|     11-12 zenbakiak, 1932ko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LENENGO EKITALDIA

 

        (Zapia jasotzean Lekaimeburua besoalki batean eserita egongo da. Irakaslea eta Buruordekoa beste bi alkitan. Beste lekaime edo monjak inguruan, batzuek alkitan eserita, besteak alki txikietan, besteak zutik. Guziak pozik daude.)

 

SOR IOSUNE: Bai, bai, esan dezala.

SOR MARKELE: Bai e, Ama?

LEKAIMEBURUA: Esaitzazu, zerorrek egin dituzu-ta.

SOR IONE: Lotsatu egiten naiz.

IRAKASLEA: Eure buruaren arrokeriaren zirikaldiak dira oek, enetxoa.

BURUORDEKOA: Eta munduko lenengo pekatua arrokeria izan zan.

SOR IONE: Bañan oso gaizki egiñak dira, eta guziak par egingo didazute.

BURUORDEKOA: Orrelaxe makurtzen da aundinaikeria.

IRAKASLEA: Gañera, emen ez gaude jakintsu artean, eta gure Amak beretan ikusi bear duena zure asmoa da.

LEKAIMEBURUA: Tira, tira, ez ikaratia izan.

SOR IONE: (Esanaz): Gure amatxo maiteari bere izeneko egunean:

 

                Gure Amatxo maite:

                Zu zoriontzera

                zure alabatxoak

                gatoz gaur onera.

 

                Alde ontan arrosak

                arantzak bestera,

                Iosu ona ta Miren

                goian arkitzera.

 

                Emen urte luzean

                zoriz bizitzera

                Iosu eta Amar¡

                nator eskatzera.

 

                Ta pozez beterikan

                laguntza arkitzeko

                gu guziok zeruan

                betiko izateko.

 

(Monjatxoak txalo jotzen dute, guziak batean itz egiñaz).

 

BATZUEK: Ederki, oso ederki!

BESTEAK: Bai politak.

ATEZAIA: Karmen'go Ama Birjiña'ren loreak dirudite.

INESE AIZPA: Bederatziurren batetik aterako zitun.

SOR IONE: (zerbait arroturik) Gora gure Ama!

GUZIAK: (pozez) Gora!

LEKAIMEBURUA: Tira, tira, ez ixtillu geiegi egin. Oso politak. Eskerrik asko, nere alaba. Ez nekien olerkari bat etxean genduenik. Papertxo batean ipiñi bear dizkidatzu nik irakurtzeko.

SOR IONE: Ipiñita dauzkat. Artu nai baldin ba-ditu...

LEKAIMEBURUA: Bai ederki idatziak eta bai apaingarri politez bilduak. Margoz apaintzen ere bai al dakizu?

SOR IONE: Ez, gure Ama, Sor Iosu'ren Miren'ek idatzi dizkit, eta apaingarria Sor Iosune'k egin du. Sor Markele'k egin dizkit korapilloak.

SOR MARKELE: Eta onela monja-gai guzien oroipen bat da.

LEKAIMEBURUA: Eta nik ezer jakin gabe! Orra zer ixilka euki dezuten guzia!

SOR IONE: Ama Ane'ren baimena ba-genduen. Berak eman zizkigun galartzuk eta arkume-larrua.

LEKAIMEBURUA: Oso poliki! Beraz monjagaitxoen Irakasleak ere ixil-gauzak gordetzen ba-daki beraz!

IRAKASLEA: Egun bat, egun bat omen da.

SOR IONE: Eta gaur guzia barkatzen da.

LEKAIMEBURUA: (erdi parrez) Pekatua ez da aundia.

BURUORDEKOA: Ez gero zuen jakintasunaz geiegi arrotu! Jesus'en Terese, gure Amak, etzuen beñere nai izan bere alaben eskuetan gauz jakingairik arkitzerik. Gutxiena uste degun tokian gaiztoak ekiten digu, eta ez daude ondo munduko apainkeriak beartasun eta apaltasunezko eskeintzak egin diran tokian.

IRAKASLEA: Jainkoa goratua izan dedilla, Ama! Ez dezala gurdia bidetik atera.

SOR MARKELE: (Algaraz) Ja, ja, ja!

BURUORDEKOA: Orixen par itxurakabea!

SOR MARKELE: (Apalki bezela, bañan azpitik par egiñaz) Barkatu beza, nai gabe izan da. Batzuetan par egiteko gogoa etortzen zait eta ezin det gorde.

BURUORDEKOA: Mingañari kosk egiñaz ixiltzen da.

SOR MARKELE: Ez bezala uste.

LEKAIMEBURUA: (Azkenik izketan sartuaz). Tira, tira, ez onela erantzun, gaur ez det iñor zigortu nai-ta.

BURUORDEKOA: (Marmaizan). Ez gaur, ez beñere ez.

LEKAIMEBURUA: (Asarreturik) Zer esan nai du orrek?

BURUORDEKOA: (Apalki) Guziok dakiguna, Ama agurgarria. Berorren ontasuna azkengabea dala.

LEKAIMEBURUA: Eta zuri min ematen al dizu ni orrela izana?

BURUORDEKOA: Neri ez, Jainkoaren laguntzaz nere eginkizunak betetzeko alegintzen naizelako, guri agindutakoak egiñaz; bañan izango da, ordea, ainbeste ontasunez lagunduta irrist egin eta baita ere erori ditekenen bat...

LEKAIMEBURUA: Bañan zerbait garbi esatekorik bai al dezu? Orrelaxe baldin ba-da, itzegin.

BURUORDEKOA: Ikusten ari naiz, eta Jainkoak nere gaiztakeria barka dezala, aldi batetik onuntza Sor Markele'k zion par egiteko gogoak maiztxo ikusten dirala. Eta onek, beste itxura gabeko alaitasun batzuei erantsiaz, agertzen digu bear degun begirapenaren lasaitasun bat.

LEKAIMEBURUA: Ez orregatik larritu. Gure Jainkoak artaldera arkumetxo batzuek ekarri dizkigu, eta Jaunaren belardietan alai dabiltza; bañan gaxoak asmo gaiztorik ez dute. Ez al da au Monjagaien Zuzentzallearen iritzia?

IRAKASLEA: Noski, Ama Agurgarria. «Gaudeamus autem in Domino!»

BURUORDEKOA: Zeok jakingo dezute zer egiten dezuten: nik nere eginkizuna bete det.

 

(Tornuko kanpana entzuten da. Atezaia zar-zarra bañan bizkorra bera, tornu aldera dijoa, Lekaimeburuari agur bat buruaz egin ondoren).

 

ATEZAIA: Agur Miren txit garbia.

ITZOTSAK: (Eztarri lakarrez) Erru gabe sortua. Ama Agurgarriari itz egin al nezaioke?

ATEZAIA: Esaidazu zer nai dezun, anai.

