|     11-12 zenbakiak, 1932ko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

Euskal-Antzertia'ren
edestirako apur batzuek
(IV)

 

(jarraipena)

 

        Ontaz gañera Euskal-Erria'ren zuzendari izan zan, Manterola ta Arzak il ondoren, ta aldizkingiak iraun zun bitartean.

        Euskel-Antzertiak aurrerapen planta egin zuan Alzaga'ren lanen bidez. Bañan ura sendotu ta bizi arazteko ez zan naikoa. Onetarako, lagun arte, Batzar edo eralguntza bat nai ta naiezkoak ziran, antzerkiak sortu ondoren ikasi ta agerian azaltzeko. Euskel-Fedea zeritzan lagunartekoak asarre xamar zebiltzan beren artean, ta potto egiteko zorian. Beren lanari Sto. Tomas'etan jarraitzeko, Donostia'ko Udala'ri laguntza eskatu zioten. Bidezkoa zan. Eskabide ori bere adiskide zuten Zapirain udal gizonaren bitartez egin zutela uzte det.

        Zorionez, artian Udal etxean ziñegotzi Barriola'tar Abelino jauna zegon ta eskabidea zer zan jakin zuneko, ontzat artu zituan asmoak. Ez au bakarrik, gogai ori ausnartu ta barrenduaz Bariola ospetsu ta antzerkigille bikaña bera, asmoaren garrantzi aundia argi ikusi zuan ta bera borobildu ta osatuz, zerbait Udal ta Aldundegiaren zaipe ta laguntzaz sortu bear zala. Ta onela 1915'g. urtean Udalak Euskel Izkera ta Iztunde Ikastola jartzea erabaki zuten. Ikastol onen zuzendari ta buru izatea eskubide osoz Alzaga Toribio'ri zegokion ta jaun au aburu batez izendatua izan zan.

        Euskel-Antzertia'ren bigarren aroan sartu gera ta Iztunde-Ikastola zabalduaz bakarrik, bat-batean bizpairu malla igo ditu. Antzerkigilleak ugaritzen dijoaz, orobat, izkeraz ta gaiz, ezur ta mamiz txukuntzen zijoazelarik. Barriola aipatuak Teatroa'n sarrera egin geroztik idatzi ditu. «Meza berria», «Aldiz-Aldiz», «Gai dagonaren indarra», «Zorigaiztoko eguna», «Lagun txar bat», «Maitasunak» ta abar. Elizondo idazle ezagunari «Dollorra», «Idartza'ko jauna», «Atzetorkia» saritzen dizkiote ta lenengoz drama'ren otzikara euskel ikusleetan edatzen dualarik.

        Elizegi'tar Kateriñe andereñoak oso tajuz kondaira-antzerkia lantzen du: «Loreti» ta «Garbiñe»k arrera ezin obea ta txalotuak izan dira toki guzietan. Garitaonandia apaiz maite ta aztu eziñak «Aitona ta billoba», «Ongilea'ren saria» ta batez ere «Iziartxo» idatzi zitun; au ainbat aldiz gutxi antzeztu dituzte gure erritako antzeslariak. Agesta, Luxe-mendi'k, Arostegi ta Olaizola'k antzerki oso egokiak egin dituzte donostiar dramaturjia'ri jarraituaz.

        Azkenik Donosti'tik kanpo ere antzerkigille trebeak azaltzen zaizkigu. Tolosa'n, Ramos Azkarate bertsolari zorrotzak 1883 urtean «Ijito ezkontza» sumatzen du au iñauteritan bein baño geiagotan antzeztua izan dana. «Beotibar'ko jasarra» izentzat jarrita beste antzerki bat ere sortu zuan Ramox'ek, nik dakidala, oraindik beñere antzeztu gabekoa. Tolosa'n bertan Orkaiztegi otsaundikoak, bakarrizketan batzuek antolatu zituan; Mokoroa Baleriano'k «Damua garaiz», Amonarriz Andrex lan asko egiña da antzertirako. Eizagirre'k «Basotarrak» sortu zuan. Ertilari au «escenógrafo» onenetakoa degu, Garai jaunarekin batera.

        Euskal-Erriko beste erritan an emen sakabanatuak, antzerkigille yayo batzuek azaltzen dira. «Ortuzar» bermeotarra bere «Oroigarriak» liburuaz; Kirikiño'k oker ez ba'nago «Anton Berakatz» bakar izketa idatzi zuan. Mingarria da ark geiago ez idatzi izatea. Azkue jaunak ainbat zarzuela polit euskel gaiz idatzi ditu.

