuen beste beldurrik!

IXABEL: Etorriko da beraz, delakoa!... Eta denak lehertuko gaitu!

KOXEPA: Denak suntsituko ditu!

IXABEL: Egizu zerbait, Don lpolit. Egizu zerbait...

KOXEPA: Jainkoaz egizu zerbait!

DON IPOLIT: Lehenik, prozesione bat antolatuko dut aire pozoindatuaren kontra...

        (Eta zazt Ama Birjioa besoetan hartuz, segitzen du erranez): Eta zinez, berriz entzuten badut, norbait, arrotz bat, gure herrira datorrela, bazterrak nahasi beharrez, ni, Don Ipolit, herri hontako arimen artzaina, Ama Birjinaren itxura besoetan, herri honen sartzean plantatuko naiz, eta delakoa, izan gizon, izan deabru, tanpez geldiaraziko dut!

KOXEPA eta IXABEL: Biba zu, Don Ipolit, biba zu! Dominus vobiscum... Dominus vobiscum! Biba zu!

 

(Eta dena zeinatze eta otoitz ateratzen dira, apezak bere besoetan Ama Birjina karreatzen duelarik. Emazte batek, gaineko latsa-harria kentzen du eta lurrean ezartzen).

 

 

III. GERTALDIA

 

(Herriko Plazan)

 

KLEMENTE ZINGIL - TARRAPAT

 

(KLEMENTE ZINGIL eta TARRAPAT eskuin aldetik agertzen dira, solasean):

 

KLEMENTE ZINGIL: Erranak erran beraz... Baina kasu: «Hitza hitz edo... emaztea hits!» Gure herrira etorri nahi balinbadu, eta hemen, mirakuilu edo zerbait halako egin, lehenik, bere ahalen eta indarren froga gisa, Menane ene alaba sendatu beharko du! Bestenaz, ez diot gure herrian sartzeko baimenik emanen!

TARRAPAT: Baietz! Eginen duela... Pentsa... mendi bat tokiz aldatzeko kapable den bati, ez zaio ez haundi, buru baten plomuan ezartzea!

KLEMENTE ZINGIL: lkusiko... lkusiko...

TARRAPAT: Haatik, aitortu behar dizut, delakoa, frango ohore gose dela... Eta orain arte izan den herrietan, besta ederrak, besta zoragarriak egiten dizkiotela... Herriko kantari, dantzari, bertsulari eta soinulariak han zituen ongietorriarendako...

KLEMENTE ZINGIL: Zaude gostuan! Hemen ere ez zaio ezer faltako!...

TARRAPAT: Ba noa beraz... Eta berehala jakinaraziko diot... haren beha zaudetela! Laster arte...

KLEMENTE ZINGIL: Ez adiorik!

 

(Auzapezak sakelatik paper haundi bat ateratzen du... eta irri ederra eginez begiratzen dio. Hainbestenarekin, DON IPOLIT agertzen da).

 

KLEMENTE ZINGIL - DON IPOLIT

 

DON IPOLIT: Errazu, Jaun auzapeza, zer entzun dut? Eh... zer entzun dut...

KLEMENTE ZINGIL: Nik dakita... zuk zer entzuten dukezun... Kofesategi zilo horretan! Ez nuke haundiegirik aditu nahi...

DON IPOLIT: Ez dezazula otoi ez jakinarena egin. Berdin, ba dakit, ba dakizula... Eta zer dira zurru-murru itsusi horiek?

KLEMENTE ZINGIL: Zer nahi duzu erantzun diezazudan? Nik bezainbat ba dakizu...

DON IPOLIT: Emazte guztiak izituak ditut...

KLEMENTE ZINGIL: Ba diteke...

DON IPOLIT: Eta beraz?

KLEMENTE ZINGIL: Beraz? Gauden beha... Zer uste duzu gertatuko dela? Ez dira atsoen erran guztiak sinetsi behar..

DON IPOLIT: Abertitzen zaitut Klemente Zingil: ez nuke nahi gure herrian eskandalarik izan dadin! Arimen artzaina naiz; arima guztiak salbatu behar ditut... Ez nuke nahi, ene artaldeko ardi bakar bat errebela dadin!

KLEMENTE ZINGIL: Zaude gustuan jaun erretora. Gustuan! Ni auzapez naizeno, herri hontan ez dela deus gertatuko. Ez ala fede!