IZAK: Alkate jaunaren emaztearen izenez zorionak opa dizkiola oroipen au bialduaz, bera ezin etorri ditekelako; eta ez datorrela beok dakitenagatik (Lekaimeburuak asperapen edo suspirio bat egiten du zerura begiak jasoaz, eta beste guziak ere asperapenak egiten dituzte). Eta, etorri al izanda ere, ezin etorri zitekela, zuek dakizuten oñazez oiean dagolako.

ATEZAIA: Jainkoaren izenean! Ez al dago obeto bere miñetatik? Esaiozu gaur artsaldean Santa Klara'ren ukendua bialduko diogula eta monjatxo oek ez dutela bere otoitzetan aztutzen. Emen gelditzen dira, Jainkoak eramankizuna eman dezaiola eskatuaz... A! eta gure Amak eskerrak ematen dizkala. Jainkoarekin zoaz, anai. (Tornutik artu duen saskiarekin etortzen da) Etxekoandre gaxoa! Gure Jaunak amaika neke, ezkontzako gurutzearen gain ematen dizkio!

LEKAIMEBURUA: Beretzat, iñorentzat baño geiago. Ain ona, eta liberaltzar batekin ezkondua.

IRAKASLEA: Eta gañera zartagia kirtenetik duenezkero arrotuta dabillena. Ez al zituzuten atzo artsalde erdian parrokiko kanpanak jotzen entzun? Madrid'en auteskundietan errepublikanoak irabazi zutelako gaizto orrek jo-azi emen zitun.

GUZIAK: Jesus, Jesus.

BURUORDEKOA: Eta Apaiz jaunak nola utzi du?

INESE: Apaiza ere bere antzekoa da bai, eta Jaunak barka zaidala oker esan ba-det. Bai al dakizu zer esan dion ogia baño obea dan gure apaiz jaunari? Esan dio bada bera Alkatea baño liberalagoa dala, eta gutxiena uste duen egunean Meza-nagusiko Prefazioa Himno de Riego'rekin abestuko duela.

LEKAIMEBURUA: Ixo, ixo, ez esan okerrerik!

IRAKASLEA: Gaiztoen oker-usteak dira oek...

INESE: Ez, ori ez. Kalixto jaunak berak goizean ori esan dit, meza emateko jazten ari zanean! A! eta esan bear dizutet kasulla zuriaren erdiko aldean zati berri bat ipiñi bear zaiola.

LEKAIMEBURUA: Berriz?

INESE: Berriz! oso alperrik galdua dago. Kalixto jauna gizajo on utsa da, ta bularra joka zapi guztia puskatzen du.

BURUORDEKOA: Jainkoaren izenean izan dedilla. Santu bat da.

LEKAIMEBURUA: Bañan oek guziak orrela dirala, alkate jaunaren emazteak bidaldutakoa ez degu ikusi. Ekatzu, aizpa.

SOR IOSUNE: Auxen da saski aundia.

ATEZAIA: Oso ariña da bada.

SOR IOSU'REN MIREN: Merengeak izango dira.

INESE: Ara gure gozozalea.

SOR IOSU'REN MIREN: Berak gozorik ikusi nai ez ba'luke bezela.

SOR MARKELE: Tira, Sor Inese, zuk ere ontziaren azpia gogoz mizkatzen ba-dakizu bai!

INESE: Ontzia mizkatu? Nik ontzia mizkatu! Iosu maitea, ori gezurra!

LEKAIMEBURUA: Ez asarretu, jolasean izan da-ta. Sor Markele, Sor Markele, izan zintzoagoa eta barkapena eskatu aizpari.

SOR MARKELE: (Belaunikatuaz Sor Inese'ren aurrean). Barkatu zaidazu Jainkoak barka zaitzadan, eta utzi zaidazu eskuan muñ-egiten, egin dizuten irañagatik.

LEKAIMEBURUA: Onela izan bear dute nere alabak, apal-apalak. Inese aizpa, emaiozu eskua Sor Markele'ri muñ-emateko, orrela eskatzen duelako.

SOR MARKELE: (Eskuan indar guztiz muñ-emanaz). Auxen bainilla usai goxoa daukana beatz onek, aizpa. Gaur mai-azkenean natillak izango ditugu.

 

(Monja edo lekaime guzien algara)

 

INESE: (Amorruz, negarrez asiaz). Neri, neri! Bainilla usaia! Oñazedun Ama... Noiz entzun degu beste ainbeste!

LEKAIMEBURUA: (Arpegi illunez). Sor Markele, etsai guziak barrenen dituzu, gure Jaunak barka nazala. Zoaz belaunikatzera zoko batera, arpegia orma aldera, besoak gurutzean, eta gure Jainkoari zazpi aitagure eskeñi zaizkiozu.

SOR MARKELE: Oso pozik, Ama Maite...

 

(Zokora belaunikatzera dijoa, bañan unetik unera atzera begiratzen du, mingaña atereaz eta azkenik lurrean eseriaz nekatu ba'litz bezela).

 

LEKAIMEBURUA: Tira, aizpa, saski ori iriki ta ikusi zer dagon barrenean!

ATEZAIA: Berorren baimenaz, Ama maitea. Ara! Kaiola bat da-ta!

SOR IOSUNE: Ta barrenen kanario bat.

GUZIAK: Kanarioa, kanarioa! Ea ikusi, ea ikusi.

IRAKASLEA: Bai polita!

SOR IONE: Sedazkoa dirudi!

INESE: Abestuko ote du?

LEKAIMEBURUA: Noski, abestuko ez du bada? Ez al zigun alkatearen emazteak kanario mutu bat bialduko.

SOR IOSUNE: Ara, begira; urreztutako burniz kaiola apaindua dago!

IRAKASLEA: Ez dira apaingarriak, itzen batzuek dira.

SOR IOSU'REN MIREN: Bai, bai! Ea zer dioten?

IRAKASLEA: Domeke'tar Lekaimeai.

INESE: Ja, ja, ja! Auxen da bururatzea!

BURUORDEKOA: Ogia baño obea da gaxoa!

LEKAIMEBURUA: Nere gogorako gauz oberik ezin ekarri nezakean. Kanario bat izateko irrikitzen negon-da.

INESE: Diotenez Karmel'dar Monjatxoak bi, oso ederrak, omen dituzte. Igaz, Ostegun deunez Elizan, aldarean ipiñi zituzten, ta guzien atsegin izan ziran.

IRAKASLEA: Onek ere ongi abesten ba-du, guk ere ipiñiko degu, armonioa kenduaz.

LEKAIMEBURUA: Ori ez; armonioa apaiz jaunak ekarria da ta asarretuko litzake. Ez; kanario eta armonioa izango ditugu. Abestiak entzunaz kanarioa ere abesten asiko da...

SOR IONE: Begira, urtan ederki sartzen da gero!

SOR IOSUNE: Eta bai gogoz astintzen duela gorputza!

LEKAIMEBURUA: Oek gauzak egiten ditu gure Jainkoak!