        Aitaturikoaz gañera ezagunak ditugu; Amondarain, Telleria, Larrea, Iruretagoyena, Beobide, Alegria, Rekondo ta Zabala jaunak, guziok zerbait antzerkirako idatzi dutelako. Antzerki-aberkoiak euskeraz Garcia Goldaraz'en «Maitasun ta Gorroto» Sota'tar Manu'ren «Negarrez igaro zan atsoa», ta «Iru gudari» ta Lete jauna'ren «Gurutzepe» dira. Lauaxeta'k «Gotzone». Ez noa aipamen au geiago luzatzea. Zenbait izen aipagarri aztuta utziko nituala badakit. Alare aitaturikoak onenak ez ba'dira geiena saiatu diranak edo ta beintzat beren lanak agertu dizkigutenak diralakoan nago. 1925'garren urtean Arana'tar Jose jaunak «Euskal-Erriaren alde» ingian azaldu zuan «Catálogo de obras teatrales euskerikas» 200'tik gora zenbatzen ditu bere izen ta egillearenakin. Geroztik noski geitu dira; auei, kolkoan ala kajoiko bazterren batean gordeta dauden antzerkiak erantsiko genieke, beren egilleak —(ta nor ez da antzerki baten egille, erdizka ala asmoz bederik!)— umetxo oriek argitara ateratzea nai ba'lute.

        Euskel-Antzerki ta jostirudiak egi biurtzeko, komedianteak Soroa'ren «Infantil del Gimnasio»tik lenengo ta ondoren «Euskal Fede ta Centro Catolico'tik» irten ziran. Auetatik Pepe Artola izan zan nabarmenena. Joxemaritar jator ari, emen bertan, orain dala urte gutxi gorasarrea egin zitzaion, bidez bere jostirudi «Bixente» antzeztuaz. Nork ukatu Artola bere eran antzeslari polita izan ez zanik? Iñoren mendean ta paperari lotzeko ordea oso biurria. Amaika par egin arazi zun bere garaiean, bañan lagunai larriak igaro arazi ere bai. Iztunde ikastola jarri ezkero 1915'g. urtean, antzeslari talde polita ta antzezlari yayoak emendik sortu dira. Zuen gogora etorriko dira bereala Egilegor ta Beorlegi'ren izenak: antzeslari bikoa, Euskel-Teatroan oraindaño izan ez bestelakoa. Erdel-Teatroa'ko edozein «actore» bezin onak, ta, nola ez, benetako «amatore» ta dedu aundiko jaunak, dubarik beti lan egin bai dute. Ordañez Euskel-Antzerti zaleak txapela kentzea merezi dute agur bero bat bidalduaz. Orien ondoren etorri dira Iztunde'ko beste andereño ta gizaseme antzeslariak: Areitioaurtena, Irigoyen, Lizarraga, Bikandi, Zabalbeaskoa Eizagirre, Lertxundi, Goikoetxea, Arizmendi, Agote, Mujika, Ugartetxea, Barriola, Torregaray zana (G.B.) ta abar. Guzientzat gure txaloak ta andereñoentzat eskerronaren txorta bana. Iztunde'ko «kompañia'k» 17 urte auetan ia 200 antzerkizun eman dituzte Euzkadi guzian. Gipuzkoa'ko erri asi xamar geienetan izan dira. Bizkaia'n, Biibao, Gernika, Lekeitio'n, Laburdi'ko Endayan, izugarrizko lana euskeraren alde egiñaz.

        Akademiz-akademi, Euskal-Iztundeak, Euskaltzaindia'k berak baño onura aundiagoa egin ote dun nago. Ez da arritzekoa; Talia'k, Akademus'ek baño indar sakonagoa bai du giza-biotzak igitzeko.

        Oneraño eldu geran ezkero zuetarik norbaitek, orrenbeste antzerki artean zenbait baliotso, nabarmenik ba'ote diran galdetu lezake. Basarritarren eran: ainbestean, erantzun bear. Egia da lenengo aldiko jostirudien artean zarpallukeri asko, orbela ta lastua ugari daudela. Antzerkiak ez bai'dira onela bat-batean perretxikuen antzera ateratzen; kaskarrenak ere ordea ongarritzat egin dute gero landare eder usaintsuak emateko.

