|
GUZIK GAXO ERDERATIK ANTOLATUTAKO BAKARIZKETA Egiteko bear diran tresnak Joxe. Ongi jantzita, ginbala edo sonbrero, tirilla ta eskumuturretakoekin. Emakume bat, barrendik, bear dan garayan itz egiteko. Agertokia, sukalde apain bat. Sukalde gañean aspua, bi eltze urez beteak ta kafe ontzia. Mai bat, eta iru exeri-alki. Mai gañean saski bat arrautzakin; palankana bixkotxoakin. Papera ta lapitza. Jostorratza ta ariya. Bi silla gañetan, plantxako ola ta plantxa bat, ta galtza txurik plantxaren erre-marka eginda. Seaska pixoyaletako umeakin. Kartoizko eskumuturreko batean idatzita auxen: «Ordu batean arrautz bat... ordu batean arrautz bat... ordu bitan arrautz bat... Zer esan nai ote du onek... A, bai, orain gogoratzen naiz. Ordu batean arrautz bat urtan egosita nere emazteari eman bear diotela, eta ordu bitan, beste bat nere alabari. Seitan, Ikazkiña... Gizona! au bai ez naizela gogoratzen. Eztet bada seitan ikazkintzara joan bearko. Arranua! Ikazkiña seitan etorriko dala.» Poltxiko batean, erloju zar bat, bakallo isatsa ta azanayoak. Beste poltxikoan, iru paperetan bilduta autsak: (azukria, iriña ta piper-autsa.) Kanpuan euki bear dira: Txamarra bat eta Sonbrero kaja bat. Leyoan zintzilik kilker kayolatxo bat. Zintzarriya. JOXE: Nere gurdi ardatza... (kantari) (plantxari txistuba botatzen diyo) Nere gurdi ardatza... (berriz) ostuta dijua... Neroni ere orantxen joango nitzake emendik. Auxen dek ixtilluba: nere emaztia, nere alaba, neskamia ta etxian daukagun bat, pelotariya, Berrobiko txikiya, guzik gaxo daude oyian, lau tripako miñekin... Ez noski bakoitzak lau tripako miñekin... ez... baizik bakoitzak beriakin... au da bakoitzak tripako min batekin (Au esan bitartean galtza txuri batzuk plantxatzen ari da). Ia, katuba ere bere tripako miñakin daukagu oyian... oyian ez... zakarretako kajan. Noski, Arkupetako ixkiñan erositako esnia edan zuten, eta... alaxen jarri dira!... Ni ez nau olako gaitzak arrapatu, txiki-txikitandik bi gauzetara oituba nagolako; batzutan gosaltzeko txorixo mutur bat jatera, eta bestetan... ez gozaltzera. Gaurko egunian guziya gezurrezkua da. Ori bai, esnia len baño merkegua da. Amar zentimuan ematen dizkiote bati... (eskuak sabel gañean jarriaz)... ematen dizkiote bati... tripako miñ izugarriyak. Irurogei ta lau gaxotu omen ziran lengo eguneko esne txarragatik, eta nere etxian guzik ni kenduezkero. Ni bakarrik geratu naiz zutik, ta... (besuak gurutzetzen ditu plantxa eskuan daukala eta galtzarbea erretzen du...) arraye! Eta guziya nere gain erori da. Neronek plantxatu biar, neronek eskobatu, neronek saskiyarekin plazara juan, (utsik daukan eskuko beatzez ikutzen dijoa plantxa daukaten beatzak) neronek umiari titiya eman... esnia eman, neronek eltzia jarri (Berriz ere plantxa ikutzen du, beatz bat erreaz). Arraye!... eta baita modistatzan egin ere. Nere emaztia jostuna da, ta nere alabatxuak sonbreruak egiten ditu, ta biyak oiera juan zaizkit esanaz or konpon! emen guziya utzirik, (Berriz ere soñekoa bustitzen du, palankanaren barrenen zerbait arkituaz). Zer da au? almidoyan bizkotxo bat?... Umiaren esne-sopakin plantxatzen