BURUORDEKOA: Eta gero esango dute errukarri batzuek mundua bakarrik egiña dala.

INESE: Sor Markele'k mingaña atera dit!

SOR MARKELE: Ez da egia!

BURUORDEKOA: Ez dala egia? Lurrak jango dituen nere begiz ikusi det-eta.

SOR MARKELE: Nik diot ez dala egia nik Inese aizpari aterea; sudur-muturrean elbi bat jarri zaitelako atera det, eta besoak gurutzean dauzkatela nolabait uxatu bear nuen.

SOR IONE: Ama agurgarria, berorren izeneko eguna da ta Sor Markele'ri barkatu bezaio.

SOR IOSU'REN MIREN: Bai, Ama agurgarria, ez du geiago okerrik egingo-ta.

LEKAIMEBURUA: Inese aizpari par egin diolako, berak eskatu bear du barkatzea.

LEKAIMEGAIA: Eskatzen du, eskatzen du. Ez al da egia Inese aizpa?

INESE: (Arpegi gaiztoz) Barkatu bezaio, Ama, ala nai baldin ba-du.

LEKAIMEBURUA: Tira ba, atoz onera, etsai gaizto ori. Jakin zazu barkatzen dizutela gaur dan eguna dalako, eta beste aizpen gogoa egiteagatik.

SOR MARKELE: Jainkoak ordaindu dezaiola.

LEKAIMEBURUA: Zuzen ipiñi zazu buru-zapia; egan egitera zoazela beti dirudizu. Eta orain bakoitza bere lanetara. Zer ari zerate or marmaizean?

SOR IOSUNE: Ez gera ari marmaizean, Ama: gauz kat eskatu nai genduke.

SOR IOSU'REN MIREN: Eta bildur ematen digu.

LEKAIMEBURUA: Eta orren gauz ikaragarria al da?

SOR IOSU'REN MIREN: Ikaragarria ez, bañan...

SOR IONE: Berorrek antza emango zion...

LEKAIMEBURUA: Nik? Ez, orixe.

SOR IOSU'REN MIREN: Irakasleak esan dezala.

IRAKASLEA: Nik?

MONJAGAIA: Bai, bai!

IRAKASLEA: Jainkoaren izenean! Nik egia esatera ez dakit zer dan, bañan uste det, gaurko jaia dalako, berriketa-alditxo bat gure Amak ematea naiko dutela. Ori al da?

MONJAGAIA: Bai, bai, bai!

SOR MARKELE: Gora gure Irakaslea!

LEKAIMEBURUA: Ixo, Ixo! Ez al dezute naikoa goizean itz egin dezutena?

BURUORDEKOA: Goseak beti geiago eskatzen du. Ezin ezitu diteken zaldia da, eta eskua lasatzen ba-diozute... Nere gain balegoke, irristatzeko biderik ez nuke geiago emango. Iagoba apostoloak ongi esaten du: «Mingañez pekaturik ez duela egin dionak, gezurra dio.»

SOR MARKELE: Ai! Sor Gurutze, ez bezaiola gure Amar¡ gogoa kendu!

BURUORDEKOA: Nik? Nere iritziak etxe ontan indarrik bai al du bada?

LEKAIMEBURUA: Eskaintzen al didazute ez maxeatzerik eta itz okerrez Jaunari kalte ez egiterik?

MONJAGAIA: Eskaintzen degu.

BURUORDEKOA: Orrela bada, itz egin nai guzia, otoitz egiteko garaia arte.

MONJAGAIA: Eskarrikasko, eskarrikasko!

 

(Ateko joalea (kanpana), entzuten da).

 

ATEZAIA: Bi joaldi. Sendagillea!

LEKAIMEBURUA: Estali zaitezte, (Monjak arpegia estaltzen dute). Eta bidetik kendu.

 

(Monjak berealako batean alde egiten dute)

 

SOR IOSUNE: (Bertaratuaz). Ama agurgarria, beatzean eltur bat det.

LEKAIMEBURUA: Orduan gelditu zaite... eta zu ere bai, Sor Iosu'ren Miren. (Atezaiari) Iriki zazu, aizpa.

 

(Atezaiak atea irikitzen du, sendagillea sartuaz; irurogei urte inguru ditu).

 

ATEZAIA: Agur Miren garbi-garbia.

SENDAGILLEA: Kutsu gabe sortua... Egun on.

ATEZAIA: Egun on, sendagille jauna.

SENDAGILLEA: Santutasunez gaur goizetik nola gabiltza?

ATEZAIA: Ja, ja, ja! Orixen ateraldia!

SENDAGILLEA: Bai, bai (Lekaimeburua ikusiaz). Zorionak, Ama.

LEKAIMEBURUA: Bañan zu ain erejea eta eguneko santuaz gogoratzen zera?

SENDAGILLEA: Ez santu dalako, santa dalako baizik.

LEKAIMEBURUA: Ai! Etzaizkidazula nere monjagaiak izutu.

SENDAGILLEA: Monjagaiak? Nun, nun? Esaten nuen nik sarreran: Aragi gazte usaia dago!

LEKAIMEBURUA: Sendagille jauna!

SENDAGILLEA: Ixiltzen naiz... Tira, goazen. Arkumetxo oei zerk min ematen diote?

SOR IOSUNE: Nik beatz ontan eltur bat det.

SENDAGILLEA: Orra, orra, beatz polit ontan! Zulatu egin bearko degu bada, arrebatxo.

SOR IOSUNE: (Izututa) Orain bertan?

SENDAGILLEA: Ez, biar, ez baldin bada jeisten kataplasma bat eta bost Aita gure esanaz. Ez gero bat bakarrik gutxigo, e?

SOR IOSUNE: (Asmo onez) Ez, jauna.

SENDAGILLEA: Eta beste onek?

LEKAIMEBURUA: Ai, sendagille jauna, onek oso ikaratua nauka; elizan lo artzen dit, ezer gabe suspirioka dabil, itxura gabe negar egiten du, eta letxua baizik jan nai ez du.

SENDAGILLEA: Zenbat urte ditugu?

SOR IOSU'REN MIREN: Ernezortzi.

SENDAGILLEA: Zenbat urte daramazkigu etxe santu ontan?

SOR IOSU'REN MIREN: Bi t'erdi.

SENDAGILLEA: Eta zenbat bear dituzu oraindik monja egiteko?

SOR IOSU'REN MIREN: Beste bi t'erdi, jaunak monjagaitxo oni bere emazte izateko laguntza ematen ba-dio.

SENDAGILLEA: Ea, ikusi arpegi ori.

LEKAIMEBURUA: Jaso zazu zapia.

 

(Sor Iosu'ren Miren'ek zapia jasotzen du.)

 

SENDAGILLEA: Gure Jaunak ez du aukera txarra egin. Zurizka, bañan ederki egiña.

ATEZAIA: Au don Jose.