        Elerti guzietan onela gerta oi da. Asierak kaskar ta ezerezak izanagatik gero datoz aurrerapen ta bikaintasuna. Katalunya'ko Teatroa asieran, ta Serafi Pitarra garaiean, «payes» ta Barzelona bertako jende txearen artu-emanen autua besterik ez zun. Gero sortu ziran Iglesias, Rusiñol, Gimera ta abar. Argentina'ko Teatroa egundaño gauza utsa izan da, Etxague kritiko apaituak dionez, beti «konpadrito, gautxo ta pulperia artean». Lenengo sariketa ango antzerkigilleai laguntzearren 1915'g. urtean egin zan. Alemani'n ere Lessing'eren «Hamburgische dramaturgie» liburuan irakurtzen danez Antzerti kontuan luzaroan prantzesen atzetik ibilli ziran. Rhin ibai bestaldetik zetorren guzia, polita, atsegin liraña zuten. Ta Lessing bera, ez zutela beñere benetako aleman-antzertia izango etsita zegon. Orain, joan ta arrapatu itzazu!

        Emen ere «Anton Kaiku»tik onuntz, au da; «Andre Joxepa Tronpeta», «Amantxi» ta «Maitasunak» arte aurrerapen aundia egin da, ta au dala ta igarri diteke, aurrerantzean, etorkizunean egingo dana.

        Itzaldi au asko luzatuko luke aspergarri egiñaz, gure antzertiaren kritika ala maxiaketa egin bearrak. Alaz guztiaz zerbait ez esatea utsune aundia litzake-ta, arin bederik, nere iritzia azaltzera nijoakizute.

        Teatroa beste lagintzak bezela bere lege, arau ta bideak ditu ta ikasi egin bear dira jakiteko. Ez da arritzekoa, beraz, gure antzerkigilletarik asko, lagintza ortan berriak izaki ez asmatu ta akatzetan erortzea.

        Antzertia, Bernard Shaw'k dion eran da, «The artistic representation of a contlict» estualdi bat ertitsu agertzea, «no contlict no drama» «Estualdirik gabe ez dago dramarik» Parragarrikeri batzuek alkarrekin lotu ta iru edo lau irudigille xelebre atararaztea ez da naikoa antzerki bat ondo ebaki ta josteko. Ez da ere sermoi ta itzaldi luze, kristau irakasbidea bakarrik diruditela idatziaz, antzerki bat tajutu ezin diteken bezela. Teatroa'ren sena, jarduna, elkarrizketa, egiantza dira.

        Noski, antzerkia mota askotakoa izan diteke: irritsua, ituna, olerkitsua, mozorrokeria, kondairakikoa ta abar, ta bakoitzean iritxi nai dan elburuari begira bear zayo. Orretarako, gain-gañetik antzerkigilleak oarpen-sena (espiritu, observación) bear du bere begiz egin nai ditun agerkai ta irudigilleak ikuste arren.

        Orain nere kolkorako idatziak izan arren, irakurriko dizkitzutet nik ikusi ala irrakurri ditudan zenbait antzerkien iritziak. «Bost urtian» ta «Gai-dagonaren indarra». [Emen egilleak aitatzen diran bi antzerki orien azterketa zeatza irakurri zuan]

 

* * *

 

        Euskel-Antzertian egin dan lana polita da, bañan askoz aurerago joan bear degula garbi dago. Orain arte euskeltzale jakintsu, gure idazle goitarrenak gramatika ta izkera arazoari zaletasun geiago izan diote Antzerti ta elertiari-baño. Aurrerantzean emendik jo bear degu. Ez dedilla antzertia ezjakiñen edo asi-berri ta gazteen eskuetan bakarrik gelditu. Gizon egiñak, jakintsu ez ba'da, asko ikusiak, ezaguera dutenak, malizi dunak artakozagoak dira. Menandro, Grezi'ko antzerkigille apaituak 52 urte omen zituan bere lenengo lana idatzi zuanean, Ta Plutarko'k arengatik dio asierako lanak utsak zirala, ez dagola aldeatzerik, bein zaartu geroztik egin zituanarekin. Gogoa berotu bada aditzalle maiteok. Emen zaudetenok ta beste euskel idazle geienak sasoian, garaiz zaudete antzerti lanari ekiteko. Onela euskera ta erria jasoko ditugu Ta Lessing'ek, aleman teatroarengatik bezela, gerearengatik esan al izango degu «ernetzen ikusi ez deguna, aldi bat igaro ondoren, asia, mardula arkitu degula».

 

(Jarraituko da)

 

aurrekoa | hurrengoa