|     2-3 zenbakiak, 1932ko otsaila-martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

Euskal-Antzertia'ren
edestirako apur batzuek

 

        Andre ta jaunak:

        Gaurko nere jardunari asiera eman baño len; Euskal-Antzerti, Teatroari buruz dakarzkizutedan itzaldiaren orriak irakur aurretik; au da, Komedi itzetan esanda, estal-oiala (telón) eroria dagoala oraindik, itz bi zuzendu nai dizkitzutet Gregorio Mujika jauna zanaren oroigarritzat. «I Pagliacci» kopailaso arpegi-zuriaren antzo esan dezaket: «Escusatemi si da sol mi presento: io sonno il prologo». Barkatu ba-nator nere ausarkeriarekin bakarrik. Itz-aurre ontan bada, Mujika jaunari Euskal-Antzerkiak dion zorra ordaindu nai det.

        Beste eletari eder ta adiskide maiteak, orain amabost egun itz egitsu ta bikañetan Mujika'ren arrigarrizko lana goratu zuten. Euskalzaletasunaren baratz malkarrean nekazari zintzo, azkar ta bizkorrenetako bat izan genun Mujika'tar Gregorio, izlari, idazle zuzendari ta euskal gauza guzien eragille aztueziña.

        Euskal-Esnalea'ko itzaldi auek ere berari burutu zitzaizkion ematea. Ta gizon aretxen doai berezia! nundik edo andik beti sortzen zuan nor etorri arazi zuen aurrera, edozein gaiz euskeraz mintzatzera.

        Aukera gutxi zuan batean, larri zebillela-ta, nigana ere jo zuan «Jeme» adiskide maitekorrak. Aren eskaerari ezetz erantzutea, ukatzea, zailla gaitza bai zan ta luzapena eman nion; gerora zerbait egingo nuala aginduaz. Uste gabeko eriotz zital batek gure artetik eraman zigun, gizarajoa, senideak ta adiskideak negarrez utzirik. Eman nion itza betetzera nator lenengoz. Euskal-Antzertia laguntzen eten gabe leiatu zan. Erri guzietatik komedi berrien eskean ari oi ziran, gaur ari diran bezelaxe. Ta bear ori, gose ori asetzearren, —idazleak, komedi-egileak ez bai dezateke bere bizkar argitaratu— Mujika'k atera arazi zun «Izarra» antzerki salla deritzana.

        Ogeitik gora salgai jarri zitun ta bearrezkoa da aurrerantzean bide ortatik jarraitzea «Izarra» sallak gure Antzerki-zaleentzako landare berriak, antzerki zar ta sortu berriak argitaratu ditzan.

        Mujika'ri gure Antzertiaren aurrerapenak buru-auste ta kezka zemakion, berak egin zituen idaz-lan ugariak irakurriaz ikusten danez. Emen ta an, egunkari ta aldizkingietan sakabanatuak, asko idatzi zuan Mujikak, Soroa ta lagunen jostirudiak zirala, Alzaga ta Iztundearen lanaren berri emanez ta orain Euskal-Antzertia'ren alde egiten diran alegiñak ontzat artuaz. Leku ontan bertan, areto ontantxe, antzerki-talde sariketa ospatu zan.

        Errenderi, Pasai'ko ta Bergara'ko taldeak, zeñek obeto antzeztu zuten alkarren leian, «Euzko-Ikaskuntzak» eskeñitako saria irabazi naiaz. Ta ura ere Mujika'tar Gergori'ren asmoa izan zala asmatuko dezute. Orobat, Gernika'n 1922'g. ospatutakoa. Azkenik, Saski Naski taldearen eratzalletako bat izan genun Mujikatarra. Saskia andarez betea daramakila, Mirentxu'k esaten dun aurkezpena, ta gero agerkai guzien itzaufeak, ain ertitsu Beorlegi antzezlari yayoak egiten dituanak, kiñu ta ximiko, ba dakizute Gregorio Mujika'k idatziak izan ziralla.