SENDAGILLEA: Beraz, barrengo atsekabea, asperapenak noiz nai, gogo gutxi... Ez degu izango bada beste biderik, alabatxo; dutxa otz-otz bat goizero, eta alditxo bat jimnasia edo soinketa baratzan.

ATEZAIA: (Zerbait izututa) Jimnasia, sendagille jauna!

SENDAGILLEA: Beñepein ez ba-dezute nai bere amar¡ idatzi, bere etxera eraman eta senargai on bat bilatzen ote digun.

SOR IOSU'REN MIREN: Bañan sendag¡lle jauna! Nik monja izateko gogoa det.

SENDAGILLEA: Ederki, ederki; ordun, ur otza, alabatxo. Beste sendabiderik ez da. Emezortzi urte izan eta bat onela dagonean, edo ur zaparrada bat edo ezkontza.

SOR IOSU'REN MIREN: (Ausartatuaz) Eta berori ainbeste itz-egiñaz, nola ez da ezkontzen?

SENDAGILLEA: Irurogei d¡tutelako, alabatxo, eta amabost urte baño geiago dira biotzeko illuntasuna joan zitzaidala. Gañera, norekin nai dezute ezkontzea, nexka polit guziak konbentura etortzen baldin ba-dira?

LEKAIMEBURUA: Ixo, ixo, bestela asarretu egin bearko det!

SENDAGILLEA: Dabillen beste gaxorik ez al da?

LEKAIMEBURUA: Ez, jauna.

SENDAGILLEA: Eta ez dabillenik?

ATEZAIA: Len bezela; Sor Miren Bakarne gaxoak gau guzian begirik ez du itxi. Gogoratzen al da, atzo urdallean zakur batek eltzen ziola esan zuela? Bada gaur dio eztarrian igel bat daukala.

SENDAGILLEA: Goazen ara, goazen ara... Etsaiak emakume gaxo oei ematen dizkien lanak! Gero ikusi arte, Ama.

LEKAIMEBURUA: Gero arte, sendagille jauna. Bitartean atea, gazte oek zaindu dezatela.

 

(Atezaiak, mai-gañean dagon kanpanatxo bat artzen du eta zapiz arpegia estalduaz sendagillearen aurretik, au atzetik dala jotzen dijoa).

 

        Ni elizara noa, ez dakit zenbait otoitz atzeratuta dauzkaten-eta.

SOR IOSU'REN MIREN: Beste biai deitzeko baimena ematen al digu?

LEKAIMEBURUA: Deitu zaiezute, bañan ez txorakeririk egin (Ba-dijoa).

SOR IOSU'REN MIREN: (Klaustro'ko mako batera, arku batera, bertaratuaz) Txist, txist, Sor Markele, Sor Gurutze! Atozte, atea zaindu bear degu, eta itz-egiteko baimena ba-degu.

 

(Sor Markele eta Sor Gurutze sartzen dira).

 

SOR IOSU'REN MIREN: Eta zertzaz itz-egingo degu?

SOR IONE: Esan dezaigula ipui bat Sor Markele'k.

SOR MARKELE: Berealaxe! zuek izutzeko.

SOR IOSU'REN MIREN: A¡, aizpa, ez gera orren izutiak!

SOR MARKELE: Edo bestela Sor Iosu'ren Miren'ek gure Amar¡ guzia esan dezaion!

SOR IOSUNE: Nik!

SOR MARKELE: Etzan lenbizikoa izango.

SOR IOSUNE: Ai, aizpa, zaude lasai! Txoko ortara noa lan egitera!

 

(Zakeletik ateratzen ditu tresnak, errosario-aleak eta burniari edo alanbrea, eta errosario bat egiten asten da.)

 

        Itz egin zazute nai dezuten guzia, nik ez dizutet ezer entzuten da.

SOR IONE: Tira, aizpa, ez izan orren suminkorra.

 

(Guziak bere billa dijoaz, eta azkenik, bigunduta bezela, eta jostatu nai ez duen nexka baten antzera azkenik etortzen da).

 

SOR IOSUNE: Ara, emen gelditu da kanarioa!

SOR MARKELE: Gaxoa! Zer derizkiozu sartu izana, uxo ttunttun oen kabitxoan? Kaiola irikiko al diogu?

SOR IOSU'REN MIREN: Zertako?

SOR MARKELE: Ara, nai duen tokira joan dedin!

SOR IOSUNE: Ai, ez, ez!

SOR IOSU'REN MIREN: Ez luke naigabe txarra izango gure Amak.

SOR MARKELE: Eta ez luke poz txikia izango txoriak. Tira, alde! (Kaiola irikitzen du) Ega zazu, biotza, zurea da mundua! Azke zera!

SOR IONE: Ez dijoa!

SOR IOSU'REN MIREN: Ez da mugitzen!

SOR MARKELE: Ez al dezu ikusten eguzki ederra? kaikua!

SOR IONE: Kanarioak, kaiola barrenen jaiotzen dira, ta azkatasunik nai ez dute.

SOR IOSU'REN MIREN: Itxian egon naiko du, monjatxoak bezela.

SOR MARKELE: Oso gaizki egiten dezu bada. (Kaiolaren atea ixten du) Jainkoak aizea egantzat, eta egak egaz ibiltzeko egin ditu. Eta goian odei artean ibilli ditekenak, bi txotxen artean saltoka letxu osto bat janaz etsitzen ba-du, kaiku aundi bat da. Ai, nere ama, nor izan ziteken txoria!

SOR IOSU'REN MIREN: Enara, diotenez urtero itxasoa igarotzeko, nik ez dakit nora joanaz.

SOR IOSUNE: Nik, askotan, egan nabillela amets egiten det; egan ibilli ez, bañan egik gabe aidean noala.

SOR MARKELE: Eta nik, laxterka, laxterka noala, eta eskallerak jeisten ditudala lurra ta mallak ikutu gabe.

SOR IOSUNE: Ta, bai atsegiña izaten dala, e? Eta gero ori asarrea esnatzean, ikusiaz gezurra izan dala.

SOR MARKELE: Ainbeste aldiz ori amets egin det, eta orain, esnai nagola ere, ez dakit egia ala gezurra dan.

SOR IONE: Zergatik gauza ber-bera amets egingo ote degu?

SOR MARKELE: Iñork bai al daki! Onela nai degulako nunbait.

SOR IOSU'REN MIREN: Bai politak dirala batek nai dituen gauzak.

SOR IOSUNE: Eta gero, izango ba-gindu, ezertarako ez ginduzke izango; bestela, ea ikusi: txorik bezela egak izanda ere, nora joango giñake?

SOR MARKELE: Ni, munduaren azkeneraño.

SOR IOSU'REN MIREN: Ni, Lur Deunetara, Kalkarioa ikusteko.

SOR IONE: Nik Belen'go estalpea eta Iosu-aurra bere Amarekin bizi izan zan Nazaret-etxeko baratza.

SOR IOSUNE: Baratzik bai al zuten ba!

SOR IONE: Bai, ba, aldamenean ibaitxo batekin; onela dio abesti politak.