DON IPOLIT: Deabrua beti lanean ari bait da, Klemente...

KLEMENTE ZINGIL: Ba dakit hori, ba dakit.

DON IPOLIT: Deabruak, buruak itzulika eta mugiarazten bait ditu...

KLEMENTE ZINGIL: Geldiaraz baliza bederen!

DON IPOLIT: Zer? Zer derasazu? Deabruari deika, zu ere?

KLEMENTE ZINGIL: Jainkoaz, ez horrelakorik erran!

DON IPOLIT: Karguak, karga... Oroit!

KLEMENTE ZINGIL: Eta nola!

DON IPOLIT: Ez adiorik...

KLEMENTE ZINGIL: Bai. Bide on!

 

(Eta apeza doa).

 

KLEMENTE ZINGIL

 

(Auzapezak, sakelatik paper haundi ateratzen du gainean diren bi latsa-harrien gainean pausatzen, bera hirugarren latsa-harriaren gainean jartzen da eta idazten du... Bere buruaz harro, kontent dela dirudi. Gero, bi eskuak elkar joz, bulego batetan balitz bezala, herriko mutila deitzen du).

 

KLEMENTE ZINGIL: Nestor! Nestor!

 

KLEMENTE ZINGIL - NESTOR

 

(NESTOR sartzen da eta auzapezaren aurrean bi plegu egina, galdatzen dio):

 

NESTOR: Zer nahi zenuke, Jauna?

 

(KLEMENTE ZINGIL xutitzen da eta ospetsuki hauxe dio):

 

KLEMENTE ZINGIL: Har ezazu zure atabala eta jende guzieri jakinaraz, gure herrian, zerbait haundi, zerbait arrado, zerbait harrigarri iraganen dela. Gure herriari buruz norbait abian dela eta hari ongi etorria egiteko jendea ostean jin dadila. Bestalde, zuk kantatuko dizkiozu ohi diren bertsuak eta deit ezazu otoi gure herriko dantzari trebeena «Aurresku» merezi baitu, delakoak...»

 

(KLEMENTEk «Aurresku» hitza erraiten duelarik MENANE sartzen da. NESTOR deus erran gabe jalgitzen da, beti berdin bi plegu egina).

 

KLEMENTE ZINGIL - MENANE

 

MENANE: Nik, nik, Aurresku dantzatuko. Nik... Beha... beha... (Eta berak ahoz musika eginez, tripili-trapala dantzan hasten da).

KLEMENTE ZINGIL: Zoaz hemendik, haur dohakabea! Bihar, bihar, sendatua izanen zirelarik dantzatuko duzu «Aurresku...».

MENANE: Ni ez naiz eri, aita... Zakurra da eri... Ez, ni! (Eta berriz hasten da «Aurresku» dantzatu beharrez. Orduan KLEMENTEk besotik hartzen eta tiratzen du. MENANE defendiatzen da baina aitak bortizki tiratzen du).

KLEMENTE ZINGIL: Zatoz etxera, Menane! Etxera! Menane, segi nezazu...

MENANE: Gaixtoa, zu... Gaixtoa!

 

(Eta biak ateratzen dira. Ordu berean, beste eskualdetik, NESTOR agertzen da, atabala joz. Zenbait urrats egin ondoan, auzapezak eman dion papera hartzen du eta irakurtzen hasten da):

 

NESTOR

 

NESTOR: «Klemente Zingil», herri hontako jaun auzapezaren partez...

 

(Atabala jo beza eta lerro hori, bi, hiru aldiz errepika, tokiaren eta giroaren arabera...).

 

        Denak gomit zarete herriko plazara...

 

(Orduan, salaren bi aldetarik, zen bait jende agert bitez, hala nola, IXABEL eta KOXEPA, KALIXTRO BIXOK, MENANE eta ahalaz beste batzu, baina ez dira ezagutu behar...).

 

BOZEK: Zer dela?

NESTOR: Jaun auzapezaren partez...

BOZEK: Zer dela? Zer dela?

NESTOR: Ahal duzuen guztiok! Herriko plazara etortzeko!

BOZEK: Zer dela? Zer dela?

NESTOR: Norbait heldu zaigula! (Atabala luzaz jo).