        Beraz, zuek ikusi apaimen au, egoki bezain merezia ez dun.

        Euskal-Antzertiak ni bitarteko kaskar arturik, egiten dio bere esker onaren eskeintza.

        Ta geiago gabe, jaun-andreak, jaso arazi zagun estal-oiala antziñatik asita Euskal-Errian, Teatro barrutian zer ageri dan ikus ta ausnartu dezagun.

 

* * *

 

                «Doch was man nicht wachsen sieht,

                findet man nach einiger Zeit gewachsen».

                        (Lessing-Humburgische Dramaturgie).

 

        Emen ere beste toki geienetan bezela Teatroa Elizaren babesean asi ta sortu zan. Ez dakigu ziur zer garaitan, bañan ezagutzen ditugun agiriak XV'g. ta XVI'g. gizaldietan jolas ta erakusbide ori euskaldunen artean noizik beinka erabiltzen zala erakusten digute: Zuberotarrak, Auñe-Mendiko beste aldeko gure anaiak, bere lurrera ta ango euskara bizian, aldatu zuten «Drama Religioso=Pastorala» zeritzana ta oraindik-orain, Maule, Atarratze, Mendibe ta inguruan antzeztutzen dituzte egun jakiñetan.

        Antziñago begiratuta alperrik da Euskal-Errian Teatro'aren aztarrenik billatzea; beste elerti kimatxoak ezin arkitu diran bezela. Grezi ta Erroma'ko Trajedi ta Antzerki mallara ez ziran iritxi gure asaba zarrak. Esan bear da ez zirala iritxi, ez da ere beste Europa'ko errialde geienak. Eleizak, Kristautasunak piztu zuan berriz Teatroaren su-gar ta argia bere bidez kristau-erakutsi ta aginduak zabaltzearren.

        Duret jaun Poitiers'ko irakasle katolikoak dio Elizkizunak zerbait Teatro'aren antza ba-dutela. Meza santua Kalbaio'ko gertaera ituna gogorazten duan «drama» liturjiko bezela jo ditekela.

        Eliza antzokia da: apaizak irudigile ala «Dramatis personae»; eliztarrak, kristauak, erria. Beraz «acción» jarduna ba-dago ta baita ere alkarrizketa, apaizak ta errien artean, batzuek «Dominus vobiscum» ta beste otoitzak, ta erriak «Amen» ta gañerakoak erantzuten dituztenean. Ortatik sortu ziran «Auto Sakramental» deritzatenak Eukaristia goratzeko ta beste Eliza Amaren ezkutapen ta erakus-bideak errien artean zabaltzeko. Ontan ba-dakizute ta aitortu bear da gazteleraz idatzi izan zirala antzerki ederrak ta Calderon igo zala iñork iritxi ez zituen bikaintasunaren mugetara; ta omen au opa dio mundu guziak.

        Zuberotarren Pastoralak ere iturri ortatik edo datoz. Herelle jaunak aztertu ditu sakon ta begi zorrotzez Pastoral orien zer-nolak, Bayona'ko «Gure Herria'n», Revista Internacional de Estudios Vascos dala ta «Bulletin du Comite de Travaux Historiques» deritzan deian, oparo ta ugari idatzi du gai ontaz. Violet Alford andre inglesak oraindik orain idatzi du «Ensayo sobre los orígenes de las mascaradas de Zuberoa». Zubero'ko Mozorro ta Txantxo-buruz idatzi dun lana.

        Pastoral oriek Zuberoa'ko zenbait erritan enparantzan antzeztutzen dituzte oltza baten gañean; ta sarritan antzezlari taldeak kalean bira, kalez-kale ibilli oi dira, orkesta aurretik dutelarik. Euskal-pastoral geyenak erlijio gaiz diardute ta santu, done ta martirien bizitzak azaltzen dizkigute eredutzat artu ditzagun ta ikusleen gogo-biztzak ikaratu arren.

        Bañan bestelakoak ere badituzute parreragille, irritsu ta jostalariak ta gezur uts ta irudimen utsez egindakoak. Sumatuak, iñon gertatuak baño.