 

                Iosu'ren Amak sasi-gañean

                zapiak ditu legortzen,

                aingerutxoak kantari daude

                ta ibaia dijoa parrez...

 

        Gure etxeko baratzan ere, gure errian, ibai-ertzean sasi aundi bat dago... Amaika aldiz ori abestu det, nere anai txikiaren zapiak garbitzen... Zazpi gera bada eta ni zarrena... (pozez bezela). Eta orrek eman dizkidan lanak... (Begietako malkoak eskuaz garbituaz) Ai, Jauna, gure umetzaz gogoratzen naizen bakoitzean malkoak ateratzen zaizkit... Gaiztoagoa da... Bañan nere amari baño geigo maite dit, eta onera etortzeko etxetik atera nitzan egunean kasketaldi bat arrapatu zuen...

SOR MARKELE: Nik ere anaiak ba-ditut, bañan ni baño azigoak (Arroturik bezela) Bigarrena, orain bi urte ezkondu zan eta aur bat ba-du. Bein ekarri zuen onera nik ikusteko.

SOR IONE: (Itza moztuaz eta atsegiñez) Gogoratzen naiz burni-saretik eskua sartu zuala eta nik muñ-eman nion. Bai leunak izaten dituztela eskuak aurrak. Jauna artzen detan bakoitzean iruditzen zait gure Jainkoa aur bezela artzen detala, eta onela nere biotzari estutzen diot, eta uste izaten det orren txikia eta laguntzagabea arkiturik, ezin ukatuko ditela eskatzen dioten guzia. Gero, negarrez dagola iruditzen zait, eta ordun ixiltzeko laguntza bere amar¡ eskatzen diot. Lotsik emango ez ba'lirake eta neregatik par egingo lutekelako, abesti goxo batzuek abestuko nizkioke.

 

(Tornuko kanpana entzuren da).

 

SOR IOSUNE: Atea jo dute. Nor ote da?

SOR IONE: Galde zazu, ortarako emen utzi gaituzte-ta.

SOR IOSU'REN MIREN: Nork galdetzen du? Nik ez...

SOR IOSUNE: Ezta nik ere...

SOR MARKELE: Orixen ikaratiak zeratenak. Neronek galdetuko det, etxeko berriena izanarren. (Tornua bertaratuaz itz-ots ixillez esaten du:) Agur Miren tx¡t garbia!

SOR IOSUNE: Esan zazu gorago.

SOR MARKELE: (Itza jasoaz) Agur Miren txit garbia!

SOR IOSUNE: Ezer ez.

SOR IOSU'REN MIREN: (Ausartatuaz eta abots oso goituaz) Agur Miren txit garbia!

 

(Ixillunea. Monjagaiak alkarri begira arriturik gelditzen dira.)

 

SOR MARKELE: Auxen da gauz arr¡garria!

SOR IOSU'REN MIREN: Zorginkeria dirudi!

SOR IOSUNE: Au bildurra!

SOR IONE: Bildurra? Ortik igarotzean mutil koskorren batek jolasteko kanpana joko zuen.

SOR IOSU'REN MIREN: Zirrikitutik begira zazu, ea iñor agiri dan.

SOR MARKELE: (makurtuaz) Iñor ez: bañan zerbait ba-dirudi dagola.

SOR IONE: Ea ikusi, ea ikusi... (Tornuari jira egiñaz agertzen da saski bat txukunki zapi txuri batez estalia). Saski bat.

SOR IOSUNE: Gure amarentzat beste zerbait bere egunerako izango da.

SOR IOSU'REN MIREN: Bai, bai; emen paper bat josita dakar.

SOR IONE: (Irakurriaz papera ikutu gabe) Ama Agurgarriarentzat.

SOR IOSUNE: Esaten nuen nik.

SOR MARKELE: Norbaitek uste gabeko zerbait bialdu naiko dio.

SOR IONE: Kalixto apaiz jaunarena izango ote da?

SOR MARKELE: Bai zera!

SOR IOSU'REN MIREN: Edo sendagillearena.

SOR IONE: Onera etorri berria da ta ez du ezer esan-da.

SOR IOSUNE: Argatik bada; orrelako ateraldiak ditu-ta.

SOR IOSU'REN MIREN: Ken zazute ortik.

SOR MARKELE: (Jasoaz eta maira eramanaz) Emen jarriko degu, kanarioaren aldamenean. Eta bai aztuna dala.

SOR IOSUNE: Zer ote dakar?

SOR MARKELE: Zapia pixka bat jasoko al degu?

SOR IOSU'REN MIREN: Ez, ez, jakinaiezko pekatu da-ta!

SOR MARKELE: Nork jakingo du! (Zapiaren ertz bat jasotzen du, karraxi aundi bat egiñaz) Ai!

SOR IONE: (Zalapartan begiratuaz) Iosu!

SOR IOSU'REN MIREN: (Bera ere ikustera joanaz) Gure zeruko Ama!

SOR IOSUNE: Jainko gure jauna!...

 

(Sor Markele'ren karraxia entzutean konbentu guzikoak laisterka alde guzietatik datozte: Lekaimeburua, Buruordekoa, irakaslea eta beste lekaime edo monja batzuek).

 

LEKAIMEBURUA: (sartuaz) Nork egin du karraxi ori?

IRAKASLEA: (sartuaz) Zer gertatzen da?

 

(Lau monjagaiak bildurrez daude, saskiari bizkarra emanaz eta onela bera ezkutatuaz).

 

BURUORDEKOA: Ikusiko ba'nu bezela. Sor Markele izango zan.

LEKAIMEBURUA: Tira, itz egin zazute; zer da? zer egiten dezute or lauak izututa bezela?

IRAKASLEA: Zerbait gertatu al zaizute?

SOR IONE: Ez, Ama Agurgarria; ba-daki...

SOR IOSU'REN MIREN: Ba-daki...

SOR MARKELE: (ausartatuaz) Ba-daki... atetik deitu zuten... eta etzan iñor.... eta saski bat utzi zuten.... eta neri zer zan ikusteko gogoa etorri zitzaidan.

LEKAIMEBURUA: Jakiña! Etzan gutxiagorako...

SOR MARKELE: Eta dago...

LEKAIMEBURUA: Zer dago?

SOR MARKELE: Dago... Obe da berorrek ikustea.

LEKAIMEBURUA: Tira, buka dezagun ba. (Saskira bertaratzen da, estalkia kenduaz) Nere Iosu maitea! (Itz ixillaz) Aur bat!

GUZIAK: (Abots ez berdiñaz) Aur bat!

 

(Sor Gurutze'k izututa Aitaren egiten du).

 

LEKAIMEBURUA: (Aldenduaz) Ikusi zazute.

 

(Monja guztiak saskiondora dijoaz).

 

BURUORDEKOA: Iosu milla bider, orixen gauz txikia ta gorria!

IRAKASLEA: Eta lo dago!