BOZEK: Zer dela?

BOZ BATEK: Abereak barnera sartzeko!

BOZEK: Zer dela?

BESTE BOZ BATEK: Maingueria heldu zaigula!

NESTOR: Denak gomit zaretela!

BOZEK: Zer dela?

 

(NESTOR berriz taula gainera hupatzen da, hiruzpalau persona ondotik segitzen zaizkio).

(TARRAPAT lasterka dator eta taula gainean direnei mintzatzen zaie):

 

TARRAPAT-BESTEAK

 

TARRAPAT: Ba dator! Ba dator! Ia kasik hemen dugu. Prest zarete? Denbora labur barne plazaren erdian izanen da.

 

(Eta lasterka berriz itzulzen da. Auzapeza sartzen da bere xingola soinean. Taula gainean diren batzu, hara eta hona dabiltza, batzuek jatsak, hartzen dituzte eta garbitzen hasten dira, banderola ere jalgitzen dute: «Ongi etorri» idatzirik. Urrunean, soinu ospetsu bat adi bedi. Orduan sartzen da haserre bizian KALIXTRO BIXOK).

 

HERRITARRAK - KALIXTRO BIXOK

 

KALIXTRO BIXOK: Zer ari zarete hor? Zergatik bilduak zarete? Uliak! Uliak, zuek! Inoxent, buru gabeak! Xoroak! Ez ote duzue engoitik konprenitua, betidanik, beren zorakeriekin, dela jainko, jainko-faltsu, jainko ttipi, sorgin, sorgintza ala azti, beti eta beti, lilluratu, enganatu eta azkenean izorratu gaituztela!

KLEMENTE ZINGIL: Ixo! Kalixtro Bixok, ixo! Ez zazula eskandalarik monta! Ni naiz herri hontako...

KALIXTRO BIXOK: Ba dakit, ba dakit, zuk duzula herri hontan nahi duzuna egiten! Eta edozein gauzetaz baliatu nahi duzula zure intresen fagoretan den ber!

KLEMENTE ZINGIL: Harrika ezazue! Harrika...

 

(Orduan, batzuek harri batzu hartzen dituzte eta harrika lotzen zaizkio).

 

KALIXTRO BIXOK: Egiaz, egiaz derautzuet: ez kasurik egin etorriko denari. Aldi bat bederen izan zaitezte zuen buruen jabe! Ai! (Harri bat begitartean biltzen du). Trixteak! Zoazte etxera! Ez hor egon! Ez ongi etorririk egin zuetaz trufatuko denari! Utz ezazue jaun auzapeza bakarrik... bere faltsukerian. Ai! (Beste harri bat biltzen du). Aldi bat bederen ez zaiteztela zepoan sar! Altxazkitzue zuen kopetak! Iratzar zaitezte!

        (Gero ta gehiago harri biltzen du, bera itzulikaka eta oihuka ari delarik). Herritarrak, herritarrak, ez ezazuela zuen burua berriz ere lokarraztera utz! (eta lasterka alde egiten du).

KLEMENTE ZINGIL: Sar ezak hire filosofia ipurtxilotik!

 

(Denbora berean, atabala adi bedi gero ta hurbilago, soinua gero ta saminago... Taulagaineko jendea hara eta hona dabila, alde batetik so, bestetik so, besoz-beso, oihuno batzu botatuz:)

 

JENDEAK: Hor dugu... Heldu da. Nondik? Hortik? Hantxet... ikusten duzue, hantxet da... Non?

        Hantxet, gain behera heldu...

 

(Soinua, gero ta bortitzago, soinu zoragarri bat... Jendea mugi bedi. Herriko mutila sartzen da).

 

NESTOR: Zatozte... Zatozte... Segi nezazue...

JENDEEK: Nora?

NESTOR: Hilarrietara...

JENDEEK: Hilarrietara?...

NESTOR: Bai... Aldi hontan, hilarrietan egin beharra du bere balentria! (Atabala joz ateratzen da...)

JENDEEK: Goazen denak... Goazen!

 

(Taulagaina husten da...)

(Soinua bortitz bortitzenean).

 

OIHALA

 

(Zatiarte denbora guztian soinu bera entzunen da, giro on bero bat atxikitzeko).

 

aurrekoa | hurrengoa