ari ote naiz ba? (palankanan beatz bat bustitzen du, gero zupatuaz). Noski! Ordun... ume gaxo oni zer eman ote diyot nik?... (sonbreroa jantokiko mai gañean uzten du, plantxa jartzen du kantzontzillo gañean, berriz maira dator, beatz bat eltze aundian sartzen du, gero zupatuaz). Almidoya! Jainkuaren izenian!... Au buruba!... (Umeak negar egiten du, besoan gozatuaz). Atoz onera nere biyotzeko kutuna... baña ume au gogorturik dago!... Noski!... Almidoyak egingo zion!... Zer egingo ote det? Deituko ote diot sendagileari, edo aterako ote diot brillua? (umeari begiratuaz). Badirudi ba lo artzera dijuala... Pat! Nolanai ere almidoyak asko preskatzen omen du ta... presko-presko lo egingo du (berriz seaskan usten du). Eta almidoyak gaitz egingo balioke... urtan sartuko det... eta antxen beratuko da. (maira dijoa, plantxa artuaz). Milla demoniyo!... onek bai eztula konponketik!... (erakusten ditu barren-galtzak plantxaren errea atzean agertzen dala) au dek au!... Berrobi'ko Txikiyarenak dira! Ta nik zer esan biar diyot?... KANPOTIK EMAKUME BATEK: Joxe! JOXE: Zer nai dezu, Antoni. EMAKUMEA: Zotiña daukat. JOXE: Bai? (alde batera) esaten dute zotiña susto batekin kentzen dala.... zer susto emango ote nioke? zer susto? (bat-batetan) A! (eskubira joanaz eta karraxika) Ai zazu... aztu egin zait lenago esatia, arropak legortzeko zabaltzekuan umia leyotik kalera erori zaitela (barrenen karraxi bat entzuten da). Ez, emakumia ez jeiki... gezurra da-ta. Kendu al zaizu sotiña? EMAKUMEA: Astakirten ori! JOXE: Ez asarretu emakumia orregatik. BESTE ALDETIK BESTE EMAKUMEZKO BAT: Aita! JOXE: Zer da, alabatxo? EMAKUMEA: Burruntzaliya agertu al da? JOXE: Bai zera! alde guziyak begiratu ditut bañan ezta agiri. EMAKUMEA: Eltziari begiratu zayozu. JOXE: (Asarretzen asiaz). Begiratzeko eltziari, begiratzeko umiari, begiratzeko gaxo daudenai, begiratzeko burruntzalliyari... au dek au burruntzaliya! EMAKUMEA: Babarrunak nola dauden ikusi e? JOXE: Bai, ta zer geigo? EMAKUMEA: Gatzik bota al diezu? JOXE: Bota det gatza, bota det baratzuriya, bota det tipula, ta aurki leyotik bera nere buruba botako det. PELOTARIYA: Ogei amabosti gorriyan alde! JOXE: (Inguraturik). E? zer nai dezu? PELOTARIYA: Ogei duro amabosti! JOXE: Obe zenduke ogei duro amabosti eman baño neri eman. Partiduren bat jokatzen ari dala ametsetan dago (katua miauka entzuten da). Ze? i ere bai? Etzekiat zer nai deken (leyoan, goitik botatako arritxo batzuen kaxkatekoak entzuten dira). Kaxo motel! goiko mutilak arrika asi dituk! kilkerra jo nai ditek noski (jeixtera dijoa). Eskola baten azpiyan bizitzia gauza ederra da! (leyotik gorputza atereaz eta gora begira). Aizak i? Igotzen banauk joko aut! bai .i bai ...i itzan... ez gorde. Ai!... (Sudurrera eskua eramaten du, jo egin baluteke bezela, barrena sartuaz eta kilkerra ere sartuaz). Bañan nuan nere lanetara (palenkana artu eta mayera dijoa). Au, emen (botatzen du ontzi batean dagona bestean) au emen (botatzen du eltzekoa palankanean) (zintzarria). Banuala, belaxe banuala! Eta au, emen... (Botatzen du ontzikoa sonbrerora eta bereala berriz dator paper batean