        Onenean oltza, irudi-tokira, alkarrekin naste-botaste izugarrian aterako zaizkigu Karlomano, Napoleon, inpernuko etsaiak ta nik al dakit zelako naspilla; ta bakoitza bere gixa dabillela. Ta gauzak nola diran, gaurko berrizaleak ori bera egin nai dute, Ain berrizale ez diranak ere, Sacha Guitry batek lan bat ba-du, ta ikusia nago, Paris, Prantzi'ko Kondaira'ren errege ta otsaundiko jaunak agertzen diran antzerkia (Histoire de France).

        Arira itzuliaz, ta elerti arauz Pastoralak balio aundikoak ez izan arren, ta euskera ez-bazuten asko jaso ere, mingarri da Zubero aldean besterik ez zabaldu izatea. Beste erkietara eda izan balitz Bizkai, Gipuzkoa ta Naparro'ra ta abar ezaguera aundiagoa izango genuen euskaldunek alkarren artean; artu-eman geiago. Ezpairik gabe ez zan orrenbeste galdu izango euskera; gure jakintza berriz ez da ere ain argal ta ezereza. Itz batean ez giñan erori izango orain gauden amildegi illunean, alare gaur (Arana-Goiri geroztik) pizkundearen argiaz alaitua.

        Ezagutzen diran pastoralak 75 bat dira. Martin de Angiozar donostiar idazle yayoak orain amar urte Pastoraletzaz lan eder bat argitaratu zuan Euskal-Erriaren Alde'n. An zer izen dituzten aitatu ta adierazten digu: Aymon, Abraham, Karlomano, Rolando, Mustafa, Inglaterrako Karlos erregea ta abar. Azkeneko au dago egiña Laburdi ta Zubero'ko euskaldunek erregetzat ez Prantzia'ko, baizik Inglaterrakoa aitortzen zutenean. Iru gizaldietan onelaxe bizi izan ziran Bidasoz bestaldeko gure anaiak.

        Erlijio gauzaz gañera ikusi dezute zenbat gai ez berdiñak erabiltzen zituzten Pastoralak. Auek oso errikoiak dira ta utsegitez beteak. Ez bai-dira gizon jakintsu ta letradunek egiñak, ta bai bertsolari-erako idazie, iskribatzalle apalak sumatuak. Esan bearrik ez dago Inprentan, irarkolan, argitaratzeko txanponik ta eroslerik ez zutela Pastora-egilleak, (orain ere ez) ta ezagutzen diran guziak eskuz idatziak daudela. Auetarik 50 Burdeos'ko erri-liburutegian daude. Ia guziak. Alare donostiarrak bat badezute Iriko-Liburutegian. Beronen izena Paris'ko Juan da, Aita Llande ospetsuak, zuen Liburutegi Nagusira eskeñia. Liburutxo orren aldi bateko nagusiak, Juanes Bordato'k, entzun zer idatzi zun bere eskuz eskola-mutillek beren liburuei jarri oi duten eran: «au liburu ederra da ta untza iskribaturik; enekin egon da biziki. Olako liburuak ez due balio deusere eta nik ez dut sinisterik batere zertarako ori zereneta arima galerazten baitu. Ni nazu Janus edo Juan Bordato, Musie Chavalet de Pagolle». Larri zan Bordato edo Chavalet jaun ori ta orregatik nunbait saldu ala eman zuan gaur zuen Liburutegia'n ikusi dezakezuten Pastoral ori.

        Esandakoa naikoa dala nago Euskal-Antzerkiaren lenengo urratsak Zubero'ko Pastoralai zor diogula jakiteko. Elerti-arauz balio gabeak ta kaskarrak izanez gañera, Pastoralak gaurko egunerako ikuskizun aspergarriak izango lirakela agirian dago.

        Goizean asi ta arratsaldean bukatzen diranak ba-dituzute: lau edo bost ordu dirautenak.

 

(Jarraituko da).

 

aurrekoa | hurrengoa