SOR IONE: Bai estu dauzkala bere eskutxo txiki-txikiak!

SOR IOSU'REN MIREN: Buruko estaikiaren azpian illea ikusten zaio!

SOR IOSUNE: Aingerutxo bat dirudi!

BURUORDEKOA: Ez digu Jainkoak aingeru txarra bialdu!

SOR IONE: (Berari min eman ba'lio bezela) Bañan Ama!

LEKAIMEBURUA: (Errukiz) Nundik ote zatoz, gaxo ori!

BURUORDEKOA: Toki onetik beñepein ez.

LEKAIMEBURUA: Nork daki, Ama! Ainbeste beartasun dago mundu ontan.

BURUORDEKOA: Ainbeste okerreri dago, Ama Agurgarria!

IRAKASLEA: Ez al zenduten ¡ñor ikusi atean?

SOR MARKELE: Ezta iñor ere. Kanpana jo zuten... galdetu genduen... iñork etzigun erantzun.

SOR IOSUNE: (Erori egin zan papera artuaz) Bañan emen paper bat dago.

LEKAIMEBURUA: (Artu eta irakurriaz) Ama Agurgarriarentzat.

BURUORDEKOA: Erregalotxo ederra!

LEKAIMEBURUA: Bai, idazki bat da. (Papera zabalduaz irakurtzen du) «Ama Agurgarria: Barka bezait beron etxeko atean aur jaio berr¡ au uztea. Emakume galdu bat naiz, eta aur onek aitik ez du. Eta aur au bere ama bezela izan ez dedin, eta zer izango litzake nerekin biziaz! emen uzten det, bera uztean nere biotza emen uzten badet ere. Berorren Amaren oroipenez, zaindu beza eta ez bota Errukietxera. Antxen azia naiz eta ongi dakit zer gertatzen dan Ama, monjatxoak guzien erruki izanarren. Jainkoak ordaindu dezaiola, Ama maitea.»

BURUORDEKOA: Iosu milla bider!

IRAKASLEA: Emakume gaxoa!

SOR IONE: Errukarria!

BURUORDEKOA: Onelakoai Jainkoak aurrak ematea ere!

LEKAIMEBURUA: Jainkoak daki zer egiten duen, aizpa; Berak daki zer egiten duen.

INESE: Ez al dio geiago idazkiak?

LEKAIMEBURUA: Zer esango du geiago?

 

(Sendagillea eta Atezaia orduntxe sartzen dira).

 

SENDAGILLEA: Egia; zer esango du geiago?

LEKAIMEBURUA: Zer derizkio, Sendagille jauna?

SENDAGILLEA: Erregalo ederra egin diotela.

LEKAIMEBURUA: Eta zer egingo diogu berari?... Nik nere aldetik... emakume gaxo orrek.... gure eskuetan aur ori ipintzen du, eta ongi naiko nioke berari lagundu, bera emen euki.

MONJAGAIA: Bai, Ama, bai!

IRAKASLEA: Ixo!

LEKAIMEBURUA: Bañan ez dakit egin bear detan... au da, egin dezakegun; guk, jantzi deun au jaztean, eskubide guztiak utzi ditugulako... eta nexka bat legez artzea... ez dakit. Zer derizkiozu?

SENDAGILLEA: Egia dala. Legez, ama izateko eskubiderik ez dezute.

BURUORDEKOA: Eta izanda ere; emen gelditu al zitekean, dirudienez, gaiztakeriaren alaba dan aur bat?

LEKAIMEBURUA: Ori litzake gutxiena; bera sortu duen pekatuaz berak ez du erantzun bear, eta amak naikoa ordaintzen du okerra, eskubide guziak utziaz.

BURUORDEKOA: Uzte ori etzitzaion zail izango.

LEKAIMEBURUA: Zer dakigu, Ama, zer dakigu?

BURUORDEKOA: Orrela uste degu beintzat; oso erosoa izaten da mundura aurrak bota, eta bestek jaso ditzala.

SENDAGILLEA: Erreztasun ori ikusi egin bear litzake. Aldi txar asko ez dira erosoak izaten.

SOR IOSUNE: Ai, aboa txabaldu du!

SOR IONE: Gose izango da, aingerutxoa!

SOR IOSU'REN MIREN: Eskuak zupatzen ditu.

SOR IONE: Kendu zaiozkatzu, zupatuaz zupatuaz aizez beteko da eta gero sabeltxoan min izango du.

SOR IOSUNE: Tira, ez zupatu, biotza!

SOR IONE: Bai ona dala; bere gogoa kendu diogu eta ez du negarrik egiten.

LEKAIMEBURUA: Ara! eta nork emango dio bularra?

SOR IONE: Gure zaintzallearen emazteak orain azten ari dan aur bat ba-du.

LEKAIMEBURUA: Argatik bada, ez ditu noski bi aziko.

SOR IONE: Orren txikiak oso bular gutxi artzen du, eta gañera aiaz iagunduko diogu, eta baita bei-esneaz, epelduta, te pixka batez arinduaz.

SENDAGILLEA: Orra, orra, aur-gaietan zenbat dakien Sor Ione'k!

SOR IONE: Se¡ señide txiki ditutelako. Ama, bekait neri, eta ikusiko du ongi zaintzen detela.

BURUORDEKOA: Orixen bakarra bear genduan monjagaientzat. Berai ere errez asko burua arintzen zaiote!

LEKAIMEBURUA: Esaidazute, egitan zuen iritzia... guziok.

 

(Guziak batean itz egiten dute.)

 

IRAKASLEA: Nik. Ama Agurgarria...

ATEZAIA: Nik...

INESE: Nere ustez...

LEKAIMEBURUA: (Irri-parrez) Bañan bat-banaka.

ATEZAIA: Jainkoak bialtzen digun aingeru bat da, eta nik uste det besoak zabalik artu bear degula.

IRAKASLEA: Noski. Uste izan zazute nexka baten ordez, zala... ez dakit nik zer... txakur txiki bat, orain bi urte gure baratzan zaurituta erori zan uso bat. Jaso ez al gendun? Ez al gendun zaindu? Ez al da geroztik bere kaiolan ain pozik bizi? Ordun beraz, animadun aur bat animagabeko pizti bat baño gutxigo al da?

ATEZAIA: Bai, bai, erruki izan bear degu!

BURUORDEKOA: Poztutzen naiz monjagaien irakasleak uso ura aitatzea, bestela bera nik gogoratzea norbaitek oker artu zezakean. Etzen nere iritzia uso gaxo ura eukitzea, eta naiko lan eman zigun. Onek, nik arrapatu nuela; besteak, nik zaindu nuela; beste arrek, ni bertaratzen naizenean mokoa irikitzen duela; beste aruntzako arrek, ni ondotik igarotzean egak erabiltzen dituela... Aldekotasunak, maitekeriak, etsaiaren asmaketak, beñere ez dago lo-ta. Au txori bat zalako izan ba-zan, nexka bategatik zer izango da? Ara, or dago Sor Ione maite-maite egiten...