emakume-sonbrero zapal-zapal bat ekarriaz. Ezkerreko lenbizizo atean joaz) Joxepatxo! EMAKUMEA: Zein zan, aita? JOXE: Bizargorrineko neskamia berriz sonbrerua ekarriyaz. Ez omen du nai; eztagola modan bezela. Zapalagua nai dula. Oraindikan ere zapalagua! Tiñaku-tapa dirudi-ta. (Esertoki batean uzten du, eta maira dator). Esan degu... almidoya emen... arraye! ederra egin diagu. (sonbreroa artzen du, bertan dagoana eltzera boteaz). Eguzkitan jarriko det legortzeko (leyoan ipintzen du). Tira-tira (berriz aurrera etorriaz) Joxe (buruari atz egiñaz, zerbait gogoratuaz bezela) zer egin bear det geigo? Etzakela ezer aztu... A! bai. Plazako kontuba atera biar det... lau txanpon etzaizkit azaltzen eta eztakit zerenak diran... baliteke nik kontuba gaizki ateratzia... bada-ezpada berriz ikusiko det (artzen du papera ta lapitza eta azten da batutzen zortzi ta sei amalau) (entzuten da mutillak kantari) bi ta bi lau, lau ta bi sei... (eta onela, bina geyago, gero esan arte) amalau ta bat... edo ez, eztira sei..., sei ta bi amar... Berriz! Ezta... mutil arrayiak! amar ta amar... ez, ez, alperrik da: ezin det... nastutzen naute (bera ere batutzen azten da, paperean lapitzaz joaz). Bapatetan jeikitzen da eta umien abesti berean dio... Ara nik atera kontu garbiyak: ziran lau txanponen porru-perrejillak. (Umeak kantari jarraitzen dute, eta gero ixiltzen dira). Bai, jauna. Au egiña dago... orain... nun sartu ote det medikubak agindutakuaren papera? (bere zakel edo poltxikoan begiratzen du eta batean iragazki edo coladorea arkitzen du, mai-gañera boteaz). A... (alkandorako eskumuturrekoa atereaz...) emen dago... (ezkumuturrekoan irakurriaz) ordu batian arrautz bat... ordu batian arrautz bat (gogoratuaz bezela) ordu bitan arrautz bat... ordu bitan arrautz bat... A! bai... orain gogoratzen naiz. Ordu batian arrautz bat urtan egosiya nere emaztiarentzat eta beste bat nere alabarentzat ordubitan (gogoratuaz bezela). Lautan ladrillu Txikiya. Bai, Txikiyari ladrillu bat bota... bota ez... sayatzeko miñarentzat ladrillu berua eraman (irakurriaz) seitan errementari... Gizona! auxe bai enaizela gogoratzen. Eztet ba noski, errementari juan biarko seyetan! (bapatetan) Arraye pola! Errementari, Errementari-kalian bizi dan ikazkiña seitan etortzeko dala (saskitik bi arrautz txiki atereaz eta guziai erakutziaz) nola jarri dan guziya! zazpina errial! (iru paper bildu ateratzen ditu, azkatuaz eta mai-gañean ipiñiaz) Iriña... azukria... piper-autsa... Piper pixk'onek errial bi! bakallua... (bakallo batzuk ateratzen ditu, eta beren artean isats bat eskuan jasotzen du) au ere iyo egin da... ez noski isatsa... bakallua!... Etzait ezer ere aztu... Eta gero diyo nere emaztiak buru txarra detela! (bakallo isatsa zakel batean sartzen du). Tira, lan egin zagun. Arrautzak urtan egosteko lenbizi biar da uda... eta egon dedila berua. (Kafe-ontzia mayan jartzen du, aspoa artu ta suari aize emanaz) Arritzekua da emakume-lan oitara orren azkar nola oitu naizen! (aspoaz alde batera aize emanaz papereko guzia zabaltzen du) Eta nik esatia gaizki egon arren emakumerik txintxoenak ere... (zer egin duen