SOR IONE: Ni?

BURUORDEKOA: Lasaikeria eta lasaikeria. Gogoan izan zazute, burni oietatik sartzean, munduko maitasun guziak betiko utzi ditugula.

IRAKASLEA: Pekatu izango ote da bada, gaxo oni maitasun pixka bat ematea?

BURUORDEKOA: Guretzat bai. Gure Maiteak beretzat bakarrik nai du maitasuna: Liburu deunak ala dio.

IRAKASLEA: Jaunak eta...

BURUORDEKOA: Ori, gauz oek ekartzen dituzten beste naspillaz gain. Ona emen agiri bat: zuek, eta nik lenbizi, ez zerate gogoratzen orain bertan gure Araudi eta aginduak austen ari gerala. Gizon baten aurrean arpegia estali gabe gaude.

LEKAIMEBURUA: Egia da!

SENDAGILLEA: Neregatik...

LEKAIMEBURUA: Ez ba'litz bezela... Barkatu; Sendagille jauna; ez dakit zer esaten detan. Arrazoi du. Estal¡ zaitezte... Bañan... ez dio ajolik... beingoagatik kaltea egiña dago. Tira, egin zazute ongi derizkiozutena (Sor Ione estaltzen da; besteak, ez). Eta ea zer erabakitzen degun; nik aitortzen det nere biotzak nexka emen gelditzea eskatzen ditela.

BURUORDEKOA: Bañan sendagille jaunak esan dunez ama izateko eskubiderik ez degu.

IRAKASLEA: Bañan aurra Jainkoaren alaba da eta bere aitaren etxera etorri da.

BURUORDEKOA: Gurasoak utzitako bere semientzat, Jainkoak beste etxe batzuek ba-ditu.

SOR IONE: Ez, ez; Erruki-etxera, ez!

SOR IOSUNE: Ori ez iñundik!

LEKAIMEBURUA: Bere amak eskatzen dit!

BURUORDEKOA: Bere ama ez da bere ama, utzi dualako!

LEKAIMEBURUA: Ez du utzi; garbigoak iruditzen zaizkan beste beso batzuetan uzten du.

BURUORDEKOA: Berekoitasuna!

IRAKASLEA: Biotzaren edertasuna, diot nik!

BURUORDEKOA: Orixen itz politak! Ai, Ama, bizitza ipui bat da.

IRAKASLEA: Emakume batzuentzat ipui illunegia.

BURUORDEKOA: Guk ez degu ortatik jakin bear, Jainkoari eskerrak munduko goraberetatik urruti gaudelako.

IRAKASLEA: Argatik, itotzen diranen erruki izan bear degu.

BURUORDEKOA: Biotz-bigunkeria!

IRAKASLEA: Biotz-maitasuna!

LEKAIMEBURUA: Ixo! Ez gaitezela bata bestearen aurka jarri... Sendagille jauna, norbaiti adierazi bear al zaio?

SENDAGILLEA: Bai, andrea, Juzgaduari, Epalleari.

SOR IONE: Eta eramango al dute?

SENDAGILLEA: Iñork eskatzen ez ba-du... zuek, bera etxean artzea erabakitzen ka-dezute, bide bat esango nizuteke.

LEKAIMEBURUA: Bidezkoa?

SENDAGILLEA: Bidezkoa. Ni ere Jainkoari eskerrak ezkongai naiz, eta santua ez izan arren, ezin nezake esan bizidunen bat sortu ez detanik. Dirurik ez det, bañan ba-ditut beste gizon guziak bezela, nere lau abizenak. Nexka motxaren eskuan daude; zerbaiterako onela izango dira; eta ez aitik, ez amik duenezkero, izen garbi bat izango du beintzat.

LEKAIMEBURUA: Beraz, zu zaude...

SENDAGILLEA: Nere izena emanaz alabatzat artzekotan.... gero zuei zaintzeko emanaz, bestela nere etxean... egia esatera, nere neskame zarraren eskuak gogorregiak dira onelako andaretxoak ibiltzeko. Nik ezurrak gogorrak dauzkat, eta kalera joatean jantzia eskobillatzen ditan bakoitzean minberatzen dizkit.

GUZIAK: Ja, ja, ja!

SENDAGILLEA: Emen Sor Ione'k, santutxoak jazteko esku ona du-ta...

BURUORDEKOA: Tira, tira!

SENDAGILLEA: Egiña al dago?

LEKAIMEBURUA: Jainkoak ordaindu zaitzala! Bai, bai, dana dala; gure zuzendariekin antolatuko degu... ez da bearra nexka konbentu barruan bizitzea... Zaintzalleakin zazpi urte arte bizi diteke, eta emen sartu bear danean bakarrik. Bai, zainduko degu, bai, ezin utzi genezakean.

SENDAGILLEA: Onela baldin bada, ba-noa. Izenak izendegi-etxera eramatera noa.

LEKAIMEBURUA: Esaiozu, arren, gure zaintzalleari, sartu dedilla; jakin bear degu eman ote dezaiokegun eta bularra emango ote dion... eta esaiozu gañera bere semetxoaren zapi batzuek ekarri ditzala.

SOR IONE: Bai, bereala aldatu bearrean dago.

SOR IOSUNE: (Ez jakiñaz bezela) Zergatik?

SOR IONE: Ba... aldatu bear dalako.

SENDAGILLEA: Egun on, guzioi.

GUZIAK: Egun on, Sendagille jauna.

 

(Sendagillea dijoa. Geldiune bat).

 

LEKAIMEBURUA: Nere aizpak: Jainkoak barka zaidala emen guzian bear ainbateko asmo onik ezpadaramagu. Bere ontasunak gure okerrak barkatuko dizkigu. Nexka gure babesean biziko da, bere aingeru zaintzalleak gure eskuetara ekarri duala esan genezakenezkero. Guziok bere animaren zeruratzeaz erantzuten degu. Gure Jaunak aingeru bat ematen digu eta santu egiña biurtu bear diogu. Ez al dezute au aztuko?

GUZIAK: Ez, Ama Agurgarria.

LEKAIMEBURUA: Eta orain, ekarri zaidazu, Sor Ione, oraindik ongi ikusi ez det-eta (Nexkari begiratuaz). Gaitzik gabea! Bere saskitxoan lo, urrezko seaska batean ba lego bezela. Zer ikusiko ote dute aurtxoak lo daudenean orren arpegi paketsua agertzeko?

SOR IONE: Jainkoa eta Ama Birjiña ikusiko dituzte!

SOR IOSU'REN MIREN: Ba'liteke aingeru zaintzalleak zerutik zerbait berai orduntxe esatea.

LEKAIMEBURUA: Ez dakit; bañan bai atsegin ematen duela aur bat lotan ikusteak.

SOR IOSU'REN MIREN: Eta santua izateko gogoa, ez al da egia, Ama?