ikusiaz) Aupa!... Geratu naiz ez iriñik, ez azukrerik, ez piperrik... (arrautz bat artuaz) Eta zenbat denboran egon biar ote du ur berotan arrautza egosteko? Neskamiak esaten du sei Kredo errezatzen ditula ta arri koskorrak bezela ateratzen ditu... Nik iru errezaezkero eta Purgatoriyoko animen alde egiñezkero, orra arri batekin bi txori batian il. EMAKUMEA: Joxe. JOXE: Zer da, Antoni? EMAKUMEA: Mangak josi al dituzu? JOXE: Enitzan gogoratzen. EMAKUMEA: Ordu batian etorriko dira txamarraren billa. JOXE: (Beste eskumuturretakoa begiratuaz). Eta alaxen da! emen dago-ta... Mangak; ordu batian... (erlejua atereaz...) eta ordu bata manga bat gutxigo da... laurdena gutxigo da... Au egosi bitartian bestia egitera nua (ontzira dijoa bertan erlojua sartuaz, eta mai gañean arrautza utziaz; ekartzen du aurrera makina eta josten asten da). Iru Kredo esan nun... ezta ala? Tira... Nik siñisten det Jainko... aztu zait!... nola dan e... zeru ta lurraren egilleagan... (umeak negar egiten du...) eta ume ziltzil oyen egilleagan... (bere ezkerreko iztarrean eseritzen du...) Zeñena da arpegi biribil potxolo au?... Zeñena da musugorri au?... (mutillari...) atoz aitarekin... (besoan mutilla dula asten da makinan josten). Nun nitzan Kreduan?... A bai!: bere seme bakar... bakarrik izateko obiak zerate, bai... (umeak negar egiten du) zer, ez al zaude ondo?... eseri emen... (bere ezkerreko iztarrean eseritzen du)... eta exerita dago Jainkuaren eskuitik... Eta barka gaizkigutzu gure zorrak... (umeak negar egiten du) tira ixilduko al zera, ala ez?... gure zorrak... au ordia, kredokua al da?... Bai, bai... orain eta gure eriotzako orduan Amen. Alaxen! Bat egin degu... (makinaren aria mozten du). Nola ote dijoa ori... (Errezatu bitartean umearen pixoyolaren ertza txamarrari josi dio, eta pixoyaletik zintzilika darama. Maira bertaratzen da zer egin duan oartu gabe, eta arrautza artuaz)... Ara!... atera egin da... egoztez azpertu ote da? (erlojuari begiratuaz) Gure Jaun eta Jainkua! Erlojuba egosi det!... (atera egin nai du, beatzak erreaz. Txamarra pixoyalai josi duela ikusten du). Arraye-arrayua!... bañan zer naspilla da au?... mutilla josi det!... noski! ainbeste gauzekin txoratu egingo naiz! (Zintzarria) Kaxo motell... Or ditut... Eta nik zer egin biar det? EMAKUMEA: Txamarra josi al dezu? JOXE: Ez... edo... bai... edo ez... (izututa batetik bestera korrika dabil. Umea seaskan uzten du, txamarra bere oñetan geldituaz.) EMAKUMEA: Bañan, Joxe? JOXE: Utzi nazazute pakian, (umeak negar egiten du...) ago ixillik, (katua miauka asten da) ixo i ere!, (eskolan mutillak kantari asten dira): Bi ta bi lau, lau ta bi sei... (leyora joanaz) Itoko al zerate!... (besoak zerurontz jasoaz) Jauna... iltze bat nere buruba zintzilikatzeko! (Guziak batean ari dira, katua miauka, umea negarrez, sonbreroa zintzilika dantzan leyoan agertzen da. Zintzarriak gogor jotzen du. Joxe'k belarriak ixten ditu, era gero jendeari begiratuaz, eta diadarda bezela dio:) JOXE: Mutillek..., ez ezkondu, eta ezkontzen bazerate ez izan ez emazterik, ez semerik, ez neskamerik, eta ezta ere etxian gaxorik. ZAPIYA |