SOR IOSUNE: Ama Agurgarria, muxu bat emateko baimena ematen al dit?

SOR IOSU'REN MIREN: Ai, ez, oraindik bataiatu gabea da-ta, eta onelakoari etzaie muxurik ematen.

LEKAIMEBURUA: Egia, apaiz jaunari deitu bear diogu bataiatzeko.

IRAKASLEA: Zer izen ipiñiko diogu?

INESE: Terese, gure Ama Agurgarriak bezela.

ATEZAIA: Miren.

SOR IOSUNE: Garbiñe.

 

(Kanpana entzuten da elizara deituaz).

 

LEKAIMEBURUA: Elizara deitzen digute; gero erabakiko degu... Goazen ara! (Monjatxoak aurrari begira igarotzen dira) Zaude berarekin, Sor Ione, aurrak zaitzen dakizunezkero, zaintzallea etorri artean. Emendik otoitz egin dezazuke; bañan uts egin gabe.

 

(Monja guzlak irtetzen dira. Sor Ione'k saskia lurrean ¡pintzen du, bere aurean belaunikatuaz. Barrenen otoitza entzuten da, monja bati erantzunaz bezela. Sor Ione'k ere erantzuten du).

 

ITZAK: (barrendik) In nomine Patri et Filio et Spiritui Sancto.

 

(Sor Ione'k aitaren egiten du beste monja guztiekin esanaz):

 

SOR IONE'K ETA BESTE ITZ-OTSAK: (barrenen) Amen!

SOR IONE: (Aurrari) Bai polita zerala, kuttun ori! Asko maiteko al nazu, biotza?

ITZ-OTS BATEK: (barrenen) Deus in adjutorium meum intende.

SOR IONE'K ETA ITZ-OTSAK: Domine, ad adjuvandum me festina.

 

(Zapia poliki-poliki jeisten asten da).

 

SOR IONE: (Neskari) Ez al-da egia, nere eder ori?

ITZ-OTS BATEK: (barrenen) Sicut erat in principio et nunc et semper et in saecula saeculorum. Amen. Alleluia.

 

(Orain Sor Ione'k ez du erantzuten, eta saskiaren gain makurtuaz, aurra laztantzen du esanaz:)

 

SOR IONE: Ai, begitxoak irikitzen ditu! Nere kuttun eder ori! Nor maite dezu?

 

ZAPIA JEISTEN DA

 

 

BITARTEKOA

 

                Gogo beroaz eldu zerate

                ipuitxo bat entzutera,

                eta indarrez sartu zaituzte

                konbentu onen barrenera.

 

                Ausardi aundia, kemen gogorra

                eta neurri gabekoa,

                bañan, zer sortu Olerkariak

                sututzeko zuen gogoa?

 

                Barkatu bada, bai, monjatxoak,

                gaurko nere ausardia

                nastutzen ba-det gora ta bera

                zuen pakezko kabia,

                bein eta berriz emen berotuz

                zuen baratz ain biguna

                ta alde batera aztuta zegon

                suzko biotz-maitasuna.

 

                Arpegirikan ez, ba, muxindu

                maitasun itz-au entzunaz;

                jakin zazute jaun-emazteak

                zuen biotz-ontasunaz

                maite-maiteki ume bat jaso

                aitik eta amik gabea

                su-maitasuna izandu zala,

                seaska-abestiz betea.

 

                Emakumeak barren-barrendik

                sortzen duen maitasuna

                ezin ukatu ezpañetara

                ekarriz itz au: kuttuna.

 

                          * * *

 

                Gure buruko amets urdiñen

                emakume-maitasuna,

                ainbeste alditan kutsu deguna

                ta ainbeste barkatzen duna.

 

                Nundik etorri zaizu indarra

                ainbeste maite izateko?

                Zar eta gazte, ezkon, emazte

                ama beti zeralako.

 

                Bai, emakume, ni ere bai naiz

                zuk sortutako semea;

                zure biotza ogi puska da

                bularren eztiz betea.

 

                Ama zera, bai, aizpa edo arreba,

                ama, jaio zeranetik,

                Goiko aginduz daukazute-ta

                biotzean aur bat lo egiñik.

 

                          * * *

 

                Ta emakumeak betiko izanik

                dezute biotza labe,

                ta izan zerate ama garbiak

                baita ezkondurik gabe.

 

                Alabatxo ontan jarri dezute

                zuen barrengo eztia,

                lore-usaien lurrin gozoa,

                ama baten poz guzia,

                bere biotza betiko egiñik

                txoritxo baten kabia.

 

                Argatik; bera, monja guziak

                otoitzean diranean,

                txorien antza alai ari da

                abestutzen jardunean.

 

                Udaberriko goiz ederretan

                meza entzutea da aztutzen;

                baratz-ertzean dagon arrosak

                ain usai ona du ematen!

 

                Zertarako joan mundua utzirik,

                bakartokira alde egin?

                berak naigo du zerura igo

                lagun atsegin batekin.

 

                Ta amets egin du, amets gozoa,

                neska lirain eta onak,

                aur batek AMA! deitzen diola

                ta monjatxoai AMONAK!

 

                Mutil koskor bat sendo, indartsua

                Mutil bizkor eta azkarra,

                alde guzitan nunai zabalduz

                bere biotzeko garra....

 

                Artzen du eskutan katua esanaz:

                Atoz nere semetxoa!

                ta monjatxoak izutzen dira

                esanaz: Au nexka eroa!

 

                Ez da alakorik: etxe zar ontan

                daukagu zerbait berria:

                alde guziak alaiturikan

                sartu da Udaberria!

 

                          * * *

 

                Auxen da Ipuia, itz laburretan.

                Olerkariak naiko zun

                edesti osoa zuei azaldu

                guzioi egunez-egun.

 

                Neke aundia, neke galdua;

                nork izango du ausardia

                azaldutzeko zeatz, garbiro

                egureroko bizia?

 

                Gure bizitza berdin dijoa

                leiarra bezin garbia;

                guk zer dakigu urteak joanaz

                lo ote dagon aldia!

                Nork daki bada urte bat joan dan

                ala igaro dan eunkia!

 

                Zer ajola ba Atezaiaren

                urrezko ille bigunak

                zillarezkoak egin ba-dira

                zuri-zuri ta legunak.

 

                Ez dira agertzen estalkipean,

                emen guzia da berdin,

                ixpillurikan emen ez bai-da

                ezin bada ezer jakin;

                argatik uste beti dutela

                Udaberria berekin.

 

                          * * *

 

                Aingeru batek neurtzen dituen

                ordu luze oetatik

                Olerkariak aukeratu du

                auxen, goxoenetatik.

 

                Urteak iges egin dute-ta

                nexka emakume da egiña.

                Zapia irikiz ikusten degu

                bizitz gozo ta atsegiña.

                Maitasunezko ipui eder bat

                Udaberriko artsaldean;

                monja guziak bilduta zeuden

                beren alabak zionean...

 

aurrekoa | hurrengoa